Aurkibidea
Barda arratsean kanpoan nintzen
Bilkura biharamun lo hordi batez
Joanes Balantsun osagarri handiko artzaina zen
Noizean behin Paul Austerren nobeletako pertsonaia sentitzen naiz
Lau miliar ardi baino gehiago kontatu ditut
Bakarretan, bilkuretarik etxerakoan
Gau hartan, Herritik itzuli nintzenean
Aldi hartan, beste behin, ilunpez ilunpe
Le Monde-n hogeita hamargarren orrialdean
Ilunpez ilunpe, etxeratu nintzenean
Iragan astean bost gauez ibili nintzen
Denborarekin konturatzear nago
Aste bakarrean lau bilkura izan nituen
Gauak argi zirrintatzen ziren aharrausika
Uda etorri zen eta ez nintzen ohartu
Kexu aire ibili nintzen ilunpe hartan
Gau hartako joan jin bakartian
Aurkibidea
Barda arratsean kanpoan nintzen
Bilkura biharamun lo hordi batez
Joanes Balantsun osagarri handiko artzaina zen
Noizean behin Paul Austerren nobeletako pertsonaia sentitzen naiz
Lau miliar ardi baino gehiago kontatu ditut
Bakarretan, bilkuretarik etxerakoan
Gau hartan, Herritik itzuli nintzenean
Aldi hartan, beste behin, ilunpez ilunpe
Le Monde-n hogeita hamargarren orrialdean
Ilunpez ilunpe, etxeratu nintzenean
Iragan astean bost gauez ibili nintzen
Denborarekin konturatzear nago
Aste bakarrean lau bilkura izan nituen
Gauak argi zirrintatzen ziren aharrausika
Uda etorri zen eta ez nintzen ohartu
Kexu aire ibili nintzen ilunpe hartan
Gau hartako joan jin bakartian
Alde edo aurka izatearen gatazka,
hara arimaren egiazko eritasuna!
Gauzen erran nahi barnakorra ezagutzen ez baldin baduzu,
zure izpirituaren baketzen akituko zara debaldetan.
Zazpi haurreko familiakoak gara, hippy aroan Euskal Herrian anitz entzuten eta kantatzen zen abestiaren antzekoa. Gure aita ordea, ez zen arotza, baizik eta nekazaria, batera heldu baita azkenean, ongi pentsatzen jarri eta. Guraso bakoitzaren aldetik zazpi ziren. Aitzineko txaboletan berriz ere zazpi. Bigarren milurtearen bezperan zazpiehun kideko tribua osatzen genuen, erdiak lapurtarrak, laurdena nafarrak eta gaineratikoak ipar zein hego amerikarrak. Biarnes eta menturaz gipuzkoar odola darigu zainetan halaber. Bizkaia, aipatu gabe noski Araba, agian urrunegi geratzen zen vasconum limes hain guretik, gurutzamendu genetiko aberasgarrien obratzeko. Hargatik, ez dut erraten gertatu ez zenik: genetika, jende izpiritua baino askoz irekiago baita, beharrik! Azaltzekoa dut bururatzeko, tribu horren bi herenak Erreformaren mendean Joana erreginaren zerbitzari leialak izan zirela.
Tribua moldatzen dugula azpimarratzen dut, mundu zibilizatu honek antolaketa sozial hori preseski gaitzesten duenean, tribalizazioa erranahi negatiboaz apainduz: globalizatzen gaituen kontsumo gizartearen aurka doa irudiz tribua, hautsia, anitza, ele lauduna, purruskatua, gustu ezberdinen artean beti urratua. Bitxiki supermerkatua da guretzat tribuen ezabaketa obratzen duen toki sinbolikoena; erosketak eta erosketa ahalak kontsumo gizarte arraren kide moldatzen gaitu eta galduak suertatzen gara bat-batean: garaipen erraldoia. Karriota betetzen da, mukurutzen astean behin, eta pagatzeko orduan herrokan jartzen, karta bankarioa eskuan nixtan, ahalaz agerian: eguerdiko bazkarian zer kozina kezka bakartzat daukan jendearen erdian, tribukideen arrotz izaera usna daiteke. Ezaugarrien higatzeak eskizofreniko bihurtzeko arriskuan jartzen gaitu. Duela ez aspaldi adibidez, supermerkatuko gasnategian nengoen zerbitzari anderearen aiduru, hoberenetik manatzeko prest; lerroburuan egonagatik, frantses puru eta eder batean mintzo zen gizon heldu berria zerbitzatu zuen, xuxurlatuz eni, ezpainak ximur:
Zaude, badut jende hemen!
Gaitzitu erre nintzen, lehentasuna alde neukalako eta gasna euskaraz eskatzeagatik, tribuaren hari hautsiaren ondorioz neure kontsumitzaile eskubideaz ere desjabetua izan nintzelako. Burua ahalkez plegaturik gero, jende ez nintzenez ba galdezka, ttume-ttumea gasna puska hartu nion, isilik eta mutu, goraintziak etxera ozenik ahoskatu gabean. Kexuaren arintzeko psikoanalista on baten beharra neukala kolpatzen nuen nirekiko, etsia. Eman nuen denbora alabaina, bilo frisatu berriez harro zegoen emaztea, santsana eta bere nortasunaz ni bezain ahalke zela ulertzeko eta frantses egoki haren aitzinean baliatzen ninduela, ihalozka eroaten ninduen arkaismoaren lohitik atera zela frogatzeko. Norbera baino inutilagoen premia bada beti.
Erresumin izpirik ez daukat ordea, tribua osatzen genuela ardika, ardi deizten eta amarekin gasna ontzen iragan uneez gogoratzen naizelarik, batez ere demagun supermerkatuan suertatuak erlatibizatzeko. Etxe gehienetan bezala gurean, ardi lanak haurren gain ziren: eskolara joan aitzin eta eskolatik landa, ardika abiatzen ginen, oinez edo bizikletaz, txokolate kankaileko ogitartekoak irentsirik. Han hara... Usu zedarrietara! Zenbaitetan, aroa eder zenean, anaia edo ahizpa txikiak gurekin etortzen ziren, eta malkarretan gora huxtuka, meno no no no oihuka genbiltzala, haien zango irudiz ahulen ibilera ikusgarri zitzaigun. Taka-taka, marmarka eta pentoka erditan jadanik negarrez nahiz hasperenka: noiz helduak gara?
Ardiak esnetzen zirenean, neguko euri egun laburretan haien bila joatea hunkigarrien zitzaidan: ile kizkur luzeak lokaztuak zituzten gaixo kabalek, marrakek auhenen ozena zuten eta ardien urrin mikatza, euriarenarekin nahasten zen bideetan, hatsa haien ahoetarik lurrinduz. Urteak aurreratzean, zedarrietara iristean abiltzen ginen: zakur erdi basa, igortzen genuen ardien biltzera; patar zolatik oihu egiten genien, eta bulta handiaren buruan, ardiak jausten ziren tarrapataka, bata bestearen ondotik, gure deiei ihardetsiz bezain zakur psikopatak izuarazirik. Anartean, lurrean ttottotzen ginen, historiako kurtsoak ikasten, badakizu "nos ancêtres les gaulois..." marmaran, ipurdiak karroindatu arte. Nehork alabaina ez zuen sekula gure erako artzainik ikusi, ardika ibilki irratia edo liburu bat eskuan. Auzoek trufa merke zutela eranstekoa dut. Arrazoiekin.
Ardiak bidean lerroan zebiltzan gero, autoen pasaiak trabatuz eta pentze irekietan, belar berdez asetzeko, edo kartierreko arditegietan korbeetan behera dilindatzen zen soro idor nasaiaz bazkatzeko, trumilka sartuz. Are laster gehiago egiten genuen orduan, gure ardi ñapur mehakoila gosetien handik jalgitzeko, alorren jabeak ohartu baino lehen. Artzain higatzen ginen garaietan, ardiak ardura auzoen funtsetan atxikitzen genituela sala dezaket egun, lasterka, jostatzen, idazten, irakurtzen edo ametsetan galtzen ginelako. Fama txarreko artzainak ginen argiki, ardiekin hola, inguratzen gintuzten jendeekin nola, larderia eskasekoak oroz bat. Aita, Pierresekin mintzatu zelakoan goizeko mezatik landa, angelusaren tenoreko zazpiak, ardurenean erasialdi galanta bildurik ginen.
Eskolako lanetan hasi aitzin, ardiak deizten genituen; batek kortean begiratzen zituen, xehela zabal eta herts, beste batek ileetarik tinkatzen, beste bi kuxkurturik lurrean, kotxua ardien zangopean pausaturik, ari zirela zirrizti-zarrazta melodikoan deizten. Ardi errape laburretan lerratzen, eskuak agudo akitzen zitzaizkigun, baina esnearen xirripak kotxuaren bazter metalikoa jotzen zuelarik sortzen zen musika zinez eder kausitzen genuen, haguntsua eta bakarretan, kakailaz hanpatua. Basakiro, gutariko zenbaiten ontziak erorarazteraino ardiak ostikoka ari ziren. Ardia ñapurra izateaz gain, arras neurastenikoa ere bazela froga nezakeen.
Gaur egungo arrazak nolakoak diren ez dakit ordea: deiztegietan kokatzen dira xume-xumeki, muturraren pean zaldalea ketan sentitzen duten ber. Manex motakoek, hobekuntza genetikoa dela medio, errapeak handiagoak dituztela entzuna dut nonbait eta makina zurrungatsuz deizten ahal direla. Aitzinamenduak behar du naski guztien zerbitzuko. Mendeko ardien bilakaera bera bizi izan dugu: bakardadearen edo desohorearen beldurrak kateztaturik, saldoan goaz lanera, supermerkatuetara, bilkuretara, alde bateko zein besteko pentsamendu bakunetik kanpoko gogoeta propiorik ez daukagu, eta beti, dena birindika aurtikitzeko jaidurak menperatzen ditugu. Fedeak, lehiak edo etxeratzean gauaren minean irensten dugun gasna zatiak lobotomiaren ondorioak eztitzen dizkigu.
Ez naiz "indar basatiaren" nostalgikoa. Alderantziz. Badakit Indarra gure artean dagoela, gure harremanen berme, gure aditzen mutuarazle, ahulezia gaitzesten dugun garaiotan: nola uka hori? Hala eta guztiz ere, maiz, begiak irekirik eta zorigaitzez non-nahi jaukitzen zaidan basamortu gutiziaren eta haurtzaroan nintzen artzain ameslariaren oroitza nigan josirik susma ditzaket; mundua kudeatzen duen indar itsua, besterik da bistan dena. Egoera horretan naizelarik, aski dut bide ertz bateko pentze aberatsetan artalde bat alhan ikustea, baketzeko; orduan, orlegia zuriz ttittatzen duten ardiak ortzaiz eta leihor urrun desiragarri zaizkit. Askapen mugak. Balizko gero mehatxatuaren iragarleak.
Gehiago dena, ohartu gabetarik kasik, ardiak mila bider eta hamar mila moldez jartzen ditut potretetan, familiako argazkiak hartzen ditudanean; borobilean daudela euri bezpera sapa eta gohatsuetan, nahiz lurraren azalean desordenatuki ereinak, zenbait bakarka beren bildots sortu berri bustiaz segituak, ardiak zoom baliosaz gatibatzen ditut. Ni baino Izpiritu jakintsuago batek hor "sakrifiziorako tirria hilgarriaren" ikurra aurki lezake, beharbada beste arazorik ere. Bego... Eta noizbait hegoalde haizetsuko mortuetan nabilela, galtzarpa sorbaldan zintzilik daramaten artzainen inmaterialitate hurbilak, zakurra saihetsean, makila eskuan, bost edo seiehun ardiko saldoak zaintzen mirets ditzaket, bihotza hunkiduraz apur. Ikuskizun horren aldean, Hollywooden asmatu aurrekontu animaleko ekoizpenik ez dezaket estima: halatan ez dut oraino ulertzen zergatik behar den Ryan soldadua absolutuki salbatu!
Tribuagatik ez dut ikasi.