% 100 basque
% 100 basque
2001, nobela
232 orrialde
84-95511-41-X
azala: Yves Klein
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

Fedezko izpiritua ez da binakakoa,
binakakoa dena ez da fedezko izpiritua.
Hemen isiltzen dira Hitzaren Bideak, ez baita jagoitik,
ez iraganik, ez orainik, ez eta gerorik.

 

Mende honetako pentsamenduaren zurrunbilotik ideia soil bat atxikitzekoa balitz, hauxe har nezakeela nioen behin bilkuratik etxerakoan, haizeak, euri bortitz zeharrak eta hotzak bazterrak kateztatzen zituela: Carl Saganen Ez Gaude Bakarrik Unibertsoan exobiologiako irakaspena tentsioz hantua gostaria gosta frogatu nuelako, kideetan kideena ardura etsairik zinezkoena zela marmaratzen nuen bitartean. Gau hartan, kanpoan galerna orroaz ari zela, itzuli aurretik, goseak hamikatua, adiskidearen etxean geldialdi bat egin nuen, haren aitak Iratiko oletan ondu gasna deliziosetik naka-naka tiratzeko lehiaz: aterpearen beroak, xerra uhargietan mozten nuen jaki preziatuaren gustu biziak eta adiskidearen elekari molde eztiak tenpesta ahantzarazi zidaten. Egonaldi laburra emendatuz joan zitzaidan, gauerditik harako orduak maite nituela errepikatuz eta hondarrean adiskidearen gomendioak jarraituz egiazki jarri nintzen.

        —Gasna ez da zutik jaten! Planta zaitez gurekin mahaian alajinkoa!

        —Presatua naiz, oren bata da jadanik eta bide luzea daukat egiteko oraino.

        —Mintza gaitezen.

        Adiskidearen senarrak hurbildu zidan aulkian pausatu nintzen, ekaitzaren menetik gerizatua bezala, animaleko labana zorrotza esku batean eta gasna laurdena bestean, Nafarroako azken erregina exiliatua bainintzen! Munduaren berrantolatzeko giroaren sustatzeko alabaina, ipar haize buhako burrunbatsua eta hegatsak gogorki kolpatzen zituen uhar gaztigagaitza aski zen. Gaueko solasak Pentsamendua Mugatua Da eta Ez Gaude Bakarrik Unibertsoan perpausen ardatzetan kurrinka inguratzen hasi ginen. Gutxi horrekin moldatzekoak ginen gehienak, gure ohar isilak noiztenka burbuila zaratatsuan txertatzen genituela, hobera ustez, anitzetan geronen kalterako. Pentsamenduaren uniformitateari unibertsaltasuna deitzen zitzaion eta unibertsaltasun mota bat eraikitzen genuen gure herrietan bertan, elkarrizketa apalesten genbiltzala, indarraren eta ekintza bortitzen alde. Bitartean "ofizialki" ahulezia hazten bide zuen aniztasuna aipatzen zutenak baztertuak ziren, mututuak eta gordean ehortziak, biziaren bizitzeko astiaz erabat desjabeturik. Muga guztiak haustekoak zirela ahoskatu nuenean, adiskidea urtzen zihoan bere gasna puskari itsuki beha kausitu nuen! Azalak mahaiaren erdian metatzen zeuden.

        —Abantxu dena irentsi dugu.

        —Ase ederra egin genezake, azalak ere klikatzen ahal bagenitu!

        —Ene gasna... —erranez altxatu zen adiskidea, sukaldeko ordulariak goizeko hirurak markatzen zituela, etxerako norabidea neure esku zegoela seinalatuz eta gelditzen zen gasna xerra bakarra papo ondoratuz.

        —Jabetasuna Ebasketa Da! —oihukatu nion irriz, kanpoko hotzera nindoala.

        —Besteena aise partekatzen duzu zuk ere!

        —Jendeki soziala naiz ororen gainetik —erantsiz atera nintzen.

        Autoan sartzean, haize zaflako galanta bildu eta tenpestak tenpestari etxeraino irauteko, danba-danbaka irakurgailuan tekno musika ezarri nuen. Bidea haatik ez zen gozoa: ertzetako zuhaitzetarik erori abar hautsiak lehertzen nituen, arbola suntsituak inguratzen, ihaurgai heze bilakatu hosto sailak kotxez pilatzen eta hiriak zeharkatzean, karriken bizkarrera lerratu bonbila lerroak eta teilak ekiditen. Orduko ene bidaiak apokalipsia itxura zeukanez, eskerrak sabela ongi beterik atera nintzela adiskidearen sukaldetik. Auto izpirik gurutzatzen ez nuela, bihurgunez bihurgune arraposki aitzinatzen nintzen, aldi berdinean urguilu kementsuz hanpatua eta naturako elemenien arras menpeko.

        Mendi mazela baten puntan, urrunetik lau argi gorri zenbatu nituen. Etxeratzean frankotan atzematen nuen esneketariaren kamioia zitekeen: ohizko lanean ziharduen, baserriz baserri tanke erraldoietan hotzean lagatzen ziren behi zein ardi esneak hurrupa metalikoan kargatzen, euriaren eta haizearen erruz gaur lohiz, istilez eta zipoz beteak ziren xendetarik iragan beharrez. Esneketaria, urteen boterez, ene bidelaguna bihurtua zen, basurdeak, hontzak, zaldi galduak, ardi marrakak, Rachel Rosen, Norma Jean edo azeri itzalen pare. Ikuskizunaren normaltasunak ez ninduen behar haina kezkatu eta pentsamendua adiskidearekiko solasetan haziz, pentokan gora igotzeari ninderraion.

        Lau argien saihetsera heldu nintzenean, bat-batean, gauzak esneketariaren tresna motordunarekin deus loturarik ez zuela ohartu nintzen: garraio makinari alde guztietarik kea bazerion eta xuru-xuru eztiak hautematen zitzaizkion. Harritua nintzen. Haluzinazio bat ote zen? Gasna sobera jatearen osteko Jainkoaren gaztigua? Urdetegi industrialaren zartarazteko xedea zeukan gaueko komando batekin bekoz beko nintzena? Soldadu herrikoiak, sasi artetik punpean aterako zitzaizkidan ahuntzen sotiltasunez eta agian merezi nuelako, hor bertan kalituko eta erreko ninduten. Horma egina nintzen eta autoa lur bustian itsatsia geratu zitzaidan, hil eta hasperen mekanikoz. Garraiotegitik berde fluor koloreko tximistak jaukitzen zitzaizkidan eta su bakoitzak paralisiatzen ninduen. Aspaldiko partez "Gure Aita Zeruetan Zirena" marmaratzen hasi nintzen, azken orena hurbil neukala kasik segur.

        Txinka frenetiko eta metalikoak entzuten nituen, makina borobil elipsoidalaren zurubi hidraulikoa jaisten ikusi nuen eta zola kixkailduan pausatzen: gizaki orlegi arin bat emeki-emeki jaitsi zen.

        —Estralurtarrak! Ez gaude bakarrik unibertsoan! —erran nuen horma, aurrean neukan gizakiaren itxurak Roswellen agertu zenaren antza handia zeukala gogoan atxikiz: buru angelua, amanda begiak, sudurrik ez, kokotsa eskas eta ahoa hertsia. Besoak eta zangoak izugarri luze eta malguak zituen. Ez nekien arra ala emea zen, ezin asma bistan dena, espazio estragalaktikoen trebeskatzeko erabiltzen zuen apainduraren azpian. Har zuri armada osoa zeraman laguntzaile gisa. Ezpain zurpailak mugitu zituen.

        —Ngo' tsokoi bong?

        —Mantxut?

        —Diotat ngo' tsokoi bongi? —errepikatu zuen izakiak.

        Eta nik artekatu nuen ene behialako hitzaz gain, "Bai" ahoskatzea deliberatu nuen zer gerta ere. Lasaitu nintzen gure eskualdeetako euskalki ezagun bat ezpainetan ez zeramatela ohartzean. Agian zehazten eta nik jadanik erabiltzen nuen Marteko euskara zela baimentzera ausartuko nintzatekeen. Autotik kontrola ez nezakeen bultzadak atera ninduen. Izakiak ezker eskuin mugitu zuen buru arraroa eta zirudienez neure erantzun hutsala ez zezakeen onar.

        Aurreko astean, lanean, ohorea garbi salbatzearren familiak emaztegaia 'bereganatu' zion gizona ahurrak belarrian trinko, deiadarka gelan sartu zitzaigun.

        —Hor dira, gaur haien kontra borrokatu naiz Nafarroa Karrikan, gero Gaztelu Bidean, ihes joan dira baina bihar berriz etorriko dira!

        —Nor? —eskatzera ausartu nintzaion, irratian ez nuelako amerikar edo errusiarren edo bien Zuberoaren aurkako eraso iragarpenik aditu.

        Jarraitu zuen hatsanka.

        —Estralurtarrak! Uhinak Ori menditik datozkit! Sendi ditzaket!

        —Ikusi dituzu? Nolakoak dira?

        —Dragoien parekoak —ahoskatzen zuen begiak izuaz borobilduak—. Sua dariela, so beltz eta arma sofistikatuak daramatzate gerrian. Itzuliko dira. Sarri Peko Arrüa suntsituko dute. Behar diot Karanba Suare Kulibali sorginari derrigorrez deitu. Non dago telefonoa?

        —Hortxe! Nahi duzu ene mugikorra? —proposatu nion eta lasaitu zen, lankideak harekiko "gaixoa"ka zinpurtzen ziren.

        Batek kontatzen zuen bezpera gauean, hedexuriak etorri artean, norbait egon zela bere biziaren arriskuan Nafarroa karrikaren erdian etzanik. Mokofin baten irria ebaki nuen bortitz orduan.

        —Gu gara eroak! Horrek badaki ez garela bakarrik unibertsoan!

        Lankidea bere egitekoetara plegatu zen, ni ere mentsetarik nintzela erabakirik. Ildo horretarik nolabait gurutzaketa ez nuela hain urrun nabaritzen nuen eta lehen xixtako harridura ezabatu ondoan, ilunpearen minean, argi gorriz seinalatu garraio tresna eta izaki bitxiaren aitzinean nengoen, hein bat jabal. Roswellgo estraterrestraren ondorengoak urrats bat egin zuen nigana, galdera berdina meleloki errepikatuz.

        —Ngo' tsokoi bong?

        —Eroan nazazu Mars izarbelera!

        —Ariko tsarkai maigh' —txispatsua aditu nuen, izaki berde argia inguratzen zuten har zuri malatsen dantza urguilutsua, beribil bereziaren leihatila batetik zetorren laser ezpata mihiak troxatzen ninduela.

        Harrak irudiz gasnaz hazten zirenetarikoak ziren, handiagoak bistan dena, Mars planetako airearen indar eskasak gorputzen garapena biderka zezakeelako.

        Prest sentitzen nintzen ondorioz marsekiaren noranahi segitzeko, ala Stockholm-eko sindromearen pikoak irekitzen zihoazkidan? Lurrean bizitzeaz nazkatua nintzen, adiskiderik ez funtsean, gauak hobira eramaten ninduen eta biharamunean ekia ikusiko nuenez ez nekien. Bakeagatik Ganimedesko edozein izakiren urratsetan sar nitzakeen eneak, haiek errana eta manatua, fidelki obratuz, hainbat urtetan, euskal mugimenduaren lemak, edukiz bakarretan jasanezinak niretzat, baina zer inporta militantea nintzen ez? neuretu nituen bezalaxe. Roswellen umeak eta haren har andana adoratzaileek eroan nintzatela beraz, mundu honetan paira nezakeen bakardade karroindutik ihes!

        Maiteak berriro utzi ninduenez geroztik, egunak eta partikulazki gauak bideetan herrestan eta terrentan higatzen nituen, triste pakete baten moldean. Etxeratzean jaten nuen gasna zioneak ez zidan amodio eta intimitate premia ordezkatzen, biak debekatuak bailitzaizkidan. Kalkulu erraza neukan ondorioz: izakiak bahitzen baldin baninduen ene gogoaren alde, planeta eta galaxia ezezagunak miretsiko nituen, haurtzaroko amets bat egiaztatuz, lur gorriak, kometa zartatuen buztanen errauts hodeiak, urek zizelkatu inguruak eta gasezko eremuak, izar hurbilak, quark hondogabeak, zulo kosmiko erraldoiak eta Saturnoren eraztunak. Lurretik behin-betiko partitzeko ideia ezti zitzaidan. "Zu ilargian zabiltza beti" perpaus mespretxagarria zenbatetan ez nuen entzun erraten eta hara hondarrean, egoera eta errealitatearen uztartzeko aukera neukala. Ez nuen huts egitekoa.

        Izakia otoiztu nuen.

        —Eraman nazazu hemendik at.

        —Tsagun ngo' lantz arakai?

        —Likin nakai zakar: meemee manex ta? Lakona ta? —galdatu zion kontrol kabinatik itseskatzen zen hodiaren isurian ahots metalikoak.

        Izakiak kasko gaineko lehen bilotik oin puntetako oskietan lohi mokor malguraino ikertu ninduen eta burua Ez errateko maneran mugitu zuen. Istant batez izakia dena su, ke eta gar zurubietan gora igotzen eta tresnak aireratzeko seinaleak emititzen hasten zela konturatzean, negar hegian nengoen; deabru asto handia hitzak eskapatu zitzaizkidan amorru biziaz eta berriro desesperatua, autoan sartu nintzenean, zirta misteriotsua zeru sakonaren bihotz galernatsuan desagertu zen.

        Lurrean bizitzera kondenatua nintzen.

        Plan d'Epargne Logement bat ireki behar nuen.

        Absolutuki.