Non fida, han gal
Cohibas kutxak, egongelaren erditik, zalantzaren beraren paradigma zela aldarrikatzen zuen; egongelako mahaian zetzan, galdera-ikur handi bat balitz bezala. Arazoa zen tabako-dendako jabeaz fidatzerik ote zegoen jakitea.
Kutxak 25 ale, Espléndido deitzen direnetakoak, gordetzeko tamaina zeukan, eta bi baizik ez ziren bertatik falta. Bat berak erretakoa, bestea tabako-dendako jabeak. Beronek eman zion epaia: «Faltsuak dira».
Kutxa oparitu ziotenean, ez zuen sekula pentsatu gozamen-iturri barik, arazo bihurtuko zitzaiola. Aitzitik, ez zuen horrelako detailerik espero, eta luze eskertu zion opari-egileari. Oparia jaso eta astebetera, ordea, kutxak proiektatzen zuen galdera-ikurrak berau jasotzean sentitu poza lausotzen zuen. Debalde hartutakoak izanik, aise pentsa daiteke ez zegoela zertan kezkatu Cohibas horien autentikotasunari buruz, baina ez zen hain erraza.
Bera ez zen aditua, ez zuen eskarmentu handirik puruak erretzen; izan ere, hilabete gutxi batzuk baizik ez ziren pasatu zigarrotxotik purura igarotzeko hautua egin zuenetik. Amets batek eraginda egin ere. Amets bat, amesgaiztoa izatera iristen ez zena, zeinean kontsultan zegoela, jaun medikuak esaten baitzion eztarriko minbizia zeukala. Berez, amesgaiztotzat jotzeko besteko arrazoi ez bazen, gainerakoak bezala arraroa, berezia eta bitxia zen amets hartan ondoren medikuak esaten ziola hamalauko kiniela bat asmatuko zuela, eta lasai egoteko, nahikoa denbora edukiko zuela sariko dirutza gastatzeko, minbiziaz kezkatzen hasi baino lehen.
Eztarriko minbiziaz zenaz bezainbatean, ez zitzaion arraroa iruditu: osaba propio bat halakoa eduki eta berrogeita hamar bete gabe hil zen; genetika ez zegoen, hortaz, bere alde. Kinielak igandero-igandero egiten zituenez, asmatzea litekeena zen (bestela zergatik egingo zituen, bada?). Dirua gastatzeko adina denbora izateari buruz, hori ere sinesgarri iruditzen zitzaion, bestela ere poltsikoak urratuta zituela iruditzen zitzaion askotan, bizimoduak zenbat eta nola egin duen gora aipatu gabe.
Beraz, inori ezer esan ez bazion ere, are, bere buruari ere aitortzen ez zion arren, ametsa beteko zelako susmo lauso eta gorpuztugabe batekerlatiboki gazte hilko zelako segurantziak, eta hil baino lehen denbora-tarte zehaztugabe baina atsegina pasako zelako fedeak lagundurik bizi, ibili, mugitzen zen, betetzen zituen bere egitekoak. «Erlatiboki gazte» hil behar horrek, gainera, adin zehatzik finkatzen ez zuenez, eta hainbat urtetako tartea ematen zuenez menturaz kinielak aberasturik biziko zen tarte hori bera, osasunaren alde zerbait egin behar zelako ustean tinkotu zen. Eztarrian sentitzen hasia zen laztura berri batek egiazkoa edo irudimenezkoa gehi inoiz ukatu ez zuen ukitu hipokondriako batek egin zuten gainerakoa: ez zion erretzeari utziko, baina puruak erretzen hasiko zen, mundu guztiak dakienez, ez direlako hain kaltegarriak.
Finean bere patua justua iruditu zitzaion, eta heriotza hurbil baten iragarpena izango zen hamalauko kiniela noiz asmatuko jarri zen bizitzen, puruak erreaz. Gero eta puru handiagoak erreaz, egia esan.
Auzoan ere berria zen, eta puruak etxetik gertuko tabako-dendan erosten zituen. Tabako-dendako jabea ere hura kasualitatea! puruzalea zen; tira, puruzalea bakarrik ez. Aditua zen. Bazuen dendan gela berezi bat, cava bat, hezetasun eta tenperatura-baldintza finkoak zeuzkana, puruak bere onenean kontserbatzeko. Dendaria hasi zitzaion artea erakusten, ordura arte ezezagun zitzaion makina bat konturen berri emanez: kanpo aldean berezko tabako-geruza duten eta ez duten puruen arteko desberdintasuna, eskuz egindako puruen ezaugarriak; tabakorik onena izaten zen kokapen geografikoak nahiz dendaria habanozale amorratua izan, esaten zuenez, puru erretzaile batek eduki behar dituen tresna sofistikatuak purua moztekoa, supizteko egokiak, larruzko toxak... ; Kubako purugintzan erabiltzen ziren termino berezienak conseguidor, puruak lortzeaz arduratzen dena, torcedor, fabriketako esku-langilea, markarik onenak zeintzuk ziren... Zer esanik ez, dendariak bere gisako ikastaro iniziatiko horretako atal bat eskaintzen zion bakoitzean, bezeroak hala edo nola bukatzen zuen errituaren kostua bere eginez, zela Upmann edo Davidoff lodi bat, zela aldizkari espezializatu bat erosiz.
Eta horietan zegoela lagun batek Cohibas kutxa oparitu zion. Bere dendariak hasieratik finkatu baitzuen puru on baten behar bezalako kontserbazioaren garrantzia, pentsatu zuen lehen gauza hauxe izan zen: kutxa tabako-dendara eramatea, dendariak bere gela berezian gorde zezan. Halakoak egunero erretzen ez zituenez, okasio berezietan pasatuko zen bere altxorra poliki-poliki erretiratzera.
Halaxe egin zuen, lotsa apur bat ezin ezkutatuz; izan ere, tabako-dendako jabeen adiskidantza moduko hasi berri hartan interpretazio oker askotarako bidea eman zezakeen eskaintzak: ordura arte erakutsitako ezjakintasuna negozioak proposatu nahi zizkion tratulari badaezpadako baten amarrua baizik ez zela pentsa zezakeen, esaterako, edo zerbait okerrago agian. Baina tabako-dendakoak, azalpenak entzun eta gero, ez zuen tratua gaizki hartu. Tori, esan zion orduan gure gizonak, eskerrona erakutsiz, erre ezazu bat behingoz, eta esango didazu zer iruditzen zaizun. Eta horren ondoren etorri zen epaia: faltsuak direla esango nuke.
Behin baizik ez zuen ordura arte Espléndido horietako bat dastatu, ezkondu baino lehen despedidan Kuban egon zen lagun baten ezkontzan, hain zuzen, eta ezkontzaren giro onean eta giro onari lagun egiten dion edari ugarien artean joan zelako izan, edo benetan puru haren kalitatea bikaina zelako izan, gauza zen egun hartan erre zuen Espléndido hura pasatu zela bere mitologia partikularrera puruetan izaten ahal den gailurraren moduan, Ducados bat balitz bezain suelto erre zuelako larderiazko txokor erraldoia.
Oparitu berri zioten kutxatik pipatu zuena, ordea, ez zitzaion hain ona iruditu. Maiz itzali zitzaion, eta azkenerako gainez egin zion. Faltsua ote zen? Ordurako entzuna zuen maiz Kubatik ekartzen zituzten Cohibas markakoak usu imitazioak izaten zirela. Zuri gertatzen zaizuna da esan zion txokorrak erretzen abila zen beste adiskide batek ez duzula purua behar bezala pizten. Zeuen zigarrotxoekin pozoitutako zu bezalako señoritek uste dutenaz beste aldera, puru on bat ezin daiteke piztu Winston bat balitz bezala. Purua lasai piztu eta erretzekoa da, purua erretzeak ez du zerikusirik bizio bat asetzeko maniobra mekaniko eta konpultsiboarekin. Eta hau esanik, puruari kosk txikia egiten zion ipurdian, tabako malgu eta freskoaren zirkulu bat erauziz; ondoren txokorra maitekiro paratzen zuen hatz-mamien gainean, eta ohikoa baino hiru aldiz luzeagoa zen pospolo bat piztuz, errotazio mugimendu txikiak eragiten zizkion suaren aurrean, pazientziaz eta maitasunaz, kanpo aldeko koroa txingarrez bete zedin, pospolo luze horietako bat, bi, hiru edo behar zirenak erabiliz, puruaren koroa, osorik, gori ikusten zen arte. Ikusten? esaten zuen orduan. Gero pospoloaren garra aplikatzen zion puruaren ahoaren erdiko tabakoari, emeki-emeki, txokor bat pizten ibili gabe, txekor bat erretzen ariko bailitzan. Bitartean gure gizonak bere adiskidearen mugimendu guztiak begiratzen zituen, apur bat bekaitzez, erakusten zuten sentsualitate horrek liluraturik, eta apur bat erdeinuz, iruditzen zitzaiolako bere adiskide puruzalea beti harro samarra izan zela, eta mugimenduak eta prekauzioak areagotzen ari zela berari lezio bat ematea beste helbururik ez zuen patxada batez. Puruaren punta zentimetro bateko errautsez koroaturik ikusten zelarik, adiskideak purua ahoan sartzen zuen, sututa zegoen aldetik, baina, eta kanporantz putz egiten. Purua bere luzera osoan zeharkatuz, ke-hari bat ateratzen zen atzeko aldetik; txokorrak ongi tiratzen zuela seinale. Gehiegizko, gustu txarreko eta alferrekoa iruditzen zitzaion erakustaldia gure gizonari. Bestalde, ziur zen ezen, bera saiatuz gero, mihia erreko zuela. Ikusten? esaten zuen besteak. Ordu pare baterako purua daukat nik hemen. Eta zure puruak... Zer nahi duzu, probatu gabe ezin ganorazko ezer esan.
Apur bat gogoz kontra izanik ere, bigarren mediku-iritziaren bila doanaren antzera, gure gizona tabako-dendara joan zen eta beste bi Espléndido erreskatatu zituen bere kutxatik, erabaki baitzuen gauzak zeuden bezala egonda, ongi etorriko litzaiokeela bere lagun puruzale harroputzari puru bat ematea. Berak bigarrena erreko zuen, ia lehenengo inpresioa berresten zen edo ez ikusteko.
Izan ere, ez zekien zer pentsatu. Oparia egin zion lagunari deitu zion, bere zalantzak kontatzeko. Ez da ez dizudala eskertzen, ez da puruak txarrak direla, baina... baina... ziztrin eta nazkagarri sentitu zen, opari bat jaso eta oraindik kontuak eskatzeko kopeta erakusten zuelako adiskidearen aurrean, baina beren arteko adiskidetasunak froga horri eutsiko ziolakoan baina nola lortu zenituen Cohibas horiek?
Adiskideak azaldu zion bere ezagun baten anaiak Kubako enbaxadan lan egiten zuela, eta enbaxadako pertsonala arduratu zela puruak lortzeaz, eta enbaxada puruez hornitu ohi zuen betiko conseguidor berak lortu zituela. Alegia, konfiantza osokoak zirela, eta ez zuela batere dudarik egiten autentikotasunaz.
Azalpen honek ez zuen gure gizona lasaitu; izan ere, «non fida, han gal» dioenaren esaerari fede emanez gero, konfiantzazko kate luzeegia eratzen zen kasu hartan ezer onerako: bera adiskideaz fio behar zen, adiskidea beste adiskideaz, hau bere anaiaz, anaia conseguidor delakoaz... eta conseguidor delakotik aurrera, auskalo noraino luzatuko zen konfiantza-katea, eta nolakoak izango ziren hor sartuko ziren pertsonaiak. Edozein katebegitan eten zitekeen kristal hauskorra zen konfiantza. Horrek eta tabako-dendako jabearen iritziak purua faltsua zela uste izatera eramaten zuten. Baina, arraioa!, gauza zen bigarren purua lehena baino hobea iruditu zitzaiola.
Puru hauek ez dira Vuelta Abajoko fabrikatik atera, faltsuak dira, esan zion tabako saltzaileak, egin zion hurrengo bisitan. Frogak dauzkat. Hau esanik, gure gizonaren kutxa ireki zuen mahaiaren gainean, eta ondoren dendaren atzeko aldean desagertu zen, errekaitu-arsenal batez horniturik agertzeko berriz: kutxa, liburu, lupa, palmer itxurako metalezko tresna txiki bat... Zure kasuaz arduratu naiz, jakinarazi zion tabako saltzaileak. Bon, lehenik eta behin kanpo aldeko tabako-geruza daukagu, esan zuen. Gure gizonak eramandako puru-kutxa zabaldu zuen, eta ondoan beste bat ipini eta zabaldu. Hauek autentikoak dira, inolako zalantzarik gabe, Cohibas marka banatzen duen saltzaile ofizialak ekarriak. Ikusten?
Tira, ez zitzaion hain garbi iruditu, baina baliteke bereen kanpoko tabako geruza amiñi bat argiagoa izatea.
Gero usainarena daukagu, segitu zuen dendariak, kutxa bakoitzetik puru bana ateraz eta sudurrera hurbilduz, puruok ia sudurzulotik sartzeraino. Zer iruditzen? galdetu zion, puruak emanez eta eragiketa errepika zezan eskatuz. Gure gizonak puruak usaindu zituen baina sudurzulotik sartzen ausartu gabe. Garbi dago, ezta? Berari ez zitzaion hain argi, baina ez zuen adostasun faltarik adierazi.
Gehiago dago, gainera, esan zuen puruen eraztunak, bitolak, lupaz begiratuz eta ekarritako liburuko erretratuetan zeuden bitolekin alderatuz. Gure gizonak aitortu behar izan zuen bere puruen bitoletako koloretan zerbait arraro bazegoela: lupa erabiliz ondo ikusten zen hori-laranja kolorea apur bat mugituta zegoela, txuriari zegokion aldean sartzen zela, milimetro-hamarren batzuk, bederen, jaten zizkiola. Hori gutxi balitz, palmer itxurako tresna txikiarekin puruak neurtu zituen, kutxa batekoak eta bestekoak; neurketako emaitza zera izan zen, gure gizonari oparitutako puruak, batez beste, milimetro bat laburragoak zirela besteak baino, besteek Cohibas markako katalogo guztietan agertzen ziren ehun eta hirurogeita hamapiko milimetroak zituztela. Eta inportanteena: kutxa autentiko bakoitzaren atzeko aldean bazegoen zigilu bat, fabrikatik zer egunetan atera ziren adierazten zuena. Bere kutxak ez zeukan horrelakorik.
Faltsuak dira, inondik ere. Gure gizonari menderatu ezinezko umiliazio-sentimendua, esplikagaitza, igo zitzaion buruko ileen erroetaraino. Ezin zen puruak oparitu zizkion adiskidearekin haserretu, ezin zen tabako saltzailearekin haserretu, baina hala ere umiliatua sentitzen zen. Bizitzaz deus ez zekien ergel bat bezala geratu zela sentitzen zuen, inozo ezjakin bat bezala, puru faltsuen kutxa bat altxorra bailitzan hartuta bere babokeria ahalkerik gabe erakusten ari zen pailazoa. Amorruaren leungarri, protesta bat egiten saiatu zen: Enbaxadatik ekarri dizkidatela ziurtatu didate. Ez zen xehetasunean sartu, are eta irrigarriago geratzeko beldurrez. Bere hitzek, ordea, uste ez zuten eragina eduki zuten saltzailearengan: joño, diplomazi balixaren bidez iritsi badira... Gure gizonak galdutako kemen pittin bat berreskuratu zuen; berak ez zuen diplomazi balixarik aipatu, baina besteak hitz horiek erabiltzeak nolabaiteko nagusitasun zantzuez janzten zuenez, ez zuen bere okerretik aterako. Ongi begiratuta, puruak diplomazi balixaren bidez iritsiak zirela esaten ahal zen, ia. Beste bi puru eskatu zituen: berak hirugarrena erreko zuen, eta saltzaileari emango zion bestea, bigarren errealdi baten bidez epaia aldatzeko aukera eman nahiko balio bezala.
Bitartean lagun puruzalearen iritzia jakiteko modua eduki zuen:
Kojonudoa.
Ez zuen esan «oso ona», «bikaina», «ezin hobea», «zoragarria», «gorringo bikoa» edo horrelakorik, ez.
Puru horiek kojonudo zaudek.
Iritzi biribila adituaren asetasun itxura konfundigaitz eta disimulatuezin batez zetorren bermatua. Bistakoa zen esan gabeko mezua: hik ez duk horrelako pururik merezi, ez dakialako erretzen, ez dakialako gozatzen. Nire esku baleude, ordea... Agian adiskide puruzalearen eraginez, hirugarrena, erre zuenean, ez zitzaion hain txarra iruditu.
Egia izango zen? Egia izango zen bera ez zela puru haien mailako pipatzailea? Baina orduan, hala izatera, aferak beste jite bat hartzen zuen. Ez horratio hobea, ez horixe. Zeren orduan beste ideia bat bururatu zitzaion, alegia, gauzak ordura arte pentsatutakoaz oso bestelakoak izaten ahal zirela. Nola ez zen lehenago konturatu? Nola egon zen hura ez ikusteko bezain itsu? Puruak autentikoak izango ziren, noski.
Tabako-dendara egin zuen hurrengo bisitan, bataio bat zela-eta beste bi pururen bila joan zenean, uste berri hartan tinkoagotu zen. Halabeharrez, joan den astean Cohibas markako saltzaile ofiziala pasatu da dendatik, jakinarazi zion dendariak. Zureak erakutsi dizkiot. Goitik eta behetik aztertu ditu: ukitu, usaindu, haztatu, pisatu egin ditu. Eta bere azken erabakia da eta kontuz gero, bera egiazko aditua da! faltsu autentikoak direla, bukatu zuen dendariak, garaile-airez. Et, et... Faltsu autentikoak!? Hori nola jaten da? Orduan azalpen luze bat eman zion, zeinaren arabera Cohibas fabrikako torcedoreek ba omen baitute egunean puru bat berentzat gorde eta fabrikatik ateratzeko baimena. Noski, esaten zuen tabako-dendakoak, haietariko batzuek ateratzen duten purua erretzen dute, baina dauden krisi egoeran egonda, gero eta gehiago dira pikareskara jotzen dutenak, hilabetean kutxa bat osatu eta turistei saltzen dizkietenak. Hortaz, puru autentikoak dira, Cohibas fabrikan eta bertako berme guztiekin egindakoak; ordea, prestatzen dizkieten eraztunak eta kutxak faltsuak dira, halamoduz egindakoak. Eta, zer esanik ez dago, behin fabrikatik modu horretan aterata, pairatu dituzten kontserbazio-baldintzak ez daude inondik inora ere kontrolpean, horra desberdintasuna.
Baina azken burutazioa eduki zuenetik, dendariaren inongo azalpenak ez zuen gure gizona bere uste berri eta tinkotik desbideratuko. Nola ez zen lehenago konturatu? Puruak autentikoak ziren, noski. Dendari azkarrak aise asmatu zuen azpitik nola jokatu: bakoitzak hogei euro baino gehiago balio zuelarik, 600 euro aterako zuen kutxa jatetxe bati edo beste bezero bati salduta, eta trukean faltsuak sakatuko zizkion berari, agian hiru edo lau eurotan lortuko zituenak. Are, gauza gehiago korapilatu aldera litekeena zen ezen dendariak, gure gizonak beste inoren iritzia eskatuko zuela susmaturik, ordura arte autentikoak eta faltsuak nahasian eman izana, gerta zedin segurutik ordurako gertatu bezala iritziak kontrajarriak izan zitezen, mesfidantzak eta ustekeriak ehundutako sareak egia ezkuta zezan, berak bere jokoa lasaitasun osoz egin ahal izan zezan. Operazioarekin 500 edo 600 euro inguru, garbi, aterako zituen. Ez zen diru askorik, baina ez zegoen gehiago eskatzerik horren ahalegin txikiaren truke.
Berak erakutsiko zizkion erakustekoak tabako saltzaile azkar usteko hari.