HONDORA
1
Katedral atarian, EZLNren pankarta handia dago jarria burdinazko errejetan. Zapatismoari buruzko materiala saltzen dizuten postua duzu. Egun txarra duzu gaurkoa. Erakusteko baino ez dituzte argazkiak: Marcos pipan erretzen, Marcos zaldi gainean, Marcosen begiak kapusai atzean gordean. Biharko izango dituzte kopiak. Batere gabe geratu dira, horrenbestekoa izan da gaurko eskaera. Gazteak dira saltzaile ari diren neska-mutilak ez gara Chiapaskoak, gu bertokoak gara, De Efekoak, eta harritzen zara talde armatu batek bere materiala poliziaren aurrean pankarta eta guzti lasai saltzeko aukera izana. Ez zaude Europan.
Barnean, iluntasunak hartzen zaitu. Meza ari da katedralean, eta organo-joleak ezagun egiten zaizun doinuaz ematen dizu ongietorria. Espainiako himnoa da, mezetara bildutakoak beste letra batez kantatzen duten arren non ezkutatu ez duena.
Hondoratzen ari gara.
Zumarraga durangarra artzapezpiku hartu zuen katedrala Tenochtitlan zaharreko aintziretan hondoratuz doala ari zitzaion azaltzen mexikarra arrotzari. Lurrikarei gailendu zaion katedral gorria ur ikustezinen atzaparretan duzu orain. Marmorezko zoruaren okerdura begien bistakoa da. Pixkana-pixkanaka, dena doa nahua zaharren aintziraren hondora. Hondora doa aldare nagusia. Hondora doaz pulpituak eta organo zaharra. Hondora erretaula eta artelanen ederra. Gurutzeekin batera, konkistak ekarri zuen oro doa hondora. Are euskaldunon margolaririk onena izan zen Baltasar Etxabe oikiarraren koadroak ere.
Hondorapenarekin pentsatzen ez duena da mexikarra. Katedralean eta oro har Zocalo hutsaren inguruan amaitzen zaizkizu egun ere protestaldi guztiak. Lehendakaritza Jauregia aurrez aurre dute bitxitegien arkupeetan lozakuetan etzanda daudenak. Medikuak dira, eta gobernuak ospitalea utzia duela diote. Tresna egokirik gabe egiten dira ebaketak. Denbora daramate bat ere pesorik ikusi gabe. Egungo Mexikoko ezein sektoretan duzun arazoa da pribatizazioena. Hogeita sei egun daramatzate gose greban.
Zelan deitzen da zure aberria?
Chiapaskoen aldean bestelakoak dira turisten sosen atzetik Zocalo erdian dantzan ikusiko dituzun indigena nahuak. Maiak barik, azteken ondorengoak dituzu hauek, eta ikusgarriagoak hauen dantza biribilak ikustera arrimatutako ororen begietara.
Mexiko erantzun du neskatxak, gaztela jota ederrez.
Kastor lumatua daraman dantzariak atzamarrez seinalatzen du neska oihuka ekiten dion bitartean.
Ikusten duzue? Geure aberriari ere izena aldatu diote!
Osterantzeko dantzariek zoru gainean zabaldu duten mantaren inguruan bildu dira, elkarren arropak hobekiago atontzen. Buztinezko irudiak, perkusio tresnak eta liburuak dituzte salgai. Materialarekin eta zorroa pasatutakoan bildutakoarekin biziko da familia guztia.
Mexiko! Mexiko deitzen da!
Buru egiten duenaren mihia kastorraren erdian irudi egina daraman sugea legez irristatu da.
Mexiko! Mexiko! Mexiko! eta jotaz ahoskatzen du orain, neskak esan bezala imitatuz inposaketa da. Espainolen inposaketa!
Koprodukzio amerikar batetik ateratako aktoreak dirudite dantzariek beren atsedenaldian. Gazteleraz ari dituzu elkarren artean, eta Chiapaskoak ez bezala, pipatzen ikusten dituzu.
Eta berdinak ez direla jakinik ere, hotelean TV Azteca-n ikusi programa datorkizu gogora. Bazen arratsaldeko magazinean barregarri gerta nahi zuen pertsonaia bat, hanka okerreko, imintzio exageratuko, trapuzko tximua sorbaldan zuela txisteak-eta kontatzen zituena. Gazteleraren erabilera okerrean zuen bolbora guztia. Beltzei buruzko txisteak kontatzen zituen. Estudioko jendearen algarek bere lanean ondo ari zela ematen zioten aditzera. Eta orduan eta harroago. La India Eldemira deitzen zen.
Ez da erraza indigenaren langintza Mexiko neoliberalean. Eta zalantza ere sartzen zaizu iraultza zapatista bakarra nahikoa izango den La India Eldemira jendearen gogotik betirako erauzteko.
Mexiko! Esan, Mexiko!
2
Lehendakaritza Jauregi atzean labainka pasatu diren hegazkinei beha ari dira neska-mutilak. Astiro doaz, eta geldirik daudela ematen dute orain, aireportuan lur hartzeko baimenaren zain. Mendiak elurtuta ageri dira atzean.
Popocatepetl urrunegi duzu hemendik ikusteko!
Eta neska-mutilek hegazkinez sumendien gainetik igaro direnekoaz oroitzen direla irudikatzen duzu. Bi aho ikaragarri zeruari zabalik sumendienak.
Gera zaitezte!
Eta Raul ikusten duk, gera hadi esaten. Hamakan ostargiak zaldiei sarrera eman zienekoa lotzen zaizu gogora. Ez denbora gehiago, bizitza osoa behar duzu zaldun estali, ez garaitzeko iraultza zoragarria antolatu duten indigena haiek zertan dabiltzan ulertzeko. Jo ezazue mugan bestaldera. Elkar zaitezte Guatemalako senideekin eta antola ezazue Federazio Maia bat Mexiko bazter utzita! Alferrik baina. Izan ere, zer nauk hemen bada Raul, begiz filmatu bai, baina nire Viva Mexico!-ren fotogramak lotu ezinean dabilen Sergei Eisenstein atzendu bat, tirorik entzun gabe ikusia kontatu gogo duen John Reed trabatu bat inoiz geure egingo ez dugun lurralde miresgarri honetan barrena...
Ez diat ahaztua, ez didak kontatu Veracruzko Urberuagarena.
Gera zaitezte!
Geratu gintuan baina. Artetaren koadroetako gizonetako bat bezala, itsas-blokeo frankista guztiak hausten azti zen Lezo Urreztietak erosi nahi izan zian lurralde bat hemen, Mexikon, euskaldunontzat. Ozeano Barean zegok gure irla, Isla de las Cabras deitzen duk, gozoagoa, eguzkitsuagoa Saint Pierre et Miquelon beti karroinduaren aldean. Hitz egin zian Cardenas aitarekin ere, Lazarorekin. Euskaraz baino egingo ez zen Euskal Herri bat Mexikon, Raul!
Telefonorik, jauna?
Mahai gehiago zegoen barruan, dotore apainduak afaritarako. Gutxi erabilia nuen Ladatel telefono txarteltxoa. Herdez eta Good Year-en publizitatea zeraman formula bateko autoa zuen irudian.
Raulekin mesedez?
Nor da?
Emakume ahotsa zen, baina ez zen Laura. Agindua nion Mexiko utzi aurretik deituko niola.
Lagun bat. Chiapasko topaketetan ezagutu dugu elkar...
Luzeegia iruditu zitzaidan unea egin zuen isilik. Ez nuen zeozertan asmatu.
Raul hilda dago, jauna. Bihotzekoa izan zuen handik bueltan.
Telefonoak artean 14 pesoko kreditua nuela adierazten zuen.
Euzkadi Futbol Selezioa
Gerra da herrian, eta umezurtzei bidaltzen dizkiete futbolean jokatuta irabazten dituzten sosak. Lehen partidua Parisen izan zela eta hiru eta huts irabazi zietela Parisko Racing-ekoei, hori dute gogoan. Pozak guti iraungo zuen ordea. Hurrengo egunean alemaniarrek Gernika bonbardeatu zuten.
Eta Paristik Pragara egiten du gogoak, Katowice eta Varsoviara. Sobiet Batasunean 90.000 ikusle batu zituzten, eta negarrez hartu zituen kamerak Santurtzitik untzietan ateratako umeekin elkartu zirenean. Baina errepublikaren alde dagoen mundua handia da. Ameriketan ere nahi dituzte, eta onak dituzte oinak. Horregatik beratzen dira oraino Mexikoko liga ofizialean jokatzeko gonbitea jaso eta hau irabazi zutela gogoratzen duten bakoitzean. |
Euzko Deya
Centro Vasco. Restaurant, Cantina. Todos los días cambio de menú. Madero 6. «Euzkadi aragitegia». Atela'tar Toma, Aranda 3. «Fundicion Garate». Prop. Jesus Garate Aldazabal. Bronces industriales. Especialistas en piezas sobre modelos, Calle de la Luz 106... Urruntasunean berregiten den Euzkadi bat da Euzko Deya-k 1943tik aurrera bere irakurleei Morelos etorbidetik eskaintzen diena. Beso zabalik hartu dituen Mexikori egiten zaizkion laudorioak euskal erresistentzian parte hartzeko deiekin nahasten dira. Los Xey. Pepita Enbil. Cardenas. Handik tantaka baino ez dira heltzen berriak. Baina zerbait aldatzen ari dela ematen dute aditzera. Saninazio egunez, esku ezezagun batzuek Gora Euzkadi Azkatuta idatzi dute Donostiako Chofreko barreretan. |