Elurretan hotsak
Elurretan hotsak
2004, nobela
184 orrialde
84-95511-68-1
azala: Garbiņe Ubeda
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2002, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
Elurretan hotsak
2004, nobela
184 orrialde
84-95511-68-1
aurkibidea
 

 

4

AMONAREN AROA

 

Pertsonaiak:

 

Aldai, funerariakoa.

Dimas, haren laguntzailea.

Saioa, artista.

Ane, Saioaren ahizpa, eta haren Haurra.

Feli, Ane eta Saioaren ama.

Amona.

Izeba Antonia eta Osaba Esteban.

Osaba Gregorio.

Paco, Aneren gizona.

 

Pikuta, Jendea ospitalean, Taxista bat, Bi langile, Hesi paratzaileak, Guardia zibilak, Ertzainak, Joxemari (une batez), Gizon txiki bat, eta beste.

 

 

Goizean, urrutiko baseliza gainean eguzki txiki bat, begietan izarrak oraindik, sudurra motz, musua gorri, eskuak txamarrako sakeletan sartuta, trinkili-trankala heldu zen Karrikara Dimas.

      Kioskoaren ondoan, Aldai dagoeneko autoan sartuta zegoen. Konkorkara, buru soila, bibote beltzak aho ertzetara luzatuak, traje ilunarekin inpekable jantzita zegoen.

      Dimasek atea ireki, egunonak esan eta:

      «Kosta egin zaik nonbait ere jaikitzea!» erasan zion Aldaik.

      «Gosaldu ere egin behar izaten da eta... Goiz, ala!»

      «Joder, goiz! Bederatziak ere badituk eta. Ni bai goiz!» Autoa demarratu zuen, eta: «Sei t'erdietan deitu zidatek... Ja hildakoek ere ez ditiztek loaren orduak begiratzen.»

      «Klaro: anuntzioan 'veinticuatro horas' jartzen duzu eta... Serbizioa al dugu ba, serbizioa?»

      Aldaik, zirika doinuan: «Bisita zaukaagu, bisita! Eez...»

      Dimasek bere zigarroa piztu zuen eta: «Peugeota? Non dugu ba, peugeota?»

      «Peugeota? Ixilik egon hadi motel, hori ere aurki lurra emateko zagok... Atzo etxe parean krixton putzua laga zian eta, tailerrean utzi diat, gero handik pasatu behar diagu.»

      Dimasek, kea hartu eta: «Esan nizun: kulata izango da hori; kulata... fijo gainera.» Kea bota eta, Aldaik eskuina hartzen zuela ikusiz: «Nora goaz, ba?»

      «Rotondan obrak ari dituk eta, bariantea hartuko diagu... Kukuteko amona hil duk: Feliren ama; kale zaharrean bizi dituk ba...»

      «Feli? Bai. Haren gizona, Juan Mari edo nola da, orain kalean ardo txuria aurrean duela asko ikusten da.»

      «Juan Mari, bai. Iaz jubilatu zuan eta. Tailerrean zegoenean, bake ederra. Feli eta... zazpi senide dituk. Nemesio zuan zortzigarrena, hura orain dela bost urte, eguberritan, gibeletik hil zuan; bigarrena Joakin, igeltseroa, bera ere mendearekin jubilatu zena; hirugarrena Gregorio, aszensoreetakoa, ezkondugabea; gero zatorrek Feli, eta amona berarekin bizi, gero Lorentxi, belar-dendakoa, Altunarekin ezkonduta dagoena...»

      «Altuna, txatarreriakoa? Bazakiat zein den... Ba, ostegunean edo noiz izan zen?, haien alabarekin parranda egin genuen eta, ez zidan ezer esan.»

      «Feliren alaba, zein? Ane izango zuan... Eta, zer esan behar zian?» Dimasek ikaragarri zabaldu zuen ahoa. «Atzo ere firin-faran ibiliko hintzen.»

      «Firin-faran edo... Gaupasan nago, gaupasan;» Aldaik errebes begiratu zion; «lasai! Ondo nago eta. Etxera joan eta amarekin solas polit bat egin eta, gero zuk deitu duzu, dutxatu eta arropak kanbiatzeko ere denbora izan dut.»

      «Hobe duk hola. Eta, gauean nondik nora? Atzo plazan ez baihindudan ikusi.»

      «Plazara ez ginen iritsi. Riojanoan egin genuen afaria. Baldok marisko txiki batzuk atera zizkigun, eta gero entsalada eta kostilla jan genuen; ederra kostilla. Gazta ere bai gainean, ez dakit nongo gazta zen. Gero Baldok ez zigun kobratu nahi izan, Anterok arratsaldean txakurkume bat oparitu ziolako. Likore bat ere atera zigun eta harekin, nolabait atera ginen handik. Baina, nolabait...»

      Autobiatik aterata, kurba handia hartu zuten.

      «Eta: izan al zen inoiz-izaten-ez-dena?»

      «Zera... Ikusi bai. Gu oso begiratuak bait-gara. Neska bat, aizu. Ukiezin horietakoa: guapa-guapa, txamarra erdirekia, bular erdiak begi bistan, ni haiei begira nengoela, halako batean berak begiratu zidan... Zer da hori?»

      «Kontrola... Azkenean berandu ailegatuko gaituk.»

      «Ba. Itxoingo dik horrek.»

      «Bai; horrek ez dik presa handirik izango...»

      Bide ertzean guardia zibil bat sasitan erdi gordeta zegoen. Errepidean pintxoak, patrol bat, kañoi handiekiko eskopetekin hiru guardia maskaratu, honago beste bat, hura maskara gabe, gaztea, autoak banan-banan begiratzen ari zena. Egin zien baztertzekoa, patrolaren atzean gelditu ziren.

      «Adónde van?»

      Aldaik buru imintzioa egin zuen atzera. Zibila makurtu, atzera gain-so bat eman, gero Dimasi zorrotz begiratu zion.

      «Bajen.» Dimasi: «Usted, ahí. Usted, abra atrás... Llevan a alguien?»

      «Dónde? Ahí?... Que yo sepa no.»

      «Abra.» Aldaik hilkutxa pixka bat ireki zuen, zibilak aldean zegoen trapu bat jaso zuen. «Y esto?»

      «Botellas; tengo el coche en el taller y...»

      «Para qué son?»

      «Son de sidra.»

      «Por qué están vacías?»

      «Pues, hemos bebido y... Se devuelven: se llevan a la tienda...»

      «Mm. A ver. Los carnés.»

      Aldaik berea eman zion, Dimasek berriz, sakelak haztatuz denbora pixka bat eman zuen eta:

      «Pues... Se maolvidao.»

      «Se taolvidao?»

      «Sí. Ahora mismo me he cambiado los pantalones y...»

      «Vacía los bolsillos. Deja todo ahí. Mira pal monte. Usted también. Nombre.»

      «Igor Carbayo Lasa.»

      Zibila patrolera zihoala, Dimas dardarka, haren ondoan Aldaik pentsamentu beltzen bat zerabilen. Zibilak patroletik:

      «No figura.»

      Dimas izuli egin zen.

      «Es con i griega: Carbayo.»

      Atzean zuen maskaratu batek koskorrekoa jo zion.

      «Qué te han dicho. Las manos fuera.»

      Brr, brr; harako bidean, arbol biluziak alde bietara, joan zihoazen emakume biri so gelditu zen; haiek arrunt txikituta zeudela:

      «Recoge tus cosas. Porque estoy de buen humor... Venga.»

      Biak autoan sartuta, handik pixka batera:

      «Carbayo con i griega, esan zuen Aldaik; ederra duk hori.»

      «Putakumeak. Esan egin behar: 'Llevan a alguien?' Esan egin behar.»

      «Beren lana ditek. Gu lasai. Ez duk aditu, ministroak esan duena?: beldurrak dagoenak, berak jakingo du zergatik dagoen...»

      «Harria behintzat ondo gordeta neukan.»

      «Harria al daukak?... Hori ez zaik ahaztuko, ez; kalamidadea, hi. Ederretik libratu haiz. Esaiek horiei... Horiek ez dituk txapel gorrikoak bezalakoak e! Haiekin sikiera hitz egitea bazagok...»

      «Ba! Haiekin ere, hitz gutxiago eta hobeto.»

      «Zer, ba?... Haiek ere txakurrak izango dituk baina, diferentzia ederra!...»

      «He! Haiek ere zartako garratzak ematen dituzte, eta euskaraz, min gehiago da.»

      Hartan zirela mobilak soinua jo zuen.

      «Bai?» Aldaik hartu zuen. «Bai, esan... Berriz ere hori... Bai, bai. Esaiozu bat libre gelditu dela: gain-gainean, eguteran, bista ederreko tokian eta ondoan... Valentin ez dakit zer, poeta famoso baten hilobia daukala. Aber zer esaten duen. Hori da;» mobila jaso, zigarro bi atera zituen; «ikusi al duk hori...? Masaje bat emango niokek... Eta, atzoko bularrak, azkenean...?»

      «E? A. Ezer ez. Han utzi nituen... Ederra neska. Pixka bat dardarka utzi ninduen baina, uste dut bera ez zela ohartu.»

      Elizan behera hartu zuten, eskuaz esnezalea saludatu zuen Aldaik.

      «Ni ere txorarazi nindian neska batek behin, gaupasa batean. Elkarri solas goxo batzuk esan, arrimatu ere egin gintuan pixka bat eta... Gero hotzak zegoela eta, txamarra utzi nioan... Ez diat handik hona ikusi; txamarra. Neska ere ez... Ederretik libratu ninduan.»

      «Guk gurea: gu, baso mutilak... Gero zera, bat hona, bat hara, azkenean, denak sakabanatuta. Goizaldean, ez dakit ze ordu izango zen, berriz juntatu gara; Antero ezik, kasa-sokorroren batean egongo da eta hura, denak juntatu gara. Ez dakit nolaz ez garen galtzen...»

      «Hori duk, badelako orden relatibo bat; gauza guztietan izaten duk ordena, fisika duk hori... Sentitzen diat, hi: nik ikusi diat aurrena.» Berak aparkatzeko maniobrari ekin eta, trabeska begiratzen zien txoferrari erdiko hatzaz keinu sastar bat egin zion Dimasek. «Hori duk...»

      Autotik jaitsi, Pikutak zepillo zabalarekin elur baltsak zerabiltzan harantza.

      «Pikuta, zer habil!»

      «Hementxe, kaleari brilloa ateratzen!»

      «Berriz ere elurra egin behar duela esan dik gobernuak. Alper-alperrik ari haiz.» Kalean behera egin eta: «Hemen duk.»

      Eskailera buruan hats-hats egin eta Dimas bere korbatako korapiloa atontzen ari zela ireki zuen Saioak atea: ile horia, orbainak aurpegian, gorrituta begiak. Egunonak, esku ukaldiak, sentimentuak eman eta, barrura zihoazela:

      «Hortxe... Itxoin...» Ate bat itxi zuen. «Txikia erdi esnai dago eta...» Sofa gainetik kutxa bat eta paper eta liburu batzuk jasoz: «Ama osabagana joan da; oraintxe etorriko dira...»

      «Utzi, utzi. Hementxe egongo gara.»

      «Fotoak begiratzen ari nintzen... Nahi al duzue kafe bat edo?»

      «Ez, eskerrik asko.»

      «Jarri, jarri. Eman, bai...»

      Dimasek txamarra hari eman eta, biak eseri ziren.

      «Goxo dago hemen,» esan zuen Aldaik.

      «Bai... Kanpoan hotz handia...»

      «Bai; elurra asko kentzen ari du baina.»

      Joan zen txamarrarekin Saioa, sukaldetik ontzi txikien hotsa heldu zitzaien. Biak pixka batean isilik, Aldaik, asto gainean zegoen koadroari begira:

      «Hori... Kukute duk, ezta?» esan zuen.

      «Ez dakit...»

      Bandexa batean bi kikara eta termoa zekartzala etorri zen Saioa.

      «Nahi baduzue...»

      «Eskerrik asko. Ez zenuen molestia hartu behar.»

      «Hori Kukute izango da ala?» galdetu zuen Dimasek.

      «Bai... Amonaren etxea.» Etxe aurrean, belaze handi bat: berde iluna, bi segalarik bibelarra ebaki ahala argitzen ari zena. «Amona gaztea zenean, urte osoko belarrak ateratzen zituzten belaze horretatik.»

      Belazearen azpian, zumarren ondoan, zerrategia zegoen. Haren leihozulo batetik metalezko tubo bat atera eta, kanpoan zerrautsak mendi txiki bat egiten zuen. Zerrautsaren hori marroixka, belazearen berdea, zuhaitzetako osto horikailduak, erreka zilarra... Hirurak koadroari begira:

      «Erreka horretan, esan zuen Aldaik, ezkailuak harrapatzen ibiltzen ginen gu txikitan. Harrapatu egiten genituen... harrapatzeagatik, gero jan ez genituen egiten baina.»

      «Baina, esan zuen Dimasek, hori orain ez dago hola, ala?»

      «Ez. Denbora batean zegoen bezala pintatu dut... Amonak esanda...» Malko bat xukatu zuen. «A; hemen dira.»

      Ate hotsak, Ane eta Feli azaldu ziren. Irribarre txiki batekin eta begizuloekin Ane, eskularru gorriminak kentzen ari zela. Feli lepasendoak, haragi maxkalak kokospean, ezpain ertzak oker, begi hezeak eta urduri.

      «Nire sentimentua...» Aldaik eta Dimasek amari musu pare bana eman zizkioten.

      «Eskerrik asko... Sasoia bazuen baina, hara, bera ere joan da.»

      «Hori da guretzako dagoena.»

      Haurraren gelara sartu zen Ane, itxi gabe laga zuen atea. Felik Saioari:

      «Aitak deitu al du?» Ezetz, eta: «Osaba orain etorriko da.» Aldairi: «Juan Mari ere laster etorriko da... Jarri, jarri.» Hirurak jarri ziren, geroxeago Saioa ere bai aulkian. «Bueno, zuk esango diguzu zer egin beharra dagoen.»

      «Bai. Esan didazu... hortaz, zure amak asegururik ez zuen?» Hobeki aditzeko bezala, sudurraldea zimurtu zuen, ardura eta arreta seinale.

      «Ez; gurekin batean egitera joan zen eta, hirurogeita hamarrak paseak zituela eta, ez zioten egin.»

      «Ya. Orain... lehenbizikoa eskela preparatzea izango da: nolakoa nahi duzuen, zeinek agertu behar duen, argazkia...»

      Saioari Felik: «Bilatu al duzu?»

      «Ez. Kutxan ez dago.»

      «Armarioan igual... Ba, ez dakit, eskela,» Saioari begira, «normal bat, ezta? Tamainaz, nahi dut esan... Diarioan ateratzekoa.»

      «Ederki; modelo horretan hormakoa ere preparatuko dugu... Agurra beilatokian egingo dugu, ezta?»

      «Bai... igual hori onena.»

      «Orain normalean hola egiten da. Gero joan gaitezke hara momentu batean, tokia eta gauzak nola diren ikusi eta... Kutxari dagokionez,» karteratik katalogo batzuk atera zituen, «zuek idea bat egiteko... Orain hauek erabiltzen dira asko, gama honetan, edo honetan, hauek denak gaztainezkoak dira eta hauek, berriz, senzilloagoak.»

      «Ez dakit. Senzilloena ere ez... Aber besteek zer esaten duten...»

      «Lasai horregatik; iruditzen bazaizu, orain katalogo hauek utziko dizkizut eta gero zuek erabakiko duzue... Lore koroak ere, hortxe dituzue...»

      «Bueno, gauza bat. Orain alabarekin komentatzen etorri gara eta... Kremazioa, izaten da ba...»

      «Kremazioa, bai. Orain asko ibiltzen dena da.»

      «Bai, ezta? Total, kanposantuan hamar urte pasa eta kenarazi egingo digute... Txukuna da ala?»

      «Kremazioa? Dudarik gabe.»

      «Errautsak jardinean zabaltzeko edo...»

      «Barreiatzea normalean mendi kasko edo txoko batean edo itsasoan egiten da... Bestela, etxean ere badago gordetzea. Hautsak familiarenak dira: haiekin zuek nahi duzuena egitea daukazue. Orain, auzoan jende gehiago bizi baldin bada, legeak ez du permititzen...»

      «Ya. Esan diot Aneri zeozer izango zela...»

      Ondoko gelatik, Aneren ahotsak:

      «Ama: Kukuten.» Haurrak oihuxka bat egin zuen. «Tori, maitea, tori...»

      «Han bai; han ez litzateke trabarik izango...»

      «Bueno eta... gutxi gorabehera, besteei esateko, zenbatean aterako litzaiguke dena?»

      «Ehortzi edo erraustu aldea dago; dena dela, gutxieneko zerbitzua: garraioak eta baimenak eta beste numero txikiekin dena bat eginda, hortxe mila, mila eta ehun euro izango litzateke. Orain, estraren bat nahi izanez gero...»

      «Estra, zer izaten da?»

      «Batzuek nahi izaten dute defuntua pixka bat apaindu... Badakizu, makillaje pixka bat edo...»

      «Bueno, egin behar bada...»

      «Hori, zuek nahi duzuena; hiletan egon behar badu...»

      «Bai...»

      «Beharko genuke janzteko soinekoren bat ere.»

      «Joaterako bilatuko dizut.»

      «Arratsean baldin bada ere. Orain begiratu behar duguna... Goizaldean zendu bada...»

      «Goizaldean, bai; seiak aldean izan da.»

      «Bueno, nik esango dizut: bata nahi duzuela edo bestea nahi duzuela, bihar goiz edo arratsaldean egin beharko genuke. Hori bai: nahi izanez gero ehortzi, komeniko litzateke gaur eguerdian guri esatea, guk ehortzaileari ordu bat esateko; hark normalean...»

      Istant hartan telefonoa jo zuen.

      «Zaude, nik hartuko dut, esan zuen Felik... Bai? Bai... Zer pasatu da ba?» Dimasi burua okertzen ari zitzaion eta, Aldaik ukondokoa jo zion. «Ez esan... Zer esaten ari zara? Baina, nola da posible...? Ez, ondo nago, bai;» denak hari begira, ondoko gelatik Ane ere jertsea jasota haurrari bularra ematen ari zitzaiola atera zen pasillora; «bai, bai... Baina, non? Ondo begiratu duzue? Bai, bai... Deitu. Bale.»

      Telefonoa eskegi, esku biak aurpegian, izu begiekin:

      «Amona... ez dago bere gelan!»

 

 

Biaje luze gozo bat egin zuen irudipenarekin lazo-lazo jaiki zen amona, baso bat ur edan zuen eta, bere poltsatik soinekoak ateraz, haiek astiro jantzi eta, haietan ondo kukuturik, antiojoak eta gorroa atzendu gabe, bere monederoa ere hartu eta, gelatik atera zen.

      Baratx-baratx bere zapatillekin pasilloaren burura heldu zelarik, bertan emakume lodi bat lurrean etzanda zegoen, mutil bat painuelo batekin haizea ematen ari zitzaion eta inguruan bi erizain harekin zer egin, berriketan zeuden.

      Ama gaixoa, etxe aldean ez belar eta ez ezkur eta ez ezer, tripan xomorroak hazi ez bazituen!

      Amona: iharra, zimela, zimurra... Ile txuriak tutuluan bildurik atzean, esku-orpoaz eskudelari helduta eskailerak kilin-kilin jaitsi eta, bebarru zabalean gizon zahar meharxka batek makila jasota gogor protesta egiten zuen; beste deusekin eta beste inorekin erreparatu gabe atean zen taxi batera egin zuen amonak. Atzeko jesarlekuan okerka jarri zelarik, ispiluan txoferraren begiak ikusi zituen.

      «Andoain, Andoain!» hots egin zion.

      Poliki abiatu eta, maldan behera zihoazela, txoferrak:

      «Hotza, eguna!»

      «Ez da ona, ez, esan zuen amonak. Beroa, ordea, txarragoa da... Larogeita hamabosteko udan, beroa zela eta hiru ume hilik jaio zituen gure txerramak!»

      Entenditu ote zion... Bere begi beltzekin begiratu zion ispilutik txoferrak.

      «Ez da komeni, ez, bero handia ere,» esan zuen.

      Amona harritu egin zen; kasualidadea, hura ere txerrizalea izatea.

      «Bosgarren umealdia, jaso zuen ahotsa, azaroan zazpi ume ekarri zituen. Bularra kendu eta, sei saldu eta, etxean bat gelditu da. Ume gogorrak, harenak.»

      Txoferrak ez zuen besterik esan eta, amona ere isildu egin zen.

      Mantso zebilen oso. Hark ere buruan bere gauzak. Semaforo batean neska guapa batekin solas pixka bat egin zuen. Arra-abiatu eta, txoferrak, umore gozoan:

      «Ederra dago hortik gora ere. Atzo Besabira behar eta, ezin Xoxokatik pasa. Gaur goizean makina ibili da.»

      Hark irratia piztu zuenez, amona, hotzantxa eta, bere berokian kukulduta gelditu zen.

Bonbolontena nere laztana

                        ez egin lorik basuan...

Halako batean zerratoki zaharra ikusi zuen.

      «Hemen!» egin zuen salto.

      «Hemen?» esan zuen txoferrak, aldean etxerik ez ikusi eta.

      «Ez, hemen; hemen badago bidea...»

      Monederotik billete ximur bat atera zuen, txoferrak ez baitzuen ahurra biltzen, txanpon txikiak banan-banan eskuratu zizkion: hiru-lau txanpon, gero beste bat, gero beste bat, txoferrak azkenean:

      «Utzi, utzi!,» joateko, eskuarekin eginez.

      Taxiak alde egin eta, kamioi batek ia bazterrera bota zuen. Fabrika berri bat zegoen zerrategiaren ondoan, haren hesiaz hara zegoen etxerako bidea. Autoak aurpegi kontra, nondik bazterrera egingo, bide izkinatik xirri-xarra hasi zen. Aurreraxeago bi gizaseme, bat eskailera gainean, bide seinale bat jartzen ari ziren; behean zenak, amona makina mendia ebakitzen ari zen tokira zihoala ikusi eta:

      «Amona!» hots egin zion; amonak besoaz agurtu zuen; igual ikusi zuen hark, bazeukala monederoa, badaezpada ere ez zion kasurik egin.

      Poliki, zapatillak ez zikintzearren elur lokaztuari begira, zumarretara arribatu zen; hiru zumar, kukuluetan hosto gorrizta batzuk, enborraren alde batean horma, beltxuria beste aldea eguzkiaren argitan, elur gainean hiru itzal.

      Makila bat hartu eta, ote muiloen artean bide zidorrari lotu zen amona. Baziren bertan oinetakoen arrastoak, baten bat ibili zen han. Orain pauso txiki batzuk, orain pausagune bat, orain mallo-mallo segi...

      Urri eta azaroan gaztaina eta ezkurra ausarki jan zituen baina, orain, egositik ere behar! Umeak, berriz, azen hostoak bilatu bazituen...

      Laster erreka zulotik atera, mendi bizkarrean gora zapatillak herrestan nekez egin zuen. Taketa baten kontra deskantso puxka bat egin... Zerua garbi, isiltasun handia zegoen.

      Belazera iristen ari zela, taketa gehiago, mukerraren azpian bi mutil azaldu ziren. Alanbre sarea jartzen ari ziren... Sareari eusten ziola, bizar luzeak zituen mutil haietako batek; besteak, txiki sendokote bat, orrika handiak tiki-taka zerabilzkien. Biak gelditu ziren bera ikusirik. Behetik gora, bizarra zuenak:

      «Zer: paseoan?»

      Ez zituen ezagutzen. Hala ere, jatorrak ematen zuten eta, galdera doinuan:

      «Zerria bere umearekin hor ibiliko da...»

      «Zerria? Gaur ez da hemendik ikusi; atzo bai ikusi genuen: hor gaindi ibili zen elurretan iñauska.»

      «Eztularekin utzi nuen eta txikia...»

      Bizardunak, irribarre batekin:

      «Bai... Eztula, kaso egin behar...! Guk ere izan genuen gurean holakoxe bat. Uhu eta uhu hasi zen eta, ohartzerako, jaiki ezin zela bere ohatzean ezarrita zegoen. Urrixa zen, ume gutxikoa hala ere. Sukar gaixtoa, esan zigun albaiteroak eta, hobe zela hiltzea. Esan genion, egiteko berak: guk ezin genuen. Argia zen oso, bizi-bizia eta, bere moduan, diskretoa ere bai.»

      «Alajainkia,» esan zuen amonak.

      Mutil txikiak elorriaren orpotik zahatoa hartu eta, egin zuen amonari ematekoa.

      «Eez...» Ukabila airean itxiz imintzio garratz bat egin zuen amonak. «Egitekoak baditut...!»

      «Nahi al duzu etxera laguntzea?»

      «Ez baldin badute eraman...»

      «Eraman? esan zion bizarrekoak; lasai egon, hura bazterrak nahasten ibiliko da eta.»

      Txikiak zahatoari biaje bat eman, eta:

      «Lehengoan reportaje batean, esan zuen, esan zuten txerriek gauza asko erakutsi digutela. Hara, txerriekin hasi omen ziren zesareak egiten, gero, dena ondo zihoala eta, emakumeekin probatu zuten. Hik ba al henkien hori?... Esan zuten baita ere, granjako txerriek buruhausteak eta horrelakoak izaten dituztela.»

      «Ya. Han hobeto jatea.»

      «Granjan? Ez diat uste.»

      «Bai... Granjako janaria konpletoagoa duk. Noski, badituk azkar gizentzeko ematen dizkieten produktu horiek guztiak. Baina gure janarian ere badituk ingrediente harrigarri batzuk. Ogia, esate baterako. Ez duk ogi naturala, denetatik pixka bat bazagok bertan. Ez zakiagu zer duen, eta usaina ere ez duk batere lehengoa. Negar egitekoa duk, baina jan egiten diagu...»

      Amona, esku imintzio bat eginez bazihoan eta, agur esatearekin ikusi zuten:

      «Etxeko zapatillekin zabilek eta...» Hari begira gelditu ziren.

      Malda zurian xarra-xarra hankak elurretan ondo sarturik gaztainondo zaharrera heldu zen amona. Haren adar beso batean inoiz ikusi bako isats luzeko txori beltz bat ikusi zuen.

      Negu eguzkiaren azpian mendi muinoak zuri-zuri, haritz baso txikiaren ondoan... etxea.

      Bista jaitsi zuelarik txerri hatzak ikusi zituen elurretan.

 

 

Feli ondoezik sofan jesarrita zegoen eta haren alboetan alaba biak, Saioak eskuan ur baso bat zuela hitz laztanak esanez eta Anek esku bat amaren eskuan eta beste besoarekin haurra bularrera eutsiz, Aldai leiho ondoan mobiletik hizketan ari zen eta Dimas haren aldean eskuak poltsikoetan eta begiak arrunt irekita zegoen, bitartean osaba Esteban hezur-hutsa eta bere emazte Antonia pintarratua azaldu ziren eta Feli haiei esplikazioak ematen ari zitzaien.

      «Juan Marik deitu du eta... Ai, ene! Joan dira Joakin eta biak medikuarekin haren bulegoan paperen bat egitera eta, gelara itzuli direnean, bertan ez zegoen ama!»

      Eta Esteban eta Antonia: seguru al zeuden, eta hori noiz, eta hori nola zitekeen...

      Aldaik, telefono solasa bukatu zuenean:

      «Ez... Depositoan jende asko dago baina, han ez dago zuen amarenik.»

      «Han ere ez al dago? Ai, ama! Non sartu dute, ba?»

      Eta besteak: Lasai Feli, lasai ama, azalduko da...

      «Dudarik ez, nahasketaren bat...»

      «Beste gela batera eramana edo...»

      «Horrelakoren bat.»

      «Lehengo urtean, esan zuen Antoniak, residentzian bertan uste dut izan zela, gelan bi lagun, haietako bat operatu behar eta, nahastuta, ondokoa eraman zuten eta, hari ireki zioten.»

      «Ospitalean, edozer...»

      «Denuntzia jarri behar zaie, denuntzia.»

      «Orain ez dugu hori pentsatu behar,» esan zuen Felik, eta Saioari: «Deitu Lorentxiri, maitea; esan zer pasatu den.»

      Saioa telefonora eta, anaiaren laguntzarekin jaiki zen Feli.

      «Bueno, esan zuen, agertzen den bitartean guk hitz egin beharko dugu... Zuek noski, joan beharko duzue...»

      Aldaik esku ahurrak erakutsi eta burua alde batera makurtu zuen apalki.

      «Zuen esanetara gaude.»

      Egin zuten familiakoek sukaldera, laster Saioak ere bai telefonoa eskegitakoan; biak bakarrik zirela, Aldai aulkian eta Dimas sofan jarrita, honek hari:

      «Igual bahitu dute.»

      «Bahitu? Zertarako?»

      «Ez dakit; Eskozian edo, izan omen zen holako kasu bat.» Gogotik zabaldu zuen Dimasek ahoa eta ukabilekin begiak igurtzi, Aldaik harrituta begiratu zionez: «Logalez puskatzen nago,» eskusatu zen.

      Etorri zen Saioa, amonaren kutxako fotoak eta paperak lardaskatu zituen. Haren atzetik Ane ere, haurra beti altzoan, bularra jertsepean orain.

      «Llo-llo, llo-llo...»

      «Hau esaten dut,» ahizpari foto bat erakutsi zion Saioak; «oso ondo dago.»

      «Guapa dago, bai;» Anek, pixka batean hari so egon eta, fotoa Dimasi pasatuz: «Begiak erditxita izatea.»

      Gorputz erdiko fotoa, baserriko ate aurrean, esku bat amantaleko sakelan eta ile batzuk haizeak erabiliak. Eguzkiak jotzen zion aurpegian, hargatik zituen erreskinatuta begiak. Dimasen ondora etorriz, Saioak:

      «Atzean eguzki lorea...»

      «Bai... Elur pixka bat ere...»

      Fotoak Aldairen eskuetara egin zuen, eta:

      «Atzo, esan zuen Anek, nahiko pattal zegoen baina ez zitzaidan iruditu... Eskutik heldu eta kontu batzuk esan nizkion; begiak itxita zeuzkan eta ez nekien aditzen ote zidan, esan nion nola elurrak estali zuen herria, nola aita palarekin espaloitik elurra kentzen egon zen... Momentu batean begiak ireki zituen, esan nionean komentutik gora lapurrak ikusi zituztela...»

      «Bai ezta? esan zuen Dimasek; Anterok esan dit, han ibili zirela...»

      Isilalditxo bat; Ane, haurra kulunkatzen, isilka:

      «Jarridazu kafe pixka bat, Saioa.»

      Saioak hari zerbitzatu eta:

      «Jarriko dizuet?»

      «Bai mesedez... Xorta bat,» esan zuen Aldaik.

      «Nik,» esan zuen Dimasek, esku imintzio bat eginez, «ura, posible bada... Baso bat ur, bai, mesedez.»

      Saioa joanda, isilaldi bat, Anek kikara hustu zuen eta, kulun-kulun eginez aldameneko gelara eraman zuen haurra.

      Bueltan Saioak ura eta, plater batean bi tortilla pintxo ekarri zituen. Aldaik protesta keinua; zintz egin zuen Saioak, eta:

      «Amak esan dit...»

      Aldaik beste keinu bat, eta: «Bueno, esan zuen; itsusia ez egiteagatik...»

      Dimasek heldu zion aurrena; Aldaik ere biboteari eragin.

      «Mm... Ederra dago.»

      Leihoaren ondotik:

      «Etxeko arrautzekin eginda,» esan zuen Saioak.

      «Guk ere baditugu baserrian arrautzak, esan zuen Dimasek; ez dakit zergatik den, gorringoa horia izaten dute...»

      «Esaiok osabari, esan zuen Aldaik, oiloek edan beharreko uretan, burdin-sulfato pixka bat jartzeko.»

      Saioa itzuli eta, irribarre laño batekin:

      «Amonak, esan zuen, pasmo-belarraren ura ematen zien oiloei; aztoratzen zirenean hartatik pixka bat eman eta, efektu handia egiten zien.»

      Haurrak protesta batzuk aldameneko gelan, Anek lo-lo berbak xuxurlatu zituen.

      «Oiloak edozerekin aztoratzen dira, esan zuen Aldaik; lehengoan, gure lagun batek esaten, ardiak eta dortokak direla animaliarik inutilenak. Ba, oiloak ez dira oso urruti izango...» Saioak leihotik baten bat ikusi zuen edo, atea irekitzera pasillora joan zela: «Orain lumarik gabekoa asmatu ditek.»

      «Bai, zeozer entzun dut.»

      Atez barna Paco azaldu zen: morenoa, belarritako bi, hiru bat egunean egin gabe bizarra. Musuak eta esku xokatzeak, haiek sukaldera bidean, Dimasek bere artean korrok bat egin eta, berriz ere eseriz:

      «Puah! Como dios gelditu naiz.»

      «Hau... non ari da orain?» galdetu zuen Aldaik.

      «Ez dakit; Urnietan edo... Obretan ibiltzen da... Brotxarekin, uste dut. Aizu,» bonbila bat bere roskan sartzen ari balizko imintzioa eginez, «zer egiten dugu guk hemen?»

      «Egon beharra, hi,» Aldaik, latz antzean; «gidoian zagok.»

      Telefonoak eta, ia bat-batean, ateko txirrinak ere jo zuen. Ane arin etorri eta telefonoa hartu zuen, Saioak ireki zuen atea. Feli ere etorri zen sukaldetik orain, Aneri begira gelditu zen bera, pasilloan Saioak osaba Gregorio potzoloari nobedadeak kontatu bitartean.

      «Ez dagoela...? Zer esan nahi duzu?»

      «Ezkutatu dela, baten batek eraman edo, ez dutela aurkitzen.»

      «Zer esaten ari zara...?» Txapela erantzi zuen osabak; «ba, on Eladiori bihar hamabitan, esan diot ordua. Zer esan behar diot orain?»

      «Zaude aber...» Felik, Anegandik begiak kentzeke; hark telefonoa eskegi zuenean: «Zer?»

      «Gelan falta dira amonaren arropak.»

      «Arropak? Ai, ama! Niri zeozer emango dit...»

      «Pastillak ere ez daude... Aritu dira alde guztietara eta inon ere ez amonaren arrastorik.»

      «Zer da? Hil eta gero joana ala?» osabak, trakets.

      «Igual ez da hil...» Saioak, beheitixko.

      «Ixilik egon, ixilik egon... Zer egingo dugu? Parte eman beharko dugu, ala? Haiek, ba al datoz?...» Anaiari: «Segi, segi: Emilio eta sukaldean dira...»

      Joan ziren biak eta Ane ere sukaldera, Saioa gelditu zen salan, azkazala janean, begiak leihoaz hara. Aldai zutik, Saioaren koadroari zozo-zozo so, Dimasek, beti jarririk, apalxko:

      «Arraroa da ba...»

      Saioak zintz egin, eta:

      «Bizi da, seguru nago», esan zuen.

      Dimasek 'agian bai' keinua egin, eta Aldaik:

      «Badira kasuak...»

      «Nora joango zen? esan zuen Saioak; elurretan, gainera...»

      Etorri ziren Ane eta Paco, Anek telefonoa hartu, Pacok hari:

      «Esaien Hernanitik ez etortzeko; Kraften kontrola dagoela.»

      «Bariantean ere bazegoen, gu etorri garenean.»

      «Preso batek ihes egin omen du,» esan zuen Dimasek.

      «E?» harritu zen Aldai.

      «Bai. Gosaltzen ari nintzela esan dute irratian. Atzo ihes egin omen zuen baina, gaur arte ez dute zabaldu.»

      Anek, telefonoaren kablearekin jolas eginean:

      «Non zarete orain?... A... Ya... Bale... Lasai etorri.» Telefonoa eskegi, eta: «Ospitalean bertan, ertzainekin dira; dilijentziak egin eta, honantza datoz.» Azkazalak jaten segitzen zuen Saioa besarkatuta: «Lasai...»

      «Zuk uste... etorriko dela?»

      «Gogoratzen, esan zigula, hamazazpi urterekin Parisera joan zela bakarrik...?»

      Painueloan zintz eta buruarekin baietz egin zuen Saioak. Sukaldetik Feliren ahotsak:

      «Saioa!»

      Biak ez besteak salatik joanda, Dimasek, airean bi behatzekin paseo irudi bat eginez:

      «Tipi tapa, joan amona? Zuk uste duzu...?»

      «Behin ere ez dakik, esan zuen Aldaik; aditu dituk gogorragoak ere. Oraingoz, zain egon behar diagu. Balitekek gorpua norabait bidali izana, edo...» Edan zuen kikaratik azkeneko ttantta. «Guri behin zelebrea gertatu zitzaiguan. Gorpu bat Arabako sukurtsalera bidali genian, baina enplegatuak helbidea gaizki irakurri eta, soinean Ama Birjin txuriaren argazkia zeraman gorpua Saudi Arabiara bidali zitean. Han ez zitean ezagutu eta, bertan aldi bat eginda, bueltatu zitean. Etxera iristerako, defuntua kontentu zegoan; haren emaztea ere bai; prentsan esan zian, bere gizonak ez zuela batere maite bidaiatzea.»

      «Ni ere ez nintzateke Arabiara joango; lege gogorra omen dago han.»

      Hartan Feli etorri zen.

      «Zuek joan e... Bai, bai, hitz egin ditugu gauzak eta, oraingoz zain egongo gara, aber! zerbait jakiten dugunean deituko dizuegu...»

 

 

«Bai? Aizu. Arratsaldean pasako gara. Zer?... Bai, badakit esan nuela baina, oraingoz ezin gara joan... E?... Harri bat? Bai... Rustika, berrogeita hamarrekoa; konforme. Bai: hirurak aldean.» Mobila itxi, hantxe kukuari begira zebilen Joxemariri kasu egin eta, zigarroa ezpainetan zuela, ateratzeko maniobra egiteaz batera: «Orain erne. Lehenengo botila horiek utzi, gero Sixtoenean harria hartu, gero tailerrera goazak.»

      Bazetorren atzetik udaltzainen autoa, Aldai zain gelditu zen. 'Ura ez da edatekoa, ura ez da edatekoa', ari ziren altabozetik haiek.

      «Me caguen dios, esan zuen Dimasek, atzo edan nuen zerbeza pilarekin, orain urak kalte egitea falta!»

      «Lasai: gaur ez haiz bestaldera joango; gaur sobra ere jai hartu dik sudurrik ez duenak.» Abiatu ziren.

      «Ya, esan zuen Dimasek; ohearen azpian azaltzen ez baldin bada...»

      «Amona? Ez diat uste... Orain, bilatu egin behar.»

      «Bizi delakoan, ala?»

      «Horixe bizi... Hi; negozio guztietan izaten dituk bezero morosoak... Dena dela, poza ematen dik. Bizirik dagoen askok ez dik hola preziatzen alde honetakoa.»

      «Ez, ba.»

      «Hortxe diagu gure auzoan Lizarribarren ama, urrutiago gabe. Larogeita hamazazpian: asmo txarrean salto egin zian leihotik behera. Suerte txarra: gaizki aparkatuta zegoen furgoneta baten gainean erori zuan. Emakumeak ez zian zauri larririk izan, autoak bai ordea matxura polita; gero semeak pagatu behar.»

      «Lehengoan esan zuten telebistan, ez dakit non haur bat bosgarren pisutik erori eta, ez dakit zer egin zuen, behintzat hura ere ondo atera zela.»

      «Pss...»

      Sastarrin zirela, kamioi bat, gero beste bat, laster kamioiak erreskan.

      «Murcia... Santarem... Porto... Westfalia...»

      Istuitzan ertzainak zeuden.

      «Egunon.»

      «Egunon. Dónde van?»

      «Harantza. Zer pasatu da?»

      «Tenéis que dar la vuelta. La autovía está cerrada.»

      Aldaik itzulikoa egin, eta:

      «Aspaldi honetan jendeari gustatzen zaiok ba gure herri parean kankarrekoak hartzea.»

      Dimasek zigarro bat hartu, poltsikoak haztatu zituen. «Ba al dakizu lehengo partetxarreko horiek zer egin didaten? Metxeroa kendu.»

      «Tori... Emaidak niri ere rubio horietakoa... Uste diat badugula puxka bateko...»

      Erlojuari begiratu zion.

 

 

«Kurrun, kurrun.»

      Kortako atea ireki zuen amonak. Lasto hotsak kamastraren aldean...

      Kurrun... kurrun: txerrama zalu-zalu heldu, amonak bizkarra ferekatzen ziolarik saihetsak haren hankaren kontra igurtzi zituen; kontentu zegoen, pixka bat argalduta baina.

      «Polita, zu; leiala, zu... Moldatu al zara etxean ni gabe... Zer duzu gaixo horrek... Non duzu txikia?»

      Txerramak begi makartsuak kiñatu zituen.

      Korta barruan armiarma sareen usaina aditu zuen amonak.

      Lastoak eta iratzeak barreiatu, ezkaratza pixez bete zitzaion.

      Bi eskailera maila igo, etxeko ate nagusia zabaldu, txerrama atzetik zuela estalpera egin zuen.

      Kurrun ­txerramak elurretan muturra sartu, usin egin eta, inora begira, pentsakor gelditu zen.

      «Non duzu txikia? Muturbeltx hura, harro xamar hura... Eraman egin al dizute lapurrek?»

      Gaileta zatiak poltsikotik atera, banan-banan eman zizkion, gero txerramak eskua lamizkatu zion.

      «Zintzoa, zu...»

      Kapazoan egur eta arbazta batzuk sartu, lizar adar bat erdibitu zuen aizkora txikiaz.

      Orduan izan zen: uretan plisti-plasta bat, amonak bista jaso, iturrian gizon txikia ikusi zuen; argi printza bat, hostoak eguzkitan barrezka.

      Gizon txikiak salto egin zuen bere belarriaren ertzera, bere ileekin pixka bat jolastu, xuxurlo bat, brixt! alde egin zuen eta atearen alboan azaldu; hotzak zegoela eta, dar-dar itxurak eginez.

      A, ze gaixtoa zen; eta, hargatik, hain jentila zen.

      Lepagainean, makilaren puntan, pardeltxoa zeraman; bazekien amonak ardien ileak eta guraizeak eta arratailkiak zeramatzala bertan.

      Amonak kapazoa jaso zuen...

      Bere aurretik egin zuen gizon txikiak etxera: txistuka, zirika-mirika, ezaxolaz bezala zebilen.

      Kafe urrina sukaldean... Metalezko potoan begiratu zuen amonak; hutsik zegoen; bihurri haiek, dena hartu zuten.

      Zapatilla bustiak erantzi, artilezko galtzerdiak eta katiuskak jantzi zituen amonak.

      Gizon txikia, sutondoan pardela laga eta, suko hautsetan zer edo zer bilatzen ari zen bere makilatxoarekin. Amonak kakoarekin emeki pixka bat eragin, sagar erreak atzeman zituen hautsaren azpian. Haiek apartatu eta, kartoi puxka bat, belar izpi batzuk, zenbait egur xehe... Sua piztu zuen.

      Aulkia jaso zuenean, gizon txikiak harrituta begiratu zion: bazeukan indarra, gero.

      Amonak irribarre egin zuen; ez zegoen, ez, oso bizkorra...

      Ate ondotik txerrama begira zuten.

      Gizon txikiak soinak jaso zituen: zer egingo zioten... Ez zegoen, ba, txerrikumerik. Egur batean jarri eta, sutara begira gelditu zen. Bere baitako pentsamenduak zerabilzkien. Triste ote zegoen? Non zeuden besteak?... Familia alai hura, airea bezain arina, beti gaixtakeriak egiteko prest.

      Ganbaran egiten zuten lo, hontzen lumez eginiko habian... Neguko gauetan, etxeko handiak lo zeudela jaitsi, sutondoan solasaldi luzeak izaten zituzten. Isil antza, aspaldiko kontuez aritzen ziren, tarteka marteka elkarren kontra igurtzikoak eginez. Berak, adi jarririk ere ez zien gauza asko konprenitzen: soinuak nahasiz, hitz errebesak erabiliz aritzen ziren...

      Urez bete eltzea, arto irin eskukada bat, belar zahar batzuk, patata batzuk jarri zituen egosten.

      Ez berarentzako: etxekoentzako; berak...

      Sutondoan kukuturik, pastillen kaja atera zuenean, gizon txikiak bista jaso zuen eta aurpegia zimur izugarriez bete zitzaion.

      Amonak kaja sutara bota eta, berriz ere txerramari begiratu zion.

      «Zatoz hona polit hori, esan zuen; bai, badakit... Umea eraman dizute... Lasai maitea, nik bilatuko dizut...»