On beharrez
Goizeko zortziak eta bostetan altxatu dira Donostiako Udalak Martutene auzoan daukan androide-biltegiko beren txokotik L-87t eta L-88t androide poliziak, eta handik Egia auzora jo dute hegan, L-85t eta L-86t-ri erreleboa ematera. Egunero bezala, L-85t eta L-86t biltegira itzuli dira, hegan horiek ere, aurreko orduetan L-87t eta L-88t etzanda egondako txokora.
Latorrizko xaflez egindako txasisa dute androide poliziek, giza gorputza imitatuz taxutua, oinetatik bururaino, baina forma karratu eta zuzenagoz osatuak, biribiltasunik gabeak, are buruan ere. Tamainaz askotarikoak dira: 1,55 zentimetro ingurukoak txikienak, 2 metrokoak garaienak, lodiagoak batzuk besteak baino.
Egun osoan, 24 orduetan, bost minututik behin, androide polizia bikote bat altxatu eta hegan irteten da biltegitik, beste bikote bati erreleboa ematera. Horrela ziurtatzen da une oro behar adina androide polizia izatea Donostiako kaleetan. Errelebo bakoitzak hamabi ordu irauten du, eta atsedenerako denbora amaitzen denean biltegiko bikotea bestea zegoen lekura joaten da zuzenean, haren lekua hartzera.
— Txatar mordo malapartatuak! —oihu egin du haserre Iker Agirrek, birao zakar bat ere ahoskatuz amorruz, etxeko sukalde-jangelan, emazteak, Maider Zurutuzak, zerbitzatu berri dion plater bete dilistaren aurrean—. Ba ez dakite ba kilo batzuk gorabehera kamioiak ez duela batere arriskurik!
— Zeuk dituzu kulpak, Iker —kontra egin dio Maiderrek—. Jakinekoa zen isuna jarriko zizutela! Badakizu zein zorrotzak diren!
— Zorrotzak? Bai zera! Putakumeak! Horixe dira horiek, putakume galantak!
— Ez al zenuen ba zuk esaten jenderik ergel eta lerdoenaren lanbidea zela poliziarena? —esan dio Maiderrek, irribarre ironikoz—. Orain ezin zara kexatu. Androide adimentsu eta ondo prestatuek egiten dute haien lana. Horiek ez dira ez ergel eta ez lerdo. Ez dute huts egiten, zuzen jokatzen dute beti, inoren alde edo inoren kontra egin gabe.
— Ez dakit ba zer nahiago dudan! Pertsonak zirenean gutxienez aurre egiten nien poliziei, eta lasaiago geratzen nintzen pentsatzen nuena esanda. Hauei, aldiz, ez zaie axola nik zer pentsatzen eta zer esaten dudan.
— Jakina! Ez baitute pentsatzen.
— Tentelegiak dira horretarako!
— Bai zera! Alderantziz! Adimen handiegia dute pentsatzeko premia izateko.
L-87t eta L-88t androide poliziak Egiako kaleetan dabiltza paseoan, patruilatzen. Ez diote elkarri hitz egiten eta ez dute inguruan hara eta hona dabilen jendea agurtzen.
D-23j eta D-24j-rekin gurutzatu direnean ere ez da izan androide polizien arteko diosalik, keinu txiki bat ere ez.
— Joan den astean isuna eta orain hau! Infernuko sutan kiskaliko nituzke denak!
— Metalak ez du surik hartzen.
— Horretarako aukera ere kendu digute!
Etxeko sukalde-jangelan daude Iker eta Maider, aurrekoan bezala, otorduan, mahaiaren alde banatan eserita. BKS Banakako Konexio Sistematik iritsi berri zaion mezu elektroniko batek dauka oraingo honetan suminezko sutan gori jarria Iker.
“Hurrengo astean tornuz eta fresatzeko makinaz zamatutako kamioiarekin Txetxeniara egin behar zenuen bidaia ezabatu behar duzu zure agendatik”, dio mezuak. “GEPS Gipuzkoako Errepideko Polizia Sailak, AGK Agintaritza Global Konputarizatuaren jarraibideei men eginez, jakinarazi digu ezin dizugula hain bidaia luzerik enkargatu, zure azken osasun azterketako datu batzuek, berez larritasunik gabeak izan arren, bizimodu normalerako kalterik gabeak, pentsarazten baitute ez zaizula hain bidaia luzerik egitea komeni. Beraz, Euskal Herriko bidaia laburragoetan lan egiten jarraitu beharko duzu kontrakoa agintzen ez zaizun bitartean”. Ondoren, sinadura dator: Hodei Zinkunegi, Garagar Garraioak S.A.-ko gerentea.
— Bizitza zer den jakin gabe esaten digute nola bizi! —egin du oihu Ikerrek—. Eta lana zer den jakin gabe nola egin behar dugun lan!
— Baina, Iker, mesedez, ba ez zenekien ba hau zela hurrengo pausoa. Eta hau ere, aurreko guztiak bezala, gure mesederako da. On beharrez ematen zaie gero eta aginte handiagoa, eta haiek on beharrez erabakitzen eta kontrolatzen dute dena. Horretarako daude…
— Utikan!
Ikerrek atea danbateko batez itxita alde egin du etxetik.
Arratsaldeko ordu bietarako minutu batzuk falta direla jaso dute L-87t eta L-88t androide poliziek autobidera joateko abisua, pertsona bat arau guztiak hautsiz ari delako gidatzen kamioi bat, gidari automatikoa deskonektatuta, Irun eta Hendaia alderantz. Atzetik harrapatu eta geldiarazteko agindua eman diete, ohar batekin: ez dute istripurik eragin behar.
Hitzik egin gabe ekin diote biek lanari, Egia auzoko kaleetatik autobiderantz hegan.
— Makinak, makinak eta makinak! —oihu egiten ari da Iker, zakar purrustaka, autobidean aurrera bere kamioiaren kabinan txofer doala—. Agindu, agindu eta agindu! Potroetaraino! Potroetaraino! Porkulo hartzera!
Gidari automatikoaren monitorea ukabilkada sendo batez hautsi berri du, eta orduko 200 kilometroko abiaduran doa, autoak eta kamioiak bizi-arriskuan aurreratzen. Argi gorriak piztu dira bolante ondoko pantailan, eta agindu irmoa ematen hasi zaio ahots mekaniko bat: “Mantsoago gidatu eta gidari automatikoa konektatu! Mantsoago gidatu eta gidari automatikoa konektatu! Mantsoago gidatu eta...”.
Pantailari emandako ukabilkada batez argiak itzalarazi eta agindua isilarazi du.
— Irakurtzen ari naizen nobelan AGK hackeatzen dute estralurtar batzuek, androideak beren mendean hartzeko —komentatu dio androide-biltegiko mantentze-lanetako langileetako batek besteari. Lan-jantzi tirantedun urdina jantzita, androide baten gorputzaren barruko txipak, zirkuituak eta erreleak konpontzen eta aldatzen ari da—. Eta ba al dakizu nor diren androideen matxinada unibertsal horren lehen bi biktimak?
— Mmm... Uste dut baietz. Androide-biltegi bateko langile pare bat. Oker nago?
— Erantzun zuzena.
— Eta zer egiten diete? Biltegian bertan hiltzen dituzte?
— Ez. Biltegian itxita utzi, besterik gabe.
— Hara! Bai eskuzabalak eta jatorrak!
— Baina, matxinadaren ondorioz, inor ez da haien bila joaten eta bertan hiltzen direla pentsa daiteke… Kontalariak, oraingoz behintzat, horretaz ezer esaten ez badu ere.
— Ez zara ba makina hauen beldur izango, ezta?
— Ez zaizkit fidagarriak iruditzen, ez horixe!
— Adimen emozionaleko aditurik jakintsuenen laguntzaz, gure lagunik fidelenak izateko eraikita eta prestatuta daude androideak. Gainera, hemengo hauek honezkero ondo ezagutzen gaituzte eta gutaz gupidatuko dira matxinatuz gero.
— Ez duzu zeuk ere sinesten! Eta hala balitz ere, azkenerako matxinadak berdin-berdin suntsituko luke gizateria osoa, geu barne.
— Ez zaitez hain ezkorra izan! Geure familiako edonor baino hobeto ezagutzen ditugu hauek, barru-barrutik, eta inoiz ez digute ezer txarrik egin.
— Ez naiz fidatzen adimen artifizialaz.
— Adimen artifiziala deritzoguna gurea baino askoz handiagoa, azkarragoa, zehatzagoa eta efikazagoa da, kuantitatiboki. Baina izaeraz, kualitatiboki, oso antzekoa, gurea bezain naturala. Edo, nondik eta nola begiratzen den, gure adimen ustez naturala da adimen artifiziala deritzoguna bezain artifiziala, batik bat azken hamarkadetan, laguntza konputarizatuari hain atxikia eta haren hain mendeko.
— Okerrago utzi nauzu oraintxe. Geure adimen naturala ere ez zait batere fidagarria iruditzen.
Autobidean aurrera eginda, Irundik gertu, Ikerren kamioiaren bolante ondoko pantailako oharrei AGK-k zuzenean Ikerren BKSra igorritako mezuak gehitu eta nagusitu zaizkio, abiadura mantsotzeko eta pilotu automatikoa konektatzeko agindua emanez horiek ere. Baina Iker bere onetik guztiz irtenda doa, obeditzeko batere asmorik gabe.
L-87t eta L-88t androideak hurreratu zaizkio orduan, hegan. Batak kamioiaren haizetakoa hautsi orduko besteak ziztada lasaigarria txertatu dio Ikerri lepoan, aurretik kamioilariaren ukabilkada gogor baina antzua jaso eta gero. L-87t kamioiaren gidaritzaz arduratzen hasi da aldi berean, Ikerri txanda hartuta, eta abiadura mantsotu eta normalizatu du. Hamar segundo aski izan dituzte bi androideek egoera guztiz kontrolpean izateko.
Arazorik gabe atera dute kamioia autobidetik, eta AGKren Donostiako egoitza nagusira eraman.
Androideek ez dute matxurarik izan. Haizetakoa haustean hartutako kolpeak txasiseko xafla bat mailatu eta errele batzuk bere lekutik aterarazi dizkio L-87t-ri, baina ondo begiratu ezean ez zaio igarri ere egiten; L-88t-ri, berriz, ez dio batere arrastorik utzi Ikerrek emandako ukabilkadak.
— Ondo egoskorra zara gero! —esan dio Maiderrek Ikerri, biak etxeko sukalde-jangelan bazkaltzen ari diren bitartean—. Egoskor eta marmarti sendaezina! Gertatu zaizuna gertatu eta gero ere, segi eta segi! Eskertuta egon behar zenuke zigortu beharrean saria eman baitizute azken finean. Orain, jubilatuta, lasai bizi besterik ez eta...
— Eskerrak eman? —erantzun dio haserre Ikerrek, ahoa irekitzean hortz artean duen okela puska handi erabat murtxikatu gabea agerian utzita. Eskuineko eskua, benda batez bildua, ukabilkada bat eman behar balu bezala du itxita—. Txatar puska horiei? Konputagailu buruhandi horri? Ederki eman ere! Horiekin ez dago atarramentu onik! Guk akaso ez dugu ikusiko, baina ziur nago ondo baino hobeto izorratuko dituztela horiek gure seme-alabak…
— Egoskorra eta marmartia ez ezik, paranoiko galanta!
— Bitxia da androide hauen kontua —esan dio androide-biltegiko bi langileetako batek lankideari—. Superheroien moduan portatzen dira hortik zehar dabiltzanean, baina gure zaintza eta mantentze-lanak behar dituzte egunero konturik txiki eta soilenetarako.
Hizketan ari den bitartean mailatutako txasis zatiko xaflak erauzi dizkio L-87t-ri.
— Eskerrak! —erantzun dio lankideak, L-87t-ren txasiseko xafla mailatuak jaso eta eskuetan zeuzkan xafla berrietako bat ematen dion bitartean—. Nahikoa beldur ematen didate orain, diren eta dauden bezala. Ez dut pentsatu ere egin nahi zer litzatekeen gure beharrik ez balute ezertarako.
— Iritsiko da hori ere, ez dudarik izan.
— Ez dut uste AGK-k hori nahiko duenik. Gure on beharrez zehazten, ematen eta betearazten ditu aginduak.
— Oraingoz bai, berak ere gizakion beharra duelako. Baina gutariko inoren beharrik gabe bizitzeko modua aurkitzen badu… Eboluzio naturala litzateke.
— Bueno, bueno, nahikoa da… Ikusi al zenuen atzo Realaren partida?
Bi langileek alde egin dutenean, L-87t agondu egin da bere etzalekuan. Inguruetara begiratu eta ezarri berri dizkioten xafletako bat askatu du, bere gorputz barruaren zati bat agerian utzita. Gorputz barrua arakatu, errele batzuk askatu eta berriro bakoitza bere lekuan jarri ditu. Gero, erauzitako xafla lehen zegoen lekuan kokatu du.
Inguruetara begiratu du berriz ere. Irribarre txiki baten zantzu ņimiņo batzuk agertu dira haren ahoan, etzalekuan lehen zegoen bezala etzan aurretik.