Lehorreko paterak
Lehorreko paterak
2001, nobela
152 orrialde
84-95511-43-6
azala: Garbiņe Ubeda
Iņaki Friera
1962, Barakaldo
 
2009, nobela
 

 

Mojaditos

 

Ahmed komunetik irten zen, arropaz aldatuta, Saidek utziriko lo jantzietan bero. Gu biok geunden aldera hurreratu zen, isilik; kopeta gora, hala ere. Hitz jario etengabean babestu zuen Saidek, une hartako artegatasun nabaria lagunarteko bilakatu nahian, herio gogorraren hortzetatik libratu izana, bidaian atzean gelditzen den hiri ez desiratua balitz bezala, oroimenaren mapa zimurtu berrian ilundurik.

        Abegitsu izan nahia nahastu egiten zen jakin-minarekin, hondartzan ezagutu berritan kontatutakoetan sakondu gurarekin. Ahmed bere arrebaz mintzatu zitzaigun olatuen artetik atera eta berehala, egoeraren zergatiaz azalpenak ematera behartuta sentiturik-edo. Mugarik gabeko datu jasa izan zen: izenak, datak, lekuak, usteak...

        Jezabelez eta Hamidez hitz egin zigun. Ahmeden arreba zen Jezabel, lau urte lehenago Hamidekin ezkondua. Espainian zegoen, eta haren bila joatea zen bere helburu bakarra.

        Hamidek Europarekin egiten zuen amets, eta Jezabel amets horietan murgilarazi zuen, herrian zeukaten egoera aski ez zela bera bezalako printzesa batentzat, gehiago merezi zuela eta ezin ziola merezi zuen guztia sorterrian eskaini.

        Jezabel gustura bizi omen zen herrian, behar handirik gabe. Gizonak, haatik, jakin zuen etxekoak uztera limurtzen, bere ametsetan gatibu egiten. Ezagutzen ez zuen herriaz mintzatzen hasi zen Jezabel: hango kulturaz, hango askatasunaz, hango aberastasunaz, hango... Urtetan nahikoa eta sobran izan zuena, eskas eta bakan begitandu zitzaion, senarraren hitzetan ezagutzen ari zen munduko bitxien aldean.

        Ezkondu eta urte batera, ama izateko hiru hilabete falta zituela, Espainiara zihoazela jakinarazi zuten etxean: umeak Espainian jaio behar zuen, horrela ezingo zuten handik kanporatu, umea espainiarra izango zen eta. Ceutaz hitz egiten hasi ziren, ele eta ele, Ceuta Europan sartzeko atea zela, haraino helduta inon baino errazago egingo zitzaiela paperak lortzea...

        Auto zahar batean, errepide txarretan barrena, hiri desiraturaino heldu ziren. Ceuta inguratzen duten hesiak errepidearen albo bietan, lorturik atzeman zuten ametsa. Zaintzaile gutxi ibiltzen den aldea bilatu zuten hesia igarotzeko. Hamid emaztea bultzatzen hasi zen, behetik: lodi zegoen, barruan zeraman umea nahikoa aurreraturik. Izugarri kostatzen zitzaion altxatzea, baina, azkenean, lortu egin zuen. Jezabel alanbradaren goi alderaino igota, eta senarra heltzeko zorian zegoela, laprast egin eta erori zen Jezabel.

        Hiru metrotik behera jausi zen, lurrean jo eta konortea galdu. Hamid alboan zegoela, Guardia Zibila iritsi zen. Oso ongi jokatu zuten eurekin, batez ere Jezabelekin: hiriko ospitalera eraman zuten. Hamidek, aldiz, hiru egun eman zituen espetxean. Egun batzuk geroago Calamocarrora bidali zituzten, Ceutako kanpamendu batera, non etorkinak egoera deitoragarrian pilatzen diren.

 

 

Mesfidantzaz so egin zigun Ahmedek, hondartzan hitz egiteko grina etxeko dutxak apaldu balu bezala. Saidi eta bioi begira, burua xukaderan erdi ezkuturik, pentsakor zirudien, lehenago neurtu ez zituen ondorioak kalkulatzen.

        — Lasai, Ahmed —urratu nuen isiltasuna—, ez duzu egindako galderei zertan erantzun; baina, bestela, ezingo dizugu lagundu. Nik Madrilen lan egiten dut, legelaria naiz, eta zurea bezalako auzi asko eraman dut. Said kazetaria da, Marokoko Libération egunkarian, Ceuta eta Melillako albisteen arduraduna. Gurekin fidatzen bazara lagundu ahal izango dizugu; osterantzean...

        Mahai gainean zegoen ura eskuratu eta trago bat hartu zuen, emeki, zurrupada bakoitzarekin eztarria garbitu nahi balu bezala. Gero, altxatu eta leihora hurbildu zen: errezelak estutu zituen aurpegiaren aurka, begietan sentitzen zuen sua hil nahi zuten malkoak lehortzeko. Ceutako argiei beha gelditu zen, polita zen-eta gaueko giropean sortzen zen argi jokoa.

        Atzetik hurreratu nintzaion, gorputzaren kontra estutu, gizon izan nahi zuen mutikoa altzoan babestuz. Nire esku fina sentitu zuen, erkainak ile kizkurrean jolasten, lagun, bero. Libro utzi zituen malkoak, erortzen, masailetan zabaltzen, nire atorra blaitzen. Adats garbitu berriaren umeltasuna nabaritu nuen azalean, bularretan, jantziaren oihal fina zeharkatzen; mutikoaren sudur hotsak aditu nituen, pentsatzea oztopatzen zioten negar zotinak.

        Gero, niregandik urrundu eta orri tolestu bat atera zuen mahai gainean utziriko zorrotik. Jezabelek bidalitako gutuna zen eta bertan Calamocarron emandako lehen egunez ari zitzaion nebari. Pasarte bat hautatu eta irakurtzeari ekin zion:

        — «Lehenengo egunean aulki batean jarririk lo egin dut, kanpin dendetan lekurik ez zegoelako; bigarrenean zuhaitz baten kontra bildurik; eta hirugarrenean, azkenean, leku bat utzi digute barrakoi batean. Ez dugu ezer, ezta lo egiteko lastaira triste bat ere. Hirugarren gauean, haurdun ikusi eta lastaira bat utzi zidan gizon batek; biharamunean, aldiz, eskatu. Ezin dugu dirua gastatu, Algecirasera igarotzeko behar dugu eta. Hain justu! Beraz, lurrean lo egin beharko dugu, besterik ezean».

        Ahots dardarakorrez irakurri zigun, eta gero eta ulergaitzagoa zen ahoskeraz segitu zuen hizketan, hurrengo egunetan gertatutakoak adieraziz, Hamidek berak espetxean adierazitakoari jarraikiz.

        — Hiru hilabete eman zuten kanpamendu hartan, egunetik egunera nazkatuago, egunetik egunera ahulago, harik eta Jezabel erditze minak sentitzen hasi zen arte. Bizkor eraman zuten ospitalera eta bi orduren bueltan erditua zen, sekula ezagutu ez dudan neska batez. Jezabelek bi egun igaro zituen ospitalean; Hamid, bitartean, abaguneak ekarritako nolabaiteko askatasunaz baliaturik, Ceutan barrena ibili zen, handik aterako zituen kontaktuaren bila.

        »Bigarren egunaren iluntzean artegaturik heldu zen Hamid Jezabelen ondora, arin eta isilik ibili behar zuten, gau hartan bertan Algecirasera eramango zituen patera irtengo zelako, Sparte lurmuturretik. Jezabelek otoi egin zion senarrari, oso ahul zegoela, umea jaioberria zela eta ezin zirela handik mugitu... Pobrearen indarra, Hamidek Ceutatik irteteko dirua emana baitzuen.

        »Jezabelek ezin zuen gizonaren tema sinetsi, hain makal, hain indarge sentitzen zen. Umea, txiki, ñimiño, defentsarik gabekoa, babestu nahi izan zuen herio bidea iruditu zitzaion ihesaldian. Ezezka aritu zitzaion Hamidi behin eta berriz; baiezka ihardetsi hark, Jezabelen tonu apala poliki zanpatuz. Halako batean, ohera hurreratu eta besotik oratu zion, handik jaikitzeko aginduz. Jarraian, haren erresistentzia ikusita, umea hartu, oihal batean bildu eta Jezabelengana itzuli zen, berarekin edo bera gabe alde egingo zutela adierazteko.

        »Jezabelek besoak luzatu zituen umea hartzeko, baina Hamidek ez zion aukerarik eman. Zoratuta zirudien, begiak gorri-gorri zeuzkan eta gero eta arinago hartzen zuen arnasa. Gure arrebak lasaitzeko eskatu zion, albait lasterren jantzi eta harekin joango zela aginduta. Hamidek ohe gainean laga zuen umea. Orduan Jezabelengana biratu zen, atzetik hurbildu eta barkatzeko erregutu zion, erietxetik joan behar zutela uler zezan eta gauzak horrela egin behar zirela onar zezan, bestela Calamocarrora itzuli eta handik Marokora bidaliko zituztelakoan.

        »Jezabelek beso artean hartu zuen Hamid eta sutsu hasi zen musukatzen, baietz eta baietz, atzetik joango zitzaiola, herritik irten zirenean agindu legetxe. Umeari begiratu eta gauak hotza izan behar zuela otu zitzaion. Orduan, bere ohean zegoen burusia hartu eta bere poltsan sartu zuen, indarrean.

        »Ordu erdi geroago ospitalea laga zuten, inor ohartu barik. Behean gizon bat zuten zain, auto batean. Gizonak azkar ibiltzeko agindu zien, berandu zen eta. Gidaria, umea ikusi eta keinuka hasi zen, hura gustatzen ez zitzaiola ulertzera emanez: bestelakoa zela hitzarmena, umearena isilean gorde zuela Hamidek eta horrek gauzak zailtzen zituela, harrapatzekotan askoz gogorragoa izango zelako zigorra.

        »Hamidek beste billete sorta bat atera eta luzatu zion, gidaria momentuan bertan isilarazi eta konforme utziz. Gizona, dirua jesarlekuaren ezkerraldean zegoen zorro batean gorde eta bideari lotu zitzaion, umea zela-eta ez ikusiarena eginez. Hondartzara heldu arteko gorabeherak ez ditut ezagutzen, Hamidek berak, gertaera hauek kontatu zizkidanean, beren-beregi isildu zituelako.

        Ahmedek beste baso bete ur eskatu zion Saidi, ondoren kontatu behar zituenek-eta indarberritze bat eskatuko baliote bezala. Triste zegoen, ahotsa apalduz zihoakiola ohartzen zen, jazoera hura aitaren batean amaitu nahiak eztarria lehortzen ziola sentitzen zuen. Saidek ontzia ekarri eta zurrust egiteko esan zion. Eztarria garbitu, jaiki eta ibilka hasi zen, gertaera lazgarri horiek pausoz pauso arindu guran.

        — Gaueko ordu biak izango ziren patera Ceutatik abiatu zenean. Jezabel irrikan zegoen, Espainiara heldu nahi zuen, senar eta ume jaio berriarekin aro berriari ekiteko: lana bilatu, etxea erosi, umea hazi...

        »Milia erdi edo faltako zuten euren gogo bizia egia bilakatzeko. Linea de la Concepciónen aurrean zegoen txalupa, eskura zituzten Toneleroko kaiko argiak, Guardia Zibilaren Itsas Zerbitzuak gelditzeko agindu zienean: «Geldi hor! Egon, egon!», oihukatu zioten guardiek legez kanpoko txaluparen jabeari, pateraren kontrola ziurtatzeko sokak jaurtikiz.

        »Denak isilik, banaka hasi ziren Guardia Zibilaren ontziaren bizkarrera igotzen, polizien begi erneen aurretik. Kostazainek, modu txarrean, poparen ezker-eskuman ipini zituzten iheslariak, mojaditos zeritzetenak. Bi emakume ziren hamabosten artean. Eta hantxe zegoen Jezabel, umea altzoan zeramala.

        »Bera eta umea Algecirasko Punta Europa erietxean sartu zituzten. Medikuek hainbat azterketa egin zizkieten, egindako astakeriak kalterik ekarri zien ikusteko. Ginekologoen eta pediatren berbetan, ondo zeuden ama-alaba; hala ere, egun batzuk pasatu behar zituzten ospitalean, behar legez osatu arte.

        »Hiru egun geroago Hamid ekarri zuten Marokora. Bera bakarrik. Espetxean dago, herritik baimenik gabe irteteagatik. Jezabel etorkinentzako etxe batean gelditu zen, alabarekin, berriro herriratzeko aginduaren zain. Horixe izan zen hari buruz jakin genuen azkena.

        Ahmed ura edatera joan zen. Leihoaren ondoan gelditu nintzen, zirkinik egin gabe, begiak betazal, kopeta ilun. Saidi behatu nion, begiradaz Ahmedek kontaturikoaren zergatikoaz itaunduz. Ulertu nahi eta ezin, azalpen bat aurkitu gura nion erokeria hari eta kapaz ez, Saidengan bilatu nuen erantzunik. Hark, bere barnean bildurik, nire begiradari ihes egiten zion, erantzunik ez baitzuen erruki gabe egiten nizkion itaun isil-ozenentzat. Eta gelan gelditu ginen hirurok, isilean.