Dimisioa
Dimisioa
2023, narrazioa
160 orrialde
978-84-19570-13-0
Azala: Mikel Uribetxeberria
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2022, poesia
2017, narrazioak
2006, narrazioak
2000, nobela
1996, nobela
1994, ipuinak
 

 

Iritzilari neuronala

 

 

 

— Zenbat eta arreta gehiago eskaini informazioari, eta zenbat gehiago saiatu, orduan eta zailagoa egiten zaidan gai polemiko askori buruzko iritzi sendo bat izatea.

      — Niri ere bai. Lekutan zeudek garai bateko nire ziurtasunak!

      — Aurrekoan entzun ninan, adibidez, nekazarien eta abeltzainen protesta ikusgarri batean haien etsaiak irudikatu zituztela, eta etsaien artean zer eta... animalien defendatzaileak!

      — Badik bere logika. Animalien defendatzaileak gero eta indartsuago zeudek eta gero eta gogorrago ari dituk jotzen abeltzainen aurka.

      — Animaliak ondo tratatzearen alde nagon ni ere, batez ere abeltzaintza intentsiboko tratu txarren aurka. Baina animaliak pertsonen pare jarri gabe. Animalia batzuek beste animalia batzuk jaten badituzte, zergatik ez ditugu guk beste animalia batzuk jango?

      — Gainera, hortik jotzen hasita, non egongo da muga? Tripak jaten ari zaizkian parasitoa ez duk hilko hire parekoa delako eskubideen aldetik?

      — Baina beste alde batetik begiratu eta zorrotz jarrita, zerk ematen digu animalien bizitza osoa, eta heriotza, geure probetxurako erabiltzeko eskubidea?

      — Indarrak, besterik ez...

      — Eta horrela beste gai askotan...

      — Hala da. Adibidez, zer irizten diok Zubietako errauskailuari?

      — Txikitan edo gaztetan, etxean jasotako kristau fedea galtzen hasi nintzenean, behin pentsatu ninan neure artean: “Oso jende azkar eta jakintsua zegok Jainkoari fedea diona; baina baita sinesten ez duen oso jende azkar eta jakintsua ere”. Eta errauskailuaren kontuan antzeko zerbait gertatzen zaidan.

      — Ba niri, barkatuko didak, baina askoz sinesgarriagoak egiten zaizkidak kontra daudenak munstro horri Gipuzkoako Ingurumen Gune Berria izena jarri diotenak baino.

      — Bai, baina batzuetan errauskailuaren aldekoak hizketan entzun eta pentsatzen hasten naun ezin dela hain kaltegarria ere izan.

      — Errauskailuaren aldeko jende azkar eta jakintsua dagoelako?

      — Egia esan, oso-oso seguru ez nagon horretaz, baina pentsatzen dinat baietz, izango dela, ezta? Eta, jakina, honelako gai batean nik neuk, neure kabuz, ezin dinat esan errauskailua zer neurritan den kaltegarria osasunarentzat.

      — Bai, batzuetan bertsio ofizialaren eta eskuliburuko ukoaren artean galduta sentitzen nauk ni ere.

      — Oraintxe esan dun: bertsio ofizial edulkoratuaren eta eskuliburuko uko automatikoaren artean.

      — Ez kezkatu. Itzultzaile neuronalak zein ondo funtzionatzen duen kontuan hartuta, eta hemendik urte batzuetara askoz ere hobeto ariko dela, jakina, laster iritzilari neuronala asmatuko ditek gu bezalako zalantzatientzat. Oinarrizko balio jakin batzuk erantsi, behar den gaiari buruzko informazioa eman, horretarako behar diren iturrietarako sarbidearekin batera, eta, oinarri horiekin, erabiltzailearen neurriko iritzi sendo eta egokia lantzen eta ematen duen aplikazioa. Zer irizten diok?

      — Horrelako aplikazioren bat asmatzen baldin badute, ez dudarik egin nik erabili egingo dudala. Patentatu ezan ideia, inork ostu baino lehen.