7
Ilargi tabernara ohi bezala hamar minutu berandu iritsi zenean, bertan zuen zain. Berdin jarraitzen zuen esentzian, baina bilgarria guztiz aldatua zuen: ez gonarik, ez bailarinarik, ez eta buruan estu lotutako trentzarik ere. Ilea lepoaren garaieran moztua zuen, marra zuzen batez, eta kanpaidun galtza beltzak eta soinean gurutzatutako larruzko zorroa zeramatzan.
Elkar besarkatu eta barrura sartu ziren.
— Zer nahiago duzu, Coca-Cola ala mostoa?
Marak irri egin zuen, antzinako jolasa gogoratuta.
— Entzuna nuen hemen adingabekoei alkohola jartzen zietela.
— Ez diot alukeria hori egingo Josefina gaixoari, hau sekretaz josia egoten da eta.
Euren bizitzaren berri eman zioten elkarri. Saioak dibertimenduz behatu zuen laguna Coca-Cola botilaren etiketa mantso-mantso, metodikoki, kentzen saiatzen. Marak botila guztiz larrugorritu eta zartadurarik gabeko etiketa hezea mahai gainean itsastea lortu zuenean, Saioak adorea bildu zuen proposamena botatzeko.
— Aste batzuk barru zazpi urte beteko dira gaztetxea okupatu zutenetik, eta Xantik bertako festan abesteko eskatu dit. Egia esan, ez naiz bakarrik igotzera ausartzen. Animatuko zinateke?
Ezezkoa jasotzeko prest joan zen; oholtzara lehenbiziko aldiz bakarrik igotzeko kemena nondik atera pentsatzen ere ibilia zen ordurako.
— Sartzen uzten badidate, ni behintzat prest.
— Zaude isilik! Nola ez dizute, ba, sartzen utziko?
Igorri zion begirada nahikoa izan zen Saioak uler zezan.
— Mara, benetan diotsut, bertako jendea ez da kanpotik dirudiena. Badaude txoriburu batzuk —esan zuen behatz erakuslea goratuz, parekoa ahoa irekitzera zihoala ikustean—, baina horiek ez dute ezer egingo Xantik hala ez badio. Eta Xantik ez du ezer esango nik zu errespetatzeko eskatzen badiot.
— Hara, gaztetxeko erregea. Nondik ateratzen du egun guztia hor pasatzeko denbora?
— Kezkatuago egon beharko zenuke zure aitarekin erabiliko duzun aitzakia asmatzen.
— Aita etxetik joango da berandu baino lehen —bota zuen Marak botilari azken tragoa eman bitartean—. Istorio luzea da; kontatuko dizut egun hauetakoren batean...
Gaztetxeko oholtza txikian sei bat pertsona kabitu ezinik; fokuak argi gorri keinukaria jaurtitzen; zarata ezin ozenagoa, Sin polνtica y sin dios; hezetasun trinkoa; azpian berrogei bat beso pare airean mugitzen, Vete a mamar, no me entretengas mαs. Mararen aurpegi alai izerditua. Ezin du bere bizitzan lehen aldiz jendaurrean abestu zuen hartatik ezer gehiago arrantzatu.
Saioa aurrera eta atzera dabil Marak Instagramera igotako lau storyak irakurtzen, begiak pantailatik ezin kenduta. Duela bost urte musika utzi eta, ia-ia segidan, Instagram kontua ezabatu zuenetik, Ibairena erabili ohi du noizean behin, mundu birtualak beti bezain ustel jarraitzen duela egiaztatzeko.
— Ezin dut sinetsi —dio ahapeka.
— Zer? —Ibaik burua altxatu du burkotik.
— Tipa hau jota dago —esan dio purrustaka, mugikorraren pantaila erakutsi bitartean.
Lehenbizikoak Mararen argazki bat du, eta gainean honako esaldia: “Proiektu eder eta hunkigarri batean nago murgilduta, Euskal Herriko hainbat artistarekin. Nire herriko lagun batekin abestuko dut. Ea nork asmatzen duen norekin!”.
Hurrengo argitalpena hondo beltz baten gainean dagoen galdetegi batek hartzen du, zera dioena: “Norekin abestuko dut hurrengo abestia?”. Horren azpian erantzuna idatzi ahal izateko kaxatxo bat ageri da.
Hirugarrena Mararen bideo bat da. Sudurrean tximeleta bat duen filtroa aktibatuta du. Ez betzulo ez zimur, begietan betile ezin luzeagoak marrazten zaizkio, buruaren mugimenduari jarraika doazkionak sudurreko tximeleta nola, noizean behin artifizioa agerian utziz. Saioa are gehiago gogaitu du horrek.
“Lagunok, beste zerbait esan behar dizuet”. Ukabila masailaren alboan astindu du pozaren pozez. “Ezin dizuet gehiegi kontatu, baina ekainaren 15ean zuzeneko berezi bat egingo dut bandarekin Donostiako Fnac-en, eta berri garrantzitsu bat partekatuko dut zuekin. Beraz, etorri! Sarrera doakoa da, baina erreserba egin behar da. Hemen beheko estekan har daitezke”.
Laugarrena, azkenik, bigarren argitalpeneko galdetegiaren erantzunek osatzen dute. Banan-banan zenbatu ditu Saioak. Hogeita bi dira, denak estu-estu, pantailan kabitu ezinik. Oihu itoak iruditzen zaizkio.
— Baina jendeak badaki? —bota du harrituta Ibaik.
— Nik neuk ere ez dakit eta! Oraindik ez diot Txolori erantzunik eman!
— Egin nahi duzu, ala ez? —Ibaik mugikorra kendu dio eskuetatik.
Saioak mutil-lagunaren bularrean jarri du burua.
— Ez dut horretaz kezkatu nahi momentu honetan.
Isilik gelditu dira. Ibaik ilea ferekatu dio, beste eskuko erpurua mugikorraren pantailatik irristatu bitartean. Saioak, zurrun hasieran, ez du laztanetik aldentzeko imintziorik egin.
— Nik uste Xanti ez zela denok ikusten genuen hori —Saioak—. Imajinatzen duzu, nik zer dakit, Galaren Freed from desire edo horrelako zerbait entzun bitartean egin zuela... —hitz egokienaren bila dabil, baina ohartu da halakorik ez dela— talka kamioi horren kontra?
— Mundiala izango zen —onartu du Ibaik, begirada sabaira zuzenduta—. And more and moooooore, people just want more and more...
Barre egin dute biek, isilune pisu eta deseroso batean erori aurretik. Ibaik pijamaren kamiseta altxatu dio, emeki, zilborretik gora.
— Esaiozu baietz Txolori. Egin ezazu Xantirengatik —esan du xuxurlaka orduan.
Saioak hasperen egin du. Titiburu bat ferekatzen utzi dio tarte batez. Mutil-lagunaren bularrean bermatua duen belarriaz, bihotzeko taupadak azkartzen sumatu dizkio.
— Aurpegia estali gabe egingo dugu behingoagatik?
— Tira. Baina itzali argiak.
Bere aitaren urtebetetzea zen. Amak egindako txokolatezko bizkotxoa jaten ari ziren Markelen smsa jaso zuenean. Bazkalostean Trivialera jolastekoak ziren; baina edozein aitzakia bilatu eta, aitaren atsekabe aurpegiari jaramonik egin gabe, ordu erdiren buruan gaztetxean zegoen.
Beste hamar lagun zeuden bertan. Maider eta Zuriρe ez agertu izana luzaroan gogoratuko zuen. Mara ere, jakina, ez zen bertaratu. Ibai, ordea, hantxe zen, eskuak patriketan eta kopetilun.
Saioak mugikorra ateko saskian utzi behar izan zuen lehenbiziko aldia izan zen hura.
— Atzo gauean Donostian eta Bilbon sarekadak izango zirela jakin genuen —azaldu zuen Markelek—. Xantik ihes egitea erabaki du. Ez daki inork non dagoen, ezta bere familiak ere; baina pazientzia izan behar dugu, laster jarriko baita haiekin harremanetan.
Gaztetxeko trastelekutik hainbat esprai pote hartu eta herria mezuz josi zuten. Saioak gogoan du tanta morez zikindu zuela jertsearen mahuka, eta etxera iritsi zenean gurasoei mural bat margotzen ibili zirela esan zien arren, damuak hartu ziola, hurrengo egunean herria pintadaz josita ikusterakoan argi eta garbi jakingo baitzuten alaba zertan ibili zen.
Xanti gauetik egunera bere bizitzatik desagertzeak espero gabeko hutsunea utzi zion; baita ordura arte sentitu gabeko amorru bat ere: lagun mintzat zuen hura pertsona guztiz ezezaguna zela jakiteak eragin ziona. Afera politiko horiek bost axola zitzaizkion; benetan arduratzen zuena, lagunak informazio hori guztia euren harremanetik at mantentzeko hartu zuen hautua izan zen.
Bere absentzian Markelek hartu zuen gaztetxearen ardura, Patxi izeneko lagun handikote kaskamotzarekin batera. Ez zuten arratsaldea aulki marradun tolesgarrian eserita igarotzea gustuko, ezta kanutoak erretzea ere. Markelek nahiago zuen hauts zuria eta zurruta; Patxik, aldiz, diziplina militarreko bizitza abstemioa zeraman, gaztetxean hamaika brikolaje lan egiteko eta, egunero-egunero, entsegu lokalean bateria entseatzeko erabiltzen zuena.
Urteurrenaz geroztik, eta Xanti desagertu aurretik, Mara sarriagotan hasi zen gaztetxera joaten, batik bat asteburuetan. Saioaren harridurarako, nahiko ongi moldatu zen hangoekin. Hasiera batean abegi onez hartu zuen albisteak, ordea, errezeloranzko bidea egin zuen lagunaren benetako intentzioak zeintzuk ziren ikusi zuenean: bertako batzuekin, Markel tarteko, ligatzen aritzea. Xantik bazuen gaztetxera soilik giroaz gozatzeko asmoz hurbiltzen ziren horiek izendatzeko terminoa: turismo gaztetxeroa. “Hiru orduko asanbladetan ez dute parte hartuko, eta ekaitzaren ostean sortutako itoginak tapatzera ere ez dira etorriko! Hori bai, emaiezu garagardoa euro batean, eta asteburu guztia hemen pasatuko dute!”.
— Horiek tximak! —esan zion Marari etxera tinbre joka azaldu zitzaion batean.
Horiz tindatua zuen ilea, eta koadrodun funda batean sartutako gitarra bat zeraman sorbaldatik zintzilik.
— Gustuko dut —esan eta hatzak pasatu zizkion adatsetatik.
— Eskerrik asko. Gaztetxera hurbildu nahi?
Oraindik ere kuartel zaharrean sartzeak mina eragiten zionez, banku herdoildua zuen talaian esertzea proposatu zion Saioak lagunari. Aspaldi zen ez zuela gaztetxea bertatik behatzen. Hainbat egunez ikusi gabe zuen eraikina hain hutsik kontenplatzeak tripak nahastu zizkion.
Saioak espero bezala, lagunak ez zuen apenas Xantiren aferaren berririk izan ordura arte.
— Joder, Mara, ezta Neptunon biziko bazina ere!
Gainetik kontatu zion gertatutakoa. Lagunaren harridura aurpegia graduazio ezberdinetatik igaro zen azalpenak aurrera egin ahala. Hitz eta hitz artean, apika, bere ezjakintasunarekin gogorregia izaten ari zela pasatu zitzaion burutik. Etxean zuen egoera ikusita, normala beste arazo batzuen berri ez izateko hautua egin izana. Antza, Mararen aitak uko egin zion etxetik alde egiteari, gurasoen harremana aspalditik hilda egon arren.
Xantiri gertatutakoagatik pozik imajinatu zuen Fernando Kortabarria.
Amaitu zuen azalpena, eta isilune deserosoa egin zen. Marak hautsi zuen.
— Tira, ba nik ere zerbait kontatu nahi dizut. Gaztetxean abestera animatu ninduzunetik, musika sortzeko gogoa piztu zait. Abesti bat konposatu dut. Entzun nahi?
Masailak berotzen sentitu zituen Saioak, baina lagunari begira jarraitu zuen, isilik.
— Nahi duzu jotzea, ala ez?
— Bota.
Koadrodun zorrotik atera zuen gitarra.
Pare bat aldiz hasi zen soken gainean jolasean; eta behatzek leku berean estropezu egin ostean, hirugarrenean lortu zuen ondo abiatzea. Begiak kontzentrazioz itxita zituen, eta haizeak bere ile xerlo motz bat mugiarazi zuen aurpegiaren izkinatik sudurrera, masaileko oreztak banan-banan laztanduz. Sudurraren ertzean pausatu zen, ez atzera, ez aurrera. Orduantxe hasi zen abesten.
Aski ondo ezagutzen zuen Saioak Mararen ahotsa. Egun hartan, ordea, ezberdin sumatu zuen; haizetsuago, finago. Apur bat askeago ere bai. Kontrola galdu gabe atera zitzaion, lasai, bere tresnarik fidagarriena balitz bezala. Abestiak berak ez zuen ezer berezirik: musikaz egindako kuxin bat zen. Aurretiaz iragar zitekeen melodia bat zuen, ezustekorik ematen ez zuen horietakoa. Maitasunari buruzko zerbait zioen. Baina minutu eskas horiek iraun bitartean, xaboi burbuila baten antzeko zera batek inguratu zuen laguna Saioaren begietan. Eta, azkenaldian enegarren aldiz, ikasgelan ezagutu zuen animalia beldurti hartatik ezer gutxi gelditzen zela sentitu zuen.
Poztu beharko zukeen. Baina izuaren antzeko zeozer eragin zion.
— Eta?
Saioa zer esan jakin gabe gelditu zen. Horrenbesteko arretaz behatu zuen lagunaren eraldaketa, ezen ez baitzen beste ezertaz gehiegi jabetu.
— Beno, ez da nire estilokoa —esan zuen azkenean, buruan hazka eginez—; lehen abestia izateko, ez dago gaizki.
Marak bota zion erdizkako irribarrea deszifratzeko hiztegi bat beharko zukeen. Irribarrea zen, baina tristea; antzina zuena bezalakoa. Isilik gelditu ziren inguruko zuhaitzei eta eraikinei begira.
— Beno, nahiz eta zure estilokoa ez izan, aprezia zenezake... —hatz baten ertzeko azala altxatu zuen.
— Ez dut apreziatu, ala? —bien begiek talka egin zuten—. Esan dizut ez dagoela gaizki. Zer uste zenuen, sortzen zenuen lehenengo abestia egundokoa izango zela, ala?
Marak pipa-zorroa poltsikoan gorde, gitarra bizkar gainean pausatu, lurretik jaiki eta ipurdiko hartxintxarrak garbitu zituen. Esku bat eraman zuen begietara, aurpegia ezkutatu bitartean.
— Etxera joan behar dut.