Izotz ura
Izotz ura
2023, nobela
248 orrialde
978-84-19570-18-5
Azala: Lander Garro
Lide Hernando Muñoz
1991, Donostia
 
 

 

12

 

 

 

Beti harrapatzen du lanpetuta. Oraingoan ere hala izan da: Londresera joan aurretik kontuak behar bezala lotuta uzteko batzar baten erdian deitu dio. Pantailan izena ikusi eta berehala kendu dio soinua mugikorrari. Amak betikoa egin du: beste lau aldiz deitu.

      Pozik atera da bileratik. Bere musikari ohiei indemnizazioa eskaini nahi ziela jakinarazi zien gestoreei, eta kalte ekonomiko edota legalik eragingo ote dion aztertzen aritu dira. Ez da gorri geldituko, behintzat. Begiratu bat eman die sare sozialei, metroan doala: Noticias de Gipuzkoa-n kronika bat atera dute Fnac-eko kontzertuaren inguruan. “Lehen aditu-ihesa izan genuen; orain talentu-ihesa izango dugu. Gure egoskorkeriagatik, Euskadi Mara bezalako artistarik gabe geratzea lortuko dugu”, irakurri du, eta karkara ozena atera zaio.

      Etxera itzuli da, iluntzeko grabazioaren aurretik zertxobait jan ahal izateko. Berriz ahaztu zaio salako leihoak ixtea; eguerdian esekitoki eramangarrian zabaldu duen arropa gehiena haizeak bota du eta lurrean sakabanatuta dago orain. Arratsaldeko eguzkia uholdeka sartzen da hutsune laukizuzenetik. Lurreko arropa jaso eta Moriarti laztantzen aritu da entsalada bat jan bitartean. Gero logelara joan, ohe ondoan zabalik duen maleta itxi eta armairuan gorde du berriz.

      Horrela dabil azken egunotan. Maleta atera eta ireki; maleta itxi eta gorde. Normala dela dio psikologoak: ihesari beldurra omen da. Azken batean, habia egiten amaitu du Bilboko Zazpi Kaleetan. Agian ez du horrenbeste gutxietsi behar lortu duena. Agian berak uste baino jende gehiagok nahi du, benetan, bera Bilbon gelditzea. Baina zer nahi du berak? Londresera joateko plana martxan jarri zuenetik, automata batek bezala eman ditu pausoak, bere bizitza den tableroan fitxak mugituz; baina orain sustraiak lurretik aterata eta zintzilik dituen landarea bezala sentitzen da.

      Amarenaz gogoratu da bat-batean. Deia itzultzea erabaki du eta bi egun barru elkar ikustekotan gelditu dira. Ama Bilbora ekarri nahi izan du Marak, baina ez du konbentzitzea lortu: berak joan beharko du herrira.

      Metroan irakurtzeko hartu ohi duen liburua motxilatik atera eta logelara joan da. Gaur ez du irakurtzeko gogorik.

      Idazmahaiaren goiko tiraderan bilatu du, baina ez du topatu. Beste bi tiraderak arakatu ditu; behekoan aurkitu du azkenean. Zorroan gorde du Sony markako zilar koloreko mp3 zaharra, entzungailuekin batera. Herria bisitatu behar badu, hezur-haragiz bertaratu aurretik, gutxienez, maila sentsorialean ohitzen joan beharko du.

 

 

Zehaztutako ordua baino hamar minutu lehenago iritsi zen tabernara. Ordurako Bilbon bizi zen, baina tipo horrek telefonoz Akerbeltzen gelditzea proposatu zion eta berak, nahasten ez ibiltzeagatik, ez zion kontrarik egin. Urgull mendiaren magala eta Donostiako Parte Zaharra elkartzen zituen portuko talaia hartan Keler txiki bat eskatu eta kanpoan libre zegoen mahai bakarrean eseri zen.

      Margotu gabeko begiak eguzkitako betaurreko batzuen atzean ezkutatuta zeramatzan; ezpainak, gorri matez. Tirantedun kamiseta arrosak, jaka bakeroak eta galtza beltz estuek mezu egokia igortzen zuten: sofistikazioa galdu ez arren, ez zuela gehiegi pentsatu zer jantzi.

      Hogei minutu berandu iritsi zen tipoa. Marak Keler txikia ia hustua zuen dagoeneko; baita pare bat alditan handik ihes egiteko tentazioari eutsi ere. Portu kalearen kantoitik hurbiltzen ikusi zuen, oroitzen zuena bezain argal eta zurbil, mugikorrari begira, pauso geldoz. Ordurako bazekien, Saioak antzina egin ohi zuen bezala, berandu iristea botere harremana argi uzteko moduetako bat zela.

      Bi musu eman zizkion, ahora gustatuko litzaiokeena baino gehiago gerturatuz.

      Ene, urteak jendearekin batzartzen eta oraindik ez dut ikasi garaiz iristen —esan zion, bibote hipsterraren azpiko hortz horiak erakutsiz—. Zerbait nahi?

      Errezeloak baimendutako irribarrerik zabalena eskaini zion Marak.

      Badut nirea; eskerrik asko.

      Mahaiaren ondoko leihotik ikusi zuen taberna barruan edaria eskatzen. Lagun giroan zebilen zerbitzariarekin; lekua ondo ezagutzen zuen seinale. Bere terrenora eraman zuen, beraz. Barruan bueltaka zebilkiona egiaztatzeko aukera eman zion horrek: manager batek beti jokatzen du eskutik. Alfilak zirela otu zitzaion Marari. Beti zeharka, inork espero ez duenean jokaldia egiteko prest. Edo erreginak, agian? Erabakia hartu gabe zegoela atera zen berriz ere tabernatik. Marak, orduan, itxaron bitarteko minutuetan pentsatutako jokaldia egin zuen, eskura zuen fitxa mugituz:

      Barkatu, Jon, ordubete eskas dut hurrengo autobusa hartu aurretik, beraz...

      Parekoak barre egin zuen. Mahaian eseri eta Coca-Colari tragoa eman zion.

      Ez dut denbora gehiegi kentzeko intentziorik. Eta Mikel dut izena, ez Jon.

      Ez zuen hurrengo autobusa hartu. Ezta hurrengoa ere. Dozena erdi Keler txikik lagundutako hiru orduko hizketaldia izan zuten. Bazuen zerbait tipo hark, arbuio antzemanezin bat eragin arren, aulki horretan itsatsita gelditzera zeramana. Oskol harroputz horren atzean beste zerbait ba ote zen jakin nahia, akaso.

      Interrogatorio moduko bat egin zion lehenbizi.

      Zein adin duzu?

      Hogeita bi urte.

      Zaharragoa dirudizu. Zenbat urte daramatzazu musikan?

      Sortzen hasi nintzenetik, lau.

      Non bizi zara?

      Bilbon.

      Hizkera horrek bilbotarra ez zarela dio. Nongoa zara?

      Herria utzi nuenetik, bilbotarra.

      Lehenengo marra gorria zapaldu zuela ulertu zuen Mikelek. Zigarroari zupada luzea eman eta, kea bota aurretik, tragoa hartu zuen berotzen hasitako Coca-Colatik. Marak arnasari eutsi zion keak botila barruan marraztutako irudi fantasmagorikoak behatu bitartean. Zerbitzariari patata poltsa bat eskatu zion.

      Ia urtebete pasatu da Aste Nagusian plazatxo horretan jotzen ikusi zintudanetik. Gogoan duzu zuregana joan nintzela?

      Zeozer datorkit burura, bai —noski gogoratzen zuela. Behar zuen unean iritsi zen.

      Kelerrari etiketa kentzen hasi zitzaion.

      Ekarri duzu maketa?

      Zorrotik cd kopia atera eta edariaren ondoan utzi zion. Mikelek arretaz aztertu zituen diskoaren azala eta atzealdea.

      Ene, hau zuk zeuk egin duzu, ezta? —esan zion isekari, hatza azaleko diseinuan jarriz—. Nire bulegoan sartzen bazara, hau baino askoz ere diseinu hobeak izango dituzu.

      Duda egin zuen iraindua sentitu behar ote zuen.

      Ezagutzen duzu nire bulegoa?

      Marak mahai gainean itsatsi zuen erauzitako etiketa, tentuz, tolesdurarik gabe geldi zedin. Amaitu arte ez zuen erantzun.

      Zuekin lan egiten duten talde batzuk ezagutzen ditut.

      Eta zer iruditzen egiten dugun lana?

      Patata baten karraskak lagundu zion hitz egokiak bilatzen.

      Uste dut taldeek merezi duten sona lor dezaten beharrezkoak zaretela. Talde batzuen kasuan, merezi ez dutena ere bai.

      Jende gutxi dago Euskal Herrian hogeita bi urterekin manager baten beharra horren argi ikusten duena. Ez dugu fama onik hemen.

      Nork ez du Euskal Herrian zerbaiten famarik? Nazkatuta nago aho bikoitz horretaz. Inork ez du Adidas maite, baina denok dugu zapatila parea armairuan.

      Mikelek barre egin zuen. Beste Coca-Cola eta garagardo bana eskatu zituen.

      Tira, ez dizut gezurrik esango —beheko ezpaina estutu zuen erpuruaz eta erakusleaz—: lanez lepo gabiltza. Momentu honetan, inoiz izandako talde kopururik handiena dugu gure zerbitzupean.

      Zertara zetorren hau, berak deitu bazion?

      Baina freskotasuna falta dugu. Gure taldeak zaharkitzen ari dira. Euskal Herriari darion txistorra eta sardina usainari piperbeltz amiñi bat erantsi nahi diogu. Krestaren eta trikitiaren aroak behingoz gainditu.

      Beno, orain tronpeteroekin ere nahiko lan.

      Zerbitzariak eskatutakoa ekarri zuen.

      Ziurtasuna behar dut. Daukagun lan kargarekin, norbait hartzen badugu, benetako apustua egiteko izango da soilik. Ez erdibideko ezer; ez hilabete gutxian beldurtuko den inor. Musikaren industria oihana da, Mara, eta oihan horretan ehizatzen ikasi behar da —mahaiaren erdian zegoen Coca-Cola seinalatu zuen hatzaz—. Botila hau botoi gorri bat da. Zanpatzen duzun unetik, abiadura handiko tren honen barruan egongo zara, bere ondorio guztiekin.

      Mikelen begietako distira zaila zen interpretatzen. Ez zegoen dudarik; alfila zen. Marak Coca-Cola botila esku artean hartu, airean goratu eta trago luze bat eman zion.

      Ez zuen ezer galtzeko.

      Baldintzak jakin beharko nituzke ezeren aurretik.

 

 

Handik bi astera sinatu zuen kontratua bulegoarekin. Lau pertsona omen ziren, baina Mikel izan zen hasieratik Mararekin soinez soin lanean aritu zena. Hastapenean serio eta misteriotsu plantak egiten zituenari, astez aste, geruza bat erauzi eta berri bat agertzen zitzaion azpian: Mikel ironikoa, Mikel txiste berde-zalea, Mikel leiala, are Mikel maitekorra. Marak ez zuen oso argi zein zen benetakoa, baina geruza horiekin guztiekin nahaspila bat egin eta berarentzako eremu segurua irudikatzen zuen interpretazio batekin gelditu zen. Biziraupen taktikak.

      Gainontzekoa era mailakatuan etorri zen: Mara-Mara kultur elkartea sortu zuen bere jarduera legeztatzeko (diru gehiago irabazten joan heinean sl bilakatu zena); ordura arte argitaratutako abestiak erregistratu zituen, inork bere egile eskubideak urra ez zitzan; Mikelek zenbait musikari aurkeztu zizkion eta haiekin abesti berriak entseatzen hasi zen; oraindik abesti pare bat baino barnebiltzen ez zuen hurrengo diskoaren argitalpenerako epea zehaztu zuten (urria, Durangoko Azokatik gertu egon zedin) eta 400 euro gastatu zituen artista gisa bereizgarri egingo zuen irudia sortzeko arropa, makillaje eta bestelako produktuak erosten.

      Hara! Matrix? —Mikelen begi-niniak handitzen sumatu zituen haren Bilboko pisura sartu eta Mara kontzertuetarako arropa berria soinean topatu zuen egun batean.

      Betidanik egon naiz itsututa Trinityrekin, eta omenalditxoa egin nahi izan diot. Gustatzen?

      Ez da deserosoegia izango oholtzan saltoka aritzeko?

      Marak hainbat dantza mugimendu egin zituen, aldakak sentsualki mugituz eta burua ia lurreraino makurtuz.

      Maitea, ez naiz ba harrizkoa! —esan zuen ozenki Mararen gorputzari begirada kendu gabe, sofan eseri bitartean.

      Deserosoa izan ala ez, jendeari zeresana emango dio —bere ondoan eseri eta besoa sorbaldatik pasatu zion—. Hori ondo iruditzen zaizu, ezta?

      Ni ez naiz horretan sartuko; egin nahi duzuna!

      Ez zen erratu: arrakasta izan zuen Matrixen jantziak. Hura izan zen bere diskoa aurkezteko erabili zuen estetika: txarolezko galtza beltz estuak, txarolezko top beltza eta, hotz egiten zuenetarako, txarolezko gabardina luzea. Aldizkarietako portadetan atera zuten bere irudia, eta Facebooken eta Twitterren ere bolbora bezala zabaldu zen, nerabeak inauterietan antzera jantzi eta, Matrixez mozorrotu zirela esan ordez, Mara-Maraz mozorrotu zirela esateraino.

      Hilero, 28. egunean, iturri ezezagun batetik sartzen zioten dirua kontu korrontean. 300-400 euro artean. Marak amaren telefono deiak hartu gabe jarraitzen zuen; eta hala egingo zuen Ibonek aitarengandik banandu zela kontatu arte, pare bat urte geroago. Baina ez zen ama dirua kontuan sartzen ziona. Ordurako bazekien koldar aberats batek nahiago izaten zuela, beti, barkamena erosi, irabazi baino. Lehenbiziko bi hiletan transferentzia itzultzeko agindua eman arren, diruak iristen jarraitu zuen eta, beraz, bere ibilbide musikala aurrera ateratzeko erabiltzea erabaki zuen. Ez zion inori kontatu nondik ateratzen zuen.

      Egin, egin, egin eta egin. Aurrera ematen zuen pauso bakoitzak palakada bat lur gehitzen zion iraganari, Fernando Kortabarriari, izozmendiak margotuta zituen hormigoizko paretari, komuneko paperari, Xantiri eta Markeli eta Saioari, geruzaz geruza lurpean beherago utziz, hortik zetozen oihartzunek ez zitzaten lurrazaleko hartxintxarrak dardarka jarri. Eta ongi zegoen horrela. Jendeak txarolez jantzitako musikari bezala ezagutzen zuen; ez zuen koadrodun bufandak lepoa estutzen zion gazte isil eta beldurti haren arrastorik.

      Bilbok ongi tratatu zuen iritsi zenetik. Josturak errematatu gabeko hiria iruditu zitzaion, bazter guztiak zurrunbilo batek irentsita zituena: dendak zabaldu eta itxi, etorbideak obretan, metroaren bero lurrundua, itsasadarraren ingurua azalez mutatzen suge baten eran. Harrizko, burdinazko eta titaniozko suge bihurri bat. Atzera-begirakorik gabeko ihesaldian zegoen Bilbo, bera bezala.

      Iragana estaltzeko jarritako iragazkiari, ordea, ur tanta bakanen batek irrist egiten zion tarteka; Xantiren Facebookeko mezuek, adibidez. Marak bihotzondokoa izan zuen lehenbiziko jakinarazpena jaso zuenean. Artean, ia urtebete igaroa zen herritik ihes egin eta bertakoengandik inongo berririk izan ez zuela.

      langile bat hil da ulman. Urteko 15. hildako langilea da Euskal Herrian. Bihar, ostirala, eskualdeko kontzentra egingo dugu bertan, 10:00etan. aski da!”. Lantegiaren argazki bat zuen atxikita mezuak. Gordeta zuen airea hustu zuen poliki Marak, arindu bezain desengainatuta.

      Iristen zitzaizkion guztiak irakurtzen jarraitu zuen, hitz eta hitz artean berari zuzendutako zeharkako mezuren bat, elkar komunikatzeko lengoaia berriren bat, bertan utzitako bizimoduaren zantzuren bat jasotzeko esperantzaz. Gero erantzuteko botoiari eman eta pentsakor gelditu ohi zen, halako mezu bati nola erantzun behar zitzaion galdetuz bere buruari. Behin, ezin izan zion isiltasunari eutsi:

      “<3”.

      “Mara!! Bizi al zara? Dena ondo hortik?”.

      “Ederki, Bilbon bizi naiz. Zu zer moduz?”.

      “Hementxe jarraitzen dugu, gazte. Betiko martxan. Gaztetxea zaintzen ;)”.

      “Kar kar kar”.

      “Atope zabiltzala ikusten dugu. Zorionak!”.

      “Eskerrik asko”.

      “Hau zen nahi zenuena, ezta?”.

      “Bai, bai”.

      Xanti zerbait idazten hasi eta zain gelditu zen, ukabilak estututa. Idazten, idazten, idazten, idazten. Ikonoa desagertu egin zen segundo gutxira. Hortxe amaitu zen.

      Xantik ere, Saioak bezala, ez zion inoiz iritzirik emango bere musikari buruz.

 

 

Mara, ez zara benetan ari. Hegaldia bertan behera utzi?

      Mikelen ahotsak krisiak kudeatzeko orduan hartzen duen tonu grabea du.

      Zure ideia izan zen dena. Londresera joatea, Kilometroak-eko abestiaren kontua, ingelesez abestearena... nik korrontea jarraitu besterik ez dut egin.

      Baina zer diozu? Ez hasi orain historia manipulatzen —isilunea egin da hariaren bestaldean tarte batez—. Non zaude?

      Marak parean duen Bombay Sapphire botila ia hutsaren distira urdinkaran hondoratu du begirada.

      Unamuno plazan.

      eitbko egoitzatik itzuli eta automata baten gisan egin du: supermerkatuan sartu, botila erosi eta plazako eskaileretan eseri. Zurrutada laburrez hustu du, ilunabarrak ingurua hartu bitartean.

      Zergatik egin ote duen, ez daki.

      Ezin duzu kalean edan. Munizipalek isuna jarriko dizute.

      Haize freskoa behar nuen —arnasa sakon eta dramatiko batekin lagundu du botatako esaldia.

      Ez mugitu hortik. Banoa berehala.

      Ordu laurdenean iritsi da. El Diario Vasco-k duela urte batzuk oparitzen zituen Errealeko etxeko zapatilak daramatza jantzita.

      Munizipalek zuri jarriko dizute isuna.

      Utzi bromak alde batera —eskuak gerrian pausatu ditu—. Ez banu benetan sinetsiko zure musikarako dohainean eta biok elkarrekin Londresen lor dezakegun horretan, zirkinik egin gabe utziko zintuzket hemen bakarrik, plaza honetan usteltzen; aditzen al didazu?

      Kontrola apur bat galdua duela ohartu da Mara. Ez du ahorik ireki.

      Ez engainatu zure burua; zuk bota zenidan Euskal Herritik ateratzeko ideia. Eta nik egin dut lan guztia ideia ero hori egia bihurtzeko. Ez zara bakarra bizitza oso bat hemen utziko duena. Tira, nola ohartuko zara? Ez duzu zure sudurraren parean dagoena ikusten eta!

      Marak lurrera zuzendu du begirada. Ez daki oso ondo zer esan. Pentsamenduak arrainak arrainontzian nola dabilzkio dantzan.

      Ez didazu ia ezer kontatu zure iraganaz; baina zure isiluneek asko diote. Badirudi ohituta egon zarela biktima izatera. Ba ez zara halako ezer, onartu nahi ez duzun arren.

      Ginebra botila eskuetan hartu, eta ondoan duen zakarrontzira joaten hasi da Mara, balantzaka. Mikel atzetik doakio. Zakarrontzira iritsi, keinu teatral batez botila goratu eta erortzen utzi du. Buelta eman eta aurpegira begiratu dio.

      Egia da, gauza asko zor dizkizut. Nire etxera igo gaitezke, elkarri bizitza kontatu, eta behingoagatik arantzatxoa kendu, Londresen lurreratu eta berriz musikari eta manager arteko harreman profesionalera itzuli aurretik.

      Ze arantza?

      Luciarekin moztu berri dut, Mikel. Jada ez dago aitzakiarik.

      Begirada alde batera eta bestera mugitu du Mikelek, burua hazkatu. Hain agerikoa da bere deserosotasuna, ezen Mara bera ere, oreka galtzeko zorian, deseroso sentitu baita. Mikelek hiru aldiz egin du esaldi bat osatzeko saiakera, laugarrenean lortu duen arte.

      Asko sentitzen dut seinale ezegokiak igorri badizkizut. Ene —irri egin du—, ez nuke sekula pentsatuko hau esango nizukeenik. Ez dago beste sentimendurik nire partetik, zureganako miresmen artistiko sakon batetik at.

      Mara ondoezik sentitzen hasi da. Uholde garratz bat igotzen hasi zaio faringetik gora, baina eutsi egin dio.

      Uste dut badela garaia etxera igotzeko —besotik heldu dio—. Goazen; lagunduko zaitut.

      Ibiltzen hasi dira. Marak ahora eraman du eskua, beste okada bat gelditzeko ahaleginetan.

      A ze lotsa —atera zaio.

      Joder, munduak jakingo balu Mara Kortabarriari kalabazak eman dizkiodala...

      Ez jarraitu hortik.

      — Utz iezadazu mendeku apur bat hartzen —Marak estropezu egin eta Mikelek azkar altxatu du.