16 ipuin amodiozko
16 ipuin amodiozko
2002, narrazioak
240 orrialde
84-95511-53-3
azala: Garbiņe Ubeda
Xabier Mendiguren
1964, Beasain
 
2008, narrazioak
1992, ipuinak
1987, antzerkia
 

 

Txinoen esperoan

 

Sorbaldaren pisua aprobetxatu nuen burdinazko ate astunaren kontra jarri eta zabaltzeko. Txorien txilioek festa giroko alaitasun berezia ematen zioten klaustroari. Nonahi ari ziren kantari, baina asko zorroztu behar zen begirada txori haietakoren bati argiki antzemateko. Itzaletik eguzkitara irtetean, argi errainuek itsuturik utzi ninduten une batez, ezer ikusteko gauza ez nintzela, baina berehala etorri nintzen neure onera, eta hantxe zegoen, Anaia Alfredok esan zidan bezalaxe, patioaren erdi-erdian aulki batean jarrita, bazkalondoko eguzkiaren goxotasunean lo-kuluxkan edo.

        Poliki-poliki hurbildu nintzaion, zaratarik egiteko beldurrez —beldur inozoa, egia esan, txoriek nire zapata zolek baino askoz ere hots ozenagoa egiten baitzuten—, eta bere ondora iritsitakoan adi-adi geratu nintzaion so.

        Burua alde batera zuen eroria, modu harrigarri batez: lepoa bihurrituta zeukala esango nukeen arnasaren lasaiari erreparatu ez banio. Kaskoaren erdialdeko soilunea alde batetik bestera estaltzen zioten ile bakan zuriek, ordea, araztasun perfektu baten itxura ematen zioten, beti izan baitzen oso txukuna bere orrazkeran. Urre koloreko antiojo kaxkarrak sudurrean behera zituen labainduak, eta ezpain erdi zabalduen artean ageri zen mihi muturretik listu hari mehe bat zegoen zintzilik.

        — Anaia Martin! —esan nion apalkiro, ez bainuen bortizki iratzarri nahi.

        Sakona bide zen haren loa, ez baitzen amiñi bat ere mugitu. Manta koadrodun batean bil-bil eginda zegoen, urte sasoiko giroari eta orduaren berotasunari kasurik egiteke. Mantaren azpitik esku txuriak ageri zitzaizkion: axal fina eta ondo zaindua zuten gainean nahiz azpian, baina hatz-mami zartatuetan igar zitekeen urte askotako klarionaren arrastoa.

        — Anaia Martin! —kokoriko jarri nintzen haren buruaren mailan egoteko.

        Ahoarekin eta bekainekin zenbait keinu egin zituen, esnatzen ari zelako seinale. Begiak zabaldu baino lehen, hatzen artean zeukan Kempisa irristatu eta magalean geratu zitzaion itxita.

        — Anaia Martin! —ozenxeago esan nion ordukoan.

        Begiak klis-klas zabaldu eta itxi aritu zen une batez, lozorroan jositako makarrek erabat zabaltzea galaraziko baliote bezala. Ahoarekin ere gauza bera egin zuen, listua bizpahiru aldiz irentsiz, loaldi laburraren ostean geratu ohi den ahogozo mikatz hori kentzearren. Kokotsetik behera geratu zitzaion listu-hariaz ohartu eta, beso dardartia astiro jasoz, artilezko jertsearen eskumuturreko aldeaz sikatu zuen. Operazio horien guztien ondoren betaurrekoak behar den lekura eraman eta tinko geratu zitzaidan begira, aurrean zeukan aurpegi gazte haren oroitzapena garuneko artxibategietako armiarma-sareen artetik erreskatatu nahi balu bezala. Baina naufragiotik ez zuen ezer salbatzerik izan.

        — Neu naiz, Anaia Martin. Ez al nauzu ezagutzen?

        Kristal osteko begirada lausotu hartako barrenean argi izpirik piztuko ote zen zain geratu nintzen aldi batez; alferrik: aspaldi ziren itzaliak su hartako txinparta guztiak. Nire buruaren atzealdean zegoen zer edo zeren kontenplazioan galduta sumatzen nituen haren begiak.

        — Neu naiz, Anaia Martin, Joxekruz.

        Berriro saiatu zen, oroimenaren kaiolan, aurpegi eta izen horiek berak ezagututako errealitateren batekin josten. Bekozko zimurtuak ematen zidan haren lanen berri, eta laguntzen ahalegindu nintzen.

        — Joxekruz Oiarbide, Zarauzko ikastetxekoa.

        Oraingoan zerbait esan behar zuela zirudien; izugarrizko lana nonbait; aldi batean zintzurra gora eta behera erabili eta gero, nekez baina ahots garbiz atera zitzaizkion hitzak:

        — Badakizu... hainbeste ikasle izan ditut honezkero. Zuek gazteak zarete... eta gu, berriz, zahartuta... gero eta zaharrago.

        Orakuluaren gisa, isilik geratu zen hitzok bota eta gero, nik hausnartzeko eta haien mamiaz jabetzeko denbora izan nezan edo. Mingarria zitzaidan isiltasun hura, eta lehenbailehen bukatzeko gogo bizia sortu zitzaidan.

        — Misioetara joan behar dut, Txinara. Anaia guztiei agur esatera etorri naiz.

        Lehendik ere urrun begiratzen zuten begiak askoz urrunago finkatu ziren, urrutiko izarren baten kokaleku zehatza igarri nahian balebil bezala.

        — Txinara... Txinara...

        Oroimenaren gurpila jira-biraka hasi zitzaion, aspaldian lanik egin gabeko errotak ohi duen baldarkeria eta makaltasunaz; bere hitzen oihartzun fonikoak behialako errealitate ahantzira eraman ninduen ni ere, eta urtetan geldirik egondako ur paduratsuetan murgilarazi.

 

 

Anaia Martinek maiz aipatzen zigun Txina. Txina komunista, ni bestera banindoan ere. Beti esaten zigun Txina ez zegoela benetan haserre Errusiarekin. Itxura besterik ez zutela egiten, mendebaldea engainatzeko, haien artean zatiturik zeudela sinets zezaten europar inuxenteek. (Lastima vietnamdar eta kanputxearrek ez jakitea haserre hori itxurazkoa zela, bestela ez zen galduko hainbat milioi lagunen bizitza).

        Komunistek, beraz, estrategia argia zuten: ziren baino ahulago ageri. (Gauza bera egiten omen zuen deabruak: ez azaldu gure aurrean, ez dezagun sinets existitzen dela, hartara haren atzaparretan errazago erortzeko). Baina, bene-benetan, komunistak —errusiar nahiz txinatarrak— ez zeuden geldirik, plan argi eta maltzur bat zuten, Anaia Martinek desmaskaratu zuena.

        Baina ez dezala inork pentsa Anaia Martin politikoa zenik. Bera gure kristautasunaz arduratzen zen batik bat. Bekatua gure bizitzetatik deserrotu eta aienatzeaz. Eta ez da zaila asmatzen zein zen bekatu ohizkoena gure hamahiru urte haietan. Eta bekatu horren sua harrotzen zuen egurrak ere izen ezaguna zuen: pornografia. Bai, pornografia iritsia zen gure esku artega eta herabeetara.

        Nor zegoen ordea pornografiaren atzean? Nork zuen zikinkeria hori bultzatzeko interesik eta zer lortu nahi zuen horren bidez? Horra hor garrantzizko galderak, eta hona hemen erantzunak: pornografia komunistek zabaldu zuten mendebalde guztian —errusiarrek eta txinatarrek—. Zertarako? Oso erraza da: mendebaldeko gazteak hondatu eta ezertarako ez zirela uzteko.

        Hori horrela esanda, irudi lezake komunisten gaiztakeriak ez zuela arrazoirik, edo debaldekoa zela haien maltzurkeria guztia. Ez pentsa halakorik! Haien asmo eta helburuak askoz ere makurragoak baitira. Ikus ezazue haien epe luzerako estrategia, konfabulazio unibertsal erraldoia: behin mendebaldeko gazte guztiak pornografiak jota utzi eta gero, Txinak eta Errusiak zera egingo dute: mendebaldeko herri libreei gerra deklarazioa egin. Orduan, tarteko nazio guztiak bilduko dira, eta honako elkarrizketa hau izango dute:

        — Arma atomikoak erabiliz egingo al dugu gerra? —galdetuko du norbaitek.

        — Ez, ez —erantzungo dute denek—, hori mundu osoaren akabera izango bailitzateke.

        Hartara, denak bat etorriko dira gerra konbentzionala egitearen komenigarritasunaz; eta hor, gerra konbentzionalean, benetan erabakigarri suertatzen dena soldaduen indarra eta adorea da.

        Hemen dator beraz komunisten planaren bigarren partea: hasiko dira gerran, eta alde batetik etorriko dira milioika erruso eta txino: osasun onekoak, sasoikoak, kementsuak, edozein ekintzatarako gogoz eta gorputzez prest daudenak (zeren, lehen esan ez badugu ere, komunistek galarazi egiten baitute pornografia —noski baino noskiago— beren herrialdeetan); eta nor dago horiei aurre egiteko? Bada, mendebaldeko gazteria: gazte ustelak, pornografiaren bizioak eraginda gorputza erabat ahuldua eta izpiritua askoz ahulago eta ustelduago dituztenak. Zer egin dezakete gazte gizagaixo, makal eta bekatuaren ximaurretan lohitutako hauek gazte komunista indartsu, langile eta esanekoen aurrean? Ezertxo ere ez, jakina.

        Beraz, berehalaxe dugu gerra amaituta eta komunistak munduaren jabe, eliza guztiak erretzeko, kristauak giltzaperatzeko, Ama Birjina iraintzeko eta erlijioa debekatzeko.

        Horra, bada, nola erakusten zigun Anaia Martinek, gaiztakeriak itxura asko hartu arren, izatez bat besterik ez dela, eta pornografia eta komunismoa, gazteok genituen bi arriskurik beldurgarrienak, txanpon bakarraren bi alderdiak.

 

 

Hori guztia gogoratu nuen han, Anaia Martin erdi hibernatuta zetzan aulkiaren ondoan kokoriko jarrita. Ez dakit zenbat denbora eman nuen oroimenaren gurditik tiraka, eta Anaia Martinek ere ezin ziezadakeen esan, berriz ere lokartua baitzen, baina minduta neuzkan izterretatik bizkarrerainoko muskulu guztiak. Eginahalak eginez zutitu egin nintzen, eta kraskadura bat nabaritu nuen hezur mamietan. Ez dakit altxatzean hotsik egin nuen baina Anaia Martinek begiak zabaldu zituen, eta, irribarre berezi bat zuela ezpainetan, halaxe esan zidan:

        — Txinara, e? Txinara...

        Nire burutik pasatako guztiak beretik ere pasatu ote ziren susmoa sortu zitzaidan, eta, arrazoia oraindik asmatu ezin izan badut ere, halako lotsa esplikaezin batek gorritu zizkidan masailak. Ez dakit nola, herabetasun txotxolo horren kontrako erreakzio moduan-edo, esaldi honek egin zidan ihes ahotik:

        — Bai, badakizu: han ez dagoela pornografiarik eta.

        Anaia Martin azkenengo urteetan bizi zeneko lausotasun sorgor hartatik une batzuez erabat libratu zela esango nuke, hain bixia izan baitzen haren begien keinua, eta hain azkarra eta argia haren arrapostua.

        — Horrek ez du meriturik. Hemen bizi behar da, hemen, bekatutik ihes egin gabe hari kontra eginez jo eta ke.

        Harri eta zur nengoen ni Anaia Martinen piztualdia ikusita, eta ez nekien kontra egin behar ote nion edo arrazoia eman, argitasun harekin segi zezan. Zer esango pentsatzen ari nintzela, berak jarraitu zuen.

        — Nik behintzat ez diot besterik eskatzen Jaungoikoari: eman diezadala eguna iritsi arteko bizitza.

        — Ze egun? —galdetu nion benetako jakin-minez. Horren begi-bistakoa izanda erantzunik ematea ere merezi ez balu bezala begiratu zidan harriturik, eta ondoren, konfidentzietan erabili ohi den doinu leunaz, hala esan zuen:

        — Beste horiek iritsiko diren eguna.

        Sumatzen nuen barregarri geratuko nintzela berriro, baina, hala ere, egin egin behar izan nuen galdera hori:

        — Zein dira beste horiek?

        — Zein izango dituk bada: txinoak —bota zidan ziplo, eskuak eta guzti altxatuz, aspaldi hartan izan zuen energia unerik nabarmenenean. Ni hasia nintzen haren pentsamenduaren nondik norakoari zertxobait antzematen, baina oraindik ez nintzen erabat ohartzen zein asmo zebilen haren kaskoan gora eta behera. Horregatik, guztizko inozotzat hartuko ninduela jakinik ere, hirugarren galdera egin nion ahots aztoratu samarrez:

        — Baina zertarako nahi duzu txinoak etortzea?

        — Martiri izateko, motell, martiri izateko.

        Lehen baino harrituago nengoen, eta ezkutatzerik ere ez nuen izan. Anaia Martinek eskolako ikasleei begiratu ohi zien aire berberaz begiratu zidan, eta, arbela falta bazitzaion ere, orduko modu eta tankera pedagogikoaz hasi zitzaidan azalpenak ematen:

        — Ez al duzu ikusten? Begira: txinatarrak etorriko dira eta komunismoa ezarriko dute. Orduan, debekatu egingo dute erlijioa, eliza katolikoa bai behintzat, eta apaizok bi aukera izango dugu: edo gure fedeari uko egin, edo martirioa. Orduan ikusiko da, bai, nor den benetako kristaua: epelak beldur izango dira, eta edozein gauza egingo dute zigorra bere buru gainetik kentzearren. Benetako sinestunok, ordea, martirioaren bide estu baina argitsua aukeratuko dugu, Jesukristorengana daraman bidexidorra. Horrela, Jaungoikoaren aurrean egongo gara zuzen-zuzenean, santu bihurturik betiko lorian. Zer hoberik?

        Eta, azken hitzok pozarren esan ondoren, estasian geratu zen, begiak zabalik kerubinak eta serafinak ikusten ari balitz bezala, eta ezpainen artetik listu-hari fin bat hasi zitzaion irristatzen berriz ere.

        Txorien txilio ernegagarriez konturatu nintzen. Erotzeko modukoak ziren, edo halakoak iruditu zitzaizkidan niri behinik behin. Arratsaldea aurrera zihoan eta gauza asko egin beharra nuen oraindik bidaiaren prestaketetarako.

        Klaustrotik atera baino lehen azken soa zuzendu nion aulkian jesarrita, mantan bildurik eta burua alde batera eroria zuen Anaia Martini. Ez nuke asmatuko une hartan zenbat eta nolako burutazioak izan nituen esaten, ezta tripetako kilika amorragarri hura adierazten ere. Amesgaizto luze batetik esnatu berria denaren gisa, buru nahastua argitzeko asmoz buelta eman, eta bake pozoitsuzko klaustro hari agur esan nion betiko.

 

[1987]