Katebegi galdua
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
azala: Gary Kelley
Jon Alonso
1958, Iruñea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
aurkibidea
 

 

—1—

 

— Dena Florencio Juandeaburrek Kultur Ministroari kotxe bat oparitu zion egunean hasi zen, noiz eta ministerio hori Errusiarako bidaia ofizial bat prestatzen ari zenean. Bi herrien arteko kultur lokarriak sendoagotzeko bidaia zen; hau da, lau agerpen folklorikoren aitzakian han zer egin zitekeen pentsatzen hasteko modua, bidea egiten joateko era. Errusiak bankarrota jo du, baina munduko herrialderik aberatsenetakoa da, ez ahaztu; bertako banku-kontu batekin eta harreman egokiekin atzerritar batek gauza benetan interesgarriak egin ditzake. Juandeaburre, bere aldetik, negozio gizon dirugosea, eskrupulurik gutxikoa da. Horra hor egoera: giltza eta sarraila, hatza eta eraztuna. Ministroak onartu egin zuen Juandeaburreren oparia, Juandeaburre bera ere bai, eta Errusiara joango ziren ordezkarien artean tokia utzi zion. Juandeaburrek gogotik landuko zuen ministroa, eta, pixkanaka pixkanaka, hagitz negozio onaren oinarriak paratu zituen. Dirutza handiak irabazteko modukoa. Akatsa bazuen, ordea: itxurak gordetzen saiatuagatik ere ilegala zela. Ilegala Errusian, inon zergarik ordaintzen ez zuena, hemengo Ogasunaren ezkutuan egiten zena, nazioarteko zuzenbidearen zenbait arau hausten zituena... Juandeaburre zen afera asmatu zuena eta ministroa, arrastaka bere atzean eramanez, sarrarazi zuen; ministroa ez ezik, dirua non garbitu ez zekien zenbait gizon prestu ere bai. Juandeaburrek Fundazioa negozio zalantzakor hauek aurrera eramateko baliatzen zuen, estalkitzat —Akuiluk zigarro bat pizten zuen aurrekoaren txingarrarekin, eta azkar, oso azkar mintzatzen zen, ordurarte Ezak ezagutzen ez zion larritasun bat zuelarik begietan, bat-batean hamar urte zahartu izan bailitzan—. Eza, hau lehergailu bat da, bazterrak txiki-txiki eginda utziko dituena; ministroa hondoratzeko beste informazioa dut. Lagundu behar didazu.

        — Esaidazu zer daukazun, eta ondoren ikusiko dugu zer egin daitekeen —Ezak eszeptikoki baloratu zuen historiak, interesgarria izanik ere, ateratzeko eduki litzakeen ahalbide errealak, baina ez zitzaion egoki iruditu une hartan horretaz jarduterik.

        — Errusiako lehen bidaia hartan, Juandeaburrek oso kontaktu garrantzizkoak egin zituen; hango gobernuko goi mailako funtzionariak, merkatariak, negozio gizonak, artistak. Ustekabe handia harrapatuko zuen, nonbait, halako batean kamioia bete errublo eskaini ziotenean. Ez duzula ulertzen? Bada, esaten dudana, kamioia bete errublo, horixe... dolarrez trukatzeko. Ez truke ofizialeko balorean, merkatu beltzean trukatzen den balorean baizik: hamabost bat aldiz merkeago dolarra eskutan doanarentzat. Errubloak zertarako? Errusia erosteko. Errusia erosteko negozioa errublotan egiten da, gehiena. Orduan, inor Errusiara badoa, dolarra eskutan, funtzionari ustel bat eta mafioso bat nahikoa ditu negozioa egiten hasteko; hamar bat milioi dolar jartzen ditu Suitzako banketxe batean Errusiako kontaktuarentzat eta kontaktuak ehun eta berrogei bat milioi errublo jartzen dizkizu Napoleonen ostea heroikoki derrotatu zuen aberri handiaren edozein herriko banku-sukurtsalean. Hortik aurrera negozioak egiten has zaitezke. Egia da hamar milioi dolar biltzea ez dela hain erraza. Juandeaburre arduratzen zen inbertsoreak atzemateaz. Gutxienez —gutxienez, e?— urtean %50eko errentabilitatea segurtatzen zuen. Bera zen lehen inbertsorea. Baina ondoren makina bat inbertsore gehiago dago. Zerrenda, ministroa buru duena, ikaragarria da. Ia ehun izen daude, eta a zer nolako izenak: politikariak, bankariak, kirolariak, artistak... Ehun kilo edo gehiago jartzen dituenetik bere aurrezkitxoak —hamar kilo, demagun— jartzen dituen ministroaren amorantearengana.

        — Eta zer inbertsio-klase egiten zituzten?

        — Horretara nindoan. Entzun dituzu inoiz Krebs edo Koenigs izenak?

        Koko Ezak ezagutzen zituen, bai, bi izen horiek.

        — Krebs-en eta Koenigs-en bildumez ari zara?

        — Bingo —esan zuen Akuiluk, zigarroen ke zirimolen artean, sukarti eta onetatik aterata egonagatik beti bere ahozko adierazpen bitxiaren tik eta kerien morroi—. Ez hori bakarrik. Armada Gorriak II Mundu Gerratean harrapatutako arte-obra guztiez ari naiz.

        Ezak entzuna zuen zeozer gaiari buruz, eta zekiena errepasatu zuen bere baitan: gauza jakina zen Armada Gorriak milaka margo, eskultura eta edotariko arte-lan errekisatu zizkiela naziei gerra garaian. Franz Koenigs holandar bat zen, 1940 urtean bere arte-bilduma saldu ziena naziei hauek Linz-en egiten ari ziren Hitler museoa horni zezaten. Krebs-en bildumak, bere aldetik, adituen arabera, ez zuen parerik inpresionisten margoetan. Eta beste batzuk ere baziren, Otto Gerstenberg-en bilduma, esate batera, Van Gogh, Renoir edo Cezanne-ren obrak biltzen zituena. Hiru bilduma horiek, bakar bakarrik, Corot, Coubert, Daumier, Delacroix, Fantin-Latour, Manet, Matisse, Monet, Pisarro, Toulouse-Lautrec, Gauguin eta Degas-en obrak bilduko zituzten, besteak beste... Gerraz geroztik ikusi gabeko ehundaka margo, zeren, Armada Gorriak haietariko asko Ekialdeko Alemaniari itzuli bazizkion ere, parterik handiena gordetegi ezkutuetan gorde baitzuen, haietariko garrantzizkoena Ermitage Museokoa omen zelarik. Juandeaburre Argaraiko jauretxean ikusiriko Lautrec-en Camembert puskaz gogoratu zen. Hori bakarrik margolaritzan, zeren, pentsatzen hasiz gero zer edukiko ote zuten papiro zaharretan, ekialdeko arte antzinakoan, eskulturetan, liburu arraro eta zaharretan, zorabiatzeko modukoa zen.

        — Har dezagun, adibidez —zioen Akuiluk—, Van Gogh-en Jeune homme á la casquette. Prentsa berezituaren bidez jakin ahal izan da Kalifornian saldu zela enkantean, orain denbora gehiegi ez dela, eta ia hamar milioi dolar pagatu zituela erosleak. Kasualitatea izan edo ez, arte garaikide-bildumagile garrantzizkoenak kaliforniarrak dira. Artea sekulako inbertsioa da aberatsentzat, eta halakorik Kalifornian ugari dago; ez du zergarik ordaintzen, diru beltza garbitzeko modurik ezin hobea da. Bon, Juandeaburrek horixe egiten zuen: Errusiako funtzionari ustel horien influentziaz baliatu arte-bilduma onenetara sarrera eduki ahal izateko; koadroak eskaintzen zizkioten, prezio bat adosten zuten, badaezpada eragiketaren agiri faltsuak prestatzen zituzten... merke ateratzen zitzaien, eta merkatu beltzean lorturiko errubloetan. Operazio batzuk legezkoak ziren, jakina, itxura errespetagarriari eutsi ahal izateko. Fundazioaren aitzakian eta influentzien bidez bertatik eta Europako zein Ameriketako muga guztietatik pasa aduanari konturik eman gabe, eta Christie's, Sotheby's edo antzerako Kaliforniako beste enkante-aretoetan saldu, horixe zen negozioa. Zenbat atera zezaketen horietako jokaldi bakoitzean? Bi milioi dolar? Hiru? Dirua garbitzeko modurik ezin hobea, eta inon zergarik aitor tu behar izan gabe, gainera. Negozioa ez da txarra, ezta? Nahi duk ikusi azken urtean modu horretan Fundazioaren bidez Errusiatik Kaliforniara jauzi egindako koadroen zerrenda?
—Akuiluk paper bat luzatu zion Ezari. Honek, ikusi bezain pronto, txistu egin zuen, harriduraren harriduraz.

        — Toulouse-Lautrec-en gazta puska ere bai, e?

        — Lautrec-en gazta puska? Hor gazta-denda aukerakoa paratzeko beste gazta dago!

        — Frogak edukiko dituzu, noski.

        — Hortxe dator onena. Esan nizun Marcelo etorri zitzaidala hil bezperatan. Berak eman zidan informazio guztia: txekeen zenbakiak, banketxeen izenak, kontu-korronteen zenbakiak, kontu-korronteen jabeen izenak, Kaliforniarako hegazkin-txartelen erreserben egunak eta noren izenean zeuden, inbertsoreen izenak eta zenbat diruz hartzen zuten parte negozioan... Ikaragarria da, Eza, benetan ikaragarria... Neuk, nire aldetik, emanikako datu horiek egiaztatu ditut, egiaztatu ahal izan ditudanak, jakina, eta den-denak egiazkoak dira. Konfidenteak informazio hori nola lortu zuen? Entzun arretaz, benetan bitxia da eta; Marcelok esan zidan liburua eskuratu eta berehala telefono-dei misteriotsu bat jaso zuela. Deitzen zuenak ez zuen nor zen esan nahi izan, baina klabe batzuk eman zizkion liburuari buruz. Harriturik ikusi zuen klabe horiek liburuari aplikatuz informazio benetan ikaragarriak lortzen zituela. Informazioak neroni pasa zizkidan, egiazta nitzan eta, nolabait, horrela jartzen zuela bere burua salbu sinetsiz. Gixajoak ez zuen nora jo, bestela ez zen niregana etorriko, bistan da: baina bizitza oso bat prentsatik iheska eman ondoren, Pulitzer sariak eta zuzendariak ez zeuden bere helbide-liburuan ageri. Nork pasako zion informazioa gure txorizoari? Hori ez dakit, baina, nire ustez, Juandeaburre bera ez bazen, bere inguruko bat izan behar zuela uste dut. Jakingo duk Juandeaburre desagertu dela aspaldi: nire hipotesia da filtrazio bat prestatu zuela liburuaren bidez. Ongi pentsatuta edukiko zuen informazioa noren eskuetara iristarazi eta gainerako xehetasunak, baina lapurreta gertatu zen. Orduan liburuak, zeukan informazio potentzial guztiarekin, bere kontrolpetik ihes egin zuen. Zer egin? Beste filtra zio-saio bat prestatu, noski. Baina, uste den bezala, Juandeaburre ezkutuan eta tokitan badago, horrek ere bere denbora hartuko zuen, eta bitartean, agian pentsatuko zuten dena ez zegoela galduta; hau da, zergatik ez saiatu lehengo bidetik ekiten? Oraindik aukeraren bat egon zitekeen. Horregatik pasatu zioten informazioa Marcelori. Hau, hori guztia jaso zuelarik, erotu egin zen; iruditu zitzaion mundu guztia potroetatik heldua zuela, eta diru eske hasi zen, niri informazioa emanda. Garbitu egin zuten, aizu, garbitu egin zuten. Ni han eta hemen mugitu naiz, hainbat jenderekin mintzatu naiz, baina inork ez dit erabateko erantzunik ematen, afera luzatzen ari da, inor ez da nirekin fio eta honezkero ni ere ez naiz inorekin fio... Laguntza behar dut, Eza, lagundu iezadazu. Informazio hau argitaratzen eta liburua aurkitzen.

        — Beldur zaude?

        Akuilu asaldatu zen.

        — Beldur? Kaka eginda nago, Eza, kaka eginda... Liburua lortu ezean, galdurik nago. Liburua da daukagun salbokondukto bakarra.