Izotz ura
Izotz ura
2023, nobela
248 orrialde
978-84-19570-18-5
Azala: Lander Garro
Lide Hernando Muρoz
1991, Donostia
 
Izotz ura
2023, nobela
248 orrialde
978-84-19570-18-5
aurkibidea
 

 

14

 

 

 

Inor ez da ohitzen kritikak jasotzera. Blokeatu, ahaztu, ez entzunarena egin: horixe da egiten ikasten dena, ez besterik. Identitatea kentzen zaie kritika igortzen duten horiei, pozoiz betetako haragizko zaku ibiltarietara mugatu, edota, hedabide eta sare sozialen kasuan, izen hutsetara. Azken hauek dira gehiengoa: aurpegia jartzera ausartzen ez diren izen faltsu hutsak.

      Mikelek helarazi zion lehen kritika, Donostian egin zuten kontzertu baten ostean.

      Jada artista handia zarela esan dezakezu —esan zion mugikorra erakutsi bitartean.

      Artikulu bat zen. Kazetariaren izena ezaguna zitzaion. “Marak bere proposamenaren inguruan eraiki dituen su artifizialek ez dute uzten benetan inporta duena, hots, musika, nabarmentzen. Baina bere musika arretaz entzuten duzunean ohartzen zara zergatik: ez du interesgarria suerta daitekeen ezer proposatzen”; “Euskal kulturak arazo larri bat du: kontrol sozial ezak, inertziaz, nazio zapaltzaileen esklabotzara garamatza”; “Besarka nazazue abestietan hizkuntza hegemonikoak euskararekin nahasteko ohitura ergel ultra-kapitalista hau amaitu arte”.

      Mugikorra itzuli zion, burua alde batera eta bestera mugituz.

      Apustu egingo nuke diskoa entzun gabe idatzi duela hau.

      Etxera iritsi arte iraun zion sabeleko korapiloak. Behin sofan eserita zegoela, ardo botila bat ireki eta berriz irakurri zuen artikulua.

      Amaitu zuenerako argi zuen: ez zuen bere inguruko kritikarik berriz irakurriko.

 

 

Xakea matematika hutsa da. Mugimendu bakoitzak erreakzio logiko mugatu bat eragin dezake. Marak azkar ikasi zuen xakean jokatzea eta musikaren munduan bidea egitea oso gauza ezberdinak zirela. Ezin zuela ekintza baten aurrean gizarteak izango zuen erantzuna aurreikusi. Aitarekin Londres hotelean ikasitakoak ezer gutxirako balio zion gudu-zelai berri horretan. Egoera politikoa, modak, artalde efektua... faktore gehiegi sartzen ziren jokoan. Bere hirugarren diskoak aurrekoek jasotako kritika txarren kopurua bikoiztu zuen, baina baita entzule kopurua hirukoiztu ere. Gaztelerazko abestiek jarraitzaile berriak ekarri zituzten Madrildik, Kataluniatik, Errioxatik. Euskal Herrian ere, sektore berri batek jarri zuen arreta beregan; eta ordura arteko jarraitzaile fidelen multzo horretatik batzuk askatu egin ziren arren, gehiengoak baikor onartu zuen bere proposamen berria. Gizartea aldatzen ariko ote zen?

      2013ko azaroan atera zuen Chaos, Durangoko Azokaren ateetan. Esango luke momentu hartan ohartu zela Euskal Herriko artista nagusienetako bat bilakatua zela. Hedabideak elkarri joka hasi ziren bere elkarrizketa bat lortzeagatik, diskoko gaztelerazko abesti bat telesail espainiar baterako hautatu zuten, kontzertu gehienetan Sarrerak agortuta” zioen oharra zintzilikatu behar izan zuten eta, batik bat, orduan hasi zen hilean mila eurotik gora irabazten. Jendeak deskapotablearekin irudikatzen zuen bitartean, Mara pozez lehertzen zegoen bere alokairuko etxean zegoen ehun urteko sofa gogor hura, azkenik, zaborretara bota eta berria erosteko adina aurrezki izango zuelako.

      Disko horretan argitaratu zen Kilometroak jaialdiko abestia.

 

 

Ohean etzanda zegoen, buruko minez. Egun batzuk zuela animaliak babesteko elkartetik hartutako katakumea sabelera igo zitzaion salto batez. Oraindik ez zuen erabaki zein izen jarriko zion, nahiz elkartean eman zizkioten paperek Mixi izena zuela zioten.

      Izen aspergarriagorik.

      Zerotik sortu beharko dut abestiren bat, ala diskorako sortuta dagoen batek balio lezake? —katakumearen bizkar marraduna laztanduz.

      Nik esan diet, izatekotan, jada sortuta duzun abestietako batek izan beharko lukeela. Bi hilabete falta dira Kilometroak-erako, Mara. Badakizu horrelako saltsak ez zaizkidala gustatzen; faboreak eskatzen ibiltzen dira azken unean, ez dago inoiz nahikoa dirurik... —esan zion Mikelek.

      Bidal iezaiezu Blaitu, agian horrek balio die —azkazal bat hozkatu zuen.

      Ziur zaude? Hori ez al zen askatasun sexualari buruzkoa?

      Blaitu gaitezen denok egun berriko euriaz. Non ikusten duzu zuk hor askatasun sexuala?

      Esadazu zuk! —bota zuen barre artean.

      Ba izan daiteke sexuala, izan daiteke erlijioari buruzkoa, eta izan daiteke Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen aldekoa ere, nahi izanez gero —kopeta zanpatu zuen behatzez, buruko mina apaldu nahian.

      Zuk diozuna! Ea zer ateratzen dugun hemendik!

      Deia moztu eta pentsakor gelditu zen, katuaren atzapar ρimiρoekin jolasean. Moriarti deituko ziola erabaki zuen.

      Minutu pare baten ostean kolpez jaiki zen ohetik. Eskuak lokietara eraman zituen berriz, marmarka; “sargori zikin hau!”. Mugikorra hartu, deitzeko botoiari eman eta bueltaka hasi zen korridorean barrena.

      Maite nauzula aipatzea ahaztu zaizu?

      Marak hasperen egin zuen.

      Gauza bat bururatu zait. Ez dakit ezagutzen duzun Bixer taldea. Abeslaria, Saioa, nire laguna da. Beno, zen, edo. Kontua da herrikoa dela, eta uste dut ideia polita litzatekeela berarekin elkarlanean Blaitu berriro grabatzea. Zer iruditzen?

      Ez dakit ideia onena den —moztu zion Mikelek.

      Zergatik?

      Isilunea bestaldean.

      Mara, zergatik uste duzu deitu duela Ikastolen Elkarteak, bi hilabeteren faltan, zuri abesti bat eskatzeko? Zure herriko talde gehiago ezagutzen al dituzu?

      Katua korrika atera zen ihesi eta atzetik joan zitzaion.

 

 

Abestiak ezin hobeto funtzionatu zuen; inor ez zen ohartu lehenagotik sortua zegoenik. Ikastolen Elkarteak 2.500 euro ordaindu zizkion, eta mila aldiz eskertu zioten azken momentuan atakatik ateratzera etorri izana.

      Kontzertua, ordea, ibilbideko esperientziarik arraroena izan zen. Gogoan du herriko futbol zelaia musikaz gozatzeko gune bilakatuta ikusteak eragin zion poza. Gogoan du zelaia jendez beteta, bere abestien erritmoan dantzan, hotsen polifonia inguruko mendiekin talkan. Gogoan du hain zuela atzean utzia herria, ezen aurpegi gehienak orain arrotzak baitzitzaizkion, film bateko estrak bailiran. Baina gogoan ditu bertan agertutako zenbait aurpegi ezagun ere. Eta gogoan ditu kartelak.

      Blaitu abestu zuenean antzeman zituen gehienak. Kontzertuko azkenaurreko abestia izan zen hura, garaian arrakastatsua zen beste batekin amaitu aurretik. Abestia hasi orduko publikoan aurrera egiten ikusi zituen kartelak. Zortzi inguru izango ziren. Nahikoa entzuleen masa homogeneoa moztu eta ikusmena aztoratzeko.

      Horietako baten ondoan Markelen aurpegia ikusi zuen. Atzean geldituak ziren sexu hastapenetan izan ohi diren sentsazio erromantikoak; baina Marak txoko berezi batean gordetzen zuen elkarrekin, tarteka bazen ere, ibilitako bolada hura. Euren begiradek ez zuten momentu bakar batean topo egin. Markel ingurukoekin olgetan ikusi zuen denbora guztian, eskuekin eusten zuen kartelaren atzean ezkutatzen ez zenetan. Damu izpi bat duenak begirada saihesten duenean bezala. Bixerreko bateria-jolea ere ezagutu zuen, baita gaztetxean ibili ohi ziren beste batzuk ere. Aurpegien itsaso hartan Saioarena bilatzen topatu zuen bere burua.

      Abestia amaitutakoan, jendearen txilioen artean oihukatu zutena ere ez zuen ulertu, eta gainetik hasi zen hizketan, irribarrez, kontzertuari amaiera emateko agur hitz batzuk eskaini nahian. Segituan isildu ziren; kartelak, desagertu.

      Kontzertuaren ostean ez zen kamerino plantak egiten zituen barrakoi hartatik irten. Saioari mezuak idatzi eta ezabatzen aritu zen, estualdia biriketan.

 

 

Kroketa usaina eta Jose Alfredo Jimenezen ahots gartsua zirimolaka datoz sukaldetik. Amak, ororen gainetik, bi gauza berreskuratu ditu aitaren itzaletik atera denetik: sukalderako dohaina eta rantxerekiko zaletasuna.

      Herrira itzuli behar izan du Marak, baina ez behintzat bere txikitako etxera. Hura saldu egin zuten gurasoek, aitak azkenik ama banilla usaineko lurrinarengatik utzi zuenean. Amak urte batzuk egin ditu hara eta hona (bolada batez Bilbon bizi izan zen, beregandik gertu), duela pare bat urte herriaren periferian eraikitako bloke berri batean pisua erosi duen arte. 65 metro karratu, gehiago ez duela behar, dio. Salako leihotik ikusten duen zeru zatia lehengoa baino are txikiagoa da. Ez dio ezer leporatzen; bailararen bazter hartan pilatu duten oroitzapen mingarrien bilduma handia izan arren, uler dezake amak bertara itzuli nahi izatea. Tσmate esta botella conmigo... entzun du, Jimenezen ahotsarekin harmonia egin nahian. Lasaitu du ama zoriontasunetik hurbilago sentitzeak. Joan aurretik ondo lotuta utzi nahi zuen gauzetako bat zen hori.

      Sukaldetik datorren musikaz gain, taupada antzeko beste zerbait ere sumatu ahal izan du urrunetik. Aurpegia aldatu zaio.

      Jaien erdian ekarri nauzu herrira, ama?

      Ahaztu egin zaizu noiz diren, ala? Atzo hasi ziren. Herrian gertatzen denetik guztiz isolatuta egon gaitezke hemen, ordea. Lasai egon —mahai gainean utzi du erretilua—. Probatu hauek lehenbizi —esan dio, izkinan dauden bola formako kroketa batzuk seinalatuz.

      Ez duzu usteko guztiak bion artean jango ditugunik, ezta?

      Soberan daudenak tuper batean eraman. Probestu azken egun hauek, han ez duzu fish and chips besterik izango eta!

      Bat hartu eta osorik sartu du ahoan. Bueltaka ibili du irentsi aurretik, zaporea identifikatu nahian.

      Berenjena?

      Mozzarellarekin.

      Bost jan ditu, denak ezberdinak. Gero ardo zuri botila bat ireki dute.

      Aitak erretiroa hartu du —kontatu dio, hatzekin hortzetan gelditutako janari zati bat erreskatatu nahian.

      Imajinatzen nuen. Duela hiru bat hilabete ez dudala bere dirurik jasotzen.

      Dirua ematen al zizun?

      Baietz egin du buruaz.

      Hilero-hilero, hamabi urtez. Ez zizun ezer esan?

      Atzerantz eraman du kopeta-ilea amak. Lepoa egingo luke ile-apaindegira joan dela gaur.

      Koitaduak ez du inoiz ikasi afektua beste era batera erakusten. Badakizu etxea oparitu nahi izan zidala?

      Lehengo etxea?

      Bai, neska! —trago luzea eman dio ardoari—. Ez nion onartu.

      Tira, zu hor finago ibili zinen ni baino. Niri ederki etorri zait bere dirua —isilik gelditu da, deseroso—. Ez dut aitari buruz hitz egin nahi, ama.

      Hitz egin dezagun, ba, antzeko zerbaiti buruz: zu zeu —bota dio tupustean.

      Begiradaz neurtu dute elkar. Zintzotasun hori ezohikoa da amarengan.

      Kolpe baxua izan da —esan dio, begirada kendu gabe.

      Noiz arte egongo zara horrela?

      Horrela, nola?

      Gora eta gora igotzen. Gehiago nahi izaten. Daukazunarekin zoriontsu ez izaten.

      Ez duzu industria hau ezagutzen —bere kopa bete du; keinua egin eta, baiezkoaren aurrean, amari ere bete egin dio—. Ez dago gora egin edo erori beste aukerarik.

      Aspaldi da honetaz bizi zarela, baita ondo bizi ere. Maitatua zara hemen. Gogoan duzu duela bi urte emakume musikari berrien olatuarekin egin nahi izan zuten dokumental hura?

      Ama, ez hasi horrekin berriro.

      Uko egin zenion, zure ibilbidea oraindik hastapenetan zegoela argudiatuz! Besteek baino denbora gehiago zeneraman musikan, baina ez; zu ez zinen hasi besterik egin —burlaizez—. Ibilbide profesionalak ez du zertan xake partida bat izan. Edo goranzko eskailera bat. Norabide askotako bide laua ere izan daiteke.

      Zer diozu zuk? Ez duzu sekula lanik egin eta.

      Isiltasuna egin da berriro.

      Hori ere kolpe baxua izan da.

      Aitaren gaia atera duzulako berriz.

      Nik ez dut aitaren gaia atera.

      Xakea aita da niretzat.

      Ardo zuriaren eta hitzen garratza dastatzen gelditu dira.

      Zure ongizateaz kezkatzen naiz. Mailak igo eta igo ari zaren bitartean, beharrezkoak diren gauza batzuk ari zara uzten atzean. Baduzu lagunik? Eta ez esan zure manager hori laguna denik.

      Oraingoan Marari atera zaio barrea. Erantzunik ez duenaren barrea da, ordea. Kopari begira gelditu zaio, ardoa borobilean mugituz.

      Askotan pentsatu dut zuri barkamena eskatzea etxetik alde egin eta aitarekin bakarrik uzteagatik —esan du, kopatik begirada kendu gabe.

      Baina damutzen al zara?

      Ezetz egin du buruaz, ziurtasunez.

      Ba orduan ez dago barkamena eskatzeko motiborik —sofatik altxatu da eta “Se me acabσ la fuerza de mi mano izquierda...” abestu du sukaldetik datorren melodiaren erritmoan, begiak itxiz.

 

 

Tartea hartu zuen ingurura begiratzeko. Ilara luzea zen oraindik. Berriz jaitsi zuen burua erakusmahaira. Makina bat aldiz errepikatutako kate-lana: Pierrek cda kaxatik atera; Idoiak plastikoa kendu eta mahai gainean jarri, berak errotulagailuaz sinatu eta pareko erosleari eman.

      Eskerrik asko —hortz okerreko neskato ilehoriari dardara sumatu zion ahotsean.

      Mila esker zuri.

      Landakoko bozgorailuetatik Blaitu hasi zen berriro.

      Ez al dago beste abestirik? —esan zuen erdi barrez, erdi etsipenez Idoiak.

      Bost abesti darabiltzate bueltaka egun osoan —Marak.

      Pabiloi honetan gauden musikari guztion artean bost abesti baino gehiago egingo genituen aurten, ba!

      Ez zen bere lehenengo aldia Azokan. Egin beharreko gauzen artean zegoen, hiru hilero bezaren aitorpena egin behar den bezala; baina, egia esateko, urteroko zitak ez zion antsietatea besterik eragiten. Gainontzeko hilabeteetan bakardade hautatu batean murgilduta egon ondoren, gizarteratze basati baten pantomima iruditzen zitzaion hura. Musikari bati entzun zion behin euren egitekoa, azken finean, halako zerbait zela: erabateko bakardadearen eta jendez inguratuta egotearen arteko orekari izan eta, bidean, amildegira ez erortzea.

      Abendu hartan, ordea, marka guztiak gainditu zituen Azokan. Egunero egin zen ilara bere postuan, lehen egunean saldutakoarekin aurreratu beharreko gastuen bikoitza irabazi zuten, eta Plateruenan ostiral gauean eskainitako kontzertuan aretoa bete zuen. Hainbat musikari ezagunen zorion mezuak ere jaso zituen.

      Hantxe zegoen momentu hartan, bere bandako kideekin, azoka ixteko bi ordu falta zirela, ikusi zuenean.

      Bufanda laranja batek ahoa ezkutatzen zion. Ile beltza txikitan egin ohi zuen motots altu narras horretan bilduta, urteek aurrera egin ez balute bezala. Jada ez zuen kopeta-ilerik, ordea. Luzatzen utzia zuen; belarrien atzean kakotuta zeramatzan bi adatsen forma zuen orain. Besoa bere betiko lagunarenarekin korapilatua zuen; bikote ederra egiten jarraitzen zuten. Alde batera eta bestera mugitzen zuen begirada, antzinako kuriositate berberaz. Aurrera egin ahala, bere postua zegoen lekura gerturatzen joan ziren. Begi marroiak Mararen erakusmahaiaren goialdeko errotuluan pausatu zirela ikusi zuen eta, elkar begiratu zutenean, atximurkada sentitu zuen sabelean.

      Ideiarik gabe, ala? —entzun zuen bere ondoan.

      Barkatu? —ia salto egin zuen lurrera itzultzean.

      Azken eguna izanda, normala jada zer idatzi ez jakitea! —esan zion bere diskoa erosi zain zegoen emakume betaurrekodunak.

      Sekretu bat kontatuko dizut; egun eta erdi daramat den-denei gauza bera idazten.

      Berdin dio! Sekulako ilusioa egingo dio nire bilobari; txoratuta dago zurekin —bota zuen, cda telazko zorro batean gorde bitartean.

      Begirada altxatu zuenerako postua pasatuta zuen Saioak. Bizkarra soilik ikusten zion orain, bufanda laranjaren isatsa dilindan. Jendartean desagertu ziren Ibai eta bera.

      Sinatzen amaitutakoan, Jorgeri zigarro bat eskatu eta kanpora atera zen, haize freskoaren xerka. Jende andana ari zen Landakoko atetik ateratzen, telazko zorroak eta nylonezko motxilak urtean zehar apaletan hautsa hartzen geldituko ziren artefaktuz beteta. Patroiren bat jarraitzen ote zuten aztertzen aritu zen: hauek binaka, hauek hirunaka, hauek bosnaka, hau bakarrik, hurrengoak berriz binaka... Zigarroen kea aho beroetatik ateratako hatsarekin nahasten ikusi zuen farolen azpian.

      Zigarrokina lur bustian zanpatu eta begirada goratu zuenean, azkenean, ateratzen ikusi zituen. Ez zihoazen helduta oraingoan. Bakoitzak telazko zorro bana zeraman, ez sobera beteak; Saioak sorbaldatik zintzilik, Ibaik eskuarekin eutsita. Bietako inor ohartzerako, Mara euren parean zen.

      Lehen ikusi zaituztet —esan zien.

      Saioak ez zirudien topo egiteaz harrituta. Ez zuen irribarrerik egin; Ibaik bai.

      Aurten ez duzue posturik jarri zuek? —bururatu zitzaion.

      Bixer amaitu da —esan eta begietara zuzendu zitzaion.

      Marak kolpetik ireki zituen bereak. Ibaik momentua baliatu zuen bi neskak bakarrik uzteko.

      Asko sentitzen dut. Jakin al daiteke zergatik izan den? —galdera formulatu ahala ohartu zen ez zuela jakin nahi. Distantzia txikitu, hori zen nahi zuen bakarra.

      Saioak sorbaldak altxatu eta hasperen egin zuen, nondik hasi jakingo ez balu bezala.

      Zaila da hondoratzen ari den barku bat ur gainean mantentzea, eskifaiako bakoitzak helburu ezberdinak dituenean —azaldu zuen— . Kanpoan ekaitza besterik ez denean, gainera.

      Marak eskua luzatu zuen, pauso bat aurrera eman. Erdibidean damutu eta bere beste eskuko behatzekin kateatu zuen.

      Zu ez zara geldi egotekoa. Etorriko dira proiektu berriak.

      Besarkada bat nahi zuen.

      Berriz goratu zituen sorbaldak Saioak. Berak eman zuen pausoa aurrera orduan. Mararengana iritsi aurretik, ordea, albo batera egin zuen, bera saihestuz aurrera jarraitzeko.

      Biek biratu zuten burua elkarrengana.

      Hau itxi aurretik atera nahiko genuke —esan zion, pabiloiari keinu eginez. Eskua luzatu zuen Mararen sorbaldan pausatzeko—. Ikusiko gara. Zorte on Mara-Mararekin.

      Berriz jaso zuen eskua Marak, baina airean izoztuta gelditu zitzaion. Aurrerago zegoen Ibaik buruaz agurtu zuen. Beso sendo batekin Saioaren gerria inguratu eta urrundu egin ziren biak.