Elurretan hotsak
Elurretan hotsak
2004, nobela
184 orrialde
84-95511-68-1
azala: Garbiņe Ubeda
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2002, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
Elurretan hotsak
2004, nobela
184 orrialde
84-95511-68-1
aurkibidea
 

 

2

LABE ZAHARRA

 

Pertsonaiak:

 

Tapax, txatarra-zalea.

Altuna, txatarreriako nagusia.

Saxo, kale painuelo saltzailea.

Indaba, burdin-hari enpresakoa.

Saki (Arbizu), preso bat.

Jonas, beste preso bat.

 

Izenik ez dakigun Neska bat, Gaston txatarreriako bezeroa (gero ere azalduko dena); kalean, Jone (Mikaelaren alaba), eta beste; Indabaren enpresan, kartzela aurrean eta barruan Jende gehiago, Poliziak, Funtzionarioak.

 

 

Sastraken artean haur batzuk, kuku hemen eta kuku han, oihu garrasiak eginez elur konbate batean lotuta zeuden.

      Espaloian bilduta, jertse koloretakoekin, larru txamarra xinpleekin jantzitako emakume aurpegi-luzeek etsi keinuak egiten zituzten. Gona luze pintarratuak zituen haietako batek hanken artean laranjez beteriko poltsa bat zeukan.

      Oinez zetorrela, haiengana heldu gabe, neska bat, hogei urte, banku batetik eskuaz elur pixka kendu, plastiko txiki bat ezarriz bertan jarri zen. Oso beltza ilea, txamarra ere beltza, lepoan bufanda gorriluna, lurrun laino bat askatzen zuen hatsaldi bakoitzean.

      Burdinazko hesiaren ondoan, eskuan lore sorta bat zuen andre ongijantzi bat neskatila bati begira zegoen. Sei edo zazpi urtekoa, hura, buruan lazoa eta botaxka gorribiziekin jantzia, jolasten ziren haurrengandik begiak kitatu gabe txokolatez estaliriko bollo bat jaten ari zen.

      Inguratu zitzaion neskatila hari bospasei urteko haur ijito ile-nahasi bat, egon ziren biak ala biak pixka batean jakinminez elkarri begira; bertatik bertara, elkarren hatz muturrekin jolastu ziren.

      «Gloria!» hots egin zuen andre ongijantziak. Neskatilak mutikoaren eskua utzi, egin zuen andreagana lasterka.

      Gona pintarratuko emakumeak laranja bat eskaini zion mutikoari. Eskukaldi batez retxazatu zuen mutikoak; laranjak lurrean pirrikan egin, elurretan zulo bat eginez han gelditu zen. Jaso zuen eskua emakumeak, eta mutikoa korri ihesi joan.

      Oihu egin zien emakume haietako batek garitako poliziei: haserre zegoen, denbora asko zeramatelako zain. Jakinminez begiratu zion, hesiaz bestaldetik, farola konpontzen ari zen preso bizardunak.

      Elur gesaletan soinu gozo bat eginez, kamioi bat heldu zen atarira. Haren albo batean: Chatarras Altuna, irakurri zuen neska ilebeltzak.

      Polizia bat atera zen garitatik.

 

 

Grua txikian Altuna, pulpoarekin txatarra puxkak meta batetik hartu, kontainerrean sartzen ari zen.

      Hankak elurretan erdi sarturik Gaston, bibote luzeak eta tripa biribila, eskuak galtza narrasetako poltsikoetan, puru txonkorra ezpainetan, burdin pila bati begira zegoen.

      Han eta han, batzuk elurrez erdi estaliak: metal kontainer txikiak eta handiak, plantxazarrak, errejak, tuberiak, bizikleten eskeletoak, elektrodomestikoen karkasak, kaja registradorak, fregaderoak, sukalde bateriak, jostailu porroskak, ferrallak, burdinak, aluminioak eta beste metal gutxi-asko herdoildu batzuk. Haratago, errenkan, batzuk elkar gainka, auto zaharrak, pneumatikoak, tuboeskapeak eta beste.

      Larruzko zamarradun ijito plantako gizaseme bik auto bateko motorrean zeukaten burua sartuta.

      Tailerraren ondoan, balantza gainean zegoen Tapaxen kamioia.

      Tapax bera: hortz-handi, begi-larri, eskuan giltza ingelesa, tailerretik irten, kamioira bezala zihoala, gizon tripatsuak, motor bati ostiko bat joz:

      «Honek ehuneko zortziren bat bai.»

      «Hamar bat ere.» Zalantza une bat, oraintxe zer edo zer gogoratuta bezala, berriz tailerrera egin zuen. Geroxeago, giltz ingelesa gabe eta aliketazarrak zekartzala itzuli zen.

      «Beste hau, zakurrari botatzeko.»

      «Bai; horrek ez dik gauza handirik edukiko, esan zuen Tapaxek. Hi: gaur zer da, hogeita zortzi?»

      «Holakoren bat.»

      «Ostia.»

      Altunak burua atera zuen kabinatik kanpo.

      «Tapax. Martutenera hoala... Yurretik deitu ditek, pasatzeko handik.»

      «Yurretik?»

      Pun! egin zuen gruaren ipurdiak. Tapaxek poltsikoak haztatu zituen; haietako batean giltza soinua adituz, Gastoni:

      «Bueno, ni banoak.»

      «Hoa, bai; horrekin entendituko nauk. Mantso ibili, aditu?!»

      «Baai.»

      Kamioian abiatu eta, aroztegi parean, Jone ikusi zuen: kokots-handia, dotore bere moduan, besapean karpeta zeramala, Tapax buru keinu eta irribarre batez saludatu zuen.

      Autobian elurrik ez eta, hala ere normalean baino trafiko gutxiago zegoen.

      Saxo ikusi zuen hurruna; semaforo batean, kleenexak saltzen ari zen.

      Urrun zen eta, Tapaxek klaxona jo zion. Saxok ikusi, kasu egin zion.

      Segidan Tapaxi semaforoa berde jarri zitzaion.

      Saxo zen hartan, berriz, semaforoa gorritzean, auto txuri bat muturrarekin bidea pixka bat oztopatzen zuela gelditu zen.

      Tapaxek primera sartu, aurrera egin zuen; Saxok, kleenex paketeak eskuan, bera despeditu eta, kaltzadara egin zuen; istant hartan auto txuriak, bere posizioa zuzendu beharrez, atzera egin zuen.

      Hots bat izan zen; auto txuriak bere atzeko erruedarekin Saxori oina zanpatu zion.

      Tapaxek frenatu eta bazterrera egin zuen. Meee eginez furgoneta batek aurreratu zuen.

      Bitartean, auto txuriko gibeleko atea ireki egin zen; Saxok, ordea, oina harrapatuta zeukan eta, ezin izan zuen ebitatu ateak buruan jo zezan.

      Tapax heldu zelarik, Saxo elurretan jesarria eta aurpegia odoletan zeukala zegoen. Kleenex paketeak barreiaturik, inguruan hiru gizaseme zituen: auto txurikoak ziren haiek, lan arropekin; haietako bat, Saxoren kleenexak erabiliz, burutik odola xukatzen ari zitzaion.

      Saxok ulu egiten zuen. Hankan zuela mina, hankan zuela mina.

      Noski atzeraka erortzean, esan zuen gizaseme haietako batek, krak bat izan zen, ezlokatua behar zuen, ez baldin bazen hautsi.

      «Te duele aquí?»

      Saxok garraxi egin zuen.

      Ospitalera eraman behar zutela. Hoztu gabe, batek esan zuen. Hotza behar zuela, zuzendu besteak.

      Tapaxek hitzerdi batzuk marruskatu zituen; bere painueloa atera zuen urduri, harekin buruko zauria buxatu zion lagunari; laster gorritu zen hura.

      Gizon haietako batek elur eskukada bat jarri zion buruan. Beste bat trapu batekin orkatila nolabait lotzen hasi zitzaion. Saxok, orain begiak itxi-itxi egin, orain zerura begira ikaragarri zabaltzen zituen. Gero negar batean hasi zen. Gelditu zen emakume bati:

      «Hementxe nintzen, beti bezala nire kleenexak saltzen ari nintzen eta...»

      Mokor-mokorra, auto txurira sartzen hasi ziren.

      «Es... espera», esan zuen Tapaxek; «tengo ahí el camión...»

      «Tranki! Ya le llevamos nosotros a la resi...»

      «Tapax!» hots egin zuen auto barrutik Saxok, «afaria zor didaala, ez zaukaat ahaztua... Ai!... Otx!»

      Semaforoa gorrian, mobilette bat eskibatuz abiatu ziren. Eskuan painuelo gorria zuela, bakarrik gelditu zen Tapax.

 

 

Airean zegoela heldu zen Yurrera. Barrenera egin, mostradorean mutil potolo bat monoz jantzitako tipo bat atenditzen ari zen.

      «Badituzu hauek eta, gero txiki hauek ere, dos con siete por veinticincokoak...»

      Atzeko biltegian, bistarekin bilatu zuen Indaba; hura ez ikusten eta, kableak kajetan moldatzen ari zen enplegatu ganbelu bati:

      «Hi: lababoa?»

      Arraro begiratu besteak; ate bat erakutsi zion.

      Tripak arinago eta sudur puntatik ur ttantta zeriola atera zen handik. Enplegatu berari:

      «Hi: txatarreriakoa nauk. Atzean izango duk igual...»

      «E? A. Bai, atzera joan hadi.»

      Kamioian heldu zen hara. Handik, barruan berehala Indaba ikusi zuen. Beste mutil batekin, bobina batean punta espinazko haria biltzen ari zen. Hark ere ikusi zuen Tapax eta, beragana etorriz:

      «Zer dugu Tapax: berriz hona aldean?»

      «Bai. Gu, badakik: bidaltzen gaituzten hartara... Hi ere betiko martxan.»

      «Hementxe. Jubilazioa preparatzen.»

      «Baai; emango digutenerako...»

      «Zer edo zer tokatuko duk... Horiek dituk eramateko.»

      «Hola, hola: dena txukun-txukun jarrita.»

      «Ez duk asko baina, hori etorri duk. Eta: non habil edo...? Kalean ez haut aspaldian ikusi.»

      «Patal ibili nauk eta... Lehengo astean eta aurrekoan bajan egon nauk.»

      «Ez esan. Zer...»

      «Betikoa...»

      «A; hortik.»

      «Bai; hemendik... Motel, orain ere gutxi egin dik ez baitit bihotzekoak eman: istripu bat ikusi diat hor...»

      «A, bai: kamioi bat kruzatu duk edo...»

      «Eeez; ez diat nik kamioirik ikusi. Zera, Loiolako semaforoan... Ezagutuko duk, gainera: Saxo, Larramendikoa; nola duk? Guk Saxo esaten zioagu... Kasiren semea.»

      «Kasi... Kasi-kasi?»

      «Zera!: Kasilda. Segunen andrea.»

      «Segun... Segundo?»

      «Ez: Segun-da: 'Segun-da nolakoa deken,' 'segun hau,' 'segun hura,' ari duk eta beti.»

      «A! Jexux Mari: igeltseroa; begi-txatxu hori; lehenago Milarekin ibiltzen zena...»

      «Hoori duk: Jexux Mari; guretzako, Saxo... Hor, Loiolako semaforo horretan, orain bera paperezko painueloak edo saltzen hor egoten duk eta... A ze sustoa eman didana! Ni ikusi eta kasu egiteko itzuli zaidak eta, kotxe batek hura ikusi gabe, jo eta hanka harrapatu ziok! Eta, Saxok egin dik atzera erori eta, orkatila edo berna hezurren bat hautsi ez bazaio... Egon. Eta, kotxe horretan, atzeko asientoan bazetorrean beste tipo bat eta, hark hau erori dela ikusi duenean zer egin du eta, atea zabaldu dik eta, orduantxe Saxo jaikitzen ari zuan eta, besteak atearekin buruan jo ziok; odola mara-mara... Krixton panorama!»

      «Jesus!... Horrek ere, puxka baterako baja.»

      «Baja edo... Residentziara eraman ditek.»

      «Indaba! Honek zenbat metro?» hots egin zuen tailerretik lankideak.

      «Besteak bezala! Motel, motel... Ba, holako beste kasu bat aditu diat nik orain dela gutxi... Londresen uste diat izan dela. Mutiko bat, auto atzean eta noski atea ondo itxi gabe eta zinturoia jarri gabe omen zihoaan eta, bere amak bolantea jiratzean jo-ta autotik erori omen zuan.»

      «Karajo hori ere!»

      «Kontua duk, ez zakiat nolaz izan zen baina, gero amak maniobraren bat egin behar izan zian eta, semeari lepoa erruedapean hartu omen zioan!» Tapax mutu eta koloregabe geratu zen, eta: «Bueno... Horiek jasoko ditiagu edo...»

      «Bai, bai; jasoko ditiagu.» Korreak ateratzen hasi zen eta:

      «Nora hoa? Eskuz hobeto motel; kilo asko ez dituk eta... Guanterik ba al duk?»

      Tapaxek kabinatik hartuta eskuetakoak jantzi zituen eta, bien artean hari herdoilduzko rolloak gabarrera bota zituzten.

      «Santiomenditik ekarri ditiate, esan zuen Indabak; gerra baino lehenagokoak, hi. Ikusten? Bi punta, bi punta. Orain ez duk holakorik erabiltzen.»

      «Joder! Hauek ez dituk ibiliko, gainerantzean, joan hona, joan hara, bazterrak alanbrespinoarekin josita zaudek!»

      «Bai motel. Gurean hala ere, lana bazagok; saltzen den neurrian pagatuz gero... Ni behintzat, hilaren hogeirako...» Luzaturiko hatz erakuslearen eta erdikoaren artean atzeman zuen sudurra, tira egin, balizko mukiak lurrera botatzekoa egin zuen. «Hauek, utziz gero, aurki larrua ere kenduko zigutek.»

      «Baai... Oraintxe esan duk... Zuek huelga egin behar al duzue?»

      «Ez, metalean duk huelga, gu komertzio metala gaituk.»

      «Zer da hori?»

      «Ez zakiat. Patroiak esan duena.»

      «Ostia; hark zer esango du, ba?»

      «Ez zakiat; zer edo zer izango duk.»

      Burdin-hariak kargatuta, tabako paketea atera zuen Indabak, Tapaxi eskaini zion.

      «Ez. Utzi egin zioat.»

      «Ondo egin duk. Nik ere utzi egin beharko nikek baina, aide! Orain zer, herrira?»

      «Ez; zerera joan behar diat... Martutenera; kartzelara, alegia.»

      «Kartzelara? Zer galdu zaik han?»

      «Labe zaharren bat edo...»

      «Joder. Zelako kontaktuak.»

      «Nagusia; badakik. Ostia, hi. Ez duk ba ahaztekoa baina, Saxoren mobida horrekin... Zer ordu duk? Hirurak eta laurden... Uste diat lauretan gelditu naizela... Denbora zaukaat. Ba, atzo ere... Amak goizean esan zidaan, drogerian krema bat erosteko; arratsaldean, joan nauk drogeriara eta...»

      «Indaba! Etorri hadi momentu batean...»

      «Zer duk? Oraintxe noak. Eta...?»

      «Ba, zera, joan nauk drogeriara eta, barruan nagoela... Ostia, hi: 'Zertara etorri naiz?' Banekian, drogeriara behar nuela, baina zer erosi behar nuen, seko ahaztuta nengoan. Emakumeak: 'Zer nahi duzu?' Eta nik: 'Ez, begira nago...' Goitik behera eta alderik alde hasi nauk apalak begiratzen, halako batean han ikusi diat: Kremazit. 'Hori, hori nahi dut'...»

      «Hi haiz elementua... Bueno, hi, joan beharra zaukaat...»

      «Baai. Egongo gaituk.»

      Poliki-poliki heldu zen errepidera. Hantxe kruzean, stopean zain halabeharrean, sor-sor egon zen izkinako pasteleriari begira; hango bonba goxoak... Bat-batean, taka! berriz ere, arrebaren eguna zela gogoratu zitzaion, gauean harenean afaldu behar zuela. Pasteleria orain itxita zegoen, gero bueltan...

 

 

«Tienes el carné caducado.» Poliziak paperak itzuli zizkion.

      «No jodas,» laño-laño, Tapaxek.

      «Cómo que no joda...» Begi keinu arraro bat egin zuen poliziak. «Venga, pasa. Espera; para ahí.»

      Tapaxek kamioia poliki abantzatu zuen. Bere atzean hots batzuk aditu zituen, emakume batek barrura egiteko aprobetxatu nahi izan zuen abagunea, tirabira bat izan zuen hesia ixten ari zen poliziarekin. Elur bola batek jo zuen aldameneko kristala. Garita ondoan geratu zuen kamioia.

      «Gitanos...» marmarkatzen ari zen polizia. Kabinara igo antza egin zuen eta, begia bizarroki kiñatuz: «¿Qué llevas ahí?»

      «Ahí... Un paraguas... unas patatas... unos eslabones...»

      Non zer ikusi egin zuen poliziak, begiak ezertan ipini gabe; gero gabarrako koxkan bota jarri, erremolke barnea miratu zuen. Garitatik polizia argal batek, beraiei begira, ahoa zabaldu zuen. Haren atzeko kontrol pantaila batean, tipo bizardun bat ikusten zen, farola batetik eskegita zegoela.

      «Adelante.»

      Langa bat ireki zen, etxape batetik barrena patio batera iritsi zen Tapax.

      Han inor ez zen ageri eta, pixka bat alde batera geldituz, kabinatik jaitsi zen. Zuhaitz biluzi batean txori papagorri hegabeltx bat xaltoka ari zen. Eraikin txikiaren aurrean, funtzionario batek mutil koxkor bati goxoki bat eskaini eta trukean musua eskatu zion.

      «Usted.»

      Mutil koxkorrak goxokia hartu eta brixt! etxe barrura ezkutatu zen.

      «Oiga...»

      Tapax itzuli egin zen.

      «Es a mí?»

      «A quién si no.»

      «A; como has dicho 'usted'...»

      «Hm. Qué vienes, por el horno? Sígueme.»

      «La factura...»

      «Luego, luego.»

      Funtzionarioak errejazko ate bat igaroarazi, sala huts batean barrena, pasillo batean itxoiteko esan, giltzarekin ate bat ireki zuen. Handik tiro batzuk, ugh! baten bat hiltzen ari zen telebistako hotsa etorri zitzaion. Pasilloan gelditu zen Tapax atea itxitakoan.

      Bertan haraxeago, berari zorrotz begira kapelaño batez jantzitako tipo bizartxuri bat zegoen. Tapaxek «hola» esan eta, hark burua pixka bat makurtuz agurtu zuelarik, Tapaxek ere, begirunez, burua makurtu zuen.

      Tipo haren paretsuan, aulki batean jarrita, burua bufanda handi batean erdi bilduta, eskua matrailean, ijito gazte batek begiratzen zion uzkur. Hari ere makurtu zion burua begirunez Tapaxek; imintzio txiki bat egin zion hark.

      Ate txiki bat ireki zen, burua granoz beteta zeukan mutil bat atera zen, bertara egin zuen bizar txurikoak.

      Mobilak jo zuen une hartan. Tapaxek poltsikoak haztatu, telefonoa batetik atera, eta:

      «Bai? Bai?...» Ez zuen ezer aditzen. «Ze arraio...» Arranguraturik begiratu zion mobilari, tekla bat sakatu zuen, belarriratu zuen, beste tekla bat sakatu zuen.

      «Zu... txertatzera al zatoz?»

      Bizarduna sartu zen hartatik, bata txuriz jantziriko emakume begi-argi, gerri-lodi bat ari zitzaion.

      «Ez, ez; ni ez naiz hemengoa.»

      Ahoa okertu zuen emakumeak, atea itxi zuen. Puxka batean segitu zuen Tapaxek mobilari beha. Ijitoak min aurpegi arranoz begiratzen zion. Tapaxek ere min irudia egin zuen, eskua kokotsera eramanik:

      «La muela?»

      «Mmm.»

      «Es jodido, sí. A mí el año pasado me quitaron una.»

      Larri keinu bat egin zuen mutilak.

      «Duele?» marruskatu zuen.

      «Doler? No mucho. Te ponen una inyección, luego con unas tenazas pequeñas...» Zegokion esku imintzioez lagundu zuen esana; alta, mutila estuasunean zela ikusiz: «Lo mejor es prevenir. Para prevenir, lo mejor es masticar trozos de pan duro.»

      Hartan agertu zen funtzionarioa, «vamos,» esan zuen. Irten ziren patiora, gero, hura oinez eta Tapax hari segika kamioian, izkina batetik hara, andamio batzuen azpitik, malda txiki bat behera, kartzela bazterreko eremu batera iritsi ziren.

      Elurrez pintakatuta, zakar eta traste pila zegoen: enkofratzeko oholak, isolatzeko plantxak, sofa hondatu eta aulki kojo ipurdibako batzuk, edotariko egurrak, mailu elektriko bat, kartoiak, oihalak... Futbolin zahar bat ere bazegoen, eta hantxe, alde batera botata, burdina kolatuzko labea.

      «Ahí lo tienes. Arbizu! Jonas!» Hormazarraren kontra, espumazko koltxoiak pilatzen ari ziren bi mutili. «A ver, una mano aquí!... Ya te ayudan éstos. Bueno. Luego pásate por la oficina.»

      «Vale...»

      Bazihoan hura, Tapax korreak labe gainean hedatzen ari zela, bazetozen Arbizu eta Jonas geldi-geldi; publizitatezko bisera eta zamarra koloretsu batekin Arbizu, Tapax begira gelditu zitzaion.

      «Apa,» saludatu zuen.

      «Iepa... Euskalduna al haiz?»

      «Baai.»

      «Hola, hola; eutsi arrazari.»

      Jonas mantso zetorren; kaskamotzean zakar luze bat, beroki beltz luze batekin jantzita zegoen.

      Tapax beti begira eta, Arbizuk, betosko:

      «Zer daukat: tximinoak aurpegian?»

      «Ez. Hi ez al haiz... Saki?»

      «Bai. Hi...»

      «Ni, Tapax... Andoaingoa; Ormazabal.»

      «Hi Ormazabal al haiz? Horixe, anaia gazteena! Tapax, hori duk... Arrebaren igual-iguala gainera.»

      «Jooder. Hemen al hago?»

      «Hemen naukatek... aurki sei hilabete. Joder, Josune. Non ote dabil?»

      «Amaran, betiko moduan...»

      «Hor al dago oraindik? La ostia... Eskuminak eman.» Jonasi: «Honen arreba: Josune; perla bat.»

      «Josune... me suena, esan zuen Jonasek. Joan al da hori?»

      «Tranki.»

      Gorde samarrean piztu zuen Jonasek porru mutxikina.

      «Hortaz hi, kamioiarekin habil...»

      «Hemendik hara; mandatuak egiten... Hik ere kamioia huen, ala?»

      «Bai. Import, export.»

      «Import! esan zuen Jonasek; hor dago ba koxka...»

      «Motel, motel..., esan zuen Sakik. Gaur gogoratu nauk herriarekin. Ederra egongo zuan, ba.»

      «Baai; ederra... Erreka bazterrak zuri-zuri, kaleak ere elurrak hartuta, emakumeak katiuskak jantzita eta haurrak plastikoekin maldan... Fabrikak ere asko itxi egin behar izan ditek, argiak joan dituk eta...»

      «Hemen ere, esan zuen Jonasek, apagoia izan da eta bisitak kendu dituzte, putakume horiek.»

      «Pasaldeko mutila, segitu zuen Tapaxek, Motxo gorria lerarekin ibili duk esnea partitzen, eta... Usarralden basurdea ikusi omen dik Estonbako Ezekielek!»

      Aho zabalik Jonas, Sakik, hari mutxikinaren mutxikina hartu eta, labe ertzearen kontra ipurdia jarrita, etsi antzean:

      «Eta gu hemen...»

      «La ostia... Ba al dakik orain zein ikusi dudan?... Saxo, ezagutuko duk... Jexux Mari; horixe bai: Kasildaren-eta semea... Larramendikoa... Ez ala? Igual ziok. Ba, hona nentorrela, hortxe, Loiolako semaforoan kotxe batek hanka harrapatu ziok. Gelditu zaiok hanka erruedapean eta, sustoarekin atzera erori duk eta, krak! orkatila hautsi zaiok. Gero, lurrean zela, kotxeko atea ireki duk eta, tanka! kopetakoa ere...» Painueloaren punta sakelatik ateraz: «Honekin garbitu zioat...»

      «Hori izaten da, esan zuen Jonasek, peatonak denbora gutxi duelako kruzatzeko kalea... Como media, semaforo berdearekin peatonak segundoko metro bat egin behar du.»

      «Hi. Hori mobila duk, ala?» galdetu zuen Sakik.

      «Bai...»

      «Utzidak momentu batean.»

      Tapaxek atera zuen, emateko horretan:

      «Ez zaukak bateriarik e... Ondo ez zabilek behintzat; uste diat bateriarena dela.»

      «A, a. Jaso, jaso.»

      «Material pixka bat edo... zerbait ekarri duzu?» galdetu zuen Jonasek.

      «Eez; holakorik ez.»

      «Hi! esan zuen Sakik; hau herrikoa duk; hau legala duk...» Beti Jonasi: «Hi: ba al dakik goizean Felipek zer esan didan? Atzo ez dakit non, kontrol batean mobiletik hitz egiten ari zela tipo bat detenitu zutela. Irratian aditu dik berak.»

      «Mobilarekin ari zelako?» galdetu zuen Tapaxek.

      «Mobilarekin ari zelako. Gainera gelditu eta, zera, besobakarra omen zuan.»

      «Jooder.»

      «Bai. Krixton atxurrarekin omen zebilean. Istripu batean galdu omen zian beste besoa.»

      «Oraintxe nator,» esan zuen Jonasek, eskua galtzen irriskora eramanez.

      Hura hankak herrestan bazterrera zihoala, hargatixe, Sakik:

      «Juizio zain, urtebete, hi. Lehengoan juizioa atera eta, zera, juizio erdian abokatua lokartu, hi: burua kanka, kanka, lo gelditzen ari omen zuan eta, honek jotzen omen zioan ukondoarekin saihetsean, zera, azkenean abokatuak besoak kruza-kruza egin eta mahai gainean seko lo gelditu zuan.»

      «Eta, zer pasatu zen?»

      «Ezer ez; juizioa suspenditu zitean.»

      Jonas zetorrela, entzun zuten trenaren hotsa; plantatuta gelditu zen Jonas.

      «Aditu, esan zuen; kotxeak daramazki horrek.»

      «Bai, e?... esan zuen Tapaxek. Hotsa hala da, bai.»

      «Renault Clio; Valladolidetik... Trenaren ondokoa naiz eta, beti trenean ibili gainera.» Hatz biko imintzioz Sakiri zigarroa eskatu zion. «Egun batean Renferi ederra sakatu nion.»

      «Bai? galdetu zuen Sakik; zer egin hion, ba?»

      «Zera. Joan eta etorriko billetea atera nuen, joan nintzen, gero ez nintzen etorri; que se jodan.» Zigarroak piztu, eta: «Behin, esan zuen, apeaderoan, trena galtzen ari nintzen eta... Krixton blankazoarekin, hi: bankuan lo gelditu nintzen. Eta, han nengoela, erlojua kendu zidan putakume batek. Swatch bat, hi, lehengo modeloetakoa; acero inoxidable; burdina ez, acero inoxidable.»

      «Ya, ya. Joder, tragu bat hartzeko krixton gogoa zaukaat.»

      «Gero esnatu nintzen, trenbidean buru bat ikusi nuen. Komoaidios, bi burdinen artean buru bat... Etorri ziren cipayo batzuk...»

      «Nik Puerton, esan zuen Sakik, tipo bat ezagutu nian... Arrantzale bat. Itsasoan zegoela zerarekin, matxetearekin taka! moztu zian eskua. Lurretik bostehun miliatara zeudean. Lagunek beso muturra lotu eta moztutako eskua kaja batean, izotzetan atunen artean sartu zitean. Eta, zera, gero ospitalean, eskua josi-josi egin eta bere tokian jarri ziotean.»

      «Jooder hori ere.»

      «Bai motel; orain edozein puxka jartzen ditek.»

      «Burua ez, esan zuen Jonasek; nik ikusi nuen buru hura behintzat ez.»

      «Burua ez, onartu zuen Sakik, gainerantzean... Emakumeek egiten ditek asko: kendu sudurra, jarri bularra... Gaur egun handia omen duk bularren komertzioa. Badituk handiak, badituk txikiak... Bular handiekin, kontuz ibili behar duk. Tipo bati baino gehiagori gertatu zaiok, emakume bulartsu batekin topo egin eta bizitza erabat aldatzea.»

      Jonasek disgusto keinu bat egin zuen.

      «Hi. Bokia mira-mira dago...»

      Sakik zigarroari zupako bat eman, jaiki zen emeki; Tapax korreak tinkatzen hasi zen:

      «Palankaren bat hor...»

      Hantxe berean, burdina zahar bat atzeman zuen Sakik.

      «Ni ailegatu nintzenean, esan zuen Jonasek, labe hau sukaldean zegoen. Egun batean molleja batzuk erre nituen plantxa horretan nik. Etorri zen Bujanda, 'quién ha preparado estas mollejas?' 'Yo.' 'Tú? Muy buenas, tú. Te quedas en la cocina,' esan zidan. Su puta madre... Molleja haiengatik, hi.»

      «Liburutokiak.»

      «Ee?»

      «Molleja: liburutokia esaten duk.»

      «Hi, hi. Adarrik ez jo.»

      «Aber korrea hori,» esan zuen Tapaxek.

      Korrea bat ongi, bestea sartzeko labea palankarekin altxatu zuten.

      «Forjatua, esan zuen Jonasek, peligrosoa da; segituan rajatu edo nola esaten da? eta, ihes egiten du oxido karbonoak.»

      «Pitzadura horiek, esan zuen Sasik, lija latzarekin ondo-ondo arraspatu eta, zepa eta gatzarekin pasta bat eginda primeran tapatzen dituk. Hortxe. Hortxe. Tirazak gora.»

      Bi lagunak pixka bat apartatu ziren Tapaxek plumarekin labea jaso zuenean.

      Istant hartan, tik, ireki, eta tak, itxi zen labeko atea, barruan oinetako bat, ondo ikusi al zuen?

      «Eraman itzak kable hauek ere!» oihu egin zuen Sakik.

      Labea gabarran okerrera laga, eta:

      «Ee? Bai? Komeni ote da?»

      «Komeniko ez duk. Deseatzen zaudek txatarra hauek kentzeko paretik.» Kableak erremolkera bota eta: «Kobrea, hi. Zenbatean dago orain?»

      Lurrera salto eginda, Tapaxek:

      «Euro hamar, euro hamabost, hor ibiltzen duk... Bueno, hi. 'Egongo gaituk' ez zakiat esatea dagoen, baina...»

      Palanka ere bota zuen gabarrara Sakik.

      «Etorri nahi duanean...» Tapaxek duda txiki bat egin zuen, gero kabinara igo zen, atzera Sakik: «Ahaztu gabe, Josuneri eskuminak eman eta... Deporreko Joxemiri ere, ikusten baduk, emaiok koskorreko bat... Nire partetik!»

 

 

Poliziak begi klik arraro bat eginda kableak jaso eta, labeko ate handia ahal zuen apurrean irekiz barrua begiratu zuen...

      Errepidera irteteko horretan, eskuin-ezker begira zegoela neska batek kopilotuaren atea ireki zion.

      «Nora zoaz?»

      «Ee? Andoainera.»

      «Ni ere hara noa ba; eramango nauzu?»

      «Zer ba? harrituta, Tapax. E? Tira, igo, igo...»

      Jesarlekutik paperak jaso eta aterkia atzera bota zuen.

      «Trastez beteta daukat...»

      Ez zuen ezer esan neskak. Abiatu ziren, Tapax aztoratuta zegoen.

      «Ederra gelditu da!»

      «E...?»

      «Eguna: ederra!...»

      «A! Bai...»

      Beste isilaldi bat.

      «Trafiko honekin...»

      Neska beti isilik, Tapax sor-sor, aurrera begira. Haren urrina aditu zuen, disimuluan izterrak ikusi zizkion.

      Kruzera ailegatzean, semaforo gorria: hargatik ikusi zuen pasteleria irekita zegoela.

      «Aizu. Ez bazaizu inporta, pasta batzuk erosi behar ditut eta...»

      «E? A! Bale, bale...»

      Tapaxek errepide bazterrean kamioia nolabait utzi eta, arin-arin pasteleriara sartzera zihoala, ate automatikoa ikusi ez eta, kasik muturrekoa hartu zuen.

      Barruan baziren beste bi bezero; Tapaxek zeuzkan diruak kontatu zituen, pasta eta pastelei begira dudaldia izan zuen... Ohartzerako, emakumea begira zeukan.

      «Jarrizkidazu pasta horietako batzuk.»

      «Zenbat jarriko dizkizut?»

      «Ba, ez dakit... Kaja bat edo...»

      «Zer moduz kaja hau?»

      Irteterakoan, kanpoan, bi emakume txiki-txiki: oso puestoak, auskalo zein adinetakoak, beren artean konplizitatez irribarre egin eta berari begira zeuden. Kale bat harago etorkin bat biolina jotzen ari zen.

      Kabinan sartu, han neskarik ez zen. Non ote...? Batera bestera begiratu zuen. Baldin ez bazuen... Ez noski: itxuraz behintzat ez zen ezer falta, giltzak ere bere tokian jarrita zeuden.

      Plazara begiratu zuen. Han ere neskaren seinalerik ez. Iturriaren erdian harrizko txakur batek ura ematen zuen ahotik.

      Urrin gozo bat lagata joan zen...

      Brrrm!