Elurretan hotsak
Elurretan hotsak
2004, nobela
184 orrialde
84-95511-68-1
azala: Garbiņe Ubeda
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2002, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
Elurretan hotsak
2004, nobela
184 orrialde
84-95511-68-1
aurkibidea
 

 

1

METALA

 

 

Pertsonaiak:

 

Mandi, pareta egilea.

Jabi, bere konpañeroa.

Pikuta, eskobazalea.

Kako, pasteleroa.

Yago, bajan istripuagatik.

Axpe, Goiherriko enpresa batekoa.

Joxemari, Unbakoa.

Iñaki, Unbako enkargatua.

Josetxo (Piperra), Unbako nagusia.

Naia, tabernari gaztea.

Laxaro, aseguru saltzailea.

Ane, banatzailea.

Bela, pobre bat.

Garro, zabor-biltzaile bat.

 

Motxo esnezalea, une batez Tapax, bi Bulgariar, Hesi paratzaileak, Unbako Manu, Gari, Luzio; poligonoko Langileak, Jendea kalean.

 

 

«Goiz-goizetik zaudek argi gabe hauek!»

      Masailak gorrituak, zabor eskorga kale erdian plantatu zuen Pikutak, behin eta berriz eta gogotik elurra zanpatu zuen.

      Adreilu metaren ondoan Jabi, makurtuta, begi bat itxi eta bestearekin paretaren zuzentasuna konprobatzen ari zen.

      Haren alboan Mandi moko-meharrak, gorro beltza buruan, hormigoneraren azpitik pale hautsi bat atera eta egur pilara botaz, zigarroa eskuan, samin antza, begi bizi:

      «Arrebarenean ere bai eta me caguen dios, konjeladorea zizez beteta zaukaat!» Zigarro mutxikina apuratu zuen. «Etxera joango nauk, igual.»

      «Ya! Zuek ere alperrik.»

      «Pareta ostia hau. Gaurko bukatu behar zela. Astelehenean pintoreek etorri behar dutela eta, gaurko bukatu behar zela.»

      «Hi: hau oker-okerra zagok,» esan zuen Jabik.

      «Joiok mailuarekin, zuzenduko duk,» esan zuen Pikutak.

      «Atzo goizean, segitu zuen Mandik, gosaltzeko garaian, nagusia etorri duk eta: 'Lasaai!' Jarri diagu eguerdi bitartean ladrillo ilara bat, honek bazian apuro pixka bat, bazkalondoan berriz etorri duk nagusia, eta: 'Ari al zarete, ari al zarete?' 'Ari gara, ari gara.' 'Ondo ari zarete, ondo ari zarete.' Gero, iluntzean, presaka etorri duk, eta: 'Biharko behar dik'.»

      «Ba, gaurko ezingo dik, esan zuen Jabik; ez badugu masa pasteran egiten... Regla ere, berak eraman zian atzo.»

      «Gaur gainera, masa emateko gaizki, esan zuen Mandik; printzatu egingo baita.»

      Gozotegi-labetik, laneko arropaz, Kako luzea atera zen; buruaz kasu egin, eskuak igurtzi, irribarre egin zien.

      «Zer. Su festa dugu?»

      «Hombre. Zuek ere, festa.»

      «Labe zaharrean ari gaituk. Anton zaharrak ez dik galdu nahi eguna.»

      «Galdu? Me caguen dios. Galduko nikek.»

      Jabi sua pizteko lanetan, Mandi, eskuak sakeletan, petral antza zegoen.

      «Aberia ostia hau... Martxa honetan, galduko dituk, galduko direnez, nire pago zizak.»

      «Seietan deitu omen ditek konpainiara, esan zuen Kakok; nonbait ezin helduz zabiltzak horiek.»

      «Hori, esan zuen Pikutak, horko koadroren batekoa izango duk igual.»

      «Ez diat uste, esan zuen Kakok. Koadro horretan Lete ibili duk polimetroarekin eta, hor ez duk indarrik behinik behin.»

      «Hori jenerala duk, esan zuen Mandik; hori, hango kaxetan igual... Hor atzean, Iberdrolak bazian, ba, kaxeta lehenago.»

      «Hik jakingo duk: hi ez al hintzen haiekin ibili...?»

      «Bai. Hori kaxetan edo, hor nonbait kable eroriren bat...»

      «Zera. Kableak lurpetik joango dituk hor.»

      «Ez: hor poste zaharrak gelditu dituk...» Jabiri: «Hi: joango al gara bistazo bat ematera?»

      Jabik, egur puxka bat sutara botaz:

      «Ni ez behintzat; joan nahi baduk hi.»

      «Igual bai, e...» Eskuak sakeletan beti, harakoa egin zuen Mandik. «Ti-ta: oraintxe natorrek.»

      «Eskutsik al hoa?»

      «Zer den ere... Ikusiko diat!»

      «Hi. Galdu gabe, aditzen!»

      «Lasai. Horraxe; joan eta etorri.»

      Jabik poltsatik fianbrera atera zuen eta, Mandiri Pikutak:

      «Hi! Hirea ere jango dik honek!»

      Sagar txiki bat atera zuen sakelatik Mandik, argi pindarra begietan, irribarre luze batez, hura gora bota, aire joko bat egin zuen.

      «Horrekin ez haiz urrutira joango!... Hau duk azienda, hau.»

      Elurrez elur, patxada onean bazihoala Mandi, kantoi batetik, besoa igeltsuan bilduta, musu-belarriak ilun, Yago azaldu zen.

      «Nora doa hori?» galdetu zuen, zakar antza.

      «Perretxikotara!»

      Zahatoa ere atera zuen Jabik.

      «Aupa hi.» Pikutak heldu zion aurrena.

      «Zer esan didate, gauean lapurrak ibili direla edo...»

      «Bai, esan zuen Kakok; Jasan sartu omen dituk, eta kajan ziren diruak eraman. Kristalerian ere sartu omen dituk, eta dena txikituta utzi.»

      Jabik besaurrea seinalatu zuen.

      «Zera, esan zuen Kakok; hori farlopa, nik uste.» Isilaldi txiki baten ondotik:

      «Farlopa, esan zuen Pikutak, mozkin ederrekoa duk; kolpe batean, lau bost kilo ekarri, bizimodu ederra.»

      «Kantidade hori, esan zuen Kakok, poliziek ez dakitela kolokatzea, ez duk oso erraza izango.»

      «Dagoen prezioan, konforme nengokek kilo batekin. Zer? Zazpi kilo, bai.»

      «Ba, ba,» esan zuen Yagok; isilune baten ondotik, suari begira: «Nik beti esan izan diat, bankua askoz egokiagoa dela.»

      «Zera, esan zuen Pikutak; minutu pare batean, han dituk txapelekoak eta.»

      «Horixe ez. Fulgenciok bere emazteari lepoa moztu zionean bi ordu pasata azaldu zituan... Bentaja batekin: gaur egun, betiko atrako bat, inork ez dik espero.»

      Jabik tragua jo zuen eta:

      «Denetan, nik uste, gaur egun bahitzea, modukoena duk. Sarritan, alaba biolatzeko mehatxuarekin aski izaten duk, irekitzeko poltsa.»

      Yagok, zigarroa pizteko, sutatik egur bat hartu zuen, bueltan Jabiri abantxu gorroa kixkali zion.

      «Hi, kaskoa erre gabe niri... Beso sano horrekin nondik nora hoa?»

      «Egin zioat Josetxori bisita... La ostia; kontentu zagok hori ere. Jeneradorearekin ari dituk eta, nonbait materiala falta, hortik pasa naizenean, 'hola jasoko diagu Euskadi, hola!' esan eta, gero baten baten ama zerbait kakaztua utzi dik.»

      Pikutak, eskorgari helduz:

      «Bueno mutilak. Zerbait bizkortu nauk eta, banoak hemendik.»

      «Baduk gaur elurra kentzen hik ere lana...»

      «Kendu? Ederra zagok.»

      Eskorgari bultz, abiatu egin zen geldi-geldia. Istant hartan, zerua argi arrosa batez piztu, mendi mazelan hiru-lau baserri agertu ziren. Honaxeago, lurrun moltso zuriak isurtzen zituen fabrika batek.

 

 

«Kateak jarri gabe nora hoa hi!»

      «Gabon!» esan zuen Pikutak.

      Bi lagun ziren Unba kanpoan: Joxemari handia eta Manu musuokerra; palak zituztela, eskuak gorri-gorri; Joxemarik Manuri begia kiñatu eta:

      «Etorri gurekin, Pikuta, eta esaizkiguk nexken ixtorio batzuk.»

      «Neskak ezkutatu dituk, mutilak, aurki otsoak ditiagu hemen!» Eskorga elur pilaren kontra utziz: «Zer dugu, jai?»

      «Jai?...»

      Barruan kolpe batzuk aditu ziren.

      «Ekatzak polea, alperretxe horrek!»

      Belarritako kaskoak jarrita, tipo bat pasatu zen.

      «Hor baten bat umoreko zagok,» esan zuen Pikutak.

      «Izorra dadila, esan zuen Joxemarik. Suerte pixka batekin bihar arte lanik ez.»

      «He! Horrek zer edo zer asmatuko dik. Hor al dago bera?»

      «Ofizinan duk, Hungriako edo, tipo batzuekin.»

      «Bulgariakoak, esan zuen Manuk; tipo horiek, Bulgariakoak dituk.»

      «Igual ziok, ijitoen erregearen semeak baldin badira ere, Piperrak ederra sakatuko ziek. Putakumea, orain ere zer edo zer makinatzen arituko duk.»

      Hartan Iñaki azaldu zen atarian.

      «Teeen-te!» esan zuen Joxemarik, burla airean hortz makur saila erakutsiz.

      «Ostia, hi. Manu, tornua zain daukak.»

      «Hi, esan zuen Joxemarik, Piperrak elurra kentzeko esan ziguk guri.»

      «Ikusten diat, bai...» Manuri: «Plantxa noiz atera behar duk?»

      «Orain ez behintzat; kenduz gero orain, krak egingo dik.»

      «Bitartean, soldea ezak hanka.»

      «Guanteak ekarri behar dituk hik, guanteak,» esan zuen Joxemarik lepagogor.

      «Hik hirea; eta hi, lijero barrura,» esan eta, barrura egin zuen Iñakik.

      «Kasu, muturra hautsi gabe,» esan zuen Manuk isilka, pala nonon utziz.

      «Eta, sar ezak gibelekotik hamarreko broka,» Joxemarik; listua bota zuen elurretara, eta: «Guanteak eskatu nizkiola, hilabete abantxu. Caguen dios! Nik ere bazaukaat nire pazientzia.»

      «Guanteak eta letxeak, esan zuen Manuk; nik ez diat ibiltzen.»

      «Hik matematika jakingo duk baina, egunen batean esku bat errerik lagako duk hor... Ibili hadi guanterik gabe... Txiribiriak eskuz hartu behar dituk eta.»

      «Zer dago, kontenedorea beteta?» galdetu zuen Pikutak.

      «Hori duk! Eta zinta izorratuta zagok.»

      «Tapax zabilek hortik; Burninoxen plantxa bat hartu behar zuela edo...»

      «Errebuelta batean tunpateko bat hartuko dik horrek,» esan zuen Manuk.

      «Hori bezala,» Joxemarik; berriz ere kaskoak jarritako tipoa pasa zen, eta: «Uuu! Espainiako babaloreen tertulia horietako bat aditzen egongo duk. Kurtsillo bat egiteko eman dik izena: La influencia de la velocidad en el desgaste de su puta madre. Aditu dik, Piperrak jendea kanporatu behar duela eta, hasi dik arrastrea.»

      «Kendu, kendu hortik!»

      Barrura begiratu zuten. Pieza erraldoi bat zerabilen hortik hara gruak.

      «Lau mila kilo, hi; harrobi baterako. Ostia: hemen duk eta.»

      Lagunak harat-honat higitu, Pikutak eskorgari heldu zion.

      Txaketa beltz karratu txikiekin, elastiko grisa, zapatak, ile motza... Josetxoren atzean, bi bulgariarrak eta beren laguntzailea makina batean ezarrita zegoen pieza bati so gelditu ziren.

      «Manu: lotu ezak esparraguekin hori. Joxemari: mandrinoak preparatu behar dituk.»

      «Sí señor,» esan zuen Joxemarik, pala pareta kontra utziz.

      Josetxok garratz begiratu zion; Iñakiri, hara:

      «Deitu al duk kaldereriara?... Eta, zer esan diate?»

      «Zortzitan atera direla.»

      «Atera direla?? Bagenekian, hori! Orain non diren jakin behar diagu! Deitu berriz ere!» Gruak zerabilen pieza ebitatzearren burua makurtuz, bulgariarrekin elkartu zen. «Aquí va el motor, azaldu zien, planoa erakutsiz; Manu! Qué es esto? Esto está más kamutsa que la leche.»

      Apartetxo gelditu zen bulgariarren laguntzailea, bizar beltzeko mutila. Belauniko, erreminta bila edo, lardaskan zebilen Joxemariri:

      «Barkatu. Komuna?»

      «E?» Bekain bat goititu, so terriblea eginez: «Komuna? Ostia... Gora joan beharko duk. Tailerrekoa itxita zagok. Esaiok horri.»

      Bazetorren, eskuan burdinazko bola bat zerabilela, mutil ongi jantzi, kolore zatarreko bat. Mutilak, ordea, bestera egin zuen. Joxemarik, bulgariarrengatik:

      «Zer duk hori, jende handia?»

      «Hauek? esan zuen bizarbeltzak; konpradoreak... Gure enpresak lotu ditik hona, eraman dezaten hango lantoki batera makina.»

      «Hi nongoa haiz ba?»

      «Itesakoa... Ufa! Hotza egiten dik hemen.»

      «Harri-txintxar hauek.»

      «Bai... Porlanarekin alde ederra duk.»

      «Eta gero, kea eta ostia, atea beti irekita behar dik...»

      «Gurean aire egokitua jarri zigutek. Eta ondo zagok hori, e, ze, orain atea ireki, orain atea itxi, katarro handiak harrapatzen baitira itxi-ireki horietan.»

      «Holakoa goian baditek eta, badakik? ni behintzat ez naik komentzitzen. Behin inor ez zela gora joan eta, sofan lo gelditu ninduan, ba, handik pixka batera, ordubete ere ez, halakoak esnatu naik eta, hi, krixton buruko mina, baina, krixtona e!» Bazetorren bueltan, burdin bola beti eskuan, mutil kolore eskasekoa, eta: «Hi: goiko komuna erabiltzerik bai? Lagunak behar dik.»

      «Haizea sartu edo ez dakit zer egin zaion... Ez dabil ondo.»

      «Lastima duk, hi: ostatura joan beharko diagu. Horiek ez ditek hire beharrik izango...?»

      «Ez noski. Horiek erdaraz zakitek...»

      «Nik baino hobekiago, seguru!»

      Bazihoazela, bolako mutilak harrituta begiratu zien. Joxemarik Manuri mandrinoak taka utzi eta, isil-isilik atera ziren. Josetxo Iñakiri ari zitzaion:

      «Urnietatik ezin dira pasa? Me caguen dios. Deizak Laspiurrera... Astelehenean izango dutela!»

 

 

Poligonoko ostatuan, barraz hona, txokoan, Yago beso hautsia; barraz hara, sutan zerbait ari, Naia segaila. Kanpotik elurrak islatzen zuenaz bat, toki estrategikoetan kokatu hiru-lau kandelatako argia. Butanozko estufa... Kafe-makina itzaliaren ondoan, transistore txiki bat piztuta zegoen.

      Atea zabaldu, Laxaro agertu zen.

      «Kaixo. Egun on!» Egun on, Yagok ere, eta: «Mesedez, beltza! Berezia!»

      Espantu pixka batez begiratu zion Yagok; une bateko begirunez Naiak, sukaldetik etorriz; geroxeago, berriz:

      «Hombre Laxaro! Ez zaitut ezagutu: 'Mesedez...'»

      «Gauza onak, lege onean... Ederki zaudete!»

      «Hori da. Zuriari begira.»

      «Kandelekin eta... Ipuin zahar bat ematen du honek.» Ardoari biaje bat eman eta: «Ba al dago jateko zerbait?»

      «Badago txorizoa... Nahi baduzu salda.»

      «Salda? Ogi puxketa batekin, horixe behar dut.» Naiak sukaldera egin eta, Yagori: «Aiba; zer egin duk hor?»

      «Lantokiko batek fenwitxarekin... Ez diat esango nolaz izan zen, leher egingo duk eta.»

      «Fenwitxarekin besoa; esango nikek. Hankak bai: makina bat hanka... Azkenekoa Billabonako bat: Axier; ezagutuko duk, Lore Tapiarekin ibili zuan aspaldi. Asegurua gurekin eginda zeukaan. Zaragozako tailer batean montaje bat egiten ari zela, holako batek hanka harrapatu zioan: hezurrak maila-maila eginda. Anbulantziak ekarri zian honaino. Berrehun eta gehiago kilometro, eta gero, ospitalean, pentsio konpletoarekin egon zuan astebetez; eta, paperak zioena: laguna ondoko ohean. Lorerekin ez, beste batekin zebilean orduan. Orioko neska batekin zabilek orain.»

      «Krixton neskazalea, alegia.»

      «Esan nahi diat, alegia, aseguru ona zuela. Eta: aberia handia izan al da?»

      «Puxka batekoa: astilla franko eta... Zera, ni zuloan ninduan, makina bati tripak osatzen eta, handik ateratzean, ez nian ikusi bazetorkidala... Azken unean besoarekin burua babestu nuelako, bestela...»

      «Baldarra, mutila.»

      «Sanopotro bat. Ebentuala; gurekin hirugarren eguna zian... Atx!»

      «Orain ere min?»

      «Bizkarra ere ez zaukaat oso moduz. Lehenbiziko gauean min izugarriak eta, medikuak lau indizio eman zizkidaan. Herenegun esan zidaan Sebasek, badela nolotila ere.»

      «Nolotila, bai. Gure lagun batek hartzen zian hori. Lehengo urtean, obra batean ari zela hirugarren pisutik erori eta kadera txikitu zian. Egin ziotean nolabait konpondu eta kaderaren alde bakoitzean mariposa bana jarri. Orain gau eta egun estututa eraman behar izaten ditik mariposa horiek, bestela ezin dik arnasarik hartu; egunean bitan, berriz, lasatu egin behar izaten ditik, bestela liseriketa txarrak eta, ez baitu libratzen.»

      «To! Txungoa behar dik horrek... Ba, atzo ere erori zuan gizajo bat aldamio batetik. La Navalen; hogeita bost metrotik erori omen zuan, eta urteak ere halaxe zitian.»

      «Lanean hiltzea, petralkeria galanta. Hara, hemen dugu-ta!»

      Bazetorren Naia, salda zekarrela. Laxarok, kanpora begira:

      «Aizu, aizu. Ze polita dagoen.»

      «Ya. Ba, jendea haserre dabil. Lehenago irratiak esan du: Iruñean, kale enkuesta egin dute eta, etxetik ezin atera eta lanera ezin heldu eta, sutan omen dago asko. Pentsatu dut: falta genuena; elurrarekin haserre!»

      «Horretan alferrik haserretuko zara,» esan zuen Yagok.

      «Ez da hain harritzekoa ere, esan zuen Laxarok. Zergak, ez al ditugu pagatzen? Non dira makinak? Hainbeste adelanto eta, elur pixka batekin, zera... Ez baita, Himalaiakorik ere!»

      «Okerrena da argia; hau luzatzen bada... Osaba pasa da lehen; estutu batean, bere zizak ondo ote dauden, begira egon da.»

      «Horixe! Bota egin behar. Eta negua, hasi besterik ez omen da egin.»

      «Aiba, hori ere.»

      Auto batetik irten zen Ane; beste norabait egin zuen, ordea. Bizkitartean, Bela azaldu zen: bufanda txuri-gorria, zapatilla eskasak, buruan ile zapaztatu batzuk. Plastiko batean bilduta zerbait zekarren galtzarbean; hura aulki luzean utzi eta, Laxarok:

      «Zer, Bela: plastiko gainean jaitsi al haiz?»

      «Pikutak eman dit. Pikutak.» Barrara heldu zen eta, mueka arraro batzuk eginez, baju-bajutik: «Aterako didazu...? Apa. Ze guapa zauden.»

      «Bai; argi gutxirekin hobeto.»

      «E, e. Bai. Pikutak eman dit. Ari badu... (plastikoa buru gainean jartzeko moldea); gero, etxerakoan...» (elur gainean, irristan joatekoa).

      Basoerdia atera zion Naiak. Belak txanpon bi barraratu zituen, ongi kontatu zituen.

      «Emaidazu Naia... euro batean, zerbait jateko.»

      «Euro batean... nahi baduzu pintxo bat aterako dizut.»

      «Bai; hobeto... kakakuete batzuk.» Zerbait atera zuen patrika batetik, harrituta behatu, berriz jaso zuen. «Gaur zer da, astelehena?»

      «Ez, ostirala da gaur.»

      «Ostirala? Iuuup!»

      «Nondik nora, Bela?» esan zuen Laxarok, billete bat ateraz.

      «Udaletxera joan behar dut. Pikutak esan dit. Zapak ez baitizkit konpondu nahi botak. Suelak, ezin dira konpondu, esan dit. Ez baitu merezi. Ez al du merezi? Esan diot: Bai. Esan dit: Ez dakit zer. Gaur zapatillekin atera eta... irrist! Ipurdiko handia. Gaizki dago espaloia han. Maldan... liso-lisoa dago. Zerbait jarri behar da... koxkak edo dituena. Aldatu behar da.»

      «Udaletxean... kasu egingo al dizute, Bela?»

      «Igual bai. Igual bai.»

      «Jaso horiek, esan zuen Naiak, Laxarok pagatuko dizu.»

      «Joder, konfiantzak. Atera guri ere.»

      Uf uf eginez, txamarrapean kremalleradun jertse beltz lodi batez jantzita sartu zen ostatura Ane: matrail hezur irtenak, begizuloak, bizkarrak okertxo; mendiko botak, gorroa, eskularruak ere bazituen. Estufaren arrimua bilatu zuen.

      «Non sartu zara?»

      «Isilik egon hadi, neska. Hernanin izan naun. Joateko... komediak! Eta hango munipek gaurkoan beste zereginik ez nonbait eta, errezeta jarri zidaten. Hilabetean, hirugarrena zaukanat.»

      «Ondo al dago orain harako bidea?» galdetu zuen Laxarok.

      «Zera egongo duk. Astigarragara, kortxo batzuk hartzera joan behar nian eta, ezin izan nauk iritsi. Krixton tapoia zagok.»

      «Bai; gora ere, krixtona zagon.»

      Ane, zabar antza barra aulkian jarri zen, eta: «Nekatuta nagon. Tristea baita; hiru egun zaramatzanat buruan idea bakarra dudala: ohe bat non harrapatuko. Atzo ere, Dimas eta horiekin juntatu eta... Aizan: Ez dun kaferik izango?»

      «Putxerokoa.»

      «Hi haiz etxekoandrea, hi. Hago; ekatzan zigarro bat.»

      Piztu egin zuen eta, Laxarok hari:

      «Aurki deskuidatzen bahaiz, erretzeagatik ere isuna jarriko diten.»

      «Bai motel, esan zuen Anek. Nik lehengo batean, Pasaian, kalean ninduan eta, zera, espaloia ez zikintzeagatik, estoldako zulotik barrena bota nian zigarro mutxikina... Ez zakiat zer izango zen; han behean baten batek garraxi egin zian. Arratoiren bat izango zela pentsatu nian eta, badaezpada ere inguruan begiratu nian, protektorakoren bat ote zebilen.»

      «Orain holako asko dago.»

      «Jakingo dun ba, esan zuen Laxarok, lege berriarekin urtean hamar kale isun biltzen dituenari karneta kendu behar diotela?»

      «Urtean hamar? Ederki hasi nauk.»

      «Guk orain asegurua egiten dinagu, horrena.»

      «Zuek, edozer.» Belak, makurtuxe, arretaz begiratzen zion Aneren gorputzari soslaian. «Zer ikusten didak hik?»

      «Ez. Begira nengoen...»

      «Zer daukat, tripotxa? Haurdun ez nagok, hori akordatu bazaik. Hi: batekin aski diagu oraingoz.» Kafesnea zekarren Naiak. «Tori,» eman zion Belari azukre koxkorra; zigarroa, berriz, Naiari, eta: «Esaidan zer ekarri behar dudan.»

      «Kaja bat azukre, eta kafea... bi pakete nahikoa.» Haren aldean, barraz hara eseriz: «Amona, zer moduz duzue?»

      «Hantxe zagon. Gaurko gaua harekin pasa behar dinat. Hori ere badun.»

      Bela hurbildu zitzaion eta, delikatuki oso:

      «Zuen amona...»

      «Bai. Gure amonak hiri pañalak aldatu zizkian.»

      «Zuen amona, niretzat...»

      Beso bien keinu anple batez: egoteko, egin zuen. Aulkira joan, plastikotik koadro bat atera zuen.

      «Elurra,» esan zuen; Aneri eman eta: «Nire partez.»

      «Amonarentzat al da? Joder, Bela. Oso polita duk.» Irakurri zuen: «La adoración de los Reyes Magos en la nieve... Nork egina da?»

      «Ez dun oraintxekoa hori.»

      «Kentzak Laxaro zarpazar hori. Gustatuko zaiok. Lasai egon, Bela. Emango zioat. Poza hartuko dik.»

      Belak begietan malko bi zituen.

      «Begitu, esan zuen Naiak, ume bat izotzetan hor... Zer ba dabiltza makurtuta horiek?»

      «Zer esan didate? galdetu zuen Anek. Poligonoan lapurrak ibili direla...»

      «Jasan sartu dira, bai, esan zuen Naiak; kaja fuertea ireki dute. Lehenago Marian hemen izan da.»

      Ane zerbait esatera zihoala, ostatuan Joxemari handia eta Axpe iluna azaldu ziren. Joxemarik lurrean ostiko batzuk jo zituelarik, Naiak:

      «Hi, kanpoan astin itzak botak!»

      Joxemarik, begi handiak irekita, xalo-xalo:

      «Kanpoan nola astinduko ditut?»

      Laxarok erlojuari behatu eta:

      «Bueno, ni banoa,» esan zuen.

      Joxemarik Naiari: «Hi astinduko haut e!» Laxarori: «Nora hoa hi? Hoztu egingo zaik sudur talo hori!»

      «Hiri ez zaik, ez, berehala hoztuko...»

      Bazihoala hura, Joxemarik:

      «Leizezuloan, ederki zarete. Zer dun hori, pintura errupestre bat? Aupa, Bela.» Axperi: «Hik zer nahi duk? Neri ateraidan: kafesne handi bat, esnetsua, ez oso beroa, basoan, hiru koxkorrekin.»

      «Dantza egiten duena nahi al duk? Putxerokoa zagok.»

      «Ardoa, neska, ardoa, dena esan behar dun. Aupa, hi. Gaur ere kanta pare bat egin behar al digun?»

      «Ez duk hik merezi... Lapurrak, zuenean ez al dira sartu? Merezi bai zuek.»

      «Oraintxe esan dun. Penaz nagon, ez baitira sartu... Lapurrak ez: bat bakarra izan omen dun. Anterok ikusi din: gorroa jantzita, hesiaz hara egin eta komentutik gora ezkutatu omen dun.»

      Axpek ere ardoa eskatu eta, komunera egin zuen.

      «Hori noski, esan zuen Naiak, lapur txikiren bat.»

      «Imajinatzen ari naizena izan baldin bada...»

      «Ferminekin pentsatzen ari al haiz?»

      «Hombre, esan zuen Anek; hori hola zabilek. Azkenekoan, noiz izango zen, urrian edo, uda pasata behintzat, Recambios Gorritin sartu eta, apal batean lo gelditu zuan. Goizean langileek bilatu zitean, eta: 'Non nago? Non nago?' hasi omen zuan. Hori beste behin Irulegiren koltxonerian edredoiak osten harrapatu zitean.»

      «Guk ere... Orain ez, orain txintxo-txintxo gabiltzan, baina denbora batean, horko marmolak eta, Sanchezeneko sardin-pote kajak eta, zer ez ote genituen eraman...»

      «Ya. Konten pixka bat, ezta?»

      «Hori dun. Rato bat gustora pasatu.»

      Anek kafea apuratu zuen, eta:

      «Nire gizonak, esan zuen, egun batean etxera treneko trabiesa batzuk ekarri zitian. 'Zertarako behar ditugu trabiesa zahar horiek?' galdetu nioan. 'Hauek? esan zidaan, hauek? Hauekin etxe bat egitea zagon'.»

      «Ondo esan zinan.»

      «Horiek, tira. Lehengoan, berriz, niri ezer esan gabe, furgonetarekin baratzerako simaurrak ekarri zitian. Pixka bat txukundu zian, eta ez zidaan ezer esan, baina: usain goxoa utzi zian! Alaba mareatuta ibili zuan eta, leihoak ireki behar, egiten zuen hotzarekin. Esan zioat: berriz ez ekartzeko simaurrik.»

      «Niri ere esan zidan amak: ez eramateko simaurrik etxera,» esan eta, klink egin zuen Joxemarik.

      «Hik zer: lanik ez ala?» galdetu zuen Yagok.

      «Lana? Zertarako. Esan zidak, pakeurruti horrek: 'Kentzak elur hori hortik.' Esan zioat: 'Zer ba kendu? Zurea edo nirea ote da ba elurra? Denona ez al da?'»

      «Gauean ere zerbait lan ibili duk hik...»

      «Hori dun; gauean ere lana. Orain, beharrari ekiteko amorratzen etorri naun... Hona ailegatu, eta: ez omen dago lanik; zera: pieza zekarren kamioia Mandazubiko aldapan gelditu omen dun. Esan dinat: fuera.»

      «Generadorearekin ariko zarete?»

      «Bai. Egongo ninduan ni bestela hemen.»

      «Josetxo kontentu edukiko duk hik.»

      Joxemari zigarroa piztera zihoala, Bela tentuz inguratu, keinu umil batez zigarroa eskatu zion.

      «Guk tratua hola eginda zaukanagu; elkarren komenientzietara.»

      «E? Nola duk hori?»

      «Ni pipia jotzen bizi naun. Piperrak niri, berak nahi duen beste pagatzen zidan eta, gero nik ere, nahi dudan beste lan egiten dinat. Naia, polita, atera itzazu beste bi basoerdi. Hik, Ane?»

      «Birra bat, igual.» Naiari: «Total...»

      «Yagori nahi duena. Belari batere ez. Iepa...» Berriz Naiari: «Gaur zurekin egin dut amets.»

      «Nirekin? Pesadilla bat, seguru.»

      «Ez naiz ondo gogoratzen, baina ez zen amets txarra izango, adarra bero-bero esnatu naiz eta. Taka. Handik hona, ederki hoztu naiz.» Isilune bat izan zen, eta: «Hotza egiten duela, alegia.»

      «Hemen ez.»

      «Hemen ez...! Tailerrean, ikaragarri. Gainera, ardoa debekatu ziguten. Tekniko seguridad-higienekoak esan omen din, ez dela komeni. Piperrak berean whiskia giltzarekin itxita zaukan. Putakume hori, orain ere: 'Non sartu ote da alprojazar hori,' ibiliko dun. Kontentu egongo dun, bai. Asteartean kilo erdiko pieza galarazi nionan. Deskuidatu eta, taka, bi zentesimagatik moztu ninan gaizki.»

      «Joder pieza hori.»

      «De-dio; zaparrada ederra bota zidanan... 'Arinago, hi; arinago, hi;' eta, aldi berean, kalitatea nahi dik. Egun batean, kutxillak eskua eramango zidak; egun horretan egingo ditiat, Piperraren tripekin odolkiak.»

      Belak zentimetro batzuk abantzarazi zuen delikatuki basoa; Naiak, erruki sotilaz zerbitzatu zion.

      «Arima gogortu nahi ziguk putakume horrek. Esaten dik: 'Esker txarrekoak zarete. Nire bizkar dirua egin eta egin eta kukuari begira zarete.' Azken hilabetean, turnoa hiru alditan aldatu zidak. Gauean atera, eta: 'Bihar goizean etorri behar duk.' 'Ez; nik biharko, planak baditiat.' 'Hik ikusiko duk.' Me caguen... Joan den astean, berriz, igandean etorrarazi nindian, eta asteartean jaia eman. Esaten badit holakoren bat gaur, lepoa ferekatuko zioat.»

      «Txarragoa da lanik eza...» esan zuen Naiak.

      «Lanik eza, txarra? esan zuen Joxemarik; begiraion Piperraren semeari. Horrek ez din kolperik jotzen, eta zabal bizi dun. Lehengoan, bera ez dun arituko eta, tornuan ari zen bati begira zegoela, piezatik askatu eta lepoan txiribiri bat sartu zitzaionan; hiru eguneko bajarekin egon dun eta, gaur etorri dun, tan pantxo.»

      «Nagusiek ere orduak ematen ditiztek, esan zuen Anek, zer uste duk hik?, gu nola puteatu sistemak asmatzen.»

      «Bai,» tragua jo zuen Joxemarik; «gainerantzean, ondo!»

      «Ikusi al duk Belak ze koadro oparitu dion gure amonari? Ikusi.»

      Joxemarik, Axpek ere aldamenetik, koadroari halako arretaz begiratu eta, lehenak:

      «Ez dinat inor ezagutzen. Ez dun hori hemengoa.»

      «Holako elurrak eta holako jendeak ni, esan zuen Axpek, Bulgarian ikusita nagok.»

      «Bulgarian izan haiz, ala?» galdetu zuen Anek.

      «Hi! Honek mundu asko zaukan.»

      «Oporretan ala?»

      «Lanean. Lanean. Lehenengo Bulgarian, gero Mazedonian ere hiru hilabete pasa nitinan.»

      «Han ez al zen gerra bat izan edo...?»

      «Bosniako gerra, esan zuen Joxemarik; han izan ziren soldadu espainolak minbiziz erortzen ari ditun orain... Atera ezan azkenekoa, Naia. Bela, hik basoa beti beteta daukak.»

      «Niri ez atera,» esan zuen Anek; Yagok ere esku libreaz tapatu zuen basoaren ahoa.

      «Orain, joan hadi hara... Orain ez zagok munduan ibiltzerik, motel!»

      «Ya. Irailaren hamaikakoaz geroz...»

      «Eta: ba al dugu Bin Ladenen berririk edo...?»

      «Gaixorik omen zagok osaba; horregatik ez omen da bere zulotik ateratzen.»

      «Esaten dute, bere kolega bati utzi ziola telefono mobila, eta amerikanoak herriz herri kolega horri segika ibili direla.»

      «Ni badaezpada ere, esan zuen Anek, puxka batean ez nauk aterako hemendik... Naia, firma ezan hemen.»

      «Libratuko haiz. Irurako batek esan zuena: 'Nik egin behar diat, munduari su eman, eta Frantzia aldera ihes!'»

Oi! Zuberoa musika aditzen zen irratian. Belak burua Joxemariren sorbaldan jarri zuen; hari besarkatuta, begiak ertitxita Aneri begira zegoen.

 

 

Elur maluta ttiki-ttiki batzuk ari, oin bat, oin bi, Joxemari eta Axpe Unba aldera zetozen.

      «Xagu horrek, engainatu egingo ditik hire hungariarrak. Aluminioa esan eta hojalata sartuko ziek, xaguzar horrek. Hik ez duk ezagutzen, Axpe.»

      «Engainatu, horiek? Kostako zaiok. Horiek Balkanetako basakatuak dituk. Horiekin begiak erne ibiltzea badik hire patroi horrek. Horiek makina erosi egingo ditek, baina pagatu... Larri ibili.»

      «Nahiago nikek hala balitz, baina, ez duk egongo, ez, kobratu gabe, txakurkume hori.»

      Kamioi batek blokatzen zuen enpresako sarbidea; haren albotik ibili beharrez, Joxemarik elur pilatxoan estropezu egin eta saihetsekin elurra jo zuen.

      «Hau duk hau desgrazia nirea. Hementxe geldituko nauk, ba... Ba al dakik aitak amari goizean leihotik elurra ikusi duenean zer esan dion? 'Kata, elur pila hori irina balitz, bukatuak genituen negu honetako bapezak!' Hotza zagok, hi.» Axpek eskua luzatu zion. Bazetorren kamioizalea kabinaren aldera; hari Joxemarik: «Ze, oraintxe etorri eta dagoeneko alde? Ez duk lanerako grina ikaragarririk hik!»

      Iñaki ere azaldu zen tailerreko atean.

      «Hi! Non sartu haiz? Ez haut ikusi kamioia deskargatzen.»

      «Ostia. Bista ona daukak hik.»

      «Segi barrura, hor ez daukak ja zer eginik eta.»

      «Orain ez zaukaat, baina lasai! zer edo zer etorriko duk.»

      «Sartu hadi agudo.»

      «Ta, ta, ta,» burua gora, Joxemarik; «erori naizela ez al duk ikusten! Uste nian ez hintzela hor. Lehen Etxarri aldean erraketekin zebilela hi lakoxe bat ikusi diat eta; ez baldin bada tximino bat Olentzeroz mozorrotu.»

      «Isildu hadi, simaurra esaten ari haiz eta.»

      «Simaurra... aukeran usain txarrekoa. Non dituk honen bi lagunak?»

      «Hor dituk.»

      «Esaten diat, ba: oraintxe behar ez den paperen bat firmaratzen ariko zaiek...» Iñaki bazihoan, eta: «Hi: ekarri al dituk guanteak? Guanteak: ekarri al dituk?»

      Isil joana egin zuen Iñakik.

      «Hi, esan zuen Axpek; horrek ez dik problemarik bilatuko ala?»

      «Problemarik? Ez horrek. Horri, segitzen banau ernegatzen, zartako bat emango zioat. Lepotik heldu eta burua mandrinadoran sartuko zioat, adan-seme horri. Larri ibili, hi. Hik ez duk Joxemari ezagutzen.»

      Iup honi, iup hari, lankideen artean tornu batera iritsi ziren. Haren ondoan, erditik moztutako bidoi zahar batean, sua piztuta zegoen.

      «Pieza batzuk desbastatzen ari nauk... Ezin asma zertarako diren. Ez diat pentsatu ere egin nahi. Horrek jakingo dik igual. Hi, Gari. Zertarako dituk burdin puxka hauek?»

      Garik pieza bat hartu, begiratu hemendik, begiratu handik, bertan laga eta, bazihoan deus esan gabe.

      «Gizajoa; taladrinak afektatu dik. Guztiak badik bere esplikazioa, baina, ezin beti atzeman... Agian auto paratxokeetako gogorgarriak izango dituk, edo misiletako perkutoreak... Ia seguru duk behintzat ez dela deus konstruktiborik izango.» Makina piztu, platera jiraka hasi zen. «Aizak, Axpe. Hemen bazkalduko duk, ala?»

      «Ez zakiat. Hauek esaten dutena...»

      Joxemarik, alde samar tornuan ari zen Manuri:

      «Hi, Manu! Riojanoarena gaur, irekita egongo duk ala!»

      «Han ez duk, ordea, argirik izango!»

      «Fijo. Bazkardon baduk beste bat. Babarrun ederrak ematen ditiztek: azak, odolkiak eta txerriki guztiak. Hire lagunek hor, flipatu egingo ditek.»

      «Nik uste baietz eta esanez gero gogotik geldituko direla. Hona gatozela: 'Bai herri polita,' esan zidatek.»

      «Herri polita? Ostia. Aditu al duk, Manu? Hungariako horiei Andoain gustatu zaiek.»

      «Elurrarekin, ez zitean ongi ikusiko eta.»

      «Hi, hi. Ostia, hi. Igual bai, e. Igual ez duk hain zatarra izango... Ba; honekin ez diat deus egiten. Hi: hor al daukak plato-kokodriloa?»

      «Otegik zaukak.»

      «Otegik? Etorriko duk. Sutondoan ederki gaudek.»

      «Hor baduk beste bat, esan zuen Axpek, lehen ikusi diat: 'Arroces carbonara y alioli'.»

      «Hemen? Non baina?»

      «Zubiaren parean, tuerka bat duen ate metalezko bat, letra txuri-gorriekin...»

      «Hau duk kabroia. 'Aceros al carbono y aleados,' esaten dik honek. Aditu al duk, Manu?...»

      Buru gainetik pieza handi bat pasatu zitzaien; Luziok, handik:

      «Joxemari! Helduiok pixka bat honi...»

      Joxemari harengana joan, gruako mandoa hartu zion eskutik. Luziori kasu eginez, poliki-poliki, pixka bat hara eta, fresadora gainera pieza jaisten hasi zen.

      «Joxemari!» Goiko zubian Josetxo azaldu zen; mutur zakarrarekin: «Ostia, Joxemari! Etorri hadi hona!»

      «Zaude! Orain ezin dut!...» Beti piezari begira: «Zein euli gaiztok heldu dik orain? Gaur ez diat ezer puxkatu, dakidala behintzat. Atzo bai; bidiazko fresa bat izorratu nian. Motel, aspaldi honetan oso solizitatua nagok. Aste honetan, bi bider igo nauk, eta aurrekoan ere... behin. Kalefakzioarekin lo gelditzen ez banaiz, behintzat. Behin, goian inor ez zela, igo eta, sofan siesta ederra bota nian...»

      «Joxemari!»

      «Itxoiteko, dios! Ez al dik ikusten...? Hara, bazetorrek bera...»

 

 

Pikuta eta Garro zutik zeuden suaren ondoan. Haraxeago Jabi, paletarekin kapazoa garbitzen ari zen. Kamioiaren bolanteari beso biekin helduta, Tapax txatarra-zalea aparkatzeko maniobra egiten ari zen. Poligonotik kanpo, hesi paratzaileak lanean ari ziren. Aditzen zen zerra elektrikoaren hotsa. Halako batean:

      «Hara bestea!» esan zuen Pikutak.

      Utzi zion ari zenari Jabik. Eskularruak eta gorro beltza jantzita, galtzak bustita, masailak gorri-gorri, begitarte arraiarekin zetorren tapa-tapa Mandi.

      «Bizi haiz, edo!»

      «Kezkatuta, ala!»

      «Joder!»

      «Belari eta Potori galdetu zieat, esan zuen Pikutak, inork ez omen hau ikusi, non sartu haiz, hi.»

      «Taisatik pasatu nauk, ba; Potok ikusi naik.»

      Suaren ondo-ondoan gelditu zen; sudurretik muki tanta zeriola, hozminduta musua, motel hitz egiten zuen.

      «Hara! Donatok regla ekarri dik eta... Paretaren erdia raseatu duk abantxu.»

      «Hots! Esango nikek... Eta: argiaren kaxeta bilatu duk, ala!»

      «Ixilik egon hadi, motel, ixilik egon hadi.»

      «Konpondu behintzat ez duk deus egin; lehen bezalaxe gaudek.»

      «Aiba, hi,» Garrok zahatoa luzatu zion: «Egin ezak hurrup eta esaiguk zer ikusi duan.»

      Mandik eskularruak erantzi zituen.

      «Azkenean uste nuena baino buelta luzexeagoa egin diat, bai.» Tragua jo zuen, Jabiri zahatoa pasatu, eskuak igurtzi zituen. «Mutilak, esan zuen, hor atzean elurra ikaragarri zagok... Taisaren atzetik irten nauk poligonotik eta, kableei begira ibili nauk, begira ibili nauk... Uste nian kaxeta han nonbait zegoela. Goian torrea zegoan, posteak han eta han, ez zian oso urruti behar. Gora egin diat bide zaharretik, gora egin diat, aizak! Alde hori oso kanbiatuta zagok. Alde batean eta bestean, eukaliptusak zaudek.»

      «Hombre, esan zuen Garrok, eukaliptus horiek guk aldatu genitian. Orain dela hiru, orain dela lau urte... Xamoan ere aldatu genitian.»

      Pikutak zigarroak banatu zituen; Mandik berea piztu zuen, eta:

      «Han ere bai, e? Tren geltoki gainean aldatu zenituztela banekian, baina han eta han, ez nekian... Behintzat, gora noala, halako batean bidea bukatu edo, galdu egin diat behinik behin bidea eta, kableei erreparatuta, gora segitu diat, nire ustez kaxeta egon behar zuen aldera gora segitu diat eta... Belaunetik gora elurretan ibili nauk han. Halako batean, Alanora heldu nauk. 'Ostia, nora etorri naiz?' Han kanpoan bazeudean ahuntz batzuk eta, pixka bat inguratu naizenean, Petra agertu duk: Petra, Alanokoa. Esan zidak: 'Egun on, mutila, nondik nora zoaz?' 'Argindarraren kaxetara noa, amona, argiarekin zer pasatu den ikustera noa.' 'Argirik ez al dago?' galdetu zidak. Esan zioat, herrian zer panorama dagoen. Esan zidak, behean zegoela kaxeta, bide zaharra hartu behar nuela hara joateko. Gero esan zidak: 'Hara, zu Luisito zara, ezta? Zu Joxeren iloba... Zu gure Julianekin eskolan ibili zinen! Baina mutil, mutil, dena bustita zaude!' Eta: 'Zatoz barrura, sutondoan pixka bat berotuko zara.' 'Ez, amona, ez, lanean ari naiz, herria geldi-geldi dago eta denak nire zain dira!' Eta, esan zidak berak: 'Zaude lasai horregatik, argia etorriko da eta. Ez da, ez, hura etorri gabe egongo.' Eta: 'Zatoz, zatoz, baso bat esne hartuko duzu'.»

      «Ezin ezetz esan...»

      «Hori duk. Ezin ezetz esan eta, sartu egin nauk borda barrura... Barruan antxume bat zegoan, eta lastoak eta artoak alde batean, eta beste aldean sua piztuta zegoan. Su bajua, hi; aspaldi nengoan holakorik ikusi gabe... Eta, esnearekin kazoa paratu dik sutan eta, mahai gainera gazta puxka bat atera dik eta, kontatu zidak... Espozeko ahuntzak omen ditik horiek: berak ekarrita handik. Hiru zahar bizi omen dituk Espozen, gazteenak hirurogeita hamazazpi urte, eta berak baditik: larogeita bat... Ahuntz polit batzuk, Murtziakoak edo, errape txikikoak, ez urratzeko larretan... Halako batean: 'Aditzen al duzu? galdetu zidak. Aditu, aditu, orain ere zer edo zer ari dira hor.' Aditzen jarri nauk, aditzen, kanpoan txintxarrien soinua aditu diat. 'Gauean ere, esan zidak, soinu horrekin lokartzen naiz ni; logalea eragiten dit tilin soinu horrek'.»

      Irribarre zabala egin zuen Mandik.

      «Eta, goiza harekin eman duk, ala?»

      «Hago. Katilukoa egin diat eta, itsusia ez egiteagatik gazta puxka bat jan diat eta... Hara, horrek ere bereak partitu ditik.»

      Poligonotik hara, bide zaharrean goitik behera, Motxo ilegorria eta bere zaldi pertxerona pasatu ziren: atzean esne marmitekin lera zeramala; tak-tak, hesia paratzen ari zirenak ebitatzearren pixka bat bazterrera jo, segitu zuten.

      «'Eta, galdetu zioat, bide zaharrera joateko, hemendik...?' 'Horko soroan barrena jaitsi eta, raka! bi minutuan bide zaharrean zara. Handik egin ezazu gora pixka bat eta, han dago kaxeta.' Eskerrak eman zizkioat, gero ja kanpoan, elurraz eta bestez ari, eta: 'Zuk uste duzu? esan zidak. Oraindik maite gaitu nonbait ere zeruak; aurten elur pixka bat eman digu behintzat'.»

      «Gure amonak ere, bakean dagoela hura, holakoxeak esaten zitian,» esan zuen Jabik.

      «Total; Petrak esandako sorotik barrena jaisten hasi nauk, pixka bat jaitsi nauk eta, banoala, bat-batean ohartu nauk akerra nire atzetik zetorrela. Atzetik, hi, atzetik akerra. 'Ba, geldituko duk.' Geldituko duk... Bai, zera: ni joan, eta hura nirekin etorri. 'Aldegin ezak hemendik,' egin zioat makilarekin eta, pixka bat gelditu duk baina, segitu dudanean, hark ere segi atzetik. Elurretan, nik bidea egin eta akerra nik egindako bidean, laster bertan nian. 'Ostia, hi! Zer nahi ote dit honek?,' adarrekin hanka sagarretan talka-talka egiten zidaan. Ja beldurtuta, ni. Sekulako akerra, bizarra elurrerainokoa eta adar luze batzuk... Makilarekin o! o! egin zioat, orduan gelditu duk. Elorri edo, arbola txiki bat bazagoan hantxe, eta haren ondo-ondoan gelditu duk. Ni hari begira, hura niri begira, pixka batean hola egon gaituk. Tapa-tapa, segitu diat jaisten, hogei bat metroan ibili nauk behera, gero itzuli nauk, ostia! Han akerrik ez zegoan. 'Nora sartu da?' Misterioa. Ezer ez, hi, elurra txuri-txuri.»

      «San Kanutoren parabola ez kontatu guri orain, e!»

      «Zer, ba? Holaxe izan duk, neu hementxe nagoen moduan!»

      «Bai, eta? Iritsi al haiz kaxetara, edo...?»

      «Zera, iritsi nauk bide zahar horretara behintzat, handik maldatxo batean, aurreraxeago, taka, kaxetara heldu nauk... Hortxe zagok, hor atzeko aldean. Elurrik ez dela, eta bidea dakiala, hemendik... hamar minutu ere ez. Heldu nauk ba hara eta, ni bazterretara begira, han kanpoan kutxillari sakatzeko palankaren bat ote zegoen; lehen izaten zuan ba. Eta... hor bazagok tubo handi bat, estoldara edo ez zakiat nora daraman horrek eta, han barruan, txerrikume bat ikusi diat. Fundi! Txerrikume bat... Zulotik kanpo burua erakusten zian, eta zango bat ere bai: euria ari ote duen, leihotik kanpo eskua ateratzen duen andereñoaren antzera...»

      Istant hartan, danba! aditu zen, handik ez urruti.

      «Zer izan da hori...?»

      «'Nonbaitik alde egin ote du ba txerrikume honek?', segitu zuen Mandik. Ni nire artean: 'Arraroa da ba.' Inguratu nauk estoldaren ertzera... Bat-batean, eskuzar bat atera duk zulotik: txerrikumeari belarrietatik heldu, ra! kukutu duk... Kurrin egiteko ere ez dik betarik izandu txerrikumeak. Barrura begiratu diat... Ezer ez, astoaren tripa baino ilunago zegoan!... Flipatuta gelditu nauk, hi.»

      «Eta: kaxetan, ez al haiz sartu?»

      «Motel! Kaxeta itxita zegoan, han ez diat sartzerik izan. Halako batean, gora begiratu diat eta, haraxeago, kablea botata zegoela ikusi diat. Elurrak bota dik postea eta kortozikuito bat izan duk, horixe izan duk, han ez duk besterik izan... Ederki nekatu nauk behintzat eta, ekarri zahatoa.»

      Hura zurrut ari zela, Pikutak:

      «Hori ere nekatu edo...»

      Hara begiratu zuten. Unbako zubian Joxemari azaldu zen. Mantxo-mantxo urrats handika zubi erdiraino heldu, bertan gelditu, eskuan zekarren txamarra lurrean laga eta, laneko monoa aise erantzita, keinu anple batez besoa luzatuz, utzi zuen hura errekara erortzen. Txamarra jaso eta, zanpa-zanpa, errepidera egin zuen.