Izotz ura
Izotz ura
2023, nobela
248 orrialde
978-84-19570-18-5
Azala: Lander Garro
Lide Hernando Muñoz
1991, Donostia
 
 

 

16

 

 

 

Farola bat. Beste bat. Beste bat. Kadentzia erregularrarekin argiztatzen zuten auto barnea, segidan iluntasunik trinkoenera itzultzeko. Errepikapen horiek gainontzeko ibilgailuetan baino azkarrago gertatzen ziren Jorgeren autoan, bidaia osoa ezkerreko erreitik egiteko ezin zuzenduzko apeta baitzuen.

      Marak argi-ilun horietan jarri zuen gogo guztia, beste ezertan pentsatu beharrik ez izateko. Jorgek, auto barruko itxi usaina askatu asmoz, leihatilak jaitsi, eta haize bolada izoztu batek aurpegian eman zion arte ez zen bere baitatik atera.

      Ez didazu kontatuko zer gertatu zaizun?

      Begirada luzatu zion bateria-joleari.

      Apustu egin dugu hiruron artean —jarraitu zuen—: Idoiak zioen zure antzinako maitale batekin egin duzula topo. Pierrek, familiako norbaitekin. Nik ia-ia arrazoi eman diot Pierreri, ez baitiguzu inoiz ezer kontatu zure familiari buruz. Baina, azkenean, esan dut musikariren batekin izan duzula enkontrua. Azoka honetan zeinekin, bestela? Probabilitate kontua.

      Marak aurrera begiratu zuen orduan, mutu.

      Barkatu. Giroa alaitu nahi nuen, besterik ez. Baina ez baduzu hitz egin nahi, lasai egon. Irratia jar dezaket...

      Zergatik ez dugu Blaitu-ren bideoklipa egin? —moztu zion.

      Ez dakit. Hemen zuk eta Mikelek agintzen duzue; gu mertzenario batzuk besterik ez gara.

      Isilunea.

      Ba bideoklipa egin beharko genuke. Garestia, gainera.

      Nahi duzun moduan; zuk jarriko duzu dirua.

      Gasolina botatzera gelditu ziren. Marak atzerako ispilutik behatu zuen kidearen profila kontraargian, elkarrizketa behar bezala bideratzeko zituen aukerak aztertu bitartean.

      Kontatu dizuet abesti horren istorioa, ezta? —martxan jarri ziren berriz.

      Zer, Kilometroak-ek azken momentuan eskatu zuela?

      Ez dizuet dena kontatu, ordea —jarraitu zuen itsuan—. Kontua da horren aurretik beste talde batek egin behar zuela abestia. Bixer ezagutzen?

      Ez.

      Nire herrikoa zen talde hori ere, noski. Egia esateko, ni ez nintzen oso fama onekoa han bizi nintzenean —isildu egin zen, esandakoa hausnartzeko—. Nolabait esatearren. Baina garai batean izan nuen lagunik. Bixerreko abeslaria zen horietako bat. Berarekin egin dut topo, Jorge.

      Irribarrea jaurti zion bateria-joleari, apustua berak irabazi zuela esan nahiez bezala. Honek beste irribarre batekin erantzun zion, begirada errepidetik kendu gabe.

      Eta hainbat gauzaz ohartu naiz harekin trukatu ditudan lau hitzetan. Bata, aspaldi dela lagunak ez garela. Bestea, ez didala barkatu abestiaren enkargua neuk hartu izana.

      Botatako hitzek airean zein forma hartzen zuten pentsatzen gelditu zen beste lipar batez.

      Eta horrek nolako pertsona den erakutsi dit, bat-batean. Orain arte ez nion orbanik ikusten. Baina ez badu ulertzen nik zergatik eskaini diodan abestia Ikastolen Elkarteari, jaialdirako bi hilabeteren faltan...

      Jorgek isilik entzun zuen guztia, esku bakarra bolantean. Arnasa hartu zuenean sudurzuloek soinu ozena atera zuten.

      Begira, nik neska hori ez dut ezagutzen —bekainak altxatu zituen—. Baina zer nahi duzu esatea; horrela azalduta, uler dezaket berak amorrua sentitzea. Talde txiki-ertain batentzat garrantzitsua izan daiteke horrelako jaialdi baterako abestia sortzea.

      Marak harrituta begiratu zion.

      Deitu al zenion abestia eskatu zizutenean?

      Aspaldi zen ez genuela kontakturik, Jorge.

      Beno, baina laguntzat zenuela esan duzu, ezta?

      “Bai” bat agertu zitzaion pentsamenduan. Ez zuen erantzun.

      Tira, ezta abestia lapurtu diodanik ere! Zuri zure herrian egingo den jaialdi baterako abesti bat eskatuko balizute, horren denbora gutxiren faltan, ez zenieke emango baten bat? Ez nuen beste aukerarik izan!

      Jorgek sotilki egin zuen irri. Hatzak pasatu zituen ezpainetatik.

      Ez zenuen beste aukerarik izan?

 

 

Chaos diskoaren bira bi urtez luzatu zen. Ia ehun kontzertuz osatutako zirkuitu horretatik, bat gordea du golkoan bereziki: zenbait hilabetez Euskal Herritik kanpo ibili ostean, Bilbora itzuli eta Arriaga bete zutenekoa.

      Koristak. Dantzariak. Idoiarentzako isats-pianoa. Ekitaldirako preseski egindako arropak. Argiteria. Den-dena jokatu zuen Marak partida bakarrean. Eta irabazi. Mila pertsonatik gora altxatu ziren aulkietatik txaloka, emanaldia amaitu zenean. Barrenak hutsik sentitzearen bertigoa apaldu zezakeen ezer ezagutu bazuen inoiz, argiak itzali aurreko momentu hori zen, derrigor.

      Diskoak sinatzen ibili zen kontzertuaren ostean ia ordubetez, eskuak min emateraino. Besaulki-patioaren ateetan barrena galtzen zen jende-sugea. Pertsona gutxi falta ziren unean iritsi zen, lagunek inguratuta.

      Zorionak, artista.

      Burua jaso eta, nor zen ikustean, aldartea alaitu zitzaion.

      Beti egin dugu topo horrela, ezta?

      Bai. Beti egon da murru bat gure artean —barre egin zuen Ibaik—; esango nuke ez dugula ia inoiz hitz egin.

      Begirada atzerago bota zuen, berarekin etorritako horiengan arreta jartzeko.

      Lagunekin?

      Bai. Horko hori —beso bat luzatu zuen, betaurrekodun mutil bat seinalatzeko— zure fanik sutsuena da, eta bere urtebetetzeko opari gisa etorri gara denok. Ez da zuregana etortzera ausartzen; baina total, zure diskografia osoa du... Aizu, benetan diotsut, izugarria izan da kontzertua.

      Eskerrik asko.

      Gaztetxean ikusi zintudan azkeneko aldiz, pentsa! Pila bat aldatu zara.

      Kaxen artean begiratzen hasi zen, tentsioa askatzeko.

      Disko bat nahi duzu?

      Binilo bat hobe. Badakizu, Saioa azkenaldian mokofin dabil musika kontuekin eta...

      A. Saioarentzat, orduan?

      Bai! Hauxe —esan zuen kemenez, Chaos seinalatu bitartean.

      Ez duzu nahiago aurreko lanetako bat? Biniloan ditut baita ere...

      Ez zion lan hura saldu nahi. Bertan zegoen Blaitu. Saioari aurpegira burla egitea bezalakoa izango litzateke.

      Gaur jo dituzuen gehienak disko honetakoak dira, ezta? Gainera, gustuko dut Kilometroak-eko abestia.

      Irribarre egin zion, berriz ere. Etsita jaitsi zuen begirada binilora.

      Saioarentzat sinatzen badidazu, mutil-lagunik onena bihurtuko nauzu.

      Errotulagailuaren punta kamutsak biniloaren azala ukitu zuen.

      Saioarentzat, besarkada bat.

      Ba al zegoen besterik esateko, azken finean?

      Eskerrik asko, Mara —eskuetara eman zion billetea. Beroa zuen eskua, izerdituta—. Ea laster elkar ikusten dugun, bai?

      Ea.

 

 

Amaren etxetik atera denean euria ari duela ohartu da. Orban borobil ilunez josia dago lurra; gehitzen doaz, orbanak orbanekin elkartu eta borobilak handitzen. Kalean zehar egin ditu hainbat metro, baina ilea bustitzen hasi zaionean, deseroso, balkoi baten azpian gotortzea erabaki du. Musika antzemanezin bat aditzen da urrunean; euriak ez du inoiz herri honetan ospakizunik geldiarazi, pentsatu du. Egongo al da Saioa bertan? Egia esan, ez daki aspaldion non bizi den ere.

      Euripean dabiltzan ausart bakan horiei begira egin ditu minutuak, noiz atertuko zain. Putzuz putzu saltoka ari den zira horidun neskatoa, eta atzetik kopetilun eta burua mugituz jarraika duen emakumea. Aterkipean, egunkari erdi blaitua eskuan daraman agure izutua, pauso txiki azkarrez mugitzen; ziurrenik parkean patxada ederrean irakurtzen harrapatuko zuen euriak. Azkena erosketarako orgatxoa goraino betea duen emakume heldua izan da; ez darama aterkirik, eta mototsetik ihes egitea mehatxatzen duen ile zuriak arrasto borobil bat egin dio kirol-jertsearen bizkarraldean. Astore markakoa du bi piezatako txandala, arrosa, grisa eta berdea: 30 urte ditu gutxienez. Burumakur doa, ezin argi esan tanten edo bizitzaren pisuarengatik den.

      Duda egin du hasieran, baina hamar metrora duela jarraika hasi zaio Mara.

      Laguntzarik behar? —galdetu dio, emakumea bizkarrez duela.

      Buelta eman eta goitik behera begiratu du, serio.

      Ez, ez dut behar; eskerrik asko.

      Ez zuen espero. Alta, emakumeak ere ez du aurrera jarraitu, begira gelditu zaio. Une hori probestu du.

      Zure semearen laguna nintzen. Ziurrenik ez dizu inoiz niri buruz hitz egin —eztarria garbitu behar izan du—. Barkatu atrebentzia, baina... etxera al zoaz? Utziko al zenidake igotzen?

      Emakumeak erdizka itxi ditu begiak.

      Arraroa dirudi honek, kontziente naiz; baina gauza bat dut berarentzat, eta bertan utzi nahiko nuke.

      Betozkoa zimurtu du orduan andreak, eta ibiltzeari ekin dio. Atea ireki duenean, atzera begiratu du berriz, eta ez du harridura keinurik egin Mara ikustean. Horrek lasaitu egin du.

      Zein pisu da? Utzi laguntzen —esan dio, orgatxoaren azpiko metalezko barrari helduz, sotoak igogailurik ez duela ikusi duenean.

      Ez erantzunik, ez eskerrik. Isilik mantendu da, nahiz, behintzat, laguntzen utzi den. Behin barruan, kolorea galtzen hasitako sofa gorri bat seinalatu du esku hezurtsu batez. Mara hor eseri da, bi eskuak izterren azpian jarrita.

      Erositakoa jaso behar dut —esan eta sukaldea dirudien ate batetik sartu da, orgatxoa arrastaka.

      Blaitutako ilea hatzez orraztu bitartean, ingurua behatu du Marak. Paretetan orban ilunen bat edo beste ageri da. Bata bestearen estiloarekin ez doazen altzari andana dago salan; gehiegi, metro eskaserako. Lurra ere alfonbraz josia dago.

      Hamar bat minutuko kinki-kankaren ostean agertu da berriz emakumea, oraingoan ilea mototsetik aske. Zirudiena baino luzeagoa du. Sofa pareko egurrezko aulkian eseri da.

      Zer zara, lanekoa ala gaztetxekoa?

      Ez bat, ez beste.

      Ez zegoen besterik Xantiren bizitzan. Erakundea aspaldi utzi zuen, eta ziur naiz ez zuela bertatik lagunik mantentzen.

      Marak arnasaldi batez akuilatu ditu pentsamenduak.

      Herrikoa naiz, gaztetan harekin eta gaztetxeko batzuekin ibilitakoa. Baina ez naiz inoiz gaztetxekoa sentitu, ez dakit ulertzen didazun.

      Azalpen horrekin nahikoa ez balitz bezala begiratu dio.

      Fernando Kortabarriaren alaba naiz. Mara.

      Izen-abizenak ahoskatu bitartean begiak amiñi bat ireki zaizkio. Aho-ertza zimurtu du irribarre arraro batean, eta “A” esan du. Orduan gorputza makurtu eta bien artean dagoen salako mahai txikitik zerbait atera du. Zapata kaxa bat. Zabaltzearekin batera hedatu da gelan usaina.

      Nahi?

      Ez, mila esker. Ez dut hori erretzen.

      Nik ere ez, orain arte —esan du, ahoa okertuz—. Xantiren ohe azpian topatu nuen, bera hil ostean logela txukuntzen ari nintzaiola. Bere oroitzapena apurka-apurka erretzen ari naiz orain, egunero, bazkalostean.

      Kaxa beretik zigarro pakete bat atera eta baten eduki guztia hustu du esku ahurrean. Ostean, tabakoaren hiru laurdenak mahai gainera bota eta marihuana kukulu lehor bat desegiten hasi da beste eskuaz.

      Ez dut kaferik prest. Ura nahi baduzu... —sukaldea dagoen lekura zuzendu du besoa.

      Ez, lasai.

      Trakeski bildu du filtrorik gabeko porroa. Marak inoiz ikusitako zupadarik luzeena eman dio, mantso, batek daki Xantiren zein oroitzapen biriketaraino xurgatuz.

      Urteak dira Xanti ez zela hemen bizi, ba al zenekien? Kukulu hauek zaharrak dira, auskalo noiztik dagoen kaxa hau ohe azpian. Nazkatu egin ginen bata besteaz, eta alde egin zuen. Pisu batzuk genituen alokairuan, baina ez zuen diru-iturri horietako bakar bat ere galdu nahi, eta azken egunetan gaztetxean bizi izan zela esango nuke. Begira zertarako balio izan zion aurrezteak —berriz marraztu du irribarre arraro hori.

      Xanti ez da inoiz izan zirudiena, ezta?

      Beste zupada bukaezin bat eman dio porroari, patxadaz. Usain atsegin batek hartu du ingurua.

      Begira —ondoan duen ornamentuz jositako armairua zabaldu du. Album bat hartu eta beregana hurbildu da—. Hamahiru urte zituen hemen.

      Ke artetik agertzen ikusi du Marak azken urteetako kiloen erdia eta urteen herena dituen Xanti hura. Pandero bati eusten dio esku batez. Bestearekin ondoan duen emakumearen gerria inguratzen du, eta musu ematen ari zaio masailean. Ama da, hainbat urte gazteago. Ile beltz eta motza du argazkian, eta aho-keinu arraro batez begiratzen du kamerara, argazkiak zerbait esaten harrapatu izan balu bezala.

      Etxean bakarrik zen halakoa. Kalean, eskolan, lagun artean, inoiz ez. Handik gutxira utzi zion etxean ere halakoa izateari.

      Halakoa, nolakoa?

      Benetakoa —erantzun dio, azkarregi.

      Betazaletan pisua sentitu du Marak. Emakumeak begiak itxi ditu beste zupada batekin.

      Zerbait utzi nahi zenion, ezta? —oroitu da orduan. Buruarekin keinua egin du korridorera—. Bigarren atea.

      Itxi-usain batek egin dio ongietorria. Goteledun pareta laztanduz bilatu du etengailua; kostata topatu du. Heldu batena da logela, baina gaztetasunaren zantzu batzuk gordetzen ditu: hautsez estalitako cd irakurgailu bat, komikiz jositako apal bat, komikiei eusten dien egurrezko amnistiaren ikur bat. Geldi geratu da logelaren sarreran, zer egin ez dakiela. Tenplu bat profanatzen ariko balitz bezala sentitzen da. Ohera gerturatu eta estalki urdin ilunaren gainetik pasatu du eskua; hor eseri da gero. Bere parean gelditzen den idazmahaira zuzendu du begirada. Lau tiradera dituen dorre bat du albo batean.

      Lehena zabaldu du: fakturak eta izaera legaleko paper batzuk diruditenak topatu ditu, erloju bat, ordenagailurako disko gogor bat, pila solte batzuk. Bigarrena gutunazal betez josita dago, bakoitzak data ezberdin bat izkiriatuta. Hirugarrenean disko andana topatu du, originalak kaxetan, pirateatuak zorroetan. Discman bat ere bai. Azkena kolore ezberdinetako jaietako zapiz eta edalontzi berrerabilgarriz betea dago.

      Bigarrenera itzuli da, bihozkada batek eramanda. 2009/10 dioen gutunazala zabaldu du: argazkiak dira. Xanti sasian ibiltzetik itzulitako jai hartakoak. Ia denetan agertzen da: gaztetxe kanpoan, garagardo botila eta kanutoa esku bakarrean, desenfokatuta; gaztetxe barruan, hamar bat pertsonako talde batek tronu batean airera altxatua, tribu horretako errege balitz bezala; komunean Markelekin inozoarena egiten; bera eta beste bi pertsona ilunpetan, atzean Bixer jotzen ari dela. Pertsonarik gabeko argazkiak ere bai; talaiatik ateratako hura bezalakoa, non eraikin osoa ikusten den; edota hartzaren muralarena. Badira ere Saioaren hainbat argazki agertokian; normala litzatekeena baino gehiago. Eta horien artean topatu du, baita ere, Saioak, Xantik era Marak gaztetxe kanpoan ateratako hura.

      Marak herria utzi aurretik ateratakoa. Bere sasia, Xantirenaren guztiz bestelakoa, hasi aurretik izoztutako momentua.

      Begiak hezetu zaizkio, eta sentitu du ezin duela etxera hori gabe itzuli. Sorbaldatik zintzilik duen zorroa ireki eta argazkia gorde du. Beste argazki guztiak gutunazalera itzuli eta txukun utzi ditu tiraderan.

      Hirugarrena zabaldu du orduan, diskoak eta discmana dituen hori. Irekita duen zorroan eskua sartu eta segituan topatu du zilar koloreko Sony markako mp3a. Hamasei urte zituela aurkitu zuen; orain hogeita hamahiru ditu. Denborak aurreko jabearena baino bereagoa egin du tramankulua. Alta, bere jabetzan egon den urte guztietan ez du abesti zerrenda eraldatzeko ausardiarik izan.

      Bi disko-zorroren artean utzi du, ondo ahokatuta. Erori zaizkion malko parea xukatu, zintz egin, eta logelatik atera da.

      Listo, amaitu dut... —hasi da esaten, baina eten egin du jarioa salara iritsi denean.

      Emakumea buruz gora etzanda dago sofan, zurrunga betean; ile zuria kuxinaren gainean zabalduta duen masa gris, berde eta arrosa. Eskuen artean du albuma, lehen erakutsi dion argazkia duen orrialdean irekita. Hautsontzian utzi duen porroari kea dario oraindik. Hara pauso geldoz gerturatu, kanutoa hartu eta itzaltzera joan da. Horren aurretik, ordea, zupada txiki bat eman dio.

      Ke beroak biriketarako bidea egin bitartean arreta Xantiren oroitzapenen batean jartzen saiatu da, baina ez zaio zorroan gordeta duen argazkiko aurpegia besterik agertzen. Berari begira duen aurpegia.