6
Hitzak neurtu. Keinuak neurtu. Arnasa; hori ere, neurtu. Horrela gogoratzen ditu ikastolako azken urteak.
Saioaren lagun egiteak salbatu zuen. Edo, hobeto esanda, Saioa bere lagun egiteak. Goizero, esnatzerakoan, bere irudia proiektatzen zuen buruan, ohetik jaikitzeko indarra ematen zion gauza bakarra baitzen. Ikasgelara heldu eta haren aurpegia bilatzen zuen ikaskideen artean, bere ikasmahaian, Maiderrenean, gelako atean. Motxila ipurdiraino jaitsita azaltzen zen beti, berandu, ilea tantaka, oinak arrastaka. Irribarre iheskor bat: horixe zen trukean jasotzen zuena euren begiradak elkartzean, ondo baitzekien ikasgela ez zela euren adiskidetasunerako leku aproposa. Abesbatza saioak iristeko irrikaz egon ohi zen, hor bai, euren harremanak bestelako trabarik izan ez zezan.
Hartutako neurriek, ordea, muga gainditzen zuten noizbehinka. Abesbatza entsegu batetik bueltako elkarrizketarekin hasi zen guztia, hamabost urte inguru zituztela.
— Badakizu Dragoi bola ikusten jarraitzen dudala? —aitortu zion Saioak—. Alde batetik hazi egin naizela sentitzen dut baina, bestetik, batzuetan nahiago dut ume gelditu. Gurasoak joaten direnean, hozkailutik zerbeza bat lapurtu eta sei kapitulu ikusten ditut jarraian. Gustuko duzu manga?
— Animea, esan nahiko duzu.
— Zein da ezberdintasuna?
— Manga komikiak dira; animea, marrazki bizidunak.
— Banengoen ba ni, zu ere friki bat zinela!
Barre egin zuten. Marak, txanpa hartuta, inork ez zekien zerbait esan zion orduan.
— Ghost in the Shellen kapitulu guztiak ditut vhsn.
— Itxoin, itxoin... Stand Alone Complex? —Saioak begiak zabal-zabalik zituen.
— Horixe bera. Nahi baduzu, osteguneko saioaren ondoren etor zaitezke nire etxera kapitulu batzuk ikustera. Lasai asko izan zaitezke frikia nirekin! —begia kliskatzera ausartu zen.
Halaxe gelditu ziren. Marak gurasoei jakinarazi zien lagun bat gonbidatu zuela ostegun iluntzean, eta amak txorizoarekin egindako pizzak prestatu zituen, alabaren gustukoenak.
Iritsi zen osteguna, igaro ziren eguneko ikasgai guztiak eta abesbatzaren entsegua. Kultur etxetik ateratzera zihoazela, asko pentsatu ostean, Marak besoa pasatu zion bizkarretik Saioari, berak egin ohi zuen bezala. Keinu hori berak egiteak, eta ez Saioak, gauza asko esan nahi zituen. Besteak besoa gerritik pasatuz erantzun zion. Mara bakean sentitu zen lehen aldiz.
Kanpora ateratzean, kuadrillako lauzpabost zituen zain Saioak. Tartean, Maider. Saioak ziztu bizian askatu zuen Mararen besoa bizkarretik, eta berari begiradarik itzuli gabe joan zen lagunengana. Marak pare bat pauso eman zituen aurrera, bakoitza hurrena baino motelago, eurengandik metro batzuetara geratu zen arte.
— Zer ari zarete hemen?
Marak, zuzenean begiratzeko beldur, begi bazterretik ikusi zuen Maiderri eman zion besarkada estua.
— Txotxola, ez al zara gogoratzen Xanti eta hauen kontzertuaz?
— Zuk proposatu zenuen plana eta!
— Ostras, egia.
— Zure bila etorri gara.
Azkar begiratu zuen atzera. Marak hor jarraitzen zuela ikustean, agurtu eta zerbait esan ordez, lagunengana zuzendu zuen berriz begirada.
Borobila itxi zuten. Marak arnasari eutsi zion.
— Eta gure plana, zer?
Saioaren lagunen aurpegi guztiak beregana zuzendu zitzaizkion.
— Ze plan zenuten, ba, zuek? —galdetu zion Maiderrek Saioari, burlaizez.
Honek sorbaldak altxatu zituen.
— Ba, ezer ez. Etxeko lan batzuk egin behar genituen; badakizue, Matematikako azterketaren errekuperazioari begira.
Maider Mararengana zuzendu zen berriz ere.
— Beste batean izan beharko du, Ipurdikopaper.
Barreak; Ipurdikopaper goitizenaren errepikapen xuxurlariak. Saioaren begirada mortua.
Maiderrek besotik heldu zion Saioari. Zirkulua desegin zen, hura osatzen zutenek gaztetxerako norabidea hartu zutenean. Buelta eman aurretik, azken aldiz bota zuen begirada atzera Saioak. Mortu zena berpiztua zen orain; baina ez zuen argi aldarte hura errukizkoa ala burlatia zen.
— Beste baterako utziko dugu, bai?
Marak baietz egin zuen buruaz. Ikasi zuen lezioa.
Gaztetxearen ingurumarietan topatutako mp3 irakurgailu bati esker ezagutu zuen Marak Sam Cooke. Eta The Platters, Luis Miguel, Etta James eta Carlos Gardel. 2000ko hamarkada bere erdian zen. Su Ta Gar, Eskorbuto eta La Polla ez zen zerbait entzuten zenuela esateak errepresaliak eragin zitzakeen. Edo hala uste zuen berak, behintzat.
Lotsa ematen dio tramankulu hura nola aurkitu zuen esateak. Artean, batxilergoan hasi berria zen. Aitak aginduta, Donostiako jesuitetara joan zen bi urte horiek egitera. Ez zion kontra egin agindu horri, zeru zati estu hartatik ateratzeko aukera aurrean izanda. Ibonek ordurako hogeita bost urte zituen eta hiriburuan bizi zen, amonak zentroan utzi zien etxean. Kutxan zebilen lanean. Zortzi urte zaharragoa zen anaiarekin inoiz harreman onik izan ez zuen arren, harekin pisua partekatzea gurasoekin bizitzea baino esperientzia arras hobea izango zela konbentzituta joan zen hara, bi maleta eskuetan.
Bere usteen kontra, Donostiara joateak eta jende berriarekin nahasteak ez zion bizitza gehiegi aldatu. Ikaskide berriek patroi berberaz moztutako manikiak ziruditen: neskek New Balance zapatilak eta metxa kaliforniarrak zeramatzaten; mutilek Carhartt zira beltzak eta Levi’s galtza zabalak. Euskararik ez zen apenas entzuten ikasgelan. Lagun bakan batzuk egin ahal izan zituen bertan; baina ez etorkizunean mantenduko zuen ezer.
Batxilergoko lehen urte osoan ez zuen Saioarekin hitz egin. Bigarren hezkuntza amaitzerako lortu zuten lotura hura, aldikako aitorpen-elkarrizketa sakonetan oinarritutako adiskidetasun arraro hori, hauts bilakatu zen gauetik egunera, udara amaitu eta berehala. Inertziaz izan zen: astean zehar elkar ikusten ez zutenez, jada abesbatza saioen aitzakiarik ez zegoenez eta, batez ere, Saioa gaztetxetik irteten ez zenez, ia-ia ezinezkoa egin zitzaion Marari harekin topo egitea.
Horregatik igaro zituen ikasturte hartako ostiral arratsalde gehienak hura zelatatzen. Asteburua pasatzeko herrira itzultzen zenean, gaztetxerantz joaten zen. Baina banku herdoildua zuen talaiara iritsi eta berehala, zerbaitek paralizatu egiten zuen: ez daki esaten lotsa zen, ala inoiz mundu horren parte izango ez zelako sentimendua. Muinoan gelditu ohi zen ezkutuan, gaztetxe kanpoko atarian gertatzen zena behatzen.
Saioa ia beti zegoen han, baita bertako errege zirudien biseradun hori ere. Eguraldi ona egiten zuen egun bakan horietan, batzarrak gaztetxeko patioan egin ohi zituzten.
— Gogoratu datorren larunbatean manifa dagoela Donostian, azken sarekadarengatik. Antolatuko gara zerbait egiteko?
— Nik joan nahi nuke, baina ez dut ezer egingo.
— Besteok, egingo dugu zeozer? Markel, erosi zenuen hori?
— Ostia, ez, barkatu. Bihar joan naiteke.
— Baina ez da inor etorriko nirekin manifara soilik jendartearen parte izatera, zipaioek atxilotua izateko arriskurik hartu gabe?
Zeregin berezirik ez zuten eta, taldetxo handiagoa elkartu ohi zenetan, gaztetxeko bafleak atera eta musika jartzen zuten kanpoan.
Azaro aldera, mutil talde berri bat agertzen hasi zen. Marari ezagunak egin zitzaizkion, ikastolakoak ziren, urtebete zaharragoak. Egun batez, horietako bat iritsi bezain laster hurbildu zen Saioarengana, harekin lau hitz egitera. Bien oinen jokoa ikusten entretenitu zen; batak oina bestearengana gerturatu, besteak atzetik gurutzatu, ostean berriz aurrera eraman, hartxintxar bati kolpe eman... Hitz egiten amaitu eta mutil kuadrilla gaztetxe barruan sartu zen.
Hori guztia ikusten zuen, ostiralak joan, ostiralak etorri; baina ez zen inoiz behera jaistera ausartu. Errutina bilakatu zen: leku horrek, bertako jendearen portaerak eta euren elkarrizketek zer berri ekarriko. Bazuen zerbait mundu horrek erakartzen zuena; alta, beste zati handi batek uxatu egiten zuen. Banku herdoildu formako linbo horretan sentitzen zen erosoen.
Behin bakarrik ausartu zen gaztetxera jaistera; inor ez zegoen une batean. Hezurretaraino hezea zen neguko ilunabar horietako bat zen, eta gaztetxean egon ohi zen dozena laguneko taldea Ilargira joana zen poteatzera, kuartel ohiaren lau paretek eskain zezaketena baino txoko epelago baten bila. Marak, orduan, muinotik jaitsi eta gaztetxea kanpotik behatzeko astia izan zuen. Paretetako batean mural berri bat zegoen margotuta: hartz polar bat zen, eguzki erraldoi errukigabe bati orroka, hanketako bat izotz bloke baten gainean pausatuta oreka mantentzen. Bere inguruan, izozmendiz betetako itsaso bat. Zuria, turkesa, beltza.
Sarreraren ondoan, eguneko azken izpi nekatuek apenas argitzen zuten bazter batean, topatu zuen mp3a. Zilar kolorekoa zen, Sony markakoa.
Etxera iritsi eta gurasoak agurtu gabe sartu zen logelan. Ez amak ez aitak ez zuten entzun alaba sartzen, oihu eta oihu artean; halaxe izan ohi zen asterokoa garai hartan.
— Segi, ba! —zioen amak—. Baduzu ohetxo bat Carlton hoteleko suite inperialean, ezta?
— Utz nazazu bakean behingoz horrekin, Ana!
Hiru izan omen ziren, urte gutxiren buruan; baina Mara ez zen haien izenak inoiz ezagutzera iritsi. Berarentzat, lehena Carlton hoteleko suite inperiala zen, bigarrena Zarako loredun gona eta, hirugarrena, banilla lurrina. Lehen biak amak deskubritu zituen; hirugarrenaren berri izateko zoritxarra, ordea, berari egokitu zitzaion. Beti izan du usaimen zorrotza eta, arratsalde batez etxera behar baino lehenago iritsi zelarik, komunean sartu eta kolpean erakarri zion arreta ordura arte etxean usaindu gabeko lurrin horrek. Afalorduan, hirurak mahaiaren bueltan zeudela eta nerabezaroak emandako ausardia berri batez, amari galdetu zion ea lurrin berria erosi ote zuen. Amaren ezezkoa eta honek aitari igorritako begirada salataria bata bestearen segidako gauzak izan ziren. Eztabaida hasi aurretik, platerean erdi janda zuen sanjakoboa eskuarekin hartu eta logelara erretiratu zen.
Mp3a aurkitu zuen hartan ere hala egin zuen. Ohean etzan, discmaneko entzungailuak deskonektatu eta aparatu berrian sartu zituen, jakinguraz. Begiak itxi zituen.
Ordubete igaro eta azken abestiaren osteko hamar segundoko isiltasunak ezer berririk ekarriko ez zuela ohartu arte ez zituen begiak ireki. Maitasunezko abesti geldoak ziren ia denak; erdaraz kantatutakoak. Hamazazpi guztira:
Me quedo contigo, Los Chunguitos
Fly me to the moon, Frank Sinatra
At last, Etta James
Dos gardenias, Antonio Machin
A change is gonna come, Sam Cooke
El reloj, Lucho Gatica
La vie en rose, Edith Piaf
Georgia on my mind, Ray Charles
Can’t help falling in love, Elvis Presley
A song for you, Donny Hathaway
La bohθme, Charles Aznavour
Non, je ne regrette rien, Edith Piaf
How deep is your love, Bee Gees
Volver, Carlos Gardel
Somethin’ stupid, Frank and Nancy Sinatra
Only you, The Platters
Como yo te amo, Rocio Jurado
Uhinezko minutu horiek izan ziren gurasoen banantze prozesu amaigabeak iraun bitartean izan zuen antidoto eraginkor bakarra. Oihuka hasten zirenean jartzen zuen; lo egiten saiatzeko jartzen zuen; astelehenean Donostiara bidean zihoan autobusean jartzen zuen; etxeko lanak egiteko jartzen zuen. M'enamorao, te quiero y te quiero buruan zuela garbitzen zituen hortzak, ikasgelan I found a thrill to press my cheek to hortzetan bueltaka entzuten zituen irakaslearen azalpenak, eta talaiatik Saioa eta Xanti Reloj, no marques las horas, porque voy a enloquecer aulki tolesgarrietan eguzkia hartzen ikusten zituela, edo besoa beste mutil haren sorbaldaren gainetik In other words, baby kiss me labaintzen zuela ikustean, berari antzina egiten zion erara, edo belarrira zeozer barregarria esaten ziola ikustean, Moi qui criait famine, et toi qui posais nue.
Eta, handik aurrerako talaiako zelatatze horietan, minutu asko igaro zituen pentsatzen zein ote zen, orduko internet konexioak baimentzen zuen erritmo geldoan, hamazazpi balada horiek banan-banan hautatu, topatu, deskargatu eta aparatu horretan gordetzeko astia hartu zuen hura. Gaztetxe hartako noren ordubeteko paradisu sentsorial ezkutuan sartu zen bera, beste okupa baten antzera, eta soilik harena zen abesti erromantikoz betetako gotorleku hori gauetik egunera inbaditu.
— Halaxe da, bai; soletik aldaketa egin behar duzu do7-ra, eta tartean mi minorretik pasatu —azaldu dio Pierreri.
Hilabete batzuk dira ez dutela kontzerturik izan, Marak iritsi zaizkien azken eskaintza guztiak atzera bota baititu, gogoa Londresen jarrita. Baina hara joan aurretik Donostiako Fnac-en egin behar duten emanaldia prestatzeko jarraitu dute elkartzen.
Tentsioa nabari da azken entseguetan. Zenbait urtez lan finkoa izatetik, bat-batean langabezian geldituko dira bandako musikari guztiak, berak hartutako erabakiarengatik. Saiatu zen aldaketa horren berri garaiz ematen, baita hautuaren arrazoiak hitz egokiekin azaltzen ere; eta, itxuraz, ondo hartu zuten denek albistea. Baina entseguak joan, entseguak etorri, berarekiko harremana ozpintzen joan dela agerikoa da. Entsegu osteko garagardoa hartzeari ere utzi egin diote denek, Jorgek izan ezik; baina bateria-joleak alkoholarekin duen arazoa izan daiteke horretarako arrazoia.
Azken aldiz jo dute Donostian egingo duten abesti zerrenda. Kontzertu motza izango da, sei abestiz osatua: ibilbideko kanturik ezagunenak joko dituzte eta, tartean, kantu berriaren estreinaldia ere egingo dute.
— Oraindik ez diot izenbururik jarri. Norbaitek badu ideiarik?
Isilunea egin da lokalean. Pierrek hitz egin du:
— Nik esaldi hau gustuko dut: Ezin izozmendi izan portu honetan, ihes egin nahi dut urtu aurretik. Zergatik ez duzu Urtu aurretik deitzen?
— Ona, Pierre; mila esker —telefonoan apuntatu du.
— Nik joan egin behar dut; beste entsegu bat daukat talde berriarekin —esan du Idoiak orduan, teklatuari kablea askatu bitartean.
Gainontzekoak ere mugitzen hasi dira. Minutu gutxiren buruan bakarrik geratu dira Jorge eta biak eta, azken honek proposatuta, ondoko tabernara joan dira garagardo bana hartzera. Terrazan eseri dira, bateria-joleak puru fin horietako bat erre dezan.
— Apur bat errudun sentitzen naiz, ez pentsa —aitortu dio Marak bigarren tragoan.
— Tira, Mara, horrekin bueltaka ibiltzeak ez dizu onik egingo. Proiektua norena da?
— Nirea.
— Mara-Mara zein da?
— Ni. Beno, egia esan, denok egiten dugu Mara-Mara.
— Zuk uste? Imajinatzen al duzu Neil Young hori esaten? Edo Fito? Edo C. Tangana?
Marak barre egin du.
— Londres izugarria da. Hiru urte egin nituen bertan, kontatu dizut inoiz hori? Zaila da hor musika ibilbidea egitea, atzerritarra izanda. Baina baduzu kemena eta determinazioa; zerotik hasteko jada apur bat zaharra zaren arren —ukalondoko bat eman dio—. Eta lortzen ez baduzu ere, zer? Itzuli, eta kito. Nori erakutsi behar diozu ezer?
Nori erakutsi behar ote dion ezer; pentsatzen gelditu da. Kontua hain justu kontrakoa da: jada ez dakiela egiten duen guztia jendeari ez erakustea zer den.
Azken minutuak ia mutu egin dituzte. Besarkada iheskor batekin agurtu dute elkar, eta metroaren bila joan da, eskuak jakaren poltsikoetan hondoratuta. Bizitzan egin dituen ihesaldi guztietan ez du inoiz, orain arte behintzat, itzultzeko beharrik izan. Ihesaldiek, normalean, aurrean dagoena ezagutzeko baino, atzean utzi dena ahazteko balio dute. Baina baliteke oraingo honetan ezberdina izatea: baliteke oraingo honetan Londresek atzean utzi duen hori gogoratzera behartzea. Porrot egin eta atzera itzuli behar izatea.
Atzera, etxera. Etxea beti aurrean ikusi duen zerbait izan da berarentzat. Baina bada, apika, atzean gelditu den zerbait, edo norbait, zeinari etxe dei diezaiokeen. Zeinari bere lorpen guztiak eskaintzen dizkion, baita bere porrot guztien errua bota ere.
Hamabost urteko Mara da hori.
Berari erakutsi behar dio gai dela, berriro, herri honetatik atera eta bide berri bat hasteko. Erabaki bakoitzaren aurrean epaitu duen gizarte honi, kultur etxe kanpoan bera iraindu duten Maider horiei guztiei, nahi duenean, bizkarra emateko nahikoa indar duela erakutsi nahi die.
Eta bestela, beti itzuli ahal izango du horra, hamabost urteko Marari begietara begiratu, lepoan estutua duen koadrodun bufanda laxatu, eta emeki esan: bukatu da dena. Hartu atseden.
Metrora igo denean Mikel deika duela ohartu da, baina ez dio hartu. Hainbat egun daramatza berarekin hitz egitea saihesten. Oraindik ez daki nola azaldu Xantiri eskainitako disko horretan parte hartzea erabaki duela; baita abesti hori grabatzeak Londreserako hegazkina beranduago hartzea ekarriko duela ere.