Aurkibidea
Zazpi haurreko familiakoak gara
Barda arratsean kanpoan nintzen
Bilkura biharamun lo hordi batez
Joanes Balantsun osagarri handiko artzaina zen
Noizean behin Paul Austerren nobeletako pertsonaia sentitzen naiz
Lau miliar ardi baino gehiago kontatu ditut
Bakarretan, bilkuretarik etxerakoan
Gau hartan, Herritik itzuli nintzenean
Aldi hartan, beste behin, ilunpez ilunpe
Le Monde-n hogeita hamargarren orrialdean
Ilunpez ilunpe, etxeratu nintzenean
Iragan astean bost gauez ibili nintzen
Denborarekin konturatzear nago
Aste bakarrean lau bilkura izan nituen
Gauak argi zirrintatzen ziren aharrausika
Uda etorri zen eta ez nintzen ohartu
Kexu aire ibili nintzen ilunpe hartan
Gau hartako joan jin bakartian
Aurkibidea
Zazpi haurreko familiakoak gara
Barda arratsean kanpoan nintzen
Bilkura biharamun lo hordi batez
Joanes Balantsun osagarri handiko artzaina zen
Noizean behin Paul Austerren nobeletako pertsonaia sentitzen naiz
Lau miliar ardi baino gehiago kontatu ditut
Bakarretan, bilkuretarik etxerakoan
Gau hartan, Herritik itzuli nintzenean
Aldi hartan, beste behin, ilunpez ilunpe
Le Monde-n hogeita hamargarren orrialdean
Ilunpez ilunpe, etxeratu nintzenean
Iragan astean bost gauez ibili nintzen
Denborarekin konturatzear nago
Aste bakarrean lau bilkura izan nituen
Gauak argi zirrintatzen ziren aharrausika
Uda etorri zen eta ez nintzen ohartu
Kexu aire ibili nintzen ilunpe hartan
Gau hartako joan jin bakartian
Gauzen ahanztura osoan, handiena txikienaren
parekoa da, txikiena handienaren antzekoa,
begiak mugarik ikusten ez duenean.
Iluntzen zihoan bitartean, norbaitekin mintzatu behar nuela errepikatzen niolarik, hil edo bizikoa zela erantsiz, biltzarrera eraman ninduen kideak irriz ihardesten zidan. Ulertu nitzakeen arren, ez nituen haren algarak jasaten ahal, sentitzen zuen pozaren eta neure dolore desesperatuaren artean, distantzia hedatzen zuelako. Lagunaren behako malgua gurutzatzen nuen baina ez zidan sosegurik ekartzen: ez nuen gehiago jostatzeko gogorik, are gutxiago besteak neurekin jostatzera uzteko kemenik. Azken boladan, ate frankotan joka ibili nintzen, eta nehork ez ninduen, zinez eta zintzoki bere sukaldean sartzera gonbidatu. Erabat galdua nintzela iruditzen zitzaidan.
Biharamunean, lanean, kafearen orduan, lankideak, bezperako atentatu odoltsuaren argazkia zekarren Sud Ouest egunkariaren orrialdea, euskaldun soil izanez atentatuaren errudun banintz bezala agerian atxikitzen zuela eta ene buruaren zuritzeko astirik zilegitzen ez zidala, urte anitz zuela berak egarri zain beheraldia aipatu zidan, jori beltza hurrupatuz eta hitzak astiro hautatuz.
Temesta irensten nuen.
A bon? Zuk?
Bai. Parisen nengoela behin eta gero berriz dibortziatzean gontzetarik jauki nintzen.
Gogorra zen beraz ondorioztatu nion etsirik, zorionez ez bata ez bestea ezagutzen ez nituela gogoan eroanez.
Eskualdeko Egunkari Errepublikar Handienaren hostoetan, horoskopoa bilatzen nuela, lankidea bere kalbarioaren azaltzen entzuten nuen, oilo koloka baten gisa, ezpainak txukunki plegatuz.
Eskerrak hiru hilabeteren buruan handik itzultzea lortu nuela. Ezkondua nintzen jadanik. Senarra edateari eman zen anartean. Haurrarekin bakarrik gelditzen nintzen apartamentuan, ene aita eta amen esku ukaldia ukan ez banu ez dakit non nintzakeen gaur egun. Hala ere, noizbehinka, temesta pastilla bat zintzurreratzen dut oraino zainen lasaitzeko, senargaiaren aiduru nagoela adibidez.
Ez nion komentario zehatzik egin. Egunkariaren lehen palman hedatzen zen oihal zuriz estali gorpuaren itxurari hondar so mutua botaz mahaitik altxatu zen. Emazte prestuaren antzera kafe kikarak garbitu zituen. Mirailaren aitzinean, mateletan errauts pixka bat pausatu zuen, urguilu-ontzi eta satisfos.
Lanetik landa iragartzen zidan, goiza lisatzen pasatuko dut, teilatupean.
Ez dut sinesten emazte baten betekizun bakarra lisatzea eta jateko prestatzea denik marmaratu nuen enekiko, lankidea elkor geratuko zelako esperantzan.
Hauteman ninduen zorigaitzez eta larderiaz bete ahotsaz erran:
Amatasunaren bidearen ongi konplitzea da ene biziko helburu nagusia! Besterik ez! Zuk nahi duzuna egiten duzu! Eiki, goizetan daramazkizun atorra zimurtuak ikusiz, ez duzu lisaburdina anitz higatzen!
Emaztea gaiztotu zitzaidan. Aztalak zoladuran klaskaraziz, atea berdin, nihaur utzi ninduen, irri ahalkor zozoa ezpainetan dilindan eta Sud Ouest ahurrean. Behialako oilategiaren ordezko isiltasun pisua barreiatu zen gure kafe-gelan. Inarrosia geratu nintzen, ene buruari galdezka ea berriro ere isiltasunaren ildoaren hautatzea ez nuenez hobe izanez. Madarikatzen nintzen (!): laneko gatazka arin horrek, salatzen eta jasaten nuen bazterketaren hobenduna neroni nintzela argiki frogatzen zidan. Ustekeria hori askotan gogoaren irazkitik iragaten nuen, baina gogo hazkatzeak ez zidan sendatzerik bideratzen. Larru arraseko ihardukiak nola ekidin asmatzen hasi nintzen: erabat atipikoa eta apatikoa, beti sinpatikoa egonez noski, sozietatean agertzearren zergatik ez nuen nik ere temesta hartuko? Balizko aterabidea baneukan. Hondarrean, dopatuak zebiltzan guztiak konprenitzen nituen. Gauza on bat bederen!
Porruen antzera herrokan, denak hausten, pastilla urdin-zuri-gorriz edo konbikzioen arabera, berde-zuri-gorriz, gangarra kilikatzeraino asetzen, begitartetik hantzen eta beren depresioaz etengabe mintzatzen jarraitzen nituen, zenbait herioaren tentaziotik nahikoa hurbil murgiltzen zirela anartean. Etxeko, bikoteko, haurrekiko eta laneko arazoak zirela medio plomuak jauzten zitzaizkien. Batez ere emazteei. Alabaina gehienetan, ez errateko beti, emazteek zuten Gizartearen zama larruzalea patitzen, pairatzen eta haragian txertatua eramaten. Apalaldien erroak ziotenez, aita, senarra eta semearekiko lotura nahasiak ziren: senarrek demagun, beren emazteak neska lirainagoentzat abandonatzen zituzten, edo amodioaren xantaia egiten zieten higaduraren mugetaraino, desira sekula egiaztatu gabe, edo oraino desira zen bere herio naturalaz hiltzen. Harremanetan zalantza bortitzaren landerrak bazterrak estaltzen zituenean, agerpenez zeken ez ziren emazte haien nortasuna zein integritate psikologikoa kolpatua suertatzen zen, funtsean. Halaz, zintzurreraino temestaz emokaturik, emazteek orduak lisatzen eta bazkari apailatzen nahiz bastatzen, azpiltzen, josten, mahai oihal brodatzen edo trikotatzen pasatzen zituzten.
Nonbait irakurri nuen, konpetizio konpetenteek, kitzika moralek eta erdeinuzko apaleste zerrendek kudeatu mundu honetan, egunerokotasun dorpetik ihes egiteko molderik egokiena eta seguruena depresioa zela. Depresioa haustura bat zen, bere latzean bake une eskergarria, agian maitatuak sentitzen ginen momentu bakarra. Alabaina, nork zaitu behatzen auhenez zinpurtzen ez zarenean? Non dira adiskideak orduan? Medikuak bost minutuz artatzen zaitu eta negar zorian, dolorezko automataren antzera karrikan aurkitzen zara, aspirinak erostea agintzen dizun ordenantza bati zatxezkiola. Halako ingurumen latzean, lexomil, prozac, paxil, lysanxia eta temesta bezalako erremedioak baliagarri suertatzen ziren. Modan zegoen hitza erabiltzearren: ekidinezin. Ekai kimiko horiek fortuna txarraren aurrean, bihotz onezia eskaintzera bideratzen gintuzten eta hobe denentzat azkenean, ez? Imajina ezazu istant batez, bezperan bilkuran izanik, biharamunean lanera joatean, sintesi-molekula soilen botereaz kolegek irri zabala dutela ezpainetan, ez dizutela ohiko arduragabekeriarik leporatzen, gozoki mintzo zaizkizula, halaber behialako biltzarkideek, umore gaitza zurkaitz, larderia, erasia eta gutxiestea ahanzten dutela, behialako ekai merkeak neuronak oparo balakatzen eta kilikatzen dizkielako. Besteak bezain "kargatua" zabiltzalako zu ere berdin heltzen zara lanera, karkailaka bistan da. Inhibizio mota ugarien aurkako borroka hasia da eta naski ez da bertan bururatuko.
Jende anitzek eskas genituen adrenalina, endomorfina eta serotonina pastillak farmazietan saltzen zirelakoa ona zen. Herenegungo gure arbasoek Trinitate Saindua belauniko bezala, guk hitz eman paradisu berrien jainkoak adora genitzakeen, zorion artifizialen hagun zilarrak begietarik isurtzen zaizkion aingeru aurpegia agertuz, Zein Ongi Naizen mantra lanzinanteak ahots monotonoz errepikatu bitartean. Thomas Morek marraztu utopia hedatzen ari zitzaigun lurrean, gaurko mendeko pornografia alor bakar gisa har genezakeen besteen eta guhauren pentsamendu bakunak ateak oro giltzatuz, biluztasuna, ukamena, isiltasuna eta bortxa poliziala denetan barreiatuz. Emeki-emeki jendearen izaera aldatuko zen, eta robotnik bizidunak bihurtzeko gai izanen ginen. Ez zena bada hori gero ederra?
Farmazietan, akidura erraldoiaren eta demagun amodiozko penen jabaltzeko patxak salduko balira, falangaz klikatuagatik gasna jadanik ez zaidalako aski erosleetan lehena nintzatekeela aitortuko dizut irakurle. Haurrik ez ukateko bezala, pilula bat balitz pentsatzen denaren idaztearen edo ahoskatzearen trabatzeko, diot bertan, ekarri! Edozein arrisku materialen moduan, Bizitzeko arriskua ezeztatzekoa dela sinesten dut engoitik: goazen bada guztiak beterik eta isilik. Hargatik, gehitu behar dut, gurutzatzen ditudan lagun batzuek ez dutela ene ikusmoldea, aurrerakoia ala desesperatua, onartzen, jendearen oreka bio-psikologikoa ez dela kimika bidez nehola ere kanbiatu behar hitza oihuz mozten didatela. Ez naiz haiekin arras ados: ez dakit zein den zaintzekoa den oreka famatu hura. Ageri da bestalde lagun horiek ez dutela bihotzeko daldara minberarik sekula sufritzen!
Kirolarien pare, kabalak guretzat ereduak izan daitezke; nago zenbaitetan, abereak ez direnez gure adineko zaharrak baino medikalizatuagoak. Baso bat etxeko ardo eta aspirina batez artatzen garenean, ardiak agalaxia, ikara, scrapiea, harrak buruan edo errapeetako mina dutenean, bospasei txerto ezti, bitaminak eta pomadak erdiesten dituzte, bat ere potretik eta marrakarik gabe. Gure Herriko Ardien ongi izate maila berdinera heltzea dut nik lehia. Behiak eta arto zangoak ez ditut aipatzen, gaiz kanpo dauzkadalako. Badakit ordea, goizetan bilkuratik etxerakoan, gasna xerra finetan irensten dudanean, esnean urtuak dabiltzan molekula kimiko aztarna haiek bizibidea nolabait errazten didatela. Ondorioz, jakin badakit berriz aditza ardiek haina gozatzen bagenu, ez genukeela menturaz zartagailu beharrik!
Agian horretan datza gorago aipatu amets espiritualaren oinarria, eta ez astekari zenbaitetan azaltzen den fede kristauaren birsustatze fenomeno faltsuan. Epe ahalik laburrenean antigaiaren gerizatzeko zulo beltz sakona jazarri beharrik gabe kolpeak hartzen dituen izate uherra, oinazea saihestuz, mina baztertuz, prokreatzea eta produkzioa segurtatzeko tresna kontzientea bihurtzea liteke xedea, arrangura eta kezka existentzialak ezabatuz. Antihidrogeno multzoak bilduz geroztik, uneon Burbankeko ikerlariak bilakaera sail horren aztertzen ari dira. Partikula mononuklear berezien lasterra ehun-biderkatzeko sortuak izan diren hodien esperientzien ondorioak berantetsiak ditut nik behintzat.
Bizkitartean, lankide depresibo eta lisatzaileen auhenak entzunez, gasnaz asetzeko ahalmena geratzen zait, medikuak zain jabalgarri multikoloredunak proposatuko dizkidan arratsaldearen aiduru. Baina ez, ez natzaio lisatzearen terapiari makurtuko, nehoiz, ez horixe! Lisatzearena trauma bat da enetako: denbora eskasez amak ez zizkigun arropak plantxatzen, eta nik amaren plegua hartua, behin bere atorren lisatzea manatu zidan gizon bat ezagutu nuen arte. Metak eta metak amodioz amironatu nizkion. Elkar bizitzako zazpi hilabeteren buruan abandonatu ninduen, ez ninduela gehiago desiratzen argudiatuz. Beharbada pleguak ez ziren zuzenak! Ordutik erabaki nuen gai horretan terrorista bat bezain intrantsigentea nintzatekeela. Diraut.
Iraultzailea naiz.
Gasnaxnikova eskuan.