Aurkibidea
Aurkibidea
Atzerritarren Auziei buruzko
Brigada Nagusi
Asteazken goizean postetxera jo genuen, Juan Garciari egindako mehatxuak eraginik izan ote zuen jakitekotan. Eta halaxe gertatu zen: gutun-azal zuri bat zegoen, inolako mezurik gabekoa kanpoaldean. Saidek tentu handiz ukitu zuen, ustekaberen bat edo beste saihestu nahian. Ez zuen ezer susmagarririk antzeman.
Postetxearen ondoko tabernara joan ginen. Saidek gutun-azala urratu zuen, barruan zeuden paperak ateratzeko. Paper bakarra zen, egunkari baten orri zati bat. Saidek kartazalean besterik zegoen begiratu zuen. Orri zatiak albiste bakar bat zekarren, hainbat lerro bolaluma urdinez azpimarraturik.
Albistea irakurtzen hasi zen, ozen, neuk ere haren edukia ezagut nezan.
«Atzo eguerdian amaitutzat eman du operazioa Atzerritarren Auziei buruzko Brigada Nagusiak. Zortzi emakumek egindako salaketa izan da ekintzaren abiapuntua. Horren bidez hankaz gora ipini dute Afrikako gazteak Espainiara, gero Madrilgo Casa de Campo inguruko klubetan prostituitzera behartzeko, ekartzeaz arduratzen zen erakunde bat. Erakunde hau Ceuta eta Melillako errefuxiatu eremuetatik zuzentzen zuten eta Gobernuaren eta Gobernuz kanpoko Erakundeen arteko egitasmoez baliaturik ekartzen zituzten penintsulara. Hauek behin-behineko egoiliar baimena lortzen zieten, eta errefuxiatu eremuetako arduradunen bidez helarazten zizkieten afrikar emakumeei; horiek, baina, behin penintsulara helduta, baimen agiriak kentzen zizkieten.
Vicálvaroko hiru etxebizitza aurkitu dituzte ekintzan. Bertan ixten zituzten emakumeok, heldu bezain laster. Ondoren, beste probintzia batzuetan zeuzkaten etxeetara eramaten zituzten: Coruña, Santiago, Xixon eta Valentziara. Animaliak bailiran erabiltzen zituzten emakumeok, beti «txuloen» begiradapean. Beste batzuk Madrilen gelditzen ziren, Casa de Campoko inguruetan prostituitzeko».
Isilik gelditu ginen, egunkari zatiari begira. Bat-batean, tabernaz beste aldeko espaloian guri beha zegoen gizon garai bati erreparatu nion. Zigarro bat erretzen ari zen, urduritasuna adierazten zuten keinu biziekin, zigarroa ahora eraman eta eraman, kea botatzeko betarik hartu gabe. Juan Garciarekin bulegoko leihoan ikusiriko bi gizon horietako bat zela ezagutu nuen.
Arineketan irten ginen tabernatik, morroiaren atzetik. Gizonak, tabernatik irten eta bera zegoen aldera gindoazela ohartutakoan, lasterka ihes egin zuen, kalean aurrera.
Atari batean babestera zihoala harrapatu genuen. Hormaren kontra bultzatu zuen Saidek, atzetik lasterka etortzeak emandako indarraz. Lepo inguruan ipini zion eskua, askatzeko egiten zituen ahaleginak baliogabetu nahian. Kolpe gogor bat eman zion sabel azpian, geldi zedin. Bere baitan bildu zen, potroetan harturiko bigarren kolpeak emandako minaren ondorioz. Belauniko jausi zen, burumakur, eskuak lurrean oinarriturik. Halako batean labana atera zuen ezkerreko poltsikotik, kirtenean zuen mekanismoa sakatu eta xafla atera zuen. «Kontuz!» oihukatu nuen, gizona labankada ematear zegoela. Atzera egin zuen Saidek, ganibet xafla guztiz saihestera heldu barik.
Gizona arrapaladan irten zen ataritik. Orduan hots gogor bat aditu nuen, arin zetorren auto baten galgek sorturiko zarata entzun eta berehala. Atartetik irten ginen Said eta biok. Juan Garciaren morroia lurrean zetzan zerraldo, ahotik odola zeriola. Auto gidariak sarritan errepikatzen zuen autoen artean jalgi eta denborarik ez zuela izan autoa gelditzeko. Lekukoak bilatzen ziharduen, oihuka, zeharo artegaturik.
Atarian bertan ezkutatu ginen, postontziak zeuden aldean sortzen zen itzalean babesturik, kanpotik zetorren harrabotsari adi. Odoletan zegoen Said, hartutako labankadak ezkerreko zangoaren izterra harrapatu baitzion.
Pedro da!, Juan Garciaren anaia aditu genuen kalean sorturiko ika-miken artean.
Elkarri so egin eta, ezer esan gabe, irteten saiatu behar genuela ulertu genuen, kanpoan zegoen nahasteaz baliaturik. Nire sorbaldan oinarritu zen Said, jende artean sigi-saga zihoan bikote arrunt bat bagina bezala, Saidentzako makulua nintzelarik.
Postetxearen ondoko garajera heldu eta denbora eman gabe irten ginen, gertaera lekutik urrutiratzea premia handikoa zelakoan. Atzera begiratu gabe gidatu nuen, urduri, minutu batzuk lehenago jazotakoa hiriko kaleen artean galdu nahian.
Kala txiki batera hurbildu ginen, izterrean egindako zauria begiratzeko asmoz. Saidek prakak erantzi zituen, minezko keinuen artean. Odol asko galtzen ari zen. Zauria garbitu nion, hobeto ikusteko: itxura txarra zeukan, sakona eta hatz erakusle bat luze. Ospitalera eraman behar nuela esan nion, baina ezezka erantzun zidan, ospitalean txostena egin eta poliziari helaraziko ziotela. Guztiz arriskutsua begitandu zitzaion, poliziak harrezkero Pedroren laban odolez zikindua edukiko zuelakoan.
Saidek autoko botika kutxan zeramatzan gasa batzuk atera eta ondoan zegoen orratz poltsa bat erakutsi zidan: «Josi beharko didazu». Zurbil gelditu nintzen, Saidek eskaturikoak guztiz beldurturik. Zelan esan Saidi ezin nuela, odola ikuste hutsak gaixotzen ninduela, eskuak dardarka nituela. Saidek zauria garbitu zuen atzera ere. Gero, orratz poltsa hartu eta bat atera zuen. Haria sartu eta eman zidan: «Besterik ez dugu, Maixabel».
Orratza hartu nuen, mutur batetik zintzilikaturik zeraman haria hatzen artean nabarituz. Izerditan ari nintzen. Saidek berriro garbitu zuen zauria eta keinu batez adierazi zidan non sartu behar nuen neure atzamarretan dardarka nerabilen orratz punta. Saiden min oihua izan zen entzun nuen azkeneko gauza, hasi eta zertan ari nintzen ez nekiela jarraitu nuelako, josi eta josi. Orratza zauriaren albo batetik sartu, haria pasa eta beste aldean zegoen haragian ostera ere iltzatu, albo biak elkarri atxikitzeko haritik tiraka. Ez nintzen ezer esateko gai, ezin nituen Saiden kexuak aditu; kostata libratzen nuen noizean behin odola garbitzeko dorpeki nerabilen orratzaren bidean sartzen zen Saiden eskua.
«Kito!» adierazi zuen Saidek; eta lurrean jesarri nintzen, orratza Saiden hankan eskegita utzirik. «Oso ondo egin duzu, Maixabel, sendagile eredugarria izango zinateke» ziostan, artazi txiki batzuekin haria moztu eta alkoholaz bustiriko gasa batez orratza garbitzen zuen bitartean. Ondoren lotura batzuk atera eta izterra bildu nion. Berehala odoleztatu ziren. Pitinka-pitinka neure senera itzuli nintzen. Said nire ondoan jesarri zen, alkandoraren poltsikoan zeraman egunkari zatia atera eta gordetzeko eman zidan: «Algecirastik alde egin beharko dugu» esan zuen, besoa nire lepo gainetik pasatu bitartean.