Aurkibidea
Zazpi haurreko familiakoak gara
Barda arratsean kanpoan nintzen
Bilkura biharamun lo hordi batez
Joanes Balantsun osagarri handiko artzaina zen
Noizean behin Paul Austerren nobeletako pertsonaia sentitzen naiz
Lau miliar ardi baino gehiago kontatu ditut
Bakarretan, bilkuretarik etxerakoan
Gau hartan, Herritik itzuli nintzenean
Aldi hartan, beste behin, ilunpez ilunpe
Le Monde-n hogeita hamargarren orrialdean
Ilunpez ilunpe, etxeratu nintzenean
Iragan astean bost gauez ibili nintzen
Denborarekin konturatzear nago
Aste bakarrean lau bilkura izan nituen
Gauak argi zirrintatzen ziren aharrausika
Uda etorri zen eta ez nintzen ohartu
Kexu aire ibili nintzen ilunpe hartan
Gau hartako joan jin bakartian
Aurkibidea
Zazpi haurreko familiakoak gara
Barda arratsean kanpoan nintzen
Bilkura biharamun lo hordi batez
Joanes Balantsun osagarri handiko artzaina zen
Noizean behin Paul Austerren nobeletako pertsonaia sentitzen naiz
Lau miliar ardi baino gehiago kontatu ditut
Bakarretan, bilkuretarik etxerakoan
Gau hartan, Herritik itzuli nintzenean
Aldi hartan, beste behin, ilunpez ilunpe
Le Monde-n hogeita hamargarren orrialdean
Ilunpez ilunpe, etxeratu nintzenean
Iragan astean bost gauez ibili nintzen
Denborarekin konturatzear nago
Aste bakarrean lau bilkura izan nituen
Gauak argi zirrintatzen ziren aharrausika
Uda etorri zen eta ez nintzen ohartu
Kexu aire ibili nintzen ilunpe hartan
Gau hartako joan jin bakartian
Berez dena argi eta dirdira dago, dena hutsa da:
ez nekatu zure izpirituaren kemenak! Pentsuak
ez dezake absolutua neurtu, jakitateak ezin du hazta!
Gauaz ibiltzearen bortxaz, anitzetan Sigur Rosen musika lagun, lurraren errealitatetik urruntzen nintzela sentitzen nuen; ez nintzen hargatik galaxiatik kanpo bizi zirenetarik ere, alderantzizko froga eskainiko zidan Blade Runner kontra-erreformatzaileetarik gurutzatzen ez nuen bitartean behintzat. Erratekoa dut ordea, gure artean, nihaur ez bezala, gela usaintsuetan pausatzen eta mihise amironatuetan loak hartzen zituen jende horiek ugariak zirela eta edozein unetan, partikulazki bideak eta karrikak ilunpeek biltzean, pentsamendua mehatxatua suerta zitekeela. Gehienek halatan, neuroleptikorik gabe, gusturik hoberenean, bazekiten derrigorrez egin behar zena manatzen hitz labur, zuhur eta suharrez. Lau mila altzairu puskatan barreiatzen ziren gertakariak jasaten genituen isiltasunik handienean. Ezintasunez hordi genbiltzan.
Errapeak goseti murtxatzen zizkieten suge zilar sotilak tegietan sartzean ardi gaixoak, beldurrez harrituak zeuden bezala geundela gogoetatzen nuen behin bilkura zail batetik etxerakoan; sugea alabaina ez zen otsoen aterpean gerizatzen, baizik eta negurik hotzenean berotasuna oparitzen zien marro eta ahari ahulen koraletan. Itxuraz gizon abila zen aitona Gilen zenaz amak kontatzen zigunaz oroitu nintzen.
Ba, aitak hiltzear zegoen sugea, mokanes brodatuan bildurik, etxera ekarri zuen. Supazterrean odola gesaltzen eta katilu bat esne ondoan jarriz pixkolatzen plantatu zuen. Aita pozik zen ikustean sugea berpiztu zela, baina honek indarrak eskuarturik, sukaldean ziren guztiak ausiki nahi zituen bere eztenkada pozoitsuaz eta amak segitzen zuen, istorio honen morala azpimarratuz: Xenda horietan mele-mele otoitzean entzunen dituzuen jende franko bada horrela zuen zerbitzuen premian, zuetaz baliatu ondoan, trapu zahar mutzitu baten antzera gero botako zaituztenak; egin ezazue egin behar duzuena bururaino eta ospa.
Amak ez zekiena hauxe zen: gauez autoz hara eta hona zainetan bidaiatzean, istripu desiraren eta desiraren istripu artean, sortzetik sehi eta mutil hezi kanoi-haragiak ginatekeela euskaraz ere Jainkoa Lagun zutenentzat, iragan mendetik ekidinezina zirudien zartatze linguistiko baten ume mutuak ginelako, ekintza aditzak grekatuz ahoskatzeko orduan aldi berean erabiliak, eta baztertuak. Bi estatuen errepresioaren aurkako afixen kolatzera igortzen gintuztenetan, beti beren familia bizitzaren oreka aurrean jartzen ziguten eta egia zen ez genuela familiarik. Eskuak kola lodiz apaindurik, afixetan agertzen ziren ezkerreko zein eskuineko hautetsien irri mardul eta faltsuak jasan behar genituen ondorioz, gohainak gontzetarik jauzarazi arte. Gasnaren bidea hurbiletik jarraituz, amaren hitzak gogoan, atzealdean "élevé en plein air" idazkiaren gainean zerri sano arrosa eta alegeraren marrazkia zekarren eta pasatzera uzten ez gintuen kamioi baten ipurditik kilometroak lerrokatzen genituen. Hasperen etsiaz berantetsia azpimarratzen genuen.
Non gaude? Nork deitu gaitu erasora? Zergatik gabiltza tiro gurutzatuen artean hil zorian, gerla oihu-egileak trintxeraren maldan gelditu direnean? Gerla hau ez da gurea marmaratuz mukizapiak aho aitzinean jartzen genituen gasen trabak ekiditeko.
Gau mutua zen gure interlokutore bakarra.
Sugeak, ardiak, hormona sintetikoz zein abere irinez hazi urde gurintsuak, erreformako ahari kankail trapatuak buru zoko haserretuan nituen batez, ene probintziara sartzeko borobilean, egiazko haluzinazioa ukan nuen: kotxearen argipe zurian ardiak alhan mirets nitzakeen, ronpuinaren belardian xaloki eta artzainik gabe. Beso ondoa zimikatu nuen, Fatboy Slimen zinta geldiarazi eta ikusgarriari so geratu nintzaion, ahoa bete hortz. Arras zintzo izateko, eta gure paranoia naturalari fidel izanez, gauaz ardura agitzen den eran, uste dut hor polizia armatu kontrola batean suertatu baldin banintz, ez nintzela gutxiago durduzatuko: polizia gizonei alias indar errepresiboei eskatzen zituzten hiru zuzenbide ezberdinekiko paperak erakutsiko nizkien eta "uufff" ikaratia askatuz pasatzera deituko ninduketen, hotz. Baina hor ardiak ziren agertzen, nondik norako argitasun izpirik gabe.
Bazterretara barrandan beha egon nintzen. Nehor ez zegoen, ez kaxketadunik, ez kaputxadunik, ez kasko laserdunik, ez adiskiderik eta ez etsairik. Autotik jalgi nintzen arraposki, unibertsoan bakarrik nengoelako irudipenak gatibatua eta ardien aldamenera herrestan hurbildu nintzen. Batetik norbaitek kukuzkatuko ninduelako eta bestetik, hain bake lasaian alhan zebiltzan ardien izuarazteko lotsa bikoitza neukan: ikusi eta hunki nahi nituen baiki eta eiki. Hargatik zangoa belardian pausatu nuenean, hormatu nintzen: ardiak eskapatuko zirena, ondoko artadietan desagertzeko? Bihar ikerlariek ene hatzak kausitzen baldin bazituzten xahu nintzen. Ardiek loriarik hoberenean alhan segitzen zutela, zeru beltzean ekialdetik ilargia jazartzen zitzaidan bitartean, deus eta ezer ez zen higitzen.
Azterketaren ondorioz ardiak barnez burdina herdoilduz eta kanpoz plastiko zurpailez osatuak zirela onartzera bortxatua nintzen. Ni bezain isilak eta damutuak ziren. Nire engainatzeaz gaztigatzeko baten bati uzkian ostikoa eman niolarik ez zen den mendrenik ere mugitu, marraka ausentziak tronpatua izatearen neure sentimendu hutsalak biderkatzen zizkidala. Zazpi ardi faltsuren erdian, belarrean bertan, jarri nintzen. Ortzi ilunaren minean argizaiola baten ibilera jarraitu nuen, aspaldian espero nuen estralurtarren zirta zela irudikatuz. Soa apaldu eta ardiak zementuarekin lurrari lotuak zirela baimendu eta bizitza pastoralaren nostalgiko bat jadanik zutabearen segatzen saiatu zela ohartu nintzen: zer gauza ttattuna hau baratze erakustoki baterako! Artzainaren burdinazko eta plastikozko tailua falta zela neurekiko gehitu nuenean, urrats metalikoak hauteman nituen, Salbatarreko bide juntatik etortzen. Tanpez inguratu nintzen.
Nor dabil hor?
Ihardespen zuzen ezak izoztu ninduen. Bilkurako eztabaidak, kideen larderia keinuak, kontra-erreformatzaileen ekintza gogorrak ahantziak nituelako aitorrera zor dizut irakurle. Lastima. Ardien presentzia xumeak kontuz ibiltzekoa nintzelako ideia burutik aterarazi zidan. Gauaren beltzean inoren aztarnarik ez nuen sumatzen. Alta izaki misteriotsua ez zegoen nigandik hain urrun, hitz egin zuenean, argiki entzun nuelako:
Rachel Rosen naiz.
Ezagutzen dugu elkar?
Zure zati androidea naiz. Kontra-erreformatzaileen eta ideologia aldetiko egokitzaile ankerren aurka borrokatzen lagun zaitzaket.
Zuk?
Noski.
Ez naiz puskaz puska muntatu makina bat ni, humano soil bat baino.
Uste duzula irriz zartatu zen androidea, ardura tresna gisa erabilia zara, aitzur bat edo ordenadore baten antzera, eta pieza bat hausten zaizunean, baliotasun testa pasarazten dizute: barne zirkuituak erretzean zakartegi munizipalerako baizik ez zara on. Ez da hala?
Inteligentzia artifiziala hain hedatua den Mars planetara eroan nazazu. Dagoeneko Marseko euskaraz idazten dudala badakizu? Hemen ezin dut gehiago. Alhan debalde dabiltzan alegiazko ardi hauen pare bilakatua naiz.
Zure aldia etorriko da ahoskatu eta etorri bidetik urtu zen Rachel Rosen izenez aurkeztu zitzaidan androidea, nihauren zati agertezina, zioenez.
Erdi jendea baldin banintzen landerrean nengoen.
Gau hartan hondarrean etxeratzean, sekula baino gehiago, hozkailuan gasnaren ez atzematea deitoratu nuen. Ardi elektriko ametsetan galdu eta alabaren gelan zegoen noizbait Garaziko denda batean erosi ilainkizko bildots erraldoia besoetan tinkatuz oheratu nintzen. Nehoiz agertzen ez ziren galaxiaz kanpoko izaerekiko harreman iragarriak esperatzen akitua, bakardadez psikopata bilakatua eta "Rachel Play Again" mekanikoki errepikatzen.
Ez nuen amore emanen ordea.