Katebegi galdua
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
azala: Gary Kelley
Jon Alonso
1958, Iruñea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
aurkibidea
 

 

—7—

 

— Hemen, edo hau bezalako batean, laburbiltzen da gure sena, munduari eman ahal izan diogun oparirik berezkoena eta jatorrizkoena, hizkuntza alde batera utziz. Besterik esaten duenak gezurra dio. Ez da egia bertsolaritik ez duen euskalduna gizagaixo bat dela, beste txoro horrek esaten duen bezala: pilotaritik ez duena da gizagaixoa —esaten zuen Bartolo Egozkuek, hiru pareta berdek zedarritutako espazioa eskua zabal-zabal eginik erakutsiz, non giharraren kulturako lau gizon izerditsu lehiatzen ziren, saski uniformeki kurbatu bat eskuan, tximista zirudien esfera baten atzean—. Nerau ibilita nauzu, gazte denboran, eskuz, baina.

        Hiru paretek espazioa atzeman, itxi nahi zuten, baina, laugarren paretarik ezean, ez zuten helburu hori betetzerik sekula lortzen, frontoia kaskezurrean umore txarrak alde egiteko ziloa edukiko zuen buru bat bailitzan. Ez zen zaila, ez horixe, Egozkue antzeko beste batean irudikatzea, hogeita hamar urte gutxiagorekin eta esku zantar horiekin zartakoak ezker-eskuin banatuz.

        — Zein gustatzen zaizu?

        Eza hondoratuta zegoen eserlekuan, bizkarra egurrezko aulkitxoaren bizkarrarekin berdindurik, belaunek aurreko lerrokoaren aurka jotzen zutela. Gorriak aurretik zeuden hiru kintzetako aldeaz, baina partidua luzea izango zen oraingoz. Apustu kantari zeudenen zaunkek ez zioten solaskidearen mintzoa ongiegi entzuten uzten. Burdin-sarez bestaldeko artekariak begiratu zituen, puruen ke artean, eta ez zitzaion zail gertatu lazareto absurdu batean zegoela imajinatzea. Keinu batez adierazi zuen ez zuela lehentasunik, berdin zitzaiola.

        — Mila bederatziri, mila bederatziri... baita zera ere —marmarikatzen zuen Egozkuek, artekari bati so, keinuak eginez: lehen, eskuetako zortzi hatz erakusten zizkion, eta gero, ezkerraz eskuineko besaurrea kolpatzen zuen. Artekariak ezina adierazten zuen, bi besoak gorputzaren alde banatan luzatuz, beste soako bat egiten zuen Egozkue zegoen tokitik urrutira, eta bat-batean azkar jiratzen zen Egozkueren begirada berriro topatu arte, oniritzia hatza altxatuz erakutsiz. Handik segundu gutxitara teniseko pilota ebaki batek airea zeharkatzen zuen, barruan papertxo bat zeramala. Ezak pilotaren trajektoria eskuaz mozteko nahikoa erreflejo eduki zuen. Apustua adierazten zuen papertxoaren ondoan beste papertxo bat paratu zuen. Hirugarren anonimoaren testua idatzirik zeukana.

        — Zer iruditzen zaizkizu esfera hustutzearen teoriak? —galdetu zuen Egozkuek, bi paperak tropikoaren aldetik mozturiko bururik gabeko mundu txiki hartatik atereaz. Gero soako aitakorra zuzendu zion—. Hau berriro? Hau oso erraza da, adiskide. «Resumac eta erriac galcera Iancoaren bidetic apartatuic uztentuena». Hau da, «Erresumak eta herriak, Jainkoaren bidetik apartaturik, galtzera uzten dituena». «Unatuic senharrac ilcen eta amac negar batez uztentuena, Reinu Christaben seme prestuen alor aziendak eta ontarzunak ostuzentuena». Alegia, «Senarrak hiltzen eta amak negar batean, unaturik, uzten dituena, Erreinu Kristauen seme prestuen alor, aziendak eta ontarzunak ohosten dituena». Hori idatzi zuena haserre zegoen, haserre bizian. Zerbait lapurtu edo kendu izan baliote bezala edo.

        Partidua aurrera ahala, teniseko pilotaren eragiketa beste hiruzpalau aldiz gehiago errepikatu zen, Egozkue saiatzen zela, beti ere, artekariek kantatzen zituzten zenbakiak bere alde beheratzen. Halako batean gorriek handiagotu zuten partidu osoan zehar eutsitako aldea. Eza interes pixka bat hartzen hasi zen.

        — Esaidazu behingoz noren alde ari garen.

        — Azulen alde —besteak, hasperen batez—. Hau da, gorriek irabaziz gero lau mila bat duro galduko dituzu. Eta azulek irabaziko balute —ez dirudi oso erraza, baina—, aldiz, bost mila duro inguru irabaziko ditugu.

        Markagailuaren arabera, hamar tantoko aldea zegoen gorrien alde, eta dozenerdi bat tanto baino ez zituzten falta partidua bukatzeko. Ezak gogoratu zuen galerak bere kontu zirela, eta asaldatu zen, hankak bilduz eta bizkarra zutituz, apaizari begiz azalpenen bat, erreakzioren bat, zerbait eskatzen ziola. Egozkuek ez zuen lasaitasuna galtzen:

        — Zenbat diru daukazu?

        — Ez asko. Eraman ohi dudana baina pixka bat gehiago.

        Egozkuek horrek zenbat egingo zuen kalkulatu zion begi kolpe batez, eta artekarien arreta bereganatzen hasi zen, azalpen hau ematen zuelarik:

        — Aurrelari urdina oso ona da jokoz ongi dabilenean, gaur ez da bere eguna, baina. Gaztea da, badakizu —artekari batek begiratu ziola aprobetxatuz, hiru hatz atera zituen, eta ondoren, artekariaren hitzik gabeko galdera bati erantzunez edo, bi eskuetako hatz guztiak ageri zituen—. Bagoaz. Itsasontziak erre dizkiagu.

        — Norekin zegoen haserre lerro horiek idatzi zituena?

        — Julio II.arekin, bistan da. Julio II zerutik at, exclusus e coelis, gogora ezazu. «...Berzeri Exigit Contumaciam munduco abundantiac ostucen berze nequeric artuezuen dongeac... azquen uneas ere guezurca bere buruari contumaciam norberaren contu secularen seculotan escatu ezdraucana...». Hau da, besteren «kontumazia» dela eta kontu eske, norberaren «kontumazia» —setakeria, itsukeria, zitalkeria, beharbada— batere aintzat hartu gabe. Hori idatzi zuena, nornahi dela, haserre zegoen Julio II.ak eginiko zerbaitengatik... eta ez dut uste Michelangelo-ri Kapera Sixtina enkargatuagatik izango zenik... baizik eta, beharbada, Exigit Contumaciam horren ondorioz jazotako gertaeraren batengatik. Hipotesi bat baino ez da, dena den. Exigit Julio II.aren bula bat zen, bere garai historikoan nahikoa garrantzizkoa gertatu zena Europako mapa politikoari halako ukitu batzuk eman ahal izateko, hemendik ez oso urruti, gainera. Nazioarteko egoera hain gertutik ezagutu duen batek, zuk bezala, uler dezake honek guztiak zer esan nahi duen, ezta?

        Artekaria sukartua bezala zebilen ezker eskuin, hiru milari oihukatuz eta txarteltxoak beteaz. Pilotak hegan hasi ziren, Egozkueren magaleko norabidea hartuz. Eragiketa bukatu ondoren Egozkue baretu egin zen.

        — Deskalabrua geldiarazi dugu. Gorriek partidua aurrera ateraz gero mila eta bostehun pezeta dauzkagu irabazteko, eta urdinek irabaziko balute bost mila duro baizik ez zenituzke galduko. Baina lasai, urdinek irabaztea ezinezkoa da. Hortaz, dirudien bezala, gorriek irabazten badute, zer edo zer aterako dugu oraindik. Lehen baino hobeto gaude, behintzat.

        Hori esaten zuelarik, gorriek bi tanto falta zituzten partidua bukatzeko, eta azulak zortzi tanto azpitik zeuden. Bada, une horixe aukeratu bide zuen aurrelari urdin gazteak nor bazela erakusteko. Pilota guztiak bere saskian barneratzen ziren, segundu hamarren gutxiren buruan abiaduraz biderkatuta ateratzeko, errebotearen bila. Gorriak ezinean zebiltzan pilota-jasa hura onera ekartzeko.

        — Arrazoia zenuen —zioen Ezak, ironiaz—. Aurrelari urdina sasoian dago.

        — Gaur egungo pilota hauekin edonork bidaltzen du pilota errebotera —arrenkuratu zen Jaungoikoaren ministroa—. Baita mukizu horrek ere. Nahiko nuke nik ikusi Abregoren garaiko pilotekin, ia zenbat bidaltzen zituen errebotera orduan. Pilota errebotera bidaltzeko kadera hautsi, orduan.

        Halako batean, ordea, aurrelari urdinak, eskumutur-kolpe doi batez pilota txokoan indarge utzi zuen. Txalo zaparrada ikaragarria izan zen.

        — Koteto, Koteto... Hori ere bai, hori ere bai? —esaten zuen Egozkuek. Horrelaxe esan behar izan zion Julio Cesarrek Brutus-i: Tu quoque...

        Urdinek hogeita hemeretzina berdintzea lortu zutenean, frontoi osoa artekarien zaunkek gidatutako orro bat zen. Egozkuek, beste hainbatek bezala, oihuak eta beso keinuak egiten zituen azken posturak egiteko, beste ezeri erreparatu gabe. Aurrelari urdinak aholku onak ematen zizkion erreboteari begira, burumakur, pilota punpatuz ari zen atzelariari. Aurrelari gorriak tartea aprobetxatzen zuen saskiaren lokarriak tinkoagotzeko, bere lagunak, bizkarra errebotearen kontra emanda, izerdia xukatzen zuen bitartean. Eza bere diruaren etorkizunaz kezkatu zen, baina Egozkue ez zen ganorazko ezer esateko gauza.

        — Hau loteria duk, motel, hau loteria duk —errepikatzen zuen.

        Ezak etsi egin zuen, eta noren alde zer jokatzen zuen jakin gabe begiratu behar izan zuen azken tantoa, ikusleen garrasiek gorturik eta dena emanda ari ziren lau pilotarietatik nork eman ote ziezaiokeen diru pizar bat eta nork kendu jakin gabe. Finean aurrelari urdinak erdi hutsik egindako pilota bat zabaleko burdin-sarean hil zen, ikusleei azken oihu erabatekoa jaulkiaraziz. Pilota zabaleko marratik hain hurbil etorri baitzen, Ezak ez zekien ona edo falta izana zen, eta hortaz, ez zekien nor zen irabazlea, azkenik. Egozkuek bizkar gainean jotzen zizkion txaloak, irribarrea ezpainetan, aurpegia gorri.

        — Poztu zaitez, adixkide. Hiru mila pezeta baino ez dituzu galdu.

        Ezak pentsatu zuen hiru mila pezeta galtzea noraino izan zitekeen alegrantziarako arrazoi, eta betarteko eszeptizismoak nahiko nabaria behar zuen, Egozkuek zerbait gehiago esatera behartuta ikusi baitzuen bere burua:

        — Zer dira seiehun duro jakintsuago izateko aukerarekin alderaturik?

        — Jakintsuagoa? Beharbada. Funtsezkoena dut falta, ordea.

        — Tira, tira... Nerauk ere agian zuk uste baino dexente zalantza eta hutsune handiagoak dauzkat, liburua ikusi arte, osorik baina, ezabatuko ez direnak... Ekarridazu liburua eta ziur naiz zure galdera guztiak erantzun ahalko ditudala. Liburua ekartzen ez didazunez, zer hobekiago biziaz patxada osoz gozatzea baino, duro ziztrin gorabeherengatik axolatu gabe? Bestalde, badira diruz ezin ordain daitezkeen gauzak, adixkide onekin igarotako tarte goxoak adibidez...