Lehorreko paterak
Lehorreko paterak
2001, nobela
152 orrialde
84-95511-43-6
azala: Garbiņe Ubeda
Iņaki Friera
1962, Barakaldo
 
2009, nobela
 

 

Itsaso Bareak legez

 

Halako arnas estutze bat sentitu nuen bularrean, diafragmatik gora zetorkidan aireak oztopo bat aurkitu eta bola bat egin balit bezala, eztarriaren parean. Jarraitu nuen mailak igotzen, lehen baino pausatuago hala ere. Bigarren solairura helduta geldiune bat egitea erabaki nuen, paparraren kontra izutu arte kolpeka nabaritzen nituen bihotz taupadak entzuteko. Ezkerreko eskua ipini nuen bihotzaren parean; eskuma, aldiz, horman bermatu behar izan nuen, hankak indarge sentitzen hasi eta, egoera hartan, neure gorputzari eusteko gai izango ez nintzela pentsatzen ere hasia nintzelako.

        Bigarren solairuan geldirik, paretaren aurka jarririk, begiak itxi eta indarrak barruan bilatzeari ekin nion, adorea behar nuen, erabakia hartu eta gehiago atzeratu barik aurrera eramateko. Ezin nuen berriro huts egin. Ezin nuen eta ez nuen nahi. Ez nintzen Madrildik Bilbora joan, azalpenik gabeko izu lelo batek menderatu eta bertan molokot eginda itzultzeko. Eskua kopetatik pasatu nuen, nabaritu uste nuen izerdi hotza egiazkoa zela ziurtatzeko; dardarka itzuli nuen eskua, eta zorrotik ateratako zapiaren kontra igurtzi, amorruz, atzamar argal haien dardara urduria lotu nahian.

        Gorde nuen zapia eta beste pauso bat eman, erabakigarri, ausarti, adoretsu. Hari beste bat lotu nion, begiak oraindik erdi itxirik, oinak lehen mailarekin estropezu egin arte. Begiak indarrez itxi nituen, betazpietan mina sentituz, arnasa indarrez sartu zitzaidan sudur zuloetatik, beroa eztarritik behera eramanez, ostera ere birikiak eta sabela puztu arte. Orduan, biziberriturik, begiak ireki eta lotu nintzaion mailaz mailako igoerari, gelditu gabe, arnasa hanken igo-oinarritzearen erritmora moldatuta. Menderatua nuen izua, edo behinik behin hala pentsatu nuen.

        Alabaina, atearen aurrean geratu nintzenean, atearen goialdean dir-dir egiten zuen metalezko xafla izen-deituradunari begira, atzera sentitu nuen arestiko pairamena zetorkidala, lehengo porrotari mendekua hartzeko, nonbait. Hala ere, tinko eutsi nien ikaratzen hasiak ziren hankei, kemenez itsatsi nituen atzamarrak, elkarren artean, dardarari biderik ez emateko; lasai hartu nuen arnasa, bihotza taup-taup ipintzeko, patxadatsu, bare. Gero, ezker eskua eraman nuen kopetara, siku zegoela baieztatzeko.

        Izutu egin nintzen, txirrinaren hotsak ezustean harrapatu baininduen, hain sartuta nengoen barne lehia hartan. Iruditu zitzaidan argi eta garbi adi zitezkeela barrutik kanpora zetozen oin hotsak. Iruditu zitzaidan ateaz bestaldean zegoenari ere kostata heltzen zitzaiola arnasa ahora. Iruditu zitzaidan, azkenean, menderaturik uste nuen beldurra neu baino indartsuagoa zela eta, azken uneko ihesaldiari men eginez, oraindik garaiz nengoela. Iruditu zitzaidan, besterik ez.

        — Maixabel! —harrituta esan zuen Mikelek.

        — Mikel —erantzun nion ahots apalez, begiak betazal baina, aldi berean, burua goraturik—, atzo amaitu gabe utzi zenuen afaria eta... Beno, zure bila etorri naiz urrundik, behar zaitugulako eta... ez dizut joaten utziko.

        Listua nabaritu nuen ahoan, mihia itotzen zidala, arestian antolaturiko hitzak loditzen zituela, urak zura bezala, azaldu nahi zuena ulergaitz bihurtuz. Irensteko esfortzua egin nuen, eztarrian behera zihoakidan uriola nabarituz. Irri baten atzean ezkutatu gura izan nuen une hartako ahulezia, Mikelengan antzematen nuen indarrari aurre egiteko bide bakarra bailitzan, hala nola leize batetik behera erortzeko zorian dagoenak, gori dagoen iltzeari oratzen dion.

        Mikelek atea zabaldu eta sartzeko esan zidan. Hozkirria nabaritu nuen bizkarraldean, garai batean ilusio, amets eta bizinahiaz sorturiko habian ostera ere sartzeak zimiko erregarri bat sentiarazi baitzidan gorputzean. Artez ibili nintzen korridoretik, egongelara, behinola utzi legez zeuden jesarlekuetara, neure txokora. Atzera begiratu gabe, antzina aurrean neukala sentiturik, jarri nintzen betiko jesarleku besodun urdinean, artean nire gorputzaren neurrietara moldatzen zela nabarituz.

        Mikel atzetik etorri zitzaidan, isilean, nire urratsak aditzen, askotan irudikatu zituen bezalakoak zirela egiaztatzean nolabaiteko barne pozaz elikatzen. Azkenean buruz buru gelditu ginen, elkarri beha, mutu, barne gogoetan. Mikel nire aurrean jesarri zen, gau askotan egin zuen bezala, niri begira, ameslari.

        Berba egiteko imintzioa egin nuen, hitzik egitera heldu gabe, Mikelek isiltzeko keinua egin zidalako, ez baitzegoen prest hiru urte haiek zorrak kitatu gabe joaten uzteko.

        — Luzea izan da, Maixabel, oso luzea; ezin duzu imajinatu zer-nolako mina eman zidan zure gutuna hartzeak...

        Luze jardun zuen hark, laburrean nik, Mikel neure aldera ekarri behar nuela jakinda. Eta ekarri egin nuen, leuntasunez, itsaso bareak harea eramaten duen bezala, gero berriro hondartzara itzultzeko, inork antzematen ez duen joan-etorriko bidaian.

        Bazekien, uraren joan-etorriak nire azpira zeramala, baina uraren laztanak behar zituen, aspaldiko zirrarak berriro ernatzen nabaritzen zituelako, bere gorputza bizirik zegoela berriz antzematen hasia zelako. Kostata, bai, baina ausart, esan zidan bihotzak aldarrika ziotsena, amorruzko sentimendu guztiak soka motzez loturik. Kostata, baina seguru, bihotzari kasu egitera, ez zuela galduko, hiru urte lehenago bihotza salduta, galdu zuen bezala.

        — Lagunduko dizut, zerbaitek esaten dit-eta horixe izango dela zu ekartzeko modu bakarra.

        — Ondo da! —erantzun nion, haren sentimenduei ate zirrikitu bat ere ez uzteko erabakirik, atea kolpez ixteko kemenik gabe.