16 ipuin amodiozko
16 ipuin amodiozko
2002, narrazioak
240 orrialde
84-95511-53-3
azala: Garbiņe Ubeda
Xabier Mendiguren
1964, Beasain
 
2008, narrazioak
1992, ipuinak
1987, antzerkia
 

 

Nenufare zuria

 

edo Ishmir eta Guzmuden

ipuin zorigaiztoko eta

moralexa mingotsa

 

Aurreko batean M.-txikirekin nenbilen paseoan, eskutik helduta biok, arboletako txori kantariei entzunez eta zoruko harrixken artean nabarmentzen zen lata bati ostikoka. Kilimaka eta barrezka gindoazen biok, eta, meriendarako ordua zuenez, alboko jesarleku batean eseriko ginen galdetu nion. Bertan jarrita, nocilla bokadilloarekin batera tabako paketea ere atera nuen, zigarro bat erretzeko asmotan. «Kontaidazu ipuin bat» eskatu baino gehiago agindu egin zidan. Txanogorritxorena, hiru txerritxoena, Errauskinerena edo zein nahi zuen galdetu nion, baina berak ezetz, neronek asmatua behar zuela. Lepogainera eraman nuen eskua, hazka. Zaila jartzen zidan egitekoa, eta ez zitzaidala ezer bururatzen aitortu nion. Halaz ere, ez zuen amore eman eta bere temari eutsi zion, kontatzeko eta kontatzeko. Ogitartekoa jango bazuen eta zigarroa bakean erreko banuen zerbaiten asmatzen hasi behar, eta, bestelako biderik ezean, horrenbeste aldiz jorratutako ildotik jo nuen. Holaxe:

 

 

«Nik kontatuko dizudan gertaera aspaldi oso aspaldikoa da, txoriek artean hitz egiten zutenekoa edo gizakumeok beren solasa ulertzen genuenekoa. Eta urruti, oso urruti gertatu zen, hara heltzeko hiru urtetan zehar hamaika itsaso nabigatu behar baitziren itsasontzi handi batean. Urte osoan elurrez horniturik zeuden mendiek inguratzen zuten lurralde hura, mendi arteko haranetan ibai garbietako ur jostalariek freskatzen zituzten urertzeko limoiondoak, eta hauek beren itzal goxoa eskaini nahi zuen orori.

        Lurralde zabal eta jori hartako parajerik ederrenean jauregia zegoen eraikia. Handik erresuma osoko bazter eta txokoak ikus zitezkeen, eta bertako ortu oparo eta txori zoragarriek herritar guztien ikusgarri bihurtzen zuten. Jauregian Ab-dali ul-Areah patxa gorena bizi zen, zeinak herritar guztien bizitzak gobernatzen baitzituen eta denen begikotasun eta maitasuna jasotzen. Ez ziren hara helduak gure gizarte hau joa duten gaitz eta izurriteak, bai baitzekiten anartean bakean, elkartasunean eta adiskidetasunean bizitzen.

        Gure istorioa euriteen sasoiaren ondoren ihintzak loreak oro zuriz jantziak zituen goizalde hozkirrian hasten da; eguzkiak bere irteera egin aurretxoan, ekia bera baino ere ederrago, politago eta beroago zen umetxo txiki bat jaio zen Jauregiko dorre handiko gela nagusian. Ab-dali patxaren andre gaztea alaba muxugorri batez erdi zen. Denak zeuden pozak txoratzen. Festa handia ospatu zen erresuma osoan. Arroz-ardoa edaten zuten herrikideek ere, berentzako osasuna ez ezik, nexka jaioberriarentzako zoriona opa zioten elkarri topa egitean.

        Umeari Ishmir eman zioten izena, hiazinto eta nartziso petaloak baino xuriagoa zelako. Jauregia opariz bete-bete eginda geratu zen: gorteko jaun-andereek oro beren erregaliak ekarri zituzten: zeinek harribitxiak, marfilezko apaingarriak, zeinek aspaldiko artistek egin pintura miresgarriak. Auzoko eta ez horren hurbileko enbaxadoreek ere eskumuinekin batera ehun preziatu, kaobazko edergailu eta urrezko idunekoak eskaini zizkioten. Izan zen, halere, gehienentzat oharkabean geratu zen opari bat: esku trebeek landutako ederlan suntuos haien guztien artean, naturak berak bere sabel eta magaletik emandako nenufare zuri bat ikaragarri handia zegoen, ederretan ederrena. Lorea Guzmud gazteak, Jauregiko ipotx konkortu itsusiak ekarria zen idoi-zulo sakon beltz batetik; berak ez beste inork ezagutzen zuen basorako bidean aurkitzen zen putzu usaintsu ezkutu hura, zeina, euri-jasen ostean eta berauen ondorioz, inon diren nenufare eskerga eta zoragarrienez betetzen baitzen. Opariak opari, Ishmir ez zen orduan den mendrenik ere ohartu inguruan gertatzen zenaz.

        Urteak aurrera egin ahala haziz joan zen Ishmir gurea, ttaka-ttaka ikasi zuen oinez, baita esku txikiekin edozer gauza heltzen ere, eta gero eta maiteago zuten etxekoek eta herrikoek; edonori eskaintzen zion bere irribarre zabala, denak jartzen zituen barrez lehertzen bere ateraldiekin, zorionezko malkorik ere isurarazi zuen bihozberen artean abere eta landareengana erakusten zuen arreta eta ardura zirela medio. Denek on bazeritzoten ere, Guzmud bufoia zen maiteen zuena, kapritxo guztiak betetzen zizkiona, maina gehien egiten ziona, jolasean ari zela kuttuntasun eta are mirespenez begiratzen ziona. Euriteen sasoiaren ondotik Ishmirren urtebetetzea zetorrela, herritar guztiak joan ohi zitzaizkion jaki, janzki eta espeziak eskaintzera, eta Guzmudek, urtero legez, nenufare zuri ezin ederragoa eramaten zion bere osin sekretutik. Berau zen printzesak gehien espero eta estimatzen zuen oparia, eta, inori esaten ez zion arren, bazekien hori Guzmudek berak ere. Izan ere, bazen bien arteko komunikazio ahalmen berezi bat, Guzmudek isilpean gordetako bihurrikeriekin landua eta batak besteari belarrira esandako kontu txikiekin trebatua.

        Samurki maite zuten elkar nexka txikiak eta ipotx konkordunak. Guzmudek hegaztien lumak eta kantuak bereizten, kilkerrak eta ipurtargiak harrapatzen eta aspaldiko doinu zaharrak kantatzen irakasten zion. Ishmirrek, berriz, Patxaren mahaiko janari gozoenak eraman, ziren eta ez ziren arazo eta burutazioak kontatu, eta egiteko zeuzkan galdera guztiak zuzentzen zizkion. Izan zen neskatxa pollit eta munstro gizagaixo haren arteko adiskidetasuna batere egokia ez zela esaka ibili zenik, baina ez zuen inork aintzat hartuko halako esamesarik haurraren begirada alai eta bozkario lausogabea ikusiz gero.

        Eurite eta lehor, hamabosgarren urtea bete behar zuenekoa heldu zen eta, ohi zen legez, alabaren esku eske etorriko zitzaizkion berehalaxe Patxa Gorenari herrialde eta bazter orotako printzerik dotore, prestu eta aberatsenak. Urtebetetzeko festa eta ospakizunen prestaketan buru-belarri sartuta zebiltzan denak, inoiz inon ikusi gabeko jaiak, ikuskizunak eta oturuntzak burutu nahi baitzituzten. Erresuma osoan burumakur zebilen bakarra Guzmud gaixoa zen, baina bere inguruko jendea lanpetuegi zebilen ezertaz konturatzeko, eta jabetzen zirenek ere ez zioten kasu handirik egiten, denbora faltaz edo berehala pasako zitzaion goibelaldia iritzita. Guzmudek berak ere ez zuen bere egoneza nabarmenarazi nahi, eta besteek bezalaxe ziharduen jo eta ke lanean, gortinak garbitzen, tapizak astintzen, zoruari argizaria ematen edo suziriak pronto jartzen, baina begiak zuri geratzen zitzaizkion, ezerezean finko, eta esku artekoa lurrera jausten zitzaion bera ohartu ere egin gabe. Sufritzen ari zen Guzmud, eraman ezinezko dolorea zuen bihotzean sartua, eta Ishmir ikusten zuen bakoitzean ihes egiten zion, neskatxa kontura ez zedin, berau baitzen bere sufrikario eta pairamenen iturri eta sorburu. Guzmudek, bere kondizioari egoki litzaiokeen baino areago eta suharrago maite baitzuen Ishmir. Ordura arte berea uste zuen printzesa, jolasetan bederen, bere-berea zuen ametsetan, eta ez zuen pentsatu nahi ere zer jazoko zen umetxoa hazten zen egunean: etorkizuna ez zen existitzen. Oraingoan, ordea, Gorte osoa senargaiez mintzo zelarik, begien bistakoari ezin zion ez uko ez itzuri egin. Bere ameskizun eta asmakizunak oro lurrunduz eta airean ezabatuz zihoazen, tximeleten lorratzen antzera. Tximetatik tiraka aritzen zen, ero moduan, minaren minez torturaturik.

        Egun handia iritsi zen. Zaldi zuriek gidatutako karroza distiratsuetan ari ziren printzeak iristen. Jendetza bide bazterretara bildua. Kapeluak airera botaka. Jauregiko sukaldeetan azken orduko prantaketak. Ishmirren geletan jostun eta otseinak azken momentuko txukunketetan. Zarata eta koloreen eztanda txundigarria. Guzmudek eskaileretan aurkitu zuen Ishmir, sekula baino zoragarriago eta liluragarriago, begiak pozaren pozez. Konkorrak burua apaldu zuen, oinetara begira. Printzesak, zer zuen galdetu zion eztiki. Guzmudek ezkutuan zekarren nenufarea erakutsi zion, berau ere ordura artekoetan handien, zurien eta ederrena. «Lorerik ederrena neskarik ederrenarentzat» esan, eta berriro begiratu zuen lurrera. Ishmirrek, pozarren, pot eman nahi izan zion, baina ipotxak atzera egin zuen. Biak elkarri begira geratu ziren, printzesak goitik eta bufoiak behetik. Guzmud larri zegoen, izerditan blai, eta hizketan hastearekin batera zotinka ere bai: «nik... nik...» esaten zion, eta azkenik, negarrez edo purrustaka ari zen nabaritu ezinik, «maite zaitut» esan eta mailadian behera joan zen, oker-oker eginda baina ahalik eta azkarren, atzera begiratu gabe.

        Basora joan zen lasterka, gelditu ere gabe, eta hiritik urruti zenean geratu eta orduan egin zuen negar: aise, gogotik, luzaro. Aspaldi zen ohartua bere amodioaren ezintasunaz, baina zauri sendagaitz hark okerrera egingo zuen Jauregian zegoen bitartean; basotik irten gabe biziko zen aurrerantzean, bera zen piztitzar beldurgarriari zegokion legez.

        Kobazulo bat aurkitu zuen lo egiteko, eta han geratu zen handik aurrera. Hostoz atondu zuen ohantzea, eta arboletatik hartzen zituen fruituak zituen janari bakar, ez baitzuen basoko animaliarik hil nahi. Soinean zeramatzan arropak urratu zitzaizkionean biluzik ibili zen. Bizimodu hura latzegia ote zen bururatzen zitzaionetan, halako munstro batek besterik ez zuela merezi ziotson bere buruari. Piztien artean bizitzearen poderioz-edo, berez ohi zuen baino makurrago eta okerrago hasi zen ibiltzen hara eta hona, eta, inoiz edo behin inguruan gizakumerik sumatuz gero, korrika bizian ezkutatzen zen bere leize zuloan. Ez zekien zer gertatu zen Jauregian, ezta jakin nahi ere. Aitorpena egin eta gero Ishmirrek zer aurpegi jarri, zer pentsatu ote zuen zetorkion gogora, baina laster uxatzen zituen burutazio haiek: berak ez zuen esperantzarik ezta edertasunerako eskubiderik ere, eta ondo egin zuen atzera begiratzeke ihesari ematean.

        Euriteen sasoia iritsi zenean, bere eguneroko bazka osatzen zuten bihi, ale eta ezkurren bila zebilela, orein ttiki bat ikusi zuen, uholdeak lurrera botatako enbor handi baten abarrek harrapatua. Bizirik zegoen eta auhenka. Guzmud bertaraino joan zen eta, bere indar guztiez, abar artetik irteten lagundu zion. Oreintxoak orduan, hau ustekabea!, gizakumeon hizkuntza garbian adierazi zion baso haietako intxixua zela, Guzmud baso hartara iritsi zenetik ezaguna zuela, eta, abereenganako bere jarrera eta jokaera zintzoagatik eta, batez ere, abelera gaizto hartatik bera libratu eta salbatzeagatik, aukera ematen ziola berak nahi, desio eta gura zuen mesedea eskatzeko, orein-intxixuak hantxe bertan bihurtuko baitzuen egia Guzmuden guraria.

        Ipotxa aho zabalik zegoen, ezin sinets zezakeen amonaren kontakizunetan azaltzen ziren intxixu haiek egiazkoak zirenik, are gutxiago berari azaldu eta nahi zuen gutizia beteko ziotenik. Bere harriduratik atera zenean edozer gauza eska al zezakeen galdetu zion, agerpen miragarri hura erabat egosi eta irentsi ezinik, nonbait. Oreinaren baiezkoa jaso bezain laster, bere gorpuzkera trakets eta nazkagarriaren ordez gizaseme galai baten itxura besterik ez zuela nahi adierazi zuen Guzmudek, gehiegi eskatzea eta atrebentzia ez bazen bederen. Intxixuak barreari eutsi eta keinu bat egin zion ipotxari, uhar nahasiak han ondoko soilune batean egindako putzu barean bere buruari begiratzeko. Zangoak dardarka zituela jo zuen Guzmudek putzu aldera, ikaraz beteta begiratu zuen ugaldera, eta ur azalean ikusi zuena ez zen ez konkortua ez itsusia, ezpada gazte lerden, eder eta sasoikoa, elefantearen ehizan ibiltzen direnetakoa. Pozak zoratzear, jauzika joandako orein ttikiari eskerrak emateko aukerarik gabe eta bere biluztasunari erreparatzeke, haranetarantz abiatu zen maldan behera saltoka, arrapalada bizian. Landa-lur zabalak hasten ziren gunean, bere zain bezala, zaldi beltz gihartsu bat eta zeta zurizko janzki batzuk zeuden. Zaldira igota, honen zelan kutxatxo bat ikusi zuen, eta beronen barnean harribitxi sorta polita. Oreinaren azken fabore osagarria zela konprenitu zuen, eta eskerrak eman zizkion bere artean.

        Kezka berri bat zuen halere Guzmudek, alegia, ez ote zen ordurako ezkondua izango bere Ishmir bihotzekoa. Ziztua baino bizkorrago zuzendu zituen zaldiaren oin eta hankak hirira, eta are arinago zebilkion burmuinetako salda nahasi hura: eta Ishmir urrunera joana baldin bada, pentsatzen zuen, edo ezkonduta baldin badago, edo hartu nahi ez banaute? Gauza bakarra zeukan garbi Guzmudek: zer gerta ere, ez ziola inola esango bera nor zen, edo, zehatzago, nor izana zen. Izen berri bat ere asmatu beharra zeukan, eta Azmal etorri zitzaion burura.

        Jauregi ingurura ailegatzean, herritar batzuei galdetu eta ­hura asturuaren ona, Jainkoen bedeinkazioa!­, Ishmir gaztea oraino ezkongai zegoela jakin ahal izan zuen. Printze boteretsu, aberats eta mardul askoak aurkezten zizkioten arren, hark ez omen zuen arras bere gogokorik aurkitzen, guztiei antzematen omen zien joera txarren bat, edo bestela ezdeusak sumatzen omen zituen, zer edo zeren faltan baleude bezala. Aita gaixoak ez omen zekien zer egin alabarekin, baina, nolanahi dela, oraindik ere eusten zion esperantzari, hari-izpi mehe batez besterik ez bazen ere.

        Jauregian azaldu zen, bada, lehengo Guzmud orain Azmal bihurtua, eta Patxa Gorenaren aurrera eraman zuten. Beroni esplikatu zion herrialde urrun batetik etorria zela Ishmirren edertasun eta adeitasunaren ospeak erakarrita, eta, horretarako baimena ematen bazion eta ongi baldin bazeritzon, emaztetzat galdatzen ziola alaba, hori esateaz batera printzesarentzako zekartzan opariak erakusten zizkiolarik. Ab-dalik ihardetsi zion oso begiko zeritzola haren pertsonari eta egoki honen proposamenari, baina baimena, onespena eta oniritzia alabak eman beharko zizkiola, berak ez baitzuen hor zeresanik, ez ezer esaterik; suerterik onena opa ziola, baina beldur zela halere ez ote zitzaion aurreko guztiei bezalatsu gertatuko.

        Gazte biak aurrez aurre egon zirenean, ordea, dena izan zen erraza. Azmalek ederki asko ezagutzen zituen Ishmirren gurari eta zaletasunak, eta honen begien aurrean atsegin, xalo eta gizabidetsu agertzen ederki asmatu zuen, ederki asmatu zuenez. Kontentu zebiltzan biak eta kasik kontentuago Patxa Gorena, ia urtebeteko nekeen ondoren bere ametsa burutua ikusi ahal izango zuela pentsatze soilaz. Berehala nahi zuen ezkontza, eta gazteek bere onespena eman zutenez, neskaren urtebetetze egunean egitea erabaki zuen, Ishmirrek hamasei beteko zituen egunean hain zuzen. Aurrekoak handiro ospatu bazituzten oraingo festa hauek sekulakoak izango ziren, fastuosoak, zeruaz beheitiko guztiak txunditzeko modukoak.

        Itzalik gabeko maitasun ezti eta irmoa sendotu zen Ishmir eta Azmalen artean. Elkarren beharrean eta mirespenean bizi ziren, ezin bata bestea gabe moldatu. Egunsentitik ilunabarrera etengabeko irri eta jolasean aritzen ziren Jauregi inguruko ortu eta lorategietan.

        Baina...».

 

 

Eta momentu horretantxe konturatu nintzen ezin nuela ipuina amaitu, edo ezin niezaiokeela behintzat nahi nuen bezalako happy end-ik eman. Hara, arazoa hauxe da: Ishmirren urtebetetzea datorrenez, Azmal-Guzmudek erregaluren bat egin beharko dio, eta, jakina, hamabost urtez nenufare zuri bana oparitu ondoren, hamaseigarrenean ere usain gozo freskoa zerion beste nenufare handi bat ekarri nahiko zion osineko urgainetik. Besterik egitea bere buruari —Guzmudenari— eta barren-barrengo sentikizunei uko egitea zatekeen; berebiziko alienazioa, era zientifikoago batez esatearren. Hartara, zer posibilitate geratzen zaizkigu? Egin dezagun analisi kasuistiko bat:

        Lorea erregalatzen ez badio, ezingo da lasai egon ez gau eta ez egun. Beti itxurak egiten bizi beharko duela pentsatuko du, eta horretarako ez duela merezi amodio-lilien ahogozoa dastatzea, ez dohainez betetako gazte eder eta sendoa izatea. Ishmirrek bere bihotzagatik ez baina itxura hutsagatik maite duen susmoari ihes egin ezinik ibiliko da, egia jakinez gero aurpegira berriro begiratuko ez liokeen beldurrez. Bere katramila eta buruhausteak isilpean gorde beharko ditu Guzmudek, eta horrek goibeltasun eta bakardadezko bizitza ilunera eramango du ezinbestean. Azmal eta Ishmirrek ezingo dute zoriontsu izan.

        Lorea erregalatzen badio, berriz, bere nortasuna ere salatua dio. Orduan Ishmirrek esango dio Guzmudi horrek ez duela batere inporta, honen bihotz zabal eta dohain apartengatik maite baitu berak, eta ez denborak eta eritasunek beraiekin eramango duten edertasun iheskorragatik. Guzmudek sinetsi egingo dio Ishmirri, beharbada, edo esplikazio hori errukiak eragina dela pentsatuko du bestela; nolanahi dela, halako susmo bat geratuko zaio betiere. Erabat sinetsita ere, Ishmirrek ezingo du sekula jakin Guzmudek zinez sinetsi dion ala andrea lasaitzeko esan dion sinetsi duela; hala, bada, ezin itzuri nolabaiteko kezka horri. Batera nahiz bestera, elkarri minik ez egitearren sortutako gupida bihozbera horren errezeloek bien zorigaitza erakarriko dute, halabeharrez.

        Beraz, ipuina ondo bukatzeko ezintasuna aitortu beharko. Badirudi ez dela posible iraganaren ahanztura pragmatiko bat, erregeneraziorako tarte gutxi geratzen dela, susmo txarren kutsu hori ezin daitekeela guztiz aratz, xahu eta purifikatua laga.

        Beharbada, eta ondorio gisa, itsustasuna errotiko injustizia dela esan behar. Konponduko al luke ezein iraultza sozialek bidegabekeria lotsagarri hau? Ala etsipena baino ez zaigu geratzen?

        M.-txiki noski, ipuinaren bukaerarik gabe geratu zen.

 

[1985]