16 ipuin amodiozko
16 ipuin amodiozko
2002, narrazioak
240 orrialde
84-95511-53-3
azala: Garbiņe Ubeda
Xabier Mendiguren
1964, Beasain
 
2008, narrazioak
1992, ipuinak
1987, antzerkia
 

 

Udak dakarrena
udak daroa

 

 

—I—

 

Play:

 

                Pun catapun chimpún, cómo me gusta el verano.

                Pun catapun chimpún, pa levantarnos temprano.

 

        Stop. Bela zuri urrunek eta windsurfzaleen koloretako hurbilagoek han-hemenka eteten dute tiralineaz marraztutako horizontearen ertz infinitua, paisaiaren harmonia eta monotonia gupidagabeki birrinduz eta ezabatuz. Play:

 

                Ir a la playa al sol, para bañarnos tranquilos.

                y si no vamos solos vamos con tos los amigos.

 

        Stop. Uretan plisti-plasta ari diren ume eta ume handien garrasi histerikoak baino askozaz ere proportzionatu eta atseginagoak dira, dudarik gabe, beren hegada pausatu eta ero samarraz zeru-sabaian lorratz ikusezinak intsinuatzen dituzten kalatxorien txilioak. Play:

 

                Tacatacataca tacatacatá, tacatacataca tacatacatá

                tacatacataca tacatacata tacatacá.

 

        Stop. Apar lehertuak plai ertzeko hondarrean lagatako itsasbelar, konpresa, plastiko eta lata hutsak, Neptunoren opari; berotasunak arintzearren zihoazenen eta freskatu zirelakoan zikinago zetozenen harat-honat aspergarri eta funsgabea; salda goritan kiskaltzen ari zirenen izerdi, neke eta hitz alferrak; ezer egin gabe ari nintzen galtzen denbora, ea berriro heltzen nion:

        Si quid est in me ingenii, iudices, quod sentio quam sit exiguum, aut si qua exercitatio dicendi, in qua me non infitior mediocriter esse versatum, aut si huiusque...

        Argi zegoen, Zizeron eta hondartza ezin bat egin. Jarrera komodo bat bilatzen saiatu nintzen, baina lauegia zen zorua, edo koska gehiegi nire hezurrek; kontuak kontu, ez goraka eta ez beheraka. Eserita geratu nintzen, eta orduantxe azaldu zinen zu; bueno, lehenagotik zeunden hor baina ordura arte ez zintudan ikusi. Begitartea alderik alde zeharkatzen zizun irribarre zabalaz galdegin zenidan: Do you want latin...? edo Are you latin student? edo antzeko zerbait, ingelesaren ezagutza latinarena bezain urri eta kamutsa baitut, baina «latin» hitzari erreparatu nion, eta sinpatia komunikatu nahiko zuen barre eta poztasun kontagiatuaz Yes erantzun nizun ahoa zabal-zabal eginda.

 

 

—II—

Play:

 

                Un rayo de sol uo o o

                a mi corazón uo o o

 

        Stop. Cherild zenuen izena, eta Scotland deritzan herri urrunetik zentozen. Hurrengoetan egunero elkartu ginen hondartzan, eta toallak elkarren ondoan ipini. Latin askotxo zenekien, itxura zenez, eta hor jarduten zenuen, inolaz ere ezin uler nezakeena esplikatu nahian: This is the subject because... and... the nominative. Ez zenuen nire erdara ezagutzen, nik zurea ere ez, eta grazia egiten zidan nola ahalegintzen zinen ikusteak; nik baietz egiten nizun buruaz, eta benetan eskertzen nizun, bihotz-bihotzez, hartutako ardura. Azkenik, zu ere konturatzen zinen ez nuela piperrik ere entenditu eta, apur bat haserretzen zinen arren, barre algaraka bukatzen genuen, lehertzeko zorian. Play:

 

                Y quiero ser algo tuyo

                cerca de ti siempre estar

                ser algo tuyo

                de tu alegría y felicidad.

 

        Stop. Nik ere zerbait irakatsi nahi nizun eta, besterik ezean, abesti plaieroak jartzen nizkizun: «Eva María se fue buscando el sol en la playa, con su maleta de piel y su biquini de rayas» eta halakoak, eta zuk, adi-adi entzun ondoren, protesta egiten zenuen: Oh! very bad! esaten zenuen, esku eta mutturrez muzin eginez. Nik ez nuen amore eman nahi izaten ordea, eta, temoso, beste batzuk entzunarazten nizkizun: «Et j'ai crié, Aline, pour qu'elle revienne» eta abar, eta subkultura berezi horren lilura ezkutuaz, melodramaren gaurkotasunaz konbentzitu nahi zintudan. Play:

 

                Shala la la la, uo o o

                Shala la la la, uo o o

 

        Stop. Ez ginen haserretzen hala ere. Egia esan, zaila izango zen, elkarri irainik esateko hitzik ez genuela. Harrigarriena, nolanahi ere, elkarrekin ederki konpondu ez ezik dibertitu ere egiten ginela ikustea zen: espezial pasatzen genuen zuk niri «Nam quod longissime potest mens mea respicere spatium praetereti temporis» eta nik zuri «Ella se marchó y sólo me dejó recuerdos de su ausencia, sin la menor indulgencia Eva María se fue» suak hartuta dastatu eta are maitarazten.

 

 

—III—

 

Play:

 

                Cuando calienta el sol

                allí en la playa

 

        Stop. Barrezka ez zenean elkarri begira aritzen ginen, jolas sekretu batean bezala, algaraka nor hasiko edo begirada nork aldenduko. Horrelakoetan, ordea, serio jartzen ginen biok, halako zera esplikagaitz bat genuela buruan. Azkenean, etsirik kilimak edo atximur egiten ez banizun, uretara joango zinen ez good bye ez come on esan gabe, burutazio estrainio haiek olatu artean itotzearren agian, ni azala erretzen zidan eguzkipean eta barruak jaten ari zitzaidan zomorro harekin utziz. Play:

 

                Siento tu cuerpo vibrar

                cerca de mí í í í

 

        Stop. Uretatik irtetean zure titi borobilek, lehortzeko ahuspez jarritako kafe-kikarak ematen zuten, goitik behera zipriztintzen zituzten tantoak eta guzti. Dardarizoak hartzen zuen nire larruazal osoa zure busti berria ondoan sentitzen nuenean, bustitzean hozkia ematen zenidalako zela esaten banizun ere. Bainatu ondoko berotasun goxoan berriketarako gertu egoten zinen berriro, eta nik pozik entzuten nizun, keinuei erreparaka hitz batto ere jasotzen saiatu gabe. «I love you» esan ez esan borrokan aritzen nintzen neure buruarekin: pelikuletako amerikanokeria artifiziala iruditzen zitzaidan eta, azken batean, ez nengoen oso seguru hori esan behar ote nizun, nola erreakzionatuko ote zenuen, zer nolakoak ziren nire sentimenduak edo zer eragingo zuen horrek gero. Brometan bezala, eta zipitzik ere konprenituko ez zenuela jakinik, nahiago izan nuen «maite zaitut» doinu eta keinu neutroez esan, ariketa katartiko gisa apika, nerabearen herabetasunaren iruzurra akaso. Play:

 

                Es tu palpitar, es tu cara

                es tu pelo, son tus brazos

                me estremezco o o o

                cuando calienta el sol

 

        Stop. Gaizki pasatu nuen momentu haietan. Zirrara eta egoneza eragiten zizkidan zama moduko bat neukan sabelean, eta hitz egin nahi nuenean listua galarazten zidan traba eztarrian. Ez dakit ezertaz konturatzen zinen: alde batetik irrikan nengoen, baina bestetik lotsa, ahalkea eta barre egingo edo mespretxatuko ninduzulako beldur ikaragarria nagusitzen zitzaizkidan. Ezer esan gabe besoetan hartu eta muxu luze bat ematekotan ere egon nintzen, begi-bistan neukan tentazioa uneoro, baina ez nintzen atrebitzen, eta nire esperientzia kaskarrak barregarri uztea ere ez nuen nahi. Ez nintzen, ez, veni vidi vinci esan zezakeen play-boy bat, baina, hala ere, zein erraz egin nintzakezun zoriontsu —irriño bat, xera bat—, eta zein aise kondenatzen ninduzun desesperantzaren zorigaitzetara!

 

 

—IV—

 

Play:

 

                La playa estaba desierta, el sol bañaba tu piel

                tocando con mi guitarra para ti María Isabel

 

        Stop. Sekula ez genuen elkar ikusi hondartzatik kanpo. Inoiz aipatu gabeko paktu tazitoa bide genuen, kalean topo eginez gero gure bizitzaren alderdi ezkutuarekin aurrez aurre geratzeko beldurrez, lazgarria izango zelakoan edo. Hobe zen bakoitzaren imajinazioaren baitan uztea dena. Horrela, egun batean elkarrekin afaltzea proposatu zenidanean, munduko gauzarik normalena izan zen gure otordu hori plaian bertan egitea, oraingoan ere ituna isilpean gorde genuen arren. Play:

 

                Coge tu sombrero y póntelo

                vamos a la playa calienta el sol

 

        Stop. Iluntzen ari zuen eta hondartzan ez zen geratzen haur pare bat baizik txakurrarekin jolasten. Jantzita azaldu zinen eta horrek harritu egin ninduen, hasiera batean, berehala konturatu bainintzen ni ere jantzita etorri nintzela. Hello esan eta esertzearekin batera mahaspasazko plumcake zoragarria atera zenuen xorrotik. Nik bokadilloak eta ardoa jarri nituen hondar gainean zabaldutako toallan. Berez nahikoa genuen botila bakarrarekin baina nik bi ekarri nituen, badaezpada baino gehiago maltzurkeria pittin batez, ea edan ostean ausartzen nintzen, edo zu animatzen zinen. Ez genuen bigarren botilaren beharrik izan, lehena amaitu orduko moxkortua baitzinen: begietan txinpartak zenituen piztuak, eta mihia aldi berean arin eta baldar. Ni ere alegera samar nintzen. Itsasertzean oinak bustiz hasi ginen ibiltzen, bokadilloen erdiak eta botila hutsa uretara bota genituen, zeru-sabaira begiratzeko esan zenidan eta gau izartsuak babesten gintuela ikusi nuen. Ingurune erromantiko perfektu harekin ligatzen ez banuen lur zabaleko lerdorik ergel eta inozoena izango nintzela esaten nion behin eta berriz neure buruari, eta hala ere ez nuen eskutik heltzea baino balentria handiagoetarako ausardiarik izan. Zu izan zinen pausoak geldiarazi, eskuak estutu eta begiak itxiz ezpainak nireetara eraman zenituena. Ia-ia ezin nuen sinetsi, kanpotik ikusten nuen dena, beste bati gertatzen ari balitzaio bezala.

 

                Chivirivirí Porompompón

                Chivirivirí Porompompón

 

        Stop. Zoritxarrez, nire ametsak betetzeko bidean eta zorian zirela uste nuenean, goragalea etorri zitzaizun eta botaka hasi zinen berehala. Ahal izan nuen neurrian lagundu nizun nik, ez dakit gutxi edo asko izan zen. Ez nuen ezer askotarako adorerik behinik behin. Azkenik, zure onera etorri eta gero etxera zindoazela esan zenuen, eta nik ez nuen lagunduko nizula esateko kemenik ere izan, damurik.

 

 

—V—

 

Play:

 

                El final del verano

                llegó y tú partirás

 

        Stop. Hurrengo goizean azaldu zinenean biharamunaren arrastoak ezagun zenituen aurpegiaren kolore beilegian, betzuloetako ilunean. Egun hartan bertan bueltatu behar zenuela Eskoziara bota zenidan ziplo. Sor eta lor gelditu nintzen, baina nire erreakzio ahalmen murritz eta berankorrari egotzi behar litzaioke hori; izan ere, normala eta bidezkoa zen zure itzulera hilabetea bukatzen ari zelarik, baina niri ordura arte bururatu ere ez zitzaidan egin joan egin beharko zenuenik. Tristeziazko lanbroa sumatu nizun begien sakonean, baina aurpegiaz irribarre egiten saiatzen zinen. Nire harriduratik irten ezinik, hitzik ere ez nuen esan, ez nuen esaterik. Eskua luzatu eta ilea laztandu nizun; zuk orduan burua makurtu, nire eskua belarriaren eta sorbaldaren artean harrapatuz. Isilik geratu ginen, unibertso osoa geratu zen isil eta geldirik, itsas txorien karranka urrunak edo bertako umeen errekerimendu ozenak gorabehera. Play:

 

                Yo no sé hasta cuándo este amor tú recordarás

                Pero sé que en mis brazos yo te tuve ayer

                Eso sí que nunca, nunca yo, olvidaré

 

        Stop. Orduan etorri zitzaidan burura gogoeta beltz hura. Afaltzera gonbidatu ninduzun baina despedidakoa zen hura, azken afaria, eta emandako muxua Judas Iskarioterenaren antzekoa. Gorroto nizun horregatik. Nik ez nuen artean ikusten eskuzabal jokatu zenuela, bihotz onez; nire ilusioen gaztelu fantasmagoriko ez oinarri ez haberik gabea zapuztua zenuen eta ez nuen besterik jakin nahi. Malko batzuk etorri zitzaizkidan begietara eta zuk, kontsolatu nahian, besarkatu egin ninduzun, hitz goxoak esaten hasi, my darling eta horrelakoak. Baztertu egin zintudan: zu ere triste zeunden. Altxatu eta korrika joan nintzen ihesi, korrika, ihesi, korrika, ihesi. Play:

 

                Dime dime dime dime dime amor

                dime dime si es verdad

                lo que sientes en tu corazón

                ¿es amor en realidad?

 

        Stop. Akitu arte egin nuen korrika, eta gero ere ez nintzen atzera itzuli. Azken asteetako zera guztia nerabilen gogoan, eta argitu ordez gero eta nahasiago nengoen, gero eta ageriago nahigabe eta arrangurak, urratu arte bere zaurian hazka dabilenaren antzera. Ilunabarrean hondartzara bueltatu nintzen eta bazter batean kausitu nituen neure toalla eta bestelakoak, zoko batean ahazturik, ni bezalaxe.

 

 

—VI—

 

Play:

 

                En la playa estoy tumbao, o o o o

                Mari Pili está a mi lao, o o o o

                y una nube bajo el sol va diciendo qué calor

 

        Stop. Bakar bakarrik nago. Ez dut inor ondoan. Joan zait nire latinezko irakasle partikularra. Hemendik aurrera bakarrik estudiatu beharko dut:

        Quodsi haec vox huius hortatu praecepstisque conformata nonnullis aliquando salutis fuit, a quo id accepimus quo ceteris opitulari et alios servare possumus...

        Jasanezina oraindik ere. Ezin naiz inolaz ere kontzentratu. Nire bakazioak bukatzeko beste pusketa bat geratzen zait, baina latineko azterketa gero eta hurbilago. Zu gero eta urrunago. Zergatik izan ote nintzen horren zozoa, horren umea? Azken momentuan ihes egin eta helbidea emateko astirik ere ez. Beharbada hobe da horrela. Ez luke zentzu handirik horrelako zera batekin segitzeak. Bueno, ez dakit. Play:

 

                Mi cigarrillo emboquillao, o o o o

                Una toalla y un helao, o o o o

 

        Stop. Hutsago dago hondartza azken egunotan. Soiluneak nabarmenagoak dira, belaontziak urriago, umeen zarata motelagoa. Lehenago iluntzen du eta arratsetako hozkirriak jertsea erabiltzera behartzen du. Freskoagoa izango da Eskozia seguru asko. Kasualitate handiegia litzateke berriz ere elkar ikustea, ezta Cherild? Gainera, dena izango litzateke diferente; edo ez, auskalo! Uste ez bezalakoa suertatu zait uda hau. Zuk ere ez zenuen holakorik esperoko. Esan beharreko gauza asko geratu zaidala uste dut. Uda bat laburregia da den-dena esateko. Baina dena esan beharrik ere ez dago. Play:

 

                No, no, no, Mari Pili no, no, no

                No, no, no, no me excites por favor.

 

        Stop. Barrezka sumatzen ditut kalatxori asaldatuak eta kasete herdoildua. Badirudi trumoia izango dugula gaurkoan. Ortzia behintzat hodei beltzez ari da betetzen. Ni ere banoa. Pena ematen dit, halere, kanta hau erakutsi ez izanak. Polita da, ironikoa, diferentea eta, era berean, tradizio iragan baten azken alea. This is the last summer song, esango nizun nire ingeles petral honekin. The last summer song, Cherild, the last summer song.

 

[1985]