15
— Nola esan duzu deitzen dela? —txiskeroarekin jolasean ari zen Xanti, aulki tolesgarriarekin balantza eginez.
— Oraingoz, Armiarma Zuriak. Baina zure iritzia jakin nahi nuen.
— Zergatik Armiarma Zuriak?
— Ez dakit, egia esan. Egiten dugun horretatik aldentzen den zerbait iradokitzen duelako, agian. Nahasmen joko hori gustuko dut.
— Zer egiten duzue, ba?
— Rocka jazzarekin uztartu. Rock psikodelikotik ere badu.
— Moderneoak jo zaitu zu ere, ala?
Saioak ez entzunarena egin zuen.
— Gitarra-jolea aurkeztu behar dizut; Joanes du izena. Ez dakizu zein ona den; Musikenen ikasten ari da.
Xantik bekainak zimurtuta begiratu zion, aulkiarekin aurrera eta atzera, aurrera eta atzera.
— Izenak ez nau gehiegi konbentzitzen —esan zuen orduan, balantza geldituz—. Baina ez zait besterik bururatzen.
— Joder, gaitasuna galtzen ari zara, gero!
— Eta ez horretan bakarrik! —aulkitik altxatu eta garagardo botila hutsa eskuetatik kendu zion Saioari—. Tira, goazen barrura, ez garela berriketan aritzera etorri.
Pankarta zuriak lurraren zabalera ia osoa hartzen zuen. Margo beltzez eta gorriz betetako balde bana zeuden plastikoaren ertzetako batean. Xantik zerbait hartu zuen barratik, eta Saioarengana hurbildu zen. Karratu formako kartoizko zorro bat zen.
— Aurreko ekitaldiaren antolatzaile izan zen Txolo gogoratzen? Berarekin eta Bilboko beste lagun batzuekin sortu dudan talde berriaren maketa da hau. Ea gustuko duzun.
— Mr. Popper?
Xantik baietz egin zuen buruaz.
— Eskerrik asko! —Saioak maketa motxilan gorde, eta margo-baldeetara zuzendu zuen hatz erakuslea—. Nahasketa egina dago?
— Bai. Gero eta okerrago ateratzen zait, egia esan. Hemendik aurrera Hendaian eskatuko dut plastikoa. Denek bertako tipo bati eskatzen omen diote.
Xantik sabaian zegoen proiektorea piztu eta irudia plastiko zuriaren gainean jarri zuen.
— Hara, teknologia berriak! —esan zuen Saioak.
— Denbora da ez zarela hemendik pasatu.
— Eta besteak?
Lagunaren ziriari sorgor, zeloarekin inguratutako kotoi zati bat hartu eta, margo beltzarekin, proiektoreak islatutako hitzen ingerada errepasatzen hasi zen.
— Zein beste? —esan zuen Xantik marmarka—. Markel Iruρean, Patxi Mexikon; Ainara, Alaitz eta hauek Gasteizen... hemen ez da inor gelditzen. Denek egin dute alde zulo honetatik.
— Belaunaldi berri bat etorri da, ezta?
— Bai, baina norbaitek pasatu beharko die lekukoa eta gauzak nola egiten diren irakatsi. Ba hortxe dago Xanti inozoa, bestela inork egingo ez lukeena egiten.
Saioak letrak margotzen jarraitu zuen isilean. Laguna etsikor jartzen zenean, ez zegoen zer egiterik.
— Zu zer moduz Hernanin? —galdetu zion Xantik orduan.
— Ohitzen. Nerabeak zalapartariagoak dira, kosta egiten da saioak ongi ematea. Baina Ibai oso gustura dago.
— Mugimendua indartsu dago, gainera.
Saioak sakon hartu zuen arnasa.
— Uztea erabaki dut. Institutuarekin eta musikarekin, ez dut tarterik ezer gehiago egiteko. Ibairekin egoteko apenas dudan denborarik.
Uste baino hobea izan zen Xantiren erreakzioa, albiste hori espero balu bezala.
— Uste dut badaudela gure herria eta bertako gazteak defendatzeko beste modu batzuk, militantziatik kanpo —aurreratu zen Saioa—. Jaietan kontzertu eta jokoak antolatu eta txosnak kudeatu, eta urtean zehar manifak babestu eta ekintza zuzenak egitea ongi dago, baina ahaztu egiten da hortik at egiten den guztia. Adibidez, Euskal Herrian gaur egun dagoen giroarekin, musika euskara hutsean egiten jarraitzea, jada, bada ekintza politikoa.
Xantiri barrea atera zitzaion.
— Jakina, bai —eskua pasatu zuen masailetik; orban gorria utzi zion horrek—. Presoak Euskal Herrira ekartzeko dirua biltzeko ekitaldirik handienean talde batek bi mila euro kobratu nahi izatea ekintza politikoa ere bada, ezta? Euskara hutsean egiten den bitartean...
— Zertaz ari zara?
— Begira, egia esango dizut —lurrera bota zuen kotoia—. Asko poztu nintzen Bixer desegingo zela jakitean. Hasieran gauzak ganoraz egiten zenituzten. Baina urteek aurrera egin ahala, marrazo haragijale bat gehiago bihurtu zineten. Bai, zuek kritikatzen zenituzten horiek bezala. Mararekin gora eta behera... gutxienez berak argi utzi zuen printzipio falta hasieratik!
— Ados. Ba goazen denok Marak bezala egitera. Utz ditzagun hasieratik printzipioak alde batera, eta egin dezagun negozio hutsa musikarekin. Garrantzitsuena zure ideiekin koherentzia mantentzea da, ideia horiek edozein direlarik ere, ezta?
— Ez hasi orain moralkeriekin, Saioa —aurpegia apur bat baretu zitzaion—. Ez zenuten herririk salbatuko zuen proiektu horrekin. Egiten zenuten guztia zuentzat zen, eta kito.
— Nor, eta zeu moralkeriaz hizketan?
Berak ere kotoia lurrera erortzen utzi eta biderik mingarriena hautatu zuen.
— Zuk herriarengatik egiten duzun guztia ez al duzu berez zuregatik egiten? Ez duzu ikasketarik ez duzulako nahi izan, eta jardunaldi erdian zabiltza zure aitarena izandako enpresan entxufatuta. Bide batez, zure aita hil zenean bere hiru pisu jaso zenituzten oinordetzan amak eta zuk, alokairuan dituzuenak. Badaezpada ez duzu hori inoiz kontatu, baina denok dakigun zerbait da. Eta gainera zure amak ez zaitu jasaten, marroi politikoetan sartuta ibili zaren urte guztietan zuregatik ordaindu behar izan duen dirutzagatik. Egoera horretan, nik ere bilatuko nuke barkamena lau pareta ustel hauetan, eta hona datozen guztiei pankartak nola margotu behar diren irakatsi. Horrela baliotsu sentitzen zara, ezta?
Zerbait borborka sentitu zuen barrenean. Ez zekien boterea zen, edo beldurra.
Ohartu zen, harrituta, biek zapore berdina zutela.
— Joan zaitez. Amaituko dut nik —esan zuen Xantik, makurtu eta botatako kotoi zatia hartu bitartean.
Saioak geldi jarraitu zuen hari begira. “epaiketa politikorik” hitzen ondoan falta zen “ez” margotzen ikusi zuen, buelta eman aurretik.
— Zorte on talde berri moderno horrekin —entzun zion atzetik esaten.
Armiarma Zuriak-en lehen diskoaren sorkuntza prozesua ez zen batere erraza izan. Joanesek alor artistikoaz zituen ideiek sarritan talka egiten zuten Saioarenekin. Beratarraren izaerak ere ez zuen laguntzen: goi-mailako musika ikasketak egiten ari den eta inoiz proiekturik aurrera atera ez duenaren ego puztua zuen, egingo zuten horrek euskal eszena erabat eraldatuko zuela uste zuenarena.
Ibaik aurkeztu zion Joanes. Lankide baten anaia txikia zen, eta egun batez bulegoan Saioari eta bere musika ibilbideari buruz hizketan ari zirela atera omen zen gaia. Bixer desegin eta, Ibairen lanarengatik, Hernanira lekualdatu behar izan zutenetik umore ilun batean murgilduta zegoen neska-lagunari faborea itzuli nahian, afari bat antolatu zuen Ibaik euren etxe berrian, eta lankidea eta Joanes gonbidatu.
— Zer iruditu? —galdetu zion Ibaik bi anaiek etxea utzi zutenean.
— Beno —indarrez igurtzi zuen espartzua labeko erretiluaren kontra—. Nik musika egin nahi dut, ez inori pixoihala aldatzen ibili.
— Tipo hau friki hutsa da. Hemeretzi urte ditu, bai. Baina badakizu zenbat ikasiko duzuen elkarrengandik? —gerturatu eta musu eman zion masailean—. Ikusi besterik ez zegoen nola begiratzen zenion harmoniei eta zeuon gauza arraro horiei buruz hitz egiten zuenean.
Handik pare bat egunera deitu zion Joanesek. Arratsalde batekin nahikoa izan zuten proiektua martxan jartzeko.
Eztabaida eta entsegu amaigabeen ostean, lortu zuten batasun eta identitate bat zuten zortzi abestiz osatutako lana konposatzea. Joanesen inguruko hainbat lagunekin banda osatu, eta Madrilgo estudio batean grabatu zituzten abestiak. 2016. urte hasieran atera zuten Agur, Atlantida.
— Banekien! —esan zuen Joanesek, paparra puztuta, Zarata aldizkariko kritika irakurri zuenean—. Zerbait berezia egin dugu, Saioa.
Gutxitan galtzen zuen pazientzia Ibaik. Euren arteko harreman eternalaren hastapenetan izan zuten gorabeherarik, hasiberria eta gaztea den bikote batek izan ditzakeen eran: gauzak hitz egin behar direnean hitz egin ez, batak besteak baino serioago hartu harremana, ostean egoera irauli... Lehenengo bi urteetan Saioak pare bat abentura izan zituen, Maiderrek ez beste inork ezagutu ez zituenak; eta, inoiz hitz egin ez zuten arren, bazekien Ibaik beste hainbeste egin zuela. Baina euren artekoa formaltzat hartu zutenetik, ez zuten krisialdi dei zitekeen ezer pairatu; nahiz Saioa kontziente izan egoera zailen aurrean bere onetik atera ohi zena bera zela.
Horregatik harritu zuen horrenbeste arratsalde hartakoak.
Ibai berandu iritsi zen lanetik. Etxean sartu zenerako, Saioak denbora zeraman sofan ezer egin gabe.
— Zer berri, maitea?
Hernanira mugitu zirenetik zuzentzen zitzaion horrela, Saioari asko gustatu ez arren.
— Hementxe. Zein ergela naizen hausnartzen.
Ondoan eseri zitzaion, ordenagailu eramangarriaren zorroa alboan utzita.
— Irratitik deitu didate. Goizetako kultur saioan bigarren aurkezle izateko —esan zuen mekanikoki, begirada pareko hormatik askatu gabe.
— Hara, zorionak! —sorbaldatik pasatu zion besoa—. Ez da lanaldi osoa izango, baina horrekin eta musikarekin institutua utz zenezake eta beti amestu duzuna egin, ezta?
— Ezetz esan dut.
Burua Ibairengana biratu zuen. Honek harriduraz begiratzen zion.
— Ez diozu sikiera buelta bat emango?
— Hasieran hori pentsatu dut —sofatik jaiki zen—. Baina gero gogoratu naiz huraxe izan zela gure Kilometroak-eko abestiaren kontuarekin nahastuta egon zen irratia, eta pentsatu dut: joko horretan sartuko naiz ni ere?
— Urteak dira hori gertatu zela, ahaztua zenuela uste nuen.
— Ahaztua nuen, gaur deitu didaten arte. Zer gertatzen da nire printzipioekin, nire koherentziarekin?
— Printzipioak? Zuk uste duzu igogailuak egitea nire printzipioekin bat datorrela? Uste duzu sedentarismoa sustatzea zela nire helburua, hemen hartu nindutenean? Eta zure kasuan, berdin: kultura sustatuko zenuke, eta zure musikaz bizi, betidanik nahi izan duzun bezala.
— Zuk ez duzu ulertzen. Ni ezaguna naiz. Egiten dudan edozein gauza gaitzetsiko du jendeak; are gehiago, behin bizkarra eman zidan horren eskuari musu emango diodanean.
— Ez diozu bere eskuari musu emango; harentzat egingo duzu lan.
— Zein ezberdintasun dago?
Uste baino ozenago esan zuen. Mugikorra hartu eta artikulu bat zabaldu zuen, Ibairi erakusteko.
— Horrelako pertsonekin egingo dut topo —esan zion.
Berria-koa zen testua. Elkarrizketa bat. Argazki batek koroatzen zuen orrialdea; kamerari so zegoen, hortzak agerian uzten zituen irribarre batez, ile motza arrosaz tindatua. Kale-argi baten zutoinera bermatua zuen beso bateko ukondoa, eskua ilean pausatuta. Argazkiaren barrenean zetorren izenburua: “Herria bullyingarengatik utzi behar izan nuen”.
Ibai mutu gelditu zen pantailari begira.
— Nik nola egingo nioke elkarrizketa bat neska honi, eskatuko balidate? —ahotsak dardara egin zion.
— Neska honi? —begirada jaso zuen pantailatik, ahotsa bare—. Orain ez du izenik ere? Bestalde: ez al da egia izenburuak dioena?
Mugikorra itzuli zion. Eskuekin heldu zion aurpegia.
— Inoiz Marari elkarrizketa bat egiteko aukera izango duzulako egin diozu uko lanpostu bati? —galdetu zion, hitz bakoitza neurtuz, esaten ari zena sinetsi ezingo balu bezala.
Saioak ez zuen erantzuteko indarrik izan. Lurrera erortzen utzi zituen begiak.
— Aski da —Ibaik eskuak askatu eta zaplada bat eman zuen bere izterren kontra—. Hau ez da osasuntsua. Lehen ez zinen horrelakoa, badakizu?
Ilea igurtzi zuen, sudurra hazkatu.
— Lehen segurtasuna transmititzen zenuen. Emandako pauso bakoitzaz harro zeunden. Ez dakit ohartzen zinen, baina jende askok miresten zintuen. Orain, ordea... badakizu obsesionatuta zaudela, ezta?
— Zerekin obsesionatuta?
— Zerekin izango da? —egin zuen oihu—. Hasieran ez nuen serioegi hartu. Banekien lagunak izandakoak zinetela, eta azken boladan harremana galdua zenutela. Banekien Bixerrekoen artean ez zenutela bere ibilbide musikala begi onez ikusten. Ditxosozko binilo hori oparitu nizunean zerbait pentsatu nuen, baina tira.
Saioak ezetz egin zuen buruaz, gartsu.
— Psikologoarenera joan beharko zenuke. Ez naiz brometan ari.
Saioa alfonbrari begira zegoen, sorgor.
— Haize pixka bat behar dut —esan zuen orduan Ibaik—, uste dut kalean afalduko dudala gaur.
Iritsi bezala atera zen etxetik; jaka ere ez zuen erantzi. Saioak segundo batzuk gehiago iraun zuen alfonbraren ertzari begira, matraileko giharrak gogortuta. Ondoren, Ibaik sofan utzitako ordenagailu eramangarria eskuen artean emeki hartu, eta salako mahaiaren gainean utzi zuen. Sofan etzan eta mantarekin estali zen.
— Prest? —esan dio Ibaik, komunetik atera denean.
Bolada batez kontzientziaz egin ez duen zerbait egin du: komuneko ispiluan tartetxo batez aritu da bere isla aztertzen. Zimur berriak topatu ditu, lehertzen saiatu den puntutxo beltzen bat.
Ibaik eskutik helduta du Jare. Aske duen hatzaz, sudurretik zintzilik dituen mukiak harrapatzen ari da alaba. Kasketa izan berri du aitarekin, duela hilabete batzuk albo batera utzitako paseorako aulkitxoan atera nahi izan duelako berriz, oinez beharrean.
Mukizapiaz haren muturra garbitu, eta buruarekin keinu eginez adierazi dio Ibairi prest dagoela. Elkarrekin atera dira hirurak etxetik.
— Ez zaude oso hiztun —esan dio Ibaik.
— Urduri nago.
Egia esan, apur bat haserre dago, baina ez dio aitortu nahi; zertarako. Bezperan, etxera igotzerakoan, musika gelan sartu zen bere entzungailuak gordetzera, eta ezberdin sumatu zuen zerbait. Segundo batzuk igaro arte ez zen ohartu zer zen: kartoizko kaxa desagertua zen apalategiaren ondotik. Egurrezko eskailera hartu, azken apalera igo, eta hortxe topatu zuen Mara-Mararen biniloa. Etxea garbitu zuen batean egingo zuen ziurrenik. Horixe da Ibairentzat: egon behar ez zuen lekuan zegoen kartoizko kaxa bat, besterik ez.
Baina ordutik ezin du mutil-laguna besaulkian eserita eta disko hori begi itxiekin entzuten imajinatzeari utzi.
Ia-ia txarangarekin batera iritsi dira, azkenean. Lurra itsaskor dago, asfaltoa konfetiz eta plastikozko edalontziz estalita. Gaztetxeko patioa jendez lepo dauden hiru mahai luzangek hartzen dute. Termo handiek adierazi diote jada bazkalosteko kafearekin daudela. Bertan izan zen azkeneko aldian baino pankarta gehiago ikusi ditu inguruetako pareta, farola eta zuhaitzetatik zintzilik: “kuartel zahar arriskuan”, “herri bat, gaztetxe bat”, “herriaren kuartela defendatu”.
Mahaiaren inguruan dauden buruetatik bat apur bat altxatzen ikusi du. Aurpegia argitu zaio.
— Azkenean! —Ainara besarkatzea antzina habitatutako etxe batean sartzea bezalakoa izan da.
— Ze poza zu ikustea. Gustua hartu diezu gure herriko jaiei azkenean, e!
— Kuadrilla erdia hemengoa dudalako, ez pentsa!
— Jare ezagutzen al zenuen?
Eurengandik gertuen dagoen mahaira eraman ditu Ainarak. Garai batean gaztetxean ibilitakoak dira bertan dauden gehienak; gaztetxo kuadrilla bat salbu. Bakoitza banan-banan besarkatzeko sobera gogorik ez, eta denak agurtu ditu buru-keinu batez.
— Ez al duzu ikusi nor dagoen? —galdetu dio Ainarak, mahaiaren hondora seinalatuz.
Saioak barre egin du han dagoenarekin begiradak gurutzatzean.
— Txo, Markel jan al duzu?
Beregana joan dira Saioa eta Ainara, eta antzinako laguna besarkatu du Saioak.
— Autobus gidaria naiz orain! Egun guztia kieto parau!
— Ez da, ba, izango erretzeari utzi diozula? Txoritxo batek esan dit...
— Hori ere bai —ozen egin du algara.
— Patxi bakarrik falta dugu!
— Huevσn hori ez da Queretarotik itzuliko hegaldia oparituta ere —esan du Ainarak hortz artean—. Baina harekin hitz egin nuen Xantirena jakin nuenean. Besarkada bana bidaltzen dizue.
Egurrezko aulki batzuk gerturatu dituzte mahaira, Ibai eta bera eser daitezen. Jare Ibairen altzoan jarri da. Berriketan eta zurrutean jardun dute ia ordu erdiz, bozgorailuek handitutako ahots bat entzun duten arte. Eneka da.
Saioari korapiloa egin zaio tripan.
— Entzun denek, mesedez. Aurtengo kuadrillen eguna berezia da, eta ez arrazoi politengatik. Gaztetxea eraisteko aginduaren itzala gainean dugu, eta gure lagun onenetariko bat joan egin zaigu. Horregatik, niretzako pertsona berezia den bati hitz batzuk eskatu nizkion. Hemen gauden batzuon musika irakaslea izan da. Saioa, nahi duzunean.
Txalo zaparrada batek jarraitu ditu ikaslearen hitzak. Saioa apurka-apurka txikitzen joan da zutitu bitartean, eta lehen pausoa eman arte ez da ohartu Ibairen eskua irmoki estututa duela. Askatu eta begirada izua jaurti dio. Honek buru-keinu batekin baretu nahi izan du.
Iritsi eta papera atera du poltsikotik. Parean dituen aurpegi guztietatik igaro du begirada. Nerabez inguratutako ikasgela batean dagoela imajinatu behar izan du lasaitzeko.
— Aurrekoan hona etorri nintzen, hainbat urteren ostean. Enekak erakutsi zidan gaztetxea nola dagoen. Egia esan, nik ezagutu nuenean baino dezente txukunago dago —barre batzuk entzun ditu. Ez du begirada paperetik kendu, ordea—. Baina sofa gorria falta du. Ziurrenik jada txikituta zegoelako botako zenuten; ez dizuet ezer leporatzen. Baina sofa hori beste hainbaten artean eskuetan zeramala ezagutu nuen Xanti, gaztetxea okupatu berri zutenean. Sofa gorria izan zen, beraz, Kuartel Zaharra apaindu zuen lehenengoetariko altzaria.
Arnasa hartu du berriz; arin sartu zaio airea biriketan. Papera poltsikoan gorde du, hitz egiten jarraitu aurretik.