Dimisioa
Dimisioa
2023, narrazioa
160 orrialde
978-84-19570-13-0
Azala: Mikel Uribetxeberria
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2022, poesia
2017, narrazioak
2006, narrazioak
2000, nobela
1996, nobela
1994, ipuinak
 

 

Munduaren salbazioa

 

 

 

Futbolak salbatu du mundua. Hala esan daiteke. Ez futbolak bakarrik, bistan da, beste faktore batzuek ere eragin baitute gure salbazioan, baina futbola erabakigarria izan da.

      Aspaldidanikoak ziren futbolarien fitxaketen eta soldaten gehiegikeriei buruzko arrangurak. “Ez dago eskubiderik”, esaten zuten ez bakarrik futbolaren aurkakoek, baita futbolzalerik sutsuenetako askok ere. “Gehienok hilaren amaierara iritsi ezinik, jateko lain ere ez etxe askotan, gosete ikaragarriak herrialde txiroenetan... eta futbolari batzuk diruarekin zer egin ere ez dakitela!”.

      Baina bidegabekeriaz jositako errealitate hori izan da azken batean guri bizirik irautea ahalbidetu diguna. Ez da hain paradoxikoa ere, pentsatzen hasiz gero. Aspaldi ikasia dut, eta ez nik bakarrik, jakina, aspaldi ikasia dugu askok eta askok, ez dagoela ebazpen guztiz zuzen eta justiziazkorik, bere baitan bidegabekeriarik gordetzen eta inplikatzen ez duenik, gutxieneko konplexutasun batetik gorako ezein liskar, eztabaida edo auzitarako. Eta munduaren salbazioa ondo auzi konplexua zen, bidegabekeria zama handi batekin baino ezin konpondu zitekeena, ederki asko egiaztatu ahal izan dugunez.

      Qatarren jokatu zen futboleko munduko kopak, 2022koak, areagotu egin zituen protestak. Emakumeak zitalki menosten eta baztertzen zituen estatua zen orduan Qatarkoa, homofobia beldurgarrikoa, eta, gainera, gizatasunik gabeko baldintza negargarrietan aritutako langile zapaldu asko hil ziren lehiaketa hartarako egin ziren estadioak eta gainerako azpiegiturak eraikitzeko lanetan. Txapelketaren ohiko egutegia ere aldatu zen, udatik udazkenera, bestela gehiegizko beroak futbolariak itoko zituen beldurrez… Dena, zalantzarik gabe, nazioarteko futbolaren negozioa ahalik eta handiena izan zedin. Diruagatik. Qatarko diru zikinagatik. Kapitalismoa bere adierazpenik gordinenean!

      Baina, guztiarekin ere, futbolaren globalizazioak, lehendik ere aski garatua, aurrerapauso handia egin zuen txapelketa hartatik aurrera. Batetik, komunikazio sistema garatuen bat-batekotasunak eta ekitaldiaren handitasun mediatikoak guztizko bat-egite komunikatiboa eragin zuen mundu osoan. Bestetik, haren kontra jotzeko ezintasunaz oharturik, ordura arte futbola kirol nagusien artean ez zuten herrialde garrantzitsuenek ere futbolaren zirku globalean nor izateari garrantzi handiagoa eman zioten, Amerikako Estatu Batuek, Txinak, Japoniak, Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek bereziki.

      Hurrengo urte eta hamarkadetan, kasik oharkabean, bere bidegabekeria ukaezin guztiekin ere, gehiegizko gatazkarik gabeko globalizazio harmoniatsu, eraginkor eta emankor baten adibide eta eredu eztabaidaezin bihurtu zen futbola.

      Futbolaren miraria: jatorriz, nortasunez zein balioz elkarren antipodetan zeuden ezin konta ahala herrialde eta kultura bat egiteko gauza izatea lortu zuen, eta denek adostasun erabatekoz onartzea, joko baten arauak ez ezik, arau horien interpretazioak egiten zituzten pertsonak ere, hau da, epaileak. Ari garenarekin lotura estuagoa duen eta esanguratsuagoa den hitz batekin esanda: arbitroak.

      Arauen interpretazioei eta arbitroen erabakiei buruzko protestak ez ziren amaitu, ezinezkoa izango zen hori, baina futbolak lortu zuen globalizazioaren puntu gorenetara iristea protesta horiek, neurri jakin batzuen barruan errendituta eta kontrolatuta. Kultura guztietako herrialde guztiek ontzat eman zituzten, lehenik, futboleko arau berez eta izatez arbitrarioak, eta, ondoren, horrez gain, onartu zuten arbitroak arau horien interpretazioa egindakoan ezin zela zentzuzko neurri batetik gorako protestarik egin; ezin zela, azken batean, indarkeriara jo arbitroaren erabakien kritika egiteko edo erabaki horien aurka protesta egiteko, horrek jokoa bera jarriko zuelako arriskuan.

      Herrialde nagusietako agintari batzuk hasi ziren pentsatzen futboleko arauetan eta arbitroaren erabakien onarpenetan halako adostasun global batera iritsi izanak bidea erakuts eta ireki ziezaiokeela asmo anbiziotsuago, eta gizakiaren biziraupenerako funtsezkoago, bati: Lurraren, eta gizakion, salbaziorako desazkunde global programatu, mailakatu, zentzuzko eta, batez ere, ezinbestekoari.

      Beharrak eta urgentziak ere lagundu zuten, jakina, planeta pikutara joateko zorian baitzegoen. Ez dago premia larria bezain akuilu eraginkorrik.

      Futbola eta bere globalizazio harmoniatsua izan zituzten, beraz, AGK Agintaritza Global Konputarizatuaren sorrerako oinarrizko inspirazio iturri eta eredu munduko herrialde nagusietako agintari eta kudeatzaileek. Gaur egun gozatzen ditugun bakearen, ongizatearen eta orekaren hastapena izan zen hura.

      Horren guztiaren lekuko pribilegiatua izan naiz. Zientzialari gisa egin ditudan lanek eta horiei esker izandako esperientziek eta egindako kontaktuek prozesu hori gertutik ezagutzeko aukera eman zidaten.

      Nire ikuspuntutik begiratuta, adostasunez onartutako hiru zutabe nagusik eusten diote gaur egun bizirik gure munduari: lehena, zutabe ororen zutabe, AGK da, oinarri nagusi, funtsezko eta ezinbestekoa, guztion une oroko agintaria; bigarrena ingelesa, hizkuntza global nagusia, bizilagun ia-ia guztiok mintzatzen eta idazten dakiguna; eta hirugarrena futbola, jolas, joko, kirol eta entretenigarri global nagusia, mugikortasunaren mugak irekien dituena eta gaur egun mundu mailako txapelketa duen bakarra.

      Hau esaten dizuena ez da inoiz futbolzalea izan, eta aurrerantzean ere ez da inoiz izango honezkero. Donostiarra naizen arren, ez nau batere hunkitu Realak 2043ko Futboleko Munduko Champions Txapelketa irabazi izanak. Baina gogotik txalotzen ditut futbolariak, haien balentriarekiko mirespenez baino gehiago futbolari zor diodan esker onagatik.

      Ez diogu inoiz merezi bezala eskertuko, baina futbolak salbatu du mundua.