Zamaria
Hau esaten zien entrenatzaileak taldeko berriei, aurkezpen egunean, atezaina seinalatuz zuen aita da; beste hauek erdiko atzelaria eta liberoa zuen ama eta zuen izeba; hango hura hori erdiko aurrelaria zen seme nagusia. Eta beste hau... eta orain Zamaria seinalatzen zuen zuen amona: beti dabil txokolatinak oparitzen.
Zamaria ez zuen egiazko izena, futboletik kanpoko goitizena baizik. Ekipoan Amona deitzen zioten, hainbeste txokolatinaren ordain.
Zelai lokaztuek larruzko baloiak pisu jartzen zituzten garaietan aritu zen Zamaria, 60ko hamarkadaren bukaeran, hor nonbait. Urte gogorrak ziren. Zizare buztan batengatikan edonor preso eramaten zutenekoa. Militante baten borroka lantokian eta kalean egiten zenekoa. Orriak ziklostilatu eta zabaldu ez ezik, norberak idatzi behar izaten zituenekoa.
Infantiletatik entrenadore guztiek bazekiten taldea bat zela Zamariarekin, eta beste bat hura gabe. Ikusleek ez hainbeste. Zaila zen esatea non aritzen zen. Erdilaria zela esatea izaten zen korrienteena, baina injustua zen. Behin kazetari batek definitu zuen hobekien: orotarakoa. Zelaitik kanpo jasaten ez zuten kideek ere ondoan nahi izaten zuten zelai barruan. Zamaria beti zegoen han, oin bat ateratzeko, lateral baten hanka-joko geldoak bezperako ardo gehiegia salatzen zuenean; erdilarien lerroa betetzen zenean, falta egingo zuen gupidagabe; baloia azkar asko emango zion hobekien ikusten zuen kideari; eta aurrelari bati joko lioketen ostikoa berari jotzen zioten. Hauspo falta nabarmentzen zuen zelai-tokira laster iritsiko zen kilometro-kontagailuari begiratu gabe. Zamaria zegoenean denek uste zuten hamabi aritzen zirela.
Futboletik kanpo, profesionalean aritzen zen ikasten. Bi irakasle bota zituztenean atera zen kalera estreinakoz. Gutxik egin zuen ez zutela bera ere eskolatik bota. Orriak bete beharrak irakurtzera eta bere burua prestatzera eraman zuen.
Hemezortzi urterekin hirugarren dibisioan debutatu zuen. Futbol mundukoek ez zuten zalantzarik segundan, gutxienik, jokatzeko dohainak zituela. Eibarren, edo Osasunan. Hortik gora... Baloia oinetan ez zangotrabatzeko beste ofizioa zeukan, doi-doi, motzean ondo mugitzen zuen pilota, eta azkar; hamabost metrotik haratago okertzen zitzaion, ordea, begira-puntua. Zelaian inoren aurrean ez zen isiltzen, laguna edo kontrarioa izan, baina erabakiak diziplinaz onartzen zituen. Bere ikuspuntua eman eta gero, beti ere. Bizia emango zuen ekipoaren alde.
Hanka sartzeak ez zion beldurrik ematen, baina bazekien bere burua babesten. Inor ez izaki patuaren jokaldietatik libre, ordea. Behin orpo aldeko takoak larregi ilkatu zitzaizkion zelai lokaztuan, hanka jiratzen ari zela, eta korrika bizian zetorren kontrario bat hanka gainera erori. Belauna triskatu zitzaion, eta hogei urte ez zituela futbola utzi behar izan zuen betiko. Herrenka dabil ordutik.
Handik urtebetera preso eraman zuten. Garai hartako sona handiko ekintza batean parte hartu zuelako. Orduko hizkeran, «klase menperatzailearen kontraesanak agerian utzi zituen» ekintza horietako bat.
Kartzelan zazpi bat urte egin zituen. Ikasi egin zuen; filosofia, soziologia... letretako karrera horietako bat atera zuen.
Trantsizioaren urte horietan atera zen kalera, eta Alderdi berrian sartu, klandestinitatean burkide izandako gehienak bezala. Garai horietan ere tratatu nuen zer edo zer.
Gero, denbora aurrera ahala, herritar soil bihurtu zen, egunean zortzi ordu egiten dituen itzal horietakoa. Jendeak, mikrohistoriaz arduratzen direnez landa, ahaztu egin zuen.
Nik ere erdi ahaztuta neukan. Bere gomuta etorri zitzaidan Autobiografia Inportante bat irakurri nuenean. Hainbestetan aipatzen zuen. Askotan. Printzipioz uste izatekoa zena baino askoz garrantzi handiagoa hartzen zuen Zamariak Autobiografia Inportante hartan.
Mikrohistoriaz arduratzen denetakoa naizenez, bilatu egin nuen. Hogeita piko urte geroago garai hori guztia gogoratzeko aukera eduki izan nuen; Zamaria eta beste ohi batzuk militante ohi, fede guztietako sinestun ohi, idazle ohi, are seme-alaba ohi edo senar-emazte ohi... ere txikiteoan ibiltzen ziren parte zaharrean. Halako talde koloreaniztun eta aldakorra osatzen zuten, eta ohi izatea zen, hain segur, beren ezaugarri komun bakarra, nahiz eta askok elkar ezagutzen zuten aurretik, edo elkarren berri zeukaten, edo inoiz topo egindakoak ziren bizimodu aski heterogeneo eta heterodoxo baten kariaz, heterodoxiaren nolakoaz eta zenbatekoaz desberdintasunak zeuden arren. Onartu egin ninduten, egun batzuetako solaskide berezi.
Esan nion Zamariari, «hi, Zamaria, hi ez haiz gogoratuko, baina lehen aldiz elkar ikusi genuenean hau eta hori, honela eta hala». Eta Zamariak irri algara egin zuen esan nionean, ez irrigarria zelako, baizik eta bazelako, nik uste, begira bizitza nolakoa den, zenbat buelta ematen dituen, edo horrelako zerbait esateko modu ez ohiko eta ez-berbako bat; eta bestetik, laster ikasi nuen Zamariak denbora osoan irri egiten zuela gauza guztiengatik, edo ia guztiengatik, grazia eduki edo ez, bat konturatzen zen arte irri hori defentsa-ezkutu izugarria zela, zitzaiola; bere baitatik erbesteraturik ihes iraunkorrean bizi zen pertsona baten defentsa-ezkutua, ausaz; eta hau ez da kritika bat, apunte karakterologiko xumea baizik, besteok ez ginelako hobeak edo osatuagoak, edo ausartagoak edo errotuagoak; eta gainera ez genuen hain maiz irri egiten, eta irri egitea, arrazoiarekin edo gabe, zaharrago eta gehiago estimatzen den dohaina da, hortik kanpo ez dagoelako helduleku askorik, euskarri benazkorik. Ni pixka bat estimatzen ninduen, neu izan nintzelako orotarako jokatzen zuelakoa atera ziona.
Niri dagokidanez, denak gaizki zaudek esan zidan. Hasiera-hasieratik. Zamaria futbolean aritzen nintzeneko ezizena zela esaten dik, eta hori ere gezurra duk. Ni Amona ninduan futbolean.
Gauza gertatuko zen Barrenkale eta Barrenkale Barrenaren arteko karrika estu eta labur horietako batean, bi ardo beltzen artean, seguru asko txikitero koadrila gehienak erretiratuta egongo ziren orduetan, Athletici zein erraz sartzen zizkioten golak komentatzen ibiliko ginen, eta nik Zamariari esango nion, Mikrohistoria liburu bat idazteko asmoa diat. Berak erantzungo zidan, irriz, Gurekin bene-benetan mikro aterako zaik, bai. Eta horrela hasiko zen dena. Elkar probokatuz edo. Ez erronka handitan, edo esaldi ozenetan, baizik eta komentario itxuraz inozoen bidez, elkarri tentatuz bestearen erantzunaren nolakoa neurtzeko. Sar gaitezen benetan merezi duen gaiarekin, nire bizitzaren eta zer esanik ez, areago zure bizitzaren gaiarekin. Horixe zen nire probokazioaren funtsa, hitzak beste batzuk izango ziren, ordea. Sar zaitez zeu, zen Zamariaren erantzunaren 'itzulpena'. Baina informazioa beharko nuke, ostera nik, kriptikoki esanda hau ere. Informazioa, informazioa... eta hor Zamariaren erantzunaren egiazko esanahia apur bat lauso geratzen zitzaidan, bai zelako, baina ez ere bazelako. Alegia, esan dezagun, informazioa emateko prest egon zitekeela esaten ari zitzaidala. Segun eta nola. Eta zenbat. Informazioaren kudeaketa arduratsu baten alde zegoen. Ulertzekoa zen. Azken finean, ni arrotz bat nintzen berarentzat.
Garai haietan, ikusi ahal izan nuenez, txikitero koadrilaren ibilerak ia egunerokoak ziren, asterokoak seguru, «kolgatu» batzuk zirelako, koadrilako bakarren batek esaten zuenez; «Sabigaingo jamoi bat baino kolgatuago gagoz» esan ohi zuen, bere hitz zehatzak errepikatzearren; baina ez zuten zerrenda pasatzen, eta batzuetan asteak pasatzen ziren kolgatu jakin bat ikusi barik, edozein arrazoi medio ez zelako etortzen; noiz edo behin igual batek galdetzen zuen norbaitez, ausentzia luzatzen bazen, eta hasierako okurrente horrek berak esan ohi zuen, horrelakoetan, «haren jamoia erretiratu dabe». Ez da gauza bera, baina saskibaloi-taldeko izarren kamisetekin horrela egiten omen dute Ameriketan, izarra erretiratzen denean kamiseta taldetik kendu eta kiroldegiko sabaitik eskegi, nik horrekin lotzen nuen hitz-jokoa, bazitekeen txikiteroak ere bi ideia horiek hala edo nola elkartu izana. Edo agian dena izango zen urteetan (ni bezala) kirol kazetaria izandako baten deformazio profesionala. Igual zen, esamoldea balekoa zen, indarra zeukan. Eta Zamaria 'jamoia erretirata' ibiliko zen handik puska batera; baina hori baino lehen ez zion muzin egin Autobiografia hartan bera aipatuz esaten zirenei buruzko iruzkinak egiteari. Niretzat, egunkarietan-eta egiten duten bezala, neurria azpimarratze aldera, patata erraldoi baten ondoan ipintzen den tabako paketea bezalakoa izan zen.
Eta gainerakoetan, berdintsu. Mortimerrekin kartzelan egon nintzela tematzen duk, eta Mortimer eta biok ez gintuan sekula elkarrekin egon, barruan; kanpoan, atera ginenean, bai. Barrura baino lehen ere elkar ezagutu genian, baina biak inoiz elkarrekin kartzelan, ez.
Eta gero, militante batentzat ohikoak diren hainbat eta hainbat jarduera eta zereginen berri ematean, Autobiografiatua noraino okertzen zen azaltzen zidan: harako afari hartan urlia ez zela egon; beste ez dakit nongo kongresutako ponentzia hura ez zela izan gai horri buruz, beste honi buruz baizik; Madrilgo bilera hartan hau eta hura ez zirela egon, eta sandia eta berendia bai; halakoekin egindako elkarrizketan ez dakit zeren alde egon zena ez zela bera izan; militantziaren bizkarrez hartutako zenbait erabakiren kontua...
Azpijokoak ez dituk inoiz gomendagarriak politikan, baina are gutxiago alderdikideen artean, inoren fede onaz baliatuz. Engainatuak fede onez ere oldar zitezkek, denen kalterako.
Zamariak justifikatzen zituen akatsetako batzuk ez denak. Esaten zuen Autobiografiatua bere paperekin oso desordenatua izan zela bere bizitza osoan. Baina, guztiarekin ere, berea ez zen Autobiografiaren aurka kontrajartzen zen beste autobiografia bat, autokritikoa ere bazenez.
Autobiografia-jeneroaren aurkako iritzi sendoa zaukaat. Autobiografiatuak ez ditik sekula azaltzen kontatzen duen garaiko pertzepzioak, oroitzapenak idatzi dituen unekoak baizik. Ni oroimen txarrekoa nauk.
Bitartean, hasia nintzen ulertzen Autobiografiatuak, benetan, une zehazgabe batetik aurrera zer nolako tirria eduki zion Zamariari; hari buruzko inpresio txar orokorra ematen saiatzen zen, batere halabeharrezkoa ez zen plan ongi kalkulatutako bati jarraiki: Zamariaren akatsak bai eta fisikoak ere, herrenka baitzebilen futbolari zela lesionatu zenetik! azpimarratuz, liburuaren pasarte ongi pentsatutakoetan estrategikoki barreiatutako berari buruzko datu negatiboak edo jarrera bidegabeak leporatuz (Zamariak sistematikoki, eta datuak emanez, ezeztatzen zituenak); eta are nazkagarriagoa zen, dena maitasun faltsuzko erretorika ustel baten barruan, eta aitakeria enparagarri batez hauek ere ongi hausnartutakoak bildurik azaltzen zuen ber. Ez nekien honetaz nola galdetu, eta ez nintzen ausartzen zuzen galdetzen, lotsaz; auzo-lotsaz, baina, kalkulatuz nik sentitzen nuena ez zela ezer izango Zamariak sentitzen ahal zuenarekin. Nola hala egingo nion galdemodua-edo:
Damutuarengan ez zagok damurik, pertsonalitate berri baten eraketa baizik; izaera erretroaktiboa duen eraketa, gainera. Hau duk, eraketa berriak ez dik hartzen bakarrik damua etorri zenetik aurrerako bizitza, baizik eta damua baino lehenagoko bizipenetara ere proiektatzen duk.
Hala izango zen, noski; baina ez bide zen konturatzen, edo ez zuen ikusi nahi, niretzat gero eta garbiago zegoena: oroitzapeneko ustezko akatsak ez zirela paperen desordenaren ondorioa; eta Zamariaren agerpen errekurrentea, orrialde horietako une ongi aukeratutakoetan, berau bihurtzen zutela, gure errealitatea batere ezagutzen ez duen irakurlearentzat eta haientzat zen liburua, inondik ere, pertsonaia desatsegin, desgaraiko eta desegoki: politikarako ez gauza, hitz batez. Jakina, ez zen harritzekoa, azken finean Zamaria eta beste batzuk buru zirela, militante-talde batek behar bezalako zatiketa bat eragin zion alderdiari, zatiketa antolatu bat eratu zion Autobiografiatuari, ordura arte, Alderdia nora zihoan asaldaturik, dozenaka baina bakarka! joaten ziren militanteen hutsak gutxi bailiran.
Orduan egindakoak geroko ideiekin justifikatzen ditik, orduan ere dena garbi zeukala sinetsarazi nahiz. Askoz mantsoago joan zen joan nahi zuen tokira, eta azkenean soinekoarekin bakarrik iritsi zen. Hori bai, bere esku zegoen guztia desegin ondoren.
Gorrotorik eta ageriko pasiorik gabe mintzatzen zen Zamaria, burdinbide hil bateko geltokiko orratz-zaina balitz bezala. Euria ari zuenean herrena areagotzen zitzaion. Nik esan behar izan banu, Autobiografiatua Zamariaren beldur egon izan zen pixka bat; eta beste pixka bat bekaitz, jeloskor. Lehiakide sentitu izan zuela, horra, eta ez burkide.
Badakik tristeena zer den? Berarentzat jada jasangaitza nintzenean, ni oraindik bere jarraitzaile sutsua nintzela.
Egun hartan etorri zen norbait, Athletici beste hiru gol sartu zizkiotela esanez. Ondorengo prentsaurrean futbolari gazte txar bat atera zela esateko ez zegoela arazorik, berak argi ikusten zuela bazegoela taldea aurrera ateratzeko kalitatea, eta konpromisoa.
Gutxienez plantillako behi sakraturen batek esan izan balu... Baina horrek! Lotsagabe halakoa! Nola leike!
Beste batek zioen orain, nola erantzun behar duten ikasteko saio eta hitzaldietara eramaten dituztela gaztetatik, eta galdera bat entzunda arrapostua automatikoa izaten dela, eskuliburuak, aukeran, gomendatzen dituen hiru edo lau erantzunen araberakoa.
Nola aldatu diren garaiak, e, Amona?
Bai, baina baduk zerbait sekula aldatzen ez dena: izarra izateko, anbizioa eduki beharra zagok. Futbolean burua ateratzeko, halako bokazioa beharrezkoa duk.
Zamaria, futbolean izan zen apurra, eskuzabal izanda izan zen, eta zintzo jokatuta.
Eta hori txarra da, ala?
Ez, taldea izorratzen ez duten artean. Zoritxarrez, izar asko ez duk sekula hori konprenitzera iristen.