Izotz ura
Izotz ura
2023, nobela
248 orrialde
978-84-19570-18-5
Azala: Lander Garro
Lide Hernando Muρoz
1991, Donostia
 
Izotz ura
2023, nobela
248 orrialde
978-84-19570-18-5
aurkibidea
 

 

11

 

 

 

Bero egiten zuen; gehiegi, Alemania izateko. Saioak albo batera baztertu zuen bertakoek emandako tapaki marruskatua, eta ozen egin zuen hasperen, berunezkoak ziruditen birikak puztuz. Ondokoak zurrunga betean zeuden; ez zirudien gaueko 25 gradu horiek arazo bat zirenik.

      Udara hartan egin zuten lehen europar bira. Urte batzuk zeramatzaten Euskal Herriko plazetan kontzertuak ematen, bazuten zertxobait aurreztuta, eta ortzi-muga berriak behatzeko momentua zela pentsatu zuten. Atzerrian kontzertuak eskaintzeko leku aproposen bila hasi ziren, eta lehen erronda bateko dei eta e-mailek ez zuten apenas fruiturik eman. Etsipenez, Xantiri laguntza eskatzeko ordua zela iradoki zuen Markelek.

      Lau kontzertu lortu zizkien aste pare baten buruan: Lyonen, Parisen, Berlinen eta Friburgon. Saioak, artean Euskal Filologia amaitzeko azken ikasturtea falta zitzaionak, hamar eguneko oporrak eskatu zizkion Josefinari Ilargin, eta aitari urtetik urtera itxura okerragoa zuen Mercedes berdea.

      Xantik ere abagunea aprobetxatu zuen:

      Gazteak, ez al didazue trukean zuekin joaten utziko?

      Friburgon azken geldialdia egin zutenerako, soilik behin ziren dutxatik pasatutakoak. Gasolindegietako sandwich aurrefabrikatuekin sabelak bete, garagardo merkearekin zintzurrak busti eta etxe okupatuetako koltxoi zikin eta meheetan bizkarrak egurtu zituzten egun haietan hainbat lezio ikasi zituzten: garrantzitsuena, indarrak ez direla lehenbiziko gauean ahitu behar. Saioa ahotsa galduz joan zen kontzertutik kontzertura, harik eta, Friburgoko kts gune okupatura iritsi zirenerako, 38ko sukarrarekin gorputz osoa dardarak hartuta izan zuen arte.

      Luzea eta meharra zen ktsko eraikina; antzinako burdinbide enpresaren egoitza izandakoa. Moritz izenez aurkeztu zen gazte batek erakutsi zien espazioa. Zakarrontzitik hartua zirudien amerikana berde kakia zeraman jantzita, ukondoetan partxe bana zituen horietakoa; ile adats luze eta horia, bilo eskaseko bibotea. Saioak Heath Ledger aktorearen antza hartu zion hogei urte baino izango ez zituen mutiko hari. Eraikin luzangak erdian zuen sarrerako atea: ezker aldera bulegoak, liburutegia, egongela eta hitzaldi gela; eskuinera, bertakoentzako logelak, gonbidatuentzako logela eta komuna.

      Ur beroak bi dutxatarako ematen du. Besteok, hotzarekin garbitu beharko duzue; edo bestela, ordubete inguru itxaron. Zuek ikusi! —esan zuen ingeles trakets batean.

      Gonbidatuentzako logelaren pareta oso bat alboz albo kokatutako ohatzeek hartzen zuten: sei goian, sei behean. Leihoak ez zuen pertsianarik. Gutxitan ireki ohi zutela usaindu zuen Saioak.

      Ze guapo, ezta? —esan zuen Ainarak, ohatzeen egurrezko egitura seinalatuz—. Ez dago zentimetrorik margotu gabe!

      Ohatzeen estrukturak, paretak, baita sabaia ere: den-dena zegoen sinaduraz, grafitiz eta marrazkiz josia. Topatu zuten eremu libre bakanetako batean taldearen izena izkiriatu ostean (tarte atsegina pasatu zuten bertan egondako beste euskal taldeenak bilatzen), furgonetatik instrumentu eta anplifikadoreak deskargatzeari ekin zioten.

      Saioa, joan zaitez ohera. Mamu bat dirudizu —esan zion ahapeka Ainarak.

 

 

Kontzertua, birako azkena, ez zen inolaz ere haien erakustaldirik onena izan; baina espazio hartara joateko ohitura zuten hogeitaka alemaniar erok alaitu zuten festa. Erritmo azkarragoa zuten abestietan pogoak egiten zituzten, Saioak mikrofonotik ezer eskatu beharrik gabe. Ez zion ihes egin, gainera, ez zirela soilik mutilak bultzaka hasten zirenak. Abesti geldoagoetan, elkarri besoa sorbaldetatik pasatu eta balantzaka hasten ziren, bortizkeriatik samurtasunera asimilatu ezineko abiadan igaroz.

      Moritz hunkituta joan zitzaion amaitutakoan.

      Ikaragarria izan da! Ez dut tutik ere ulertu, baina oso onak zarete.

      Ez zuten ia diskorik saldu; kontzertuan dena eman bai, baina giro hartan ibiltzen ziren guztiak txiroak omen ziren. Sarreretatik ere, orotara, 225 euro besterik ez zituzten atera. Patxik eman zien bidaia hartako kalkulu ekonomikoen berri aldagelan:

      Lau kontzertuetan irabazitakoa 804 euro izan dira guztira. Gastuak, ordea, 1.264 euro. Bira hau -460 eurotan atera zaigu!

      Eta hori furgonetaren alokairuan eta ostaturen batean aurreztu dugula!

      Hau miseria.

      Beno, ba pentsa dezagun bost pertsonak hamar eguneko bidaia bat egin dugula Europan barrena 460 eurogatik —bota zuen Markelek, festa alaitu asmoz.

      Doako garagardoak eta speed marraren bat tarteko, goizeko hiruretan sartu zen ohean Saioa azkenik; atzetik joan zitzaizkion Patxi eta Xanti, baita azken honen besoetan zeharo hordituta zihoan Markel ere. Ainara Moritzekin desagertzen ikusi ahal izan zuen lotara joan aurretik.

      Pott eginda zegoen; sukarrak astronautena bezalako airerik gabeko pantaila bat eraiki zion. Ohatzetik jaitsi, zapatilak jantzi eta gerriko zorroa hartu zuen.

      Hotzikara sentitu zuen haize bolada batek izerditutako bizkarra zeharkatu zionean. Eraikinaren hesia igaro eta aurrean zuen kale desertuari begira gelditu zitzaion. Hiriaren kanpoaldea izanik, ez zegoen farolarik ere piztuta. Hiriguneko argien aureola formako kontaminazioa behatu zuen ezker aldean, trenbidearen bestaldean. Zorrotik tabakoa eta haxix harria eskuetan hartu, eta pasierari ekin zion.

      Ei —entzun zuen handik ordu erdira, porroa amaitzear, ktsra itzultzen hasia zela.

      Hotsa etorri zen lekura begiratu zuen. Espaloian eseritako itzal bat besterik ez zuen ikusi. Aurrera jarraitu zuen. Zerbait galdetu zion alemanez.

      Ez dut ulertzen —atera zitzaion Saioari euskaraz.

      Tobacco? —galdetu zion orduan. Itzala handitzen joan zen, metro laurogeiak gainditzeraino.

      Saioak bere hatzetan zuen kanutoaren zuztarra behatu eta, gezurrik esan ezin zuela ohartuta, tabako poltsa atera, eta puska bat hartu zuen, parekoaren esku ahurrean uzteko. Zikinkeriak belztutako azala antzeman ahal izan zuen argi-itzalen artean. Filtro paketea hartu, ireki eta bat eman zion. Parekoa apur bat gehiago gerturatu zitzaion. Saioak pauso bat eman zuen atzera; oraindik papera falta zitzaion, eta ez zuen zorroan topatzen. Bere hatsa senti zezakeen kopetan.

      Topatu zuen paper-liburuxka, azkenean.

      Danke. You are beautiful —hortz marroiak erakutsi zizkion, ezpain zartatuek mugatutako irribarre batean.

      Saioak “agur” iheskor bat ahoskatu eta bidean jarraitu zuen pauso arinez.

      Punpaka zuen bihotza. Oinkada gero eta luzeagoak ematen hasi zen. Karreterako ispilu ganbil horietako bat bistaratu zuen aurrean, eta ezin izan zion ekidin: begirada altxatu zuen. Beregandik metro batzuetara zihoan itzala, lasai oinez.

      Mugikorra hartu zuen zorrotik. Xantiri egin zion lehen deia; itzalita zuen. Gainontzeko taldekideei deitzera zihoan, baina, hobeto pentsatuta, ez zuen sermoirik jaso nahi sukarrarekin logelatik ateratzeagatik. Ibairi deitu zion orduan; euren arteko harremanak etengabeko joan-etorrian jarraitzen zuen, baina lasaigarria egingo zitzaion haren ahotsa entzutea. Zortzi aldiz eman zuen tonua, isildu zen arte. Aurrera jarraitu zuen; ez begiratu atzera, ez begiratu atzera. Bere pausoek ez zioten atzetik zetorrenaren pausoak entzuten uzten; baina ezin zuen gelditu.

      Mugikorraren agendari errepasoa eman zion. Izen batean gelditu zen, dudatan. Lau hizki horiek ikustean sentitu zuen lasaitasuna nahikoa seinale argitzat hartu zuen.

      Bi tonu igarota hartu zion, bere harridurarako.

      Saioa? —garbi sumatu zuen haren ahotsa, inolaz ere lozorro batetik bortxaz aterata. Dei horren zain balego bezala.

      Ez zintudan esna espero goizeko bostetan.

      Gutxiago espero nuen nik zuk ordu hauetan deitzea, horrenbeste denbora pasatu ondoren. Zenbat... hiru urte?

      Eternitate bat —mugikorrari eusten zion eskuko hatz txikia miazkatu zuen.

      Ondo zaude?

      Bai, beno... —karranpak sumatzen hasia zen hanketan—. Bakarrik noa oinez, eta konpainia apur bat behar nuen.

      Hara, ni ere lo egin ezinik. Non zaude?

      Friburgon. Zorriz betetako etxe okupatu batean, Bixerrekin. Jotzera etorri gara. Zu?

      Madrilen. Lau izarreko hotel batean, bakar-bakarrik. Jotzera ni ere.

      Bakarrik joko al duzu?

      Ez, hemengo dj batekin. Bihar ezagutuko dugu elkar; entsegu bat, eta ring-era. Azoka batean egongo naiz, programatzaileen aurrean lauzpabost abesti jotzen.

      Eta zer ari zara esna? Ahotsa galduko duzu ez baduzu lorik egiten.

      Hara bestea; kamioilari batek irentsi zaituela ematen du!

      Barreak ihes egin zion. Ohartu zen jada ez ziola beldurrik ematen atzera begiratzeak, eta burua biratu zuen. Itzala desagertua zen dagoeneko. Pausoa moteldu zuen urrunean ktsren eraikina ikusi zuenean.

      Beraz, bihar marrazo batzuen aurrean abestuko duzu ezagutzen ez duzun tipo batekin, feriako tximu batek bezala?

      Primavera Sound, bbk Live edo Arenal Sound bezalako jaialdietan jotzeko sarbidea lor dezaket, dena ondo irteten bada.

      Xantik entzungo bazintu...

      Irria ahoan sumatu zuen laguna hariaren bestaldean, nahiz ez zuen erantzun.

      Beti izan gara oso ezberdinak, nik hori ikusi nahi izan ez dudan arren.

      Ez —zuzendu zion Marak—; ni izan naiz betidanik zuengandik ezberdina.

      Eta hala ere... nork esango luke biok hau egiten amaituko genuenik?

      Zorionekoak gara.

      Zuk uste? Nik ez dut lan eta lan besterik egiten, trukean sosik ez jasotzeko.

      Marak orduan ere ez zuen erantzun. Saioak bazekien hura ez zela bere kasua.

      Badakizu zure bila joan nintzela geltokira? —aitortu zion.

      Buruko minak goraka egin zion; eztarria puztuta sentitzen zuen. ktsko hesia igaro eta kolpe batekin itxi zuen.

      Salbu zen.

      Eskerrak aldatu naizen —arnasa hartzen entzun zuen—. Ez zaude nitaz harro horregatik, behintzat?

      Mara haurraren hitzak izan ziren seinaleak itzulitakoak. Begiak itxi eta masail puztuko neskato hura agertu zitzaion Saioari. Zeloz itsatsitako irribarrea zuen neskatoa, Takoloren aurrean belauniko, eskuak errezo moduan batuta sudurraren altueran. Beti onespenaren eske.

      Bai. Harro nago.

 

 

Hondo urdin argia du, komikietako zeruaren kolorea bezalakoa. Sorbaldetatik gora ageri da enkoadraketan; biluzik dagoela dirudi. Apur bat eskuinera biratua du gorputza. Begirada ere ihespuntu hartarantz zuzendua duela imajinatzen du Saioak, baina ez daki ziur; zapi arrosa batek estaltzen baitizkio begiak. Satinezkoa dirudi distira horrek. Buruaren atzealdean lotuta egon ordez, atzeraka hegan ateratzen dira zapiaren bi muturrak, haize bolada batek hegaldatu eta ehuna bere aurpegian kakotu balitz bezala, begiak era natural bezain perfektuan estaliz. Zapiak hitzok ditu hari zuriz brodatuta: Mara-Mara. Konposizioaren behealdean, bere lepauztai irten eta biluzien artean, tatuaje baten gisan ageri da diskoaren izenburua: Chaos. Hondo urdina errotulagailu beltzez idatzitako hitz batzuek estaltzen dute: Saioarentzat, besarkada bat. Beherago, Mara Kortabarriaren sinadura.

      Kartoizko kaxan jarraitzen du binilo bikoitzak, gainontzean dagoeneko guztiz txukunduta dagoen musika gelan. Apalategiaren ondoan dago kaxa, albo batean eta erdi ezkutuan, Ibaik galdera deserosorik egin ez diezaion. Etxea garbitu duten bakoitzean kaxari begira gelditu zaio, momentu egokia ote den galdetuz bere buruari. Sinplea, zinez: biniloa eskuarekin hartu, apalategiaren ondoan dagoen egurrezko eskailera zabaldu, igo, euskal taldeen lanak dauden apalean kokatu, jaitsi, kartoizko kaxa tolestu eta kontainer urdinera eraman.

      Zerbaitek, alta, ez dio uzten hori egiten.

      Ibaik oparitu zion biniloa gabonetan, duela urte batzuk, Hernanin bizi zirela. Inuzentea zirudien opariak. Papera apurtu eta bere antzinako lagunaren aurpegia portada hartan ikustean, ordea, ez zuen mutil-lagunak espero zezakeen erreakzioa izan.

      Mara-Mararen kontzertu batera joan zara?

 

 

Ahots mezua bidali dio, bigarren deia hartu ez dionean. Saioak hasperen batez eman dio play botoiari, Jarerekin Fnac-en erositako puzzlea osatzen ari den bitartean.

      “Ea, lurra Saioari deitzen!”. Maiderren txilioak belarriko mina eman dio. Bolumena jaitsi du. “Herrira etorri naiz gurasoekin bazkaltzera. Berriz atera didate haurraren gaia, zuk uste duzu normala dela? Buruko ile guztiak errotik ateratzekotan egon naiz! Barrenak hustu behar ditut, eta badakit hemen zaudela. Bostetan plazan, txikitan bezala? Zuk eraman pipak, eta nik amaren makillajea, kar, kar. Esango didazu!”.

      Ezetz esatekotan egon da. Gauza gutxik ematen diote Maiderren gorabehera eta lezioak entzuteak baino nagikeria handiagoa, baina azken egunetan Ibai, Jare eta gurasoekin osatutako zirkulu hertsitik askatzeko ordua ere badela sentitzen du. Ezin izan du Jare inorekin utzi, ordea, eta berarekin eraman du.

      Banku batean eserita topatu du, azkenekoz ikusi zuenean baino argalago; kirola egiten hasi dela nabari zaio.

      Jesse oso kirolaria da, eta kutsatu egin nau —Saioak ez daki Jesse nor den. Gaizki sentitu da—. Ezin berdina esan zuregatik, baina; azal kolorea ere galdu duzu!

      Parke ondoko tabernako terrazan eseri dira, Jarek jolas dezan.

      Duela zazpi hilabete edo ezagutu nuen —Saioak suposatu du Jesse horri buruz ari dela—. Enpresak Finlandiara eraman ninduen bezero potentzial batzuekin batzartzera. Bezeroaren ordezkaria zen Jesse. Tratua itxi ostean afaltzera gonbidatu ninduen; ordutik gaur arte!

      Bi kaρa eskatu dituzte.

      Duela hilabete etorri zen hona. Elkarrekin bizitzen probatu nahi dugu, ea zer gertatzen den. Lehenbizi hemen, eta gero, nork daki non!

      Saioak konplitze hutsagatik egin du irri, eta topa egin dute.

      Eta zu zer? Oporretan egongo zara dagoeneko, ezta?

      Atzotik; a zer lasaitua. Aurtengoak kabroi hutsak izan dira.

      Ez dago nerabe kabroi bat baino gauza okerragorik, e?

      Nik oraindik ez dut topatu, behintzat —zurrut txikia hartu dio kaρari—. Gu ere halakoak izango ginen, ziurrenik.

      Apustu egingo nuke baietz.

      Entzun duzu gaztetxea bota egin behar dutela?

      Maiderrek hontz baten pare zabaldu ditu begiak.

      Ez esan? Lehenbizi Xanti hil, eta gero gaztetxea bota. Herria pikutara doa.

      Zeharo.

      Biziki hunkitu ninduen haren heriotzaren albisteak. Zu ere, imajinatzen dut. Zuen arteko harremana bereziki estua zen —eskua berearen gainean pausatu du.

      Beno, azkenaldian ez horrenbeste —parkera zuzendu du begirada, Jare nondik dabilen jakin nahian. Hiru haurrekin berriketan topatu du dorre baten gainean—. Hernanitik itzuli ginenetik pare bat alditan besterik ez dugu topo egin.

      Entzun dut azken urteetan ez zebilela oso fin —edatearen keinua egin du eskuarekin.

      Saioak ez du ezer gehitzeko indarrik izan. Zenbat denboraz eutsi behar zaio hitzordu bati, besteak tarte laburregia izan dela pentsa ez dezan?

      Hirugarren aldiz “eta ez duzu ezer gehiago kontatzeko?” galdetu dionean, gaia ateratzea erabaki du.

      Xantiren taldekideek deitu zidaten, haren omenezko disko bat grabatzekotan dabiltzala eta. A change is gonna come abestuko dut Mararekin.

      Xantiren itzuleran abestu zenuten hura?

      Baietz egin du buruaz. Maiderrek berriz jarri du harridura aurpegia.

      Honek ez du esan nahi musikara itzuliko naizenik —argitzeko beharra sentitu du—. Abesti hau grabatuko dut, Xantirengatik, eta kito.

      Eta Mara? Ene, hori ere urteak ez dudala ikusten! Gogoa izango duzu berarekin elkartzeko, ezta?

      Saioak ez daki zer esan. Gogoa du? Azken egunotan gehiegi egin du atzera, euren arteko harremanean heldulekurik gelditzen ote zitzaion argitu nahian. Lokatzez betetako putzu bat besterik ez du topatu.

      Neska gaixoa, ez zuen batere ondo pasatu gure ikasgelan —jarraitu du besteak—. Hori gaur egun gertatuko balitz, bullying kasua kilometro bateko distantziatik ikusiko lukete.

      Zure zorroztasunak liluratu egiten nau, Maider.

      Zer?

      Benetan ez zinen konturatzen Marari bullying-a egiten zeniotela?

      Barnean hazka egin dio bigarren pertsonaren plurala erabiltzeak. Maiderrek purrustada egin eta zaplada bat eman dio bere izterrari.

      Edonola ere, gero aldatu egin zen. Musikak lagundu zion bereganako ziurtasuna eraikitzen, akaso.

      Bai. Eta paradoxikoa bada ere, nahiago nuen ikastolako Mara bakartia, ostean bihurtu den beste zera hori baino.

      Ikastolan zuk esaten zenuen guztiari men egiten ziolako, hara bestea!

      Elkarri begira gelditu dira. Saioak ez dio probokazioari erantzuteko plazera eman nahi.

      Azkenaldian guztiek esan didate zerbait zure aldarte aldaketari buruz.

      Ez zaiola ezer gertatzen esatea izan da bere lehenengo erreakzioa. Ez zaio ezer atera, ordea.

      Zergatik utzi zenuen musika?

      Isilik gelditu da hasieran. Maiderrek azken tragoa eman dio bere garagardoari, lasai, begi berdeak lagunari begira.

      Orduan hasi da. Loturarik gabeko gertakariak trakeski deskribatutako sentsazioekin joan dira harilkatzen, adabakiz osatutako collage-narrazio bat osatu arte. Noizean behin tartea hartu du epeltzen hasitako garagardoari trago bat emateko. Maider arduragabetasun sotil batez eduki du begira bitartean, burua ukabilean bermatuta, txintik ere esan gabe. Barreari eusten saiatu dela ere iruditu zaio tarteka.

      Ea ondo ulertu dudan —esan du, eskuetako hatzak mahai gainean gurutzatuz—. Bizitzan gehien gustuko zenuen hori egiteari utzi zenion, duela bost urte Ibaik adarrak jarri zizkizulako Mararekin?

      Ai ama, Maider —aulkiari ostikoa jo dio zutitzean; eskua iletik pasatu du—. Ez duzu ezertxo ere ulertu.