Aurkibidea
I kapitulua: Soli Deo Gloria
II kapitulua: Iulius exclusus
III kapitulua: In vino veritas
IV kapitulua: In vino disertus
V kapitulua: Sobria ebrietas
Epilogoa
Aurkibidea
I kapitulua: Soli Deo Gloria
II kapitulua: Iulius exclusus
III kapitulua: In vino veritas
IV kapitulua: In vino disertus
V kapitulua: Sobria ebrietas
Epilogoa
7
Itxoitea, besterik ez zegoen, eta Ezak begira egotearen gozo-mikatzak dastatzen zituen, egoera hori bedeinkapena edo madarikazioa ote zen oraindik erabaki gabe, bigarrena sinesteko gertuago, hala ere, bere buruarekiko bakarrizketan murgildurik eta Havana Club 7 urtekoa erosi berriari atxikia. Maiz ez dakigu bizi garela amesten dugun edo amesten dugula ustean bizi garen. Hitzak ditugu leungarri. Ideiak osatzen dituzten hitzak. Ideia okerrak eta zuzenak, okerretik bezainbeste zuzenetik ere badauzkatenak, gehienak. Hitzak ditugu traidore, parabisu berriak irekitzekoak bezala ohol salbagarriak hondoratzekoak. Egiaren izenean mintzo gara gezur baten magalean hiltzeko. Gezurrak, alimaleenak ere, ez du inoiz aldeko lekukorik falta. Hain du itxura ederra. Et voilà justement comme on écrit l'histoire. Sarraskiaren historia, zer besterik. Voltairerena, omen, baina ez dut uste lehena izango zenik, ezta azkena izango ere. Gizon batek erraz egin dezake borroka gezur osoa den gezur baten aurka, baina ez da erraza egiatik puxka bat, handiagoa edo txikiagoa, duen gezur baten kontra borroka egitea. Ekialde Urruneko ebanjelizatzailerik garrantzizkoena, bakarrik hamaika urtetan 700.000 arima fede egiazkora itzuli zituena, kalbinista porrokatua izan zela lehenago? Bere pasio egiazkoek ez eta bestelako interes sasikoek, besteren presioek, lerratu zutela beste aldera? Flutti di sangue scorrono sulle cittá dei vinti... Vedi? Dai negri vortici si levano gli estinti... ti additan essi e gridano: per te la patria muor! * Arraioa! Kutsakorra duk, gero, Aidaren istorio hau, hala jarraitzera arrazoia eman beharko zioat apaiz kontraesankor eta demiurgo horri! Eta horrek ezer aldatzen al du? Horregatik uzten dio Ekialde Urruneko ebanjelizatzailerik garrantzizkoena izateari? Ez, bistan da. Baina gertaera guztia ezagutzeak hankaz gora irauliko luke bost mendetan zehar barreiatutako doktrina ideologiko intsidiosoa, gertaeren parte bat lotsagabeki ezkutatzean oinarritu dena, doktrina ideologiko infamea, ukatzailea, herra-ekarlea, gorrotagarria eta gorro to-pizgarria. Gezurrik pozointsuena egia guztia ez esatea baita, eta Ekialde Urruneko ebanjelizatzailerik handiena ez zen jatorrian katolikoa izan, kalbinista baizik.
Azken esaldia gustagarria gertatu zitzaion, eta errepikatu egin zuen bere baitan, halako batean ozenki errepikatzeko tentazioari eutsi ezin izan zion arte. Kalbinista, aizue. Zuen santurik handiena kalbinista bat da. Akuiluk zioen Ekialde Urruneko harakina barazkijalea zen. Tenorio homosexuala, Shakespeare analfabetoa, Gandhi hiltzaile ankerra, Malcom X zuria, Hipokrates albaitaria... Eta bi basokada ron-ek areagotu zioten sabeleko gune zehaztugabe baino sakon batetik gora zetorkion algarazko arnasa. Areagotu ez ezik tinkoagotu, sendoagotu, abesbatza baten algara polifonikoa zirudiela jaulkiarazi arte. Faltsukeriaren eta manipulazioaren agerpenek oro efektu berdintsua eragiten zioten. Algara eta politika hidrografikoaren urtegi guztiek ezin aplaka zezaketen egarria. Baina bahitua zeukaten Margoten irudiak seko bat-batean eten zizkion barre egiteko gogoak. Ezker eskuaz heltzen baitzion ron botilari, bakarrizketa alde batera laga zuen ezker esku tabernari horrekin mintzatzeko, eta ekatzak, hi, ekatzak, esan zion, bota zak xorta bat, egarri naiz eta, zergatik autosuizidatu edari iparramerikar edo europarrekin, mozkor giten Havana-rekin, hordiaren lasaia gozatu ahal izateko duintasuna galdu gabe, sobria ebrietas, jakina, aspaldiko amets zahar eskuraezin hori. Eta behin basokada ron eskuin eskuan zuela, altxa eta solemneki aldarrikatu zuen:
Nire besoa hire alde jarri ezin izan dudanez, Fidel, gibela eskaini nahi diat une honetantxetik populuaren eta iraultzaren alde.
Ondorengo segunduetan kalkulatu nahi izan zuen zenbat hektometro kubiko ron izango ziren beharrezko hainbeste mendetako infamiak ito ahal izateko, eta kontuak ez zitzaizkion ateratzen, itsaso oso bat bai bederen, Karibeko herrialde guztien artean ehundaka urtetan produzi zezaketena baina askoz gehiago, noski, kontuan hartu gabe infamiek, halako batean igerian ikas lezaketela, honezkero igerian ez bazekiten, behintzat, zeina oso dudatzekoa baitzen; eta inguruan begiratzea nahikoa baitzen dudak edukitzeko. Inguruan begiratzea eta ikustea zenbat litro edari alkoholdun bidaltzen zituzten eztarritik behera gizagaixo haiek, zenbat edate-saio eginak ziren infamia-dosi izugarri horiek eta guzti bizirik iraun ahal izateko, eta hala ere alferrik zen, marka bat bezala baitzeukaten ariman, gero aurpegira maiz igotzen zena, argiro erakusten zuena infamiak igerian ikasiak edo ia guztiz ikasiak zirela erakusten zuena. Nola ez zuten bada, edukiko, bilaukorta honetan, gezur ikuilu okaztagarri halakoa, bilaukorta, bilaugorte, Doilorland, denek ogi puska platerean sartzeko prest dauden honetan, Iskariotearen musua amarena bezalakoa irudi lekizukeen honetan. Ezak beste basokada bat igorri zuen tripetara, eta berriro altxatu zen:
Fidel, hire ahalegin ekonomiko izugarriak ez dezala ahantz azken neurri hau, erabakigarria izan daitekeena: saia hadi herri honetako gibel guztiak, alkohola metabolizatzeko ezagutzen diren makinarik perfektoenak, edo ahalik eta gehien, bederen, hire kausaren alde altxarazten.
Komunitatearentzako erreferentzi punturik garrantzizkoena, to, to, eta euskalduna zelakoa ahantzi, erresuma atormentatu eta hondatu batean bizi izan zena, to, tormentu fisikoaren belarri belztuak edozein egunetan dardarrean jartzen gaituenean, to, eta ez nauk omenka ari, ez horixe, nihaurk ikusita baizik, ez pentsa, eta non arraio edukiko dute Margot, zer alukeria egiteko gauza izain diren, aita eta anaiak borrokan eta ama, Maria, egunero negar batean, Maria deskontsolatua ezizenez ezaguna izateraino, berarentzat inportantea dena guretzat ere bai: esango al duzue hemendik aurrera beste hainbeste? Gure nortasunaren adierazgarririk funtsezkoena! To, to perla erretolikoa, polita, gero, ahoa bete hortz esateko modukoa. Zer nortasun, baina? Zein sartzen da gure horretan, baina? Kiskalitako herexeak ere bai? Zer nortasun lezake errauts baino ez denak? Ekatzak beste pote bat Havana, handia baina, parrez lehertu edo parrez erditik ireki eta hustuteko gertu naukazubie, gezur eihera halakoak, aiko maiko ederki egosia, emaidazue Havana, emaidazue Havana ausarki, edantzak Havana Club, herri tutulikatua, zuek, zuek, gibela oraindio ezertarako daukazuen horiek, handia, galanta, borobila, hutsa, hiruko urrea hiltzeko bateko urrea ez duzubie sekula edukiko ta, horra hor dena, horra, irudi u-ni-ber-tsa-le-na, unibertso konetakoa, bestekoa bebai, galaxia guziyak be barne, handiena, handiena, horixen, han-di-e-na, Finis Terrera erromes gateko bezin andiya, ustelduezina, narkotiza nazazu, poxi bat geyo, zerbitzari leial zatzaizkidan ezker esku horrek, horrekin, korrekin, zazpi urtekoakin, alako ugari bear zetiat neonek kau bezalako ale puska disolbatzeko, hemen gezurra esan egin dutelako, ulertzen? erran egiten den zerbait da guzurra, ahoz erran, egiaren bat ere bai tarteka, baina beti erran, kala, abuarekilan, inoiz ez idatzi, izkiriatu, sekula ez orain oso gutxi artio biñipin, sekula ez Ekialde Urruneko ebanjelizatzailearen arrain-labana erabiltzeko saiakera deskubritu den arte, beintzet, eta orrexengatikan guzurrak anka, buztan, zain llaburrak, motxak dizkizu, guzur borobil horietakoak errateko bezik ezpaikara orain gutxirarte gauza izan, esateko, gainera, ez bear lez izkiriatuteko, bertzek bezala, ta olaxen gusurra mingaiñean edukitzen den zerbait jok, mingaiñetik hortzera, ahoko zulo betean urten, jario ezpain alderdi bietatik, ezpainetan erabili, arnasa adina eduki, baita ere, zer naizuesatea, zertako geio, nik Havana geyo biyat, bestela ezindiat, gaña harrapatzen nau bestela, oinbertze putakumia dabilela ikuste hutsak kolikak ataatzeko punduban ezartzen bainau. Egiaren kolorean gezurra esan beharrak, horrexek sortzen baititu munduko gerrak, eta esan zuena, erran bazuken, erran ziken, to, emaiok bira mundubari eta jantziagoak bai aurkitu, akaso, biño ez berdaderoagoak, to, eta non eukiko juek Margot biyotzekúa, non eta nola, eta horrek be, horrek batezbe erretzen zizkidak erraiak, bertze trago bat inbijuat, sobria ebrietas, jakiñe, oaindik etxuat duintasuna galdu, ez guzti guztia bederik...
Eta mozkorraldiak eragindako degradazio bidea erdi korritua zeukan une hartan, botilari laurden bat baizik gelditzen ez zitzaion une hartan, hain zuzen, txirrin zorrotz bat aditu zen. Inork hots egiten zuela telefonoz, alegia.
* Odol itsasoak erortzen dira bentzutuen hirien gainean... Ikusten? Zurrunbilo beltzetatik hildakoak altxatzen dira... Seinalatu egiten zaituzte, oihu egiten dizute: aberria zuregatik hiltzen da!