TELETIPOEK BADAKITE MARCOS NOR DEN
1
Zapatak atxikarra falta zizun. Villaren buruak munduko zuhurtzia guztia zuen barnean. Horregatik ebatsi zuten... 1910eko Iraultzari buruzko istorio hauek guztiak ez zenituzke liburu polit baterako apunte baino Ernesto Zedilloren gobernua ez balitz horren baldres eta esku-bereko sartu izan egungo buruzagi iraultzaileen galeria argitzera.
1994ko abenduaren 8an, eta PRIk Chiapasko hauteskundeetara aurkeztu eta hauek era ustelean irabazi zituen Eduardo Robledo gobernadore izendatzearekin batera, menia hautsia zegoela aldarrikatu zuen EZLNk. Ondorengo egunetan, zapatistek hogeita hamazortzi udalerri hartzen dituzte. Komunitate berri batzuk arrabataiatzeko aprobetxatzen da. «Libertad de los Pueblos Mayas», Ocosingon; «Tierra y Libertad», Las Margaritasen; «Ernesto Che Guevara», Ocosingon; «Trabajo», Palenquen; «Francisco Villa», Salto de Aguan... Armadaren erasoa berehala helduko da. Gerra hotsa da aire zabalean, baina zapatistak mendian gordeko dira eta azkenean ez da enfrentamendu armaturik egongo. Aste gutxitan, pesoak ehuneko ehun galduko du daukan balioa. Ez aberats ez pobre direnek igarriko diote gehien. Pitinka-pitinka, desagertzen ari duzu gizartearen erdiko apala.
Urte berriarekin, urtarrilak 15 dituela, Esteban Moctezuma, Gobernazio idazkaria Mexikoko Barne ministroa, Marcosekin elkartzen da Lacandona oihanean. Otsailaren 5ean, DFtik iparraldera, Queretaro-n, Mexikoko alderdi eta erakunde gehienak biltzen dira, Calles-en garaitik boterean laurogeita sei urte dirauen PRIkoak barne. Abuztuko hauteskundeen geroztik Mexikoko lehendakari berria den Zedillok diskurtso baikorra agertzen du Chiapasko gatazkarekiko.
Handik lau egunera Marcosen argazkia ematen du prentsan, kapusairik gabe eta bizar zarratuarekin ageri da. Harrapatu dute. Ez dute gerrilaria bera, pipa erretzen duen komandanteorde egolatra atzeman, baina dagoeneko Marcos ez da mito bat. Iragan bat du. Ahulagoa da beraz.
Rafael Guillen Vicente deitzen dela dio, eta Tampico-n jaioa dela, Tamaulipas-en. Hogeita hamazortzi urte ditu. Teletipoek ok egin arte aletzen dute XX. mendeko azken mito gerrilariaren biografia. Gurasoek, Alfonso Guillen eta Socorro Vicente, altzari denda zuten han. Eurekin bizi izan zen Marcos DFra, UNAMera joan zen arte. Han, unibertsitatean, estrukturalistak zituen maiteen, Althusser eta Foucault batez ere. Han ezagutu zituen garai hartan ezaguna egin zen FLNko beste burukideak, eta haietako batzuekin hartu zuen Nikaraguako bidea, sandinista orduan. Nikaraguan non eta norekin ibili zen azalduko da, sandinistetako zein komandanterekin zuen harreman zuzena eta noren etxean egin ohi zituen otorduak. Han entrenatuta ekin zion Chiapasko gerrila antolatzeari.
EZLNren burua ladinoa da, ez da indio bat dio azkenik Zedillok.
Marcosekin batera German, Gabriela, Elisa, Vicente eta Jacobo-ren identitateak emango ziren ezagutzera. Atxilotu asko izango da ondorengo egunetan EZLNko buruzagien artean. Marcosi, hala esaten da, ozta-ozta ez diote eskurik erantsiko.
Baina irabazleen logika eta mundutik haratago badago beste mundu eta logika bat.
2
Hiriburuan, DF beldurgarrian («ostiral gaua da. Ez irten beharrezkoa ez baduzu» gaztigatuko dizute TV Azteca eta Emilio Azcarraga-ren Televisa-ko saio horietatik) milaka eta milaka lagun bilduko dira Marcos eta EZLNren aldeko manifestazioan.
Denok gara Marcos!
Oihu bakarra da. Zedillo erratua dago eta Zinezkotasun Miresgarria ez dago Aeromexico-ko foiletoetan, prezio onean eskainiko dizuten Ibilbide Maiako bazter galduetan. Chiapastik ehundaka kilometrora zapatisten matxinada kalean defenditzera ateratzen diren haiengan dago. Gau hartan, nahiezta bezala botako dio galdera bere buruari Errepublikako lehendakariak: zer behar du DFko biztanleak jesuita eta sandinistekin ikasitako kapusaidun bat hain bere egiteko, haren txanope berean sartu eta harako Guillen harekin urtzeko?
Ez da gaur goizeko kontua. PRIko buruak aspalditik zetozen ohartarazten: «Matxinatutako asko indio elebakarrak dituzu». Iraultza osteko lehen egunetako tonua zenuen hori: «bertoko eta arrotzen nahasketa dira zapatistak. Ertameriketako beste herrialde lagun askotako antolaketa era biolentoekin dute zerikusia. Behartuta erabiltzen ari dira indigenak hauen buruzagiak». Manipulatuaz gain, irakurtzen ez zekiten haiek ez zutela iraultza egiteko ahalmenik esaten ari ziren. Ohartuta zeuden, fusilak zituzten, ez matxeteak.
Lehendakariak ezezik, arrazakeriaren buztan beretik heldu zion Chiapasko aferari apiril hartan Jaime Labastida, Barruti Federaleko hoteletan errazen aurkituko duzun Excelsior egunkariko erredaktoreak ere: «Chiapasko altxamenduak ez du aurrekorik. Koloniaren mendeko hiru mendeetan eta independentzian daramatzagun 170 urteetan ez da antzeko ezer gertatu. Chiapasko indioak mexikarren kontra matxinatu dira armak eskuetan. Espainiarren kontra egin ez zutena gure kontra egin dute orain».
Nahita estaltzen du hipotesi arrazistak gertaeren izana. Gezurretan ari da, Labastidak badaki egon zela iraultza tzeltal bat 1712an, egon zela iraultza bat Chamulan 1869an. Espainiako erregeordearen kontra aurrena. Mexiko porfiristaren aitzi gero. Ez da Chiapasen gertatzen den lehen iraultza.
«Marcosik ez da», idatzi zion honek 94ko abenduan, iraultza urtebete egitera zihoala Zedillo lehendakariari igorritako gutun publiko batean. «Hila jaio zen Urteberri egunean».
Denok gara Marcos!
Denak dira ez dena. Eta Guillenen izena zabaldu orduko, estetika oso bat da DF mozkortzen duena. Otsaila da. Insurgentes-tik El Angel inguruan fotoa atera eta Paseo de la Reforma-n aurrera egingo du manifestazioak. Zocaloan mundua ikusiko duzu paliakate gorria lepoan eta Emiliano Zapata, Cuatlan Jesus Guajardo koronelaren etxaldean zaldi gainetik erortzen ikusi zuten haren afixeek katedraleko burdinazko hesia betetzen dute. Hau bada Cleofas Salazarren semea, sable giderra ezkerrean eta karabina eskuinean, bularraldea alderik alde zeharkatzen dion bala sorta eta begirazuna «hemen naukazue» esaten bezala.
Denok gara Marcos!
Zedillo trakets ibili da. Herren eman du urratsa. Hiriko zapatistentzat, kapusaiena ez da marketin kanpaina hutsa. Mundu oso baten ikurra da, identitate pertsonalen urtzea. Baina ez da ulertzen.
504 urte ulertu gabeko zaparradan!
Izengabeaz oroitzen naiz, labana txori eri bat bezala esku zabalean.
Zocalorantz, mundua dator oldean, Zapata eta Marcosen afixeak nahasian. Bellas Artes-erako bidean, Madero karrikan barrena, egunkari bat zabal-zabalik dutela, neska lotsagabe bi hurbildu zaizkio gizon heldu bati:
Antzik aurkitzen al diozu?
Rafael Guillenen fotoa da, aurreko egunean mundu guztiko telebistetara teletipoek hedatu duten bera.
Egia esan, ez du antz handirik dio gizonak ahoa bilduz.
Nahiko luke Rafael Guillenek Marcosen begiak ukan!
Emiliano Zapataren atxikarraren teoria da, Mexiko zientifikotasunez bustitzen ahalegintzen den positibismoaren kontra altxatua. Zedillo berandu ohartu da: Marcos identifikatuta, iruditeria oso bat da loerotik iratzarri dena. Orduan baino ez da oroitu laino duen Kubrick-en Espartako-ren eszena haiezaz. Bentzutu guztien artean Espartako nor den galdetzen diete gatibuei erromatarrek. Espartako bera zutitu eta «ni naiz» dio. Benetakoak aitortu orduko, eta banan-banan, denak altxatuko dira «ni naiz»ka. Hurrengo egunean, gurutzean josiko dituzte espartako guztiak Erromako ateetan.
Elena Poniatowska, Carlos Monsivais, Antonio Garcia de Leon... andana dira eromenaren logikan murgildu diren idazleak, inplikazio pertsonal handiekin agertzen direnak medioetan EZLNren alde.
Eta Octavio Paz?
Ez haiz benetan ari.
Igarri diot. Gaztetako Paz maite du Raulek, ez neoliberalismoaren apostolu nagusi bihurtu den Octavio Paz hau. Halarik ere, Octavio Pazena da Zapataz Oaxacako Katedral aurrean PRDko postuan erosi nuenetik neurekin arrastaka daramadan biografia. Aitarena baina, Paz Solorzano-rena. Zapatarekin ibilia zenuen Morelosko partidetan.
Zuk izango duzu zer kontatua.
Raul izan da elkarrizketaren berora gure teilatupera heldu berri den Superbarrio Gomez-i bota diona. Ondo agertzen da otsaileko manifen kariaz eginiko bideoetan-eta, «Ni ere Marcos naiz» kartela aldean duela. Eta han bezalaxe, berdin jantzia duzu orain ere, borroka-libreko maskara eta uniforme gorri-horia eta kapa luzea lepotik, trikotean egin galtzontzilo urrezkoak malla gorrien gainetik eta SB handia paparrean.
Zer esango dut bada nik. Guerreron ere, Lucio Cabañas ez zutela hil esaten dute.
70eko gerrila ezagunena izan zen Partido de los Pobres-en fundatzailea duzu Lucio Cabañas. Eta Zedillo bezain ezaguna Superbarrio Mexiko DFn, Lurrikara Handiaren aurretik «neskameen senargaien idolo» zen El Enmascarado de Plata bezalaxe. Kapitalaren kontrako borrokalaria, ikustekoa duzu auzune txiroetako umeek dioten debozioa haren kontrako antzezpen-borroketan. Arena Coliseo-ko borrokalariak, Maestro Solar, Cicloncito Rodriguez..., nahi duzuna hautatu, ez dituzu Superbarrio bezain maiteak. Maila sozial-politikoan, kartier osoak hipotekaturik dituen bankuak prezintatzen-eta, antzeko ekintzetan harrapatuko duzu zorte apur batekin. Mexiko duzu hau, eta Zinezkotasun Miresgarria ez da idazleen asmakizuna. Zapata ez da hil. Chiapasko Hungarian bizi duzu orain.
Heldu denetik maskara kentzeke, egosten sumatzen duzu latex gorriko maskararen azpian. Ihesi doakio izerdi beltza lepoan behera.
Denok gara Marcos.
Eta haurtzarora itzultzea da, umearen begi beteak erromatarren gatibu oro «Espartako ni naiz» aldarrika.
Mexikarrentzat, eta Zedillo lehendakariak badaki, Marcos ez duzu Rafael Guillen delako hori.
PRI
Partido deitzen da, alderdi baita azken batean. Revolucionario, iraultzan ditu-eta sustraiak. Eta Institucional, iraultzak ere forma behar duelako. PNR deitu zuen Calles-ek, PRI deitzen du Lazaro Cardenas jeneralak. Lehendakaria eta Alderdia formularekin nazionalizatuko ditu petrolio putzuak. Lurrak banatuko dira. Industria haziko da. Gizartea zibilduko. Burokrazia sendotuko. Hazkundea eta justizia soziala, definituko dute analistek.
Denborarekin, bitan zatituko du Mexiko modernoa Alderdiaren makina indartsuak. Lehendakariak asasino bihurtuko dira, eta Alderdia gobernu iraupenaren ikur: 1929tik darama agintean. Honetan, nola den posible zerbait aldi berean iraultzailea eta instituzionala izatea galdetzen dizu ahopeka norbaitek. |