Izotz ura
Izotz ura
2023, nobela
248 orrialde
978-84-19570-18-5
Azala: Lander Garro
Lide Hernando Muρoz
1991, Donostia
 
Izotz ura
2023, nobela
248 orrialde
978-84-19570-18-5
aurkibidea
 

 

1

 

 

 

Aurpegia estalita egin dute larrutan bart, Nepalera joan zirenean erositako artilezko buru-berokiekin. Aurreneko saiakera Saioak iradokita egin zuten, herrira itzuli osteko lehenengo hilabetean. “Gure arteko konfiantza praktikan jartzeko”. Zerbaitek asaldatzen zuen bakoitzean bezala zimurtu zuen betozkoa Ibaik, baina irribarre jostari batez onartu azkenean. Aldarte trantsizio horrek agerian utzi zuen ez zuela neska-lagunak behingoagatik proposatutako zerbait, sikiera hori, egiteko aukera pasatzen utzi nahi.

      Amaitutakoan elkarri kontatu zioten zer imajinatu zuten bitartean. “Nik Nanga Parbat-eko puntan nengoela Halle Berryrekin. Baina duela hogei urteko Halle Berry. Eta ez zuen hotzik egiten”, Ibaik. “Nik ere emakume batekin nengoela imajinatu dut, baina ez dizut esango zein”, Saioak. Baina ez zen egia. Ikeako estalkiaz apaindutako neguko edredoi horren azpian, bere herriko bere etxeko bere logelako bere ohean zegoela irudikatu zuen, hamabost urte pasatxoz mutil-laguna izandakoarekin, misionero eran txortan.

      Ordutik, aurpegia estalita egin beharreko zerbait bihurtu da sexua. Azken-aurrekoz, duela hilabete. Azkena, bart. Edozerk balio du: buru-beroki batek, inauterietako munstro maskarak, edo Jarek ikastolan egindako katu itxurako trapuzko zorroak. Aurreko edozeren faltan, begiak ixteak edota argi guztiak itzaltzeak ere balio lezake. Baina ez da gauza bera.

      Konfiantza dio Saioak, baina, berez, imajinazioa da praktikan jarri nahi duena.

 

 

Bakarrik geratu da etxean, aspaldiko partez. Azken urteotan bere orbitan egon den hots, zarata eta negar zotinen paisaia isilik geratu da bat-batean eta, kafe kikarari koilararekin eragin bitartean, metalak portzelanaren kontra ateratzen duen soinuan kontzentratu da, mantra bat balitz bezala.

      Badago beste gauza bat ez duena aspaldian egin. Etorri orduko uxatu du ideia, aurrekoetan legez. Baina aldi honetan ezberdina izango da; ez baitu, literalki, ezer hoberik egiteko.

      Iritsi da atera, eta oraindik ez dago ziur. Galdera itxurako kontzientzia-hartze bat izan da, funtsean: zenbat denbora darama musika entzun gabe? Zeren ezin esan Jareri kotxean jartzen dizkioten abestiak entzuten dituenik. Bere egungo soinu bandaren akorde harmoniko edulkoratu bat gehiago dira, ez besterik.

      Gelaren lurzoru osoa cdz eta biniloz betetako kaxa prezintatuek hartzen dute. Atzean du apalategia; zerbaitek bete dezan erregutuz begiratzen dio egur ilunezko lauki-sare huts hark. Asko dira, gehiegi; ez daki noiz eta nola eskuratu dituen horrenbeste soinu artefaktu. Erdia baino gehiago, opariak. Hortxe daude, bere oinetan, mutu orain; Saioa hazten, apurtzen, maitemintzen, amorratzen eta galtzen (batez ere, galtzen) ikusi duten milaka minutu uhin, kartoizko ziegetan preso. Badaki hori dena txukuntzeak goiz osoa eskatuko diola, eta momentu batez plana bertan behera uzteko tentazioa sentitu du berriz, baina eutsi egin dio.

      Bi orduz aritu da cd eta binilo horiek guztiak ordenatzeko sistema bat hautatu, apaletan ipini eta, amaitu aurretik, damutu eta guztiak berriz kaxetan gordetzen. Ordena alfabetikoa ez zaio egokiena iruditu; Aretha Franklin eta Foo Fighters alboan jarri dituenean ohartu da: Franklin andereak burua altxatuko balu, ez luke egunetik egunera gogaikarriagoa egiten zaion Dave Grohlen ondoan egon nahiko. Generoka antolatzeak ere buruhausteak eragin dizkio; zeren eta non sartu, adibidez, PJ Harvey? Eta banatu behar al zituen Frank Zapparen garai musikal guztiak?

      Intuizioari jarraituz eta epai zorrotzegirik egin gabe jarri ditu denak apaletan azkenik, garaiaren eta geografiaren araberako antolaketa nahiko arbitrarioa eginez.

      Eskailera baten laguntzaz soilik irits daitekeen goiko apaletan utzi du euskal musika. Irria atera zaio kolpetik, antzina hedabide eta disko-dendetan “Euskal Musika” genero gisa entzun edota irakurtzen zuen bakoitzean hartzen zuen haserrea gogoratuta.

      Azken momenturako utzi du beldurrik handiena zion kaxa. “Bixer”, “Armiarma zuriak” eta “Mara-Mara” du idatzia albo batean, Bic boligrafoz eta letra traketsez, trazuek izkinetatik ihes egin nahi balute bezala.

      Kaxa ireki eta barrura begira geratu da. Hamalau cd eta binilo. Handienak, Mara-Mararen binilo bikoitz batek, sinadura eta esaldi bana ditu idatzita. Bixerren maketa hartu du eskuetan eta, hauts kapa garbitu ostean, azkenean, egin du: disko-jogailuan sartu eta play eman du.

      Inongo aurrerapenik ez ekoizpen planifikaziorik gabe sartu dira bateria, baxua eta zeharo distortsionatutako gitarra erritmo geldo batean. Soinua kaxkarra da, mikrofono merkeekin grabatua. Exekuzioa ere traketsa da; bateriaren eta baxuaren kolpeak ez doaz guztiz bat; gitarraren akordeetan sokaren bat desafinatuta dagoela nabari da; eta tempo aldaketek itsasoan balantzaka nabigatzen ari delako sentsazioa ematen diote.

      Betidanik zorabiatu du itsasoak.

      Segituan sartu da ahotsa, instrumentuek egindako arantzadun oheak janda, behar lukeena baino ezkutatuago. Saioaren ahotsa da, hamabost urte gutxiagorekin. Agudoagoa da, garaian bere buruaz ustetakoa baino beldurtiagoa, dioena ondo ulertzen ez duen ahots dardartia. Herria jendez beteta, kaleak hutsik. Oraindik ere ez daki ondo zer esan nahi zuen horrekin.

      Ez zukeen herrian inork esango Saioa hogeita hamarrak bete gabe ama izango zenik, ezta bera eta Ibai inoiz bertara itzuliko zirenik ere. Bizia musikari ematen saiatzen den orok badaki bidean integritatea ogi apurrak bezala uzten joan behar duela. Baina ogi apur horiek gero etxera itzultzeko bidea erakuts diezazukete; nahiz eta apur horiek betirako izango diren apur, eta norberaren integritatea, zartatutako loreontzi huts bat. Oraindik, behintzat, ez da erabakiaz damutu.

      Amaren malkoekin betetako bainuontzian ito zara. Harritzen du zenbateraino aldatu daitekeen abesteko modua hamabost urtetan. Zenbat saiatzen zen hasieran erritmoa zorroztasunez eramaten, eta zein gutxi ondo afinatzen. Zenbat hitz arranditsuak nonahi txertatzen, eta zein gutxi hitz horien esanahia benetan sentitzen.

 

 

Baztertu nahi izan den iragan bat berreskuratzeak dedikazioa eskatzen du. Larunbat horretan egindakoa ohitura bilakatzen joango da Saioarentzat. Edozein momentu baliatuko du Jare eta Ibairengandik libratu, musika gelara sartu eta antzinako melodia horiek bafleetatik entzuteko. Errehabilitazioa balitz bezala: aurreko saioan utzitako abestitik hasi eta, hura berriro entzun ostean, beste bizpahiru. Ez gehiago. Momentua dastatzen saiatuko da, sentsazio urrun horietatik zerbait iristen ari ote zaion topatu nahian. Hainbat urtez sentikortasunik izan ez duen gorputz-adar batean odola berriz ere punpaka hasi balitzaio bezala: pum, Anoetako gaztetxea; pum, ikusleen izerdi tantak airean; pum, argi urdin-moreak bueltaka; pum, hatz erakuslean zauria baxuaren sokak astintzerakoan.

      Hilabete eman dio bere diskografia osoa entzuteak. Igandea da, eta Ibai Jarerekin irten da osteratxoa egitera. Saioak buruko mina argudiatu du etxean bakarrik gelditzeko. Eta berriz jarri du Bixerren lehenengo maketa. Bere baitako terapeutak esan dio, errehabilitazioa amaitu ahal izateko, hasi zuen leku berean utzi behar duela, oroitzapen horiei betirako agur esan aurretik.

      Mugikorraren soinua entzun du; disko-jogailua piztuta utzita alde egin du gelatik.

      Txolo dela dio pantailak, eta hasperen luze bat atera zaio. Txolok musika esan nahi du; Txolok marroi politikoren bat esan nahi du; Txolok ez du hainbat urtez hitzik trukatu gabe egon ostean “Kaixo, zelan?” (eta benetan, zelan) esateko deituko.

      Betiko formaltasunak hasi dira: zer moduz, zertan zabiltza orain, ni beti bezala, ez naiz Sanfranetik mugitu, faltan botatzen zaizu euskal eszenan, noizko revival bat... deiaren arrazoia kontatu dion arte.

      Xanti hil dela bart. Kotxe istripua izan omen da.

      Eta Txolok eta bere taldekideek erabaki dute (eta hau aurreko esaldia bota eta segituan esan dio) “Euskal Herri mailako” hainbat artista bildu eta berari eskainitako disko bat grabatzea. Saioa izan omen da lehena deia jasotzen, “noski”.

      Mutu geratu da, blokeatuta. Gorpua oraindik hoztu gabe dagoela omenaldi disko bat prestatzen hasi direla pentsatzeak hotzikara eragin dio.

      No jodas —atera zaio barren-barrenetik.

      Hileta noiz den galdetzea bururatu zaio lehenbizi. Txolok esan dio ez dela halakorik egingo, gorpua familiartean erraustuko dutela. “Horregatik pentsatu dugu diskoarena”.

      Berriz galdetu dio ea diskoan parte hartu nahi duen. Saioak ez daki zer erantzun. Hitz totelka hasi da, lagunak moztu dion arte.

      Ez didazu zertan orain esan. Lasai.

      Barkatuko didazu, Txolo —tunelaren bestaldetik sentitu du bere ahotsa—. Xanti, Xanti da; zerbait egin nahi nuke. Baina ni eta musika...

      Badakit.

      Denboratxo bat hartzen ari nintzen.

      Badakit.

      Badaki.

      Eta hala ere, pentsatzeko eskatu dio berriz. Proiektua aurrera doala, hainbat baiezko jasotzea espero dutela. Berandu baino lehen konbentzituko duenaren segurtasunaz esan dio pentsa dezan, urte askoan jendea enmarronatzen ibili denak duen konfiantza horrek lagunduta, eta Saioari ez zaio gustatu.

      Eskegi aurretik, ordea, ezin izan dio mingainean kateatuta zuen azken galderari eutsi.

      Marari deituko diozue?

      Isiltasuna bestaldean.

      Klik. Badatoz berriz. Ixtear zuen ateko zirrikitutik sartu dira terapeutaren gelan.

      Badakizu ez dela oso rollokoa, baina tira; deitu behar zaio. Mara da. Ezin zaio ez deitu, ezta?

      Sabeleko bulkada garratzari jaramonik ez egiten saiatu da. “Jakina”, eta agur esan gabe eskegi du telefonoa.

      Musika gelan sartu da berriz. Bixerren maketa azken abestian dago jada, erritmo biziko punk pieza. Hemezortzi urteko Saioa oihuka entzuten da gelaren alde banatan dauden bozgorailuetatik, nerabezaroaren laρotasunetik atera nahian, txorikumea arrautza pitzatzen. stop botoiari eman, eta besaulkiaren besoan eseri da, mugikorra bero eskuetan, gorputzari erosotasunik eskaini nahi ez balio bezala.

      Xanti hil da. Herrira itzuli zirenetik ez dute pare bat aldiz besterik elkar ikusi. Ez dute pote bakar bat ere hartu, topo egin zutenetan hurrengo baterako atzeratu baitzuen Saioak plana.