Aurkibidea
I kapitulua: Soli Deo Gloria
II kapitulua: Iulius exclusus
III kapitulua: In vino veritas
IV kapitulua: In vino disertus
V kapitulua: Sobria ebrietas
Epilogoa
Aurkibidea
I kapitulua: Soli Deo Gloria
II kapitulua: Iulius exclusus
III kapitulua: In vino veritas
IV kapitulua: In vino disertus
V kapitulua: Sobria ebrietas
Epilogoa
8
Ezbaian ibili naiz, baina orain ez naiz batere damu golfean aritzera etorri izanagatik; azkenik ez du euririk ekarri eta giro polita gelditu da.
Jakinarazi zuen Gobernadoreak egur bi bat eskuan zuela. Pagotxa eta belarrezko moketa orbangabearen gainean makurtu zen belar hosto arin batzuk hartzeko, eta esku ahurrean gorde zituen, mugimendu geldoez. Gero eskua buruaren parera igo zuen eta zabaldu. Brisara fin batek eraman zituen belar hostoak green-eko norabiderantz.
Aja! Gobernadoreak, bere susmoak berretsirik ikusiz.
Egurra astindu zuen pilotaren inguruetan; gero atzera eraman zuen, ahal zuen bezain gora, eta besoak ez ezik gerria ere mugituz, pilota jo zuen, gorputzarekin arku exajeratua osatuz. Pilotak hegan egin zuen, haize alde, ia bistatik galdu arte. Gobernadorearen kapelu bitxi samar, oinetako iltzedun eta koadrozko praken ondoan Petronioren ohiko dotorezia No-Do-ren garaikoa gertatzen zen, eta Goñiren irudiak ez zuen, inguru hartan, makarra top-model baten begian baino zentzu handiagorik. Hirukotea oinez abiatu zen pilotaren bila, golf zelaiko enplegatu bat, Gobernadorearekin partidua jokatzeaz gain makilak ere eramaten zizkiona, metro batzuk atzerago jarraitzen zitzaiela.
Mintza gaitezke agindu zuen Gobernadoreak.
Petroniok eskuak gurutzatu zituen bizkarrean, bere urratsak Gobernadorearen ibilera geldoari egokituz. Eztarriko marranta argitu zuen ekin baino lehen, eta egoeraren laburpen zehatza egiten saiatu zen:
Oraindik ez daukagu liburua. Ez gara beso besoaren gainean egon, ordea, eta, esan bezala, liburua oraingoz gure eskuetan ez egonagatik, badakigu, gutxi gorabehera, nork edukiko duen.
Gutxi gorabehera?
Alegia, hiruetako bat baino ezin dela izan: hasteko neska daukagu, irrati pirata hartan dabilen putaxka hori. Filiazioa badaukagu, garbi gera bedi. Izan ere irratia itxi ez itxi ibili ginen azkenean fitxa ireki genien hango subertsibo guztiei. Barkatu, Gobernadore, berriz, bide batez, beste hainbestetan bezala, gauza bera esaten badizut, baina irratia itxi behar zenuela uste dut...
Harira Gobernadorea gelditu egin zen eta golf-makilarekin egin zion apuntea sudurrera, ez zegoela prest bere iradokizunak entzutera garbi adierazten zuen keinuaz. Zer dago neska horri buruz?
Jakin ahal izan dugu konfidenteak bisitaldia egin ziola hil baino lehen. Hortaz, berak jakin dezake zerbait liburuari buruz; are, liburua berak gordeta edukitzea ere litekeena da jarraitu zuen Petroniok, Gobernadoreak hartutako tonua zela eta ez sobera kontent. Baina badakigu, baita ere, bera ez dela nire gizonak hil baino lehen bisitatu zuen bakarra. Badago beste bat, hirugarren mailako kazetari bat.
Fitxatuta dago? Zer da, komunista? Terroristazalea, agian?
Ez, ez dut uste ideologikoki markatuegia denik. Nik esango nuke buruan txori asko duen harroxko ergela baino ez dela. Ez da inor, baina arazoak sor liezazkiguke, hala ere.
Gobernadoreak bizkarrak uzkurtu zituen, keinu batez isiltasuna eskatzen zuen bitartean. Hirukotea geldirik zegoen pilotaren ondoan, green-etik nahikoa hurbil, eta edonork ikusten ahal zuen hurrengo kolpea erabakigarria izango zela, Gobernadoreak zulo hartako marka berdinduko bazuen. Gobernadoreak enplegatua galdatu zuen, eta hau ondoratu zitzaionean, beste makila bat aukeratu. Belaunak elkartu eta tolestu zituen apurtxo bat kolpea ematerakoan, oraingoan, baina pilotak ez zuen bilatutako efektua hartu, eta green-etik ezkerralderanzko malda ez sobera piku batetik behera labaindu zen.
Kakazaharra! arrenkuratu zen Gobernadorea.
Bai neskaren eta bai Akuiluren etxeak miatu ditugu, baina ez dugu ezer aurkitu. Ez da harritzekoa, egia esan; ez zuten liburua edonoren begibistan utziko Gobernadorea pilotarantz abiatu zen, Petronio eta Goñi atzetik jarraitzen zitzaizkiola. Segurua da bietako batek jakin behar duela liburua non dagoen. Hortaz, beraiekin mintzatu beharra dago. Horixe da, ba, eskatzen dizudana: beraiekin mintzatzeko baimena.
Ongi da. Baina ez ezazu eskandalu gehiagorik sor erantzun zion Gobernadoreak, green-era nolatan iritsi kalkulatzeko atzera-aurrera mugitzen zela. Kasu kazetariarekin.
Ezin daiteke tortilarik egin arraultza puskatu gabe.
Gobernadoreak eskukada batez uxatu zuen makila-poltsarekin hurbiltzen zen enplegatua, lehengo makila berarekin ekingo ziola adieraziz.
Zer dago lehen aipatu duzun hirugarren pertsonaz?
Petroniok Goñiri begiratu zion zeharka.
Hirugarrena Koko Eza izeneko bat da. Goñi jaunak kontratatu zuen Juandeaburre Fundazioan lan egiteko. Azken bolada honetan neska eta kazetariarekin ikusi ahal izan zaio, baita beste hainbat jende, nola esan, ez oso komenigarrirekin ere. Ez dut uste liburua berak izango duenik, baina usnaka ari da, bazterrak nahasten ari da, eta horrek arriskutsu bihur lezake. Alabaina, hobe izango da ni isil nadin Fundaziorako kontratatu zuen pertsona gurekin egonik.
Goñi, zer dago horretaz?
Goñik belardi orbanik gabea inguratzen zuten haritz, pago eta gaztainondoak begiratu zituen, deseroso.
Eeee... Eza ez da mutil gaiztoa. Idealista samarra, beharbada, ipurterrea, agian, hau da, geldirik egoten ez dakiena... Ez dut uste kalte egin nahi digunik, baina... baina, bai, aitortuko dut neuk ere uste dudala zerbait susmatzen hasia dela...
Eza hori anarkista arriskutsua da sartu zen Petronio, eta liburua bilatzen ari da bera ere. Ziria sakatu nahi digu.
Edonola ere ez zuen kalearen erdian egurtzeak merezi aurpegiratu zion Goñik Petroniori.
Hori ere egurtu duzu? esan zuen Gobernadoreak, eta gero, Petroniok erantzun behar zuela ikusirik: bai, badakit, istripu bat izan da. Orain isil zaitezte apur bat.
Makila-kolpea ez zen txarra izan, eta pilota, azkenik, green-ean sartu zen. Eureka!, esan zuen Gobernadoreak. Gero Petroniori buruz itzuli zen.
Konforme. Egin egin beharrekoa. Baina azkar eta eskandalu handiegirik gabe. Niretzat ere gauzak okertzen ari dira. Mintzatu zaitez neska, kazetari eta Ezarekin.
Ezarekin ere bai? Guztiz beharrezkoa da?
Luciano, laguna Gobernadorea eskuaz eskatzen ari zitzaion makila-eramaileari hurbiltzeko, eta keinu hau bukaturik Goñiren sorbalda gainean jarri zuen, esaidazu argi eta garbi: Eza hori fidagarria da, bai edo ez?
Goñik duda-muda, zalantza eta ziurtasunik eza adierazten zuten hitzak jaulkitzen zituen, laguna lehoietara botatzeko azken indarrak ezin aurkituz. Gobernadoreak putt-a hartu zuen eskuan, eta pilota kolpatu zuen, poliki, arretaz. Pilotak ibilbide bihurritsua egin zuen, green-eko diti bezalako gorabeheren artean, eta finean zuloan sartu zen, mantso. Enplegatuak miresmeneko txistu bat egin zuen. Hasperen ase batez Gobernadorea makurtu zen, eta pilota zorutik atera.
Luciano, Luciano... Ea, bada, zer egingo dugu Ezarekin? Gurekin dago? Fidatzekoa da?
Egia guztia aitortzera, lehen itsu-itsuan fio nintzen berarekin, gaur egun, aldiz, ez nago erabat ziur. Lagun zaharra da, eta ona, baina jendea aldatu egiten da, eta batek azkenean ez daki bakoitzak zer daukan kasko barruan... Gainera, mundutik zehar ibiltzetik itzuliz gero ez du burua lehengo lepotik... Arazoak ditu.
Arazoak?
Goñik hasperen egin zuen, eta gero marranta agonikoa, oso arrazoi larria zela tarteko baizik deklaratuko ez zuen sekretu bat aitortzera gertu:
Edan egiten du.