Zalantzak
Ahmeden bila joan ginen, Saiden lagunak utziriko etxera. Han genituen gauzak aitaren batean bildu eta segituan lotu gintzaizkion Madrilera joateko egin behar genuen 700 km-ko bideari. Isilkara egin genuen bidaia; minetan Said eta negar isilean Ahmed, posta kutxan aurkituriko egunkari zatiari so, zioena ulertzeko kapaz bailitzan.
Motorraren hotsetan galduta, pentsatzeari eman nion, ordu arte bizi izandako jazoerak bere neurrian aztertzeari, alegia. Bihotzari men egina ote nintzen, atzera ere? Zertan nenbilen, hamazazpi urteko marokoar harekin halako gorabeheretan sartzen? Ez ote zen nahikoa Saidi gertaturikoa, gelditu eta gibelera egiteko? Ez nintzen, horretara, hartzen ari ginen bidearen arriskuez ohartzeko kapaz?
Autoko ispilutik begiratzen nion maiz, atzealdean etzanda, zeharo zurbilduta zihoan gizonari errukiz; zeharka, eskuinaldean neraman mutiko isilari, bere barne oihua aditu nahian. Eta artez so egiten nion lastertasuna adierazten zuen orratzari, arinegi joanez gero Guardia Zibilarekin aurrez aurre topo egiteko arriskua bertan zetzala jakinda.
«Madrilera heldu bezain laster nire artean, Asuni deituko diot, Saiden zauri hori begira dezan; eta gero... gero Poliziara joko dugu, mutikoaren istorioa kontatu eta haren arreba bila dezaten. Ez dut konplikaziorik nahi, aski da eta!».
«Polizia! Polizia! Baina zertan zabiltza, inozo hori? Zer egingo du poliziak Ahmed ikusi bezain laster? Hartu eta Marokora itzuli! Ez dute hango gobernuarekin inolako arazorik nahi izango, eta are gutxiago giza seme adingabeko batekin».
«Poliziak ez du arazorik nahi izango, ez horixe! Eta zuk? Zuk bai, zuk jende guztiaren arazoak konpondu behar dituzu, horretarako oso kapaz zara eta, ezta? Eta zureak, nork konpondu behar ditu? Zeinek aterako zaitu auzi honetatik harrapatzen bazaituzte? Eta Said? Begira iezaiozu! Ederrean sartu duzu».
Galga zapaldu nuen, bat-batean:
Kafe hotza behar dut! esan eta besterik gabe autotik irten nintzen, gelditutako lekuaren ondoan zegoen errepideko jatetxe hartarantz.
Said eta Ahmed bertan geratu ziren, nire jarrera ulertzera heldu gabe. Hamabost minutu geroago itzuli, eta ezer gertatu ez balitz bezala bideari lotu nintzaion berriro ere, bidaideei ezer esan barik.
Zer duzu? Saidek.
Ezer ez! erantzun nion, amorrua nagusitzen ari zaidanean ezin saihets dezakedan ahoskera zakar horrekin.
Ezaguna zen Saidentzat ere, hamaika eztabaidatan ezagutua baitzuen. Eta horregatik isildu zen, bazekielako horrelakoetan hobe dela nire gogoetetan uztea, nire barne bidea egin dezadan.
Kilometroak joan kilometroak etorri eta urduriago antzematen nuen neure burua:
Lotsarik ez duzu! Zinikoa! Urteak eman dituzu giza eskubideekiko begirunea lau haizetara zabaltzen eta, orain zer? Orain zuri dagokizunean, zer? Galga sakatu eta ihes egiten irteteko prest? Zer uste duzu ba, arazoak kafe bero batean desegin daitezkeela, izotz hormak bailiran?
Nazka-nazka eginda nago! Eta zergatik konpondu behar ditut neuk mundu honetako arazoak? Ez al dira aski handiak neure-neureak? Utikan munduaren salbatzailea izateko grina! Utikan orojakile eta ahalguztidun izan zaitezkeelako uste hori! Utikan...
Egarri naiz! esan zuen ahapeka Saidek, une larriak bizitzen ari zela adierazten zuen tonu batekin.
Autoa gelditu eta atzeko aldean generaman botilaren bila irten nintzen. Eman egin nion. Dardarka ari zen eta izerditan blai zeraman alkandora. Izterraren inguruan ipinitako lotura ere blai zegoen, odoletan baino. Eskua ipini nion kopetan: sutan zegoen!
Ospitale batera eraman behar zaitut!
Ezta pentsatu ere! Ondo nago. Bero egiten du autoan eta horregatik nago izerditan, ez kezkatu! Segi aurrera, erdia baino gehiago egin dugu eta!
Kostatu zitzaidan Madrilera negar egin gabe heltzea; atzealdean su garretan deshidratatzear zegoela zirudien gizonaren auhenak, batetik, eta ondoan neraman mutilaren begitarte ilunaren garrasi isila, bestetik, ez aditzeko ahaleginetan. Kostatu zitzaidan buruan nerabilen nire bi Ni-en arteko borrokan, justiziaren bandera ustez astintzen zuenaren alde egitea, justiziaren ustezko handitasuna neurriz kanpo puztea ere oso arriskutsua izan zekidakeela oharturik.
Baina heldu egin ginen, eta uste baino sendoago.
Saiden zauria aztertu zuen Asunek: ongi zegoen, ebakia garbia zen eta. Zauria araztu eta hurrengo egunetan hartu behar zituen botikak idatzi zituen paper batean. Lasaiago zegoen Ahmed, Madrilen handiak bidaiako beldurrak apur baten uxatu balitu bezala. Eta osatuago nengoen ni neu ere, justiziaren aldeko Ni-a berriz garaile baitzen.