4
Marak txikitan uste zuen euskal abesti gehienetako letrek eta goraipatzen zutela.
“Argirik ez da sartu geroztik barrura, udaberririk ez dute somatzen lorak gurean”.
“Esaera bat bada, zaratak hamalau; urrutiko intxaurrak gerturatu ta lau. Gure herrian, berriz, hogeita hamalau; probatu ez duenak ez daki zer den hau”.
“Aitortzen dut izan zarela ene bizitzaren onena; baina orain, maitia lehen baino lehen aska gaitezan”.
Euskaraz hitz egiten zen bere etxean, baina entzuten zen musika guztia jatorri anglosaxoikoa zen. Aitak agintzen zuen etxeko musikan, eta bere talde gustukoenen kaseteak jartzen zituen autoan: The Beatles, Elvis Presley eta Bruce Springsteen, gehienbat. Amak, aitak entzuten zuena entzuten zuen; eta aitak gustuko zituen taldeak zituen gustuko. Gogoan du behin, soilik behin, erabaki zuela bere musika jartzea. Kasetea zirrikituan sartu eta zaharraren zaharraz distortsionatutako tronpeta agudoek lau konpas egin aurretik zanpatu zuen stop botoia aitak, “Rantxera zikinik ez nire bmwan!”.
Berak ere otzan hartu zuen aitaren inposizio musikala nerabe izan arte. Orduan hasi zen irizpide propioa izaten: gurasoek gabonetan oparitutako discmanean Backstreet Boys, Britney Spears, Spice Girls eta Destiny’s Child ibili ziren bueltaka garai hartan. Alta, ez zuen ez amarekin, ez aitarekin, ezta ikastolako inorekin ere partekatu bere nazioarteko pop musikarekiko gustu hori, badaezpada.
Herria txiki gelditzen zitzaion. Zeruari begira sentitu ohi zuen hori: bere logelako leihotik begiratzen zuenean, alde batean mendiak eta beste aldean zubibideak mugatutako zeru zati laukizuzena besterik ez zuen ikusten. Konbentzituta zegoen hiri handietan zerua handiagoa zela. Donostian bezala. Ez zegoen zerua handitzeko gauza eraginkorragorik itsasoa baino. Nagusitzean Donostian biziko zela egiten zuen amets, eta eguna zeru zabal horri begira pasatuko zuela.
Txikitan, ume oro bezala, aita estimatzera iritsi zelakoan dago; baina soilik etengabeko promesa gisa, noizbait atentzio apur bat, gomendioren bat, are laztanen bat emango ote zion galdetzera zeraman itxaropen antzua. Mararen aitak eguneko ordu guztiak igarotzen baitzituen etxetik kanpo. Mararentzat aita gauerdian ametsetatik esnatzen zuen giltzen soinua zen; korridore ilunetik komunerako bidean, sukaldetik pasatu eta, erdi itxitako atearen zirrikitutik, ilargiaren argipean sukaldeko mahai gainean ikusten zituen jaso gabeko ogi apurrak, besterik ez.
Behin, eta soilik behin, izan zen Fernando Kortabarria benetan aita bat Mararentzat. Zortzi bat urte izango zituen. Goiz batez, eskolara joan aurretik hortzak garbitzen ari zela, negarrez hasi zen bat-batean, zergatia jakin gabe. Komuneko atea kisketaz itxi eta bertan egon zen auhenka. Amaren oihuek eskolara berandu helduko zirela jakinarazi ziotenean, atea ireki eta, aurpegia ur-jauzi, ez zitzaion esateko beste ezer bururatu amaren harridura aurpegiaren aurrean: “Aitak zergatik ez nau maite?”.
Handik astebetera edo, larunbat batez, aitak Mara bere auto beltzean sartu eta Donostiara eramango zuela esan zion.
— Gaur elkarrekin pasatuko dugu eguna. Gauza bat erakutsi nahi dizut. Badakizu zer den xakea?
Errebelazio moduko bat izan zen hura Mararentzat. Behingoagatik aitak egun osoa hartu zuelako berarentzat, batetik; eta bere bizitzako erabakiak nola hartu erakutsiko zion jokoa ezagutu zuelako, bestetik.
Londres hotelean jokatzekoa zen nazioarteko xake torneo batera eraman zuen alaba. Trajez jantzitako gizon-emakumez betetako areto horretan, taula zuri-beltzen artean dantzan zebiltzan estrategia, norgehiagoka eta trikimailuek liluratuta utzi zuten Mara. Aitak arauak erakutsi zizkion: fitxa zuriek hasi jokoa, peoiak laukiz lauki, zaldiak L forman, alfilak diagonalean. Marak altxorrik preziatuena balitz bezala gorde zuen informazio hori, ongi baitzekien urteak igaro zitezkeela berarekin berriro ere horrenbeste ordu partekatzeko aukera edukitzerako. Txapelketa amaitutakoan (gizon ingeles batek irabazi zuela oroitzen du), jostailu denda batean egurrezko xake taula bat erosi zion; betirako bere logelako armairuan gordeta gelditu dena.
Basotik doa korrika. Alboetako zuhaitzak masa marroi-berde gisa igarotzen dira ziztu bizian; aurrean infinituraino luzatzen den bidexka besterik ez du ikusten. Oinutsik doa. Hartxintxar, lasto eta hosto mortuak zapaltzen ditu, bakoitza banan-banan nabarituz, baina minik sentitu gabe. Kamiseta eta bularretakoa ere kendu ditu abian doala; esku banatan helduta, besoak igo, eta aireak atzerantz eraman ditzan utzi du. Bihotza punpaka du, birikak arnasa betean; ezerk ezin du geldiarazi. Badaki gero eta aurrerago joan, gero eta galduago egongo dela.
Etxerako bidea ahazteak aske sentiarazten du.
Eske jartzen nauzu todo palote.
Mezu hori jaso du goizeko bost eta erdietan; mugikorraren distirak esnatu du. Irakurri eta berehala blokeatu du Instagram kontu hori. Dagoeneko era automatikoan ateratzen zaio keinua, halako zerbait jasotzen duen bakoitzean.
Duela bost urte jaso izan balu, minutuak eta minutuak egongo zatekeen esaldi labur horri begira, todo palote sintagmaren hizki larriak aurretik atzera, atzetik aurrera birpasatzen, sistema birtualen gortinapean ezkutatuta edozein gauza idazteko gai sentitzen ziren neuronarik gabeko pertsona horiek eragiten zizkioten nazkak eta antsietateak eztanda egin arte. Baina denborarekin erlatibizatzen ikasi du. Hala egin behar du ez erotzeko, ezezagunek bidalitako mezu ezegokiak gutxienez egunean bitan jasotzen dituenean.
Goizeko argiak esnatu du handik ordu gutxira. Leihora gerturatu eta igogailurik gabeko seigarren pisu batean bizitzeak duen abantaila bakarrenetarikoaz gozatu du apur batez: eguzki izpiek Bilboko Alde Zaharreko teilatuak banan-banan nola hartzen dituzten ikusten gelditu da. Donostiako zeruari begira bizitzeak sosik gabe utziko zuela konturatu zenean, Bilbo aukera ona izango zela pentsatu zuen, baina soilik pisu altu batean biziz gero. Ez zegoen prest urteekin irabazi zuen zeruaren zati handi hori berriz ere mugatzen ikusteko.
Egun garbia datorrela dirudi. Fruta pixka bat gosaldu ostean ohean eseri, sakelakoa atera eta bideo bat grabatu dio bere buruari, Instagramera igotzeko.
— Egun on, lagunok. Gaur gauean beste pertsona batek gauza nazkagarriak idatzi dizkit hemendik —eztarria garbitu du hitz egiten jarraitu aurretik; eta sakelakoaren objektiboan pausatu ditu begi-niniak berriz—. Mila bider esan dezakegu, mila modutara esan ere, baina mezua nahiko argia dela uste dut. Ez gara zuei plazera emateko jaio garen panpinak; ez gaude zuen iritziaren zain; eta ez gara isilduko halako zerbait egiten duzuen bakoitzean. Mezu ezegokiren bat bidaltzen didan pertsona oro blokeatu egingo dut nire sare sozialetan. Gainontzekook, egun ona izan dezazuela; besarkada bana.
Irribarrez amaitu du diskurtsoa, libre duen eskuaz musu bat airera jaurtita. Leiho irekiak sartzen utzitako haize bolada batek mahai gainean duen mandalen koadernoko orriak dantzan jarri ditu: bat, bi, hiru, sei mandala pasatu zaizkio begien aurretik; lehenak amaituta, azkenak erdizka margotuta. Borobil horien koloreztatze maila gradualak aski ondo laburbiltzen du bere azken hilabeteotako bizitzaren progresioa.
Erraza egiten zaio horrelako mezuak pantaila bati begira esatea. Ez, ordea, erasoa aurrez aurre jaso izan duenetan. Azkenekoa, Madrilen. Garagardo marka batek antolatutako jaialditxo bat zen, eta hainbat artista ezagunekin partekatu zuen kartela. Ordu erdiko kontzertua eskaini zuen bere bandarekin, eta abesti baten erdian zeudela, publikotik gizon bat oholtzara igo eta zerbait utzi zuen bere teklatuaren gainean. Mara urrun zegoen momentu horretan, gitarra-jolearen ondoan abesten. Itzuli zenean ikusi zuen, tekla eta tekla arteko zirrikituan ezin hobeto ahokatuta.
Bost euroko billete bat zen, besterik ez. Besterik ez eta hori guztia. Izoztuta gelditu zela gogoratzen du, gertatutakoaren esanahi zehatza eraiki nahian; eta, batez ere, zer egin behar ote zuen asmatu nahian. Zilegi al zen horren aurrean kontzertua gelditzea? Zer esateko? Bost euroko billete batek eragotzi behar al zien entzuleei bere kontzertuaz gozatzea? Zergatik bost, eta ez hamar, edo berrogeita hamar?
Abestiak aurrera egin, eta Marak zegokion estrofako lerroak automata batek bezala ahoskatzen jarraitu zuen. Azkenean, billetea teklen artetik hartu eta, entzuleei so egin gabe, lurrera erortzen utzi zuen, inork paper hegalari hori ikusiko zuen beldurrez.
Oraindik ohean eserita, bere buruari galdetu dio ea zilegi den pantaila bat tarteko duela mezu hori bidaltzea, inoiz aurrez aurreko eraso bati aurka egitera ausartu ez denean.
Pantaila bidezko legitimitatea. Denbora-espazio berean hartzailerik ez egoteak edozein gauza esateko ematen duen lasaitasuna. Ausardia holografikoa.
Eta gero haserrearen kontu horretaz gogoratu da. Marak denborarekin ikasi du irribarretsu eta pozik ageri den argitalpenetan askoz ere harrera hobea jaso ohi duela, triste edota haserre agertu ohi denetan baino. Mikelen hitzetan, azalpena erraza da: jendeak bere musika tristuratik eta eguneroko estresetik aldentzeko entzuten du, terapia gisa; eta, nahiz eta noizbehinka aldarrikatu beharreko gauzak egon, hobe da orokorrean Mararengan pertsona alai eta atsegin bat topatzea.
Axolako al dio jendeari gertatu zaionak? Nahikoa garrantzitsua izan al da ezezagun perbertitu horren mezua, halako erantzun sumindua argitaratzeko? Egia esan, jaso duena ez da mehatxu bat; tipo batek bero jartzen duela aitortu dio, besterik ez. Zer lortu nahi du horrekin: aldaketa bat, ala atentzio hutsa?
Bat-bateko kalanbrea sentitu balu bezala burua astindu eta bideoa ezabatu du. Moriartiri esne pixka bat eman eta korrika egitera atera da.
Ezer baino lehen, entzungailuak jantzi eta atzotik ireki gabea zuen Luciaren ahots-mezua entzun du. “Tira, aurrekoan esan zenidana digeritzen ari naiz oraindik... Hiru aste barru zoaz, orduan? Beno, ahal duzunean deitu, mesedez. Badakit ez gaudela bizitza osorako konprometituta, baina gustatuko litzaidake agur esatea, behintzat, edo. Hori, beraz. Zure zain gelditzen naiz. Faltan botako zaitudala uste dut”.
“Entzun dut zure mezua. Gero deituko”, idatzi dio abilezia handiz korrika jarraitu bitartean.
Damutu da zerbait adierazgarriagoa ez idatzi izanaz; baina ez du burua horretan orain. Sortu duen azken abestian badago Luciaren inguruko pare bat aipamen; gelditzen direnean erakutsiko dio, ea zer moduz erreakzionatzen duen. Londresera doala jakinarazteko asmoz egin du, agur kantu bat. Grabaketaren azken bertsioa duela bi egun bidali zioten, eta oraindik ez du entzun. E-postatik deskargatu eta play sakatu du, Kasilda parketik igarotzen ari dela.
Erritmo elektroniko geldo batekin hasten da. Segituan sartzen da gitarra atmosferikoa, arpegio koloredun bakan batzuk marrazten, eta baxua, sakon eta garbi, gitarraren arpegio bakoitzaren lehen nota azpimarratzen. Sintetizadore batek egiten dio guztiari oinarria. Segundo gutxiren ostean dator Mararen ahotsa, ondo aukeratutako lekuetan hainbat koru-geruzak lagunduta. Hasieran kristalezkoa dirudi, urradura xaloren bat ateratzen zaion bakoitzean zartatu egingo dela. Estribilloa datorrenean hasten da ahotsa gehiago gorpuzten, oihartzunaren laguntzaz abestiaren haitzuloko espazio guztia hartzen, goizeko eguzki izpiek Bilboko Alde Zaharreko teilatuak nola. Koruek ere presentzia nabarmenagoa dute orain. Nabari da soinu ingeniariak bere ahotsari afinaziorako filtroren bat jarri diola, baina jada ez da gauza horiengatik arduratzen; dena baita abestiaren onerako, azken finean, ezta? Oraindik hunkitu egiten da abesti bat berak uste bezala ateratzen den bakoitzean.
Ordu erdirekin nahikoa izan du gaurkoz. Dutxa azkar bat hartu, eta bandarekin duen entsegura joateko prestatzen hasi da. Orduan gogoratu du.
Ez du Xantiren heriotzaren berria inorekin partekatu ahal izan. Gaztetako lagunarekin lotzen duten pertsonak Bilbotik hainbat kilometrotara daude, bere bizitzatik dozenaka miliatara. Buruan bueltaka dabilzkion izen guztien artean bakar bat dago hizki larriz idatzia; eta distira berezia egiten du. Deitu nahiko lioke, bere ahotsa entzun; baina badaki ezin duela. Ez duela ezer onik ekarriko.
Diskoaren aferak ere hor jarraitzen du. Egunak aurrera doaz, eta ez du Mr. Popper taldekoen deirik jaso. Hamaika aldarte ezberdinetatik igaro da egunotan; auto-errukitik (“lasai, deia egiteko momentu onena noiz den pentsatzen ariko dira”) auto-suntsipenera (“nola deituko dizute, hemen jada ez bazaitu inork maite?”), erdeinuz tindatutako egolatriatik pasatuta (“nortzuk dira miserable hauek, ni beraiengatik kezkatuta ibiltzeko?”).
Instagramen sartu da. Mr. Popper taldearen orrialdea bilatu du, baina ez du topatu. “Noski, nola edukiko dute hauek Instagram kontu bat?”. Facebooken topatu ditu, eta kontua jarraitzen hasi da. Utikan harrotasuna. Xantiren heriotzaren berri ematen duen argitalpenari “atsegin dut” eman dio, baita horren aurreko beste bost argazkiri ere.
Egin beharrekoak eginda, ilea lehortzera eta makillatzera joan da komunera.
Aitarekin izandako intimatze momentu bakar horretan, xakearen arauak ez ezik, beste zerbait ere ikasi zuen Marak: ingurua analizatzen. Hurrengo astelehenean ikastolara itzuli zenetik, egunetik egunera are aspergarriagoak egiten zitzaizkion irakasleen azalpenei arreta jartzeari utzi eta ikasgela xake taula bihurtu zuen.
Peoiek eguneroko iruzkin, txiste eta bromatxoak egiten zituzten, baina gainontzekoak gehiegi gogaitu gabe; hortxe zeuden, inori arazorik eragin nahi gabe, beti su txikian. Mikel, Jon eta Arkaitz, dudarik gabe, edota Irati, Amaia eta Jone: beti blokean, ez bihurriegi, ezta zintzoegi ere.
Alfilekin ezin zen gehiegi fidatu, zeharka jokatzen baitzuten beti. Azaletik begiratuta, ez ziren ikasgelako pertsonarik boteretsuenak; baina aukera ikusten zutenero erabiltzen zituzten eurak baino ahulagoak zirenak zerbait lortzeko. Irune zen horietako bat. Zortzi urte bete arte bere lagun mina izana zen, baina hirugarren eta laugarren maila arteko udara hartatik Maiderren kuadrillaren lagun izatera igaro zen, eta Marari ikasgelan kasurik ez egiten hasi; beste guztiak bezala. Soilik Ingeleseko edo Matematikako zerbait azaltzea nahi zuenean gerturatzen zitzaion.
Zaldiek ez zuten beste inoren menpe jokatzen; euren kasa ibiltzen ziren. Baina pertsona oldarkorrak izan ohi ziren, eta behar zuten edonor pasatzen zuten gainetik, normalean indarkeria erabiliz. Ez ziren oso pertsona maitatuak ikasgelan; Zigorri gertatzen zitzaion.
Dorreak pieza emozionalki ahulak ziren eta, horren jakitun, eginkizun bakarrera dedikatu ohi zuten beren egunerokoa; pertsonarik boteretsuenen murru izatera, horretarako edozer egin behar zutelarik ere. Zuriρe eta Jagoba izan zitezkeen; beti ateratzen baitziren behar zena egurtzera, norbaitek Oier edo Maider irainduz gero.
Zeren, bai; xake taulako errege-erreginak, dudarik gabe, Maider eta Oier ziren. Eta, ondorioz, Maiderren kuadrilla eta Oierren kuadrilla ziren ikasgelako talderik boteretsuenak.
Maiderren kuadrillakoa zen Saioa. Eta inguruan beti jendea bazuen ere, nor edo norekin inoiz borroka inozoren batean izan bazen ere, bazuen zera bat, bekainak jakinguraz goratzen zituenean barnetik irteten zitzaion berezko argi bat, jendeari begietara begiratzeko modu bat, mototsa ilea horrenbeste nahastuz egiteko arduragabekeria bat, gustuko suertatzen zitzaiona. Marak esango luke abesbatzan Takolok biak elkarrekin jarri aurretik begiz jota zuela ikaskidea.
Baziren taula guztia zeharkatzea lortzen zuten peoiak, behin beste puntara iritsi ostean zaldi, dorre, alfil edota erregina bihur zitezkeenak. Horietako bat zen Saioa. Peoia zirudien erregina, edo erregina zirudien peoia; berezko botererik izan gabe, bidean irabazitako norbait. Mundu guztiarekin ondo moldatzeaz gain, partida guztiak irabazteko gai inguruan sarraskirik eragin gabe.
Marak tableroko karratu guztiak zeharkatu eta erregina bihurtu nahi zuen baita ere. Ez zen luze joan hori ikastola garaian lortuko ez zuela jakin zuen arte.
— Zer nahiago duzu, zure txakurraren kaka jan ala Tomasinoren besapea miazkatu?
Tomasino kale gorrian bizi zen italiar etorkina zen. Saioak ahoa asko irekiz egiten zuen irri horrelako gauzak galdetzean, abesbatzatik etxera bakarrik joaten hasiak zirenean. Marari ere irri eginarazten zioten; baina berak ahoa eskuarekin estalita egiten zuen.
Denborarekin galderak aldatzen joan ziren:
— Zein nahiago duzu, Beρat ala Paul?
Marak beti esaten zion ez zuela inor gogoko, eta Saioak ez zuen inoiz sinesten. “Norbaitek egon beharko du ba!” esaten zuen, hamabi urterekin maitemintzea munduko gauzarik normalena balitz bezala.
— Ba ez, aizu. Gainera Beρat eta Paulena zergatik diozu, pringau batzuk direlako, ni bezala?
— Ez nuen hori esan nahi —zioen Saioak sorbaldak altxatuz, eta gero lurreko hostoei ostiko batzuk eman eta besoa Mararen bizkarretik pasatzen zuen—. Zuk zer uste duzu, ni ez naizela pringada bat, ala?
Antzerako gauzek ematen zieten beldur; antzerako gauzekin amesten zuten, eta bakoitza bakardade mota batek tristatzen zuen: Saioaren kasuan, udako oporraldi osoan herrian geratu behar izateak, gurasoek sosik ez zutelako. Mararen kasuan, aldiz, aitaren eta ikaskideen ezaxolak.
Azkenean, deitu egin dio Txolok. Ez dute elkar apenas ezagutzen, baina luze hitz egin dute, betiko lagunak direla antzeztuz. Bakoitzaren egoeraz, Xantik euren bizitzan utzi duen aztarnaz, haren faltaz, diskoaren proiektuaz. Txoloren ahotsa dardarka sumatu du noizean behin, eta horrek korapilo bat eragin dio eztarrian. Kontatu dio disko berri baterako hainbat abesti zituztela sortuta, eta lagunaren heriotzak dena erdibidean utzi duela. Ez dakitela aurrera jarraitu ala ez, abesti berriak egiteak Xantiren memoria zikintzea suposa dezakeelako jendearen begietan. Eta, bien bitartean, omenaldi gisa, Xantiren abesti gogokoenak eta Mr. Popperren abesti mitikoenak bilduko dituen disko bat grabatu nahi dutela, bateria-jolearen inguruan izandako musikarien ahots eta instrumentuek lagunduta.
— Kontatu nirekin —esan du gehiegi hausnartu gabe. Edukiko du gero gauzak ondo pentsatzeko denbora.
Proiektuaren inguruko xehetasun gehiago azaldu dizkio hurrena. Abesti gehienak Txolok berak eta kolaboratzaileek elkarrekin abesteko pentsatuak direla, batzuk salbu. Eta salbuespen horretan sartzen dela Mara.
— Kontua da Xantik askotan aipatu digula gaztetxeko festa hartan zuk eta Saioak abestu zenuten abesti hura. Sam Cookeren bat euskaratu omen zenuten.
A change is gonna come. Listua irentsi du.
— Ez dakizu nola hitz egiten zuen Xantik une horretaz. Memorian grabatua gelditu zitzaion. Eta diskoan bertsio hori sartzea gustatuko litzaiguke.
Marak indarrez itxi ditu begiak. Burutik mingainerako bidea blokeatu zaio, ez zaio zentzua izan dezakeen ezer bururatzen.
— Uste nuen Saioa musikatik erretiratuta zegoela —esan du azkenean.
— Hala da, bai. Aurrekoan, deitu nionean, ez zidan baiezkorik eman. Mara, Saioa konbentzitzen lagundu behar diguzu. Zure laguna da, zuri kasu egingo dizu, ezta?
Eskegi eta leihotik begira geratu da tarte batez.