Izotz ura
Izotz ura
2023, nobela
248 orrialde
978-84-19570-18-5
Azala: Lander Garro
Lide Hernando Muñoz
1991, Donostia
 
 

 

8

 

 

 

Beti eduki dut sentsazioa gure belaunaldia familia bateko tarteko seme-alaba dela —hasi zen Mara, mp3a zorroan sartu eta kamiseta jantzi bitartean—. Gauza guztien bigarren bertsioa iristen zaigu; Game Boy Color-arekin jolastu gara Game Boy originalarekin ordez; eta walkmanetik beharrean, discmanetik entzun ditugu gure kanta gogokoenak. Guretzat garrantzitsuen izan diren gauzak aurretik originalagoa izan den zerbaiten ondorengo asmakizunak dira; eta, gainera, ez dute gure artean gehiegi iraun.

      Joño, ze filosofia arraroa irakasten duten jesuitetan! —trufaka Markelek—. Baina musikaren kasuan ere antzerakoa gertatzen da, ezta? Nahiago dugu Muguruzaren bigarren bertsioa, Negu Gorriak, Kortatu baino. Munduko talderik onena, eta ez du hamarkada bat besterik iraun.

      Ez zen ausartu erantzutera berak ez zituela ez bata, ez bestea apenas entzun. Beste adibideren bat erabiliko luke bere teoria frogatzeko; Britney Spears Madonna baino gehiago entzun zuela, edo halako zeozer.

      Hirugarren aldia zen Markelekin larrutan egiten zuela. Hura izan zen bere lehen sexu esperientzia; baina ez zuen askoz gehiago iraungo. Markel bera izan zen Mararengana gerturatu zena. Zoriontzera joan zitzaion gaztetxearen urteurren festan, eta ezagutu aurretik juzgatu zuela onartu zion.

      Bost urte zaharragoa zen, bi uztai zituen belarri bakoitzean, ia bizkar osoa zeharkatzen zion rasta potolo bat, eta ez zituen inoiz Ternuako mendiko galtzak eranzten. Itxuraz hotza eta ideologia hertsikoa zirudien oskol horren azpian beste zerbait ezkutatzen zelako susmoa izan zuen Marak lehen elkarrizketatik. Ez zuen ondo ulertzen nondik atera zitzaion bera bezalako neska bat ezagutzeko interesa.

      Baina gaztetxearen munduaren parte sentitzeko, taxuzko jakinduria, esperientzia edota interes politiko eta sozial baten faltan, bertako jendea bestelako modu batean konkistatu behar zuela sentitzen zuen. Horregatik Markel; eta gero Jon, eta Alaitz. Horregatik, hein batean, Xanti ere; baina nahiago zuen horretan ez gehiegi pentsatu, egia esan.

      Batxilergoko lehen ikasturtetik bigarrenerako udara hartan hasi zituen harreman berri horiek sexu esplorazioaz besteko helburu bat ere bazuten: mp3a norena zen jakitea. Momentu intimo bakoitza baliatzen zuen tramankulua zorrotik ateratzeko. Zenbait hilabete igaro ostean, ordea, oraindik ez zekien zein zuen jabea.

      Maitasun abesti horiekin nekatzerako urteak igaroko ziren. Bereak ziren orain; bere hazkunde pertsonalaren parte. Musikari gisa izango zuen zigilu pertsonalean ere, abesti horien zantzuak topatu ahal izango ziren nonahi, nahiz eta ez zuen abesti zerrenda horren existentzia jendaurrean inoiz aipatuko.

      Behin mp3ak grabatzeko aukera ere bazuela ohartu zen, bere logelan zegoela. Carlos Gardelen Volver kantatu zuen, ahal zuen isilen. play. Bere ahots pikortsua entzun zuen entzungailuetatik. Huraxe izan zen bere ahotsa kanpotik entzun zuen lehen aldia. Ez zitzaion gehiegi gustatu. Abestearen ekintza, ordea, bai. Mundua paralizatu egin zen; sukaldetik zetozen oihuak lausotu.

 

 

— Paseotxo bat eman dezakegu, laztana?

      Mara urduri jarri zen. Amak ez zion sekula halakorik proposatzen.

      Herri inguruko mendi-bide batetik ibili ziren.

      Zure aita eta biok banantzeko zorian egon gara —esan zuen, ordu erdiko isilune baten ostean.

      Ez esan? —uste baino krudelagoa gelditu zitzaion.

      Sentitzen dut eztabaida horiek guztiak entzun izana... Ulermen amankomun batera iristeko merezi izan dute.

      Ama, ez dakit niregatik egiten duzun... baina, hala bada, jakin ez dudala inongo gogorik aita etxean geldi dadin.

      Ez esan halakorik!

      Benetan ari zara?

      Ibilian jarraitu zuten minutu batzuez.

      Barkatu azkenaldian ez badizut gehiegitan galdetu, baina... zer moduz Donostian? —benetako interesa nabari zitzaion tonuan.

      Marak sorbaldak goratu zituen. Beste erantzun garratz bat bota behar zuen, baina hobeto pentsatu zuen hitz egin aurretik.

      Apur bat zaila egiten ari zait ikasturtea.

      Beno, azken esfortzua soilik falta zaizu. Datorren urtean libre izango zara nahi duzuna egiteko. Pentsatu duzu zer ikasi nahiko zenukeen?

      Aukera bikaina antzeman zuen.

      Musika.

      Nola, musika? Hori unibertsitatean ikasten al da?

      Bada zerbait Donostian; bestela Madrilen edo Bartzelonan...

      Tartea hartu zuen amak erantzun aurretik.

      Ordu gehiegi igarotzen dituzu gaztetxe horretako jendearekin. Ez duzu ingeniaritzaren bat ikasi nahi? Edo Enpresa ikasketak? Zuzenbidea?

      Ez, ama; hori berak nahi du.

      Esan zezakeen zuk, esan zezakeen zuek. Baina pentsatu zuen min handiagoa emango ziola aitaren nahia bakarrik azpimarratuz gero. Lokatzez betetako igarobide bat pasatu zuten hanka puntetan, isilean.

      Gabonetako opari gisa, bere abestiak hobeto grabatzeko tresnak eskatu zizkien gurasoei. Aitak argi utzi zion: “Erosiko dizkizut, trukean musika ez den beste zerbait ikasten baduzu”.

      Esan eta egin. Olentzerok merkatuan zen soinu txartelik berriena, xlr muturreko bi kable, mikrofono bat eta Deustuko Unibertsitateko Administrazio eta Enpresa Zuzendaritza lizentziaturaren esku-orria ekarri zizkion.

 

 

— Hor dator Steve Jobs! —Saioaren deiadarra entzun zuen urrunetik.

      Marak pausoa azkartu zuen. Negu amaierako larunbat arratsalde bat izateko, espero zuena baino jende gehiago zegoen gaztetxeko atarian, lurrean eserita; tartean, berarekin nahastuta ibilitako pare bat. Ez zuen gogo handiegirik haiekin topo egiteko.

      Alproja hau ez da gaztetxera etorri unibertsitatean hasi zenetik —bota zien Saioak ondokoei, nahiz begirada Marari zuzendua izan.

      Bost hilabete izan dira.

      Eternitate bat!

      Elkar besarkatu zuten. Argalago sentitu zuen laguna beso artean, eta, aurpegira begiratzean, begi marroi handien azpian betzulo lotsati batzuk nabarmentzen hasiak zitzaizkiola sumatu zuen.

      Topera zabiltza Myspacen, ezta? —agurtu zuen Markelek.

      Dibertimendu bat besterik ez da.

      Aizu, hori kontatu behar didazu —Saioak besotik heldu zion, bere ondoan esertzera eramateko—. Baina hasteko, zer moduz karreran?

      Depresioak jota.

      Zure aitak espero zuena lortu du, beraz!

      Marak hasperen egin zuen.

      Lau urte eta erdi geratzen zaizkit. Agian begiak indarrez ixten baditut azkarrago pasatuko dira. Eta zu, zer moduz?

      Saioak tabako poltsatxoa atera zuen gerrian lotuta zuen larruzko zorrotik. Marari eskaini zion.

      Ba oraindik ez dut argi zer egin; eta gurasoek esan didate ez didatela ikasketarik ordainduko zer nahi dudan jakin arte. Beraz, urte librea hartu dut. Beno, urte librea ez. Josefinak esplotatuta nauka Ilargin!

      Isildu zaitez, ez duzu kolpe zorrik jotzen eta! —moztu zion beste puntan zegoen batek—. Diskoak jarri eta bezeroekin patxaran zurrutak hartu besterik ez du egiten.

      Egin dezakegu osteratxo bat hemen ingurutik? —ausartu zen galdetzen Mara.

      Saioak harrituta begiratu zion. Baietz egin zuen buruaz, ordea.

      Haize fin batek laztandu zien aurpegia gaztetxeko ataria utzi eta goiko kalean barrena sartu zirenean.

      Zer kontatu nahi zenidan?

      A —zupada bat eman zion zigarroari. Fuerte xamarra iruditu zitzaion Saioaren tabako hura—. Ezertxo ere ez. Zurekin egon nahi nuen, besterik ez. Badakizu talde handietan ez naizela eroso sentitzen.

      Horregatik hitz egin zenuen banan-banan Markel edota Alaitzekin, ezta? —ukabilkada bat eman zion sorbaldan—. Hau herri txikia da, badakizu.

      Marak lurrera begiratu zuen.

      Beraz, ez duzu denbora gehiegi iraun gaztetxera itzuli gabe.

      Xanti gabe dena pikutara joaten ari zela ikusi nuen. Badago ezer tristeagorik gaztetxe bat utzikeriaz erortzen uztea baino?

      Zigarroari azken zupada eman eta lurrera bota zuen Marak, zapore sarkor hark zorabiatuta.

      Zu zer moduz tipo horrekin? Nola zuen izena, Ibai?

      Saioak burua albo batera eta bestera mugitu zuen.

      Tentel hutsa da. Azkenaldian ez dabil hemendik —ke adar bat bota zuen gorantz, luze—; Bilbon dago, unibertsitatean. Beno, azal iezadazu Myspaceren kontu hori. Erakutsi zizkidan abestiak Markelek. Esan zidan milaka jarraitzaile dituzula!

      Jendeari gustatu omen zaizkio. Batik bat gazteleraz egin dudana.

      Isiltasuna egin zen une batez. Marak eztul egin zuen, bere buruan pilatzen ari zen tentsioa moztearren.

      Eta? Gazteleraz konposatzen jarraitzeko intentzioa duzu?

      Pauso batzuk gehiago eman zituzten, Marak buruan zuen letra-zopa ordenan jarri bitartean.

      Ez dut gehiegi pentsatu horretan, egia esan. Gitarra hartu eta hori atera zitzaidan.

      Zein erlazio duzu zuk euskararekin, Mara? —izena erabiltzeak beldurgarriagoa egin zuen Saioaren galdera.

      Ez dakit. Hortxe dago, ez dakit nola esan.

      Noski, emana izan zaizu.

      Zer esan nahi duzu?

      Mutu igaro zuten plaza. Saioak bere zigarro mehe perfektuari azken zupadak eman zizkion, eta minutu gutxian gaztetxean ziren berriz ere.

      Garagardorik nahi?

      Baiezkorik eman aurretik zuen botila freskoa esku artean, “gaztetxearen kontura”. Kanpoan eseri ziren berriz ere. Eguzkia emeki ezkutatzen ari zen banku herdoilduaren talaia apaintzen zuen lizarraren atzean.

      Bat-batean arraroa egin zitzaion bere burua antzina berak zelatatu ohi zituen horien lekuan ikustea.

      Hori egiten jarraitzen duzu —atera zuen Saioak gogoetatik.

      Laguna eskuetan zuen botila seinalatzen ari zitzaion. Bertatik etiketa erauzten ari zen berriz ere.

      Mekanikoki egiten dut.

      Niri ez zait inoiz osorik ateratzen —berearena kentzen saiatu zen. Segituan puskatu zitzaion—. Ikusten?

      Kolpez aldatu zuen aurpegia orduan.

      A! Ia-ia ahaztu zait; gauza bat erakutsi behar dizut.

      Paper-bola bat zirudiena atera zuen gerriko zorrotik.

      Duela astebete iritsi zen Xantiren amaren etxera. Gaztetxeko guztiontzat da —zementuzko lurraren kontra lisatu zuen paper zimurtua. Gero airean astindu eta putz egin zion, zikinkeria kentzeko—. Italian omen dago orain, urruneko senide baten etxean. Zu ere aipatzen zaitu. Begira, hemen!

      Saioak kortxete gisa jarritako behatzen artean markatutako zatia irakurri zuen. Ez zen ausartu gehiago irakurtzera, jakin nahi ez zuen zerbaitekin topo egingo zuelakoan.

      Nola izan du honek nire musikaren berri?

      Internet, maitea. Ez bazenuen jendeak jakiterik nahi, hobe zenuen zure abestiak etxean gordeta eduki!

      Algara urduria atera zitzaion. Berriz ere irakurri zuen Xantik berarentzat idatzi zuen esaldia.

      Mara-Mara? —galdetu zuen harrituta.

      Xanti beti izan da ona izenak jartzen. Gainera, arrazoi guztia du: Mara Kortabarria izenarekin ez zara urrun iritsiko.

      Zatarra da, gero! —Markel ondotik pasatu zitzaien, hainbat garagardo botila huts eskuetan. Marak kolpe bat jo zion, jostari—. Inork garagardorik nahi?

 

 

Gurasoen etxean afaltzekoa zen, baina, ohartu zenerako, ordua pasatu zitzaion. Gauerdian, norbaitek musika kendu eta Xantiren aurpegiaren argazki bat itsatsita zuen maniki bat altxatu zuen. “Larunbateko bijilia!” esan zuen irri artean, eta bertan zeuden guztiak, bera izan ezik, Eusko gudariak abesten hasi ziren, ozen. Mara Saioari begira gelditu zen abestiak iraun zuen tarte osoan. Ukabila jasota, kantaren hitz guztiak pasioz beteta abesten ikusi zuen. Huraxe zen, alkoholak eta drogak egunerokotasuneko gezur geruza guztiak kenduta, berak lagun dei zezakeen pertsona bakarra momentu hartan.

      Ez duzue pentsatzen gutun hori suntsitzea? —esan zion elkarrekin komunean sartu zirenean.

      Saioak alboko bi pareten kontra bermatu zituen eskuak, balantzaka, ipurdia zipriztinez betetako tapan ez jartzearren.

      Orain Alaitzi tokatzen zaio.

      Zer? —Marak kisketarik gabeko atearen kontra zuen bizkarra, ireki ez zedin. Zorabioa masailetatik igotzen sentitu zuen.

      Bakoitzak astebetez eduki dezakeela gutuna. Bihar, igandea, Alaitzi emango diot.

      Eta ertzainak hona etortzen badira eta erregistratzen bazaituzte? Ez duzue horretan pentsatu?

      Saioak begietara begiratu zion, sare formako galtzetak izterretan gora igo bitartean. Ezpainak kalimotxoak belztuta zituen.

      Ertzainak —bota zuen ahapeka, bere ahotsa imitatuz—. Zergatik deitzen diezu gauza guztiei euren izenaz? Ez zaitu inork zigortuko zipaio esanez gero.

      Ez da zuhurra paper horrekin bueltaka ibiltzea.

      Errepikatu nirekin: zi-pa-io.

      Marak ez zion erantzun. Saioak speed poltsatxoa atera zuen minigonaren poltsikotik. Hatz txikia bertan sartu, eta hauts zurizko mendi ñimiñoa sartu zuen sudurzulotik, ozen arnastuz. Ostean sudurra hazkatu zuen.

      Gogoratzen Takolori Joxefe deitzen zeniola?

      Saioa, izen guztiak daude paper horretan idatzita. Nik ez dut horren parte izan nahi.

      Isilik gelditu ziren biak. Saioak barre egiteari utzi zion. Hemendik At-en abesti baten pum-puma sartzen zen atearen zirrikituetatik.

      Mara atetik baztertu eta lagunari ateratzen utzi zion. Ilunpean urruntzen ikusi zuen, barra atzean zegoen Markelengana iritsi arte. Markelek begiak altxatu zituen, Mara zegoen lekura. Besoak jaso zituen hitz egin bitartean; haserre zirudien. Saioak beste keinu batzuekin erantzun zion; mototsean bildutako ile adats beltza astintzen ikusi zuen. Su txiki bat hazten sumatu zuen sabelean. Orduan Saioa beregana itzuli, eta eskutik heldu zion.

      Goazen kanpora.

      Ez zuen erantzuteko ausardiarik izan. Automata batek bezala jarraitu zion lagunari. Atariko lurrean eseri eta gerriko zorrotik gutunazal zimurtua atera zuen Saioak; baita txiskero bat ere.

      Egin zuk.

      Marak listuz busti behar izan zuen mingaina, aho lehor horretatik hitzen bat atera zedin.

      Baina...

      Nik ezin dut. Markelek ere hasieratik erre nahi zuen. Bera okupatuta dago orain, eta zure ideia izan da, beraz, erre zuk —bota zion arrapaladan.

      Zergatik egiten didazu hau?

      Lasai egon. Ez du inork jakingo. Konponduko gara Markel eta biok gainontzekoekin.

      Oraindik dudatan zela eman zion txiskeroaren gurpiltxoari. Garrek hitzak banan-banan nola jaten zituzten begira gelditu ziren biak. Suak iluntasunarekin egiten zuen kontrasteak begiak erre zizkion. Marak Saioari begiratu zion. Iluntasuna egin zenean, lepotik emeki heldu eta lagunaren burua bere sorbaldaren gainean jarri zuen.

      Faltan botatzen dut.

      Badakit —ilea laztandu zion.

      Xanti ez dago; kuadrillakoak soilik urteurrenetan etortzen dira; Ibaik nitaz paso egiten du; eta zu...

      Marak mp3a atera zuen.

      Abesti bat entzun nahi?