Aurkibidea
Gizon portatu
Markos Zapiain
SEI IPUIN AMODIOZKO
BESTE SEI PERBERTSIO
Demagun sexua komunikatzeko beste era bat baino ez dela
Telebistarik ez, inkomunikazioa dakar-eta
Ene dama maite horri azken gutuna
PASTITXE BAT
ETA HIRU VOYEUR ISTORIO
Aurkibidea
Gizon portatu
Markos Zapiain
SEI IPUIN AMODIOZKO
BESTE SEI PERBERTSIO
Demagun sexua komunikatzeko beste era bat baino ez dela
Telebistarik ez, inkomunikazioa dakar-eta
Ene dama maite horri azken gutuna
PASTITXE BAT
ETA HIRU VOYEUR ISTORIO
Orense bar
Traspasoan hartu nuen taberna. Merke. Herri osoan ez zegoen merkeagorik. Herri osoan ez zegoen aldrebesagorik ere: txikiteo nahiz paseorako alderdi guztietatik urruti, ez zerurako ez lurrerako. Bazter-auzo hartako etorkin galiziarrak zituen bezero bakar, karta-partidak luze eta kontsumizioak labur.
Izena eta izana loturik daudelakoan, bata bestearen ondorengo traspaso sorta haren madarikazioari amaia emateko izena aldatzea pentsatu nuen lehenbizi. Txartel berrirako ere dirurik ez hala ere, eta gerorako utzi nuen, diru pixka bat irabazten hasten nintzenerako. Irabazi beharrean galdu egiten nuen ordea, kaxako sarrera urriak ez baitzuen argindarra eta alokairua estaltzeko adina ematen.
«Hasi orduko ez diat etsiko», esan nion neure buruari, eta zirt-zart, etxea utzi eta tabernan bizitzea erabaki nuen, hartara alokairu bakarra ordaintzeko sikiera. Bizikiderik ez nuen eta hobe hala. Koltxoi zaharra zabaldu mostradore aurrean eta bertan luze etzanda geratzen nintzen tabernako pertsiana itxitakoan. Hala ere, tabernan bakarrik gelditzeak ito egiten ninduen, eta azken galiziano moxkortzioari debalde ematen nion edaten bere penak eta morriñak konta ziezazkidan, besteen dohakaitzaz goxatuz nire egonezina, istorio zaharrekin atzeratuz nire loezina.
Bakardadearen mamua uxatzeko, bideoak hasi nintzen alokatzen. Film onentsuenak aurrena, arruntagoak hurrena, zegoen guztia azkena, eta zegoentxo horretan bideo pornoak ziren nagusi, ikusiaren ikusiz berotu ere gehiegi egiten ez nindutenak, baina gaua azkarrago pasatzen laguntzen zidatenak.
Eguna urratzerako esnatzen nintzen askotan, eta taberna goizean goiz zabaltzen hasi nintzen. Beti izaten zen parrokianoren bat, lanera bidean sartu eta pattar kopakadaz gosaltzen zuena. «Oruxoak zizareak akabatzen ditik», esaten zuten gailegoek.
Halako batean, bideoa artean piztuta neukan eta gustatu egin zitzaion pattarzaleari. Leopardo-larruzko berokiarekin jantzitako emakume bat ageri zen pantailan, hoteleko gela batera deika. Gizonezkoak ireki bezain laster, emakumeak, hitzik egin gabe, berokia zabaldu eta bere biluztasun ederra jarri zuen bistan. Hortik aurrera, espero zitezkeenak.
Hiru kopa edan baraurik eta, berandu fitxatuko zuelako marmarka eta gogo txarrez alde egin zuen azkenean gailego goiztiarrak.
Biharamunean bi lagunekin azaldu zen, besteetan baino goizago. «Zer: gaur ez al dugu pelikularik?»
Egunez egun gehiago etortzen ziren goiz parte horretan, eta egunero jarri behar izaten nien bideo berria. Pornoak beti, ez baitzuten bestelakoekiko interesik. Goizean egiten nuen eguneko irabazia, gainerakoan hutsik segitzen baitzuen. Langile goiztiarrek beharrera alde egindakoan lotara etzaten nintzen pixka batean, eta ondoren bideo berrien bila abiatu, bizpahiru dendatan hartzen bainituen, bakar batean aski ez eta.
Bazkalondo batean lau emakume sartu ziren, koadrilan. Umeak eskolan utzi berriak, itxuraz, kafearen aitzakian maiseaketan ari zaleak. Jardun luzerik gabe eskatu zidaten harakoan: «Hi: pelikula pornoren batzuk omen dituk hemen».
Lotsagabeenak esan zuen, ozenki, eta beste guztiek irri-karkailari eutsi ezinik erantzun zioten. Nik uste gorritu eta guzti egin nintzela, baina negozioa beti negozio, bezeroak beti arrazoi.
Etxekoandre gazteak ere arratsalderoko bisitari bihurtu ziren, gero eta talde handiagoan. Presaka etortzen ziren askotan, haurrak eskolan utzi eta berriz jasotzerako film osoa ikusteko. Nik bideoa sartuta izaten nuen, haiek agertu orduko pizteko.
Aurki gauetan hasi ziren azaltzen gazte koadrilak. Mutilez osatuak gehienak. Ostiral-larunbatetan, afari ondorenetan ugari etortzen ziren, baina bestela ere gauero-gauero osatzen zen lagunarte koxkorra, kopa bat edo beste edan eta, erregaiaren pizgarri, film porno batzuk ikusteko. Handik aterata, askori sumatzen nien norako bidea zeramaten, eta harainoko denbora galdu nahi ez zuen presati batek halaxe esan zidan behin:
«Hi, hor atzean ohe batzuk jarri eta lepatxuriak ekarri beharko hituzke».
«Ezta erotuta ere», esan nion. Oraindik banuen duintasun apur bat, eta diru aldetik orain berriz soberan. Berriro etxea alokatzeko banuen, hobea nahi banuen, baina ordutegi xelebre harekin noiz joan? Bertan lo egiten segitu nuen, eta egunez ere ez nuen ia bertatik ateratzeko astirik: goizeko langileek alde egindakoan erretiratuak agertzen ziren, zaharren etxean baino denbora-pasa hobea nuela-eta; geroxeago langabetu aspertuak; eguerdi aldean ere, ikasle batzuk izango ziren bokadilo eske, nik ere nola-halako otordua egiten nuen bitartean; bazkalondoan kafea hartzera sartzen zirenak eta hauen ondoren ohizko emakume koadrila; atzetik gazte taldeak agertzen ziren, bikoteka edo taldeka; bikoteak baldin baziren xirriak egiten zituzten eta multzoan etorriz gero builaka ekiten zioten; arratsaldeko poteolari batzuk ere agertzen ziren hurrena; harainoko ibilaldiak ordurarteko baxoerdiak asentatzen laguntzen ziela eta. Denetariko jendea, orotariko edariak, baina guztiek asmo bera: film pornoa ikustea.
Bi txapelgorri ere ikusi nituen sartzen behin batean. «Ostras, itxi egingo zidatek taberna», esan nuen neure artean, baina haiek ere besteen bidetik zetozen nonbait: zerbait eskatu eta berehala sumatu nituen, eskua poltsikoan sartu eta, txanponak bilatzeko aitzakiaz, taketa zuzen jartzen.
Niri, ordea, ez zitzaidan aspaldian tente jartzen. Filmen gehiegiak kontrako eragina egin balit bezala, haragi biluzia hiltegiko okela bailitzan ikusten nuen. Ezta ikararik ere. Kilikatu egiten ninduten, hala ere, filmaren aurrean zeudenen jarrerak, begiradak, ezinegonak: gaztetxoen begi-niniak nola zabaltzen ziren pantailako hankarteekin batera; onenak emandako emakumeak, soinekoaren eta are azpikogonaren azpian ere, izterrak elkarren kontra nola igurzten zituen berez-berez; ondokoak, aldiz, ikuskizun umelaren aurrean ahoa lehortu eta mihia ezpain artean nola zerabilen, ia oharkabean. Hori hasieran. Gero, berriz, ikusleen ikuskari hartara ere jarri eta ez zegoen ni kitzikatuko ninduenik. Txixatarako besterik ez zidan balio saltxitxa antzeko zera barregarri hark.
Ez neukan horrekin kezkatzen ibiltzerik hala ere. Beti tabernan sartuta, mezulariek ekartzen zizkidaten bideo berriak eta ikusitakoak eramaten. Edari-banatzaileak ere bertara etortzen zitzaizkidan eta eskura ordaintzen nien beti, ez bainuen bankuetarako modurik, ez ordurik. Pilatzen ari nintzen dirua, ordurako mordoxka, koltxoi-zulo batean sartu eta aurrera.
Koltxoia ere gero eta gutxiago ukitzen nuen. Etengabeko jendearen joan-etorri harekin lotarako astirik ez. Azken gautxorien eta egunsentiko beharginen arteko ordu txiki hura otordu lasaia egin, egunean zehar zikinduak garbitu eta neure burua ere zertxobait txukuntzen ematen nuenez, afal garaia geratzen zitzaidan libre. Baxoerdizaleek alde egin eta afalostekoak agertu bitartean, atea itxi, ohatzea paratu eta hantxe geratzen nintzen, bi orduz-edo erdi lo.
Abaildura logaitza baino handiagoa zen batean gertatu zen. Behingoz lo zerraldo nengoen, zurrungaka beharbada, eta neure ametsean aldarriak entzuten nituen; gero haiek handitu eta, erdi esna, atean kax-kax ari ote ziren iruditu zitzaidan. Lozorrotik esnatzera doan bide lauso horretan, gandu artean sumatu nuen ate joka ari zen itzal bat, eta eztarri lakarrez esan nion: «Itxita dago». Ateaz bestaldekoak deika segitzen zuen hala ere, eta neure ahotsa entzuteak gehiago iratzarri ninduenez, jaiki eta atera jo nuen, desorduko tabernazale hura madarikatzen. Atea erdizka ireki eta makarrek erdizka irekitzen besterik uzten ez zidaten begiez emakume gazte bat ikusi nuen neure aurrean, ezezaguna, gabardina batean bildua. Nik «itxita dago» ahoskatzerako, ez dakit «utzi sartzen» esan ote zidan edo begirada errukarri-urragarri harekin agindu. Nolanahi ere, nik ireki orduko bera sartu eta gabardina zabaldu zuen: azpitik biluzik zegoen. Larrugorritan.
Hura bera beste noizbait ikusia neukan errezeloa egin zitzaidan. Hain irreala zen, hain sinestezina, ametsetan ari ote nintzen otu zitzaidan, baina bururatu orduko neskak bultza eta koltxoira bota ninduen. Bera gainera. Holakoak ere mila aldiz neuzkan ikusiak: prakak eranzten dizkizutela, azazkal gorriz saihetsak eta bizkarrezurra goitik behera harramazkatzen dizkizutela, ahoan gozo hartzen dizutela... Ezberdintasunak bi ziren: norberaren larruan diferente sentitzen dela eta, garrantzitsuena, pelikuletan ez bezala altxatu egin zitzaidala. Horrenbestez, ni ere ezin egongo nintzen geldirik. Bideo-eskola hartan ikasitako batzuk praktikatzen saiatu nintzen. Zerorrek egitean beti gelditzen da lardatsago, baina hala ere ondo. Dudarik gabe, oso ondo.
Beste ate-danbada batzuek esnatu ninduten. Burua altxatu, ate atzean gaueroko gazte pornozaleak barruntatu eta aurreko ametsa ahogozatuaz joan nintzen irekitzera. Haiek esan arte ez nintzen ohartu larrutsik nengoela, eta orduan konturatu lehenxeagokoa egia izan zela.
Orduan, eta koltxoi-zuloko dirua desagertu egin zela ohartzean.
Orain, berriro ere, traspasoan dago taberna. Merke. Lehen baino merkeago.
[1993]