16 ipuin amodiozko
16 ipuin amodiozko
2002, narrazioak
240 orrialde
84-95511-53-3
azala: Garbiņe Ubeda
Xabier Mendiguren
1964, Beasain
 
2008, narrazioak
1992, ipuinak
1987, antzerkia
 

 

Ene dama maite horri
azken gutuna

 

Ene dama maite hori:

        Hau da bidaliko dizudan azkenengo eskutitza, eta horregatik eskatzen dizut, hemendik bertatik, bukaera arte irakur dezazula; tartean zernahi topaturik ere, izugarriena nahiz lotsagarriena izan, bihotz izan eta adorez segi dezazula azken lerroraino, horrela baizik ezingo bainaiz lasai gelditu, horrela bakarrik jakin ahalko baitut gutxienik entzun nauzula eta, agian, baita konprenitu ere. Gero, nahi baduzu txiki-txiki egin edo bihotzaren zolan gorde, nik beti gorde izan zaitudan bezala; edozer egin, maitea, baina aurrena utz iezadazu ene egia osoa lehen eta azken aldiz kontatzen. Horrenbeste merezi dudalakoan nago, hainbeste urtetan zehar elkarren maitasun-aitorpenen lekuko eta egile izan ondoren.

        Izan ere, neu naiz bai, ongi aski dakizun legez, zeure amodio-nahi eta gurarien urtetako irakurle saiatu eta bozkariotua; neu naiz bai, nire irrits isil eta irrika gorde guztiak agertu dizkizuna. Horixe naiz ni, bai, baina aldi berean ez naiz zuk uste duzuna. Nola uler liteke ezin adituzko korapilo gaitz hori? Lotsa naiz esateko, ene bizitza osoan inoiz izan naizen baino lotsa eta herabeago, baina halaz guztiz esan beharrean naiz, aitortu beharra dizut, aitorpen lotsagorritu hauxe baita azken gutun honen arrazoi nagusia. Baina... hara: bi hitzetan zirt-zart kontatu beharrean, ene bizitzaren pasarte batzuk azalduko dizkizut, zurekin eta batik bat gu bion hartu-emanarekin zerikusi estu-estua dutenak, eta hauek irakurri ahala berehala igarriko diozu ene sekretu lazgarri eta esanezinezko honi.

        Herrira iritsi nintzenean, artean ez nintzen ene bizibidearen berezitasunez jabetzen. Egokitu zidaten lehenengo lantokia zen, lehenengo eta azkena, inork ulertu ez baina nik ongixko nekizkien arrazoiak zirela-eta inoiz ez bainuen alde egin nahi izan beste guztientzat hiri handiagoetarako iraganleku huts besterik ez zen herrixka honetatik. Hasiera hartan nik ere lehenbailehen alde egitea nuen amets, ezerk ez ninduen lotzen denboraren joanean neure esku-ahurrak bezain ezagun eta begi-niniak bezain ezinbesteko bihurtu zaidan leku galdu honetara. Etxez etxe zaku baten garraio ibiltzea ogia irabazte aldera egin beharreko lan nekagarria besterik ez zitzaidan egun haietan, baina aurki deskubritu nuen zakuan ogi truke garraiatzen nuena ez zela ikatz beltza, irina bezain paper zuria baizik; paper horrek, gainera, paper gehiago zeramatzan barnean, paper hutsa baino askoz gehiago zirenak: gizakumeen egitate eta sentimendu, beldur eta nahikundeen agerpena. Langile huts eta hitsa izan beharrean, gizon garrantzitsu sentitzen hasi nintzen, jendearen arteko lokarri eta mezulari nintzelako. Ez zitzaidan gehiegi axola jende horrexek ni aintzat ez hartzea, ene lana sats-biltzailearena baino areago ez estimatzea, nire baitan banekielako haien denen bizitzen gaineko nolabaiteko aginpidea nuela, zelan edo halan guztien bizitza nik neuk gobernatzen nuela. Eskura nuen horren froga: aski nuen honek bidalitako gutun garrantzitsua ez igortzea, besteak irrikaz espero zuena galtzea. Jainko txiki sentitzen nintzen hartaz pentsatzean, baina ez nuen halakorik batere egin, aski baitzitzaidan egin nezakeela jakitea. Bere menpekoak gogortasunez zigor ditzakeela jakin baina erruki izatea nahiago duen errege ahaltsuaren antzera, nik ere gutunazala eskutan hartu, zer ote zekarren une batez gogoan erabili, eta bere bidean uzten nuen, eskuzabal.

        Zu ezagutzearekin aldatu zen hori. Dena aldatu zen zu ezagutzean. Hasieran ez zinen izen bat baizik, gutunazal batzuetako aurrealdean eta besteen gibelaldean agertu ohi zen izena, baina handik laster, izen hori behin eta berriz errepikatzen zela oharturik, aurrez aurre ikusteko gogoa piztu zitzaidan. Ez zen zaila, noski, eta itsu izan behar zen, ni neu lana ez zen beste edozertarako nintzen bezala, lehenago ez erreparatzeko. Zure ibilera airos hura, zure eskuen kadentzia emea, burua makurtzeko eraren malenkonia... Eta begien distira, ilearen kizkurra, lepoaren segaila, gerriaren liraina, besoen zuria, masailen gorria, aurpegiaren obaloa, bularren gordea, dena nuke goresgai, behin eta birritan kantatu eta famatu dizkizut, baina ez dut azken aukera hau pasatzen utzi nahi beste behin bederen azaldu gabe, zenbateraino maite eta miresten zaitudan.

        Amodioaren ziztada zu ikusi orduko sentitu banuen ere, maitasunaren sua pixkana-pixkana goritu zen ene bihotzaren labean. Jakin-minak ikusmina eta honek maitemina ekarri baldin bazuten, maitasunak berriro eraman ninduen jakin-min are irrikatsuago batera. Zenbatero idazten zenuen begiratu, zenbatean behin jasotzen zenituen erreparatu, eta azkar aski konturatu nintzen, axola gutxiko beste hainbat eskutitzekin batera, hamabostean behin iristen zitzaizula gizonezko berak igorritako gutun bat, eta bizpahiru egunen buruan, hutsik egin gabe, hamabostero bidaltzen zeniola zeurea gizon berberari. Haren helbidea sarri-sarri ez bazen ere lantzean behin aldatzen zen; zurea, berriz, beti bera, betikoa. Jakin-minak baino gehiago bekaitzak jaten zizkidan erraiak. Izan zitekeen harreman profesionalen bat, aspaldiko adiskidetasuna, edota deituren loturarik gabeko ahaidetasuna. Izan zitekeen, bai, baina ene barrenak maitasunezko gutunketa zela esaten zidan, eta goganbehar horrek iltze baten antzera zulatzen zizkidan bihotz-buruak.

        Halako batean, zuretzako gutuna neramakizula, bidean erori eta min hartu nuen. Ez zen istripu larria izan baina, ahal nuen moduan, etxera joan nintzen zurera segitu beharrean. Gauean, hobeto nengoela-eta jaiki nintzenean, patrikan neraman eskutitza etorri zitzaidan gogora. Atera banuen, atera nuen: zure izena idatzita ikusteak erre egiten zizkidan begiak; erre, halaber, gutun hura ukitzen zuten behatz-mamiak. Amorruak eraginda, gutunazala urratzekotan egon nintzen, baina eldarnio-uneetan ere bada barne-txinparta bat argi egiten diguna. Ernegazioa bideratu eta, hotz-hotzean, hautsi gabe zabaldu nuen sobrea. Ez dago azaldu beharrik nola. Gure lanbidekook beti jakin izan dugu horrelakoak egiten. Ireki nuen bada gutunazala, eta nire susmo txar guztiak hantxe zeuden, krudelki egiaztaturik, gordinki haragiztaturik. Itsumenak gutuna hautsiarazi zidan ia-ia baina, ez dakit zerk eraginda, kalkulu maltzurrak ala lanbidearen ardurak, bere tokira bihurtu nuen gutuna eta txintxo-txintxo eraman nizun biharamunean.

        Lehen bekatua omen da larriena, atea zabaldu ondoren aldapan behera joatea bezain erraza omen da bide makurretik segitzea. Halatsu nire kasuan ere: handik bi edo hiru egunera, gutun batekin etorri zinenean, kontzientziako kargu handirik gabe gorde nuen patrikan, gero irakurtzekotan. Baita egin ere, nire gelako bakardadean. Maitasun sutsu eta egartsuz zipriztindutako hitz bakoitzak bihotz-zimiko bat egiten zidan, min ematen zidan eta hala ere jarraitu egin nuen. Jarraitu ez ezik, behin eta berriz irakurri nuen, silabak banan-banan aletuz, lerroz lerro ahogozatuz, ele eder haiek denak besterentzat ez baina niretzat balira bezala. Amets-lilura hartatik itzartzean purruskatua nuen bihotza, lur joa bizi-gogoa, eta herrixkatik beste norabait bidaltzeko eskatu nien agintariei. Funtsezko arrazoirik eman ezean ezinezkoa zela erantzun zidaten, eta, egiazko arrazoia aitortu ezinezkoa zenez gero, isilik geratu eta hementxe segitu nuen, nire eguneroko lanean.

        Nire eguneroko lanean eta hamabosteroko arakatze bikoitzean. Ia oharkabeko ohitura bihurtu zitzaidan, zuregana zihoazenak nahiz zuregandik zetozenak, komentu eta kartzeletan egiten omen den bezala, aldez aurretik nik irakurtzea. Horrelaxe jakin nuen harreman horren nondik norako zehatza. Lanean zebilen bera, handik hona, munta handiko gorabeherak esku artean nonbait, eta beti zuregana etortzeko asmoz, azkenik ezkontzeko irrikaz. Zu, berriz, egun hori noiz iritsiko zain, zuek biok behingoz elkartzea afera horiek denak baino garrantzitsuagoa zelakoan. Behin eta berriz errepikatzen ziren bateko eta besteko tira egite horiek, maitasun irakinaren adierazpenekin eta eguneroko txikikerien kontaketarekin batera.

        Postaren taburik behinena hautsita, bestelako aldrebeskeria batzuk ere egitekotan izan nintzen: adibidez, bataren zein bestearen gutunen ordez nik neuk idatzitakoak sartzea, hartara, bati aurrena susmo txar eta gaitzespen txiki batzuk asmatzen banizkion, hurrengoan besteari hoztasun moduko bat egokituko nion, eta hala, apurka-apurka, bien arteko amodio noizbait bero izandako hura epeldu egingo zuten urruntasunak eta nire trebeziak, izoztu gero, eta, izotz-puska bat bezala, azkenean aiztoa indarrez sartu eta mila zati egingo nuen. Gaizki eginaren damuak ez baina beste zerbaitek geldiarazi ninduen: batetik, pixkanakako maitasun-hozte horren eraginez, urrun zebilen gizona ez ote zen bat-batean han agertuko, edo zu harengana joango, gaizki ulertuak konpondu eta okerrak zuzentzeko asmoz; bestetik, bestearen letra bai, imitatzen aise ikasi nuen arren, zeure idazkera biribil polit hori irudikatu eta antzeratu nahian egindako saio eta ahaleginak erabat ustel irten zitzaizkidan. Hori dela eta, gutun faltsuak asmatzeko beldur izan nintzen, eta zuen arteko egiazkoen irakurle huts, ikusle mutu izaten jarraitu nuen.

        Bazen lasaitzen ninduen beste alderdi bat ere: zure eskutitzak beti bezain grinatsu eta benazkoak baziren ere, bestearenak berriz, nire pentsamendua igarri balit bezala, apur bat epelago ez ote ziren bihurtzen ari. Maitasun-aitortzak han ziren betiere, itzultzeko borondate errepikatuarekin batean, baina formula eta formalismo antza ikusten nien nik, eta gure lanbidean urrundik dakigu konplimendu burokratiko horiei antzematen; haren bizilekuak, berriz, negozioek hartaratuta, hurbildu beharrean urrundu egiten ziren denbora igaro ahala, eta, bere eguneroko bizitzaren xehetasunik batere ez kontatzea maiteagandik bereizitako bizimodu hura interesgabetzat jotzearen adierazgarri izan bazitekeen ere, neure artean egiten nuen, ez ote zen aitortu nahi ez lukeen zerbaitetan ari. Hortaz, hamabostean behingo betebeharrari huts egiten ez bazion ere, betebeharra zelako ez ote zen pentsatzen nuen, eta itxaropen izpi bat erne zen ene baitan.

        Izpiak izpi, ez nuen inondik inora espero egun batean jaso nuen hura. Zuretzako gutuna zen, besteak bezalakoa. Besteak bezalakoxea ez ordea, pisuan bertan igartzen baitzitzaion besteetan baino paper gutxiago zekarrela. Nik ezer susmatu ez, ordea. Etxera iristean, beti bezala atea itxi eta beste ezer baino lehen gutunazala zabaldu nuenean, hura ustekabea! Beste batekin ezkontzen zela, urrutiko lurralde haietan, eta hortaz hautsi egiten zituela zurekikoak. Aurrerantzean ez zizula besterik idatziko eta zuk ere alfer-alferrik izango zenuela hari idaztea. Barkatzeko hitzik ere ez, sentitzen zuela soil-soilik, bi hitzetan eta eskutitz amaieran.

        Zerua zabaldu zitzaidala uste izan nuen lehen unean. Amarrukeriaz nahi izan nuena hantxe neukan, berez-berez etorrita. Zure lehengo lokarri hura hautsita, libre neukan bidea. Baina, ez zen lokarri hura hautsiko zen gauza bakarra: zure bihotza ere erdi bi egingo ote zen beldur izan nintzen. Ez hori bakarrik: pentsatzen jarri eta, zer aukera izan ote nezakeen nik zure maitasuna eskuratzeko? Zu horren polita eta ni berriz honen ziztrina. Itxuraren ederra alde batera utzita ere, gizarte maila garaiagokoa zinen zu, eta ni berriz funtzionario txipi, ilun eta arrotza. Gainera, zure mila dohainen aldean jartzeko, nik ez nuen ez jendetasun, ez ondasun, ez edertasun, ez sarritan behartsuen bertute izan ohi den alaitasunik ere. Edonorentzat oharkabean pasa ohi diren gizon gris horietakoa naiz, inoiz inori eta ezergatik deigarri izan ez zaion horietarikoa. Nondik nora begiratu nahiko zenidan? Zer dela eta maiteko ninduzun? Nobeletan izan ohi da bataren kemena bestearen bihotza bereganatzeko dina; baina ni, nobelen egian ez sinesteaz gain, ez nintzen sentitzen zuretzako duina.

        Lehengo zerua zulo, bide zabala amildegi. Aurkitu nuen halere nondik irten. Ez nituen ahaztuan haren idazkera imitatzeko saioak, eta neke handirik gabe neureganatu nuen haren letra, antzaldatze handirik gabe jarri nuen eskua haren mugimendu eta bihurtzeetara. Hark ohi zuen baino sutsuago jardun nuen nik lehenengo imintzio aldi hartan, neure bihotza bailitzan mintzo zitzaizuna. Eta halaxe sentitu nintzen zure erantzuna jasotakoan ere, alegia, hari ez baina niri ari zintzaizkidala, nik esandakoen oihartzunak ageri baitzenituen nonahi. Alde bakarra, haren izena hartzen zenuela etengabe luman eta ahotan.

        Bi aste iragan eta, noski, ez zen haren gutunik iritsi. Zalantza handirik gabe ekin nion berriz ere idazketari, gehiegi pentsatzeke, langa altxatu eta neure baitako isuriari bidea libre utziaz. Behin eta berriz errepikatu zen egintza bera, behin eta berriro jasotzen nituen zure erantzunak. Bestearen izena agertzea ez zen jadanik oztopo, begia ere ohitu egiten baita, eta hura ikusi orduko neure izenaz ordezkatuta iristen zitzaidan burura. Bestearen idazkera itxuratu beharra ere ez zitzaidan batere kostatzen, errazago egin ahal izateko egunero-egunero jarduten bainuen horretan, eta, azkenerako, ez dakit berea baino neureago ez ote nuen. Oztopoak beste nonbaitetik zetozen. Zuk ekin eta ekin zeniharduen, itzul nendila eta elkar gintezela behingoz. Nik ere horixe nahi baina... Beste haren itxurakeriarik eta zurikeriarik gabe, nolabaiteko aitzakiak asmatu behar zure deiari jaramonik ez egiteko, biharamunean bertan atean izango ninduzula ez erantzuteko. Aterabide sinesgarri bakarra aukeratu nuen: ihesa, urrunago joatea.

        Laneko nahaste-borraste harrigarri bat asmatu nizun, urrun joanarazten ninduena. Xehetasunik ez nizun eman, eta bai erregutu, ordea, zuk ere ez eskatzeko halakorik, esan gabe baina aditzera emanaz gorabehera ilun samarren batean sarturik nengoela. Harrezkeroztik, munduko bazterrik urrunenetatik hasi zitzaizkizun iristen gutunak: batean Bangkok bestean Chicago, aurrena Melbourne hurrena Calcuta, Camagüey ez bazen Badem-Badem, Shangai utzi eta Kinshasa jo. Inoiz ez bi hilabete baino gehiago toki berean, eta, egia osoa esaten hasita, ezin ukatuko dizut jolas alaia ere bazitzaidala hara-hona etengabe hura, munduko posta-zerbitzu guztietako seiluak lortzea eta zigilu-markak itxuratzea jostagarria ez ezik neure lanbideko batentzat erronka modukoa baitzen. Zu, berriz, mugimendu jarraitu hark izutua, noragabeturik gelditu zinen, lege kontuetan sasiko nenbilela erabat sinetsita; eta, gertatzen zena gertatzen zela, bihotz-bihotzez maite ninduzula eta bai maiteko ere errepikatzen zenidan oraingoan bai eta hurrengoan ere bai. Zeruko doinua zen hura nire belarrientzat, eta aspaldiko zure maitale ustel haren faltsukerien ordez nire barrengo sentimenduak bururatu ahala husten nizkizun, ezer gorde gabe, idazketa-une haiek baitziren biok bat egiten genueneko bakarrak.

        Zalantza-uneak ere izan nituen, egia esan. Ez niregatik, nire poza bete-betea baitzen zureak jaso eta neureak igortzen nizkizunean; luzamendu bakarra, berriz ere hurrengoa bidali arteko itxarote hura izaten nuen, eta, bi asteko epea laburtzeko asmoa behin baino gehiagotan bururatzen bazitzaidan ere, pentsatzen jarrita, urrun haietatik joan-etorria egiten azkarrago ibiltzea ezin sinetsizkoa izango litzaizukeela ondorioztatzen nuen; epeari zintzo-zintzo eusten niola-eta, nola ez ote zenuen susmorik, harritzen nintzen ni, baina hola hobe. Esan bezala, zalantzak ez ziren niregatik, zuregatik baizik: benetako maitasunik ez izatera zigortzen baitzintudan, kaiolatik ihes egindako txoriaren gisa joan zitzaizun haren ordez paperezkoa ez baina hezur-haragizko beste gizaseme bat bilatzea eragozten. Paperezko kaiola baitzen zure inguruan ehotu nuena. Baina zuk kaiola hartan horren pozik eta zoriontsu zenirudien! Inoiz ez zenuen duda-mudarik ñimiñoena ere azaldu, ez neke-arrastorik ez asperdura-zantzurik. Aitzitik, etengabe berritzen zenidan aspaldi emandako maitasun-zina, eta nik hona etortzerik ez banuen zu niregana joango zinela ziurtatzen zenidan. Nik, noski, ezetz esan behar, nire bizia arriskupean zegoela eta ez nuela inola ere nahi zuri ezer gertatzerik. Biziki sentitzen nuela zu horrela, bakarrik, eduki beharra, ez bainekien noiz arte ibili beharko nuen batetik bestera ihesi, eta, beraz, askatasuna ematen nizula, harreman hura hautsi nahi bazenuen inongo gupidarik eta gaizki eginaren damurik gabe hala egiteko. Berehala iritsi zen zurea, besteetan baino zoliago, esanez ezen zuretzat ez zela nitaz beste gizonik, eta beti itxarongo ninduzula, baita urtetan zain egon behar bazenuen ere.

        Urtetan... Zenbat urte igaro ote dira harrezkero? Asko... Zuk beharbada galdu duzu kontua, jakin ezinik, gainera, noiz arte idatzi zizun estreinako maitale gezurtiak eta noiztik aurrera zure benetako gurtzaile honek. Nik, berriz, ondo gogoan dut, eta gogoan ez banu ere esku artean ditut, neroni idazten hasi nintzaizunetik bidali dizkidazun guztiak. Paper horixkatuak dira dagoeneko, denboraren joanak eta eskuztatze sarriak gastatuxeak, zaharrenak behinik, baina behin eta berriz jotzen dut atzera berauek irakurtzera. Berrirakurketa horretan ematen ditut nire txolarteak, zure aldamenean nagoela sentituz, urte hauetan guztietan elkarren ondoan bizi izan bagina bezala. Eta neurri handi batean halaxe izan delakoan nago ni. Berdin izan ote da zuretzat? Baiezkoan nago, kalean pasatzen ikusten zaitudanean ez baitaramazu neskazaharren itxura alferrikaldua, lizuntzen utzitako jakiarena; aitzitik, lehengo ibilera airos hura apur bat mantsotu bada ere, bere hartan dituzu eskuen kadentzia emea, burua makurtzeko eraren malenkonia. Urteak pasa dira, bai, baina beti bezain maitemindurik naukazu eta lehen egun hartan bezain liluragarri ikusten zaitut: begien distira, ilearen kizkurra, lepoaren segaila, gerriaren liraina, besoen zuria, masailen gorria, aurpegiaren obaloa, bularren gordea... Inoiz besotan estutu ez izana dut pena bakarra, baina honezkero ez du merezi horretaz arranguratzea, irudimenezko mundu batean bizitzen ohitu naizelako batetik, eta, bestetik, nahita ere nire besarkada ez litzatekeelako nik nahi adinakoa, zuk merezi bezalakoa.

        Hortaz, orain ere zure haragia nire haragiarekin, zure ahoa neurearekin bat egiteko esperantzarik ez badut, zertarako hau dena idatzi? Zertarako hautsi orain arte horren ongi gordetako kutxa sekretu honen sarraila? Neronek ere ez dakit ongi. Baina badira arrazoiak, noski. Bata, berehalaxe hartu behar dudala erretiroa, eta, lantokitik urrunduta, ezingo ditudala zureak jaso, ez neureetan zure esanei erantzun. Agian joan ninteke bazter urrun batera, handik idatzi eta bertan jaso zureak. Baina, zu ezin ikusia gogorra izateaz gainera, medikuek esan berri didate gaitz alu batek jan didala barrena, eta denbora gutxiko bizia geratzen zaidala. Geratzen zaidan apur hau zurekikoa kitatzeko aprobetxatu nahi izan dut. Hau dena jakinda, iruzur batean bizi izan zarela pentsa zenezake, engainatu egin zaitudala eta alferrik galdu duzula bizitza. Alferrik galtzearena baliteke, iruzurrarena ere bai, baina zaude ziur nik ez zaitudala engainatu, gutun guztiotako maitasun hitz bakoitza benaz eta zinez sentiturik esan dizudala, azken hauek esaten dizkizudan bezala. Merezi izan du zu maitatzeko bizi izatea. Beste horrenbeste pentsatuko ahal duzu nitaz!

        Kalte egin badizut, barka nazazu, eta, maitasun zoro hau aintzat hartuz gero, nire oroitzapena gogoan izazu. Dena dela, ez zaitez saia niregana etortzen, alferrik izango baita: gogorregia izan zait hau dena kontatu beharra, nire lanbidearekiko traizioa aitortzea, eta, hau jasotzen duzunerako, medikuek aurreikusi didaten bizialdi laburrari akabera azkarxeagoa emana izango diot.

        Maite izan zaitu,

Postariak.

 

[1993]