Lurraren erdigunea Ilargian
Banintu bi hegal
joan nindaike berehala
zure leiho hegira
kantuz agurtzera.
Henriette Aire
— Ez naiz kalekumea, baina ezta baserritarra ere —esan zidan Maxuxek, une hartan harrigarria iruditu zitzaidan tonu sakonez, horrek bakan eta berezi egingo balu bezala.
Jaio zen eta haurtzaroan bizileku izan zuen etxea herriaren kanpoaldean zegoela azaldu zidan, plaza nagusitik kilometro eta laurden ingurura, mendia edo landa izan gabe ere espaloiak iristen ez ziren urbanizatu gabeko gune batean.
— Baina ez zen baserria, ezta txaleta edo antzeko beste ezer ere, bost solairutan banatutako hamabost etxebizitzako eraikina baizik, hogei bat metroko garaierakoa.
Etxepe hartako familia gehienetako gurasoak, Maxuxenak horien artean, baserritarrak ziren jatorriz, edo baserritarren seme-alabak gutxienez, kalera lanera eta bizitzera jaitsiak. Ba omen ziren, ordea, kanpotik etorritako familia bakan batzuk ere, Extremadurakoak batik bat.
Jaiotetxeaz hizketan gustura sentitzen zela ikusirik, hizketaldia eten gabe jarri nion arreta.
— Extremadura garai hartan Espainia barruan zegoen eskualde bat da —azaldu zidan, izen hori arrotz egin zitzaidala susmaturik, nire aurpegiko imintzioren batengatik beharbada, edo, besterik gabe, kontuan hartu zuelako ni Euskal Herritik nahiz Espainiatik urrun jaioa eta hazia naizela—. Extremaduran pobrezia handia zegoen garai hartan, 70eko hamarkadako urteetan, eta familia askok emigratu zuten Euskal Herrira lan bila.
Aurrean zeukan mahai gaineko ordenagailuko pantailako irudia bere jaiotetxera bideratu zuen, eta orduan ikusi nuen hamabost etxebizitzako eraikin handi hura, Azkorta izeneko udalerrian kokatua, Urragoiti auzoko baselizarako errepideko lehen malden ertzean.
— Bi baserriren artean zegoelako jarri zioten Erdikoa izena.
Ia mende bat lehenago, 1940ko hamarkadaren amaiera aldean, amaitutako eraikina zen, eta harrezkero hainbat eta hainbat familiaren aterpe izana.
— Hirugarren solairuko erdiko etxebizitzan jaio nintzen ni, Erdikoa etxearen erdi-erdian, eta hortxe bizi izan nintzen 37 urte bete arte, 2010era arte.
Gu solasean ari ginen une hartan Azkortan goizeko zortziak zirela esan zidan, eta huraxe zen Erdikoa etxea eraisteko lanak hasteko ezarritako ordua.
— Puntual hasiko dira. Ikusten ari naizenez, dena prest daukate.
AGK Agintaritza Global Konputarizatuaren mendeko IZE Ilargiko Zerbitzu Estazioko gure ordutegian gaueko hamarrak ziren. Laneguna amaituta eta afalduta geunden Maxux eta biok haren gelan bildu ginenerako, bere jaiotetxearen eraisketa LBG Lurraren Behaketarako Sateliteen bidez zuzenean ikusteko.
— Gaur egun, funtsean eta sakonean, ez gara inongoak, berdin dio non jaioak eta haziak garen —komentatu zidan langileak eraikinaren barruan sartzen ikusten genituen bitartean, lehergaiak aurrez erabakitako lekuetan kokatzera—. Azken batean, nonahi egon gaitezke noiznahi, ia-ia bertan bageunde bezala, dena ikusten eta entzuten, orain gu, sateliteen laguntzaz, neurri batean behintzat, Azkortan gauden bezala. Baina lehen ez zen horrela izaten, eta eragin handia zuen zein herri edo hiritan jaiotzen zinen, eta baita, hiriko zein auzotan jaiotzen zinen edo, herrian jaioa baldin bazinen, kalekumea ala baserritarra zinen. Lehen ez nintzen horretaz ohartzen, baina gero eta konbentzituago nago niregan eragin handia izan duela Erdikoa etxean jaioa izanak, hau da, ez kale eta ez baserri den kanpoaldeko etxe batean.
— Jaiotzen zaren lekua baino eragin handiagokoa ez ote da jaiotzen zaren familiaren maila ekonomikoa? —galdetu nion nik orduan—. Orain hala da behintzat, eta lehen ere ez dut uste hori oso diferentea zenik.
Ordurako, dena esan beharra dago, mingainak askatu samar genituen, afarian eta afariaren ondoren edandako ardoaren ondorioz. Konfiantza giroan geunden eta galdua genuen txorakeriak esateko lotsa, geure burua ideia arraroen beso-hegaletan leku ezezagun eta askotan interesgarrietara eramatea eragozten digun beldur zibilizatu hori.
— Bai, dudarik gabe —erantzun zidan—, baina nik familia pobre batekoa izatearena, seguru asko arrasto nabarmenak utzirik izango dizkidan arren, aspaldi gainditu nuela uste dut, diru-arazoak izaten utzi nuenetik. Baina kalekume eta ez baserritar izatearena… Hori, berez, eragin xumeagoa den arren, sotilagoa, akaso zailagoa da ezabatzen.
— Horregatik hunkitzen zaitu jaiotetxea eraitsiko dutela jakiteak?
— Bai, bihotza bigundua daukat aspaldian, eta eraisketa hau gogorra da niretzat. Horregatik eskatu dizut nirekin batera ikustera etortzeko. Bestela, negarrak hartua ninduen honezkero.
— Benetan?
— Bai. Familiako norbait hiltzen denean, tanatoriora joan eta hildakoa ezagutu zutenekin honetaz eta hartaz hitz eginez hobeto sentitzen gara normalean, ezta? Ezustean, barre egiten ere harrapatzen dugu geure burua halakoetan. Ba hau antzeko egoera da niretzat. Tira, etxe baten eraisketa pertsona maite baten heriotzaren parean jarri nahi gabe…
— Beraz, hileta-bisita moduko bat egitera etorri natzaizu.
— Eta benetan eskertzen dizut. Kontsolamendu handia da hau norbaitekin hitz eginez eta nire sentimenduen berri emanez ikusi ahal izatea. Gainera, dena esateko… alkohola ere lagungarri da honelakoetan, eta bakarrik edatea ez zen gauza bera izango.
— Pozten nau zuri laguntzen ari naizela jakiteak.
Zer egin hoberik ere ez nuen, egia esan. Aldi hartan ez genbiltzan oso lanpetuta IZEn, eta nire orduko ohaidea, Rosa, Lurrean ari zen lanean, hilabete inguruko enkargu bat egiten. Maxuxekin, gainera, oso ondo moldatzen nintzen. Antzeko umorea genuen, ironia gradu berberaz mintzatu ohi ginen biok IZEri buruz, eta baita AGKri buruz ere, beste lankide batzuen deboziozko mirespen dogmatikotik aski urrun, baina betiere muga batzuen barruan, inoiz errespetua galtzera iritsi gabe, are gutxiago errebeldiaren edo matxinadaren apologiara.
Pantailari so geundela, jaiotetxeko eraikinaren bosgarren pisuaren gainean ageri ziren leiho triangeluar txiki batzuk erakutsi zizkidan Maxuxek.
— Leiho horien atzean ganbarak zeuden, bat etxebizitza eta familia bakoitzeko. Ikusi al duzu Orson Wellesen The Trial filma, Franz Kafkaren Prozesua nobelan oinarritua?
— Ez dut gogoan.
— Film horretan pintore bat agertzen da, Titorelli izenekoa, eta haren bizilekuaren antza zuten Erdikoa etxeko gure ganbara horiek. Egurrezko ohol mehez egindako paretak zituzten, erabat itxi gabekoak, halako moldez non, oholen tartetik, ganbara batetik aldamenekoetan zer zegoen ikus zitekeen. Giltzarrapoz itxitako ate bat zuten, hori ere oholez egina eta erabat itxi gabea. Egurra, ikatza eta traste zaharrak pilatzeko baino ez genuen erabiltzen ganbara, eta oso noizean behin baino ez zen inor igotzen trasteleku haietako batera.
Behin, kontatu zidanez, hamalau urte zituela, etxepe berean bizi zen berrogeita bost edo berrogeita hamar urte inguruko gizon batek bere ganbarara igoarazi zuen, opari bat egingo ziolako aitzakian. Hiru seme-alabaren aita omen zen gizona, herriko tailer bateko bulegoko langilea.
— Bere ganbarara sartu ginenean gerritik heldu eta musu ematen hasi zitzaidan. Ordura arte opariaren kontua sinetsita nengoen eta musuka eta zirrika hasi zitzaidanean guztiz ezustean harrapatu ninduen erasoak. Neskato lodi eta mozkotea nintzen, bizkar zabalekoa, aurpegiz zein gorputzez mari-mutil erabatekoa, orduan esaten zen bezala, eta hasita nengoen neska zatarraren konplexuaren mende bizitzen, eskolan nahiz auzoan behin baino gehiagotan bainuen entzuna inoiz ezin izango nituela mutilak erakarri eta limurtu. Gizon haren arnasestuaren hurbiltasunak degradazioaren azken muturreraino bultzatu ninduen.
Ostiko batez bortxatzailearen atzaparretatik askatzeko indarra bildu zuen hala ere. Tamalez, atea giltzarrapoz itxita zegoen, eta borrokan jarraitu behar izan zuen haren aurka, harik eta giltzak kendu, ganbarako atea ireki eta heriosuharrean ihes egin ahal izan zuen arte.
Urduritu egin ninduen aitorpen intimo hark. Adiskide ona nuen Maxux, baina inoiz elkarri hain kontu intimorik kontatzera iritsi gabeak ginen, eta inoiz iritsiko ez ginela iritzita nengoen ordura artean.
— Ez larritu —esan zidan nire ezinegonaz jabetuta—. Sekretu bat kontatu dizut, bizirik dagoen beste inork ez dakiena, baina aurretik nuen pentsatua eta erabakia, ez da izan alkoholaren eta egoeraren ondorio. Badakit zertan ari naizen. Konfiantza osoa dut zuregan.
Pantailan ikusten ari ginenez, artezilariak Erdikoa etxetik irteten ari ziren une hartan, leherketatik babestutako leku seguru batera jotzeko, lehergailuak barruan utzi eta han inor ez zela gelditzen ziurtatu eta gero.
Ganbarako gizonak halakorik ez zela berriz gertatuko agindu zion Maxuxi biharamunean, baina, mesedez, ez kontatzeko ezer inori —filmetako pederastek “hau gure arteko sekretua izango da” diote horrelako egoeretan—, eta Maxuxek obeditu egin zion, hasieran behintzat.
— Bost urte geroago amari kontatu nion gertatutakoa, gizon hura ordurako beste herri batera bizitzera joana zela. Oso gertuko pertsona batzuei ere kontatu izan diet harrezkero, baina denak hilak dira jada, tamalez, eta uste izatekoa da pederasta hura ere hala izango dela.
— Beraz, guk biok baino ez dakigu zer gertatu zitzaizun ganbara horretan —esan nion, pantailan genuen irudiko etxea seinalatuz— hamalau urte zenituenean.
— Halaxe da. Eta inork ez dakien, eta sekula jakin ez duen, beste zerbait ere esango dizut. Inoiz sexu harremanik izan gabea nintzen orduan, eta geroztik ere ez naiz inoiz gizon batekin oheratu. Emakumeekin, berriz, askoz geroago hasi nintzen, hogeita hamabost urtetik gora nituela, ama hil eta jaiotetxetik alde egin eta gero. Ordura arte, gaiari buruzko erabaki kontzienterik hartu gabe, uko egin nion sexuari. Sexua ez zen existitu niretzat. Konplexuak, aurreiritziak, tabuak, lotsa, beldurra, iluntasuna... Erabateko ukoa. Eta, ustez, betiko.
— Baina gero…
— Gero… gerokoak etorri ziren. Bestelako bizitza bat.
— Erdikotik kanpo.
— Guztiz kanpo. Ez naiz itzuli harrezkero.
— Hala ere sekulako pena ematen dizu Erdikoaren suntsiketak.
— Ez naiz zoriontsuagoa izan Erdikoa utzi nuenetik. Ez nintzen zoritxarrekoagoa izan Erdikoan bizi nintzenean. Eta orduan hura zen niretzat, izenak iradokitzen duen bezala, Lurraren erdigunea, munduaren alfa eta omega, Zero Gunea, are unibertso osoaren erdi-erdiko puntua, eta halaxe izaten jarraitu du gero ere, beti, ni handik urrunduta ere.
Georges Moustakiren kantu zahar bat etorri zitzaidan gogora une hartan, eta goxo-goxo hasi nintzaion hura kantatzen:
C’est là que le monde commence
C’est le début de l’infini
Jardin secret couleur de nuit
Royaume d’ombre et de silence
Terre promise île déserte
Refuge crypte ou oasis
Jardin de nos plus doux délices
Source toujours redécouverte.
C’est là le centre de la terre
Où se rencontrent nos envies
C’est là que se donne la vie
Royaume d’ombre et de mystère*.
Ordenagailuko pantailan Erdikoa etxea suntsitzen zuen leherketa ikusi eta entzun genuenerako, nire eskua Lurraren erdigunera bidaiatzen hasita zegoen, Ilargian.
* Hemen hasten da mundua / Infinituaren hastapena da / Jardin sekretu gauaren koloreko / Itzal eta isiltasunezko erresuma / Lur promestu uharte mortu / Babesleku kripta edo oasi / Gure atsegin gozoenen lorategi / Iturburu behin eta berriz berraurkitu. // Hau da Lurraren erdigunea / gure desiren topagunea / hemen gertatzen da bizitza / Itzal eta misteriozko erresuma. (Georges Moustakiren C’est là kantuaren hasiera).