10
Bildutako zigarroa belarrian duela gerturatu zaio eszenatokira, Mara kableak jasotzen ari den bitartean, eta sorbalda estutu dio bi aldiz.
— Esan duzu, azkenean.
Marak burua goratu du. Mikelek begirada kendu du orduan, eta tabakoak horitutako bibotearen muturra esku batez txirikordatzen hasi da.
— Gertatzera doalako esan dut.
Azken egunotan dena igaro da azkarregi: Saioarekin abestuko duela jakinarazi zuen Instagramen, sareak lehertu egin ziren, Mikelek errieta egin zion berak lotu gabeko zerbait jendaurrean aditzera emateagatik, gero Marak esan zion Xantiren omenezko diskoaren grabaketa eguna Londreserako hegaldiaren egun berean zela, Mikel are gehiago haserretu zen, Marak Txolorekin hitz egin zuen eta grabaketa egun bat aurreratzea lortu. Pozez eman zion aldaketaren berri Whatsappetik, baina erantzunak argi utzi zuen, beti bezala, bere haserreak isats luzea zuela: “Hurrengoan utzi niri gauza horiek kudeatzen. Seriotasunez egin behar dugu lan”.
Ez daki oso ongi zer esan nahi izan zuen seriotasunaren kontu horrekin. Diru aferekin zerikusia duen ezer ez izatea espero du, argi baitu ez diela Txolori eta gainontzekoei abestia grabatzeagatik ezer kobratu nahi. Jabetza kontua ere izan daiteke, edo jeloskor egongo da, akaso. Baliteke, baita ere, arazoak estrategia urratzearekin zerikusia izatea: Marak Euskal Herritik alde egin aurretik egingo duen azken gauza ez baita Urtu aurretik kantua argitaratzea izango. Baliteke hori izatea, azken batean, Mikel amorrarazi duena: orduko berrehun kilometroko abiaduran jarriko duen auto berria erosi eta, motorra piztu aurretik, atzerako ispiluari begira gelditu zaiola beharko lukeena baino tarte luzeago batez.
Edonola ere, ez zion momentuan mezu pasibo-agresibo horri erantzunik eman nahi izan, eta gaur ere, gerturatu zaionean, ez du gaia atera.
“Itzuli da, Mara, itzuli da!”, oraindik ez zuen ezabatu Saioaren aurreko asteko mezua. Amarekin asteroko telefono deia egiten ari zela jakin zuen, atzetik entzun baitzuen aita purrustaka: “Hogei minutuz eduki naute geldi semaforoan jarraitxu zikin horiek”.
Ostiralean, herrira itzultzean, pankarta erraldoi bat ikusi zuen sarrerako babes ofizialeko etxebizitza frankistetatik zintzilik: “ongi etorri, xanti!” zioen, trakeski margotutako haren aurpegia ondoan zuela. Lipar batez Saioa imajinatu zuen pintzelarekin Xantiren begiak, ilea eta sudurra zirriborratzen. Etxera iristerakoan egin zuen lehenengo gauza berari deitzea izan zen.
— Zer dio Steve Jobsek?
— Horrela deituko al nauzu beti, ala soilik ikasketek iraun bitartean?
— Zer nahiago duzu, Amancio Ortega?
— Zuk egin iseka, baina marketin ikastaroren bat ez litzaizueke gaizki etorriko; herri kanpoan jarri duzuen iragarkiak ez dio Xanti gaixoari inongo faborerik egiten.
— Ez da iragarki bat, Mara.
— Guztia da publizitatea! Hori ikasten duzuenean ez etorri niregana aholku eske! —Saioak ez zekien brometan edo serio ari zen.
Saioaren portalean elkartzekotan geratu ziren. Beti bezala, tinbrea jo eta oraindik prest ez zegoela esan zion, baina ez zuen gora igotzera gonbidatu.
Kristalaren bestaldetik ikusi zuen eskailerak jaisten, hamar minutu beranduago. Gero eta motzagoa zuen kopeta-ilea; gero eta luzeagoa betzuloen itzala.
— Batzuek ikasketak eta lana batera egin behar ditugu!
— Eta bi gauza horiek gutxi balira, beste saltsatan ere bazabiltza, ezta?
— Musikaz ari zara?
Marak entzuna zuen azken hilabeteetan Saioa gero eta sartuagoa zebilela gazte mugimenduan; eta bazekien mugimendu horren beraren aurkako jazarpen poliziala gero eta zorrotzagoa zela.
— Zeri buruz bestela? Zer moduz Bixerrekin? —sorbaldatik estutu zuen.
— Ondo pasatzen dugula esango nizuke, besterik ez. Badira taldean musika nik baino seriotasun gutxiagorekin hartzen dutenak. Nik gehiago nahi dut, baina tira; motelenaren erritmora ohitu behar!
Kultur etxe inguruko banku batean eseri ziren.
— Xantiren omenezko festaren inguruan erantzun bat eman behar nizun —esan zion Marak. Saioak bekainak jaso zituen jakin-minez—. Parte hartzea erabaki dut.
— Banekien! —besarkatu egin zuen—. Jada kartelak zabalduta daude, baina hobeto horrela; ustekabeko artista gonbidatua izango zara!
— Ene, artista —lotsagorritu egin zen—. Zortzi kontzertu baino ez ditut eman.
— Zein baino zein jendetsuagoak, entzun dudanez.
— Beno, utziko didazu bukatzen? Esan zenidan nik hautatzeko abestu nahi nuen kanta, ezta? —Saioak baietz egin zuen buruaz—. Ba badakit zein abestu: gogoratzen gau hartan erakutsi nizun mp3an entzun genuen abestia?
Gauerdira arte aritu ziren entseatzen, banku berean eserita. Marak joko zuen gitarra. Euren bi ahotsak ondo nahasten zirela berretsi zuten: abesbatzan zuen ahots agudoak hainbat tonu galduak zituen Saioaren eztarrian, baina orain zuen abesteko era baxu eta narrasti hori limurtzailea egin zitzaion; norbaitek bere belarrietan gurinez estalitako hatzekin masajea egingo balio legez.
— Haragiari gatza falta zaio.
Amari masailak gorritu zitzaizkion; ahozapia ezpainetara eraman zuen.
— Niri ez zait hala iruditu —begirada Mararengan pausatuz bilatu zuen onespena.
— Niri ere ez, ama.
— Beno, ba niri bai. Utziko diogu bakoitzaren balorazioa egiteari eta jarriko diogu konponbidea? —normalean baino gehiago altxatu zuen ahotsa.
Inork ez zuen esandakoaren aurrean erreakzionatu.
— Zuek ez egin ezer, lasai, jaikiko naiz ni gatzaren bila! —zutik jartzean aulkia bultza eta Marari hozkirria eragin zion soinua atera zuen.
Amak saltotxo bat eman zuen aulkian, baina burua behera zuzenduta jarraitu zuen, platerari sardearekin eragin eta eragin. Marak beroa sentitu zuen lokietan. Geldo hartu zuen arnasa.
— Hobe zenuen zuzenean gatza hartu, kalapita hau sortu gabe.
Aitak buelta eman eta zuzenean begiratu zion.
— Barkatu?
Mara mahaitik altxatu zen. Amari begira zegoen; ez zuen aitaren bekoki zimurtua ikusi nahi. Amak begirada platerean jarrita jarraitzen zuen.
— Aste guztia igarotzen dut lanean, estresak jota, familia honi behar dituen babesa eta erosotasuna eskaintzeko —hitzak banan-banan irristatzen zitzaizkion estuegia zen ezpainen arteko zirrikitutik—. Eta horrelako erantzunak jaso behar ditut!
Marak aho ertzetan gelditutako haragi gisatuaren arrastoak garbitu zituen eskuaz, motel, giharrak kontrolpean, barneko dardara ez zedin kanpora irten.
— Haur apetatsu eta ezjakin hutsa zara; ez dakizu bizitzak bizkar ematea zer den, ez duzu ezerekiko begirunerik —gatza bota zion bere platerari eta, potea airean mantendu ostean, baita amaren eta Mararen platerei ere—. Eseri eta jan amak prestatutako haragia.
Distira geruza bat agertu zen amaren begietan. Marak isilean erregutu zuen negarrik egin ez zezan; ez, orain ez. Orduan kendu zuen beregandik begirada, aitarenean pausatzeko. Lehortu egin zitzaion ahoa.
— Ez itxaron gaur afaltzeko. Gaztetxera joango naiz.
— Mara! Pozten nau zu hemen ikusteak, benetan diotsut.
Ez zituen bere hitzak berehalakoan sinetsi, baina eskuari eutsi zion bostekoaren ondoren.
— Ongi etorri, Xanti.
Herrian zehar elektrotxarangarekin bueltaka ibili (Xanti airean eramateko tronu bat ere eraiki zuten) eta berrogeita hamar lagunentzat prestatutako paella afaldu ostean, Bixerrek jo zuen gaztetxean. Ozenegi ateratzen zen musika bafle zahar horietatik, eta atzerantz joan behar izan zuen erosoago entzun ahal izateko. Saioa estatiko zegoen agertokiaren erdian. Noizean behin askatu egiten zuen gorputza, ordea; zati instrumentaletan batik bat. Markel ez zebilen oso fin soketan; nabaria zen hordituta zegoela. Abestiek bazuten zera interesgarri bat; post-punka oinarri izan arren, Saioaren kantaera arrastakariak eta Patxiren bateria erritmoek ukitu pertsonalagoa ematen zioten pieza bakoitzari.
Atzeko paretan bermatuta, ezin izan zion ikuslegoan gertatzen ari zena behatzeari eutsi. Jendea ero moduan zebilen saltoka eta dantzan. Xanti une oro zegoen jendez inguratuta, eta flashez argiztatzen zitzaion aurpegia noizbehinka. Erabili eta botatzeko kamera bat oparitu zioten festaren hasieran, bere itzulera dokumentatu asmoz, baina inguruan zituen pertsonak ari ziren erabiltzen. Iluntasuna antzeman ahal izan zion aldartean. Sorbaldak behar baino eroriago zituen; begiak, erne.
Azken abestiaren aurretik aurkeztu zuen Saioak Mara. Txalo zaparrada batekin igo zen taula gainera. Markelek begia kliskatu zion; Ainarak eta Patxik bosteko bana eman. Saioak estu besarkatu zuen.
Eta abestu zuten. Lau minutuz luzatu zen momentu hartaz ez du oroitzapen izpirik gordetzen; beltzez estali zen dena. Amaitu eta begiak irekitzean, ordea, aurrean zuen Xantiren begirada distiratsua ikusi ahal izan zuen, ero moduan txaloka.
Saltotxo batez jaitsi zen Mara oholtzatik, Bixerrekoei airean musuak bidali ostean. Ikusleek berari begira jarraitzen zuten txalo eginez, baina ez zuen norengana jo. Saioak zerbait esan zuen bere atzean, eta Mara izozmendi bat bezala irristatu zen jendartetik, alderik alde irribarre behartuak jaurtiz, nora zihoan jakin gabe, barra jo arte.
— Ron-kola bat, mesedez.
Ezkerretik gerturatzen ari zitzaiola ikusi zuen. Bere lehenengo bulkada burua beste aldera biratu eta ezikusiarena egitea izan zen, baina besoa ukitu zionean, ihesbiderik ez zuela ohartu zen. Kuartel Zaharra bezalako zulo heze eta ilun batean ere, urre koloreko zetazko gortina bat bezala jausten zitzaion ilea, bularrak estaltzeraino.
— Izugarria izan da, Mara. Begira, oilo-ipurdiarekin jarraitzen dut —puntutxoz betetako besoa luzatu zion Maiderrek.
Ez zegoen bakarrik. Atzean zuen Zuriρe dorrea. Marak tragoa eman zion zerbitzatu berri zioten kubatari. Ronaz beste zaporerik antzeman ez ziola ohartuta, gau hura dibertigarria izango zela pentsatu zuen.
— Pozten naiz —esan zion, eta nahi ez zuen irribarre batek ihes egin zion ahotik.
Maider pentsakor sumatu zuen argi-itzal artean.
— Egia esan —eztarria garbitu zuen, azkazalak begiratu—, Saioa nire kuadrillakoa izan arren, onartu behar dut askoz gehiago gustatzen zaidala zuk nola abesten duzun. Dohain berezia duzu, Mara. Zaindu beharreko dohaina.
Mara isilik gelditu zen.
— Zer?
Algara kontrolaezin batek hartu zuen. Eskuaz ahoa estaliz geldiarazi behar izan zuen bere burua.
— Neska, jakin izan banu horrela jarriko zinela, ez nizuke ezer esango. Ez horregatik.
Marak beste trago bat eman zion bere kubatari.
— Ikusi arte, Maider.
Esan nahi zizkion gauza guztien artean ausartu zen bakarra izan zen hura.
Kontzertua amaitutakoan, Saioak Mara besotik hartu eta itsaso bakarti hartatik erreskatatu zuen. Pozarren antzeman zuen laguna; Xanti etxera itzulita, aspaldian ikusi gabeko kuadrillakoak ere festa hartara etorrita, ikastola garaian bezain inguratuta zegoen berriz ere. Berak atera zizkion hurrengo bi kubatak.
— Utzi ikasketak eta itzuli herrira —esan zion Saioak abesti eta abesti artean.
— Mozkorra zaudelako diozu hori.
— Baina gorroto duzu ikasten ari zarena, ezta?
— Tira, urtetik urtera eramangarriagoa egiten ari zait.
— Ohitzen ari zarelako. Bigunegia zara.
— Agian —hurrengo abestiaren hasierak estali zuen Mararen erantzuna.
— Zergatik ez dugu abesti bat batera sortzen? Edo talde berri bat eratzen, zuk eta biok? Mundiala litzateke!
Marak irribarre egin, eta dantzan hasi zen Kuraiaren erritmoan.
Seko horditutako Markel batek talka egin zuen bere aldakaren kontra. Besoarekin lepoa inguratu eta belarrira hitz egin zion.
— Ezagutzen duzu goiko pisua? Koltxoneta batzuk daude.
— Bai, Markel —besoa askatu zion emeki—. Bertan egon gara pare bat alditan.
— Eta ez duzu errepikatu nahi?
Masaila ukitu zion trakeski.
— Denboratxoa igaro da, ezta?
Dantzan eta edanean jarraitu zuen. Izerdia hanketatik behera irristatzen sumatu zuen. Ideia bat zebilkion bueltaka arratsalde hartan etxea utzi zuenetik.
— Dena utziko dut. Ikasketak, herria. Zerotik hasiko naiz.
Saioaren aurpegi hirukoiztuak serio begiratzen zion.
— Zer diozu?
Buelta eman eta gaztetxe kanporako norabidea hartu zuen. Atzera begiratu zuen bidean: Saioa ez zitzaion atzetik joan.
Sarrerako atearen gainaldeko argi dardartiak metro eskaseko diametroa argiztatzen zuen. Entzumena zorroztu zuen, soinu karrakari bat identifikatu arte. Hondartzako aulki tolesgarri horietako batean eserita zegoen silueta bakartiarengana gerturatu zen. Bere porroaren punta gorria zen argiztatua zegoen gauza bakarra. Erabilpen bakarreko kameraren karretea mugitzeko gurpiltxoari eragiten ari zitzaion etengabe.
— Har dezaket zupada bat?
Xantik porroa eman zion. Bisera beltzaren hegaletik ke zutabe bat aireratu zen.
Mara bere ondoan eseri zen, hormigoizko lurrean. Haize fina zebilen kalean; tantaren bat ere sentitu zuen erortzen.
— Jendartean ibiltzeko ohitura galdu duzu, ezta?
— Zeharo. Duela hilabete edo esan zidaten jada txakurrak jarraika ez zebilzkidala; baina, hala ere, alerta egoerak hor jarraitzen du. Sekretak ikusten ditut nonahi.
Ke epel lodia bularretik behera jaisten sentitu zuen.
— Zu izan zarenarekin!
— Zer esan nahi duzu?
— Beti jendez inguratuta egon zarela. Beldur apur bat nizun, egia aitortu behar dizut.
— Barrualdean txokolatezko bonboi bat naiz —irribarrez begiratu zion.
Marak porroa itzuli zion. Erakargarria egin zitzaion iluntasunean haren azalak proiektatzen zuen distira urdinkara. Pare bat eguneko bizarra zuen matrailezur sendo hartatik igaro zuen begirada.
— Nik ere aurreiritziak nituen zurekiko.
— Denek dituzte.
— Ez da erraza herriko gizon gorrotatuenaren alaba izatea, ezta?
Marak jaka estutu zuen, haize bolada batek hoztuta. Okerrena zen ohartzea, berak ere aita gorroto zuen arren, hitz horiek entzuteak min ematen ziola. Sekulakoa.
— Abestu duzuen kantu hori... ederra, benetan. Norena da?
— Ez duzu ezagutzen? —ausartu zen galdetzen.
Xantik tinko eutsi zion begiradari erantzun aurretik.
— Ez duzu pentsatuko nik musika hori entzuten dudanik —kanutoari beste zupada bat emateko askatu zuen begirada—. Baina hasteko inoiz ez da berandu, ez?
Marak bizkarrean zeraman zorroa ireki zuen. Eskuarekin arakatu zuen barrualdean; Xantiren arnasa sarkorra entzuten zuen alboan. Ez zuen topatu bilatzen zuena. Beti gainean eramaten zuen, baina gau hartan, hain justu, etxean ahaztu behar izan zuen.
Xantiren soa arraroa zen, burua aulkiaren bizkarraldean bermatuta eta lepoa beregana okertuta. Ez zuen zirkinik egin Mara gerturatu eta musu luze bat eman zionean. Biseraren hegal beltzaren kontra jo zuen bere kopetak. Errauts zaporea zuten haren ezpainek. Gogorrak ziren.
Azkar kendu zuen burua gaztetxetik norbait ateratzen ikusi zuenean. Saioa eta Ibai ziren, algaraka. Ibaik gerritik heldu zion atzealdetik. Saioak burua atzeraka itzuli eta musu eman zion.
— Hara, hor zaudete eta! —haiengana gerturatzen hasi zen—. Ez nuke inoiz esango zuek biok ongi konponduko zinetenik.
— Haize freskoa behar nuen —Xantik azkar bota zuen erantzuna—; bera geroago etorri da.
Saioak Mararengan pausatu zituen begiak. Hau lurretik jaiki zen, balantzaka.
— Jakin al daiteke zer esan didazun lehen? —xuxurlatu zion Saioak.
Marak burua hazkatu zuen.
— Saiatu naiz hemengo giroarekin bat egiten, badakizu. Eta, zuregatik ez balitz, ez nuke lortu dudan erdia ere lortuko. Bizitza osoan egongo naiz zurekin eskertuta horregatik. Baina Trumanen saio horretan bezala ikusten dut neure burua; badakizu?
Saioak baietz egin zuen.
— Pareta batek inguratzen du dena, eta hogei urtez hor barruan egon naiz preso. Eta ulertzen dut zuk atera nahi ez izatea, baina nik atera behar dut. Ulertzen?
Berriz egin zuen baiezkoa buruaz.
— Zer diote gurasoek?
— Nire gurasoak ez dira inoiz nitaz eta Ibonez kezkatu. Ez dut uste orain ezberdina izango denik.
— Nebaren etxean geldituko zara?
Besoak zabaldu zituen. Gero ezezkoa egin zuen buruaz.
— Ibonengana itzultzea gurasoekin gelditzea bezalakoa litzateke. Beste norabait joango naiz.
— Noiz aterako zara?
— Ahal bezain laster —erlojua begiratu zuen.
— Tira, orain Ibairen etxera goaz, baina... joango naiz geltokira zu agurtzera. Abisatu, bai?
Xanti eta Ibairengana gerturatu zen Saioa.
— Ibai, aterako diguzu argazki bat gu hiruroi?
— Aurpegia higatuko didazue horrenbeste argazkirekin —esan zuen Xantik. Marak egun osoko aurpegirik alaiena ikusi zion momentu hartan.
Betiko tabernan elkartu diren arren, Mararen etxera igotzen amaitu dute. Luciak mahaiaren bestaldetik “ba elkar desio badugu, horrela ezin dugu utzi” esan dionetik, bi puntuak banantzen dituzten hirurehun metroak premia ukigarri batez igaro dituzte, eskuak elkar lotuz eta berriz askatuz, bi gorputzen arteko elektrizitatea bizirik mantendu nahian. Eskailerak igo ahala, ordea, husten joan da grina. Seigarrenera iritsi direnerako, elkarri estimua dioten bi adiskide besterik ez dira.
Egin dute larrutan, hala ere. Arantza atera behar zuten. Alferkeriaz kendu dizkiote elkarri soinekoa, kamiseta eta galtzak. Sofan eseri dira bata bestearen gainean, eta metodikoki ekin diote elkar ferekatzeari. Hogei minuturen buruan, Mara oraindik orgasmora ailegatu gabe zela, eman dute saiakera amaitutzat.
— Zu ere ohartu zara hau ez doala inora —esan dio Marak.
Txokolate beltzez betetako krepeak prestatu dituzte.
— Hau bai botako dudala faltan —dio Luciak, ahoa beteta—. Beno, ez dut gezurrik esango. Faltan botako zaitut, badakizu.
Marak eskua pausatu du Luciaren matrailean.
— Nola jasango duzu Mikelekin bizitzea?
— Nik zer dakit! Azkenaldian kokoteraino nauka bere harrokeriak. Imajinatzen duzu berarekin larrutan egiten amaitzea?
— Ez, mesedez —moztu dio, serio jarrita—. Oraindik ez nago hori normaltasunez hartzeko puntuan, Mara.
— Barkatu.
Krepeak jaten jarraitu dute. Marak hatza sartu du txokolate beltz urtua duen ontzian, azken arrastoak harrapatu asmoz.
— Eta bezperan egingo duzun hori egiteko gogoa duzu?
— Zer? —oharkabean harrapatu du galderak.
— Diskoaren afera —ile adats kizkurra motots batean jaso du, pentsakor—. Urte eta erdian ez didazu zure herriko bizitzari buruz txintik ere esan. Are gehiago, ekidin nahi izan duzun gaia dela iruditzen zait. Eta, bat-batean, hau.
Marak begirada jaitsi du instintiboki.
— Xanti hori, zure laguna zen?
— Halako zerbait —besoa hazkatu du indarrez.
— Ihesean egon zela irakurri dut nonbait. Ez dator zurekin bat halako norbaiten lagun izatea.
— Herria txikia da, badakizu. Ezer gutxi zegoen aukeran.
— Eta zurekin abestuko duen beste hori, Saioa? Laguna ere bai?
Nola esan.
— Laguna baino zertxobait gehiago.
Luciak kolpetik ireki ditu begiak.
— Elkarrekin egon zineten?
— Keba. Merezi zuena baino gehiago miresten nuen, besterik ez.
Txokolatea duen ontzia jaso, eta sukaldera eraman du.