Lehorreko paterak
Lehorreko paterak
2001, nobela
152 orrialde
84-95511-43-6
azala: Garbiņe Ubeda
Iņaki Friera
1962, Barakaldo
 
2009, nobela
 

 

Hitzordu bat zuen Jezabelek

 

Hamazazpi telefono zeuden Bizkaiko zenbakiarekin. Gehienek gizonen izenak zeuzkaten alboan idatzirik; bostek, berriz, emakumeenak. Gizonei dagokienez, gehienetan, Jezabelen bezeroekin ari ginela pentsatu genuen, hartutako erantzunak bide: halakorik bertan ezagutzen ez zutela, emakumeek; edo bat-bateko urduritasun txarto azaldua, gizonek.

        Birritan esan ziguten baietz, izen hori erabiltzen zuen prostituta bat ezagutzen zutela eta harekin noiz edo noiz ibiliak zirela aitorturik. Kasu bietan aspaldiko kontuez ari zirela azpimarratu ziguten, bazirela hiruzpalau hilabete haren berririk izan gabe.

        Emakumeen kasuan zailagoa izan zen bilaketa, gehienetan erantzungailu automatikoak ihardetsi zigun eta. Mezu argia laga genuen hiruretan: «Jezabelen laguna naiz eta zurekin hitz egin nahiko nuke. Deitu, mesedez».

        Etsitzear geundela, hiru egun geroago, dei bat jaso nuen eskuko telefonoan:

        — Nor zara? —itaundu zidan telefonoz beste aldean zegoen emakume batek.

        — Barkatu, baina zeuk esan beharko didazu nor zaren, ezta?

        — Barka! Igoal ez dut ondo markatu.

        — Ez, ez... itxaron! Ni Jezabelen laguna naiz —esan nuen inguru-minguru ibili barik—. Ez dakit izen horrek zer edo zer diotsun.

        Isilik gelditu zen lipar batean; gero, ezer esan gabe eten zuen komunikazioa.

        Ordu laurden geroago berriro jo zuen telefonoak:

        — Bai?

        — Barkatu, Jezabelen laguna zarela esan didazu, ezta?

        — Bai, hala da —erantzun nion gero eta urduriago, beste aldetik mintzo zitzaidan emakumea lehenago deitu zuen berbera zela ezagututa.

        — Nor baina?

        — Ez dut uste ezagutuko nauzunik, eta berak ere ez; baina bada hemen nirekin, berak biziki maite duen pertsona bat: bere neba, Ahmed.

        — Ahmed? —erantzun zidan, izen hartaz duda egingo balu bezala—. Jezabelek ez du familiarik hemen. Nor da Ahmed?

        — Esan dizut ba, haren neba da. Aizu, denbora luzea daramagu Jezabel bilatzen eta ezin dugu askoz gehiago luzatu egoera hau, gaixo-gaixo dagoelako susmoa ere badugu eta! Gustatuko litzaidake zurekin non edo non gelditzea, Jezabelen berririk ematerik baldin baduzu, jakina.

        — Arratsaldeko zazpietan, Zabalburuko plazan, taxien geltokian; eta eraman ezazu mutila —berriz eten zuen komunikazioa, nire erantzunaren zain egon gabe.

        Saidi deitu nion, etxera, Ahmed hartu eta ahalik eta arinen joan zedin Bilbora. Arratsaldeko sei eta erdiak ziren. Ondoren, Mikeli deitu nion, eta Bilbon lotu nintzen berarekin. Autoa hartu eta hiribururantz abiatu nintzen.

        Trafiko handia zegoen Bilboko sarreran, auto ilarak San Adrianeraino heltzen ziren eta nekez mugitzen ginen. Urduritzen hasia nintzen; kolpe bat eman nion bolanteari eta Juan de Garai kaleko goranzko hiru kaleak zeharkatu nituen, gorantz zihoazen ibilgailu guztien protestei muzin eginez. Iralan bilatu nuen autoa uzteko lekua, eta handik oinez.

        Zazpiak zazpietan heldu nintzen esandako lekura, Mikel, Said eta Ahmed artean iritsi gabe. Inguruak aztertzen hasi nintzen, telefonoz deitu zidan emakume hura ezagutaraziko zidan zerbaiten bila. Gizonak ziren nagusi ordu hartan, taxien artean berriketan batzuk eta bertako jarlekuetan besteak; emakumerik ere bazegoen, baina umeekin paseoan.

        Emakumeak inguruan ibili behar zuela pentsatu nuen, erdi ezkutaturik, behar bezain ziur egon arte. Horregatik, plazaz bestaldeko espaloiak ere begiratzeari ekin nion. Orduan ikusi nuen, Iralarako aldaparen erdian dagoen uharte moduko espaloi txiki horretan, niri begira, artez. Ez nintzen mugitu, jakin nekien-eta berak ez zuela ezer egingo mutila nire ondoan ikusi arte.

        Emakumea ere urduri zegoen, erlojuari begira. Gure begiak elkarren aurrean topatu ziren; artegatasuna erakusten zuten harenek, erregu bat nireek: egon zedin, alde egin gabe.

        Iritsi ziren, azkenean, Said eta Ahmed; ez, aldiz, Mikel. Emakumeak Iralarantz jo zuen, bere atzetik joango ginela jakinda. Azkar zebilen, eta sarri begiratzen zuen atzerantz, orpoz orpo gindoazela ziurtatzeko. Ondoren ezkerretara jo zuen, zezen plaza dagoen alderantz, geroago eta arinago, aldapan behera. Vista Alegre pasa eta Ametzola plazara heldu ginen eta hantxe gelditu zen, berriro ere atzera begiratzeko.

        Atari batean sartu zen, bere mugimenduaz ohartuak ginela ziurtatu bezain laster eta eskailerak igo, hirugarren pisuraino. Atea zabaldu, sartu eta irekita utzi zuen.

        Kiratsa zerion etxeari, usain guztiz jasangaitza zetorren txoko guztietatik. Okaztagarria zen oso. Emakumea sukalde txikian zegoen, mahai zikinaren ondoan, geldirik, izuturik. Keinu bat egin zigun, sukaldearen ondoan zegoen gelara joan gintezen. Ahmed lasterka sartu zen, bihotzak egoera hartan eztanda egin behar ziola oharturik. Gelara hurreratu ahala, gogorrago egiten zen kirats pairaezina.

        Ohean etzanda aurkitu genuen Ahmed, eztulka ari zen emakume ahul eta argal baten ondoan, elkar besarkaturik. Jezabel ezagutu genuen Ahmeden begi malkotsuetan, bere mugimendu urdurietan, bere hitz toteletan. Eta mugimenduetan ezagutu behar, ze emakume hark ez zuen zerikusirik Ahmedek maiz erakutsitako argazkikoarekin. Guztiz zargaldurik zegoen; begiak zulo ilun horietan galdurik, bizi arrastorik gabe. Eztulka etengabe, espasmozko ikarek Ahmeden aurka bortizki bultzatzen zutela; odola zerion sudurretik eta ahotik, eztul eraso bakoitzarekin batera.

        — Oso gaixo dago! —esan zuen Saidek, begiekin haraino gidatu gintuen emakumea bilatzeaz batera.

        — Ez du ospitalera joan nahi —berak, beldurrez.

        — Bada, joan beharko du —Saidek.

        Telefonoa hartu nuen poltsatik eta anbulantzia bat deitu genuen, ahalik eta arinen etor zedin. Hamar minutu geroago han zeuden medikua eta andari bi, alboan anda zeramatela.

        — Jaungoikoa! —hots egin zuen sendagileak, eskua ahora eramateaz batera, ohean zetzan gorputz zargalak eragindako nazkari aurre egin guran—. Arin! Jarri iezaiozue gazur poltsa bat eta erietxera, azkar! Eta, zuek guztiak ere ospitalera, azterketa medikua egitera.

        — Tuberkulosia —esan zigun Jezabel aztertu zuen medikuak bost ordu geroago—. Ez dizuet gezurrik esan nahi, oso gaixo dago, ez dut uste luze iraungo duenik. Tratamendu gogor bat agindu diot, ea bere gorputzak erantzuten duen; baina oso ahul dago: gorputzaren defentsa guztiak makal-makal daude, indarge. Oso txarto dago, hil hurrean.

        Azken hitzok, Jezabelen ohean ikusitakoak baino izugarriagoak iruditu zitzaizkigun, berbak errealitateak berak baino eragin handiagoa izango balu bezala. Hilzorian. Ez da pertsona horretara prestatzen, nahiz eta gertu izan egunero. Heriotza da, lehenago edo geroago, bere harrapakinaren bila datorrena, huts egin gabe. Hitzordua ipini zuten heriotzarekin itsasartea zeharkatzea erabaki zuten egunean, eta izkin egin zioten; baina honaino jazarri du, errukigabea.

        Bost egun geroago hil zen Jezabel, ospitaleko ohe garbi batean, horrenbeste maite zutenak ondoan zituela. Eta ezagutu gabe maitatzera heldu ginen, bai eta bere alaba ere. Horregatik, Jezabelek eskatu bezala, hitz eman genion ez genuela atsedenik hartuko Fatima aurkitu arte.

        Ahmeden bost egunik gogorrenak izan ziren, Jezabelen ondo-ondoan, gau eta egun, arrebari begira, aspaldian berarengan ezagutu genuen begiratu maitagarri berberarekin. Bost egun elkarri agur esateko, eginengatik eta ahaztuengatik barkamena eskatzeko, berandu heltzeagatik negar egiteko. Bost egun munduari bi neba-arreben arteko maitasuna erakusteko.

        Ospitaleko mediku eta erizainen bihotzak gatibatu zituen Ahmedek, behinola gureak harrapatu bezala. Eta haiek guztiek egindako presioari esker, lortu genuen Ahmed gure artean izatea, bere aurka susmatzen genuen kanporatze agindua baliogabetzea, alegia. Fatima aurkitu arteko baimena eskuratu zuen gazteak.

        Ez genituen gure aurkako salaketak indargabetu, etorkinak legez kontra sartzen laguntzeagatik zabaldu ziguten auzia. Baina lasai geunden, Jezabelen hilzori luzean eman genuen hitzarekin guztiz gogobeterik. Eta engaiaturik.