16 ipuin amodiozko
16 ipuin amodiozko
2002, narrazioak
240 orrialde
84-95511-53-3
azala: Garbiņe Ubeda
Xabier Mendiguren
1964, Beasain
 
2008, narrazioak
1992, ipuinak
1987, antzerkia
 

 

Amuña Margarita

 

Triste zegoen gure amuña. Triste edo ez dakit nik zer esan. Ezin esan goibel eta kopetilun zebilenik, baina galdua zuen garai bateko bizitasuna, berriketarako gogoa. Aspaldian ez zitzaidan hau zela eta hura zela errietan etortzen, ez zen gurekin haserretzen, baina jadanik ez zen gure katramilen berri jakiteko irrikan egoten ere. Ez dakit nola esan; elkarrizketari ihes egiten zionik ere ez nuke esango, itzuri ez baina, lehen ordutan aritzen zitzaizun txutxumutxuka gelditu ere egin gabe, zirenak eta ez zirenak nahastuz, harako haren eta honako honen kontu eta komeriak gora eta behera; azken aldian, ordea, hizketan ari zintzaizkiola, begiak lauso eta burua beste zerbaitetan bezala sumatuko zenuen, eta zer zuen galdetuz gero «e, e, zertan ginen?» erantzungo zizun siestatik jaiki berria balitz bezala.

        Leiho ondoko siloian jarrita ematen zituen arratsalde osoak, bere txokoan kuxkurtuta, gantxillo edo puntuaren orratzak esku artean. Erreparatuz gero, beheko ezpaina noizean behin dardarka izaten zuela konturatuko zinen, ez ordea halako tik edo zera horietakoren bat zuelako; bazirudien isilpeko marmarrean aritzen zela, halamoduzko bakarrizketan edo erantzulerik gabeko elkarrizketaren batean galduta.

        Arratsaldeko sei eta erdietako asperdura hezur-mamietaraino sartua nuen batean, telebisorearen botoiari sakatzeko gogoari eutsiz eta zer egin ez nekiela amuñarenera joan nintzen aspaldiko partez. Atzealdetik hurbildu nintzen isil-isilik, eta ez zen konturatu ere egin. Jolaserako gertu, begiak tapatu nizkion eskuez.

        — Zertan ari haiz, txepetx halakoa? —esan zidan askatuz; baina gero irribarre herabe bat eskaini zidan. Ez, amuña ez zegoen gurekin haserre.

        Gantxilloz apaindutako siloiaren besoan eseri nintzen eta nire bi besoez amuñaren lepoa inguratu; maina bila nenbilen nonbait, mainetarako adina pasea izan arren; ea norentzakoa zen egiten ari zen jertsea galdetu nion.

        — Ez dun jertsea, Asierrentzako galtzerdiak ditun. Baina ken hadi gainetik, tuntuna, ez didan uzten lanean eta.

        Gure amuña, udaren bukaera aldetik puntuari lotzen zitzaion, zetorren neguari aurrea hartu nahiz, guztiok babestuko gintuzten jertse eta antzekoak egiteko. Hori urtero-urtero. Nik ez nuen bakean uzteko gogorik, ordea. Gogaiturik egoteak eman ohi duen mutirikeriaz ziri eta ziri aritu nintzaion. Amuñak bere kontu zahar horietako bat kontatzea nahi nuen: osaba Pedro Kubara joan zenekoa, Maritxu lehengusinari markesen etxean neskame zegoela gertatutakoak eta beste hainbat pasadizo. Hamaika aldiz entzunak nituen, baina ez nintzen aspertzen hala ere. Fotografia horituen bidez baino ezagutzen ez nituen haien guztien istorioak pozarren eta txoratzen entzuten nituen, bestelako garaietako janzkera, izen eta pentsamoldeek burua berotu egiten baitzidaten, beste sasoi bateko ohituren oihartzunak, bitxiaren bitxiz, nire imajinazioa lurralde zabal eta ezezagunetara hegan eramaten. Beste batzuek barre egin ohi zioten estreinako automobila ikusi zuteneko larrialdia kontatzen zigunean; ni, berriz, neure burua haren lekuan eta garaian kokatzen saiatzen nintzen, ke eta zarata hark sortutako iskanbila eta estutasuna imajinatzen, eta neronek ere halako zirrara moduko bat nabaritzen nuen.

        Egun hartan, ordea, bazirudien amuñak ez zuela nire kutixia bete nahi, eta Asierren galtzerdiekin segitzen utzi behar nion, noiz eta, bat-batean, bestetan ere sumatutako begirada tristeaz, zera esan baitzidan:

        — Garbiñe, joango al gaitun aurrekoan izan ginen pelikula ikustera?

        Erabat harrituta, baietz erantzun nion, periodikoan begiratu behar nuela ea oraindik botatzen zuten edo kendua zuten. Sor eta lor nengoen: amuñak ez zuen sekula zinera joan nahi izaten, eta oso parada bereziak aprobetxatu behar izaten genituen hara eramateko, bere urtebetetzea esaterako, pelikula hori ikusi genuenean bezala. Amayan botatzen zutela esan nionean argi berri batez piztu zitzaizkion begiak eta janztera abiatu zen.

        Nik sumatzen nuen bazela hor zer edo zer berezia. Arraroegia zen. Zerikusiren bat izan behar zuen azken aldiko goibelaldi horrekin. Ezin nezakeen seguru esan baina, amuña Margaritaren tristura bolada hori pelikula lehendabizikoz ikustearekin batera hasiko zitzaion, beharbada. Milaka ideia zetorkidan burura, bor-bor egiten zuten horrenbeste burutaziok nahasian, baina ez nuen ezer argirik ikusten. Gainera, zenbat eta ilunago agertu hura guztia, hainbat eta jakingurago nintzen.

        Bidean ez genuen hitzik egin halere. Amuña berriz ere bere gogoetetan murgilduta zegoela ematen zuen, eta niri ez zitzaidan bururatzen nondik hasi hizketan.

        Pelikula ikusten ari ginela, zeharka begiratzen nion amuñari: adi-adi sumatzen nuen aldika, begiak pantailan tinko, kliskaren bat egiteko besterik apartatu gabe. Filma ezaguna nuen eta ez zen, egia esan, sobera interesgarria. Beraz, haren erreakzioak hauteman ahal izateko edo, amuña Margaritari so geratzea erabaki nuen, filmarekin zerikusi zuzena zuen zerbait baitzen, dudarik gabe, amuñaren jokaera arraro haren jatorria. Eta ez zen alferlana izan behaketa hori, berehala ohartu bainintzen pelikulako protagonistetako bat azaltzen zen bakoitzean, gizaseme galaia berau, orduan estutzen zuela amuñak eskuen artean zuen musuzapia. Horrez gain, pelikulak aurrera egin ahala begiak malkoz ari zitzaizkion betetzen gure amuñari.

        Bukatu zenean gorri-gorri eginda zituen begiak, eta aitzakia bota zidan badaezpada:

        — Antiojorik gabe etorri naun-eta, horrenbeste denbora begira egoteak kalte egin zidan.

        Nik baietz egin nion buruaz, eta kafesne bat hartuko al genuen galdetu. Han inguruko kafetegi kaskar batean sartu ginen eta kafesne bana eskatu, nik croissant batekin eta amuñak suizoarekin. Mila gauza nituen esateko, galdetzeko, jakiteko, baina, gezurra badirudi ere, hitzik ere ez nuen esan, nola hasi ezin erabakiz. Halere, isiltasun hori berriketa baino emankorragoa suertatu zitzaidan, psikoanalisten isiluneak bezala-edo, eta agian apropos egin nuen, ni konturatu ere gabe. Kafesnea bukatu zuenean, serbilletaz muturra garbitu eta mukizapiaz begiak sikatu ondoren, hizketan hasi zitzaidan, poliki samar hastean, bizkorrago gero, nire eskari hitzik gabea ulertu balit bezala.

 

 

«Ni orduan gaztetxoa nindunan. Zenbat urte ote nuen bada? Hamazortzi?, hemeretzi? Hor nonbait. Honezkero nahastu egiten zaizkidan fetxak buruan. Kosturera nindunan ni, Doña Rosaren etxean. Kategoriako etxea zunan hura, ez pentsa gero. Nik botoi-zuloak egiten nitinan, eta botoiak josi ere bai. Doña Rosak esaten zidanan nolako zuloak nahi zituen, handiak edo txikiak, goitik behera edo zeharretara, eta nik berehala egiten nitinan. Berealdiko poza hartzen ninan gero señorito guztiak nik jositako botoiekiko trajeekin ikusten nituenean. Eta ez pentsa Donostiakoak bakarrik zirenik Doña Rosaren trajeak eramaten zituztenak, Madrilgoak ere bai asko, eta urrutiagokoak ere bai, estranjeroak eta guzti, makina bat paristar-eta. Ia-ia esan liteken munduko gizon dotoreenen trajeetako botoi-zuloak nik josten nizkiela, eta horrek harro-harro uzten nindinan. Ez zekinat, haien ospe, dotorezia edo zera horren pixka bat nirea balitz bezala, parte, eta neronek ere haien itxura eder eta etxe oneko izate horretan zerikusia izango banu bezala edo. Txorakeriak ditun horiek, bazekinat, baina ilusioa egiten zigutenan, eta halaxe bizi gintunan, burua txoriz betetako nexka gaztea bainintzen ni artean.

        Egun batean gazte bat etorri zunan harentzat egiten ari ginen trajea probatzera eta, ez zekinat nola, ni ez naun jostuna baina, ni egokitu nindunan lan horretarako, trajea ere ez zunan garestiegia-eta. Eta, horretan ari nintzela, ez zaidan sekula santan ahaztuko, neurriak hartzeko-eta erabiltzen genituen orratz haietako bat sartu nionan izterrean. Han hasi zunan mutikoa garrasika, eta, italianoa zenez, ez zitzaionan tutik ere entenditzen. Niri hasieran barregura ematen zidanan, halako gizasemea xixtada batengatik oihu eta arrantzaka, eta gainera inortxo ere enteratuko ez zen zakurren zaunka harekin, baina gero doña Rosa etorri zunan, eta hark berriz errieta egin zidanan suak hartuta, eta orduan, zeharo lotsaturik, negarrari eman nionan. Pentsa ezan, kliente bati orratza sartzea gaizki badago, zer ez ote den izango gainetik hari barre egitea. Gozoa jarri zunan doña Rosa, eta ni erabat beldurtu nindunan, lan hura galdua nuelakoan. Orduan, badakin, errazago botatzen zitenan langilea bere lanpostutik ezer gaizki eginez gero, eta sarritan ezer txarrik egin gabe ere bai. Zer esanik ez langilea nexka koxkor bat baldin bazen. Eta isildu egin behar, orduan ez zegonan sindikatu eta antzekorik, edo baldin bazen ez gintunan gehiegi enteratzen. Esaten ninan bezala, beldurtuta nengonan sesio harekin; beste lanen bat bilatzea ez zunan horren zaila, baina nahiko gustura ari nindunan doña Rosarenean, eta halako izen oneko etxerik nekez bilatuko ninan seguru asko. Orduan gazteak, italianoak, frantsesez eskatu zionan doña Rosari, frantsesez hitz egiten baitzuen honekin, zigorrik ez jartzeko mesedez, nik ez nuela kulparik eta barkatzeko arren deskuido hura, gazteegia bainintzen, eta berari ez zitzaiola axola orratzaz zulatu izana. Halako gauzak esaten zizkionan, antza, ezin jakin seguru, nik ez bainekien ia ezertxo ere frantsesez. Hala, bada, mukizapiarekin sikatu begietako malkoak eta lanean segitu ninan, ezer gertatu ez balitz bezala. Baina gero, lanetik ateratzean, seiak aldera irteten gintunan gu garai hartan, urte sasoi hartan ilundu gabe zegonan artean, eta hara non ikusten dugun italianoa bestaldeko espaloian, nire zain nonbait, niregana etorri baitzen kaminoa pasatuz, eta nirekin batera ateratako beste neskak iji eta aja, barre algaraka elkarri ukondoarekin joka. Orduan bai gorritu nintzela, bihotzeko dinbi-danba hark zart egingo zidala ematen zinan. Niregana ailegatu zenean hizketan hasi zitzaidanan, eta lagunek han utzi ninditenan, irri maltzur batekin «hori dun suertea, hori» esan eta gero. Poste bat bezalaxe geratu nindunan txutik, zer esan asmatu ezinik. Italianoak Giulio zuela izena esan zidanan, eta nik Margarita nintzela erantzun. Besoa eskaini zidanan, paseoan abiatzeko-edo, baina nik ezetz esan nionan; pentsa ezan, ezagutu besterik ez eta besoa emanda elkarrekin paseatzen! Auskalo zer esango zuen gero jendeak! Garai batean ez gintunan zuek bezalakoak, ez horixe, txintxo asko ibili behar izaten geninan, eta agudo etxera gainera, eta isilik geratu. Eta, holaxe, kasik iheska egin ninan etxerakoa, baina ez zekinat bada nik, begitarte alaia erakutsi nionan edo zer, hantxe zegonan biharamunean ere irteterakoan. «Txoratu zain oraingoan» eta «hau erabat enamoratu dun hirekin» esaten zidatenan lagunek albotik, eta ni han tente, piperra baino serioago, disimulatuz bezala baina barrutik berealdiko barregura ninan, eta gustatzen ere hasita nengonan Giulio harekin. Guapo askoa zunan, izan ere. Bigarren honetan oso bestela jokatu zinan, bezperakoaz damu zelako edo jokabide berriarekin bere asmoak hobetoxeago burutuko zituelakoan-edo; eta, hala, denak heladu bat jatera gonbidatzen gintuela esan zigunan, eta besteek baietz aho batez. Orduantxe hasi nindunan barren-barrenetik sumintzen: «gizon hau nire atzetik hasi eta beste guztiak aprobetxatzekotan ala?» esaten ninan neure artean; eta hala uste dinat hasi nintzela beste era batera begiratzen, hola, ez zekinat, xamurrago edo. Eta etxerakoan utzi nionan laguntzen, heldu gabe baina.

        Holaxe hasi gintunan. Geroztik egunero egiten geninan etxerakoa elkarrekin, eta asteburua etorri zenean ea harekin aterako nintzen galdetu zidanan. Ni artean sekulan mutilekin atera gabea nindunan, eta ez nekinan zer egin. Izugarrizko lotsa ematen zidanan, baina burua irakiten ninan, eta tripak berriz kri-kra egiten zidanan, eta azkenean, buelta eman eta ihesari ematen niola, baietz esan nionan. Ama-eta jakinaren gainean egoterik ez ninan nahi, eta horregatik esan nionan Kristinari, nire lagunari, etxetik irteten laguntzeko, eta berak baietz, baina gero den-dena kontatu behar niola, eta hala, atera gintunan. Gero Kristina, Giulio eta hirurok elkartu ginenean Kristinak esan zigunan enkarguren batera joan behar zuela eta bakarrik geratu gintunan biok. Hura larrialdia, zorabiatzeko modukoa! Giuliok gelditu gabe hitz egiten zidanan, eta nik baietz egiten nionan, ezer askorik entenditu gabe baina. Nik banekinan frantses apurtxo bat, ezer gutxi azken batean, baina gutxi hori erabiltzen saiatzen nindunan. Ez zekinat Giulio ere gehiago jabetzen zen, baina barre behintzat egin geninan gogotik. Paseoan genbiltzala, nik poltsan neramatzan bi eskuetako bat altxatu eta behatzaz hau zer zen eta bestea zer zuen seinalatuz bazterrak erakusten nizkionan; batzuetan, broma moduan, euskaraz egiten nionan eta ikustekoa izaten zunan haren aurpegia. Ez zinan piperrik ere entenditzen. Nola entendituko zinan bada, Italiatik bazetorren? Halere, soinua-eta gustatu egiten zitzaiola esaten zidanan. Plaiarako girorik ez zegonan eta oso jende gutxi zebilenan bainatzen. Hala eta guztiz, itsasertzean ibiltzeko gogoa zuela eta han ibili gintunan oinetakoak kenduta. Noizbehinka zipriztinak botatzeko keinua egiten zidanan eta ni garrasika hasi, soinekoa zikintzeko beldurrez, baina gero ez zidanan ezer egiten. Handik atera eta gero barkillo bana erosi geninan, bueno, nik erosi ez, berak gonbidatu baininduen, eta hura bezalako barkillorik sekula jan gabea nintzela pentsatu ninan. Gero bailera joan gintunan, portuko edo hor nonbaiteko jaiak zirela-eta dantzaldia egiten baitzuten, eta orduan modan zeuden kantak-eta jotzen zitiztenan, zer esango dinat bada nik, txarlestona edo, foxtrot edo, tangoak edo, baina ez zekinat seguru, akaso beranduagoko kontuak ditun horiek. Hasi gintunan dantzan, eta oso ondo egiten zinan, nik baino askozaz hobeto, eta edozein dantza klasetan gainera; ezagun zinan bazuela hartarako etorria, eta ni baino arituagoa zela. Hor ari gintunan bada dantzan, eta Giuliok estu samar heldu nahi izaten zidanan baina nik ez nionan uzten, ez horixe! Pentsa ezan, han nonbait izango zitunan nire ahizpak, gazteena ez bazen zaharrena, baita lehengusuak ere, eta hauek bai okerrak eta malapartatuak, ahotik gaiztakeria zerien kontakatilu itsusiak. Eta hola, nola lagako nionan bada, bazter guztietan mutil estranjero batekin nenbilela zabaltzeko aukera emanaz maripurtzil haiei? Neskazahar geratu ditun, eta ondo merezita gainera.

        Dantzan aritu ondoren zerbait hartu behar genuela-eta, eztarria freskatzeko asmotan limonada edan ninan nik, eta Giuliok berriz ardoa; ez ardo beltz baldar horretakoa ez, bestelakoa, oporto edo jerez edo halamoduzkoren bat. Oso fina zunan hura, Jesus! Gero zerera abiatu gintunan, kasino aldera. Niri izugarri gustatzen zitzaidanan señora eta señoritoak nola irteten ziren ikustea. Haien abrigu eta, sonbrero eta, bastoi eta... Haiek ez zutenik ez zen Donostia osoan izango. Hura zunan festa; niretzat ere bai, gero. Nik primeran pasatzen ninan haiei begira. Inozo samarra dun beharbada, baina nik gozatu egiten ninan hala, batzuetan barre pixka bat ere egiten genienan, baina haiek konturatu gabe badaezpada ere, eta maleziarik gabe gainera; Kristinarekin-eta, «begiraion harunzko aza hosto aurpegi hari» eta kar-kar-kar algaraka denak, baina zerarik, intentzio txarrik gabe. Guk inbidia genienan, ez hola gaiztakeriazkoa, umeek izaten dutena baino: izaten ditun ba umeak, auzoak duena nahi izaten dutenak? Bada, holaxe gu ere. Atso haien pitxi eta joiak-eta ikusten genitinan eta aho zabalik geratzen gintunan, zer esan jakin gabe, eta horregatik egiten geninan barre, ipurtandiak zirelako edo aza itxurako moñoa zeramatelako. Orduan ez geninan zinerik eta. Gainera, botoi-zuloak ikusteko aukera ere izaten ninan hartara. Joan gintunan, esan bezala, Giulio eta biok; nik ez zekinat harena izan zen idea ala nik botatakoa. Ailegatu gintunan kasino aurrera bada eta, ni aho zabalik banengoen, Giulioren ahoa bi aldiz zabal. Haren begiak! Biribil-biribil eginda, beren zuloetatik irteteko zorian zeudela esango niken. Eta badakin nolakoak garen emakumeok: min eman zidanan horrek, sutu erabat; nirekin atera eta gero goitik behera pitxiz jositako andre handi usteko haiei begira, begiak apartatu ere egin gabe? Horretarako aritu al nauk ni, pentsatzen ninan neure artean, nola orraztu pentsatzen, soineko berriena ahal bezain ederki plantxatzen, zapatei lustrea behin eta berriro ematen? Ustez apain-apain jantzita atera eta gero kasurik ere ez egiteko? Ezta pentsatu ere! Hartu poltsa galtzarbean eta tipi-tapa tipi-tapa joan nindunan handik. Atzetik etorri zitzaidanan gizajoa, zertan ari nintzen galdezka. Ez ninan besterik behar orduan! Bereak eta bi esan nizkionan, batere gorritu gabe. Ez zekinat ezertaz enteratu zen, baina jarri nion mutur beltza ikustea nahikoa izango zinan brometarako gogorik ez nuela konturatzeko. Epelak entzun behar izan zitinan, eta bota beharrekoak bota ondoren arineketan joan nindunan etxera. Han bai, han lasai eman nionan negarrari, eta painelu franko utzi ninan malkoz blai. Errukarria ni, esaten ninan; hura nahigabea eta tristura. Sekula ez zitzaidala pasako pentsatu ninan.

        Halere, malko edo barre, astelehenean berriz ere lanera joan behar. Doña Rosaren etxean sartzea egin eta han hasi zitzaizkidanan lagunak zirika: «Margarita, zer moduz atzo?» eta «goxo-goxo helduta ikusi zintuztedan» eta «xirri egiten ere ibili omen zineten» eta «hik ere muxuren bat emango hion ba?» eta. Hura amorrazioa eman zidana! Sutan nengonan, sutan. Hartu eta lepoa bihurrituko nienan banan-banan ahal izanez gero. Gero, berriz, pasatu zitzaidanan haserrea, eta barre pixka bat ere egin geninan denon artean. Nik esaten nienan Giulio hura inozo samarra zela, ez zuela zipitzik ere entenditzen erdaraz, eta ahoa zabal-zabal eginda geratzen zela euskarazko hitzik entzunez gero, bibotea gelditu ere egin gabe igurzten zuela behatzekin, eta oinak gainera zabal samarrak zituela eta kanpo aldera begira. Barrez lehertzen geundenan denak, eta doña Rosak errieta ttiki bat ere egin behar izan zigunan; baina nik ez ninan hura dena pentsatzen: pena ematen zidanan eta barrutik triste nengonan, baina demontre!, esaten nionan neure buruari, nik ere hartu beharko diat bengantza! Ez bainintzen isilik eta apal-apal burua makurtzen duten horietakoa, ez alajaina.

        Sorpresa geroago etorri zunan: lanetik atera ginenean han zegonan, aurreko espaloian tente, lore sorta zuela eskuan. Zuri-zuri geratu nindunan, eta lagunek erdi barrezka alde egin zutenean nik ere haiekin batera joan nahi izan ninan, baina ez ninan asmatu, ez zekinat bada, lurrean iltzez josita geratu banintz bezala hantxe espaloian zut, arbola baten antzera. Bestea etorri zitzaidanan eta nik astakeriaren bat esan nahi nionan, baina ezer bururatzen ez eta isil-isilik geratu nindunan, eta bestea berriz parra-parra frantsesez. Nik ez nionan entenditzen baina umil-umil ari zunan, begiak gehiegi altxatu gabe, eta horrek poztu egin nindinan, poztu egin ninduenez. Etxeraino lagundu zidanan eta horrela egunero-egunero, hurrengo igandea iritsi zen arte.

        Igandean elkarrekin atera gintunan berriro; ordurako etxean zer edo zer susmatzen hasita zeudenan, eta bertan geratu ez geratu egon nindunan, baina azkeneko momentuan pentsatu ninan ez zela itxurazkoa loreak eta guzti erregalatu zizkidanarekin hala jokatzea, eta horrez gainera ni ere deseatzen nengonan Giuliorekin egoteko. Oraingoan, gainera, lehen baino arrimatuxeago dantzatzen uzteko asmoa ninan, baina azkenean ez gintunan bailera joan, zerera joan gintunan, xexenetara. Konstituzio plazan zitunan xexenak, eta gazte jendea biltzen gintunan batez ere bertan, neskak bazterretan oihuka eta beldurrez, eta mutil balienteenak xexenen aurrean, neskok izututa utzi nahiz. Ni behintzat guztiz ikaraturik utzi nindinan Giuliok: xexenaren adarren pare-parean jarri eta han ibili zunan, haren aurrean dantzan bezala, saltoka eta korrika. Beste batzuk kapotearekin etortzen zitunan baina niri hori ez zitzaidanan batere gustatzen, bestea bai, xexenaren muturraren aurrean mukiak kentzeko moduan jartzea. Horrek jartzen zidanan odola bor-bor. Orduan bai bihotza lehertu beharrez. Ez zunan ikara bakarrik. Nola esango niken? Maitetasuna-edo sentitzen ninan nik hor, bihotz zuloan, mutiko hura handik atera eta bularrean estututa ume txiki bati bezala ro-ro eginaz lo eragiteko gogo bizia. Barre egiten dun baina holaxe zunan; zer uste dun, nik ez haudala makina bat aldiz beso artean erabili ro-ro esanaz loak hartu arte ala?

        Zorionez aldendu gintunan noizbait handik, eta neronek heldu nionan Giuliori besotik. Harrituta geratu zunan, ez zinan halakorik espero nonbait. Berriro ere limonada hartu ninan nik eta ardo goxo edo zera hura berak. Gero paseoan abiatu gintunan; berak gerritik heldu nahi zidanan baina nik ez nionan uzten. Gustatu bai, gustatzen zitzaidanan, baina, pentsatzen jarriz gero, ez nekinan ezertxo ere mutil haren gainean: Giulio zuela izena, eta Italiako bazterren batetik zetorrela, hori bai, baina hortik aurrera ezer ez. Ez nekinan non bizi zen, zer ogibide zuen ere ez, ezta zer egiten zuen Donostian ere. Eta okerrena ez zunan ez jakite hori, ezin jakina baino. Nola galdetuko nionan bada, elkarri hitzik ezin eginda? Ni ahalegintzen nindunan nola edo hala galdera horiek edo antzekoak konpreniarazten, baina ez zekinat berak ez zuen entenditzen edo ez entendituarena egiten zuen, hori ere izan liteken. Zena zela, ezin jakin haren berri. Hark nire berri ordea bai, nik ez ninan ezkutukorik: etxea, familia, lantokia, denak zekizkinan; ez atzetik jakin nahian ibili zelako, ez: berez ezagutu zinan hura guztia. Eta nik ez ninan gehiegi lotu nahi ezezagun batekin. Gizon formala ematen zinan baina ezin nindunan hola, besterik gabe, fiatu. Amak-eta jakinez gero, Jesus!, berehala esango zidatenan ez ikusteko berriz mutil hori, ezta erretratuan ere. Haiek zaharrak zitunan eta ez zitiztenan gazteen zerak ikusten, baina gure ondo izatea begiratzen zitenan, hori bai. Ni ere ez nindunan horren txoriburua eta konturatzen nindunan mutil harekin ez nuela etorkizunik eta beraz ez nuela aurreraegi egin behar, badaezpada ere. Horregatik esaten nionan ezetz kale ilunxeagoetara eraman nahi izaten ninduenean, argia genuen bitartean bai, baina hortik aurrera ezetz. Gero, ez zekinat nola, ez zunan apropos izan behintzat, kasino parean bukatu geninan, nahi gabe, eta ni susmo txarrekin hasi nindunan berriz ere; berak ere ez zekinan nora begiratu, baina handik ateratzen ziren andreei-eta begiratzen zienan, eta neure artean esan ninan «lotsagabe halakoa: bigarrengoz ere berdin? Ez dik bada honek izango hirugarrenik» eta hala, ospa egin ninan handik ahal bezain azkar, eta atzetik arrenka etorri zenean ere ez nionan kasu izpirik egin. Irudipenak ez ote ziren ere pentsatu ninan, baina ez: zuzen-zuzen joan zitunan haren begiak joan behar ez zuten lekura, dudarik gabe.

        Hurrengo astelehenean han zegonan berriro ere, espaloian tente, baina oraingoan begiratu ere ez nionan egin. Geroztik ez ninan ikusi, eta ahazten ahalegindu nindunan. Eta ahaztua ninan benetan, harik eta pelikula hori ikusi genuen arte, horko mutil hori igual-igualekoa baita, haren erretratua bera. Baina hauek amona xahar baten txorakeriak direla pentsatuko dun; barka ezan, ez ninan hau dena kontatu behar, honezkero aspertuta egongo haiz; hi gainera gazteegia haiz oraindik eta ez zaizkin halako pasadizoak komeni. Estudiatu egin behar dun orain, estudiatu».

 

 

Berandu zen oso amuñak bere kontakizuna bukatu zuenean. Etxekoak seguru asko larritzen hasiak ere bai, afaritara agertu ez ginelako.

        — Ene! Konturatu gabe pasa zaidan denbora —esan zuen amuñak. Begiak gorriturik zeuzkan beste behin.

        Nire imajinazioa hegan ibili zen amuñaren eskutik, eta kosta egin zitzaidan gure errealitate honetara itzultzea. Ea geroztik Giulio horren berririk izan zuen galdetu nion amuñari etxera bidean.

        — Bai —esan zidan serio; eta poliki hitz egin zuen—: periodikoan azaldu zunan, handik hilabete batera edo. Giulio zinan benetako izena, eta ez zekinat zer apellidu. Italiakoa zunan, baina zera: lapurra! Joiak-eta lapurtzen omen zitinan. Hori bizibidea, hori. Orduantxe konprenitu ninan zergatik begiratzen zien atso eta gazte aberats haiei; eta ni haserre, emakume ederragoei begiratzen zielakoan... Dena dela, hobe horrela. Pentsa ezan bestela, lapur batekin formal eta serio hasi banintz. Eskerrak!

        Azken hau esatean barre txikia egin zuen amuñak, baina begiak triste zituen oraindik ere, eta luzaroan izango zituela horrela konprenitu nuen.

 

[1985]