Izotz ura
Izotz ura
2023, nobela
248 orrialde
978-84-19570-18-5
Azala: Lander Garro
Lide Hernando Muρoz
1991, Donostia
 
Izotz ura
2023, nobela
248 orrialde
978-84-19570-18-5
aurkibidea
 

 

19

 

 

 

Txolo eta ingeniaria bakarrik daude estudioko kontrol-gelan. Lehena zutik, eskuak gerrian; bigarrena, larruzko aulki beltz birakari batean eserita, besoak soinu-mahaian zabal pausatuta. Txikia da espazioa; ilunak eta bigungarriz josiak paretak. Aurre-anplifikadorez, konpresorez eta soinu-txartelez osatutako dorreak, lauzpabost bozgorailu, gitarra elektriko eta baxuak euren euskarrietan, pare bat teklatu. Soinu-mahaiaren atzeko pareta beirazko laukizuzen handi batek hartzen du. Huraxe bezalako gela bat ikus daiteke bestaldean, baina bigarren honetan, mikrofono handi bati eusten dion oinaz gain, ez dago deus.

      Abesti baten pasarte instrumentalaren inguruan ari dira eztabaidatzen. Ingeniaria behin eta berriz ari da hiruzpalau segundoko zati hori erreproduzitu eta gelditzen.

      Ez al duzu entzuten hor bonboa eta baxua ez doazela bat? —esan dio Txolori, harrituta, aipatu duen “hor” hori iritsi den unean ezkerreko hatza indarrez astinduz.

      Arretaz entzun dute pasartea berriz.

      Zin dagizut ez dudala ezer arrarorik sumatzen.

      Zer duzu, zapata bat belarrian ala? Punki hauek...

      Hori botoi bati klik eginda konpontzen duzu eta!

      Punkiak soula egiten saiatzen, gainera...

      Zappak bezala!

      Ingeniaria barrez lehertzen hasi da.

      Frank Zappak burua altxatuko balu ez zinateke bizirik aterako hemendik!

      Kolpe batzuk entzun dira orduan.

      Atea zabaldu eta Mara sartu da. Masailak gorrituta ditu, ile platinoa atzeraka orraztuta; arnasestuka dator.

      Barkatu, berandutu egin zait —desenkusatu da, larruzko jaka kendu bitartean.

      Lasai, lehena zara —kolpez jaiki da aulkitik ingeniaria—. Plazera zu azkenik ezagutzea, Mara.

      Txolok izkinan dagoen egurrezko aulki batean esertzera gonbidatu du.

      Saioa berandutzen ari da, ezta? —galdetu du ingeniariak.

      Hala dirudi... hara, mezua bidali dit duela gutxi —ezustean Txolok—. Aparkatzen ari dela. Oraintxe dator.

      Marak gurutzatuta zituen hankak zabaldu eta beste aldera gurutzatu ditu. Hutsalkeriez hitz egiten jarraitu dute, atean berriz kolpeak entzun diren arte. Sartzeko gonbidapenari itxaron gabe ireki du atea. Txirikorda batean bilduta du ile beltza, ezpainak gorriz margotuta. Ubeldura bat du masailean.

      Zorionekoa neu! —besarkatu egin du Txolok—. Hezurretan zaude, Saioa.

      Haurrak energia zurrupatzen dit —esan du, alai antzean. Ingeniariarengana joan da zuzenean.

      Aulkian eserita dagoen Mararengan pausatu du begirada azkenik. Gerturatu eta besarkada azkarra eman dio. Marak masailean musu iheskor bat emanez erantzun dio.

      Inork ez dio ubelduraren inguruan ezer esan.

      Denok gaude, beraz! —aurrea hartu du Txolok—. Lanean hasi aurretik, bioi eskerrak eman nahi nizkizueke hau egitera animatzeagatik. Ez zait omenaldi hoberik bururatzen Xantirentzat.

      Diskoari buruz hitz egin dute; nortzuk izango diren beste kolaboratzaileak, zenbat abesti izango dituen, zenbat gelditzen diren grabatzeko, noiz argitaratuko den... Euren kanta jarri dute orduan, eta minutu batzuez isilik egon dira abesti mutua entzuten.

      Beno, nor hasiko da? —galdetu du Txolok.

      Saioak begirada izutua jaurti dio Marari.

      Egia esan... —hasi da— kotxean nentorrela entzun dut, baina etxean ez dut abestia prestatzeko asti handirik izan.

      Neu hasiko naiz —Mara zutitu egin da—. Entseatuta dakarkit.

      Hara, biharamunean Londresera joango denak zuk baino denbora gehiago izan du hau prestatzeko! —egin dio Txolok errieta, jostari antzean, Saioari—. Hori da pagotxa duzuna!

      Utzi bakean, Txolo, nahikoa berriz ere abestera behartu nauzula!

      Mara kristalaz bestalde ikusten den areto hutsean sartu da. Ingeniariak grabaketa programara konektatu du gela hartako mikrofonoa; Mararen ahotsa euren areto berean balego bezala entzuten dute orain.

      Nahi duzunean —esan dio ingeniariari.

      Abestia jarri eta rec teklari eman dio. Mara ahotsik gabe gelditu da lehenengo estrofako nota agudoan. Eztarria garbitu eta berriz jartzeko eskatu dio. Serio dago, aurrean duen puntu ikusezin bati begira, kontzentratuta. Erraz gainditu du oraingoan estrofako nota agudoaren gailurra. Segidan datorren pasartea Saioari utziko diola esan du, bere garaian egin zuten bezala. Hirugarren estrofa heldu denean, nota agudoa jotzen saiatzerakoan kioa atera zaio. Barrez hasi da, Txolori ere irriρo instintibo batek ihes egin dio; ingeniariak eta Saioak hobeto eutsi diote.

      Urduri nago, barkatu.

      Nahiago duzu gu hemendik ateratzea? —galdetu du Saioak.

      Marak denbora hartu du erantzuteko.

      Ez, lasai. Jarri berriz, mesedez.

      Bigarren aldiz saiatu da eta, nahiz aurrekoa baino ohartezinagoa izan, kioa atera zaio berriz ere.

      Ene, a zer desastrea! —bota du, eskuak aurpegira eramanez—. Aizu, gero Melodynearekin zuzenduko duzu tonua, ezta?

      Bai, neska!

      Azken zatia abesten ari den bitartean esan du Saioak, bestearen entzumenetik salbu:

      Niri ez pasatu efekturik ahotsean e, faborez. Nire ahotsa, natural. Berdin zait perfektua ez bada.

      Txolok irri egin du, baina ez du ezer esan. Mara arindu aurpegiarekin sartu da kontrol-gelara amaitutakoan, eta Saioa sartu da kabinan. Papera darama eskuan; bestela hitzak gogoratuko ez dituela dio.

      Ba berak euskaratu zuen —esan du Marak.

      Txolok ingeniariaren mikrofonoaren botoia zanpatu du Saioarekin hitz egiteko.

      Honek dio letra zeuk idatzi zenuela eta ea nola ausartzen zaren ahaztera!

      Mara lotsagorritu egin da.

      Ingeniariak hasieratik jarri du abestia berriz. Mararen pasartea entzun dute. Bigarrena iristean, Saioa hasi da. Tonu aldetik ongi abestu du, baina kantua geldiarazi eta intentzio gehiagorekin kantatu nahi duela dio. Beste bost aldiz errepikatu du zati hori.

      Hurrengo pasartean Marari beheko harmonia egin nahi izan dio, baina desafinatu egin du. Ingeniariak abestia gelditu du.

      Saiatu berriro —esan dio.

      Berriro desafinatu du.

      Ez al da Mararen ahotsa berez desafinatuta dagoena? —galdetu du Saioak, aurpegia uzkurtuz.

      Ingeniariak Saioaren ahotsik gabe jarri du Marak grabatutako pasartea. Denek, Saioak kenduta, egin dute ezetz buruarekin.

      Berriro hasi da, eta desafinatzen jarraitu du. Ingeniaria abestia gelditzekotan egon da berriz, baina Txolok, eskua bere besoan pausatuz, eragotzi egin dio.

      Utziozu, lasai —disimuluz; Saioak kantatzen jarraitu du—. Zuzendu ezazu gero Melodynearekin eta kito, ez da ohartu ere egingo.     

 

 

Eguna goibel dago. Hodei puztu eta ilunek euriaren mehatxu isila dakarte. Bero dago giroa, hala ere. Denda eta tabernaz jositako Bilboko kale jendetsu batean daude. Biek, estudiotik ateratzerakoan, norabide berbera hartu dute, soinez soin.

      Kotxez etorri zara?

      Bai —Saioak bere txirikorda laztandu du.

      Pauso batzuk aurrera egin eta gelditu egin da Mara. Gauza bera egin du besteak. Lehenak bere pisua hankaz aldatu du pare bat alditan.

      Nire etxea hemendik hamar minutura dago oinez. Nahiko zenuke igo eta, nik zer dakit... tartetxo batez egon?

      Saioa pentsakor gelditu da. Albo batera begiratu du; gero bere eskuetara.

      Jare gurasoekin utzi dut eta...

      Ulertzen dut. Lasai.

      Bazkalordurako han egongo nintzela esan nien.

      Arazorik ez —irribarre zabala marraztu du Marak aurpegian.

      Orduan begiratu diote elkarri.

      Poztu nau zu ikusteak —esan dio Saioak.

      Ni ere bai.

      Zarata handia atera duen hiriko autobus bat igaro da ondoko errepidetik.

      A zer omenaldi kaxkarra egin diogun Xantiri.

      Sekulako desastrea izan da. Ez al dago beste modurik bera omentzeko? Ez naiz batere gustura gelditu.

      Barre egin dute.

      Etorri herrira nirekin —esan du Saioak segidan—. Gaztetxea bota dute.

      Marak kolpez ireki ditu begiak.

      Benetan?

      Masaileko ubeldura seinalatu du.

      Bertan egon nintzen eta, duela lau egun!

      Ba justu biharamunean bota zuten —azaldu dio Saioak—. Etorri —tematu da.

      Marak mugikorra atera du poltsikotik, hasperen egin bitartean.

      Gauza asko ditut egiteko joan aurretik —berriro gorde du—. Bukatzean saiatuko naiz.

      Seguru?

      Besteak sorbaldak eta bekainak goratu ditu. Gero besoak zabaldu ditu, eta pauso bat eman du Saioarengana. Elkar besarkatu dute. Saioak Mararen larruzko jakan hondoratu ditu behatzak, eta begiak itxi ditu. Marak eskua pasatu du lagunaren txirikordatik, poliki, muturreko ileak ferekatuz.

      Azkenean beti konbentzitzen nauzu, ezta?

 

 

Saioak ziztu bizian gidatu du bueltan, AP8-ko trafikoa sigi-saga etengabean saihestuz. Gurasoen etxetik metro eskasera aparkatu du. Kanela usainak bete-betean eman dio atea ireki duenean: sukaldera iritsi eta arroz-esnea prestatu dutela ikusi du. Gurasoekin eta Jarerekin bazkaldu du.

      Gauean hona etorriko zarete lotara, beraz? —galdetu dio aitak, eskua berearen gainean jarrita.

      Ni bai. Jare Ibairekin geldituko da —azkar esan du, ia-ia xuxurlaka.

      Alabari begiratu dio. Honek, muturra saltsa zuriz zikinduta, ez du arreta katilutik haratago jarri. Ile beltza laztandu dio amonak.

      Konponduko da —esan du hark, bere baitarako.

      Bazkaltzen bukatu eta, siesta labur baten ostean, gurasoak oraindik lozorroan direla, Jare esnatu du:

      Laztana, herriko txoko ezkutu bat erakutsi nahi dizut. Etorriko nirekin?

      Honek txintik esan gabe eman dio eskua, aurpegi gorrituarekin baietz eginez.

      Sukaldera joan da. Hozkailua ireki eta garagardo botila bat hartu du. Hozkailua ixtera doala, berriro ireki eta beste bat hartu du.

      Biak bere zorroan gordetzera doala, ate izkinatik agertu da aita.

      Bestea ez da Jarerentzat izango, ezta?

      Etxeko sarrerara lagundu eta musu bana eman die kopetan.

 

 

Hamar minututan dira bertan. Hortxe dute lizarra, hortxe dute egurrezko banku berria.

      Begira, txoko sekretu bat da. Gogoko duzu?

      Ez asko —esan du, dezepzio keinua ezin ezkutatuta—. Igo naiteke zuhaitzera?

      Saioak irribarre egin dio.

      Bai. Baina kontuz ibili.

      Bankuan eseri da. Behean hara eta hona dabiltza hainbat langile, kaskoa eta buzoa jantzita, ezertan ariko ez balira bezala. Beste bi hondeamakina banatan daude sartuta: batak harriak jasotzeko pala du; besteak, zulagailua. Eraikinaren erdia eraitsita dago: porlanezko hondamendia besterik ez da. Saioak lepoa luzatu du, arretaz begira. Zutik jarraitzen duen zatiaren barrualdea ikusten da apur bat; agertokia zenaren zantzuak antzeman daitezke itzalen artetik. Agertokiaren atzean egon ohi zen pankarta errauts beltzez zikinduta dago; “Kuartel Zahar, be... zte” irakurtzen da soilik.

      Saioak zorrotik atera ditu bi botilak. Batari, giltzatakoan duen irekigailuarekin kendu dio txapa. Trago bat eman dio. Bestea bankuan utzi du, bere ondoan. Atzera biratu du burua: Jareren hanka bat ikusten da lizarraren adar baxuenetik dilindan.

      Garagardoari beste trago bat emanez itzuli du arreta obretara.

      Kanpoko murruaren zatirik handiena falta da. Metro bateko garaiera baino ez du orain. Margotutako animalia-hanka zuri bat ikusten da, izotz bloke batean pausatuta. Hondeamakinetako bat, zulagailu-puntaduna, gerturatu da murru horretara.

      Hiru gizon pasatu dira gaztetxearen eremu hesituaren kanpotik. Batek, egunkaria besapean duen bizardunak, urrunetik entzuteko moduan esan die besteei: “Ez dago eskubiderik, mertzenario zikinak!”.

      Langileek ez entzunarena egin dute. Makina zulagailuaren besoa luzatu du barruko langileak; burrunba errepikakorraren hotsa zabaldu da inguruan. Saioak beste trago bat hartu du botilatik, luze, murru guztia, animalia-hanka zuria barne, errauts bihurtzen ikusi bitartean.

      Zerua iluntzen ari da, poliki-poliki. Jare aspertu da zuhaitzean gora eskalatzeaz, eta amaren altzoan eseri da. Kexu da parkera joan nahi duelako. Langileei gutxi gelditzen zaie eraikin osoa suntsitzeko, eta laster joango direla esan dio alabari.

      Azkenean, beste garagardo botila hartu du. Zorroan gordetzera joan da baina, lehenbizi, etiketa erauzten saiatu da. Poliki hasi da, paperari tirakada motzak emanez, botilaren hezetasuna baliatuz kolari indarra kentzeko.

      Erdia kenduta duela, tirakada batean huts egin eta apurtu egin du.

      Irri lotsatia atera zaio.