Aurkibidea
Zazpi haurreko familiakoak gara
Barda arratsean kanpoan nintzen
Bilkura biharamun lo hordi batez
Joanes Balantsun osagarri handiko artzaina zen
Noizean behin Paul Austerren nobeletako pertsonaia sentitzen naiz
Lau miliar ardi baino gehiago kontatu ditut
Bakarretan, bilkuretarik etxerakoan
Gau hartan, Herritik itzuli nintzenean
Aldi hartan, beste behin, ilunpez ilunpe
Le Monde-n hogeita hamargarren orrialdean
Ilunpez ilunpe, etxeratu nintzenean
Iragan astean bost gauez ibili nintzen
Denborarekin konturatzear nago
Aste bakarrean lau bilkura izan nituen
Gauak argi zirrintatzen ziren aharrausika
Uda etorri zen eta ez nintzen ohartu
Kexu aire ibili nintzen ilunpe hartan
Gau hartako joan jin bakartian
Aurkibidea
Zazpi haurreko familiakoak gara
Barda arratsean kanpoan nintzen
Bilkura biharamun lo hordi batez
Joanes Balantsun osagarri handiko artzaina zen
Noizean behin Paul Austerren nobeletako pertsonaia sentitzen naiz
Lau miliar ardi baino gehiago kontatu ditut
Bakarretan, bilkuretarik etxerakoan
Gau hartan, Herritik itzuli nintzenean
Aldi hartan, beste behin, ilunpez ilunpe
Le Monde-n hogeita hamargarren orrialdean
Ilunpez ilunpe, etxeratu nintzenean
Iragan astean bost gauez ibili nintzen
Denborarekin konturatzear nago
Aste bakarrean lau bilkura izan nituen
Gauak argi zirrintatzen ziren aharrausika
Uda etorri zen eta ez nintzen ohartu
Kexu aire ibili nintzen ilunpe hartan
Gau hartako joan jin bakartian
Bide Handiari heltzen baldin bagagozkio, neurri guztia
galtzen dugu: bururik ez buztanik ez duen bidean
sartzen gara. Utz ezazu bidea joatera eta gauzek
beren izaera propioan segituko dute; esentzian deus
ez da mugitzen, deus ez da geldo geratzen.
Zenbaitetan, bideak bideari, hausnarrean hasten naizelarik, neure buruari eskatzen diot ea egoera ez ote litzatekeen ezberdina izango, herioaren kontzientziaren mugetako gauak ez balira gasna xerra meheetan purruskatuko? Ezpainek jakia hunkitzen duteneko unea ez dea amodiozko hurbilketarik ederrenaren ikurra? Autoa herts, hiria zurrungan lo dagoenean preseski etxean sar eta Hori. Fede larderiaren garaian, barkaezinezko bekatu suertatuko zen, lohikeriaren eta lizunkeria gorriaren artean. Larrua jotzea baino zakarragoa, bilkuren ondotiko onanismo gastronomikoa... batez ere harremanen anorexiarekin ezkontzen denean!
Gau hartako aparkaleku zurpailean, urtarrileko haize mehe motzak hezurrak daldararazten zizkigutenean, bideari ekin aurretik, lagunaren ileak urri higitzen zirela gogoratzen nintzen. Behialako galdeak ilargiari luzatzen nizkiola, urriki handiz behatzen ninduen. Ondotik, jadanik abiatua nintzen baiki, Saharako artzainen zuhur hitz baten oihartzunak muina nahasi zidan: "Bilatuagatik ez baldin baduzu xendetan argirik kausitzen, segur izan zaitez orduan, argia zeure baitan daramazula!". Desertuetan, gauaz argi izpi ahul eta egunaz kopeta ilun jarduten genuenontzat zuhur hitzek norberaren merke eta egoki kontsolatzeko balio zutela gehitu nuen.
Orena ahituz etxera heldu nintzen hondarrean. Deblauki eta nitaz satisfos, hozkailutik gasna atera nuen. Puska fina behatz artean bihikatuz, egongelara arraposki joan eta ihardesgailuan mezu bat neukalako jabetu nintzen: "Osaba Joanes zendu da; zure aiduru gaude bihar Plantsunean!". Ahizpa zen. Ele mamitsuz husturik, gasna eskuan, leihotik so geratu nintzen, karrikaz haraindiko erietxeko teilatuei zuzenki begira. Buruaz, zaindari lana zegien erizaina agurtu nuen, bere txanda zenean aldi oroz egiten genuen legez.
Halatan, Plantsungo nagusi zaharrak azken hatsa eman zuen. Nihaur gauaz bezala, garaitu ezin itxura zeukan gizon puskak mundu hau utzi behar zuen, adioen banatzeko astirik gabe, tipus-tapasean, panpalahara lurrean hedailo, ebasle baten moldean jin herioarekin baina zertan dabil polizia? juntatzeko azkenean. Izpiritua ihes joan zitzaidan eta Joanesen bizia bost perpausetan laburtu nuen, Herria-n eginen zuten bezala: "Plantsungo Joanesek, iragan astelehen arratsaldean, gutxien uste zenean, bat ere potretik gabe, utzi gaitu, zazpi urtez eritasun latza pairatu ondoan, dakizkigun sufrikarioen erdian, umore onez eta kuraiaz beterik. Paralisiatua egonagatik irri egitea maite ukanki, auzoen alegeratzeko aitzakiarik ez zuen galtzen. Gizon atsegina zen, hamahiru haurren aita, biga bakarrik bere emazte Maixan zenarekin ukanak ordea, denak bataiatuak bistan dena, artzain nekaezina, gerlari ohia asunen eta naharren kontra... herriko mus txapelketaren antolatzailea osagarrian zegoeno. Hondar urte hitsak semearen eta honen familiaren amodioz setiaturik eraman zituen".
Herria-ko zutabeak, Joanesen trakako gizonen biografientzat, beti aski zabalak zirela gogoratzen nintzen eta enterramendu eguneko gertakariekin jarraituko zuen artikulua txukundu nuen :"Ehortzi genuen arraiki ote? eta zeremoniara Eskual Herriko sei kantoietarik jende saldo handia bildu zen. Dawson, Joanesen semeatxiak apezak hautatu Charles Peguyren olerki bat irakurri zuen, hunkigarria zinez eta dolorezko momentu hauetan esperantza ekarlea; bizkitartean, denek konprenitzeko gisan, apezak frantses ederrenean eskaini zuen predikuan hilaz laudorioak baizik ez zituen eman..." Tanpez isildu nintzen. Lekuz kanpoko zarata batek ildo sasi-literariotik iradoki ninduen: "Apezak frantses ederrenean?". Ardura egiten zen arren, Joanesentzat ez zen posible. Hotzikara hezeak bizkarrezur aldea busti zidan eta gaizki sentitu nintzen. Ahots argiz, nirekiko ahoskatu nuen goraki:
Frantsesezko ehortz meza jasan baino, nahiago dut sekula ez hil.
Pentsamenduaren bortitzak harritu ninduen, herioaren mehatxuak Joanes gaixoa izutu zukeen hein berean. Gaixo Joanes nioen, baina deabruen errekaitua izana zen laurogei urtez. Bat-batean malgortu zenean, amarekin bisitaz nindoakiolarik, begien hondoan, hiltzearen larderia barneratua susmatzen nion. Paralisiak jo aurretik, ardoa, etxekoa, gasnaren lagungarri, edatea medikuak debekatu zionean, ez zuen beldurrik, desafio aire gogorra keinuetan baizik.
Ez daut meiku pixtolet horrek ene arno ttilikanoa ezeztatuko arauz? Bena bena bena zer duzue errepettitta mehakoil hori? Nondik jalgi datazue apo zahar kuskuilatu hau? Ni biziko niz oraino ere, Jinkoak nahi baldin badu.
Ikusten nuen orduan koloreak gorri, sudur punta luzea ubel, tripa kanpoan, zilkoa agerian, aitzin-gibel balantzaka, kikara eskuetan, kafeari lau sukre mokor aurtikitzen, espantuz, hilezkorra bailitzan, emazteari zanpa eta tunakoka ordenak istantean betetzen ez baldin bazituen, haurrak erasiaz eta azotez hezten, eta auzoak noski errespetuan atxikitzen; kontatzen zen nola behin eroturik, Kakuteiko ardiak bere funtsetan ase zirela mendekatzeko, artoz landatu etxe hartako bost hektareak, alta ez ziren transgenikoak, dailuz moztu zituen. Ez dut erratearen beharrik Kakuteiek ardiak bordaren inguruetan zaindu zituela hortik hara.
Ardiak artaturik, herriko plazako ardo saltegiaren oporrean iragaten zituen arratsaldeak, emaztea atzetik zeukala negarrez oihuka "Non hiz Joanes? Haugi etxera engoitik!". Gizona entzun gogor edo etsia zebilen ardurenean.
Bakea eman, emazte minttulina ihardesten zion. Ez duna beste egitekorik!
Zeeer? eskatzen zion ahuntz ahotsez hiru lagunetan adinduenak, trufari, ardo botila eskainiz.
Edan ezak to! Ez diagu erremedio hoberik!
Eta gerlak aipatzen zituzten, gerlen oroitzapenetan berotzen ziren izpiritu motelduak, nork bere gerlak, banaka, bata bestearen ondotik: ahuntzak Chemin des Damesko bataila zuen ezpainetan, ganibeta ahurrean eta mokanes soila aurpegian "irabazi" zutena; Joanesek eta Pierrak Alemanian gatibu higatu zituzten urte airosak zerrendatzeko ohitura zeukaten.
Emazteak, ohit hiza, punpaka!
Ba seurki ta hale ohit nizala! Bena debaklaren egunetan Verdun aldean tiro bat bildu nian koskoiletan eta ezin izan diat gehiago!
Domaia duk! Emazte haiek punpaka! Maixanek, orroen neurriko jauziak balitu, mekaguen la fuxkro...
Gazteena, Gerard botz apal eta ikaratiaz mintzo zen. Aljeria hegoaldean ibilia zenak ez zuen gauza handirik kontatzeko, salbu ziblaz tronpaturik, adiskidez osatu frantses arma-saldoak bizkarrean mitrailatu zuela eta geroztik aulki ibiltarian mugitzen zela. Ez zuen, damurik ere, pentsionerik hunkitzea lortu, gerla ekintza, laneko istripu gisa kontsideratua izan zelakoan. Laukote ardotuaren paretik pasatzen nintzenean, nioen:
Soldadu erraldoi horien haurrak gara! Bihoa borroka aurrera!
Nongoa hut hi, hain mentsa? galdegiten zidan, trankalaka, Joanesek bere iloba zuzena nintzela jadanik ohartezin.
Elkarren zinkurinak eta malkoak idortzen ari ziren, zintzurrak bustiz, Joanes paralisiatu zen arte bederen. Ardien kontatzen zebilela, tanpez, lurrera erori zenetik hil aitzineko urteak halaz, ohean etzanik gastatu zituen. Ez zuen hitz egiteko ahalik, semeari terrentan eskatzen ziona salbu:
Ardiak sartu tuzka?
Bai aita ihardesten zion nardaturik semeak eta gizona loeria itsusi eta karrankatsu batera lerratzen zen, biharamunean galdera erritualaren orduak jo artean.
Maixan minbiziak eraman zionean, begi izkinan bi negar ttantta isurtzen nabaritu zuten etxekoek eta auzoek. Gainerakorik ez. Korroka bat agian. Sotoko oporreko lagunen "partitzeaz" halaber, doi-doia ohartu zen, baina semeak baten zentzearen berri ematen ziolarik, soan su menperagaitzaren garra sumatzen zion "Ni beno lehenago joan duk alaxinkua!" murmuratzeko moduan.
Lo eskasez aharrausika, bilkura goiz hartan, Plantsunera otoitz egitera abiatu ginen ahizpa eta amarekin. Akiduraz, ez nintzen zutik egoten ahal ere; ondorioz bizkarrez armairu dirdiratzen ibili nintzen. Ez zitzaidan irudi Joanes hila zenik: gauezko bideek, egunaren irrealitatearen oinarria desesperatuki agerian uzten zidaten. Halatan, kutxaren barnean, Joanes plantan baketurik atzeman genuen, igandez apaindua, konderak ahurrean bihikatzen eta lehen auzoak elizatik katrelan espreski ekarri gurutze zilar astuna buru gainean erortzear. Gorpuzkeran belaunaldi baten garaitu ezintasuna oraino irakurri nuen eta bezperako hotz ikara hezeak soina daldararazi zidan berriro: gure aitzinekoak horrelakoak ziren, zapalduezinak beren zozo airearekin, apailakuntzarik gabe pairatu ehun mila hersturetarik bizirik atereak, ausarki jatea eta edatea saritzat zeukatenak. Izariz kanpoko fedea ezarri zuten gauzen eta egituren progrean, fedea halaber handiki eta eskolatuengan: amodioz eta gure onerako dena purtta-purtta galtzera utzi zuten arren, hain zuzen horregatik, garaiezinak.
Joanesen azken hitzak "Ardiak sartu tuzka?" izan omen ziren. Ezindurik ere, zaharren laneko errabiak zur eta lur aldatzen ninduen. Hemendik at, Joanes Mongoliako estepetako artzainak lagun, Josafateko Soroan ardika lehiatzen ahalko zen, semearen egunerokotasuna trabatu beharrik gabe. Ez ote zen, Mongoliako umeei kontatzen zitzaien bezala, lana bururatzean Plantsunera berriz itzuliko? Baina ixo, bagenekien zehazki, zergatik ez genuen hilen berpiztean gehiago sinesten!
Gasna bedi izar esne, betiereko loan ere.