Erretzaileen eremua
Erretzaileen eremua
2006, narrazioak
152 orrialde
84-95511-87-8
azala: Arnold Newman
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
1995, nobela
 

 

Afera pertsonal bat

 

B-k begiratu zituen zerutik pasatzen ziren hodeiak ordura arte sekula begiratu ez zituen bezala.

        B ez zegoen ohituta erabakiak hartzen; izan ere, oso erabaki gutxi hartu zituen bere bizitzan, eta kasik bakar bat ere ez zen bere-berea izan; gehienetan beste hirugarren pertsonaren bidez edo delegazioz harturikoak izan ziren, hartu zituen gutxi horien kasuan. Horren ondorioz, ez zen benetan ezertan inplikatzen, dena berarekin joango ez balitz bezala zen, dena inpertsonala. Baina hori bezperatik aldatu zen. Bezperatik B-k bazekien orain bai, orain erabaki pertsonal bat hartu behar zuela, ezinbestez. Izan ere, B hil behar zen, laster.

        Hodei bat pasatzen ari zen, eta kontinentearen eitea zeukan beste bat, lehenaren ondoren.

        Zer puntutaraino laster, ez zegoen hain garbi, baina medikuak bezperan esan zionaren arabera, ez zuen espero behar sei hilabete baino gehiago bizitzerik. B-k serio baino lasai hartu zuen medikuaren epaia, hainbeste ze medikuak, bere baitan, miretsi baitzuen bere baretasuna eta odol hotza. Horra hor edozertarako prest dagoen gizon heldu eta jakintsu bat, pentsatu zuen. Baina medikua oso oker zegoen, eta B-ren baitan ez zegoen medikuak egozten zizkion bertutetik bakar bat, ezta denik eta neurririk txikienean ere. Medikuaren albistea entzun zuenean, nagusitu zitzaion lehen sentimendua hastioa izan zen, berriak hainbat lan nekagarri egitera bultzatuko bailuen: abokatuari deitzea, adiskideren batekin edo urrutiko senideren batekin harremanetan jartzea... Orokorrean, telefonatzera eta etxetik ateratzera behartuko zuten ekintzak, ekintza gogaikarriak. Horrek aspertzen zuen, eta hortik seriotasuna. Bestetik, bistan zen ez zela hasiko telefonatzen medikuaren bulegotik bertatik, eta hortaz, ez zegoela inolako mugimendurik egiten hasteko arrazoirik. Eta hortik lasaitasuna. Eztul ahul batzuk egin zituen, aztoramen iragankor eta oso arin baten mende, une batez, egon izan balitz bezala, eta hori izan zen dena. Hainbesteko hoztasuna erakutsi zuen bere heriotzaren iragarpenaren aurrean, ze medikuak berak ere gehiegizkoa iritzi eta benetan ulertu ote zuen zalantza egin baitzuen, eta berria errepikatu. Badakit gizon bat bezala arituko zarela desgraziaren aurrean, esan zuen medikuak.

        Baina B-k ez zuen errepikapenik behar, ederki ulertu zuen esaten zitzaiona. Nazkagarria zen. Burutik pasatu zitzaion lehen gauza abokatuari hots egitea izan zen, esateko, ohi bezala, begira, arazo hau daukat, konpon ezak, okupa hadi. Baina abokatua ez zen bera eta heriotzaren artean tartejartzen ahal den hirugarren pertsona bat. Gero pentsatu zuen M-ri deitzea, M baitzen bere laguna, M baitzen B-ren herentzia handia oso irizpide on eta begi bizkorrarekin kudeatzeaz urteetan arduratu zen enpresaria, M-ri deitzea beraz, eta esatea, hi M, inporta zaik hiltzea nire ordez? —beste hainbatetan hi M, inporta zaik joatea bilera horretara nire ordez? esaten zion bezala—, baina hipotesi hau, hain justu, edo hipotesi honen ezinezkoa, zehatzago esateko, izan zen, hain zuzen ere, lehen krisia sorrarazi ziona, hipotesian zetzan ezintasun horrek agerian jartzen baitzuen, bere ankertasun gorrienean, oraingo honetan ezin izango zuela inorengan delegatu, eta norbera hiltzea kontu aspergarriki, higuingarriki eta kondenatuki pertsonala zela. Egiazko arazo bat, beraz, B-rentzat.

        B-k begiratu zituen zerutik pasatzen ziren hodeiak ordura arte sekula begiratu ez zituen bezala. Ninbo, kumulu eta zirruak ikusi zituen, harietan desegiten zirenak irudi apetatsuak osatu eta gero; hariak desagertzen ziren azkar, haizeak eramanda, eta laster haizeak berak ekartzen zituen beste hari batzuk, ostera ere irudi apetatsuak osatu eta ninbo, kumulu edo zirru bihurtzen zirenak berriz, eta beti hor egon izan bailiren zen, hor egon izan bailiren eta B-k sekula ikusi ez bailituen; baina egon, hor egonak ziren beti, eta horrek berak egiten zituen berri, eta horregatik B-k begiratzen zituen ordura arte sekula begiratu ez zituen bezala. Hodeien joan-etorri horrek den-dena esplikatuko zuelakoan, hor gordetzen zelakoan jakintza isil, esanezin baino inoiz huts egiten ez zuen bat. Eta hala ere, beti han egonak ziren.

        Han egonak ziren beti; imajinatu zuen hodei horiek berberak ikusiko zituztela, esaterako, Platon batek edo Aristoteles batek, guk mundu zaharrekoak jotzen ditugunak; hodei horiek berberek estali zutela euren mundu zaharra. Gure ustez zaharra, haiei ez zitzaielako zaharra irudituko, geroni gurea zaharra iruditzen ez zaigun bezala —aitzitik! Teknologia eta berrikuntzaren goren puntuan gaudela uste dugu-eta!—, baina gurea zaharra irudituko zaien bezala bi mila urte barru biziko direnei. B gozatu zen pentsatuz, une batez, Platonek edo Aristotelesek, haiek ere, gaurkotasunaren eta berritasunaren paradigmatzat edukiko zituztela euren buruak, guk gureak ditugun bezainbeste; eta bi mila urte barrukoek ere guri errukiz eta konmiserazioz begiratuko digutela, gure panoplia teknologiko zaharkituaren, gure uste barregarrien, gure kezka ulertezinen berri izatean, guk orain greziar zaharrei begiratzen diegun bezala medikuntzan izainak erabiltzen zituztela jakitean, edo beren erretorikari buruzko kezken berri dakigunean, esaterako.

        Orain B-k, bere irudimenean, traktore erraldoiaren itxura hartzen zion bat pasatzen ari zen, bere gurpil handi, ke botatzeko tximinia eta kabinarekin. Kabina barrua hutsik zen, ordea. Zer irudika zezakeen Platon edo Aristoteles batek hodei hori bera ikusi zutenean? (zalantzagabea baitzen ikusi zutela hodei hori). Ez traktore bat, inondik ere. Errotarriak irudituko zitzaizkien, edo ezer ez, edo etortzear dagoenaren zeinu konpreniezina; berak, B-k, ezeren itxura harrapatzen ahal zion, ba, oraintxe, kotoia balitz, bere begi aurrean hedatzen zen beste hodei trauskil, moldagaitz horri? Eta hala ere, hodei horrek ere bazeukan inguru aldakor baino aldi berean nabarmenak ematen zion forma ezagugarria, berorri zegokion objektua artean asmatu gabea bazen ere; Platoni traktore itxurako hodeiarekin gertatu bide zitzaion bezala gertatzen zitzaion B-ri ezein forma ezagunetan errenditzen ez zen hodei baldres horrekin. Ez zen unibertsoa aldatzen zena, beraz, pertsona baizik; ezta hori ere, ez zen pertsona aldatzen zena, pertsonaren begiratzeko modua baizik. Baina, unibertsoa errepikakorra, zirkularra, aldaezina bada, eta gure begiak baizik ez badira aldatzen, eta gure begirada huskeria baten arabera —kandela ala errota izan, traktorea ala transatlantikoa izan— aldatzen bada, orduan... B-k begiratu zuen berriz milioi bat aldiz milioi bat modutara begiratutako hodei mutaezin hura, eta hasperen egin zuen, arrazonamendua burutzeko ezindurik; une batez damua sentitu zuen, berak ez zeukalako lagun bat hari esateko, aizan, aizak, hiltzen ari nauk, naun, topa dezagun azkenekoz, ez zuelako ezer berezirik egiteko beharrik sentitzen, ez zeukalako alaba bat, zeinari azken gutun luze eta hunkigarria idatzi (Alaba maitea, bihotz-bihotzekoa: heldu da nire azken eguna, heldu da zu zeu zerk sortu zintuen zerorrek jakiteko eguna, nahiz eta letra hauek irakurtzen dituzunean neu jada urruti, oso urruti, izango naizen...), ez zeukalako bere azken egunei zentzua emango zien egitekoen zerrenda luze bat; inbidia eduki zien pertsona arruntei, horrelakoetan beren aferak konpondu eta dena ongi eginda utzi behar izatearekin, edo dena ongi eginda utzi dutelako ilusioarekin, beren heriotzaren hurbila, nolabait bada ere, ahaztera iristen diren horiei. Berak ez baitzuen harrei eman beharreko gorputz bat, gorputz hura, berea, besterik. Asuntu kondenatuki pertsonala, bistan denez.

        Enpresari aberats baten seme bakarra, B-ren bizitza bera eta errealitatearen arteko bionbo jartze etengabe bat bezalakoa izan zen. Bere bizitzaren baldintzak oso bereziak izan ziren; bakardade iraunkorreko, zelofanezko inguru batean bildurik bizi izan zen beti, jende arrunta hilduratzen duen kezketatik aparte. Berak ez zuen, esaterako, sekula soldata bat irabazi behar izan bizirauteko; aberatsa baitzen jaiotzez, ez zuen kezka ekonomikorik sekula eduki. Ez zuen inoiz eduki tratu handirik beste gizon edo emakumeekin; gazteagotan saiatu zen, bai, zenbait harreman lantzen, jende arruntak kausa deitzen duen horietakoren batean, denborapasa hutsez, engaiatzen, baina horrek ez zuen luze iraun. Nekagarri zitzaion besteekiko tratua; ez ulertzen ez zituelako gizakia mugiarazten duten motibazioak, ez; nekagarri zitzaion, besterik gabe, emozioa, sentipena, umorea, forma jakin batean bildu behar izatea, egoera zehatz bati erantzun bat eman behar izatea, erantzun horrek beti eskatzen zuelako, ezinbestez, gorputz-jarrera bat, esku baten keinua, aurpegiko giharren konposizio bat; eta B, nagi izateaz aparte, ez zen inoiz seguru egoten ematen zuen erantzunaren egokiaz. Zergatik altxatzen zituen bekainak, adibidez, agian esku-ahurrak belaunburuetan emeki pausatuz sotilago laburbilduko zuen barne-egoera baten berri emateko? Zer abantaila zeukan hitz lagunkoi batzuk esateak, elkarrizketaren une jakin batean, isiltasunaren aurrean? Zalantza handia zen eta egoera guztietara iristen zen, halako moldez non sortzen zion inhibizioak deus egiterik galarazten zion. Bere izateko modu honek, bistan denez, harremanetarako zailtasun handiak ekarri zizkion. Batzuek uste zuten autista zela —eta ez zen—, beste batzuek erremediorik gabeko ergela, beste batzuek ezin zuten eraman harropuzkeria jotzen zuten itxura horiekin, askorentzat snob bat zen, zenbaitentzat odolkidetasunak eta endogamiak ahuldutako sasi-aristokrazia leinu baten azken alea, errukarrienek negutegiko lore ikusten zuten, eta bere bizitza bitxiari, eta inolako zailtasun arruntik gainditu behar ez izanari leporatzen zioten denek xelebretzat —zerbait okerrago ez bazen!— jotzen zuten jokamoldea.

        Baina paradoxikoki, lagun arteak erantzun somatiko bat eskatzen zuenean, horrek beregan hartuko zuen forma higuingarria, jasanezina bazitzaion ere, ezin liluragarriago iruditzen zitzaion egoera berdintsuetan besteen erantzun somatikoek hartzen zuten formaren ikuslea izatea. Horregatik, bere gisako voyeur bat izateagatik, B-k ikaragarri maite zuen zinema; are, esan liteke, bere bizitzaren pasarte batzuetan, batez ere, zinemari esker bilatu zituela bestela nekez aurkituko zituzkeen bizitzeko akuiluak. Zinema ikusgarri goren zitzaion, baina ez haatik inspirazio iturri edo bizitza praktikorako ispilu; esaterako, ez zitzaion sekula burutik pasa Humphrey Bogarti hain iradokitzaile eta berezko geratzen zitzaion hieratismo malenkoniatsu hura imitatzea, beregan patetikoa izango zelako; James Stewart baten bizkortasun nerabe horri inozoegia irizten zion, boy-scout baten estiloa, eta bere buruan txertaturik eramangaitza gertatuko zitzaion. Zinema klasikoa maite zuen, batez ere, nahiz eta, gaur egunekoen artean, denbora guztia keinu gehiegizkoak eginez zebilen ero horrenak —nola zuen izena?— irrigarriak iruditu. Baina berarentzat, John Hustonek beren aktoreei exigitzen zizkien lehen plano luze-luze horiek ziren benetan zoragarriak, nahiz eta horiek ere bere kasurako ez balio; pertsonaia arruntegiak ziren, langileak, lapurrak... Sterling Haydenena, esaterako, oso ongi zegoen ikusteko, baina lapur bilakatutako baserritar baten piurak antzeratzea bere ahalmenetatik kanpo zegoen, guztiz.

        Besteekiko tratua higuin zitzaion edo higuingarri bihurtzen joan zitzaion, poliki-poliki, nolabaiteko ahalkeak eta aldi berean nolabaiteko zentzu profilaktikoak galaraziko baliote bezala, berak inor mindu nahi ez eta beste inork bera kutsatzerik nahiko ez bailuen; funtsean, besteekin tratatu behar izatea nolabaiteko morrontza zela irizten zion, ezer onik espero ezin daitekeen lokatza. Ezinbestean egin zuen bizitza sozial apurra —azken batez, misantropo bat izanagatik gizona baitzen, eta horrenbestez, beharrak baitzituen— desgogora izandako harreman triste batzuen arrosario baten alea begitantzen zitzaion. Eta orain, bizitzak iragazki babeslerik onartzen ez duen ekintza bakarraren aurrean paratzen zuen, pertsona tartejarrien bidez bizitzera ohitutako hori. Ez zen hiltzea, ez zen hainbeste hiltzea, hil behar izatea —hori pentsatzen zuen B-k, behintzat—, bere presentzia fisikoa eta besteekiko harreman zuzena, tarteko nolabaiteko zelofanik gabe, ezinbestez eskatuko zituzten eginbehar nekagarri asko baizik: mediku baten aurrean erantzi, mina sentitzen zuen alderdi miserablea erakutsi, eta gustu txarrekoak ziren beste egiteko mordo bat, denetan bere gorputza, beharrezkoa ez ezik, protagonista izango zela.

        Medikuak esandakoa etorri zitzaion burura. Adiskidea, badakit gizon bat bezala arituko zarela desgraziaren aurrean. Gizon bat bezala. B-ri barregure etsia etorri zitzaion. Gizon bat bezala. Ez zuen ezer esan nahi, esaldi hutsala zen, puxika bat bezalakoa, orratz batekin lehertu eta barruan deus ez dagoela konturatzen garena. Puxika bat bezalakoa edo orduan pasatzen ari zen kafetera itxurako hodei hura bezalakoa, haizeak nahi erara itxuraldatzen edo are suntsitzen duen inpresio subjektibo eta aldakorra, ilauna. Gizon bat bezala.

        Pertsonen gorputzek hartzen zituzten itxurek liluratzen zuten B, beraz; bazeukan halako sentiberatasun berezi bat jendeak erakusten zuen kualitate fisikoarekiko, gehienetan erdizka berezkoa eta erdizka inpostatua, ikasia, faltsua izaten dena, primitibotasunetik gertuko aleetan baizik ezin baitzen topa ia inpostaziorik gabeko tesitura egiazkorik. Lilura horrek ez zuen zerikusirik inongo kanonekin, ez zuen edertasunik bilatzen, edo bai agian, baina beste modu batez; singularitatearen eta bakantasunaren edertasuna zen bilatzen zuena, nork bere gorputzarekin egiten zuen itunetik sortzen zena, bere ustez bakantasun horrek, itun horren nolakoak egiten baitzuen inoren gorputza, piura edo itxura, eder. Gorputz baten elementuen arteko dinamikak, gihar-tonuak, ahotsak, keinuerak, usainak sortzen zuten bakantasun hori, eta horren arabera baziren zuhaitzak bezalakoak ziren gizonak, edo ihi bezalako emakumeak, ahuntz-gizonak, oilo-emakumeak, basurdeak, oreinak. Eta ez zuen zerikusirik sexu-grina asetu nahi izatearekin, voyeurismo berezi hori B-rentzat pertsonak pertzibitzeko manera baizik ez baitzen, pertsonak elkarrengandik bereizteko berezko bidea; ez, lilura hori, pertzepzio bitxi hori, sexurako baino, ahalkerako deia izaten zen, iruditzen zitzaiolako ezen, sentiberatasun-klase hori zeukatenentzat —uste baitzuen beste jende askok eduki behar zuela berak zeukan sentiberatasun-klase horixe—, norberak salatzen zuela bere burua bi pauso luzatu orduko, zinemarako sarrera, azalpen bat edo gatzontzia eskatu orduko; eta B-ren ezinegona gero eta handiagoa zen, eiterik gabeko masa bat zelako ideia, buru barruan, handiagotu ahala; oskolik gabeko barraskilo baten antzerako zerbait baizik ez naiz, pentsatzen zuen, lika, beratz, hauskor, zaurigarri.

        Oskolik gabeko barraskiloa edo kafetera, traktore, errota, izenik gabeko objektu, beharbada, are okerrago, zirru bat, unibertso ezezagun bateko gas-molekula, beste begi baten pertzepzioaren arabera imajinatutako tresna besterik ez, hodei bat, kea. B orain konturatzen zen jendeari eskainitako arretak galarazi izan ziola zeruari begiratzea, zerua begiratzen zuen lehen aldia zela, ez zekiela interpretatzen ortziaren zeinu misteriotsuetan ezkutatzen zen jakintza amaigabea. Eta hala ere, horrek berak eman zizkiola bizitzeko beharrezkoak diren adorea eta indarra, bestela, ausaz, inon aurkituko ez zituzkeenak.

        Baina hodei batean zenbat euri kabitzen den, eta euri hori zeinen hotz eta zeinen anker den, hodei horren parte denak daki hobekien.

        Izenik gabeko objektua, gas-molekula, hodeia. Kea, gizon bat bezala.