13
Mendira joan da, bakarrik. Ibai lanean dago, eta Jare gurasoekin. Goibel da zerua, heze eta beroa giroa, baina hankak azkenaldiko joan-etorri mekanikoetan baino gehiago mugitzeko gogoa sentitu du aspaldiko partez, eta inguruko basoetan pare bat orduko itzulia egitea erabaki du. Hautatu duen ibilbidea gaztetxearen eremutik igaroz sartzen da herrian, plazan amaituz. Bankuaren talaiara iritsi denean, zerbaitek geldiarazi du.
Banku herdoildua jada ez dago herdoilduta. Izatez, beste banku bat da: berria jarri dute. Auskalo noiz. Antzinakoak burdinazko hanka kiribilduak zituen, barroko samarrak, eta goroldioak estalitako egur iluna. Oraingoa, aldiz, plazan jarri dituzten horien tankerakoa da: altzairuzko hanka zuzen eta zorrotzak ditu, eta egurra argiagoa da. Ordura arte bere jabetzakoa zela uste zuen txoko hartan langile batzuk banku bat iltzatzen imajinatzeak ernegatu egin du ustekabean.
Hotsak entzun ditu behean, eta talaiaren bazterrera gerturatu da. Lau gazte zenbatu ditu gaztetxe atarian, mahai tolesgarri baten inguruan eserita, tartean bere ikasle izandako bi; bat, Eneka. Kartetan ari dira. Eraikinaren barrutik trap musika ateratzen da lotsati; charlestonaren hots erritmiko agudoak naturaren doinu kaotikoagoekin nahasten dira.
— Ea zipaioek jaiak lasai pasatzen uzten diguten, behintzat.
— Aukera badute, kabroi horiek jaien erdian hustuko dute hau.
— A ze nazka, joder. Bihartik aurrera lo-zakua hartu eta hemen gelditu beharko dugu gau eta egun, badaezpada.
Orduan jaso du batek begirada Saioa zelatan dagoen lekura. Ez du ezer esan, ordea, eta jokoan jarraitu dute; eskerrak ez duen ezagutzen. Saioak, hala ere, jaistea erabaki du. Enekak sorpresaz agurtu du irakaslea.
— Kasualitatez pasatu naiz. Denbora gehiegi neraman hemendik agertu gabe.
Gaztetxea barrutik erakutsi dio. Emanaldietarako espazioa aldatu egin da: agertoki altuagoa du orain, eta barra, ezkerraldean beharrean, eskuinaldean dago. Goiko pisuan, antzina lurrean botata zeuden lastairen ordez, lau ohatze jarri dituzte, eta tapaki eta burukoek itxura eroso eta garbia dute.
— Zegoena hobetu duzue, gero!
— Kide zaharragoen lana izan da, ni orain dela gutxi sartu naiz saltsa honetan —Enekak pozik.
Kanpotik, eraikina ez da ia aldatu. Hartz polarrak orekari lanetan jarraitzen du izotz blokearen gainean, sarreraren ezkerraldeko horman. Pintada solte batzuek zikintzen dute irudia, ordea; herriko hormetan ugaritzen ari diren eta Saioak oraindik identifikatu ez dituen logo berriak dira.
— Xantik izan zuen hau margotzeko ideia. Ez du kolorerik galdu.
— Berarekin errepasatu genuen duela pare bat hilabete —Enekak—; gero betikoak etorri dira gainetik zikintzera.
Saioak ez daki zeintzuk diren betiko horiek, eta jakiteak ere sekulako nagia eman dio; ez dio galdetu.
— Bihotzekoa izan omen zen arrazoia.
Saioa hitz egokiak bilatzen ahalegindu da.
— Auto-istripu gehienak bihotzekoengatik direla esaten da. Horrek ez du esan nahi beti hala denik. Gauza asko ezkutatzen dira bihotzeko soil baten atzean.
— Ez dakit nolakoa zen lehen; baina ni gaztetxean ibiltzen hasi naizenetik, behintzat, tipoa arraro xamarra zen.
— Lehen bere lekua zuen. Suposatzen dut, bere belaunaldikoek bizitzan aurrera egin duten bitartean, berak ez duela lortu hemendik irtetea.
— Hala izango da, bai —parez pare jarri zaio—. Bide batez, gauza bat eskatu nahiko nizuke. Jaietan, kuadrillen egunean, Xantiren omenezko gaua antolatuko dugu. Azkena izan daiteke, eraisketaren aurretik. Zu animatuko zinateke gaztetxearen eta Xantiren inguruan hitz egitera?
Saioak betozkoa zimurtu du.
— Ez dut uste pertsona egokiena naizenik.
Enekaren aurpegiak desengainuranzko bidea egin du.
— Nik borrokatu nuen bere garaian honengatik. Orain zuei dagokizue hori egitea, ezta?
— Baina hemengo inork ez zuen Xanti zuk bezain ondo ezagutzen. Eta ez dugu gaztetxean hasieratik egon den beste inoren kontakturik —erantzun du ahots-hari batean.
Saioa pentsakor gelditu da. Ez dio ikasleari minik eman nahi. Eta nolabaiteko erantzukizuna sentitu du hildako lagunarekiko. Baina ez du indarrik.
— Utz iezadazu buelta pare bat ematen.
Gainerakoak agurtu ditu ateratzean. Eneka mahaian eseri da, eta utzitako lekutik heldu diote partidari.
— Bixer —esan zuen emakumeak, ixa behar baino gehiago arrastatuz, begirada aurrean zituen paperetan iltzatuta. Saioak ezin izan zion eutsi emakume horrek taldearen izena lehenbiziko aldiz momentu hartan entzun zuela pentsatzeari—. Ikastolak pasatu digu zuen kanta —esku bietako hatzak elkarrekin gurutzatu eta burua altxatu zuen—. Ondo, ezta?
— Gu behintzat pozik gaude —Patxi izan zen isilunea apurtzen lehena.
Mahai arrauzkara erraldoi batek kentzen zion protagonismoa gela hartan zegoen gainontzeko guztiari. Bixerreko laurak, ekoizle bezala aurkeztu zen tatuajez jositako mutil gaztea, irrati kateko zuzendari gisa aurkeztu zen trajedun emakumea eta musika kazetari gisa aurkeztu zen gizon betaurrekoduna zeuden bertan eserita.
— Irratiak apustu egin nahi du abesti honen alde, eta horrek publizitatea emango dio taldeari —esan zuen kazetari betaurrekodunak.
— Baina kantaren luzerari buruz hitz egin beharko genuke. Lau minutu eta erdi ditu. Hiru minutura laburtzea gomendatuko nizueke. Adibidez, hasierako estrofa sartu aurretik dagoen zati instrumentala kenduz —ekoizleak hatzekin jo zuen eskuan zuen papera.
— Baina hor dago abestiaren leitmotiv-a —bota zuen Markelek, harrituta—. Gitarraren riff-a abestiaren amaieran errepikatu egiten da; melodia hori amaieran bakarrik uzten badugu, jendeak ez dio garrantzirik emango.
Trajedun emakumeari barrea atera zitzaion, azala baino arras ilunagoa zuen makillajea zartatuz.
— Uste nuen abesti baten leitmotiv-a errepikan zegoela —esan zuen inozentzia antzeztu batez—; ez al da horregatik errepikatzen?
— Ahaztu gabe —sartu zen kazetari betaurrekoduna—, lagunok, jada 2013. urtean gaudela eta, tamalez, gitarrak gero eta presentzia txikiagoa duela nazioarteko musika sailkapenetan.
Ainarak ahoa ireki zuen; ez zuen ezer esan, ordea. Errezelo begirada bat partekatu zuen Saioarekin.
— Bestetik... —trajedun emakumeak hatz erakuslea pasatu zuen bere oharretatik— bada estrofan esaldi bat apur bat ezegokia iruditu zaiguna. Ea topatzen dudan... a, bai: “Ustel daitezela hitza usteltzen digutenak”.
— Bortitzegia, ezta? —betaurrekodunak tenkatu zuen orduan irribarrea.
Antzeztua zirudien guztiak. Saioari atera zitzaion hasperena ozenegia izan zen.
— Imajinatzen dut zu zarela letragilea —esan zuen orduan ekoizleak.
— Neu naiz, bai —erantzun zuen, erdeinua kontrolatu ezinik, bere eskuetara begira.
— Tira! Zuek aztertu gauza hauek lasai. Beti duzue gure iradokizunei kasurik ez egiteko aukera; azken batean, iradokizunak besterik ez dira. Gero, noski, guk aztertu beharko genuke ea zuen abestiak bat egiten duen gure irratiaren lerroarekin.
Hortz zuriegiak zituzten denek.
Ilaran atera ziren lau taldekideak. Isilean zeharkatu zuten igogailura zeraman moketadun korridorea. Eraikinean sartu zirenean baino luzeagoa zen orain.
— Beno, joango al gara hondartzara, behintzat honaino etorri izanak zerbaiterako balio izan duela sentitzeko? —Saioak, behin kanpoan zeudela.
— Ez al dugu abestiari buruz hitz egin behar?
— Zer dago hitz egiteko, Patxi?
— Euskal Herriko irratirik entzunena da.
Kotxean sartu ziren.
— Ni bat nator Patxirekin —esan zuen Ainarak atzeko eserlekutik—. Ez badiegu kasurik egiten, Kilometroak-eko abestia egingo dugu, bai, baina historiako abestirik ahaztuena izango da.
— Facebooken kontua zabaltzea geure burua marrazoetara botatzea zela uste zuen horri normala iruditzen zaio orain irrati batek gure sormena baldintzatzea? —Saioari masailak gorritzen joan zitzaizkion galdera egin ahala—. Zer pentsatzen duzu zuk, Markel?
— Niri bost, egia esan.
— Bai, aspaldi da zuri dena bost axola zaizula —leihatila jaitsi zuen, Patxik autoa abiaraztearekin batera—. Hauen eskakizunei men egin nahi badiezue, ahaztu abeslariarekin.
Bilera hartan iradokitako aldaketetatik, abestia laburtzeari zegokiona izan zen Bixerrekoek onartu zuten bakarra, hainbat eztabaida tarteko. Trajedun emakumeak iradokizun gisa aurkeztu zituen horiek, ordea, ez ziren iradokizun hutsak: Kilometroak-erako bi hilabete falta zirenean, herriko ikastolak atzera bota zuen euren abestia.
— Kabroiak! —Ainara bere onetik aterata zegoen.
— Esan nizuen. Aukera handia genuen, eta ihes egiten utzi diogu.
Patxiren tonu paternalistak baretasuna transmititu nahi zuen, baina kontrakoa lortu zuen.
— Ba zer nahi duzue esatea —Saioak—; erdibideko zerbait egin dugu, hein batean eurei kasu eginez, eta beste batean gure printzipioei eutsiz; eta eurek ez dute hitza bete. Ni ez naiz gaizki sentitzen.
— Eta orain, zer? —galdetu zuen Markelek—. Nork egingo du abestia?
Ez zuen inork erantzun. Zurrumurru gehienen harrapari izan ohi zen Patxirengan iltzatu zuten denek begirada. Bateria-joleak bekainak altxatu eta hasperen egin zuen, lokaleko atean bermatuta.
— Ez esan —Saioak aldartea ilundu eta ahotsa jaitsi zuen, esatera zihoanaren kontra balego bezala—. Lorem Ipsum-ek?
Patxik baietz. Ainarak purrustada egin zuen.
— Euskara batere axola ez zaion horrek? Kilometroak-eko abestia? Benetan?
— Horrek, famarengatik, edozer.
Arraroa izan zen hitz horiek Markelen ahotan entzutea. Saioak aurpegira begiratu zionean, ordea, konbentzimenduz esan zituela ohartu zen. Eta ados zegoela harekin.
Zer gehitu jakin gabe gelditu zen. Erraiak estutzen zizkion zerbait sentitu zuen barruan, eta galdera gehiegi.
— Beno —esan zuen azkenean—, datorren larunbatean Gernikan dugun kontzertua da momentu honetan axola duena. Entseatuko dugu ala ez?
Baziren emozio nobleak eta ez nobleak, Saioaren ustetan. Maitasuna edota tristura lehenengoetarikoak ziren, dudarik gabe: misterioa gehitzen zioten hala sentitzen zen edonori. Gorrotoak ere, giza-klasifikazioan normalean behe-behean egonagatik, izaera noblea zuen Saioarentzat: gertatutakoak oso bortitz eta garrantzitsua behar zuen horren sentimendu kutsatu eta iluna garatzera iristeko.
Baina bazeuden izena aipatzea ere merezi ez zuten beste emozio batzuk. Edonor lotsagorritzeko modukoak. Berak ez zion bere buruari sekula sentimendu horien putzuan erortzen utziko. Horregatik ez zion axola behar ea Marak ba ote zekien Bixerrek egin zuela Ikastolen Elkarteak baztertutako abestia. Ez zion axola behar partekatutako denboran elkarrekiko begirune-paktu isil bat sinatu ote zuten ala ez. Ez zion axola behar Mara orain zertan zebilen ere.
Haren oroitzapena itxuraldatu zitzaiola ohartu zen goiz batez. Sare sozialetan partekatzen zituen argazkietakoa bezalakoa irudikatzen zuen orain: boteretsu bezain inpertsonal, irribarretsu bezain bihozgabe. Jada ez zitzaion ernegatzen zenean masailetan agertzen zitzaizkion orban gorri neurrigabe horiekin azaltzen pentsamenduetan; portzelanazkoak ziruditen orain, kolorete geruza distiratsu eta uniforme batek estaliak, marmolean zizelkatutako irribarre izoztu batek puztuta. Jada ez zuen mugimenduan gogoratzen; ile adatsa belarri atzean kakotzen, edo sudurrari zintz egiten, edo Coca-Cola botilari etiketa mantso kentzen. Postura desafiatzaile eta sentsualetan agertzen zitzaion gogamenean, estatiko, bera zen horretatik guztiz urrun.
Patxik albiste hura eman zion unetik, apurka-apurka Mararen berri izaten hasi zen ia egunero. Zela argitaratzear zuen hirugarren diskoaren aurrerapen abestia irratietan bueltaka zebilela; zela arropa marka baten bilduma berrian kolaboratu zuela; zela Donostiako kontzertuaren bigarren data bat ezarri behar izan zuela; zela Instagrameko bere azken argitalpenak, kulero hutsetan agertzen zen horrek, hiru mila “atsegin dut” zituela.
— Jada kaleratu dute Kilometroak-eko abestia —jakinarazi zuen Patxik furgonetan, kontzertu batera bidean—; entzun duzue?
— Uste dut gaur irratia entzun bitartean jarri dutela —esan zuen axolagabe Saioak, leihoa igo eta jaisteko botoiarekin jolastu bitartean.
— Auzo-lotsa apur bat sentitu dut —barre egin zuen Patxik.
— Hitzek ere ez dute zerikusirik Kilometroak-ekin eta! —Ainarak—. Mr. Wonderful gisako kaka auto-motibatzailea, besterik ez.
— Eduki duen denbora gutxian, aurretik sortuta zuen abestiren bat salduko zion Ikastolen Elkarteari ziurrenik —saiatu zen Markel ulerkorra izaten.
— Ze amorru ematen didan errazkeriak, benetan —Patxik—; batzuk hemen gaude, jo eta su, abesti bakoitzari ahalik eta zuku gehien atera nahian, eginez, deseginez eta berreginez, eta ia sosik ikusi gabe. Beste batzuk, aldiz, puzker bat bota, izenburua jarri eta horrekin urrezko egiten dira.
— Lorem Ipsum, Looooorem Ipsum, Lorem-Lorem, Ipsum-Ipsum —Saioak Mara-Mararen abestiaren melodian kokatu zituen hitzak.
Algara betean hasi ziren denak.
— Behin bakarrik entzuna izateko, ederki ikasi duzu melodia, e! —Ainarak.
— Suposatzen dut egunean bertan kontzertua joko duela, ezta? —ez entzunarena egin zuen Saioak.
— Ez dakit. Egindakoaren ondoren ez dut ikustera joateko asmorik —erantzun zuen Markelek.
— Bai zera! Lehen lerroan egon beharko genuke, ikus dezan zer egin digun. Eta abesti bakoitzaren ostean besoak gurutzatuta egon, txalorik egin gabe. Edo Lorem Ipsum dioten kartel batzuekin. Nik zer dakit. Mundiala litzateke.
Saioarengana itzuli zuten burua denek.
— Ez dakit esaten ea burutik jota zauden edo ideia bikaina izan duzun —esan zuen Patxik.
Kilometroak-en egunean Saioa ez zen gaztetxetik atera. Xantirekin gelditu zen. Honek ere, bere hitzetan, ez zuen “ikuskizun lotsagarri horren parte izateko inongo intentziorik”. Ez zuen argitu kontzertuaz ari zen, ala oholtzaren azpian gertatuko zenaz.
Saioak munstro txiki baten erditzaile sentitzen zuen bere burua. Bixerrekoekin eta gaztetxekoekin kartel koloretsuak egiten ibili zen goizean zehar, Lorem Ipsum esaera bueltaka zerabilten isekak idatziz; baina esnatu zenetik ahula zen konbentzimendu hori txikitzen eta txikitzen joan zen, harik eta ezer gehiago egiteko guztiz ezgai sentitu zen arte.
— Zuk lehergailua bota eta gero eskua ezkutatu! —esan zion Markelek.
Taldekoak tematu egin ziren, baina ez zuten lortu Saioa bertatik ateratzea. Dozena bat lagun joan zen azkenean Mara-Mararen kontzertura.
— Ahalegin bera egingo bazenute, sikiera, benetan merezi duten kausen alde borrokatzen! —Xantik esaldi bakarrean irudikatu zuen bere doktrina morala.
Arraro zegoen laguna. Ez zuen gaia atera nahi izan arratsalde guztian zehar. Saioak, ordea, gero eta gehiago edan, mingaina gero eta askeago sentitu zuen: traizioa batetik, lagun ohia bestetik, errazkeria tartean. Xantik moztea erabaki zuen arte:
— Ez dakit zertaz harritzen zaren, Saioa. Gaztetxera lehenbiziko aldiz ekarri zenuenean argi eta garbi ikusi nuen. Jatorra da, baina etxean ikasi du boterea lortzeko buruak zapaltzea albo-kalte bat besterik ez dela. Nolako zura, halako ezpala —trago bat eman zion bere patxaranari, “Kuartel Zahar, beti gazte!” zioen plastikozko edalontzi berrerabilgarrian—. Baina, noski... zuk, beti bezala, uste zenuen sortzez duzun xarma horrekin bera errotik aldatzea lortuko zenuela; eta ezerk baino gehiago amorratzen zaitu hori ez gertatu izanak. Ez al da hala?
Kontzertura joan zirenetatik bospasei itzuli ziren ordu gutxira, kartel erdi apurtuak eskuetan.
Saioak ez zuen gertatu zena jakin nahi izan.
Bixer ez zen negu hartatik bizirik irten. Markel gero eta sarriago agertu ohi zen gaupasaz kontzertuetara; Patxik proiektua eramateko zuen era hertsi eta diziplinatuak gainontzekoak erre zituen; eta Ainara, Bixerrek inoiz dirurik emango ez ziola ohartuta, motibazioa galtzen joan zen apurka-apurka.
Patxik lokalean gaia atera zuenerako, denak zeuden ados. Eztabaida sutsu bat izatetik oso urrun egon zen euren banaketa: afari bat egin zuten Ainararen etxeko lorategian ibilbideari amaiera duina emateko. Bizitakoaz mintzatu, algara egin, bapo jan eta edan.
Saioak, ordea, ezin zuen burutik kendu taldea berak dinamitatu zuelako ideia. Hondorik gabeko edalontzi batetik etengabe edaten ariko balitz bezala sentitzen zen, inoiz ez ase, beti zerbaiten egarri.
Afari hartatik etxera iritsi zenean, aspaldiko partez, ordubetez egin zuen negar, isilean.