Lehorreko paterak
Lehorreko paterak
2001, nobela
152 orrialde
84-95511-43-6
azala: Garbiņe Ubeda
Iņaki Friera
1962, Barakaldo
 
2009, nobela
 

 

Bilbo, 1999ko iraila

 

Beldur nintzen, ez bainuen uste Mikelek nire deiari erantzungo zionik; eta beldur nintzen, erantzutekotan ez nekielako zelan jokatu behar nuen. Horregatik, lotutako lekuan agertu zenean, sentsazio berezia izan nuen, pozaren eta izuaren artekoa. Poza gauzak nik prestatu bezala irteten ari zirelako; izua, banekielako argi ibili beharko nuela helburua lortzeko.

        Mikelek atetik bertatik ikusi ninduen: mahai altu eta biribil baten bueltan jarria, ezagutzen ez zuen gizon baten ondoan, belarri ertzera mintzatzen. Atean geratu zen, aurrera egin ez egin erabakitzen, nire lagunari begira, artez. Arin elkartzen dira sentipenak halako uneetan, errealitateak zeuk diseinaturiko bidetik urruntzen zaituela ikustean, gustuko ez duzun edo, akaso, gorroto duzun eremura eramaten zaituenean. Neuk ere, Mikelen sentsazioekin bat egin nahian, Saidi begiratu nion. Sendo antzeman nuen, lirain, beltzaran eta gazte, ile kizkurra, kopeta soiltzen hasia. Bibote handi batek itzaltzen zion goiko ezpaina, bai eta belarritik belarrira zabaltzen zitzaion etengabeko irribarrea ere. Gero, begiak itzuli nituen Mikelenganantz, eta kopeta zimur hartan nahasten ziren sentimenduak jorratzen ahalegindu nintzen, banaka, hala nola baserritarrak artoa, asmo txar eta pozoitsuak baztertu guran. Mamu zaharrak garbitu gura izan nituen lehenengoz, ezusteko egoera hark ekarririko mamu zaharrak, tabernako zigarro keek antzeratzen zituzten irudien artean barre-algaraz agertzen zitzaizkion mamu ezagunak, aspaldian nire jokabideak beste gizon batekin zerikusirik ote zuen itaundu eta aurpegiratzera eraman zuten mamu traidore berberak.

        Bere keinuetan irakurtzen saiatu nintzen, barne berbaldi sakonaren erakusgarri: neuk sufriaraziko minak, batetik, errukirik gabe jotzeko eskatzen zion, joan nintzenetik pairaturiko une mingots guztien ordaina eskatzeko: begia begi ordain, hortza hortz. Bazegoen, bestetik, geroan sinesteko agintzen zionik ere: urte guzti haietan ni ahaztu ezinak bihotzaren gurariei men egin behar ziola esaten zion, behin eta berriro, ahapeka bazen ere.

        Mikelek ezin zuen jazotakoa ahaztu. Urteak joan urteak etorri, eguneroko lehia bilakatu zen gertatutakoa azaltzeko esfortzua. Hasierako amorruak, errua zalantzarik gabe niri aurpegiratzea zekarrenak, zein baino zein ibili behar izan zuen ondorengo urteetan, kulpaduna behatzen zuen hatz akusatzailea norberaren aurka bihurtzen hastearekin batera. Mikelek gogor jokatu zuen, dena edo bat ere ez irabaztera, ezbairik gabe nagusituko zelakoan; belarri bat emango zukeen orduan, aldiz, ni bere ondora itzultzeagatik.

        Ustekabea erakutsi zuen otoz otoan nire eskua ikusi zuenean, jarrita geunden mahaira hurreratzeko keinuak egiten zizkiola. Lipar bateko pentsamendu guztiak barnean gordeta, aurrera jo zuen, behinola hainbeste pasio sentiarazi zion eskuak erakusten zion jesarlekura zuzen. Heldu baino lehentsuago zutundu nintzen, irribarretsu, artegaturik, zer esan eta zer egin jakin barik, aspaldiko zorrak bat batean kitatu behar dituzula jakiteak sortzen duen egonezinak baldar bihurturik, aurreko eguneko deiari erantzun izana eskerturik.

        — Mikel... —esan nion, hitzak ondoz ondo josteko arazoak nituela ohartuta.

        Bihotza dardarka neukala konturatu nintzen. Ordu arteko lasaitasuna desagerturik, ez nekien nola jarraitu. Non zeuden une hartarako prestaturiko hitzok? Non hotz-hotzean pentsatutako mugimenduak? Segundo batzuk irabazi nahi izan nituen, bihotza lasaitu guran, zintzo jokatze aldera:

        — A! hauxe... Mikel... Said da... nire lagun bat.

        — Kaixo, urte askotarako —Mikelen begi ezkutuek, begi salatzaileek, biziro azaltzen zuten, ezpainek besterik bazioten ere, bihotzean zeraman su kiskalgarria.

        Niretzat ere latza suertatzen ari zen egoera hura: taupada bizian zihoakidan bihotza, halako batean lasaitzeko; buruaren aginduei muzin egiten nion, mihi dantzaria aurreko minutuetan egindako gogoetaren arabera lotzeko. Eztarria iharturik, hitzek mina ematen zidaten ahots kordak laztantzerakoan, aurreko urteetan eteniko komunikazioa atzera biziberritu nahi izateak beste erritmo bat eskatuko balu bezala. Gorro bat sentitu nuen gora eta behera, hitzok ito guran; eztarria marrantatu zitzaidan, kontzientzia lardasten den era berean, hitzek egiten duten ohiko bidea zeharo trabatuz. Ur trago bat hartu eta urruma egin nuen, traba egiten zidan gorroa urtu nahian, kontzientzia lainotzen zion erlastura garbitzeak, udazkeneko egunsentietan eguna ezkutatu gura duen behe lainoak bezala, denbora luzeago behar zuela jakinda.

        Orduan, bizi nituen une garratzez oharturik, Saidek egin zuen hitz:

        — Iruditzen bazaizue barruan eskatu dugun mahaira joango gara. Ez dakit zuek, baina nik behintzat gurgurka ditut tripak, hemen oso berandu afaltzen baituzue. Gure herrian honezkero kafe batean egongo ginateke, afarikoak ondo egiten. Marokoarra naiz, Fezkoa.

        Saidek eskainiriko aulkian jesarri zen, atzera begira, ni noiz joango zain. Aho bete hortz zegoen. Nor zen Said izeneko hura galdetzen zuen begirada sarkor hark. Nirekin hitz egiteko etorri, nire ezpainetatik azalpen bat edo entzutera, eta, inondik inora espero ez zuen hirugarren bat agertua zelako bion artean, aspaldiko zauria ixteko usteak erdia ustel bihurtu!

        Mikel sano armaturik zetorren, ni umiliatzera, mendekua hartzera, eginak eta esanak kitatzera. Bezperatik, «betiko lekuan» biltzeko igorri nion mezua jaso zuenetik, ibili zen otoz otoko agertze hark sorrarazitako min egarria apaldu nahian. Mindu nahi ninduen, neurrian baina. Urtetan espero zuen unea ate joka zuen, eskean nentorkion. Esatekoak hitzetik hortzera etorriko zirelakoan heldu zen tabernara, baina, niri bezala, behar zen unean mutu egin zitzaizkion hitzok, ezpainen atarian; adorea kikilduta, begiak uzkur, mahai gainean zegoen jaki zerrendan bilatu zuen aterpe.

        Haiekin elkarturik, Saiden ondoan kokatu nintzen, bi gizonen artean antzematen zen inkomunikazioa hausteko kapaz ez. Mikelek egin legez, aterpe bilatu nuen, egonezina sortzen zidan egoerari segundo batzuk irabazi guran. Horman eskegirik zegoen argazkiari erreparatu nion: hiri paisaje bat zen, paisaje elurtua. Lagun bakar batzuk agertzen ziren plaza elurrez estalian. Nabaria zen baten batek bidea garbitua zuela, oinezkoen ibilera labaingarriak saihesteko. Zuhaitzek, udaberriko jantzi berde ederrak galduta, ikuspegi polita osatzen zuten, zuhaitz adarren gainean, oreka harrigarrian, baturiko elur malutek zuriturik. Kale luze bat agertzen zen argazkiaren ezkerraldean, hutsik, gurdiren batek utziriko aztarnak agerian.

        Eta kale luze hark eman zidan ihes egiteko bidea, egoera hartan ere hotza sentitzen hasia nintzelako, argazkiko elurra hiruron artean nagusitzen ari zen giro hotzaren iturria balitz bezala, arbolen adar zurituetako elurrak, etxeen teilatuen gainekoak, plazako kiosko hexagonalaren eskaileretan bildurikoak, azpian harrapatu eta izoztuko gintuelako beldur.

        — Barakaldoko Herriko Plaza da! —adierazi nuen bat-batean, ondoan nituen bi gizonak ustekabean harrapaturik—. Ezin dut sinetsi. Hori amaren berbetan ezagutu dudan plaza zaharra da, lehengo kiosko zaharra. Eta elurturik! Ikusi duzu? Gure herria da. Begiratu! Etxeon azpikoetan kutxaren bulegoak daude egun —hitz eta pitz ari nintzen, argazkiko gizonak bezala, bidea trabatzen zuen guztia garbitu guran, erratza eta palaz hark, hitz jarioaz nik—. Ikusi, hemen, beheko aldean, loteriako kioskoa, orain egunkarietakoa dagoen lekuan. Eta zuhaitzak! Ikusi dituzu zuhaitzak? Baina, noiz ikusi duzu horrelako elurterik gure herrian?

        Said, burua argi, elur gainean markaturiko ildotik joan zen, nire joko beroaz ohartuta.

        — Argazki ederra da. Nik gutxitan ikusten dut elurra, ez baita oso gauza normala ni bizi naizen aldean, suposatuko duzuenez. Han ere harrigarriak izaten dira horrelako elurteak, oso noizbehinkakoak izaten direlako. Bestela, elurra normaltasunez ikusteko, Atlasera joan behar izaten da. Han bai, han ederrak izaten dira elurtzak. Eta ederragoak mendien lur koloreekin eta mendien magalean jaio eta denboran iraun duten etxe buztinez egindakoekin sortzen duten kontrastearen altzoan.

        Azkenean, Mikel ere elur hotza zapaltzen hasi zen: jakien zerrenda mahai gainean utzi, eskuak elkarren aurka igurtzi eta putz egin zuen, ahoan gordeta zuen zigarro kea apurka irteten utziz:

        — Oso irudi zaharra da, 50eko hamarkadakoa. Guk, Maixabel eta biok —zehaztu zituen bere hitzak, nire begiekin lehenengo aldiz topo eginez—, ez dugu plaza hori ezagutu. Hantxe jazo zen gure lehen erlazioa. Etxalde haren azpian hartzen genuen autobusa, Bilbora etortzeko.

        Isildu egin zen. Eta bazirudienean giroa ostera hoztu behar zuela, zerbitzaria itzuli zen. Mikel hari beha gelditu zen: nola bide elurtuetan gatza botatzen den, horrela atzeman zuen zerbitzaria, ogi puskak, eskaturiko ardoa eta entsaladarako olio, ozpin eta gatza mahaian antolatzen ari zela.

        — Marokoko lagun bat da Said. Kazetaria, hango Libération egunkarian idazten du. Madrilen ezagutu nuen, Saharako herriari elkartasuna erakusteko antolatu ziren hitzaldi batzuetan. Marokon arazo hori zelan bizi duten kontatzera etorri zen; izan ere, gutxi batzuk izan arren, han ere badira Sahara herriaren aldekoak. Oso egoera gogorrean bizi dira, jakina, Marokoko erregimenak ez baititu begi onez ikusten. Egia esateko, ia-ia klandestinitatean lan egin behar du elkartasuna agertu nahi duenak.

        Madrilen egiten nuen lanaren nondik norakoak kontatu nizkion, ahalik bezain zehatzen, egoerak ematen zuen bezain xehe. Zabaldu nizkion hiru urtetako isilunea ezkutatzen zuten giltzarrapoak, behinola izan genuen konfiantza berarekin. Legelari bulego batean hasi nintzela azaldu nion, lehenengoz eta behin, kanpotik etorriko langileen arazoez arduratuta: paperik gabekoak, bertan egoteko baimenak berritu behar zituztenak, lanean jardun eta nagusiek, egoerak ematen zien aukeraz baliaturik, zanpatuak...

        Eta argi erakutsi nion behar hartan buru-belarri sartuta nengoela, 1985ean onartu zen Atzerritarren Lege anakroniko eta eramanezinaren aurka engaiaturik, beharraren eta engaiamenduaren arteko marra ikusezin bihurtu arte. Legearen aurka jardun nuen, gero eta sutsuago, berari leporatzen bainion etorkinen egoera negargarria:

        — Legez kanpokoak sortzeko balio du! Bisatu bat eskatuko diete atzerritarrei, Europako Batasunekoei izan ezik, noski, Espainiara joan nahi badute. Bisatua, ematen badiete, diru baliabide eta Espainian lan egiteko egiune baten jabe direla frogatu ostean lortuko dute; baina, zelan erdietsiko dute lan hori euren herritik irten gabe? Horregatik etorri behar izaten dute, han aurkitzen ez duten lana Europan topatuko dutelakoan! Alferrik, legez kanpoko egoera baino ez zaie gelditzen.

        Etengabe hitz egin nion etorkinen egoeraz, amorruz, baina inolako pena edo erruki kutsurik gabe.

        — Batez besteko bizi itxaropena ez da 50 urtera heltzen; hiesak jotako lagunen %90 Afrikakoa da, hamazortzi milioi, eta urtetik urtera lau milioi gehitu behar zaio kopuru izugarri horri. Afrikan gatazka politikoak nonahi sortzen dira; Etiopia eta Eritrearen arteko gerra; Kongoko eta Ruandako guda zibilak; Sudanen milaka gizon-emakume hiltzera eramaten duten musulman eta kristauen arteko liskarrak; gosea eta izurriteak, umeetan izugarrizko ondorioak sortzen dituztenak; Ginea-Bissauko gudak; Aljeriako fundamentalistek sorturiko egoera; Nairobi eta Dar es Salamgo terrorismo islamikoa... Horixe da Afrika. Harritu al zaitu makina bat gizon eta emakumek aterpe eskatzeak gure «gizarte zibilizatu» honetan? Munduan dauden desorekak mantentzen diren bitartean, Afrika gatazkaz josita dagoen artean, orain dela hirurogei edo berrogeita hamar urte Europa zegoen bezala, migratzeko nahia eta beharra hor egongo da, eta ez ditu errespetatuko norberaren zokoko logika eta beharrak, beste logika batzuei eta beste behar batzuei lotuta baitago.

        Haserre mintzo nintzaion, bihotzez. Desagertua zegoen hasierako minutuetako hotza. Ez nuen zalantzarako lekurik utzi: bistan zegoen gaiak gatibatzen ninduena eta barruan neramana. Halako batean, isildu eta Said eta Mikeli so egin nien. Bero nintzen.

        Saidek eskua heldu zidan, maitekiro. Mugimendu hura ez zen oharkabean pasa Mikelentzat: begiak Said eta bion atzamarren artean lotu zituen, elkarri emandako fereka leunak barruan sentitu arte. Niniak urtzen zitzaizkiola nabaritu nuen, atzamar bero horiek sentiaraziko igurtziak mina eman baitzion.

        Saidek, nire eskua askatu barik, Mikeli so egin zion:

        — Txundituta, ezta? Horrelakoxea da Maixabel: giza sufrimenduak kate motzean lotu du eta orain ezin da besteen minetik aldendu. Borroka batean engaiaturik jarduten du, gau eta egun, osasuna ere arriskuan ipini arte. Dena den, Mikel, ez zaitugu ekarri afrikarren sufrimenduaz filosofatzeko, azaldu nahi dizugun arazoa hari loturik dagoen arren.

        »Uztail aldean, Ceutako Benítez hondartzan geunden, paseoan. Halako batean, poliziak heldu eta arroka batzuen atzealdean gorderik zeuden afrikarrei gelditzeko agindua eman zien. Afrikarrak patera baten zain zeuden, Espainiara-edo eramango zituen txalupari begira. Orduan amaitu zitzaien abentura, beste askotan gertatu bezala: gizonak ihesean irten ziren, polizien eskuetatik alde egin nahian. Batzuek uretan bilatu zuten ihesbidea, besteek hondartzaren luze-zabalean. Hala ere, denak harrapatu zituen poliziak, gure begien aurrean. Eta hantxe erabili zituen, kolpeka, bultzaka, Espainiako Poliziak etorkinekin erabili izan ohi duen gorroto ulergaitz hark bultzatuta.

        »Minutu batzuen buruan amaiturik zegoen aurreko orduetan josiriko polizia ekintza. Gizonak polizien autoetan sarturik, belarriak apal, gorrotozko begiradak han, begi lausoak hemen; jantziak blai, hotzen karraska nagusi, negar zotina, sudur hotsak. Polizia nagusiak tentuz arakatu zituen arrokak eta hondartza, begiradak hel zezakeen guztia hartuta. Joan egin ziren.

        »Isilik gelditu ginen, ondoko bidetik zihoazen autoei begira. Bat-batean, ur hotsa nabaritu genuen: poliziak atzeman ez zuen gizagaixo bat ikusi genuen itsas ertzean, uretan etzanda, olatuen morroi. Hurreratu eta mutil bat aurkitu genuen, hamazazpi urteko mutiko bat!

        Saiden eskua askatu eta begietara eraman nituen esku ahurrak:

        — Hamazazpi urte! Badakizu zer den hori? Non geunden gu adin horrekin? Eta, hara, mutiko bat gizon eginda, bere bizitza arriskuan ipintzeko prest. Zorigaitza da: gosea ala lan bat lortu eta bizi ahal izateko itxaropena! Horra bi horien arteko marra garbia.

        Saidek lasaitzeko eskatu zidan. Gero, Mikeli begira gelditu zen, erantzun baten zain, giza keinu bat bilatzen. Mikel, aldiz, izukaitz zegoen, lasai. Egoera desatsegina iruditzen zitzaion bizitzen ari zena: niri so, nire mugimendu guztiak barneratzen, bihotzean mingarri, urratzaile sentitzen. Hutsaren hurrengoa begitandu zitzaion Saidek eta biok esandako guztia. «Niri bost!» pentsatu behar izan zuen Said mintzo zela, eskuen artean nirea hartzen zuela, gure atzamarrak nahastu egiten zirelarik. «Niri bost!» otu behar izan zitzaion Saidek gozo hitz egin zidan bakoitzean, nire begi lausoetan harenak urtu zirenetan.

        — Ez dakit zertan nabilen hemen —esan zuen, aulkitik jaikitzeko imintzioa egiten zuela—. Adarra jotzen zabiltza? Hiru urte, Maixabel! Hiru urte niregandik urrun, zure berririk izan gabe; hiru urte itxaroten; hiru urte sufritzen!

        Isildu egin zen: ingurukoei so egin eta ondoko mahaietan zeudenen keinu galdetzaileei erreparatuta, isiltzea erabaki zuen. Aulkia atzera eraman eta zutundu zen: «Hiru urte, Maixabel». Joan egin zen.