Aurkibidea
Gizon portatu
Markos Zapiain
SEI IPUIN AMODIOZKO
BESTE SEI PERBERTSIO
Demagun sexua komunikatzeko beste era bat baino ez dela
Telebistarik ez, inkomunikazioa dakar-eta
Ene dama maite horri azken gutuna
PASTITXE BAT
ETA HIRU VOYEUR ISTORIO
Aurkibidea
Gizon portatu
Markos Zapiain
SEI IPUIN AMODIOZKO
BESTE SEI PERBERTSIO
Demagun sexua komunikatzeko beste era bat baino ez dela
Telebistarik ez, inkomunikazioa dakar-eta
Ene dama maite horri azken gutuna
PASTITXE BAT
ETA HIRU VOYEUR ISTORIO
Sudurraren dardara
Malanttoniren sudurra, benetan sudur itzela; ez ordea handitasunagatik —ttikitto eta biribila baitzen— bere mugimenduarengatik baizik: haserretzen zenean sudur zuloak ireki eta itxi egiten zitzaizkion errinozero amorratu baten antzeko soinua eginez: brmmrr, brmmrr; eta Malanttoniren aharrak errinozeroarenak bezain beldurgarriak ziren, zinez.
Azken garaiotan haserre hauen zergatia beti bera izaten zen: etxeko mutilak: Amunabarro baserrian hiru mutiko zeuden gizon izateko bidean: bata Fermin, 20 urtekoa, bigarrena Anjelmari, 17koa, eta hirugarrena Inazio Jabier, 16koa; eta hiruren pentsamendu, ardura eta tema bakarra neskak ziren: neskatilak ezagutu —ahalik gehien—, berbetan aritu, dantzan egin... azken finean —ororen jomuga— larrua jotzea; eta ezin esan gure gazteok gaizki moldatzen zirenik: dohain berezi bat zutelako-edo, neskatxa askotxo ziren amunabarrotarren besoetan jausten zirenak, eta horixe zen gure Malanttoni kezkatzen zuena, beldur baitzen, hainbeste urdanga eduki ondoren, ezkontzeko orduan behar bezalako neska fin eta kristau bat faltako ez ote zitzaien.
Hau dela-eta, hor zebilen beti amona gaixoa, bilobak nola edo hala bekatutik libratu nahiz: bazterrak miatzen zituen —ea horietako lotsagaberen bat aurkitzen zuen—, infernuko kondenazioaren minak eta zoritxarrak aldiro aipatzen, oilategia arakatzen zuen, baserriaren inguruan neskatoren bat ikusiz gero ez zuen unetxo batean ere bakarrik uzten, bilobei astirik ez ematearren ahal zuen heinean lanpetzen zituen, igandero mezetara berarekin eramaten, mutilen logelen ondoko zorua lapikoz, pertzaz eta aulkiz josten zuen gauez norbaitek irteteko saioa eginen balu bera garaiz konturatzeko, errosario saindua ere errezarazten zien... Hiru morroskook, ordea, tontoak ez nonbait, eta amonaren trabak gainditzean jartzen zuten beren jakintza osoa: behiak jetzi egin behar zirela, ahuntzak etxera ekarri, lastoa metatu, ximaurra eraman, albaitariari deitu, apaizari gazta bat bidali, etxekonean lagundu, sekretarioari eskakizuna egin, alkateari zergak ordaindu... Horrenbestez, bata ez bazen bestea, ia beti lortzen zuten norbaitek alde egitea.
Gainera, amonak jakin zuenez, ez ziren inguruko neskak bakarrik bilobekin ibiltzen zirenak: kalekume batzuk ere etorriak ziren, gazteen ospeak erakarrita-edo, eta hura bai zela beldurgarria, kalekumeek ez baitzekarten ezer onik baserrietako mutilentzat. Etxeko ondasunak xahutuko dizkidate etxekalte hauek! pentsatzen zuen Malanttonik, eta kontu hura bukarazi egin behar zuela nola edo hala. Apaiz jaunagana jo eta eskatu zion, arren, esan zezala sermoian ezkondurik ez dauden mutilekin joaten diren neskak elizatik kanpo eta Beltzeburen eskuetan daudela; apaizak, berriz, ezin zuela horrelakorik esan, garai haiek iraganak zirela, hori esango balu herriko neskak ez liratekeela gehiago elizara hurbilduko, atso kontuak ahazteko, gazteak etorriko zirela urteekin bide zuzenera eta antzeko lelokeriekin erantzun ondoren, ea bromuroarekin proba egin al zuen galdetu zion. Halako erantzun eskas eta izutiaren ondotik galdera zozoagorik! Zer uste ote zuen abade zahar horrek, bere bilobak katakumeak edo gizagaixoak zirela, haien gizontasuna hori eta horrenbestez itzaltzeko? Eta hori pentsatzerakoan mutilen aitona zetorkion burura, bere senar zena: hura bai gizona! Haiek erauntsiak! Ustekabean, harrotasun apur bat sumatu zuen bere artean, biloben ahalmena zela-eta.
Baina Malanttoni ez zen lasai gelditu; hura ezin zitekeen izan, eta bestelako ekintzetara jo zuen orduan: oilategiko eta beste toki aproposetako txokorik ezkutu eta leunenetan —bere iritziz txortaleku ederrak zirenetan— zepoak jarri zituen; bazekien baldarregia zela, mina egin zezaketela, baina inor ez zen hilko, eta izualdi on bat poliki etorriko zitzaien, ea zentzatzen ziren behingoz.
«Zenbat sufriarazten didaten mutilok, ene! —pentsatu zuen amonak zepoak jarri ostean oherakoan—. Txikiena jaio eta ama erditzean hil zenetik zenbat aldiz ez ote dizkiet eman ipurdiko onak, eta hala ere ezin sosegatu. Aita egun guztian kalean, tabernaz taberna, hordi arraila, eta ni hemen, astakilo hauek zaindu eta zuzendu nahian; nahi eta ezin: ni geroz eta ahulago, haiek urtetik urtera basapiztiak baino okerrago. Ai San Antonio Urkiolakoa!»
Horiek zituen gaueroko salmoak baina, nahiz eta ahul zegoela esan, ez zen guztiz egia: urteak zituen, bai, baina osasunak ez zuen oraindik uzten; zamak garraiatzeko edo ganbarara igotzeko bazuen indar aski, baita sukaldeko lanak egiteko, bilobei errieta emateko edo beste edozein betebeharretan laguntzeko ere.
Hurrengo egunetan zepo guztiak begiratzen ere izan zuen nahiko lan, nahiz eta ezer aurkitu ez —gazta pixka bat jarri balu sikiera, saguren bat eroriko zen agian—; hala ere, hobe zukeen deus aurkitu ez balu ikusi zuena ikustea baino, halako batean zera topatu baitzuen: horietako galtzerdi bat, bai, plastikozkoa-edo, barruan berak ongi ezagutu arren aspaldian ikusi barik zuen esne lirdinga hura zeukana, eta harrapagailuan nahita sarturik zegoen gainera. Han etorri ziren izua eta ondoeza, ai nire bihotza arnasa hartu ezin dudala!
Bi egun pasa behar izan zituen ohean, galtzerdiaren gaitzak jota. Gazteek irri egiten zuten, aita gehixeago agertu zen etxe aldean eta edanari zeharo laga ez zion arren, botilari ez zion hain maiz oratzen. Baina Malanttoniren ordua luzaroko zihoan: amona sendatu zen, aitaren zintzurrak berriro ezagutu zuen ardoaren goxoa, eta hiru mutikoak ba... betikora.
Halako batean, Inaxio Jabierren galtzontziloak lisatzen ari zela, Tia Juana etorri zitzaion Malanttoniri, izerdi patsetan. Lasterka hitz egiten hasi zen baina, mihi punttan garatxo eder bat edukitzeaz gain totela zenez gero, lanak izan zituen Malanttonik auzoak esandakoa zuzen ulertzen. Azkenik, ordu laurden baten buruan jakin zuen dena: Tia Juanak, marrubiak biltzen ari zela, ustekabean entzun zuen nola Anjelmarik agintzen zion Errekaldeberriko Eukeniri arratseko zortzietan Bordatxuriko lastategira joateko. Malanttonik eskertu zion mesedea, nahiz eta bere artean pentsatu jende gehiegi zegoela jakinaren gainean.
Egun hartan, zortziak jo aurretik, Martinen goldea konpontzera joan behar zuela-eta etxetik irten zen Anjelmari. Malanttonik zera esaten zion bere buruari: «Alu hori, ondo asko zekiat nik nolako goldea konpondu nahi duan alproja horrek, baina espero ez duana aurkituko duk oraingoan, lotsagaldu horrek, ez nauk berriro izorratuko, ez.» Eta, mantala kenduz, Bordatxuri aldera abiatu zen Malanttoni.
Amona lastategian sartu zenean ilunpean zegoen dena; ez zen zipitzik ikusten; haztamuka mugitzen zen, isilka, lasto tartean ia-ia etzanda. Bat-batean, esku bat jarri zioten sorbaldan; ikararen ikaraz ez zen zentimetrorik ere mugitu; beste esku batek heldu zion besotik, estuago orain, eta, arnasa etenda bezala, zur eta lur gelditu zen; gero, ukondoan zuen eskua beherantz joan zitzaion izterreraino eta gizon baten hatsa aditu zuen belarri eta masailean; hiltzear zegoen amona. Izterreko eskua azpiko gonan gora zihoakion bitartean Anjelmari salatzen zuen ahots adurti batek «Eukeniii» esan zion mutur ondoan; beldur bizia amorru basati bihurtu zitzaion eta sudur zuloek, ireki eta itxiz, berebiziko orroa egin zuten: brmmrr, brmmrr, brmmrr. Izutua Anjelmari izan zen orduan, kakalarri ahotsez oihukatu zuenean: Amona??!!
[1983]