Dimisioa
Dimisioa
2023, narrazioa
160 orrialde
978-84-19570-13-0
Azala: Mikel Uribetxeberria
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2022, poesia
2017, narrazioak
2006, narrazioak
2000, nobela
1996, nobela
1994, ipuinak
 

 

Arnasarik gabe

 

 

 

Ezeren susmorik gabe joan nintzen urteko mediku azterketara.

      Aurreneko galderen ondoren —adina, alergiak, gaitzen historiala...—, gerritik gora biluztu eta arnasa sakon hartzeko agindu zidan medikuak, estetoskopioa eskuetan zuela nire atzean jarrita.

      — Ezin dut —esan nion, harrituta.

      Konturatu gabe, arnasa hartzeari utzita nengoen, eta ez nuen asmatzen berriro hartzen.

      — Ezin duzu? Ez duzu arnasa hartzen?

      Atzean nuenez, ezin nion begitartea ikusi, baina, harridurarekin batera, izuaren arrastoak ere sumatu nituen medikuaren ahotsean.

      Auskultatu ninduenean zalantza guztiak uxatu zitzaizkion. Ez nuen arnasa hartzen.

      — Noiztik ez duzu arnasa hartzen?

      — Ez dakit. Orain arte ez naiz jabetu.

      — Arraioa!

      Pentsakor geratu zen une batez.

      — Mutazio bat izan duzu eta orain… ez zara jada gizakia, ez zara pertsona. Ez da zurea lehendabiziko kasua. Oraingoz, panikoa saihesteko, horri buruzko informazioa ezkutatzen ari bagara ere, beste kasu batzuk ere izan omen dira han eta hemen. Kezka zabaltzen ari da adituen artean.

      — Baina…

      AGK Agintaritza Global Konputarizatuari jakinarazi behar diogu.

      AGKri? Hain larria al da?

      — Bistan da.

      — Eta zer gertatuko zait? Nik familia bat daukat… Bizitza bat. Eginbeharrak, asmoak, ilusioak, konpromisoak, etorkizuna…

      — Lasaitu zaitez eta pentsatu pixka bat. Oraintxe berean ez zaizu benetan axola ez familia eta ez zeure bizitza. Oker nago?

      — Egia esan, ez. Baina horretaz, arnasarenaz ez bezala, konturatuta nengoen.

      — Noiztik?

      — Azkeneko bizpahiru hilabeteetan gertatu zait dena, pixkanaka, oso mantso, baina zerbait gertatzen ari zitzaidala zalantzarik gabe nabaritzeko moduan. Uste nuen depresio iragankor bat edo antzeko zerbait izango zela, eta lehengoratuko nintzela.

      — Arnasarenaz orain arte jabetu ez bazara ere, lotuta daude bi aldaketak, batera gertatu dira, pixkanaka biak, oso pixkanaka.

      — Eta zergatik izan da? Zer gertatu zait? Zergatik niri?

      — Ez dakit. Eta ez dakit inork ba ote dakien.

      — Ezta AGK-k ere?

       — Beharbada AGK-k ere ez.

      — Ala bera da, AGK, honen eragilea?

      — Litekeena da. Oso litekeena. Baina ez dakit.

      Oso garai arraroa bizitzea egokitu zaigula komentatu nion medikuari, eta ados agertu zen.

      — Eta orain...? —galdetu nion.

      — Ez dago zereginik. Ez dagokigu guri erabakitzea.

      — Baina ni… Nire eginbeharra da… Nire familia, nire bizitza. Nik nahi dut…

      — Ez jarraitu horrekin. Alferrik ari zara. Badakit ezer ez zaizula axola, ez zeure bizitza, ez familia, ez heriotza, eta zure erreakzio hau inertzia antzua besterik ez dela. Lepoa moztu eta burua erauzitako oilo baten urrats zoroen antzekoa. Gogoratu ez duzula arnasarik. Gogoratu ezer ez zaizula axola. Gogoratu ez zarela gizakia.

      Egia zen. Laster hilko nindutela pentsatu nuen, ordurako hilda ez banengoen, baina ez zitzaidan axola. Dena oso ondo pentsatuta zegoen, eta hobeto gauzatuta.

      — Ados. Egin ezazu egin beharrekoa. Abisatu AGKri. Hark jakingo du zer egin.

      — Jakina. Berehala.