Etxe erosia
Etxeak, kanpotik ikusita, ez zuen itxura txarrik. Barrutik besterik zen, ordea, eta iritzia ematera hurbiltzen ziren ingeniari-saldoak eta aditu-andanak ez zetozen bat.
Lehen pisuko hormak gorde egingo nituzke; pikatu, luzitu, pintatu eta ongi geldituko zaizkizue. Diru gutxi gastatuta, gainera. Etor gintezke laguntzera.
Hau esaten zuena Lukas zen; Lukasen itzala etxegintza kontuetan handia zen, herri apartatu bateko eihera berritu baitzuen bost urtetan, emaitza ikusgarriekin, iparraldean, hor nonbait.
Egin Lukasek esaten duena, eta laster zaudete adiskiderik gabe esaten zuen Markosek.
Markos ez zen oso baikorra, eta erretxindu samarra zela ere esan liteke; baina bazuen ironia bat oso berea eta oso errotua eguneroko bizimoduan, eta bere sententziak ez ziren alde batera uzteko modukoak. Gainera Markos noranahikoa zen; igeltsero lanetan ibilia zen, abere-esplotazio zein negutegi batzuetan lan egindakoa ere bai, etxeko elektrikako konponketak berak egiten zituen, eta halako beste mila kontu. Esan nahi baita, gizon zaildua zela, brikolaje guztietan ibilitakoa, zertaz ari den dakien horietakoa.
Etxea Zuriñe eta Txatorena zen. Itzuli berriak ziren, urte luzeak itzalean pasa eta gero. Nonbait pausatu behar zuten. Herria gustatu zitzaien. Lasaia zen eta ez zen hiriburutik urrutiegi.
Hau Jeneralak konpondu beharko luke esaten zion Matiasek Zuriñeri.
Zuriñek irri egiten zuen, Zuriñek beti egiten zuelako irri, nahiz bere irria ez zen beti berdina. Matiasek Jenerala aipatzen zionean irri-algara ero samarra ateratzen zitzaion, «nora zoaz», «ez dakizu zer esaten ari zaren» edo «esaiozu zuk» esan nahiko balu bezala.
Nik Bigarren Auzolan Handian eduki nuen honen guztiaren berri, zakukada batzuk hondakin etxetik atera eta iturri ondoko edukiontzira eraman eta gero, Markos hurbildu eta hondakin zakukadak handik kentzeko, berriz hartu eta eskola zaharraren ondoko orubera eramateko agindu zidanean. Gero Lukas etorri zen ostera ere, eta hondakin horiek eskola zaharraren ondoko orubean ez zeudela ongi esan zidan, errua nirea balitz bezala. Orduan erabaki nuen herriko taberna bakarrera trago bat egitera joatea, hondakin zakukadak ezertarako ere gehiago ukitu gabe. Auzolaneko besoen erdiak hantxe zeuden, zerbeza edo ardoa edanez. Nik ardoa eskatu nuen.
Hau Jeneralak konpondu beharko luke esaten zuen Matiasek, buruaren etsipen-keinu batez.
Jeneralak Konstituzioko zortzigarren artikulua baizik ez du buruan esaten zuen orduan Mikelek, algara artean. Mikel hau katxondo bat da, esan beharrik ez dago.
Nahi duzuena esango duzue zioen Martak, baina nik ezin dut ulertu Pelik hartu duen jarrera.
Peli nahiko hippy eta oso progrea zen, baina egiazko teknikaria zen, hau da, ikasketak eta titulu eta guztikoa, esan nahi dut. Teknikari alternatiboa, nolabait esatearren eta horrek zerbait esan nahi badu, baina teknikaria, azken finean. Peli etortzen zenean berarekiko elkarrizketak honelakoak izaten ziren, neu naiz testigu:
Peli, zuk uste duzu zutabe hauek eutsiko diotela?
Bai... esaten zuen Pelik, batere segurtasunik besterenganatzen ez zuen ahots-tonu batez.
Zutabe hauek eutsi? Ezta pentsatu ere! esaten zuen beste batek, Markos, Lukas edo beste edozein ingeniari izan zitekeenak, hauek ikasketak eta titulu gabeak izanik ere.
Baina bizitzak zailduak! gogorarazten zuten, inork beren hutsune akademikoak mahaigaineratzeko beste gustu txarra baldin bazuen.
Tira, kanpoko fatxadan pletina bat ezartzen bada... esaten zuen orduan Pelik, ohikoa zuen tonu bare eta apalarekin.
¡Qué pletina ni qué hostias! ¡Pasando de la historia! esaten zuen pletina hitza entzun orduko, oihuka, Matiasek, goiz-goizetik kanutoak erretzen egoten zenak.
Kanutoen eraginez, begiak gorritzen eta hanpatzen zitzaizkion; hori zela kausa, Armandok telebistan ikusitako boxeo-borroka baten boxeolariaren traza hartzen ziola esaten zuen. Armando 'Boxeolaria' deitzen hasi zitzaion Matiasi.
Eta zuk noiz ikusi duzu konbate hori? Ainara, kontu eske bezala.
Zer uste duzu? Nik ere telebista daukat defenditzen zen Armando, konbentzionalismoaren aurkako borrokan muga non ipintzen zuen adierazten ariko balitz bezala.
Hori, hori! animatzen zuen Mikelek. Zer uste zuten ba! Erreibindikatu zure eskubideak!
Baziren aste batzuk ez genuela Peliren arrastorik. Kanpoan ibiliko ote zen galdetzen genion elkarri.
Hori gogoan, orduan nik zera esaten nion Martari:
Ez dakit ba, Marta, hemen pintxe guztiek izan nahi dute sukaldari.
Esan nahi nion ulertzen nuela Peliren jarrera, agian ni Peli izatera berdin jokatuko nuela, baina ez nintzen ausartzen Martari hau honela esaten, haserretuko zitzaidan beldurrez, oso jenio bizikoa baita, zer esanik ez hierarkiak eta tituluak tartean daudenean. Ez dakit, igual arrazoi du eta pentsamolde zaharkitu baten adierazgarri petoa baizik ez naiz, batzuetan aurpegiratzen didan bezala. Ez dakit, ni ez nago hain seguru.
Gertatzen dena da ez dela enrrollatu nahi izan esaten zuen Martak. Enrrollatu gora eta enrrollatu behera, guregatik balitz ez legoke hiztegiaren beharrik.
Ei, neska-mutilak Sara zen, tabernan sartu berri, goazen eskola zaharraren ondoko orubera. Lukasek dio hondakinak mugitu behar direla handik.
¡Pasando de la historia! zioen Matiasek, hori esateko zeukan tonu bereziarekin, bati zerbait zakarrontzira botatzen ari zela sentiarazten zion horrekin.
Batzuk joan ziren, baina nik besoak minduta neuzkan, hondakin horiek beroriek zirela kausa, eta geratu egin nintzen beste ardo bat eskatuta. Emilio neukan alboan, eta Emilio zentzuduna da, edo horren itxura dauka, eta horrek, gure artean, oso bakan egiten du.
Jeneralak Konstituzioko zortzigarren artikulua baizik ez du buruan, jakina.
Nirea erdizka galdera erdizka baieztapena zen.
Ez pentsa hainbesterako denik; baina hortik pentsatzera laguntzeko prest dagoela, nori eta bere seme Txatori, eta semeari lagunduta, zeharbidez bada ere, Zuriñeri...
Orduan kontatu zidan Jeneralak, batzuetan Ainararen etxera deitzen zuela, Txatoz galdezka, nahiz jakin behar zuen, sobra jakin ere, Txato jada ez zela Ainararen etxean bizi. Batzuetan hitz egin ere egin zutela. Baina ez ziola inondik ere Txatori zuzenean deitu nahi, Zuriñek hartuko ziolako beldurrez.
Gogorra izan behar da Jeneral batentzat saiatzen nintzen ulertzen Jeneralaren jarrera.
Gainerakoan ez pentsatzeko semeaz erabat ahaztuta zegoenik; epaiketan egon zela, eta estatuko hotelera behin bisitan joan zitzaiola.
Eta Txatok zer dio?
Txato pentsatzen hasia da hobe zegoela barruan, nik uste esaten zuen Emiliok, maltzurkeria apur batez, eta irri egiten zuen.
Gure adiskideak burgestu dira esaten zion Zuriñek Txatori.
Bufff erantzuten zuen Txatok, itsaso zabala bezain antzemanezina zen hots bat ateraz.
Egia zen auzolanetik auzolanera jende gutxiago agertzen ginela. Nik segitzen nuen joaten, partez Zuriñek eta Txatok horrenbeste merezi zutela uste nuelako, partez Uxue joaten zelako. Uxue duela urte mooordo bat ezagutu nuen; gero pista galdu nion, sasian eperrari pista galtzen zaion bezala, beste urte mordo bat; eta bat-batean han zen, hogei urte geroago, zazpi urteko alaba batekin eta lehengo aingeru-itxura berarekin. Aingeru bat zirudien, baina ez zen aingeru bat, eta horrexek egiten zuen erakargarri.
Markosek bereganatua zuen, Lukas, Peli eta beste zenbaiten iritziaren gainetik, obraren zuzendaritza, baina denak ez zetozen bat bere erabakiekin; batzuen ustez, hura dena txapuza itzela zen; beste batzuek oso ongi zihoala uste zuten. Zuriñe hor zegoen beti denei animoak emateko. Jakina, hark animorik ez bazuen... Txatok bufaka pasatzen zituen egunak, baina denean ahalegintzen zen.
Eraispen-lanak erlatiboki errazak izaten ari ziren, eta erlatiboki goiz bukatuko ziren. Handik aurrerakoa zalantzagarriagoa zen.
Markosek igeltsero batzuk kontratatzeko asmoa omen dauka.
Igeltseroak? Eta nork ordainduko ditu?
Tira, igeltsero bat ordaintzeko beste egongo da...
Zuk badakizu zenbat kobratzen duen igeltsero batek, orduko?
Norbaitek kopuru bat bota zuen, eta harridura-oihuak, miresmen-txistuak eta denetariko esklamazioak entzun ziren.
Ostia!
Zer!? Igeltseroek ez dute kobratu behar, ala? pipertzen zen Pello, sindikalista ere bazena.
Lukasen, Peliren eta beste hainbaten proiektuak egokiagoak ikusten zituztenek Markosen lan-gaitasunaren gaineko zalantzak zabaltzen zituzten.
Joño, bere etxeko teilatua konpondu bazuen...
Ja! esaten zuen, bakar-bakarrik, Lukasek. Eta, egia esan, ez zen beharrezkoa beste ezer gaineratzea zer esan nahi zuen uler genezan.
Bere etxeko teilatua konpondu? Pablok egin zion, motel!
Pablo ia denen ezaguna zen igeltsero profesional baten izena zen, azken garai horietan, gure arteko elkarrizketetan, futbolzaleen artean Clemente edo eskultoreen artean Oteiza baino gehiago ateratzen zena.
Pablok lagunduko zion, baina berak egin zuen!
¡Pasando de la historia! erabakitzen zuen Matiasek.
Orduan eztabaida luze bat hasten zen, laguntza moduaz eta mailakatzeaz, are lagundu aditzaren egiazko esanahiaz ere, Sara sartu eta Txato adreilu-kamioikada bat deskargatzen ari zela, bera bakarrik, jakinarazten zigun arte. Orduan batzuk lotsatu eta deskargan hasten ginen Txatorekin batera.
Ulertzen duzue orain zergatik galdu zuten gerra anarkistek? botatzen zuen Pellok.
Eguerdian bazkariak egiten genituen, denok elkarrekin; Zuriñek eta Txatok ardoa ipintzen zuten, Martak patata tortilla batzuk eramaten zituen, Emiliok piperrak, nik ogia eta urdaiazpiko pixka bat, besteak frutak, hurrena gisatu apur bat, hurrena etxean egindako bizkotxoa... Une gozoenak ziren, nahiz eta Lukas eta Markosen arteko garai bateko lehia berpizturik izan, nahiz eta Martak ez zion Peliri barkatzen, nahiz eta Emiliok beti pentsatu izan duen Matias ganoragabe bat dela eta Matiasek Emilio burges traidore bat dela, nahiz eta Sarak ni matxista bat naizela uste izan, nahiz Pellok uste izan Mikelen irri egiteko gogo etengabe hori ez dela parte onekoa eta Mikelek denok erotuta gaudela iritzi. Nahiz eta nik jakin Uxuerekikoa ezinezkoa zela, eta are, nahiz eta jakin, baita ere, hobe zela ezinezkoa izatea. Irri egiten genuen, hitz batez.
Gero kanuto pare bat pasatzen ziren, eta geure gisako zoriontasun bat atzematen genuen.
Topa dezagun Jeneralaren osasunaren alde!
Eta Konstituzioko zortzigarren artikuluaren alde!
¡Pasando de la historia!
Negua iristear zegoen eta teilatuarena konpondu behar zen hala edo nola. Jeneralak ez zuen bizi seinalerik ematen, Zuriñe eta Txato bakailao-lehortzen ari ziren, Markosek esaten zuen igeltsero egiazko bat beharrezkoa izango zela, berak ere zerbait egingo bazuen ere, eta Pelik, behingoagatik, arrazoi ematen zion. Egoera larria zen.
Orduan etorri ziren Emilio eta Sara, eta bilera batera deitu ziguten. Argi eta garbi planteatu zuten afera: igeltseroa kontratatu beharra zegoen. Haiek arduratuko ziren kudeaketak behar bezalakoak izan zitezen. Gero gerokoak.
Pablorekin hitz egingo dugu. Gainerakoa, gure kontu.
Batzuk konforme egon ginen. Ni neu bai, apur bat horrenbeste merezi zutela uste nuelako, apur bat ordurako besoetako mina iraunkor bihurtzen ari zitzaidalako, beste apur bat Uxuek esan zuelako Bartzelonara zihoala bere alabarekin. Baina beste batzuek etsi egiten genuela uste izan zuten, eta besteak bezalakoak ginela, progre itxurak eginda ere kontsumo-gizartearen morroi, eta beren lana mespretxatzen genuela.
Bilera luzea izan zen, adiskidetasunezkoa baina tenkatua aldi berean. Batzuek euskaraz hitz egin zuten, beste batzuek erdaraz. Historia zaharrak aireratu ziren, gehienak mikrokosmos irrigarri samar baten ondorio zaharkituak, adabakiz jositako sasi-mundu baten ondare pitzatuak. Doktrinak eta teoriak astindu ziren, benazko eskrupuluak agertu ziren, baita arrazoi sasikoak estaltzeko ideologiaz maskaraturiko beste batzuk ere, arrazoi praktikoaren agerpena ere ez zen falta izan. Aldiz irri egin genuen, aldiz haserretu ginen, gehiago edo gutxiago. Ahots ozen batzuk entzun ziren, tarteka, baina finean, aleak merezi izan zuen hainbeste lasto. Nik nahiko ongi bukatu nuen guztiekin, ez besteak baino hobea naizelako, beste honengatik baizik: azkenean, nik porlan-zaku batzuk garraiatu, besterik ez nuen egin; beste batzuen konpromisoa askozaz bitalagoa zen. Hortaz, ez nuen deus esateko eskubiderik. Kontatzeko ere ozta-ozta. Gure bizitzak ziren.
Ikusten? Nola irabaziko zuten gerra anarkistek, bada?
Eta hemen nor da anarkista?
Kabreatuta bahago, hire problema duk.
Kabreatuta nagok, bai, baina nirea ezkerreko kabreoa duk.
Ufaa!
Eta mota guztietako irriak, oihuak eta txistuak entzun ziren.
Gauean, bilera bukatuta, laguntzeko modurik egokiena zein zen, ez zegoen iritzi bakarra; hiru edo lau postura nagusi zeudela nabarmendu zen, norberak laguntzeko zeuzkan posibilitate, denbora, trebezia eta are gogoaren arabera. Gehienak, aldez edo moldez, zerbait egiteko prest zeuden, baina izan zen bere konpromisoa hantxe bukatzen zela esan zuenik ere.
Gauean, bilera bukatuta, denok ginen apur bat zaharrago.