Dimisioa
Dimisioa
2023, narrazioa
160 orrialde
978-84-19570-13-0
Azala: Mikel Uribetxeberria
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2022, poesia
2017, narrazioak
2006, narrazioak
2000, nobela
1996, nobela
1994, ipuinak
 

 

N-634

 

 

 

Autobidea gure bizitzetan sartu zenean, dena aldatu zen betiko.

Denise Scott Brown & Robert Venturi

 

 

 

“Badakit legez kanpokoa dela egiten ari naizena, delitua”, dio irribarrez Lurrek (ez du hori benetako izena) bolanteari patxadaz heltzen dion bitartean, “baina horrek ez dit loa galarazten, eta delitu hori egiten jarraitzeko asmoa dut, inolako kontzientzia-kargarik gabe”. Azkenaldian eztabaida eta polemika iturri bihurtu diren errepideetako txofer klandestinoetako bat da Lur, G-22 errepidean aurrera egiten zirkulazio-baimen faltsua duen auto batean, erreportaje honen egilea alboko aulkian duela.

      Auto arrunt samarra da Lurrena, diskretua, ondo zaindua eta txukuna kanpotik zein barrutik. Ez du aparteko apaindurarik, haizetakoaren aurrean dilindan dabilen zintzilikario txiki batetik landa; errepideetako kilometro-puntuak adierazteko ezartzen diren seinale horietako bat irudikatzen du, N-634 errepideko 55. kilometro-puntua zehazki.

      Itziar atzean utzita, Debarantz jaisten hasi gara Lur eta biok, itsasoa eskuinean dugula. Oso noizean behin baino ez dugu gurutzatzen beste autorik, furgonetarik edo kamioirik, zirkulazio-baimena agerian dutela denak ere, tartean anbulantzia bat edo beste. Ertzaintzaren auto bat ere gurutzatu dugu, ertzainen susmo gaiztorik piztu gabe, itxuraz behintzat.

      Ezagun du Lurrek gustura egiten duela txofer. Nahikoa da hari begiratzea horretaz konturatzeko. Plazer hori esperimentatzeko, nahitaez legea urratu beharra du, ordea, duela bi urte pasatxo, 2043ko irailaren 21ean zehazki, AGK Agintaritza Global Konputarizatuaren aginduz, Europako errepide guztiak, mundu osoko gehienak bezala, trafiko libreari itxi zitzaizkionetik.

      Autoa errepideratzeko, baimen-txaplata faltsua erantsi behar izaten dio Lurrek kapotaren aurrealdean, eta eguneratu ere egin behar izaten du, AGK-k ezarritako epeetan, benetakoak bezala, kolorea ere aldatuta, bestela berehala nabarmen geratu eta ertzainek geldiarazi egingo bailukete. Ez da oso zeregin konplikatua, Lurrek dioenez, eta poliziek baimen faltsuak darabiltzaten txoferrak atzemateko egiten duten ahalegina ere ez da, oraingoz behintzat, oso zorrotza. “Gaiaren inguruko kezka benetan handia balitz, AGK-k errepideetako ibilgailuen txip bidezko identifikazio automatikoa ezartzea aginduko luke”, Lurren ustez.

      Azken asteetan ugaritu egin dira txofer klandestinoei buruzko kexak, baina Lurrek espero du laster guztiz ahaztuak izatea. “Bi istripu gertatu dira denbora-tarte laburrean, eta horrek gaia atera du azalera, baina ez dut uste txofer klandestinoon kopurua asko handitu denik, ezta guk errepidean gero eta arrisku handiagoa sortzen dugunik ere. Alderantziz dela esango nuke, gero eta gutxiago garela, eta gero eta ohituagoa dagoela gizartea autoaren erabilera murriztu, ekologiko eta zentzuzkora. Jendeak ulertu egin du denok autoa lehen bezala erabiltzen jarraitzeak planeta suntsituko zukeela. Autoetarako zaletasun handia edo mendekotasuna zuten gehienek auto baimenduak gidatzeko aukera ematen dieten lanbideak bilatu dituzte, eta gainerako gehienek autorik gabe etsitzen ikasi dute”.

      Lurrek ez du, ordea, autoa erabiltzea eskatuko liokeen lanbide bati heltzeko inolako asmorik. “Batetik, gustura nago dudan lanbidearekin. Lorezaina naiz, eta beharrezkoa zait loreekin, zuhaixkekin eta belarrekin kontaktuan egotea, naturarekin, lurrarekin eta lokatzarekin. Bestetik, ez nuke gustura egingo txofer, lanak hartara behartuta egingo banu, are gutxiago autoa presaka gidatzea egokituko balitzait. Lasai eta patxadaz txofer egitea gustatu izan zait beti, inguruari adi eta mugimenduaz ohartuta, unearen jabe izanda. Gure lorezain taldean zortzi lagun gara, eta bik egiten dituzte txofer lanak, behar denean. Nik ez dut eskatu horietako bat izatea. Ez nuke nahi”.

      Noizean behin beste errepide batzuetara ere jotzen duen arren, “beti errepide berean ibiliz gero atzemana izateko arriskua handituko litzatekeelako”, G-22 errepidea, Donostiako Errekalde auzotik Ermura artekoa, da Lurren txofer-aldi klandestinoen gune nagusia, hark beste izen batez deitzen badio ere: “Ni ia beti errepide honetan ibiltzen naiz”, dio, “N-634 errepidearen Gipuzkoako partean. Baina batzuetan Bizkaira, Kantabriara eta are urrunago ere joaten naiz. N-634 deitzen diot oraindik ere, eta hala deituko diot beti honezkero”.

      Gipuzkoa eta Bizkaia Espainiako Erresumako parte ziren garaian, Carretera Nacional 634 edo N-634 errepidea Errekalden hasi eta Santiago de Compostelaraino iristen zen. Gaur egun hiru errepidetan banatuta dago: Euskal Herrikoa, Espainiakoa eta Galiziakoa. Zumaian jaio eta hazi zen Lur, artean ere —Zumaiako saihesbidea egin gabe zegoenez— errepide honetako 29. kilometro-puntuaren ondoan zegoen etxe batean, eta errepide honi lotuta bizi izan da umetatik: gurasoen autoan lehenik, autobusean edo auto-stop egiten gero, ondoren lagunen autoetan eta, azkenik, gida-baimena ateratakoan, bere lehenengo autoan… “Pareko autobidean ere ibiltzen nintzen, AP-8 autobidean, egia da, baina hura N-634aren gehigarri bat baino ez zen niretzat, nortasun gutxiagokoa, eta presa handirik izan ezean N-634a hautatzen nuen beti”.

      “Batez ere Eneritzekin nengoenean”, gehitu du gero, hasperen eginez. Eneritz (hori ere, Lur bezala, ez da benetako izena) Iurretakoa zen, eta laster haren etxearen ondotik pasatuko garela ohartarazi dit Lurrek, garai bateko N-634aren 81. kilometro-puntuaren parean. “Gu biontzat N-634a etxea izan zen urte askoan, edo etxea baino gehiago akaso. Paradisua esango nuke, inon paradisurik badenik sinesterik balego. Elkarrekin hasi ginenean, biok elkartzen gintuen errepidea besterik ez zen, baina gero beste dimentsio bat hartu zuen gure bizitzan”.

      Errepide bazterreko behatoki batean gelditu du autoa Lurrek, Debatik gertu dagoeneko. Bolantearen ondoko ordenagailua piztu eta Eneritz eta bien argazkiak erakutsi dizkit, autoaren ondoan eginak horietako asko, N-634an edo inguruko paraje, auzo eta herrietan. “Hau Elgoibartik gertu egina dago”, komentatu dit berarentzat bereziki hunkigarria den argazki bati begira. Lur eta Eneritz errepidearen 55. kilometro-puntua adierazten zuen seinalearen ondoan ageri dira. Haizetakoaren aurreko zintzilikarioak irudikatzen duena. “Argazki honetan, bion etxeen arteko erdibide doi-doian gaude”, azaldu du. Seinale hori kenduta dago gaur egun. “N-634aren Gipuzkoako zatiari G-22 izendapena eman ziotenean, kilometro-puntu guztiak aldatu zituzten, logikoa den bezala. Seinaleak aldatu egin behar zirela baliatuz, lekuz ere aldatu zituzten kilometro-puntuak, errepidearen ibilbidean egindako aldaketa batzuen aitzakian”. Esateko moduan, aldaketa horiek min eman ziotela igartzen zaio Lurri.

      Elkar ezagutu eta hilabete eskasera, N-634 osoa zeharkatu zuten Lurrek eta Eneritzek, Errekaldeko 0 kilometrotik abiatuta Santiago de Compostelaraino, beren etxeen aurretik pasatuta, Zumaian bata eta Iurretan bestea, eta 730 kilometro eginez Gipuzkoa, Bizkaia, Kantabria, Asturias eta Galizian zehar. “Presarik gabe egin genuen bidaia, nahi genuen lekuan geldituta eta gaurik gehienetan autoan lo eginez”, jarraitu du kontaketa, autoa berriro martxan jarri eta gero. “Orotara, bi aste eman genituen horrela. Ez ginen inoiz ezkondu, baina hura gure eztei-bidaia izan zen. Eta geroztik, asteburu eta oporraldi asko N-634aren bazterreko herriak, auzoak eta inguruak ezagutzeko baliatu genituen”. Bizitzaren ardatz bihurtu zitzaien, oharkabean, errepide hura, beren nortasunaren parte ezin erauzia. “Ez genuen besterik behar. Elkarrekin ginenean eta elkarrekin egote hutsarekin, ezer ez eta festa izaten genuen Eneritzek eta biok. Eneritzek, N-634ak eta hirurok”.

      AGK-k Euskal Herriaren independentzia eta errepideen erabilera murriztu eta kontrolatua agindu aurretik hil zen Eneritz, auto istripu batean, N-634 errepideak artean ere izen hori zuenean eta zirkulazio librerako irekita zegoenean. Istripua ez zuen izan, ordea, bien errepide kutunean, AP-8an baizik, Sasiolan zehazki, AP-8a, N-634a eta Euskotrenen trenbidea elkartzen ziren Debako auzoan, aurreratzen ari zen kamioi batek atzetik jota. Parean pasatu garenean, atzamarra gorantz altxatuta seinalatu dit Lurrek puntu zehatza. “Laneko kontu bat konpondu behar zuen Bilbon eta, presak hartaratuta, autobidea hartzea erabaki zuen. Berez, seguruagoak omen ziren autobideak, baina haietan ere izaten ziren istripuak, orain bezala lehen ere”.

      Baimen faltsuarekin gidatzen atzematen badute, bi hilabete eman beharko du Lurrek terapia-gune baterako gizarte-zerbitzuak egiten, baina ez da horren beldur. “Harrapatu eta zigortzen banaute, kexurik gabe onartuko dut zigorra, eta ahal bezain laster egingo dut berriro ere delitua, zalantzari tarterik txikiena ere utzi gabe”. Erreportaje honetan, bere benetako izena eta Eneritzena ezkutatzeko ez ezik, autoaren marka eta kolorea ere ez adierazteko eskatu digu, “benetako izenak ematea eta autoa zer markatakoa eta zer koloretakoa den adieraztea lotsagabeegi jokatzea litzatekeelako”, baina gainerakoan ez du batere kezkarik agertu bere ibilien eta iritzien zabalkundeak ekar diezazkiokeen kalteen gainean.

      AGKrekiko atxikimendu moduko bat igartzen zaio, konfiantzan oinarritua. “AGKren aginduei erabateko errespetua diet”, azaldu dit solemnitatez, hitzaldi bat ematen ariko balitz bezala, kilometro batzuk aurrerago, Ermutik gora Areitio gainerako bidean, Zaldibartik gertu jada. “Seguru nago, AGKrengatik ez balitz, mundu hau lehertuta zegokeela honezkero, milioika zatitan txikitua eta espazio sideralean sakabanatua, eta AGK-k hartzen dituen erabakiak eta ematen dituen aginduak zentzuzkoak direla beti. Ezin genuen lehen bezala jarraitu eta irtenbide bakarra mugikortasun librea zorrotz murriztea zen, egin den bezala. Baina seguru nago, halaber, AGK-k, oinarrian konputagailu bat duen arren, makina bat den arren, nahita utzi dituela zirrikitu txiki batzuk legea betetzen den ala ez egiaztatzeko sistemetan, guk, txofer klandestinook, errepideetan aurrera eta atzera atxilotuak izateko beldur handiegirik gabe ibiltzeko baliatzen ditugun zirrikitu txikiak, badakielako horrek ez diola kalte nabarmenik egiten legearen funtsezko xedeari, eta horrelako kontuetan malgutasun pittin bat izateak arnasa ematen diola gizarteari. Badakit erokeria bat ematen duela horrela esanda, baina konbentzituta nago AGK-k, aldez edo moldez, Eneritzen oroitzapena errespetatuko duela eta nire txofer-aldi klandestinoei justizia poetikoa aplikatuko diela zuzenbide estu eta zorrotzegiaren gainetik”.

      Iurretan —Eneritz zenaren etxea izandakoaren parean— buelta hartu eta abiapunturantz itzultzen hasi gara, Zumaiarantz. Isilik egin dugu bidea, esan beharrekoak esanda bagenitu bezala.

      Baina Elgoibartik pasatu eta gero azken aitorpen bat egin dit, harro, Lurrek: “Lehen, beste alderantz gindoazela, ez dizut esan, beste zerbait azaltzen ari nintzaizulako orduan, baina hemendik pasatzen naizen bakoitzean Eneritz ikusten dut, irribarrez, N-634aren 55. kilometro-puntua markatzen duen seinalearen ondoan”.